(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

303/1997 FORU DEKRETUA, URRIAREN 20KOA, ETXEAN BERTAN EMATEN DIREN ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 135 - 10/11/1997



  AZKEN XEDAPENAK


  I. ERASKINA. Erreklamazio orria


Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes arloan dituen eskumenak erabiliz, Foru Dekretu honek oreka bermatu nahi du kontsumitzaile eta erabiltzaileek eta horientzat hagitz garrantzitsua den honako jardueran profesionalki aritzen direnek elkarren artean izaten dituzten harremanetan; azken hauek kontsumitzaile eta erabiltzaileen etxebizitzaren eta bertako ekipamendu eta tresnen mantenimenduaz aritzen dira.

Hori horrela izanik, Foru Dekretu honek biltzen ditu Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorrean agertzen diren oinarri eta jarraibideak.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 22. artikuluari jarraikiz, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak eta Sektoreetako Enpresari Elkarteak kontsultatu dira.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren hogeian harturiko Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Aplikazio esparrua.

1. Foru Dekretu hau aplikatuko zaie kontsumitzaile eta erabiltzaileei etxean bertan zerbitzuak ematen dizkieten pertsona fisiko edo juridiko guztiei, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 1. artikuluko 2 eta 3. idazatietan azaltzen den bezala, jardueraren onuradunarekin lan harremanik ez denean.

2. Foru Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak izanen dira etxean bertan egiten diren zerbitzuak: etxebizitza eta lokalak oro har, bai eta beren instalazioak, erantsitako eraikinak, ekipamendu eta tresnak, nahiz jabetza amankomunekoak nahiz banakako jabetzakoak izan, mantendu eta zaharberritzeko zerbitzu guztiak.

3. Halaber, etxean bertan egiten diren zerbitzutzat joko dira ez bakarrik kontsumitzailearen etxean bertan egiten direnak, baita kontsumitzailearen etxera joan arren zerbitzu emailearen tailerrean egiten direnak ere, edo zerbitzu emailearen tailerrean egiten direnak, beti ere, hori egin ondoren, zerbitzu emaileak objektu edo produktua bezeroaren etxe edo lokalean jartzen badu.

4. Foru Dekretu honetatik kanpo geratzen dira etxean bertan entregatzeko zerbitzuak eta zerbitzuen salmentari dagokionez izaera subsidiarioa dutenak.

5. Halaber, ez zaie aplikatuko dekretu hau etxeko zerbitzuei, kontsumitzailearen interesak berariazko arautegi baten bidez babesten direnean.

2. artikulua . Kontsumitzailearendako argibideak.

Zerbitzua egiten duen langileak argibide orri bat izan beharko du kontsumitzaile edo erabiltzaileari emateko halakoak eskatzen dionean, zeinetan zehaztuko baitira lan denboraren arabera ezar daitezkeen prezioak eta irteera gastuak, halakorik bada; horretaz gainera, eskainitako zerbitzuen prezioak azalduko ditu, bai eta premiazko kasuetan edo ohiko lanalditik kanpora erabiltzailearen eskariz egiten diren lanengatik ezarri beharreko errekarguak ere.

Era berean, erabiltzaileak eskaini zaion aurrekontua onartzen ez duenean, aurrekontua prestatzea kobratu ahalko dela adieraziko da.

Prezioen barnean era guztietako zerga edo kargak sartuko dira, aplikatzen den kontzeptua eta tasa adierazita. Hala egiten ez bada, prezioen gainean ezarri beharreko zerga edo kargak aipatuko dira, aplikatzekoa den kontzeptua eta tasa adierazita.

Zerbitzu emailearen establezimendu edo lokalean kontsumitzaile edo erabiltzailearen eskura eduki beharko dira artikulu honetan aipaturiko argibide orriak.

3. artikulua . Aurrekontua.

1. Zerbitzua egin baino lehen, zerbitzu emaileak bezeroari aurrekontu bat eman beharko dio sina dezan, Foru Dekretu honen 4.1. artikuluan azaldutakoaren arabera horri uko egin ezean.

