(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

326/1998 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 9KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ESPARRUAN ARAUZKO INDUSTRI SEGURTASUNA ETA KONTROLAREN ARLOKO JARDUKETAK ARAUPETZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 146 - 07/12/1998



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. KONTROL ERAKUNDEEK INDUSTRI SEGURTASUNAREN ARLOAN EGINEN DITUZTEN JARDUKETAK


  III. KAPITULUA. INSTALAZIOAK ABIOAN JARTZEKO ADMINISTRAZIOKO TRAMITAZIOA


Atariko

Irailaren 26ko 2.135/1980 Errege Dekretuaren bidez, gero uztailaren 16ko 21/1992 Legearen bidez baieztu zena, ezarri zen industri liberalizazio prozesuaren helburu nagusia industri politikako tresnak eta lehiakortasun askekoak eta merkatugaien eta produktuen zirkulazio askekoak batera erabiltzean datza eta araupeketa honen kontrola segurtasun araudiei lotuta dauden instalazioak abioan jartzeko beharrezkoak diren administrazioko tramiteak erraztea, xehekatzea eta gutxitzean finkatu da.

Beste alde batetik, Industri Kalitate eta Segurtasun Azpiegiturei buruzko Araudia onetsi duen abenduaren 28ko 2.200/1995 Errege Dekretuan normalizazio eta benetakotze jardueren erantzukizuna duen industri kalitate eta segurtasunerako azpiegitura amankomuna garatu da, horrela, bada, borondatezko eta kalitateari buruzko arauen erabilera industri segurtasunari buruzko araudiak betetzearen berme izan daitezen.

Nafarroako lurraldearen esparruan industri segurtasun eta arauzko kontrolaren arloetan eginen diren jarduketen filosofia liberalitzailearen aplikazioak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gehi arestian ere aipatu den industri kalitate eta segurtasun azpiegitura osatzen duten erakunde eta organismoetako eta, bereziki, baimenduta dauden kontrolerako erakundeetako giza baliabideak eta baliabide teknikoak egituratzera behartzen du, horrela, beti ere segurtasun baldintzak hertsiki beteko direla bermatuz, instalazioak abioan jartzea erarik xehe eta azkarrenean egiteko aukerak egon daitezen.

Horren indarrez, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposatuz eta Nafarroako Gobernuak 1998ko azaroaren 9an egin duen bileran hartu den erabakiarekin bat, ondokoa

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko instalazioen industri segurtasuna eta arauzko kontrolaren arloan garatuko diren jarduketen era eta baldintzak araupetzea da.

2. artikulua . Definizioak.

- Instalazio arautua: osorik edo zati batean Industri Segurtasunari buruzko Araudi Teknikoari lotuta dauden instalazio teknikoak.

- Instalazioen administrazioko tramitazioa: instalazioen titularrek eskumenak dituen Administrazioaren aurrean Araudietan ezarrita dauden segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egin behar dituzten jarduketak.

3. artikulua . Eskumena.

1. Foru dekretu honetan ezarri denarekin bat Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren bidezko erregistroan inskribatuta dauden Baimendutako Kontrol Erakundeek izaen dute, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Industri Segurtasunari buruzko Araudietan ezarri diren industri produktu eta instalazioen nahitaezko segurtasun baldintzak betetzen direla benetakotzeko eskumena; eragiketa hori inskribatuta dauden jarduketa arloetako ziurtagiri, entseiu, ikuskapen edo auditoretzen bidez eginen dute. Dena dela, aipatu den departamentu horrek jarduera horietan burutzen ahal diren prozedurak araupetu ditzake.

2. 1980ko abenduaren 19ko Aginduarekin garatu den irailaren 26ko 2.135/1980 Errege Dekretuaren bidez ezarri diren instalazio arautu liberalizatuak abioan jartzeko administrazioko tramitazioa aipatu den erregistro horretan inskribatuta dauden Baimendutako Kontrol Erakundeen bidez egiten ahal da Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ondore horretarako ezarriko dituen kasuetan prozedurak betez.

4. artikulua . Kontrol Erakundeen eskabideak.

