(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

272/1999 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO OIHANETAKO SUTEETARAKO HERRI BABESEKO LARRIALDI PLAN BEREZIA ONESTEN DUENA.

BON N.º 118 - 22/09/1999



  E R A N S K I N A. Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Berezia


Atariko

Urtarrilaren 21eko 2/1985 Legearen arabera, Herri Babesa zerbitzu publiko bat da, zeinen antolaketan, funtzionamenduan eta exekuzioan Administrazio Publikoek parte hartzen duten, bai eta herritarrek ere, nork bere eginkizunak betez eta borondatezko laguntza emanez, arrisku larri, hondamendi edo ezbeharretan pertsonak eta ondasunak babesteko eta horiei laguntza emateko.

Aipatu Legea garatzeko asmoz, apirilaren 24ko 407/1992 Errege Dekretuaren bidez Herri Babeseko Oinarrizko Araua onetsi zen, zeinen III. kapituluko 8.2 idazatian Komunitate bakoitzaren esku uzten den beren eremua gainditzen ez duten Lurralde Planen eta Plan Berezien prestaketa eta onespena. Arau beraren 6. artikuluak ezartzen du baso-suteak Plan Berezien xedeko arriskuak direla.

Nafarroako Herri Babeseko Batzordeak 1999ko martxoaren 26an Nafarroako Herri Babeseko Lurralde Planaren aldeko txostena eman zuen, eta ondoren Herri Babeseko Batzorde Nazionalak homologatu egin zuen 1999ko uztailaren 23an, Herri Babeseko Larrialdi Plangintzako Oinarrizko Zuzentarauak, 1993ko apirilaren 2ko Barne Ministerioaren Aginduz onetsitakoak, bere 3.3. idatz-zatian lurralde planetarako ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen direlako.

Horrenbestean, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatuta eta Herri Babesari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legearen 11. artikuluak esleitu dizkidan eskumenekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Berezia onestea. Horren testua ondoren heldu da.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren hogeita hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A. Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Berezia

1. Planaren xedea, eremua, egitura eta antolaketa

Planaren xedea da Administrazio Publikoek erantzun egokia eman dezatela oihanetako suteetako larrialdietan, beharrezkoak diren baliabide eta bitartekoak segurtatuz.

Planaren jarduketa eremua Foru Komunitate osoa da, hau da, beraz, Foru Komunitate barruan oihanetako suteren bategatik larrialdia gerta daitekeen edozein toki. Hala ere, Nafarroatik kanpoan ere esku hartzeko aukera ere bada, mugakide diren beste administrazioekin lankidetzan.

Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Berezia (PLAINFONA) Nafarroako Gobernuak herri babesaren eremuan larrialdi eta premietan laguntza emateko ezarri duen egitura administratibo, tekniko eta operatiboaren barnean kokatzen da.

Printzipio horri jarraikiz, PLAINFONA egituratu da inplikatuta dauden Egintza Talde desberdinen operatibitate eta aginte printzipioen arabera, aginte bakarraren zuzendaritzapean eta denek batera Talde Operatibo eskuhartzailea osatzen dutelarik.

Planaren antolaketa egituraren eskemak bi multzo ezartzen ditu, zeinetan biltzen baitira PLAINFONAk finkatutako bi lan talde berezituak, Zuzendaritza eta Koordinazio Taldea eta Talde Operatibo eskuhartzailea

2. Lege esparrua

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, bere 50. artikuluan dioenez, "Nafarroak, bere Foru Eraentzari esker honako arloetan du eskumena esklusiboki:

b) Ehiza; ibai eta aintzirako arrantza; akuikultura.

c) Larreak, belarrak eta galondoak.

d) Naturgune babestuak eta mendiko eremuen tratamendu berezia, Estatuko oinarrizko legeriarekin bat.

e) Foru Komunitatea edo Nafarroako Udalerriak, Kontzejuak eta gainerako entitate administratiboak titularrak direneko mendiak.

Nafarroari dagozkio, halaber, partikularrenak diren mendien arloko Estatuko oinarrizko legeria garatzea eta betearaztea.

Nafarroako oihan ondarea babesteari eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 21. artikuluak dioenez Foru Komunitateko Administrazioak du mendi edo oihanak zaindu eta babesteko erantzukizuna hainbat arriskuren aurrean, zeinen artean oihan suteak baitaude. Lege beraren 37. artikuluak betebehar hori zehazten du zera ezarriz: "Foru Komunitateko Administrazioari dagokio behar diren neurriak planifikatu, koordinatu eta burutzea oihanetako suteak prebenitu eta haien aurka burruka egiteko, eta hori beste Administrazio Publiko batzuen eskumenak galarazi gabe, horiekin lankidetza harremanak izanen baititu".

Plan hau behar den lege esparruan kokatzeko, Estatuko Foru Komunitateko ondoko arauak aipatu behar dira:

Estatuko arauak:

.Abenduaren 5eko 81/1968 Legea, Oihan Suteei buruzkoa.

.Abenduaren 23ko 3769/1972 Dekretua, Oihan Suteei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duena.

.Azaroaren 20ko 3640/1974 Errege Dekretua, ICONAren eginkizunak Foru Diputazioaren esku uzten dituena.

.Urtarrilaren 21eko 2/1985 Legea, Herri Babesari buruzkoa.

.Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

.Uztailaren 19ko 1105/1985 Errege Dekretua, Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera Ingurugiro arloko zerbitzuak eskualdatzen dituena.

.Uztailaren 29ko 875/1988 Errege Dekretua, oihan suteak itzaltzeagatik sortutako gastuaren konpentsazioa arautzen duena.

.1993ko apirilaren 2ko Agindua, 1993ko martxoaren 18ko Ministroen Kontseiluak hartutako Erabakiaren ondorioz Barne Ministerioak emandakoa, Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plangintzarako Oinarrizko Zuzentaraua onesten duena.

Foru Komunitateko arauak:

.Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

.Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

.Abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzkoa.

.Apirilaren 15eko 182/1996 Foru Dekretua, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Egitura organikoa ezartzen duena.

.Ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legea, Nafarroako Naturguneei buruzkoa.

.Irailaren 30eko 473/1996 Foru Dekretua, Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

.Maiatzaren 4ko 150/1998 Foru Dekretua, Koordinazio Operatiborako Zentroa arautzen duena.

3. Zuzendaritza eta koordinazioa.

Planaren zuzendaria, kasu guztietarako, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne kontseilaria da eta Barne zuzendari nagusiaren ardura izanen da Planaren zuzendaritza teknikoa.

Lehendakaritza eta Barne kontseilariak Barne zuzendari nagusiaren edo kasu bakoitzean zehazten den pertsonaren esku utzi ahalko du Planaren zuzendaritza.

Interes nazionala ukituta gertatzen denean, Planaren zuzendaritza Lehendakaritza eta Barne kontseilariak eta Gobernuak Nafarroan duen delegatuak biek batera eramanen dute, Zuzendaritza Batzorde baten barnean, SOS Nafarroaren bitartez, zeina CECOPI bezala eratuko baita.