2. Aurrekontuan datu hauek jarri beharko dira:

a) Izena, deiturak edo sozietatearen izena, helbidea eta telefonoa, zerbitzu emailearen IFK edo IFZ, baimen eta/edo erregistro zenbakia jarduera motak hala eskatzen duenean eta, halakorik bada, erantzukizun zibileko aseguruaren estaldura.

b) Bezeroaren izena, deiturak eta helbidea, eta eskatutako zerbitzuaren deskribapena, azaltzen direlarik ezaugarriak, kalitateak eta amaierako emaitza eta zerbitzua egiteko tokiaren helbidea.

c) Erabiliko diren materialen kopurua, ezaugarriak eta horietako bakoitzaren prezioa, eta eskulanaren prezioa ordu edo eguneko edo urteko beste tarifa batzuen arabera, egin beharreko zerbitzu motan, bai eta irteera gastuak ere.

Alderdien arteko adostasunez lanen prezioa kalkulatzen denean egin beharreko lanaren metro, azalera edo bolumenen arabera, horien kopurua, ezaugarriak eta horietako bakoitzaren prezioa zehaztuko dira.

d) Zerbitzua hasi eta amaitzeko aurreikusita dagoen data, erabiltzaileak aurrekontuari adostasuna ematen dion egunetik hasita edo lanak egiteko tokia zerbitzu emailearen eskura jartzen den egunetik hasita.

e) Zerbitzuaren prezio osoa zergak barne, eta ordaintzeko modua.

f) Zerbitzuaren berme aldia eta horren baldintzak.

g) Aurrekontuan egindako eskaintzaren balioaldia, hogeita hamar egunetik beherakoa izanen ez dena inolako kasutan.

h) Komenigarritzat jotzen den beste edozein aipamen, beti ere kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide onartuei kalterik egiten ez badie; halakotzat jotzen da zerbitzuaren xedean izan daitezkeen aparteko inguruabarrei dagokiena.

i) Data eta zerbitzu emailearen sinadura edo zigilua, eta horien ondoko toki batean, bezeroak adostasuna emateko sinadurarentzat utzitako lauki bat, non espreski jarri beharko baita letra larriz, hots, agiriko gainerakoen neurri berekoak erabiliz, honako esaldi hau: "Aurrekontuaren prestatzea kobratu ahalko da, erabiltzeak ez badu onartzen eskaini zaion aurrekontua".

j) Data eta zerbitzu emailearen sinadura edo zigilua, eta horien ondoko toki batean, bezeroak adostasuna emateko sinadurarentzat utzitako lauki bat, non espreski jarri beharko baita letra larriz, hots, agiriko gainerakoen neurri berekoak erabiliz, honako esaldi hau: "Aurrekontua jaso da lanak egin baino lehen".

3. Material erabiliez baliatzeko asmoa izanez gero, letra larriz, hots, agiriko gainerakoen neurri berekoak erabiliz honako esaldia jarri beharko da: "Material erabiliez baliatzeko baimena"; horrelakoetan ezinbestekoa izanen da bezeroaren sinadura, adostasuna emanez gero.

4. Aurrekontuak bi ale izanen ditu bezeroak sinatuta adostasun gisa; horietako bat erabiltzaileari emanen zaio, eta bestea zerbitzu emaileak gorde beharko du, bermearen mugaegunetik hasita urtebeteko epean gutxienez ere.

5. Aurrekontua egin ondoren agertzen diren matxurak edo akats ezkutuak jakinarazi egin beharko zaizkio bezeroari, idatziz eta ahalik eta lasterren, zerbitzuaren zenbatekoak duen gehikuntza eta horren arrazoiak azaldurik. Agiria eta bezeroari emanen zaion kopia bat bi alderdiek sinatu beharko dituzte adostasun gisa. Halakorik ez bada, bezeroak ados ez dagoela azaldu beharko du, eta aipatu agiriaren kopia bat gorde, nahitaez.

