(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

345/1997 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 24KOA, NEKAZARITZA, ABELTZAINTZA ETA ELIKADURA DEPARTAMENTUKO DATU PERTSONALAK ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI LAGATZEARI BURUZKOA

BON N.º 150 - 15/12/1997



Atariko

Nafarroako Gobernuak, uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez, onetsi egin zituen Nafarroako Foru Komunitateko eta haren Erakunde Autonomoetako datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategiak. Haien artean zeuden Batasunaren Nekazaritza Politikako laguntzak moduluak eta azalerak, abeltzaintzako errolda, ordaintzaile berankorrak, Departamentuko erregistroa, Nafarroako nekazaritzako fitxategia, mendialdeko kalteordain lagungarria, landalurrak uztea, nekazaritzan aritzetik aldez aurreko jubilazio edo gelditzea, nekazaritzako egituren eraginkortasuna hobetzea, nekazaritzako makineria, olibondozaintza eta oleikultoreak eta nekazaritzako ustiategiak.

Fitxategi hauek duten informazioa baliagarria izan daiteke bestelako Administrazio Publikoek erabili ahal izan ditzaten ordenamendu positiboak haien gain utzi dituen eskumenak, balore edo ondasun kolektiboak babesteko xedea duten gaiei buruzkoak, balore edo ondasun horien hondamenak gizartean kezka eragiten duenean. Esate baterako, herrilurren kudeaketa zentzuzkoagoa, osasun publikoaren edo Naturaren eta haren ondasunen gainean eragina duten jardueren osasun- edo ingurugiro-kontrola, komunitate osoaren aurrekontuen kargura ematen diren laguntza publikoen kontrola, eta abar.

Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoko 11. artikuluak ezartzen du, printzipio orokor gisa, baimendutako tratamenduaren barrenean sartzen diren datu pertsonalak besteri lagatzen ahal zaizkiola soil-soilik lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen bidezko eginkizunekin zerikusi zuzena duten helburuak baldin badira oinarri, eta beti ere ukitutako pertsonak onartu egiten badu.

Lege-testu bereko 2. zenbakian, ordea, aipatzen da ukituaren aldez aurreko onarpena ez dela beharrezkoa izanen, baldin eta lagapena Administrazio Publikoen artean egiten bada Lege Organiko bereko 19. artikuluan ezarritako kasuetan. Eta artikulu horrek espreski onartzen du lagatzea beste Administrazio Publiko batzuei bestelako eskumenak erabiltzeko edo bestelako gaiei buruzkoak direnak, baldin eta lagapen hori aurreikusia izan bada kasuan kasuko fitxategia sortzeko xedapenetan edo fitxategiaren erabilera arautzen duen maila bereko edo handiagoko xedapenen batean.

Botere publikoek elkarri laguntzeko beharra Konstituzioan ezarritako printzipioa da, autonomien Estatuaren sare korapilatsua egituratzeko funtsezkoa, eta ikuspegi zabalean harturik ez du jotzen pertsonen eta familien ohore eta intimitaterako oinarrizko eskubideen aurka, baldin eta horrela zaintzen badira ordenamendu positiboak babesten dituen baloreak eta haien defentsa eta kudeaketa egokiagorako jarduera eraginkorra lortzen bada. Instituzioen arteko lankidetza printzipio horretarako, komenigarritzat jotzen da Administrazioaren fitxategietan bildutako informazioa lagatzeko bidea zabalik izatea, kasu honetan Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena, legeek emandako eskumenak erabiltzen dituzten Administrazio Publikoen mesedetan, ukitutako pertsonaren aldez aurreko onarpena behar izan gabe; dena dela, informazioa nahi duen Administrazioak behar den bezala justifikatu beharko du eskaera eta ezin izanen dio informazio hori inola ere hirugarren pertsonei laga.

Horiek horrela, Lehendakaritza eta Barne eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita lauan egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoko 11.2, c) letra, eta 19.1 artikuluekin bat, tratamendu automatizatuan sartuak dauden datu pertsonalei buruzko informazioa, uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuan aipatzen diren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko fitxategietan dagoena, laga dakieke, ukituen aldez aurreko onarpena behar izan gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko, Estatuko Administrazioko eta Nafarroako Administrazio Publikoetako organoei, ordenamendu juridikoak esleiturik berauek dituzten eskumen publikoak erabili ahal izan ditzaten.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura xede horrekin zuzentzen duten eskabidean, Administrazio Publiko eskatzaileek adierazi beharko dute eskatutako informazioa erabiliz lortu nahi duten helburu zehatza zein den.

2. artikulua

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak lagatako informazioa jasotzen duten Administrazio Publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte informazioa isilpean gordetzeko eta pertsona fisikoen ohorerako eta intimitate pertsonalerako eskubidea nahiz eskubide guztien erabilera zaintzeko, eta ezin izanen diete informazioa hirugarrenei laga, bestela beren gain hartu beharko baitituzte urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan ezarritakotik ateratzen diren erantzukizun guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9710473

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web