Zuzendaritza Batzordeak bere eginkizunetarako Batzorde Aholku-emaile baten eta Informazio Kabinete baten laguntza izanen du.

Interes nazionalekoa dela deklaratu arren, Gobernuko delegatuak eta Lehendakaritza eta Barne kontseilariaren ekimenez, larrialdia nolakoa den ikusiz komenigarria den kasuetan, bere eginkizun guztiak edo parte bat eskuordetzeko ahalmena izanen du.

3.1. Planaren zuzendaria.

Planaren zuzendariak oinarrizko eginkizun hauek izanen ditu:

* Planaren aktibazioa zehaztea.

* Izan daitekeen Larrialdiaren Maila zehaztea, kontuan hartuz Plan honetan ezarritako mailen eskala.

* Egoera bakoitzean antolaketa egituren artean abian zein jarriko den zehaztea.

* Kasu bakoitzean pertsonei eta ondasunei kalte egin dakizkiekeen gertakizunen berri zein agintariri eman zehaztea.

* Kontseilu Aholku-emailea, osoan nahiz partzialki, konbokatzea.

* Larrialdiko zuzendaria hautatzea.

* Egoera ebaluatu eta haren jarraipena egitea, une bakoitzean zein bide hartu erabakitzea, esku hartzen duten baliabide eta bitarteko guztien jarduketa koordinatzea, eta jendea, ingurugiroa, ondasunak eta larrialdian esku hartzen duten langileak babesteko zer neurri hartu behar diren erabakitzea.

* Jendeari zein informazio eman zehaztea, hala babes neurriak hartzeari buruzkoa nola argibide hutsekoa.

* Estatuko Planean jarritako organoari jakinaraztea zein egoeratan jotzen diren beharrezkotzat Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Larrialdi Planari esleitu gabeko baliabide estatalak, eta zein egoeratan uste den arriskuan dagoela interes nazionala.

* Su itzaltze lanetan beharrezkoak diren aireko, lurreko edo beste edozein motatako baliabide edo bitartekoen mobilizazioa eskatzea, Nafarroako Foru Komunitatean eskura ez badaude.

* Sua itzaltzeko jarduketa komenigarrienak zein diren erabakitzea, bai eta pertsonak, ingurugiroa, itzaltze lanetan esku hartzen duten langileak eta inguruko ondasunak babesteko neurriak ere.

* Plana desaktibatzea, hau da, bitarteko eta baliabideak desmobilizatzea haien eginkizuna bukatu ondoren, edo maila batetik bestera pasatzeari buruzkoa, Plan honetan ezarritako eskalaren arabera.

* Planaren mantenimendua segurtatzea.

3.2. Kontseilu Aholku-emailea.

Kontseilu Aholku-emailearen osaketa Planaren zuzendariak ezarriko du bere kabuz, Larrialdia zein mailatakoa den kontuan hartuta.

Kontseilu hori kide hauek izan ahalko ditu:

* Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria edo haren ordezkoa.

* Barne zuzendari nagusia.

* Nafarroako Suhiltzaileen Partzuergoko zuzendaria.

* Herri Babeserako Zerbitzuko zuzendaria.

* Nafarroako Foruzaingoko zuzendaria.

* Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

* Gobernuko Delegazioko ordezkari bat.

* Estatuko Segurtasuneko indarren eta kidegoen ordezkari bat.

* Ukituriko udalerrietako alkateak.

* Planaren zuzendariak konbokatzen dituenak, hala nola, Nafarroako Herri Babeseko Batzordeko kideak, Egintza Taldeen arduradunak, edo beste batzuk, haien presentzia beharrezkotzat jotzen bada.

Kontseilu Aholku-emailearen funtsezko eginkizunak izanen dira Planaren zuzendariari aholku ematea larrialdiari dagozkion xehetasun guztietan.

3.3. CECOP-CECOPI, SOS Nafarroa.

SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentroa Planaren zuzendariaren lan tresna bat da, Planean inplikatutako agenteen koordinazio, zuzendaritza eta kudeaketa lanetarako, bai eta sutearekin zerikusirik duten informazio guztiak eta Egintza Taldeen eskaera guztiak jasotzeko. Arlo horretan kudeatzen diren informazio eta komunikazioak bideratu eta arautuko ditu.

Planaren zuzendariak informazio hori guztia oinarritzat hartuko du bere eginkizunak burutzeko.

SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentro gisa eratuko da (CECOP) Planaren zuzendaritza Lehendakaritza eta Barne kontseilariak edo haren ordezkoak bere gain hartzen duenean. Alderantziz, larrialdiko jarduketen zuzendaritza eta koordinazioa Zuzendaritza Batzordeak bere gain hartzen duenean, CECOPI gisa eratuko da.

CECOP-ek, edo bestela CECOPI-k, harremanak izanen ditu eta esleituta dituen eginkizunak, edo behar den garaian esleituko zaizkionak, burutuko ditu, esku hartzen edo ukiturik dauden erakunde, entitate, partikular, Egintza Talde eta administrazioekin batera.

SOS Nafarroaren oinarrizko eginkizunak dira:

.Jasotako informazio guztiari sarrera eman eta transmititzea.

.Larrialdia zentralizatu eta koordinatzea, zuzenean edo Aginte Postu Aurreratuaren bitartez.

.Jendearen laguntza eskeak eta eskaintzak bideratzea.

.Agintariei egin beharreko jakinarazpenak, Planaren zuzendariak ezarritakoak, egitea.

.Sutearen tamaina eta ondorioei buruzko informazioa eskatu eta zentralizatzea.

.Suteen jarraipena egitea.

.2 eta 3. mailako larritasuneko suteen kasuetan Plana aktibatzeko abisua ematea.

.Ukituriko udalerrietako ordezkariekin kontaktoan egotea.

.Informazio meteorologikoa eskuratzea.

.Kontseilu Aholku-emailearen eraketa kudeatzea.

.Zuzendaritza Batzordearen eraketa kudeatzea, halakorik behar bada.

.Planean esku hartzen duten Egintza Taldeak erne jartzea.

.Ukiturik gerta daitezkeen oinarrizko zerbitzuentzako abisuak eta gomendioak kudeatzea. Horien artean zerbitzu elektrikoak, komunikabideak, e.a. egonen lirateke.

.Planaren zuzendariak nahiz Larrialdiko zuzendariak eskatzen dituzten jarduketen koordinaziorako laguntza eskaintzea.

3.4. Aginte postu aurreratua.

Tokian tokiko Egintza Taldeetako arduradunek osatuko dute, Planaren zuzendariak izendatzen duen Larrialdiko zuzendariaren zuzendaritzapean.

Aginte Postu Aurreratuaren eginkizunak, Larrialdiko zuzendariak pertsonalizatuak, honako hauek izanen dira:

* Larrialdia kontrolatzeko lanak zein egoeratan dauden etengabe eta denbora errealean baloratzea.