6. Aurrekontuan sartu nahi diren geroagoko aldaketak, edozein dela horien arrazoi edo izaera, idatziz aurkeztu beharko zaizkio bezeroari beste agiri batean, zein aurrekoaren formalitate berberekin beteko baita, bezeroak onartu edo atzera bota dezan.

7. Kontsumitzaileak ez badu onartzen eskaini zaion aurrekontua, kobratu egin ahalko da horren prestaketa, beti ere 3.2.i) artikuluan aurreikusitakoa bete bada; zenbatekoak ez du gaindituko ordu erdiko eskulanari eta irteera bati dagokion prezioa, ezarritako tarifaren arabera, nahiz eta bat baino gehiago behar izan prestaketarako.

4. artikulua . Lanerako agindua.

1. Aurretiko aurrekontua prestatzeari uko egiten bazaio, espreski azaldu beharko da hori lanerako aginduaren agiri batean, esaldi honen bidez: "Uko egiten diot aurretiko aurrekontuari eta baimena ematen dut konponketa egiteko". Esaldi hori bezeroak berak eskuz idatzi beharko du eta bere sinadura ezarri.

2. Zerbitzu emaileak eta bezeroak behar bezala sinaturiko aurrekontua badenean, horrek izanen du konponketarako aginduaren balioa.

3. Lanerako aginduak esaldi hau izanen du kontsumitzailearendako argibideak bermatu ahal izateko: "Aurrekontuari uko egin zaio, aurretiko aurrekontua eskatzeko eskubidea badela eta uko egiteak ondorio juridiko eta ekonomikoak izan ditzakeela jakinik".

4. Lanerako aginduan, artikulu honetako 1. idazatian aipaturikoaren arabera aurrekontuari egindako ukoaz gain, beste datu hauek ere jarri beharko dira:

a) Izena, deiturak edo sozietatearen izena, zerbitzu emailearen helbidea eta identifikazio fiskala eta, halakorik bada, erantzukizun zibileko aseguruaren estaldura.

b) Enpresa Erregistroko zenbakia, horretarako sortu erregistroan inskribatzea nahitaezkoa izanez gero.

c) Bezeroaren izena eta helbidea eta lana egiteko tokiaren helbidea, etxebizitza bera ez bada.

d) Eskatutako lanaren deskribapena.

e) Zerbitzua hasi eta amaitzeko aurreikusita dagoen data.

f) Zerbitzuaren berme aldia eta horren baldintzak.

5. artikulua . Fakturak.

1. Zerbitzua egin eta gero, zerbitzu emaileak kontsumitzaile edo erabiltzaileari faktura bat eman beharko dio, eta horretan datu hauek agertuko dira gutxienez ere:

a) Fakturaren zenbaki korrelatiboa.

b) Zerbitzu emailearen izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbaki edo kodea.

c) Enpresa Erregistroko zenbakia, horretarako sortu erregistroan inskribatzea nahitaezkoa izanez gero.

d) Bezeroaren izena eta helbidea.

e) Egindako zerbitzuaren deskribapena.

f) Prezio osoa, horren barnean materialak, eskulana, zergak eta irteera gastuak banaka zehazturik.

g) Berme aldia eta horren baldintzak.

h) Data eta zerbitzu emailearen eta bezeroaren sinadurak.

i) Une bakoitzean indarra duten bermeen gaineko arauen edukiaren hitzez hitzeko transkribapena.

2. Materialen aurrekontuko prezioek bat etorri beharko dute, gehienez ere, zerbitzua ematen duen enpresak aplikatzen dituen prezio publikoekin.

3. Fakturako zenbatekoak bat etorri beharko du onetsita dagoen aurrekontuarekin; hasierako aurrekontuari egindako edozein aldaketa sartuko da.

4. Fakturan eskulanari dagokion prezioaren zenbatekoak bat etorri beharko du lan denboragatik aplika daitezkeen prezioen balioarekin; lan denbora egiaz egindakoa izanen da, salbuespen izanik ordu laurdenetik beherakoa, orduan 15 minututara luzatuko baita, gehienez.