Kontrol Erakundeek, baldin eta jarduera egiten duten edo instalazioak dituzten tokiko Autonomia Erkidegoaren horrela jarduteko baimena eskuratu badute eta jarduera hori Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean egin nahi badute, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari jakinarazi beharko diote bidezko eskabide-orria aurkeztuz era egokian bete ondoren. Eskabide horretan berariaz adieraziko dituzte jardun nahi dituzten esparru guztiak eta ondoko artikulu hauetan ezarri diren beharkizunak betetzen dituztela benetakotzen duen dokumentazioa aurkeztuko dute.

5. artikulua . Dokumentazioa.

Honen aurreko artikuluan adierazi diren eskabideekin ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

1. Eskabidea egin duen erakundearen identifikazioa: sozietatearen helbideari buruzko datu guztiak adieraziko dira, kokaera, forma juridikoa, etab.

2. Izakiaren antolamendua; berariaz adieraziko da egin nahi diren funtzio horiek egiteko Foru Komunitatean dagoen langileriaren lokala.

3. Kontrol Erakundearen baimenaren ebazpenaren kopia benetakotua, jatorrizko Erkidego Autonomiadunak eman duena.

4. Baimenaren ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu den eguna adieraztea.

5. Benetakotze Nazio Erakundeak jaulki duen Benetakotze Ziurtagiria, benetakotze horren hedadura adieraziz.

6. Industri Establezimenduen Erregistroan Kontrolerako Erakunde bezala inskribaturik egotearen frogagiria.

7. Zerga lizentzia edo Foru Komunitatean jarduerak egiteko J.E.Z.

8. Jarduteko arlo bakoitzeko teknikarien zerrenda.

9. Eskura dituen bitarteko edo instalazioen zerrenda.

10. Jarduteko esparru bakoitzean aplikatu nahi dituen tarifak, osatzen dituzten kostuen partidak banakatuz.

6. artikulua . Kontrol Erakundeen bitartekoak Nota de Vigencia.

1. Kontrol erakundeek, Nafarroaren esparruan jardutez gero, gutxienez honako langileak eta baliabideak eta izan behar dituzte Foru Komunitatean.

a) Lokalak: Bulego iraunkor eta atenditua, ohiko lan-orduetan bederen. Horniduratzat telefonoa eta faxa izan beharko ditu, eta erregistroak, espedienteak eta egiten diren kontrolen dokumentazioa kudeatzeko behar diren baliabideak.

b) Baliabideak: Baimenduak dituen jarduketa motarako une bakoitzean behar diren baliabideak eduki beharko dituzte Nafarroan.

c) Nafarroako lantokiko langileak: Baimenduak dituen jarduketa guztietara iristeko behar diren adina teknikari tituludun kreditatu izanen dituzte plantillan, bi gutxienez. Lana modu egokian egiteko beharrezkoak diren teknikari laguntzaileak edo administrariak ere izan behar dituzte, bi gutxienez.

Aurrekoa gorabehera, eta salbuespen gisa, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baldintza horiek edo horietako zenbait bete gabe ere baimena eman dezake, baldin eta, jardueraren zer-nolakoak edo Nafarroan sorrarazten duen lanaren urria direla-eta, ezein Erakunde Baimendunek adierazi ez badu artikulu honetan eskatzen diren baliabideak Nafarroan ezartzeko asmoa. Beste Kontrol-erakunderen batek beharkizun horiek betez Nafarroan jarduteko asmoa duela adierazten ez duen bitartean iraunen du salbuespen horrek.

2. Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, kontrol-erakundeek Nafarroako Foru Komunitateko Kontrol Erakundeen Erregistro Berezian inskribatzea eta Ingurumen Kalitatearen arloan bakarrik jardutea eskatzen dutenean, aski izanen da honako baliabideak izatea:

a) lokal edo bulego iraunkorra, ohiko lan-orduetan bederen atenditua, eta horniduratzat telefonoa, faxa eta posta elektronikoaz gain, jarduerak Nafarroan sortzen dituen espedienteak eta dokumentazioa kudeatzeko behar diren baliabideak ere izanen dituena.

b) Kontrol-erakundearen jarduketen arduradun bat Nafarroako Foru Komunitatean.

c) jarduketa bakoitzean behar diren baliabide teknikoak izanen ditu, eta Kontrol-erakundeak berak jarduketa horretarako prestatutako langileak.

7. artikulua . Jarduteko eremuak.