* Esku hartzen duten Egintza Taldeak tokian berean koordinatzea.

* Planaren zuzendariak esleitzen ahal dizkion beste eginkizunak.

Suteari irizten zaion larritasun mailaren arabera, Aginte Postu Aurreratua honela osatu ahalko da:

* Larrialdiko zuzendaria.

* Sua Itzaltzeko koordinatzailea.

* Ukitutako udaletako ordezkariak, alkateek aukeratuak.

* Nafarroako Gobernuko Herri Babesaren Zerbitzuko koordinatzailea.

* Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiko koordinatzailea.

* Trafikoaren Antolaketa eta Kontrolerako koordinatzailea.

* Osasun Taldeko koordinatzailea.

* Laguntza Logistikorako Taldeko koordinatzailea.

* Koordinazio Operatiborako Zentroko ordezkaria.

* Une bakoitzean egokitzat jotzen diren teknikari edo espezialistak.

3.5. Informaziorako Kabinetea.

Zuzenean Planaren zuzendariaren menpe egonen da, baina SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentroaren informazioa izanen du.

Horretarako propio izendatutako pertsonak edo pertsonek eratuko dute, eta etengabe kontaktoan egonen dira SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentroarekin, eta pertsona batek baino gehiagok osatuz gero, horietako bat Aginte Postu Aurreratuan egon daiteke.

Informazio Kabineteak eginkizun hauek izanen ditu:

* Planaren zuzendariak emandako informazioak zentralizatu, prestatu eta ukituriko jendeari jakinaraztea.

* Hedabide sozialak koordinatzea.

* Ukiturik egon daitezkeen pertsonei buruzko informazio guztia eskuratu, zentralizatu eta ematea.

* Hedabideei Planaren zuzendariak egokitzak jotako informazioen berri ematea.

* Errealitatearekin bat ez datozen informazioei ihardestea.

* Planaren zuzendariak agintzen ahal dizkion beste eginkizunak.

4. Multzo Operatibo eskuhartzailea.

Multzo Operatiboaren partaide izanen dira Zerbitzu edo entitate eskuhartzaileetako Egintza Taldeak, Larrialdiko zuzendariaren eta Planaren zuzendariaren agindura era koordinatuan ari direnak larrialdia konpontzen.

Partaide izanen dira larrialdian esku hartzen dutenak, Foru Administrazioko pertsonala izan nahiz beste edozein Administraziotakoa, edo profesional kualifikatuak edo boluntarioak, zein Egintza Taldetan sartzen diren, hartako arduradunaren agindura, eta adierazita dauden eginkizunak, edo bestela, Planaren zuzendariak jartzen dizkienak, bete beharko dituzte.

4.1. Larrialdiko zuzendaria.

Larrialdiko zuzendaria, Planaren zuzendariak hautatua, arduratuko da larrialdiko eremuaz, eta horrekin batera izan daitezkeen gainerako jarduketez, esate baterako sutea itzaltzeaz, biktimen salbamenduaz, ondasunak babesteaz, lehentasunak jartzeaz e.a.

Larrialdiko zuzendaria uneoro Planaren zuzendariaren agindura egonen da.

Larrialdiko zuzendariak berezko agintarien bitartez emanen dizkie aginduak Egintza Taldeei.

Suteak ukitzen badu alboko komunitate autonomoren bat, edo Frantzia, eta lurralde horietan Larrialdiko zuzendaririk balego, denek era koordinatuan lan eginen lukete, uneoro komunikazioa mantenduz SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentroarekin.

Larrialdiak ukitzen baditu komunitate autonomo desberdinetako lurraldeak eta titularitate estataleko baliabideak -Planari esleitu gabekoak- beharrezkoak badira, Planen zuzendarien ekimenez Aginte Bakar Integratua izendatuko da, komunitate autonomo horietako ordezkariek osatua, eta hura izanen da tokian tokiko Larrialdiko organo zuzentzailea.

Larrialdiko zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:

* Aginte Postu Aurreratua ezartzea.

* Planaren zuzendaria informatuta edukitzea.

* Larrialdia menderatzeko estrategia zehaztea.

* Aukeratutako estrategiaren ondoriozko agindu operatiboak zehaztea eta Egintza Talde guztiei transmititzen zaizkiela segurtatzea.

* Esku hartzen duten baliabideen jarduketa koordinatzea.

* Sutea itzaltzeko eta kontrolatzeko lanetan diharduten taldeei helburuak eta lehentasunak zein diren adieraztea.

* Planaren zuzendariari informazioa ematea hartu beharreko larrialdi neurriei buruz, adibidez ebakuazioak, errepideak moztea, goi tentsioko lineak moztea e.a.

* Lurreko kontaktua izatea -edo horretarako pertsona hautatzea- sutea itzaltzeko lanetan parte hartzen duen aireko baliabideekin, eta haiei non jardun adieraztea.

* Larrialdia ebaluatzea.

* Beharrezkoak badira, baliabide gehiago eskatzea CECOPi.

* Larrialdia kontrolatu eta gero, baliabideak modu progresiboan erretiratzeko jarraibideak ezartzea.

Bere eginkizunetarako Larrialdiko zuzendariak Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiaren teknikarien, Suhiltzaileen Partzuergoaren e.a.en aholkularitza izan dezake erabakiak hartzerakoan, helburuak eta lehentasunak ezartzerakoan eta sutearen nondik-norakoak ebaluatzerakoan.

4.2. Sua Itzaltzeko koordinatzailea.

Lehenbiziko eskuhartzea zeinek egiten duen alde batera utzita, tokian-tokian sutearen itzaltze lanen agintaritza eta koordinazio eginkizuna sutea gertatu den tokian agertutako Suhiltzaileen Kidegoko graduazio handienekoak izanen du, harik eta Larrialdiko zuzendariak Sua Itzaltzeko koordinatzaile izendatutako pertsona bertara iritsi arte.

Sua Itzaltzeko koordinatzailea uneoro Larrialdiko zuzendariaren agindura egonen da, kasu batzuetan pertsona bera izan daitekeelarik.

Sutearen tamainagatik edo lurraren orografiagatik komenigarri denean guneko Sua Itzaltzeko koordinatzaile bat baino gehiago jarri ahalko da, nor bere guneaz eta esleitutako baliabideez arduratuko dena. Horrelakoetan elkarrekin lan eginen dute eta haien arteko koordinazio lanak Aginte Postu Aurreratuko Sua Itzaltzeko koordinatzailearen bitartez burutuko dira.

Sua Itzaltzeko koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

* Suteari eraso egin eta itzaltzeko ekintzak hasi eta jarraitzea, ezarritako teknika eta taktikak erabiliz.

* Sutea itzaltzeko eta kontrolatzeko lanetan helburuak eta lehentasunak adieraztea.

* Sutea ebaluatzea.

* Sutearen tamaina etengabe ebaluatu eta kuantifikatzea.

* Larrialdiko zuzendaria informatuta edukitzea.