5. Zerbitzuak irauten duen bitartean ordainketa partzialak eginen direla hitzartuz gero, horien egiaztagiria edo faktura luzatu eta eman beharko da, eta dagokion faktura agirian espreski azaldu beharko da hori.

6. Onartu ez den aurrekontu bat kobratzeari ekiten bazaio, eman eta gero, ordainketa frogatzen duen faktura luzatuko da.

7. Etxeko zerbitzuen emaileak kontsumitzaile edo erabiltzailearen eskura edukiko ditu zerbitzua emateko erabili materialen jatorria, izaera eta prezioa egiaztatzen dituzten frogagiriak.

8. Ez dira fakturatzat hartuko obra edo zerbitzua egin duten langileek luzaturiko parteak edo emate-agiriak, halakorik bada, nahiz eta horietan erabiltzailearen sinadura azaldu lanei adostasuna emateko; salbuespena izanen da agiri horietan agertzea artikulu honen 1. puntuan azalduriko datu guztiak.

6. artikulua . Bermea.

1. Xedapen honek ukitzen dituen zerbitzuak bermatuta egonen dira hiru hilabeteko epean gutxienez, faktura luzatzen den egunetik hasita.

2. Salbuespen gisa, zerbitzuaren emaitzek, duten izaera bereziarengatik, aurreko puntuan adierazi epean modu onean irautea zaila denean, egoera hori letra larriz azalduko da, argi ikus dadin bai aurrekontuan bai fakturan.

3. Zerbitzu baten emaitzak bere berme aldia hitzartutako egoeran amaitzen ez duenean, zerbitzu emaileak errepikatu egin beharko du beharrezkoa dena, eta berriz ere, bai eta egindakoa hondatzen den hurrengo aldietan ere, zerbitzuak epe berbereko bermea izanen du.

4. Bermea osokoa izanen da beti, ordezko piezek, irteerek, zerbitzua eskura izateak, eskulanak eta horrelakoek sortutako gastu guztietarako, eta bete beharko da justifikatu gabeko berandutzerik izan gabe eta bezeroari beste diru kopuru batzuk inolaz ere kobratu gabe.

5. Ez dira bermearen barnean sartuko, hondamendien eraginez, ezinbesteko arrazoiez edo bermatutako ondasuna behar ez bezala erabiltzeagatik sortutako akatsak, hori zerbitzu emaileak egiaztatzen duenean.

6. Establezimenduak eta zerbitzu emaileak kontsumitzaile edo erabiltzailearen eskura edukiko dute beren jarduera arautzen duen Foru Dekretuaren kopia bat.

7. artikulua . Erreklamazioak.

1. Zerbitzu emaileak bezeroen eskura edukiko ditu "erreklamazio orriak", gaztelaniaz idatziak bederen, Foru Dekretu honen 1. eraskinean azaltzen den eredu ofizialari jarraikiz. Orri horiek honakoez osatuta egonen dira: jatorrizko orri zuri bat, arrosa koloreko kopia bat eta kopia hori bat.

Erreklamazio orriak Nafarroako Gobernuaren kontsumo arloko erakunde eskudunek emanen dizkiete zerbitzuak egiten dituzten enpresei, horiek beren bezeroen eskura izan ditzaten Nota de Vigencia.

2. Erreklamazioak honela eginen dira:

a) Erreklamazioak eginen dira Nafarroako Gobernuaren kontsumo arloko erakunde eskudunen aurrean, bermea edo zerbitzua amaitzen denetik hasita hilabeteko epean gehienez ere.

b) Erabiltzaileak honakoak azaldu beharko ditu: izena, helbidea eta N.A.N. edo pasaporte zenbakia, bai eta inprimakiak aipatzen dituen gainerako datuak ere; zehatz- mehatz jarriko du bere erreklamazioaren arrazoia eta erreklamazio horren data.

