(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

311/1997 FORU DEKRETUA, URRIAREN 27KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ELIKADURA ARLOKO JARDUERA, INDUSTRIA EDO ESTABLEZIMENDUEN FUNTZIONAMENDURAKO OSASUN BAIMENA ERREGULATZEN DUENA.

BON N.º 135 - 10/11/1997



  I. KAPITULUA. XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA


  II. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDURAKO OSASUN BAIMENA


  III. KAPITULUA. ELIKADURA ARLOKO JARDUERA, INDUSTRIA ETA ESTABLEZIMENDUEN ERREGISTROA


  IV. KAPITULUA. KONTROLA, IKUSKAPENA, ARAUHAUSTEAK ETA ZEHAPENAK


  XEDAPEN GEHIGARRIAK


  XEDAPEN IRAGANKORRAK


  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, bere 13.a) artikuluan, Foru Komunitateko Osasun Administrazioen esku uzten du elikagaiak ekoizten eta elaboratzen dituzten industri, establezimendu eta instalazioen osasun kontrola egitea bai eta elikagaiena ere, osasun publikoaren esparruko beste jarduketa batzuen artean.

Foru Lege hark, osasunarekin zerikusia duten eskuhartze publikoen artean, bere 23 b) artikuluan aurreikusten du Foru Komunitateko Osasun Administrazioak eman beharreko osasun baimenak behar-beharrezkoak izanen direla eta, osasun arrazoiak direla medio, enpresa edo elikagaiak, nahitaez erregistratu beharko direla. Horretarako aditzera ematen da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Elikadura arloko Industria eta Produktuen Osasun Erregistroa eratuko duela, bertan inskribatuko direlarik, derrigorrez, elikadura jardueretan aritzen diren industria eta establezimendu guztiak, Foru Komunitateko lurraldean establezimenduren bat dutenak. Funtzionamendurako behin betiko baimena eskuratzeko, aldez aurreko eta beharrezko baldintza izanen da Erregistroan inskripzioa egitea eta eman ere emanen da bidezko ikuskapenak egin ondoren.

Elikagaien Osasun Erregistro Orokorra arautzen duen azaroaren 29ko 1712/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluak eskatzen duenez, aipatu Erregistroan inskripzioa egiteko beharrezkoa da industria edo establezimendua zein Komunitate Autonomotan den hango agintari eskudunak emandako osasun baimena. Osasunaren kontrako arau-haustea izanen da establezimendu horiek baimenik gabe funtzionatzea, ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuak, kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien produkzioaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen hark, bere 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, elikagaien kontrol ofiziala arautzen duen urtarrilaren 15eko 50/1993 Errege Dekretuak eta elikagaien kontrolaren gaineko neurri gehigarriak onesten dituen abuztuaren 4ko 1.397/1995 Errege Dekretuak ezartzen dute elikagaien ekoizpen kate osoan kontrolak egiteko beharra, osasun publikorako arriskuei aurrea hartzeko.

Estatuan arlo horren gaineko arautegi orokorra abenduaren 28ko 2.207/1995 Errege Dekretuak, elikagaiei buruzko higiene arauak ezarri zituen hark osatzen du. Bertan zehaztu ziren elikagaiek bete behar dituzten higieneko arau orokorrak eta arau horiek betetzen diren ala ez egiaztatzeko modalitateak, honako etapa guztietan: prestaketa, fabrikazio, eraldaketa, ontziraketa, biltegiratze, garraio, banaketa, manipulazio eta salmenta nahiz kontsumitzailearen horniketan, autokontrolerako jarduketak ezarri beharko dituztelarik elikadura arloko enpresek, horiek baitira, nolanahi ere, beren establezimenduetako higienearen arduradun.

Horregatik guztiarengatik, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eta eskumenen esparruan elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduen funtzionamendurako osasun baimenak arautzea ezinbestekotzat jotzen da, osasun publikoa babesteko Erregelamentazio Tekniko eta Osasunekoetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren egiaztatuz eta baimenak ematerakoan jasotzen den informazioa kudeatuz. Arautze horrek gainera, bide ematen du kontrol ofizialak zuzenki egiteko -sorburuan nola destinoan- bai eta behar diren eskuhartze administratiboak egiteko ere, osasun publikorako berehalako arriskua dagoenean, eta bide ematen du, orobat, udalerriekin beharrezko koordinazioa izateko, Osasunari buruzko Foru Legearen 34. artikuluko 1.d idazatiak haiei ematen dizkien eskumenak erabiltzerakoan, elikagaien banaketa eta horniduraren osasun kontrolari dagokionez.

Horrenbestez, Osasun Kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduek beren funtzionamendurako osasun baimena lortu ahal izateko bete behar dituzten baldintza eta betekizunak zehaztea, hurrengo artikuluak aipatuko duen bezala.