Baimendutako Kontrol Erakundeen jardueraren garapena Benetakotze Nazio Erakundeak eman dituen benetakotzeen hedakuntza zehatzaren jarduteko arloei mugatuta egonen da eta, hala denean, gaitasuna jaso duten Foru Komunitatearen Administrazioaren eskumeneko jarduketei.

8. artikulua . Eskaeren tramitazioa Nota de Vigencia.

1. Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eskaera aztertu du, eta egiaztaturik betetzen dituela 2200/1995 Errege Dekretuak eta foru dekretu honek ezarritako betebehar eta baldintzak, kontrol erakundea Departamentu horretan horrelako erakundeentzat dagoen Erregistro Berezian inskribatuko da, horren berri jakinaraziko zaio interesatuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

2. Kontrol erakundearen eskaera Ingurumen Kalitatearen esparruari buruzkoa besterik ez bada, beharrezkoa da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren adostasun-txostena.

3. Eskaerak edo aurkeztutako dokumentazioak ez baditu eskatutako betebehar eta baldintzak betetzen, gehienez ere hamar eguneko epean akatsak zuzendu behar dituela jakinaraziko zaio interesatuari. Epe hori bete eta ez baditu zuzendu, behar bezala arrazoitutako ebazpenaren bidez uko eginen zaio aurkeztutako eskaerari.

9. artikulua . Kontrol Erakundeen Erregistro Bereziaren edukia.

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren Kontrol Erakundeen Erregistro Berezian bertan inskribatuko diren Kontrol Erakundeei buruzko ondoko datuak adieraziko dira:

- Kontrol Erakundearen identifikazioa.

- Jatorrizko Autonomia Erkidegoa, baimena eman zuen erakundea zein izan zen adieraziz.

- Baimena E.A.O.n argitaratu zen data.

- BNE Benetakotzearen hedakuntzaren araberako jarduteko arauzko arloak.

- Inskripzioaren data eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu den data.

- Industri Establezimenduen Erregistroko inskripzioaren zenbakia.

- Kontrol Erakunde Berezien Erregistroko inskripzio zenbakia.

10. artikulua . Inskribatu diren Kontrol Erakundeen publizitatea.

Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatean jarduteko baimena duten erakunde guztien zerrenda ofiziala gertutuko du eta hiritarren eskura jarriko du; zerrenda horretan, halaber, jarduteko dituzten esparruak adieraziko ditu. Urtero, ekitaldiaren lehen hiruhilekoan, zerrenda hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11. artikulua . Aldakuntzak.

Kontrol Erakunde horien baimenen oinarri izan diren datu edo baldintzetan aldaketarik badago (sozietatearen egoitza edota helbidea, jarduteko esparruen aldarazpena, etab.), edo Foru Komunitatean jarduteko ezaugarriak ukitzen dituzten arloetan aldaketarik badago (bulegoen helbidea, langileria, aplikatzen diren tarifak, etab.) berehala emanen zaio horren berri Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari.

12. artikulua . Jarduera etetea.

1. Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituzten jarduerak utzi edo eten egiten dituzten Kontrol Erakundeek, gehienez hilabeteko epean ebatzi gabe dituzten erregistro eta jarduketa guztiak Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren eskuetan utziko dituzte eta horren berri titularrei emanen dizkie.

2. Honen aurreko atalean adierazi dena betetzeak ez du esan nahi Kontrol Erakundeak gertaera horren ondorio izaten ahal diren izaera ekonomikoko erantzukizun eta betebeharretatik aske geratuko direnik.

13. artikulua . Jarduketen memoria.

Kontrol Erakundeek Nafarroako Foru Komunitatean jarduteko arloetan egin diren jarduerei buruzko memoria bat aurkeztuko dute urtero Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan. Halaber, kasu honetan ere urtero, Benetakotze erakunde baten jarraipenaren txostenaren kopia aurkeztuko dute, non benetakotzearen baldintzak mantentzen direla baieztuko baiten.

14. artikulua . Kontrol Erakundeen gainikuspena.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean jarduten duten Kontrol Erakundeen gainikuspena Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eginen du.

2. Gainukuspen hori erraztearen ondoreetarako, Kontrol Erakundeek Jarduketen Erregistro Orokorra eginen dute eta bertan arlo guztietan eginen dituzten guztiak islatuko dira.