c) Zerbitzu emaileak "erreklamazio orrian" bere identifikaziorako agertzen diren datuak bete beharko ditu; orri hori zerbitzu emaileak sinatu ahalko du, zeinek egokitzat jotzen dituen oharrak egin ditzakeen edukiari buruz, horretarako ezarritako tokian.

d) Erabiltzaileak "erreklamazio orriaren" jatorrizkoa igorriko die Nafarroako Gobernuaren kontsumo arloko erakunde eskudunei; kopia bat berak gordeko du eta bestea zerbitzua egin duen enpresa edo pertsonari emanen dio.

e) Erreklamazioaren jatorrizko orriarekin batera, bezeroak igorriko ditu erreklamatutakoaren gainean ahalik eta erabakirik onena hartzeko baliagarriak diren froga edo agiri guztiak, batez ere fakturak, aurrekontuak edo ordezkagiriak Nota de Vigencia.

3. Erreklamazio orririk ez badago edo horiek eskuratzeko eskariari ezezkoa emanez gero, erabiltzaileak erreklamazioa aurkeztu ahalko du egokien iruditzen zaion bidetik Nota de Vigencia.

4. Erabiltzaileak erreklamazioan atzera egiten badu, artxibatu eginen da, alde batera utzi gabe Administrazioak duen ahalmena ofiziozko espedientea irekitzeko, bidezkoa den beste edozein irregulartasun dela eta Nota de Vigencia.

5. Espediente bat tramitatzerakoan ikusten bada egindako zerbitzuen kalitatean edo bermeen onarpenean arduragabekeria edo iruzurra izan dela, espediente horren ebazpenean erabakiko da erabiltzailearen alde aski testigantza luzatzea bidezko diren alderdiei buruz, horrela, erabiltzaileak, nahi izanez gero, dagozkion ekintzak bidera ditzan jurisdikzio eskudunaren aitzinean Nota de Vigencia.

6. Erabiltzaileak dagozkion eskubide eta betebeharren berri zehatza izan dezan, tailerrek erabiltzailearen eskura izan beharko dute, kontsulta egin nahi duenerako, Foru Dekretu honen kopia bat, ongi irakurtzeko modukoa.

8. artikulua . Eskumenak.

Arau honetan ezarritako ororen zaintza eta ikuskapena, kontsumitzailearen babeserako organo eskudunek eginen dute.

9. artikulua . Arauhausteak eta zehapenak.

1. Xedapen honetan agertzen diren aginduetako edozein ez betetzea kontsumitzailearen babes arloko arau-haustetzat joko da, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako uztailaren 19ko 26/84 Lege Orokorraren 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Horren berariazko tipifikazioa ekainaren 22ko 1945/83 Errege Dekretuko 3 eta 5.1. artikuluetan azaltzen da, hots, Kontsumitzailearen Babes arloko eta Nekazaritzako Elikagaien Produkzioko arau-hauste eta zehapenak arautzen dituen Errege Dekretuan.

2. Nolanahi ere, kontsumitzailearen babes arloko arau-haustetzat honakoak joko dira:

a) Etxean bertan zerbitzuak ematen direnean gertatzen bada eskatutako zerbitzuari dagokion emaitza lortu ahal izateko behar ez diren prestazioak kontratarazten direla. Besteak beste, eman beharreko zerbitzu zehatzarekin bat ez datozen aurrekontuak egitea, kontratatu denarekin bat ez datozen zerbitzuak ematea eta merkatuko ohiko prezioa bikoizten duten gehiegizko diru kopuruak kobratzea.

b) Modu eskasean edo arduragabekeriaz emandako zerbitzuak ez osatzea, zerbitzu emaileari horretarako eskaera egin -eskaera jaso duela ziurtatu ahal izateko bideren bat erabiliz- eta berehala. Salbuespena izanen da agiri bidez egiaztatzea osatze hori ezin egin duela.

c) Justifikatu gabeko berandutzea, alegia, aurrekontuan azaltzen diren datekin alderatuta zerbitzu baten hasiera edo amaieran gertatzen dena, horren erruduna zerbitzu emailea delarik. Halakorik bada, berandutzea justifikatu ahalko da, baldin eta agiri bidez frogatzen bada hirugarren bat izan dela erruduna.

d) Agiri, argibide, liburu edo erregistroei buruzko arauak ez betetzea, horiek guztiak nahitaez ezarriak izanik enpresa, instalazio edo zerbitzuak araubide eta funtzionamendu egokia izan dezan eta kontsumitzaile edo erabiltzailea babesteko berme gisa.

