(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

322/1997 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 3KOA, NAFARROAKO MENDI BABESLEEN KATALOGOA SORTZEN DUENA.

BON N.º 137 - 14/11/1997



Atariko

Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak eta hura garatzeko otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduak, kapitulu banatan jorratzen dute Mendi Babesleen gaia.

Alde horretatik, legezko bi testu horien xede dira titulartasun pribatuko mendiak, beren interes orokorragatik Babesletzat hartu behar direnak. Mendi horien izenak Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan bilduko dira.

Gaur egun, oraindik ez da Nafarroako mendirik bat ere deklaratu Mendi Babesleen kategorian, eta hala gertatu izan balitz ere ezin zatekeen Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan sartu, Katalogoa sortu gabe egonik.

Bi gertakariek justifikatzen duten Foru Dekretu hau. Lehenbizikoa da 13/1990 Foru Legearen garapena, Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoa sortzea eta aplikatu beharreko araubide juridikoa finkatzea beharrezkoak diren aldetik.

Bigarren gertakaria da Gobernuak, Nafarroako mendi batzuk, partikularrenak izanik ere zinez interes orokorrekoak direnez, mendi Babesle deklaratzeko asmoa duela, eta horrek berekin dakar Katalogoan biltzea.

Adierazi den bezala, Foru Dekretu honek Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoaren sorrera eta araubide juridikoa finkatzen ditu eta, azkenik, Katalogoan sartzeak dakartzan ondorioak.

Foru Dekretu hau Nafarroako Oihangintzako Kontseilu Aholku-emaileak aurkeztu du eta horren aldeko txostena egin du 1997ko urriaren 22ko bilkuran.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hiruko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoa sortzea. Katalogo horretan bildu ahalko dira Nafarroan dauden titulartasun pribatuko mendiak. Nafarroako mendi Babesle deklaratu ahalko dira, baldintza fisiko, ekologiko edo sozialak direla eta, interes orokorrerako ezaugarri nabarmenak dituzten titulartasun pribatuko mendiak; orobat degradatzeko edo basamortu bihurtzeko arriskutan daudenak ere, eta beti ere, 250 hektarea baino azalera handiagoa dutenak.

2. artikulua

Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoa erregistro publikoa da, administratiboa, eta bertan sartuko dira Babesle deklaratzen diren mendi guztiak.

3. artikulua

Katalogoan mendi Babesleen xehetasunak bilduko dira, bakoitzari jarritako zenbakia, izena, udalerria eta, hala behar denean, zein kontzejutan dagoen, alderdi zuhaiztunak eta gabeak, espezie nagusiak, dauzkaten bide-zorrak eta kargak eta Jabetza Erregistroko datuak, inskribatuta badaude.

Mendiko mugak honela adieraziko dira:

- Mendiak eta udalerri bateko dermioak muga egiten dutenean zein tartetan gertatzen den adieraziko da;

- Mendiak jabetza bereko lurrekin muga egiten duenean, muga nondik nora doan adieraziko da, punturik adierazgarrienetako UTM koordenatuak biltzen direla.

- Mendiak beste jabetza edo titulartasuneko lurrekin muga egiten duenean, mugaketaren akta bat egon beharko du, mugen UTM koordenatuak biltzen dituena.

Mendiko mugak mugarrien bidez zehaztuko dira eta mugen UTM koordenatuak zuzen finkatuko dira Katalogoan sartu baino lehen. Hala ere, jabetza-auzirik ez badago, mugaketa urtebeteko epearen barnean egin ahalko da mendia Katalogoan sartzen denetik aitzina. Muga horiek Katalogoari atxikiko zaion planoan agertaraziko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adierazten duen formatoan.

Katalogoan jasoko dira bertan sartuz geroztik mendi bakoitzean izandako gora-behera guztiak.

4. artikulua

Mendi bat Babesle deklaratzeko, otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Mendien Erregelamenduaren III. Kapituluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Mendi Babesle izena galdu eginen da mendia Katalogotik ateratzen denean.

5. artikulua

Mendi bat Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretuaren bidez sartuko da Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan. Foru Dekretu hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Katalogoko datuen zuzenketak, hirugarrenen eskubideak ukitzen ez dituztenean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Aginduaren bitartez eginen dira. Foru Agindua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Ukitzen dituztenean, aldiz, zuzenketa horiek Foru Dekretuaren bitartez eginen dira eta aurreko artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz.

Mendi bat Mendi Babesleen Katalogoan sartzeko arrazoi izan zen egoera desagertzen denean, Katalogotik atera ahal izanen da espediente baten bidez, mendi Babesle deklaratzeko erabili zen tramitearen antzerakoaren bidez eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txosten loteslearen ondotik.

6. artikulua

1. Katalogoan sartzen diren mendiak ez dira banatzen ez bahitzen ahalko eta interes orokorreko edo onura publikoko deklaratutako obra edo azpiegiturak egiteko soilik desjabetzen ahalko dira.

7. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak erabili ahalko ditu mendi babesle gisa katalogatutako mendiei buruzko ondasun eta eskubideen kostubidezko transmisio guztietan, trasmisio horiek Administrazio Publikoetatik kanpoko pertsonen aldekoak direnean.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gauzatzeko prozedura izanen da otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Mendien Erregelamenduko 37. artikuluan ezarritakoa.

Eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak, hala behar denean, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez erabiliko dira, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak proposatuta eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenaren ondotik.

8. artikulua

Mendi bat Mendi Babesleen Katalogoan sartu izanak ez du inolako jabetza frogatzen, baina Katalogoan agertzen den titularraren aldeko ustezko jabetzaren seinale da.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A9709799

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web