* Suteari aurre egiteko behar diren baliabideak eskatzea.

* Larrialdia kontrolatu ondoren, baliabideak modu progresiboan erretiratzeko jarraibideak ezartzea.

* Erretako zonetan kontrol eta erremate lanak eginen dituzten zaintaldeak eratu eta banatzea.

Bere eginkizunetarako Sua Itzaltzeko zuzendariak Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiaren teknikarien, Suhiltzaileen Partzuergoaren e.a.en aholkularitza izan dezake erabakiak hartzerakoan, helburuak eta lehentasunak ezartzekorakoan eta sutearen nondik-norakoak ebaluatzerakoan.

4.3. Su-itzaltze taldea.

Funtsean hauek dira taldea osatzen dutenak: Nafarroako Suhiltzaileen Partzuergoan integratutako edo haren menpeko baliabide material eta giza baliabide guztiak eta Ingurugiro Departamentuko giza baliabideak, teknikariak eta landa-langileak, bai eta baliabide materialak ere, zeinen jarduketa nagusia suteak detektatzea eta itzaltzea izanen baita.

Aldi berean, Udalen, beste administrazioen e.a.en baliabideak ere atxiki ahalko dira, Sua Itzaltzeko zuzendariaren agindura arituko direnak. Horretarako Su-itzaltze Taldeko arduradunek eskura dauden beharrezko baliabideak jarriko dituzte.

Su-itzaltze Taldeak eginkizun hauek izanen ditu:

* Oihan suteak ebaluatu, menperatu eta itzaltzea.

* Ukitutakoen salbamendua eta erreskatea.

* Zehazten diren ondasun higiezinen defentsa.

* Sutera iristeko bide berriak aztertzea.

* Planaren zuzendariak esleitzen ahal dizkionak.

Bere eginkizunetarako Su-itzaltze Taldeak Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiaren teknikarien aholkularitza izan dezake erabakiak hartzerakoan, helburuak eta lehentasunak ezartzekorakoan eta sutearen nondik-norakoak ebaluatzerakoan.

4.4. Trafikoa antolatu eta kontrolatzeko koordinatzailea.

"Larrialdiko eremuan polizi zerbitzu batzuk biltzen direnean, ukituriko eremura iritsitako hurrenkera kontuan hartu gabe, horien aginte eta koordinazio eginkizuna bertaratutako graduazio handieneko agintariaren esku egonen da, baldin eta graduazio desberdineko agintariak bildu badira, eta Foruzaingoko kidearen esku, baldin eta graduazio berdineko agintariak azaldu badira, harik eta Larrialdiko zuzendariak Segurtasunerako koordinatzaile izateko izendatu duen pertsona sutearen tokira iritsi arte, beti ere.

Segurtasunerako koordinatzailea, larrialdia den tokian agertzen denean, Aginte Postu Aurreratuan integratuko da, Larrialdiko zuzendariaren agindura jarriko da eta Foruzaingoaren, Goardia Zibilaren, Poliziaren Kidego Nazionalaren eta Tokiko Poliziaren jarduketak eta baliabideak koordinatuko ditu".

Sutearen tamainagatik edo lurraren orografiagatik komenigarri denean guneko Segurtasunerako koordinatzaileak behar hainbat Guneko koordinatzaile jarriko ditu, nor bere guneaz eta esleitutako baliabideez arduratuko direnak. Horrelakoetan elkarrekin lan eginen dute eta haien arteko koordinazio lanak Aginte Postu Aurreratuko Segurtasunerako koordinatzailearen bitartez burutuko dira.

4.5. Trafikoa antolatu eta kontrolatzeko taldea.

Hauek osatuko dute: ezarritako operatiboan parte hartzen duten foruzainek, udaltzainek, goardia zibilek edo polizia nazionalek.

Segurtasun Taldeak eginkizun hauek izanen ditu:

* Guneko sarbideak kontrolatzea, trafikoa antolatzea eta hura lokarriz hesitzea.

* Larrialdiko edo/eta ebakuazioko jarduketetarako beharrezkoak diren lehentasunak ezartzea, are laguntzekoak ere, premiarik balego,

* Trafikoa zaintzea eta kontrolatzea, bereziki ukitutako zonetako sarbideetan, jendearen eta ibilgailuen zirkulazioa murriztuz bideetarako ezarritako baldintzen arabera.

* Egintza Taldeei beren eginkizunetan inolako eragozpenik gabe aritzeko segurtasuna ematea.

* Ukitutako zonetan ordena publikoa eta hiritarren segurtasuna zaintzea, batez ere ebakuatzen diren zonetan, halakorik gertatuz gero.

* Laguntza Logistikoaren Taldearekin lan egitea ebakuazio lanetan.

* Biktimak eta desagertuak kontrolatu eta identifikatzea.

* Eskatzen den kasuetan, baliabide eskuhartzaileei esku hartzen den gunera laguntzea.

* Jendeari abisu ematen laguntzea.

* Sutearen ingurunea zaindu eta kontrolatzea.

* Planaren zuzendariak esleitzen ahal dion beste edozein eginkizun.

4.6. Osasun Taldea.

Egoerak eskatzen duenean edo komenigarri dela ikusten denean, eta 2 eta 3. mailako Larritasuneko oihan suteetan beti ere, Osasun Taldea eratuko da. Beheko mailetan SOS Nafarroak anbulantzia bat igorriko du beti sutea dagoen tokira.

Eratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko giza baliabide eta baliabide materialez, bai eta eslei dakizkiokeen beste erakunde, elkarte, partikular e.a.en giza baliabide eta baliabide materialez ere.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariak Osasun Taldearen koordinatzailea hautatuko du, zeina Aginte Postu Aurreratuan sartuko baita edo Larrialdiko zuzendariak erabakitzen duen lekuan. Uneoro bermatuko da kontaktoan egonen dela harekin eta SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentroarekin eta elkar lanean arituko dela SOS Nafarroan zerbitzuko koordinatzaile den medikuarekin. Tamaina, dotazioa eta ekipamendua zehaztuko dute Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariak eta Osasun Taldeko arduradun hautetsiak, biek batera.

Osasun Taldeak eginkizun hauek izanen ditu:

* Istripua izandakoei eta zaurituei laguntza ematea.

* Ukituak gerta daitezkeenei laguntza emateko tokia zehaztea.

* Zaurituak klasifikatzea.

* Eritetxeetara eramatea.

* Laguntzaren azpiegitura antolatzea.

4.7. Laguntza Logistikorako Taldea.

Egoerak eskatzen duenean edo komenigarri dela ikusten denean, eta 2 eta 3. mailako Larritasuneko oihan suteetan beti ere, Laguntza Logistikorako Taldea eratuko da.

Nafarroako Gobernuko Herri Babeseko Zerbitzuko pertsonalekin osatuko da.

Herri Babeseko Zerbitzuko zuzendariak hautatuko du Laguntza Logistikorako Taldeko koordinatzailea, Aginte Postu Aurreratuan sartuko dena.