3. Artikulu honek aipatzen dituen arau-hausteak arin, larri eta oso larritzat joko dira, uztailaren 19ko 26/84 Legearen 35. artikuluan eta ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuko 6, 7 eta 8. artikuluetan ezarritako irizpideen arabera.

4. Dekretu honetan aipatzen diren arau-hausteak isunez zehatuko dira, uztailaren 19ko 26/84 Legearen 36. artikuluan ezarritako mailaketaren arabera.

Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu honek xedatutakoa alde batera utzi gabe, etxean bertan ematen diren zerbitzuen gaineko erreklamazioei kontsumoko arbitraje sistema aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Ahalmena eman zaio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari, Foru Dekretu honek xedatzen duena garatzeko xedapen osagarriak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hiru hilabeteren buruan hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

I. ERASKINA. Erreklamazio orria

I. ERASKINA

a) Erreklamazio orri hau Administrazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskura jarri du, beren desadostasunak azaldu ahal ditzaten.

b) Erabiltzaileak honakoak jarri beharko ditu: izena, deiturak eta nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakia, bai eta inprimakian agertzen diren gainerako datuak ere, zehatz-mehatz azaldurik kexa sortarazi duten arrazoiak eta erreklamazioaren data.

c) Zerbitzu emaileak bete beharko ditu Erreklamazio Orrian berari buruz agertzen diren identifikazio datuak. Erabiltzaileak bere kexaren arrazoiak azaldu ondoren, Erreklamazio Orria zerbitzu emaileak sinatu ahalko du, zeinek egokitzat jotzen dituen oharrak egin ditzakeen edukiari buruz, horretarako ezarritako tokian.

d) Erabiltzaileak, bermea edo zerbitzu ematea bukatu eta hilabetea iragan baino lehen, Kontsumo Atalera igorriko du Erreklamazio Orriaren jatorrizkoa, zuria; kopia horia berak gordeko du eta kopia arrosa tailerreko arduradunari emanen dio.

e) Erreklamazioaren jatorrizko orriarekin batera, erabiltzaileak igorriko ditu erreklamatutakoa ahalik eta hobekien baloratzeko baliagarriak diren froga edo agiri guztiak, batez ere fakturak, aurrekontuak eta ordezkagiriak.

Laukiko datuak (gorriz) zerbitzua ematen duen enpresa edo pertsonak beteko ditu.

(Zerbitzu emailearen izena edo sozietatearen izena eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia)

(Helbidea) (Herria) (Telefonoa)

ERREKLAMAZIO EGILEAK BETE BEHARREKOA

19....(e)ko........... aren...... (e)ko....... etan (ordua), (deklarazioaren data)......................... jaun/andrea, erreklamazio egilea) nazionalitate..........., N.A.N. edo pasaportea.li.............. zenbakikoa, helbidea......... (Kalea edo plaza, probintzia edo herria eta telefonoa)...........,

Erreklamazioaren arrazoiak eta horren xedea:...........

(Interesatuaren sinadura)

Zerbitzu emailearen alegazioak:

(Zerbitzu emailearen sinadura eta zigilua)

NAFARROAKO GOBERNUA Erreklamazio egileak jatorrizkoa hona igorriko du:

INDUSTRI, MERKATARITZA, KONTSUMO ATALA

TURISMO ETA LAN DEPARTAMENTUA BLAS DE LA SERNA KALEA, 1,

Fuerte del Príncipe eraikina II, 4. solairua,

31005 IRUÑA

Iragarkiaren kodea: A9709412

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web