2. artikulua

Foru Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, elikadura arloko jarduera, industria eta establezimendutzat hartuko dira, titulartasuna edo irabazi asmoko helburuak gora-behera, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldekoak izan eta bertan beren jarduera garatzen dutenak, ondoko eginkizun hauetako edozeinetan: gizakien kontsumorako diren elikagaien prestaketa, fabrikazio, inportazio, eraldaketa, ontziraketa, biltegiratze, garraio, banaketa, manipulazio eta merkaturatze edo horniketa.

II. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDURAKO OSASUN BAIMENA

3. artikulua

Jarduera garatzeko beharrezkoak izan daitezkeen baimen osagarriak galarazi gabe, aurreko artikuluan zehazten diren pertsona natural nahiz juridikoek funtzionamendurako osasun baimena lortu beharko dute jarduera hasi aurretik eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Publikoaren Zerbitzuak egiaztatu ondoren Foru Dekretu honen 4. artikuluan ezarri betekizunak bete direla.

4. artikulua

Funtzionamendurako osasun baimena lortzeko, arestian aipatu elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Elikagaiei buruzko arau orokorrak eta osasun eta teknikako arau berariazkoak betetzea.

b) Autokontrolerako sistema eraginkorrak eta egokiak zehaztu, praktikan jarri eta betetzea.

5. artikulua

1. Funtzionamendurako osasun baimenerako espedienteari hasiera emanen zaio entitateko titularrak edo, kasua bada, behar bezala kreditaturiko legezko ordezkariak eskabidea, Osasun zuzendari nagusiari zuzendua, egiterakoan.

2. Eskabideari atxikiko zaizkio jarduera egiten den lokalaren edo lokalen planoak eta txosten tekniko bat, eta bestelako dokumentazioa, zeinetan datu hauek bederen agertaraziko baitira:

a) Titularraren identifikazioa (izena eta deiturak edo enpresaren izena, eta IFZa) eta establezimenduaren izena. Titularra pertsona juridikoa baldin bada, haren estatutuak edo eskritura publikoak aurkeztu beharko dira.

b) Lokalaren edo lokalen kokapena eta azalpena, eta bestelako identifikazio xehetasunak.

c) Foru Dekretu honen 2. artikuluan adierazitakoen artean, zein jardueratan aritu nahi den.

d) Agiri bidez justifikatzea instalazio eta jarduera horiek -zeinendako eskatzen baita baimena- betetzen dituztela aplikatzekoak diren Arautegiak edo Erregelamentazio teknikoak eta osasunekoak, garatu beharreko jarduerei dagozkienak.

e) Jarduerarako berariazko autokontrol sistemaren proposamena.

3. Administrazioak eskatzaileari eskatu ahalko dio eskaera zuzenki baloratzeko beharrezkoa juzkatzen duen informazio gehigarria.

6. artikulua

Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Publikoaren Zuzendaritzak aurreko artikuluak aipatzen duen eskaera eta dokumentazioa aztertu eta baloratu ondoren, ikustaldi bat eginen da frogatzeko instalazioak egokitzen ote diren Foru Dekretu honetan eta aplikatzekoak diren Erregelamentazio tekniko eta osasunekoetan seinalatutako baldintzetara eta eskatzaileak igorritako memorian eta gainerako dokumentazioan aurreikusitako helburuetara.

7. artikulua

1. Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio baimenak galarazi gabe, Osasun kontseilariaren Foru Aginduaren bidez osasun baimena eman edo ukatuko zaie Foru Komunitateko lurraldean kokatutako elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduei, Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean sartuta daudenei, azaroaren 21eko 1.712/1991 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, beti ere, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aski den ala ez iritzita eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako txostena kontuan hartuta.

2. Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean inskribatu beharrik ez duten elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduak baimentzeko eskabideen gainean ebazpena emateko eskumena Osasun kontseilariari dagokio. Honek bere eskumena Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendariari eskuordetu ahalko dio, aurreko idazatian zehaztu irizpideei jarraikiz.

3. Administrazioak espresuki ebatzi beharra ukatu gabe, baimen eskabideak Osasun Publikoaren Institutuko Erregistroan sarrera izandako egunetik sei hilabete iraganez gero ebazpen espresurik eman gabe, eskabidea baietsi dela ulertuko da.

8. artikulua

1. Funtzionamendurako osasun baimenak bost urteko indarraldia izanen du, funtzionamendurako baimena ebazten den egunetik aitzina.

2. Titularrak funtzionamendurako baimena berritzeko eskaera eginen du indarraldiaren azken bi hilabeteen barruan, eskaerari atxikiz aurreko baimena lortzeko behar zen dokumentazioa, eguneratua, eta berriztapen eskaera tramitatuko da Foru Dekretu honen 5, 6 eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3. Funtzionamendurako baimenaren titularrak Osasun Publikoaren Zuzendaritzari titulartasunean edo helbidean izandako aldaketen berri emanen dio, funtzionamendurako hasierako baimenaren ondotik izan badira, gertatu direnetik gehienez hilabeteko epearen barrenean, behar den dokumentazioa atxikiz.