3. Arestian aipatu den departamentuko Industri Segurtasunaren Zerbitzuko langile teknikoak Kontrol Erakundearen jarduketa guztietan egoten ahal dira.

15. artikulua . Zehapen araubidea.

Zehapen araubideari dagokionean, Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen V. izenburuan ezarri dena beteko da eta Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren erantzukizuna izanen da bidezko espedientea hastea eta tramitatzea; eragiketa hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazioko Prozedura Amankomunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarri denarekin bat eginen da.

Zehapen arinak edo astunak ezartzeko eskumena Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari dagokio. Zehapen oso larrien ezarpena Nafarroako Gobernuari dagokio.

Kontrol Erakunde bati zehapena ezartzen zaionean baimena eman duen jatorrizko Autonomia Erkidegoari jakinaraziko zaio, baimen hori etetea edo ezeztatzea bidezkoa den ezagutzearen ondoreetarako.

II. KAPITULUA. KONTROL ERAKUNDEEK INDUSTRI SEGURTASUNAREN ARLOAN EGINEN DITUZTEN JARDUKETAK

16. artikulua . Adostasunezko ebaluazioa

Industri diseinu, produktu, ekipo, prozesu eta instalazioen segurtasun baldintzak betetzeko baimena duten Kontrol Erakundeek egiten duten kontrola bidezko araudietan ezarri diren beharkizunen araberako ebaluazioaren bidez eginen da eta, bidezko kasuetan, protokoloa, akta, txostena edo ziurtagiria eginen da; horren ondoko Industri Establezimenduen Erregistroko edo ukitua izaten ahal den beste edozein erregistroko inskripzioa Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari dagokio.

Industri segurtasunezko ikuskapen eta kontrolari lotuta dauden jarduera eta instalazioen titular edo arduradunek kontratatu dituzten Kontrol Erakundeen teknikariek eta Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko teknikariek edo, era egokien benetakotu ondoren, departamentu horretako erakunde eskumendunek eskatuz jardungo duten Kontrol Erakundeetako gainerakoek instalazioetara izan behar duten irisgarritasuna haizu behar dute, eta, kasu guztietan, lanak betetzeko beharrezko informazioa eta dokumentazioa emanen dizkiete.

17. artikulua . Jarduketaren esklusibitatea.

1. Jarduketa bat hasiko duen Kontrol Erakundeak bere erantzukizunpean bukatuko du beharrezkoak diren arauzko kontrolak era koordinatuan eta egokian egitea bermatzearen ondoreetarako.

2. Kontrol Erakunde batek jarduketa hasi ondoren ezin du beste Kontrol Erakunde batek jardun ez espedientearen tramitazioan eta ez berrikuspenean, salbu eta bidezkotuta dauden kasuetan eta Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren berariazko baimena dagoenean. Hori gora-behera, departamentu horrek eskubidea du Kontrol Erakunde bati hasi duen espedienteak igortzeko agintzeko, bukatzearen edo horren tramitazioa indarreko arautegian ezarri dena betez egin dela frogatzearen ondoreetarako.

3. Aurrekoa gora-behera, baldin eta Kontrol Erakunde batek industri establezimendu baten instalazioan eskuhartu badu, beste batek jardun dezake aldiro egin behar diren ikuskapenetan edota instalazio horien etorkizuneko aldarazpen kasuetan.

18. artikulua . Jarduketa kontrajarriak.

1. Kontrol Erakunde baten txosten edo ziurtagiri batean ez bada benetakotu arauzko eskakizunak bete direla, interesatuek horri buruzko adostasun-eza adierazteko eskubidea dute.

2. Adostasunik-eza dagoen kasuetan, interesatuek Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren eskuhartzea eska dezakete eta honek Kontrol Erakundearengana joko du aurrekariak eskatzeko eta bidezko frogak eginen ditu, interesatuak adierazi behar duena ere entzunen duela. Departamentu horrek Kontrol Erakundeak zuzen edo oker jokatu duen adieraziko duen ebazpena emanen du, gehienez hiru hileko epean.

3. Harik eta departamentu horrek Kontrol Erakunde batek egin duen ziurtagiri, entseiu, ikuskapen edo auditoretza ezeztatzeko agindu arte interesatuak ezin du eskatu beste erakunde batek kontrol bera egiterik.