Laguntza Logistikorako Taldean sartuko dira Foru Administrazioko beste Zerbitzu batzuen taldeak, harekin lankidetza hitzarmenak sinaturik dauzkaten elkarteak, bai eta beharrezkotzat jotzen diren beste edozein talde ere.

Eginkizun garrantzitsuenak hauek dira:

* Larrialdiaren eta itzaltzearen kontrol lanetan laguntza ematea, dela beharrezko ekipo eta tresneria eskura jartzearen aldetik, dela hornikuntza eta garraioaren aldetik.

* Organo eskudunei laguntza ematea ebakuazio, ostatu emate eta hornikuntza lanetan.

* Gainerako Egintza Taldeei laguntza ematea haien lanetan.

* Boluntarioak biltzeaz eta haiek Egintza Taldeetan banatzeaz arduratzea.

* Aginte Postu Aurreratua behar duen azpiegituraz hornitzea.

* Errepikatzaile mugikorren instalazio eta komunikazio ekipoez hornitzea.

* Suteak hartutako guneari buruzko informazio kartografikoaz hornitzea.

* Eguraldiari buruzko informazioa.

* Larrialdiko zuzendariak agintzen ahal dion beste edozein eginkizun.

5. Larritasun mailak.

Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi plangintzako Oinarrizko Zuzentarauak oihanetako suteen klasifikazioa egin du, izan dezaketen larritasun mailaren arabera, kontuan hartuz ukitutako oihan multzoaren ezaugarriak, guneko baldintza topografikoak, tamaina eta ingurune fisikoaren, dauden azpiegituren edo baldintza meteorologikoen ezaugarriak, bai eta pertsonentzako nahiz ondasunentzako izan daitezkeen arriskuak.

Balorazio hori oinarritzat hartuz, larritasunaren prebisio bat egiten da ondoko taulan agertzen denari jarraikiz:

5.1. 0 maila.

Maila horretakoak dira itzaltze baliabide arruntekin erraz moztu eta kontrola daitezkeen oihanetako suteak eta, makurrenean ere, Egintza Taldekoak ez diren beste pertsonentzako, ezta oihanekoak ez diren beste ondasunentzako, inolako arriskurik sortzen ez dutenak.

0 mailako oihanetako suteen kontra ohiko prozedurak eta protokoloak aplikatuko dira, horregatik ez da beharrezko izanen honako Plan hau akatibatzea, ezta aparteko baliabiderik erabiltzea, edo operatibo berezirik aplikatzea.

Egoera hori bukatuko da larrialdia amaitu dela edo 1. mailara pasatu dela aldarrikatzen denean.

5.2. 1. maila.

Maila horretakoak dira Planean aurreikusiriko itzaltze baliabide arruntekin kontrolatu daitezkeen suteak, baina zer gerta ere, oihan masa babestu eta zaintzearen ikuspuntutik gune batzuk ukituak gerta daitezkeelako, beharrezkotzat jotzen denean sutearen mehatxupean izan daitezkeen pertsonak eta ondasunak babesteko neurriak hartzea.

Era berean, maila horren deklarazioa egin ahalko da 0 mailako zenbait sute aldi berean suertatzen direnean.

1. mailakotzat hartzen diren suteetan Plan honi atxiki gabeko baliabideak eskatu ahalko dira.

Egoera hori bukatuko da larrialdia 0 mailara edo 2. mailara pasatu dela aldarrikatzen denean.

5.3. 2. maila.

Maila horretako suteak dira haiek itzaltzeko Planari esleitu ez zaizkion eta beste administrazio batekoak diren baliabideak beharrezkotzat jotzen direnean, edo interes nazionala jokoan jartzen duten larrialdi egoerak etor daitezkenean.

Era berean, maila horren deklarazioa egin ahalko da 1. mailako zenbait sute aldi berean suertatzen direnean.

2. mailako deklarazioa eta Plana abian jartzea Planaren zuzendariaren zeregina izanen da, egoerak horrela eskatzen duenean, eta Zuzendaritza Batzordea ere eratu ahalko da.

Egoera hori bukatuko da larrialdia 1. mailara edo 3. mailara pasatu dela aldarrikatzen denean.

5.4. 3. maila

Maila horretakoak dira interes nazionala arriskuan jartzen duten suteak. Horrelakoetan Zuzendaritza Batzordea eratuko da, 1. puntuan, "Zuzendaritza eta Koordinazioa" izenburukoan adierazi den bezala.

3. maila mantenduko da harik eta 2. mailara pasatu dela deklaratu arte.

6. Operatibaren faseak.

Operatibitatea da Planaren helburuak modurik eraginkorrenean lortzeko erabili beharreko prozedurak eta baliabideak erregulatzea.

Beraz, honela gauzatuko da: sutea detektatu eta alarma jartzen denetik hasten diren urratsak, koordinazio sistemak, horien ebaluazioa, erasotzea, sua itzaltzea eta salbamendua, Planari esleitu ez zaizkion baliabideak eskatzea, segurtasuna, laguntza desberdinak eta informazioa jendeari ematea.

Hasten diren jarduketa guztien xedea izanen da larrialdia kontrolatzea eta sua itzaltzea ahalik eta lasterren eta seguruen, eta horretarako ezinbestekoa da koordinazioa.

Operatibaren faseak:

6.1. Detekzioa.

Larrialdiaren fase hau, nahitaezkoa sutea heda ez dadin eta ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen, azkar egin behar da, sutearen tokia zehatz identifikatuz eta jasotako datuak fidagarriak direla egiaztatuz.

Sutea identifikatzeko erabiliko dira:

* Behatokiak.

* Errondak.

* Jendearen abisuak.

Oihan behatokiak.

Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoa da detekzio lanen arduraduna eta horretarako gaur egun 17 oihan behatoki ditu, suteetarako arriskurik handieneko zonetan estrategikoki banatuak, guztiek dituztelarik behatzeko eta komunikatzeko baliabideak, horien zerbitzuko langileek azkar detekta ditzaten sute-hasierak eta Koordinazio Operatiborako Zentroari lehenbailehen jakinaraz diezaioten.

Errondak.

Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiko eta Foruzaingoaren Lan-talde Ekologikoko landa-langileek detekzio errondak egiteko agindua dute.

Langile horiek beren errondak programatzen dituzte egunero prestatzen diren sute arriskuen adierazleei kasu emanez.

Jendearen abisuak.

Herritar batek, oihan sute bat ikusten duenean SOS Nafarroa 112 Koordinazio Operatiborako Zentroari jakinaraziko dio eta han, sua non den zehaztutakoan, jada ezarrita dauden jarduketa protokoloei jarraikiz jardungo dute.

Nafarroako Gobernuak ezarri ditu bi oihan kanpaina Komunitatean, jarduketa protokoloak eta kasu bakoitzari dagozkion prozedura operatiboak, eta jendeari informazioa ematen dio aldiro-aldiro egiten dituen kontzientziazio kanpainen bitartez.

