317/1998 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 2KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIKO IDAZKARITZA ANTOLATZEN DUENA
BON N.º 138 - 18/11/1998
AZKEN XEDAPENAK
Egitura organiko berria eman zitzaion Administrazio Auzitegiari, otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuaren bitartez. Haren 13. artikuluan aurreikusten da Idazkaritza bat egongo dela, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari atxikitako funtzionario batek beteko duela lan hori. Azken urteotako esperientziak, hau da, Auzitegiko Idazkaritza Bulegoa sortzeko Lehendakaritza kontseilariak abenduaren 4an eman zuen 295/1986 Foru Aginduaz geroztikoak eta, berrikiago, organo honen egoera administratibo berriaren ondorengoak, argi erakutsi du egungo Idazkaritzaren egitura ez dela nahikoa. Beraz, beharrezkoa da arazo honi heltzea eta irtenbide egokia ematea Administrazio Auztegiak ondoko arlootan dauzkan beharrei: espedienteak bideratu eta tramitatzea, kudeaketa administratiboa, ekonomikoa eta langileen kudeaketa, eta organo jurisdikzionalekin eta Nafarroako toki entitateekin dituen kanpo harremanak.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak azaroaren bian egindako bilkuran hartu erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzak atalen maila organikoa izanen du.
Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen administrazioko funtzionario batek beteko du idazkari lanpostua, A edo B mailako lanpostua duen batek.
Otsailaren 9ko 31/1998 Foru Dekretuan, 14. artikuluan, zehaztutako betebeharrak izanen ditu idazkariak.
Administrazio Auzitegiko idazkariaren lanpostua merezimendu lehiaketaren bidez beteko da, lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz. Zernahi dela, Foru Komunitateko Administraziokoa den edo hari atxikitako funtzionario batek bete ahalko du bitarteko gisa, organo eskudunak izendaturik.
Idazkari lanpostua betetzen duen funtzionarioak disponibilitate osoko eta dedikazio oso eta erabateko araubidean jardunen du bere egitekoetan, eta, ondorioz, doakion lansari osagarria jasoko du.
Indarrik gabe geratzen dira Foru Dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapenak oro, bereziki, otsailaren 22ko 64/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluko A) letrako lerroalde hau: "Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzaren Bulego-burua: A maila".
AZKEN XEDAPENAK
Lehendakaritza eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau gauzatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren bian.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: A9810233