19. artikulua . Jarduketaren jakinarazpena.

Kontrol Erakundeen jarduketak Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari jakinaraziko zaizkio.

Jakinarazpen horren era eta edukia departamentu honek zehaztuko du; halaber, departamentu horrek informazioa hobeto kudeatzeko eta transmititzeko erabil daitezkeen prozedura ofimatikoak araupetu ditzake.

20. artikulua. Informazioaren irisgarritasuna.

1. Kontrol Erakundeek enpresa (pertsona fisikoak edo juridikoak) instalatzaile, kontserbatzaile eta artatzaileen zerrendak ezagutzeko eskubidea izanen dute, eta baita horiek baimenduta dauden arloak ere. Ondore horretarako, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak urtearen hasieran zerrenda horiek emanen dizkiote.

Instalatzaile, kontserbatzaile edo artatzaile baten ezgaikuntza Kontrol Erakundeei jakinaraziko zaie.

2. Halaber, Kontrol Erakundeek eskuhartu behar duten eta jarduketa zuzen burutzeko beharrezkotzat jotzen ahal diren instalazioei buruzko industria, energia eta mea arloko erregistroko datuetara iristeko eskubidea dute. Datu horiek bidezko erregistroa artatu eta mantenduko duen administrazioko unitateari eskatuko zaizkio eta horrek hamar eguneko epean erantzun beharko du.

3. Baldin eta Kontrol Erakunde batek honen aurreko 2. zenbakiko atalean adierazi den eran instalazio jakin baten erregistroko datuak ezagutu baditu erregistro horren mantenimenduaren erantzukizuna duen unitateari horren datuetan antzeman duen edozein aldaketaren berri emanen dio.

21. artikulua . Jarduketei buruzko informazioa.

1. Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, une oro, Kontrol Erakundeengana jo dezake eskuhartzen duten jarduketei buruzko informazioa eskatzeko eta beharrezkotzat jo dezakeen dokumentazioa igortzeko agindeia egin dezake.

22. artikulua . Inguruabarren jakinarazpena.

1. Kontrol Erakundeek Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari jakinarazi behar dizkiote ikuskapen funtzioak egiterakoan antzemango dituzten legezko ez-betetzeak edota akats tekniko larriak eta hori egiteko hamar eguneko epea dute.

2. Baldin eta antzeman diren akats tekniko horiek istripu arrisku larria eragiteko modukoak badira, Kontrol Erakundeek aurreneurri bereziak hartzeko agindeia emanen dute harik eta arrisku hori desagertu arte eta horren berri instalazioaren titularrari eta Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari emanen die eta, baldin eta beharrezkotzat jotzen badute, azken horri energia hornitzeko enpresari hornikuntza eteteko agindua emateko agindeia egin diezaioke.

23. artikulua . Dokumentazioa artatzea.

1. Kontrol erakundeek, baita Nafarroako Foru Komunitatean jardutea bukatu ondoren ere, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren eskura izanen dute kapitulu honetan araupetu diren jarduketen emaitzako dokumentazio guztia.

2. Kontrol Erakundeek era iraunkorrean emanen diote informazioa dokumentu fondoaren gordailutza dagoen tokiko departamentuari.

24. artikulua . Tarifak.

Kontrol Erakundeek, jarduketak egiterakoan, tarifa propioak aplikatuko dituzte eta horiek prezio komunikatuen sistemaren bidez eraenduko dira. Ondore horretarako, Foru Komunitatean jarduketak hasten dituztenean Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari indarreko tarifen berri emanen dizkiote, eta baita horietan eginen diren aldarazpen guztiei buruzkoak ere.

III. KAPITULUA. INSTALAZIOAK ABIOAN JARTZEKO ADMINISTRAZIOKO TRAMITAZIOA

25. artikulua . Prozedura

Bidezko araudietan ezarri diren instalazioen segurtasun baldintzak betetzea benetakotzeko administrazioko prozedura ondore horretarako Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarrita duen prozedura betez eginen da.

26. artikulua . Kontrol Erakundeen eskuhartzea.

