308/2000 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 18KOA, EUROPAKO PARLAMENTUAREN ETA KONTSEILUAREN 1760/2000 (EE) ERREGELAMENDUA ETA BATZORDEAREN 1825/2000 (EE) ERREGELAMENDUA APLIKATZEKOA. ERREGELAMENDU HORIEK ABELGORRIEN HARAGIA ETA HAREN ONDORIOZKO PRODUKTUAK ETIKETATZEARI BURUZKOAK DIRA.
BON N.º 126 - 18/10/2000
Abelgorrien haragiaren produkzio eta merkaturatze baldintzak hobetzearren, Europako Parlamentuak bai eta Kontseiluak ere, 2000ko uztailaren hamazazpian, 1760/2000 (EE)Erregelamendua onetsi zuten. Horren bidez, abelgorriak identifikatu eta erregistratzeko sistema bat ezarri zen, baita abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzekoa ere. Halaber, Batzordeak, 2000ko abuztuaren 25ean emaniko 1825/2000 (EE) Erregelamenduaren bidez, 1760/2000 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri zituen; bereziki, kide diren estatuen arteko saleoresketei dagozkienak, sistemak ez dezan sor merkataritza gorabeherarik.
1760/2000 (EE) Erregelamenduaren 20. artikuluak ezartzen du kide diren estatuek izendatuko dutela nor den erregelamendua aplikatzeko eskumena duen agintaria.
Beharrezkoa da ezartzea, beraz, zenbait eginkizunetarako agintari eskuduna nor den erabakitzeko sistema: Nafarroan ari diren eragile ekonomiko edo elkarteek Erregelamenduak aipatzen duen aukerako etiketatzea erabili nahi izanez gero aurkeztu beharreko baldintza pleguak onesteko nork duen eskumena, nork eraman behar duen operatzaileen erregistroa, nork behatu behar duen horren betetzea eta, arau-hausterik bada, nork aplikatu behar duen zehapen araua.
Hori horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, bai eta Osasun kontseilariak eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak ere, eta Nafarroako Gobernuak bi milako irailaren hemezortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT
Foru Dekretu honen bidez arau batzuk ezartzen dira, izan dadin sistema bat Nafarroan abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzeko. 1760/2000 (EE) Erregelamenduaren II. tituluko II. atalean dago aurreikusita abelgorrien haragia etiketatzeko aukerako sistema hori.
2. artikulua . Agintari eskuduna.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusia izanen da agintari eskuduna, 1760/2000 (EE) Erregelamenduko 16. artikuluari jarraikiz.
3. artikulua . Baldintzen pleguak onestea.
Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak, Osasun zuzendari nagusiak eta Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusiak aztertu eginen dituzte, elkarrekin, erregelamendu bidez ezarritako epean, eragile ekonomiko edo elkarteek aurkezturiko baldintza pleguak. Plegu horiek Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak onetsiko ditu ebazpen bidez eta, betiere, aurreikusitako etiketatze sistemak zuzen eta modu fidagarrian funtzionatzen badu, eta, bereziki, horrela funtzionatzen badu kontrol sistemak.
Agintari eskudunak baztertu eginen ditu baldintza pleguak, baldin eta ez badute bermatzen badela harremana kanal, laurden eta haragi atalen identifikazioa eta animalia bakoitzaren artean, edota hori ez denean nahikoa etiketak duen informazioa egiazkoa dela esateko. Baldintza pleguak baztertu eginen dira, orobat, etiketek informazio nahasgarria edo ez behar bezain argia aurreikusten dutenean.
4. artikulua . Erregistroa.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kudeatuko du baldintza pleguen erregistroa, hau da, abelgorrien haragia etiketatzeko ardura duten eragile edo elkarte bakoitzari onetsitako baldintza pleguen erregistroa. Departamentuak, kudeaketa hori Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuaren bidez eginen du bai eta kontrolen arduradun den erakunde independientearen bidez ere, 1760/2000 (EE) eta 1825/2000 (EE) erregelamenduei jarraikiz.
5. artikulua . Etiketatzea.
Haragi atalei edo haien ontziei jarritako etiketek baldintza pleguan onetsitako datu oro izanen dituzte, 1760/2000 (EE) Erregelamenduaren 16.1 artikuluari eta erregelamendu hori garatzen dituzten gainerako xedapenei jarraikiz.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, Osasun Departamentuak eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, bakoitzak bere eskumenen barrenean, behatu eginen dute, dituzten kontrol zerbitzuak erabiliz, zorrotz betetzen direla onetsitako baldintza pleguak, eta behatu, halaber, kontrol erakunde independientea.
7. artikulua . Zehatzeko araubidea.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, Osasun Departamentuak eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, bakoitzak bere eskumenen barrenean, zehapen espedientea hasiko dute, eta departamentu bakoitzak berea tramitatuko betiere, baldin eta ohartzen badira 1760/2000 (EE) Erregelamenduak ezarritakoa hautsi dela; alegia, animalien identifikatze eta erregistroa eta haien haragiaren etiketatzeari buruz erregelamendu horrek ezarritako arauren bat.
2. Zehatzeko araubidea hurrengoei lotuko zaie: 1760/2000 (EE) Erregelamenduko 18. artikuluari, 1825/2000 (EE) Erregelamenduko 9. artikuluari, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari.
3. Zehapen espedienteak irekitzen direnean, horren berri emanen zaio 3. artikuluan aipatutako hiru zuzendari nagusiez osaturiko batzordeari.
8. artikulua . Argibideak.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hurrengoen berri emanen dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari:
- Nor izanen den baldintza pleguak onesteko agintari eskuduna.
- Onetsitako eta erregistratutako baldintza pleguak.
- Zer eragile ekonomiko edo elkartek eskatu duten etiketatzeko baimena.
- Onartutako kontrol erakunde independienteak.
- Foru Dekretu honetan ezarririko arauak.
- Gai honekin zerikusia izanik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskatutako beste edozein informazio.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari, Osasun kontseilariari eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari ahalmena ematen zaie Foru Dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten dagozkien eskumenen barruan.
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.