Oihan kanpainak Nafarroan.

Nafarroan urtaroa kontuan hartuta bi oihan kanpaina egiten dira:

* Udan, erdi aldean eta hegoaldean.

* Neguan, iparraldean.

Kanpainan zehazten dira eraginpeko area, erabili beharreko protokoloak eta prozedurak, Planak ukitutako azpiegiturak eta dotazioak, bai eta behatokiak, Suhiltzaileen Parkeak eta gainerako baliabideak ere.

Protokoloak eta prozedura operatiboak.

Protokoloak eta prozedurak kanpainaren arabera zehaztuko dira, kasu bakoitzean sutea lehenbailehen menperatzeko detekzio sistemak ezarriz eta behar diren baliabideak azkar mobilizatuz.

Kontzientziazio kanpainak.

Kanpainetan Ingurugiro eta Barne Zuzendaritza Nagusiek arreta berezia jartzen dute gizartearen kontzientziazioan, horretarako kanpainak eginez eta abisuak emateko moduak eta bitartekoak jakitera emanez.

6.2. Alarma.

Alarmak SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentroan zentratuko dira, eta han jasoko dira abisu guztiak eta kudeatu eta koordinatuko dira eskura dauden Gobernu Autonomoaren nahiz besteren baliabide guztiak.

Egintza Taldeei informazioa propio jarritako ohiko bideetatik pasatuko zaie.

Koordinazio Zentroan abisu bat jasotzen den momentutik funtzionatzen hasten dira horretarako jarritako planak eta prozedurak, kasu bakoitzari jarraipena egiteko kode bat esleituz.

6.3. Ebaluazioa.

Ebaluazioak berekin dakar ezinbestean exekutatu behar diren neurriak eta mobilizatu beharreko baliabideak zehaztea.

Jasotako informazioa ikusirik, ondoko faseak exekutatuko dira:

* Larrialdiaren katalogazioa: lehen adierazitako mailen arabera eginen da.

* Baliabideen esleipena: ezbeharraren tamainaren eta gertatzen den tokiaren arabera.

* Baliabideen mobilizazioa: horretarako ezarritako protokoloak aplikatuz.

* Plana abian jartzea: hala erabakitzen denean.

Larrialdia etengabe ebaluatuko da detektatzen denetik aurrera, harik eta guztiz menperatua eta itzalia gelditzen den arte.

6.4. Erasoa eta itzaltzea.

Fase horretaz Itzaltze Taldea izanen da, Itzaltzearen koordinatzailearen agindura, sutea geldiarazi, kontrolatu eta itzaltzeko ezarri eta onartu diren prozedura eta teknikak erabiliz.

Lehenbiziko eskuhartzea hurbileneko suhiltzaileen lana izanen da, desplazatutako taldearen arduradunaren zuzendaritzapean, eta hark, egoera bakoitza kontuan hartuz eta ebaluatu ondoren, Koordinazio Operatiborako Zentroari eskatuko dio giza baliabide eta baliabide material gehiago eta Itzaltzearen koordinatzailea bertara daitezela.

6.5. Larrialdiaren jarraipena eta bukaera.

Itzaltze lanak nola doazen eta Itzaltzearen koordinatzaileak eta Larrialdiko zuzendariak egiten duten jarraipena kontuan hartuta ezarriko da, kasu bakoitzean, larrialdia maila goragokoa ala beheragokoa den, bai eta bukatutzat jotzea ere. Jarraipena segido eta etengabe eginen da eta Larrialdiko zuzendariak uneoro Koordinazio Operatiborako Zentroa informatua izanen du, eta hark Planaren zuzendariari informazioa emanen dio.

Kontseilu Aholku-emailea, Itzaltze Taldearen arduradunarekin batera, sutearen ondorioak arintzeko kasu bakoitzean hartu beharreko neurrien gainean Planaren zuzendariari aholku emateaz arduratuko da. Era berean, Planaren zuzendariari aholku emanen dio larrialdiaren bukaera eta Plana desaktibatzea dekretatzearen komenentziaren gainean.

7. Baliabideak eta bitartekoak.

Esku hartzen duten Egintza Taldeei atxikitako baliabide guztiak Planari zuzenean esleitzekoak izanen dira, bai eta kasu bakoitzean larrialdia kontrolatu eta menperatzeko eskatu eta erabiltzen diren beste guztiak ere.

7.1. Planari esleitutako baliabide eta bitartekoen erabilera.

Esku hartzen duten Egintza Talde bakoitzak Planari atxikiko dizkio bere eginkizun eta lanetarako izaten ohi dituen baliabide eta bitartekoak. Horien erabili eta mobilizatzeko Zerbitzu bakoitzak aldez aurretik ezarrita dituen protokolei jarraituko zaie eta horiexek izanen dute bitarteko horien ardura.

Inplikatutako Administrazioek Planaren zuzendariaren esku jarriko dituzte beraiek dauzkaten giza baliabideak eta baliabide materialak, erabilgarriak badira, larrialdiaren ondorioak arindu ahal izateko.

7.2. Planari esleitu gabeko baliabide eta bitartekoen eskaera.

Egintza Taldeek eskatzen dituzten bitarteko ez-arruntak, zuzenean Planari esleiturik ez daudenak, aktibatzeko eskaria edozein momentutan egin dezake Koordinazio Operatiborako Zentroak eta hark, Laguntza Logistikorako Taldearen eskariz eta Egintza Taldeen eskaera jaso ondoren, Batzorde Aholku-emaileak proposatuta edo zuzenean Planaren zuzendariak manatuta, detektatutako beharren tramitazioaz arduratuko da.

Koordinazio Operatiborako Zentroak Barne Ministerioarekin Planari esleitu gabe dauden bitarteko estatalak eskatuko ditu Gobernuaren delegatuaren bitartez.

Estatuaren titularitatea duten baliabideak mobilizatzeko prozedura Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Estatalaren 5.5. puntuan xedatutakoari egokituko zaio.

Bitartekoak beste Administrazioei edo enpresa nahiz partikularrei eskatuz gero, Koordinazio Operatiborako Zentroa arduratuko da, halaber, horretarako behar diren kudeaketak egiteaz.

Mobilizatzen den bitarteko oro, Planari esleitua egon ala ez, zuzenean Egintza Taldeetako bati atxikiko zaio, eta horren ardura izanen du jarraipena eginen duena.

Bitarteko horien eginkizunak esleiturik duten espezializazioarekin bat etorriko dira eta uneoro eska dakizkiekeen jarduketa, erabilera eta segurtasun neurriei jarraikiz jardungo dute.

Nazioarteko laguntza, beharrezkoa denean, eskatuko da Europako Komunitateen Kontseiluaren 1991ko uztailaren 8ko Ebazpena aplikatzeko ezarritako prozedurei jarraikiz. Baina Pirinio Atlantikoko eskualderako laguntza eskaera indarra duten hitzarmenetan biltzen diren laguntza eta elkarlaguntzako protokoloen arabera eginen da.