Instalazioak abian jartzeko administrazioko tramitazioaren prozeduretan Kontrol Erakundeen eskuhartzea aurreikusiz egiten ahal dira eta, horrelakoetan, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari dagokio eskuhartze horren hedadura eta Erakunde horiek arlo honetan jarduteko bete behar dituzten baldintzak adieraztea.

Prozedura horietan erabiliko diren inprimaki, formulario eta gainerako material grafikoak departamentu horrek ondore horretarako ezarrita izanen dituen prozedurei egokituta egonen dira. Kontrol Erakundeek bezeroengan jasanaraz dezakete material hori egitea eta banatzearen kostu zehatza.

27. artikulua . Bitartekoak.

Kontrol Erakundeek esleitu zaien jarduera zuzen garatzeko eta aipatu den departamentuari adieraziko zaizkien denbora eta forman informazioa emateko beharrezkoak diren bitarteko material eta giza baliabideak eta sistema ofimatikoak izanen dituzte.

28. artikulua . Arauzko kontrolaren edukia.

Instalazioen arauzko kontrola horien egokitzapenaren eta indarrean dauden araudietan horri buruzko dokumentuen frogaren bidez eginen da eta, ondore horretarako, bidezko ziurtagiriak eta dilijentziak eginen dira.

29. artikulua . Jarduketaren esklusibotasuna.

Lokal, establezimendu edo eraikin baten arauzko frogaketaren espedientea hasi duen Erakundeak horren arauzko kontrolerako espediente guztiak egin beharko ditu eta bukatu eginen ditu, beharrezko arauzko kontrol guztien koordinazio egokia bermatzearen ondoreetarako.

Espediente bat Kontrol Erakunde baten aurrean tramitatuko dela adierazi ondoren, ezin du beste Erakunde batek jardun, ezta espediente horren berrikuspenean ere.

Hori gora-behera, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, une oro, Kontrol Erakunde batek hasi duen espediente baten tramitazioa bildu dezake eta horrek nahitaez eta berehala eman beharko dio hor dagoen informazio osoa.

30. artikulua . Espedienteen erregistroa.

Kontrol Erakundeek horien bidez tramitatzen diren instalazioak abioan jartzeko espediente guztiak identifikatu eta erregistratuko dituzte, horretarako Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarri duen eran alegia.

31. artikulua . Dokumentazioa artatzea.

Kontrol Erakundeek tramitatu dituzten espedienteetan dagoen dokumentazioa artxibatu, artatu eta mantendu beharko dute eta une oro Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren eskura izanen dute.

Tramitatu direnetik 10 urte igaro ondoren espediente horien tramitazioa departamentu horren erantzukizuna izanen da eta bera izanen da Kontrol Erakundeei nola eman adieraziko diena.

32. artikulua . Jarraipena eta kontrola.

Kontrol Erakundeek tramitatu dituzten espedienteen jarraipen eta kontrola departamentu horrek eginen du, nola-eta instalazioen segurtasun baldintzak betetzen direla eta arlo materialean eta formalean departamentu horrek eman dituen bidezko xedapen eta aginduei buruzko araudien tramitazioan ezarri denari egokitzen zaizkiola bermatuz.

33. artikulua . Tarifak.

Kontrol erakundeek instalazioen titularrengandik horiek abioan jartzeagatiko espedienteen administrazioko tramitazioan eskuhartzeagatik jasoko dituzten tarifak Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarriko dituenak izanen dira.

Halaber, Erakunde horiei dagokie instalazioen titularrek Nafarroako Gobernuari ordaindu behar dizkioten tasaren kobrantza egitea. Tasa horren emaitza zazpi eguneko epearen barruan ingresatuko da ondore horretarako adieraziko den Nafarroako Gobernuaren kontuan.

Xedapen Iragankorra

Honako foru dekretu hau indarrean jarriko denean Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Berezian inskribatuta dauden Kontrol Erakundeek, baldin eta berton adierazi diren baldintza eta beharkizunen bat edo batzuk betetzen ez badituzte, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuan horiei egokitzea frogatu beharko dute 1998ko ekitaldi honetan.

Azken Xedapenak Lehenengoa

Ahalmena ematen zaio Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari honako foru dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den egunaren biharamunean jarriko da indarrean

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz SesmaIndustria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat

Iragarkiaren kodea: A9810503

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web