(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

34/2004 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 9KOA, NAFARROAKO TURISMO KONTSEILUAREN OSAERA, ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 30 - 10/03/2004



Atariko

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak hauek ditu printzipio oinarrizkoak: administrazio publikoen, haien erakunde, organo administratibo eta partzuergo turistikoen eta enpresa eta establezimendu turistikoen arteko koordinazioa, elkarlana eta lankidetza.

Printzipio horiekin bat, aipatu foru legeak Nafarroako Turismo Kontseiluaz mintzo da. Foru Komunitateko Administrazioarentzako turismoaren arloko kontsulta eta aholku organotzat hartzen du, eta arlo horretako erakunde, instituzio eta entitate garrantzitsuenek bertan egon behar dutela finkatzen.

Foru lege horren 9. artikuluan, oinarrizko eginkizunak eta osaera aipatu ondoren, adierazi zuen geroago zehatzago arautuko zirela aipatutako kontsulta organoaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua.

Nafarroako Kontseiluak foru dekretu honen aldeko irizpena eman zuen, 2003ko abenduaren 15ean egindako bilkuran.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko otsailaren bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Turismo Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzea da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak turismoaren arloan duen kontsulta eta aholku organoa baita.

Nafarroako Turismo Kontseilua Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari atxikitzen zaio.

2. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Turismo Kontseiluari eginkizun hauek dagozkio:

a) Foru Komunitateko Administrazioari aholku ematea turismoaren arloan.

b) Turismoaren arloan eskumenak dituen departamentuak eskatzen dizkion azterlan eta txostenak egitea, horien artean Estrategia Planei eta Kalitate Planei buruzkoak.

c) Turismoaren arloan eskumenak dituen departamentuari laguntza ematea departamentuak arlo horretako politika zehaztu eta aurrera eramaterakoan.

d) Turismoa sustatzeko eta turismoaren sektorea hobetzeko iniziatibak bultzatu eta neurriak proposatzea.

e) Nafarroako egoerari buruzko aldian aldiko txostena egitea.

3. artikulua . Osaera Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Turismo Kontseiluak osoko bilkurak eginen ditu, eta batzorde batzuk osatzen ahalko ditu, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Nafarroako Turismo Kontseiluaren osoko bilkura honako kide hauek osatuko dute:

Kontseiluburua:

Turismo arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria.

Kontseiluburuordea:

Turismo arloan eskumenak dituen zuzendari nagusia.

Kontseilukideak:

Turismo arloan eskumenak dituzten zerbitzuetako zuzendariak.

Turismo arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilariak izendatutakoak, honako entitate hauek proposatuta:

Turismo partzuergoen bi ordezkari. Ordezkaritza txandaka hartuko dute, arloan eskumenak dituen departamentuko titularrak emanen duen foru agindu batean ezarritakoari jarraikiz.

Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten ostalaritzako enpresaburuen elkarteen bi ordezkari.

Jarraian aipatzen diren eremuetan Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten elkarteen ordezkari bana:

Hotelak.

Landa hotelak.

Landetxeak.

Turismo kanpalekuak.

Jatetxeak.

Aterpetxeak.

Bidaia agentziak.

Apartamentu turistikoak.

Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak.

Jardueretako enpresak.

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren ordezkari bat.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen ostalaritzako sindikatuaren ordezkari bat.

Empresa Navarra de Espacios Culturales ENECSAren ordezkari bat, edo, hala bada, bera integratuta dagoen sozietate publikoaren ordezkari bat.

Federación Navarra de Comercio-ren ordezkari bat.

Cederna Garalurren ordezkari bat.

Idazkaria:

Kontseiluburuak izendatuko du idazkaria, turismo arloko funtzionarioen artean. Hitza izanen du, baina botorik ez.

3. Ordezkaritza handiena duen elkartetzat hartuko da Foru Komunitatean finkatutako bazkide gehien duena.

4. Kontseiluburua ez badago, kontseiluburuordeak ordeztuko du. Kontseilukideak ordezteko, kasuan kasuko entitateak proposatutako ordezkoak arituko dira.

5. Gai zerrendagatik komeni denean, aztertu beharreko gaiei buruz aholkularitza hobea emateko, kontseiluburuak entitate, turismoko aditu edo teknikariak gonbidatzen ahalko ditu bileretara. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

4. artikulua . Batzordeak.

Turismo Kontseiluak lan batzordeak sortzen ahal ditu zenbait gaitarako, haien zailtasuna dela-eta gaien azterlan sakona behar denean osoko bilkuran deus erabaki baino lehen. Batzordeen eratzea, funtzionamendua eta osaera osoko bilkuran erabakiko dira.

5. artikulua . Funtzionamendua.

1. Turismo Kontseiluak sei hilabetetik behin izanen du bere bilkura arrunta. Bilkura berezia ere egiten ahal du, kontseiluburuak hartarako deia egiten duenean edo, gutxienez, kontseiluko kideen herenak eskatzen duenean. Azken kasu honetan, kontseiluburuak, nahitaez, hamabost egun baino lehen egin beharko du deia.

2. Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da, lehenbiziko deialdian, kontseiluburua eta idazkaria edo haien ordezkoak, eta, bederen, kontseilukideen erdiak egotea. Bigarren deialdian aski izanen da kideen herena bertan egotea, kontseiluburuaz eta idazkariaz edo haien ordezkoez gain.

3. Erabakiek balioa izan dezaten, bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Botazioan berdinketarik izanez gero, kontseiluburuaren kalitateko botoa izanen da erabakigarria.

4. Foru dekretu honetan ezarrita ez dagoenari dagokionez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe uzten da abenduaren 27ko 246/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Turismo Kontseilua sortu zuena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web