Oihanetako suteak itzaltzerakoan Indar Armatuen lankidetza indarra duen legeriaren esparruan burutuko da, salbuespen gisa eta laguntza lanetan eta laguntza logistikoan, beti ere su itzaltzen zuzenean esku hartu gabe, eta Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Estatalaren 5.7. puntuan xedatutakoari egokituko zaio. Indar Armatuak esku hartzea egokituz gero, berehala haietako agintari bat sartuko da Aginte Postu Aurreratuan eta beste bat Kontseilu Aholku-emailean.

7.3. Aireko baliabideak.

Planari zuzenean esleituko zaizkio Nafarroako Gobernuak, erabilgarri dituen aireko bitarteko arruntak, bere titularitatekoak nahiz kontratatuak, gehi Planari noizbehinka atxikitzen zaizkionak. Bitarteko horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren komunikazio sarearen barruan sartuko dira.

Egoerak hala eskatzen duenean, Planari atxiki dakizkioke beharrezkotzat jotzen diren aireko bitartekoak, Planaren beraren bitartekoekin zuzenean bat eginen dutelarik. Bitarteko horiek ere Nafarroako Gobernuaren komunikazio sarea erabiliko dute.

Nafarroako Planari esleitzen dizkion aireko baliabideak SOS Nafarroa Koordinazio Operatiborako Zentrotik mobilizatuko dira, baseko teknikariaren bitartez.

Ingurugiro Ministerioaren aireko baliabideak, Planari esleitu ez zaizkionak, mobilizatzeko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Estatalaren 5.5.2. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Larrialdia menperatzeko lanetan, bertan esku hartzen duten aireko bitarteko guztiak, Planaren barnean integratuak izan ala ez, Larrialdiko zuzendariaren agindura arituko dira.

Aireko bitarteko guztiekin komunikazioa izan dadin, Planean integraturik egon ala ez, Larrialdiko zuzendariak lurreko-aireko komunikazioen sistema bat izanen du aireko bandakoa.

Egoerak edo mobilizatutako aireko bitartekoen kopuruak gomendatzen badute Larrialdiko zuzendariak aireko bitartekoen koordinatzaile bat hautatu ahalko du, uneoro bere agindura izanen duena eta bitarteko horien ekintzaren arduradun izanen dena.

8. Neurri osagarriak.

Larrialdia kontrolatzeko eta menperatzeko lanetan, segurtasunerako ohiko neurriez gainera kasu bakoitzean beharrezkoak direnak ere aplikatuko dira, ukituriko pertsonen eta esku hartzen duten giza bitartekoen segurtasuna ahal den neurrian bederen bermatzeko, bai eta bertan erabiltzen edo ukiturik gertatzen diren baliabide material eta ondasunen segurtasuna ere.

8.1. Jendea babesteko neurriak.

Larrialdiak zuzenean ukituriko jendea edo ukitua izateko arriskuan dagoena babestearren, behar diren neurriak hartuko dira haien segurtasuna bermatzeko. Horren kariaz, Planaren zuzendariak behar diren komunikazio eta informazio bideak ezartzeko aginduak emanen ditu, jendearengana iritsi daitezen une bakoitzeko egoeraren arabera hartzen diren neurriak.

Jendearen segurtasuna bermatzeko hartuko diren neurri printzipalak dira jendea urruntzea eta ebakuatzea.

Ebakuazioa.

Ebakuazioa da jendea masiboki lekuz aldatzea eskuhartze gunetik urrunera. Behin betiko neurri bat da eta jendearentzako arriskua franko handia denean bakarrik hartuko da.

Ebakuazioaren prozesu osoa ondoko etapetan bana daiteke:

* Abisua: etapa honetan jendeari jakinaraziko zaio neurria berehala hartuko dela.

* Prestakuntza: etapa honetan jendea bilduko da aurreko etapan adierazi zaion tokietan eta, aldi berean, garraiatzeko baliabideak prestatuko dira.

Ebakuaziorako behar diren neurrien prestaketa Planaren zuzendariak garaiz aurreikusiko du, istripua okerrera egin dezakeela eta neurri hori aplikatu beharra izan daitekeela aldez aurretik kontuan hartuta. Jendeari jakinaraziko zaio aplikatzeko ordua iristen denean, aplikatzea beharrezkoa denean.

* Lekuz aldatzea: etapa honetan jendea beste leku batera eramanen da horretarako aurreikusitako baliabideak erabiliz.

Bistakoa denez, abisatzeko eta lekuz aldatzeko etapak bata bestearen ondoren abiada biziz gertatzen ahal dira eta horrek halako muga batzuk izan ohi ditu, aldatu ezin daitezkeenak. Hala ere, prestaketa etapa laburtu daiteke ebakuazioaz arduratzen diren langileak trebatuz gero eta jendea neurri horretaz sentsibilizatzen eta ohitzen bada.

Urruntzea.

Urruntzeak esan nahi du jendea leku arriskutsuetatik leku seguruetara eramatea, jeneralean hurbilekoetara, haien baliabideak erabiliz.

Neurri hori justifikatua egon daiteke larrialdia azkar baretzen denean, distantziagatik edo hura zabaltzeari oztopoak jartzen zaizkiolako. Ebakuazioaren aldean duen abantaila da askoz ere jende gutxiago aldatzen dela tokiz, eta lekuz aldatze hori jendeak dituen baliabideekin egiten dela. Beraz, neurri horren behar logistikoak, praktikan, jendeari abisua ematera mugatzen dira.

Beste alde batetik, neurri hori ez da batere baliagarria, jendea babestea eskatzen duen gertaera arriskutsua pittinka-pittinka baretzen denean.

8.2. Informazio neurriak.

Aldiro-aldiro eta beti ere oihan suteen kanpainen aurretik eta dirauten bitartean, oihan sute baten aurrean hartu beharreko oinarrizko jarduketa neurrien kontzientziazio eta zabalkunde kanpainak eratzen dira jendearentzako. Alde horretatik, Ingurugiro Departamentuak eta Barne Zuzendaritza Nagusiak egunero ematen dute sute arriskuari buruzko informazioa bai eta nekazaritza hondakinak modu kontrolatuan erretzeko debeku edo baimenari buruzkoak ere.

Larrialdiaren norabidea ikusirik ukituriko jendea ebakuatu beharra baldin badago, eta ondorioz beste toki batean ostatu eman beharra, Planaren zuzendariak, Kontseilu Aholku-emailearen laguntzarekin, behar diren aginduak emanen ditu Segurtasun Taldeek eta Laguntza Logistikorako Taldeek horretarako neurriak hartuko direla segurta ditzaten. Informazio Kabineteak eta Koordinazio Operatiborako Zentroak lagunduko dute kasu bakoitzean ezartzen diren jarraibideak jakitera ematen.