4. Instalazioetan edo baimenaren xede izan diren prozesuetan funtsezko aldaketak egin badira, baimenaren titularrak Osasun Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari behar den administrazio baimena eskatu beharko dio.

5. Funtzionamendurako osasun baimenak atzera botako dira:

a) Baimenaren titularrak eskatzen badu.

b) Funtzionamendurako osasun baimenaren indarraldia akitzen denerako ez bada hura berritzea eskatzen.

c) Baimena emateko eskatu betekizunak ez badira batetzen edo hura ematerakoan zeuden baldintzak funtsez aldatu badira horretarako baimenik izan gabe, beti ere interesatuari entzutea eman ondotik eta, osasun arloko legeekin bat, bidezko diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

III. KAPITULUA. ELIKADURA ARLOKO JARDUERA, INDUSTRIA ETA ESTABLEZIMENDUEN ERREGISTROA

9. artikulua

Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legearen 23 b) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako eta elikagaien eta elikadura produktuen kontsumoan sor daitezkeen arriskuen kontrol jarduketak eta aurrea hartzea erraztearren, Elikadura arloko jarduera, industria eta Establezimenduen Erregistroa -hemendik aurrera Erregistroa esatea aski izanen da- sortu da, zeinetan inskribatu beharko baitira Foru Komunitateko lurraldean kokatu eta/edo bertan jarduera horietan dihardutenak.

10. artikulua

Erregistroa Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Publikoaren Zerbitzuko Zuzendaritzak kudeatuko du.

11. artikulua

1. Funtzionamendurako osasun baimenak, Foru Dekretu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eman denak, berekin ekarriko du ofizio bidez Erregistroan inskribatzea.

2. Erregistro horretan sartuko dira, egiten diren inskripzioetako bakoitzean, Foru Dekretuaren 5. artikuluaren 2. idazatian eskatzen diren datuak, elkarrengandik bereiziz, alde batetik, Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean inskribatu behar diren eta horregatik identifikazio nazionalaren zenbakia daramaten elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduak, eta, beste aldetik, betebehar horretatik salbuetsita daudenak.

3. Erregistroan baja emanen da Foru Dekretu honen 8. artikuluko 4. idazatian ezarritako funtzionamendurako osasun baimenak atzera botatzeko arrazoirik baldin badago.

IV. KAPITULUA. KONTROLA, IKUSKAPENA, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

12. artikulua

Foru Dekretu honetan ezarritako arauak betetzen ote diren Osasun Departamentuko Osasun Publikoaren Zuzendaritzak eta Zuzendaritza horri atxikitako unitate tekniko eskudunek kontrolatu eta ikuskatuko dute.

13. artikulua

Foru Dekretu honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak osasun arau-haustetzat joko dira eta zehapen administratiboak jarri ahalko zaizkie, dagokion espedientea instruitu ondoren, osasun arloko arau-hausteen zehapen prozedura onetsi zuen urtarrilaren 22ko 48/1996 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, eta hori guztia, izan daitezkeen erantzukizun zibil, penal edo bestelakoak deusetan galarazi gabe.

Arau-hausteak kalifikatu eta zehatzeko arau hauek daude: Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen II. Tituluaren VII. kapituluak xedatutakoa, kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritza eta elikadura produkzioaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1.945/1983 Errege Dekretua eta aplikatzekoa den garapenezko eta berariazko arautegi osagarria.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Foru Dekretu honetan adierazten ez den guztian ondokoak aplikatuko dira: Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak xedatutakoa, kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritza eta elikadura produkzioaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1.945/1983 Errege Dekretua, elikagaien gaineko higiene arauak ezartzeari buruzko abenduaren 28ko 2.207/1995 Errege Dekretua, elikagaien kontrol ofiziala arautzen duen urtarrilaren 15eko 50/1993 Errege Dekretua eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrari buruzko azaroaren 29ko 1.712/1991 Errege Dekretua.

Bigarrena

Foru Dekretu honetan aurreikusten ez diren administrazio prozeduraren alderdietan Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena

Elikadura arloko jarduerak Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean inskribatu beharra ukatu gabe, azaroaren 29ko 1712/1991 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, bi urteko epea ematen da Foru Dekretu hau indarrean jartzen denetik aitzina, honen aplikazio eremuko elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduen funtzionamendua Foru Dekretuan xedatutakoari egokitzeko.

Bigarrena

Foru Dekretu honek aipatu jarduera, industria eta establezimenduen eragin sozial nabaria ikusiz, Administrazio Publikoen arteko lankidetza eta laguntza pritzipioen barrenean, udalek beren laguntza eskainiko dute Foru Komunitateko Administrazioko jarduera eta establezimendu horien osasun kontroleko eginkizunean, eta horretarako Osasun Publikoaren Zerbitzuko Zuzendaritzari udalerrian kokatutako elikadura arloko jarduera, industria eta establezimenduen zerrenda igorriko diote indarra hartu eta gehienez ere sei hilabeteko epearen barrenean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Osasun kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ahal ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A9709611

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web