9. Planaren aktibazioa.

9.1. Plana aktibatzeko prozedura

Sutearen abisua edonon hartuta ere, abisua Koordinazio Operatiborako Zentrora bidaliko da, behar den suhiltzaile-taldea abiatzeko, bertan lehenbiziko azterketa egin dezaten. Behar den informazioa dutenean, Koordinazio Operatiborako Zentrora bidaliko dute, eta dagokion larritasun maila dekretatuko.

Plana automatikoki aktibatuko da 2. eta 3. larritasun mailetarako. 1. mailarako ere aktiba liteke, ezaugarrien arabera. 0 larritasun mailan ez daiteke aktibatu.

Plana zuzendariak aktibatuko du, eta ez beste inork. Horren berri emanen diote Barneko zuzendari nagusiak, Herri Babesaren Zerbitzuko buruak edo Koordinazio Operatiborako Zentroko arduradun nagusiak, larrialdia detektatzen den unean.

9.2. Jarduteko prozedurak

Sua Itzaltzeko Taldeko kideak, planean diren beste taldeetako kideekin batera, koordinaturik arituko dira, egoera kontrolatu, larrialdiari aurre egin eta hura desagertarazteko, beti ere koordinazio eta operatibitate irizpideekin, Planaren Zuzendariaren eta Larrialdietako Koordinatzailearen jarraipideen arabera, baliabide guztien, giza baliabideen zein materialen, buru bakarra baita.

Lehenbiziko uneetan egin beharreko lanak hauek dira:

* Sua itzaltzeko lanean hasi.

* Zauriturik daudekeenak atera, tratatu, sailkatu eta behar den tokira bidali.

* Aginte Postu Aurreratua ezarri.

* Egoera aztertu eta Planaren zuzendariari haren berri eman.

* Planarekiko koordinazio interfasea ezarri.

* Sarbideak kontrolatu.

* Baliabideak koordinatu.

*Larrialdirako baliabide premiazkoenak martxan jarri.

9.3. Zerbitzuen koordinazioa eta jarduketa-taldeak

Larrialdiko zuzendariak Aginte Postu Aurreratua non kokatu erabakiko du. Bertatik, talde-buruekin batera, larrialdia kontrolatu eta sua itzaltzeko lanak erabakiko ditu.

Bestetik, planaren zuzendariak, Kontseilu Aholku-emailearekin batera, uneoro egiten diren jarduketen segimendua eta buru-lana eginen ditu.

Koordinazio Operatiborako Zentroak uneoro izanen du Planaren zuzendariak eta Larrialdietako koordinatzaileak larrialdiari buruz hartzen dituzten erabakien berri.

Koordinazio Zentroko arduradunak, egoki iruditzen zaionean, pertsona bat bidal lezake Aginte Postu Aurreratura, hari laguntzeko eta Koordinazio Zentroarekiko komunikazioa arintzeko, eta Aginte Postu Aurreratuarentzako euskarri tekniko eta logistikorako.

9.4. Eskuhartzeko gunea erabakitzea

Eskuhartzeko gunea sutearen ezaugarrien eta larritasun potentzialaren mailaren arabera erabakiko da. Eskuhartzeko gune hori azalera desberdineko eremu edo sektoretan banatuko da, sutearen eta tokiaren ezaugarrien arabera.

Definizioak:

Erasorako sektore edo gunea: oihanetako sutearen tokia da, eraso zuzenekoa, Sua Itzaltzeko Taldeak lantegi duena.

Laguntzako gunea: erasorako gunearen ingurukoa da. Bertatik egiten dira su itzaltzen laguntzeko lanak.

Segurtasuneko gunea: laguntza logistiko eta sanitarioa emateko eremua da.

10. Planaren ezarpena eta mantenimendua

Plana ezartzeko eta horri eusteko lanak hauek dira: plana behar den bezala aplikatzen dela segurtatzeko egintza multzoa, baita etengabean eguneratzekoak ere, teknika eta baliabideen eta administrazioaren beraren bilakaerari egokitzeko.

Nafarroan gertatutako larrialdiei buruzko txostenak eginen dira, ondoren Nafarroako Herri Babeseko Batzordeak azter ditzan, plana hobetu ahal izateko, horretarako aukerarik badago. Helburu hori iristearren, aldian-aldian bilerak eginen dituzte Egintza Taldeekin, baterako jarduketak hobetzeko lanak koordinatzearren.

Planari eusteko egintzak edonola garaturik ere, eta aldian-aldian haien azterketa eginik ere, ariketa programa bat prestatuko da Egintza talde guztiak elkarrekin nahiz bereizirik egiteko. Ariketa horietan, planaren berri eman eta funtsa azaltzeaz gain, horrelako larrialdietan behar diren trebeziak eta ezagupenak erakutsiko dira.

Arau gisa, eta oihanetako suteen kanpaina hasi aitzin, neguan zein udan, Egintza Taldeetako arduradunentzako bilera bat eginen da, baterako egintzak koordinatzeko eta baterako jarduketen prozedura eta protokoloak aztertzeko.

Halaber, prestakuntza eta trebakuntza neurrien bidez, gizarteari planaren berri emateko neurri egokiak hartuko dira.

Edozein modutan, plana eguneratuz joanen da beti, funtsezko aldaketaren bat izaten den bakoitzean eta zuzendaritzak egoki juzkatzen duen aldiro.

Automatikoki, bi urtetik behin, apirilean, larrialdietako direktorioa, bitartekoen eta baliabideen katalogoa eta plana bera berrikusiko dira.

Planaren zuzendariak, Kontseilu Aholku-emaileak lagundurik, oniritzia eman beharko die aldaketa guztiei, dataturik eta zigilaturik.

Honako hauek izan behar dute planaren kopia bana:

* Planaren zuzendaritzak.

* Kontseilu Aholku-emaileko kideek.

* Egintza Taldeetako arduradunek.

* Koordinazio Operatiborako Zentroak.

* Planaren zuzendaritzak erabakitzen dituen pertsona edo erakundeek.

Aldaketak jasotakoan, hartu izanaren agiria eta segurtagiria bidaliko dira, haiengan eragina duten aldaketekiko adostasunarenak.

Barneko Zuzendaritza Nagusia izanen da aldaketen eta aldaketak bidaltzearen arduraduna.

Sute-simulazio bakoitzaren ondoren, parte hartu duten taldeek hura aztertu eta egoki iruditzen zaizkien aldaketak proposatuko dizkiote planaren zuzendariari.

11. Ariketak eta sute-simulazioak

Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Larrialdi Planean honakoa hartzen da ariketatzat: planean zerikusia duten alderdiek aldian-aldian egin behar dituzten egintzen multzoa, plana eraginkorra bihurtzeko duten trebeziak eskuratzearren. Hiru ariketa mota eginen dira:

1. Talde bakar batek parte hartzen duen ariketa:

Hauek ditu helburu:

* Baliabide materialek ongi funtzionatzen dutela segurtatzea.

* Agintarien kokapena.

* Ibilgailuak mugiaraztea.

* Teknika operatibo aplikagarriak.

* Transmisioak.

Ariketa egitez geroztik, Egintza Taldeetako arduradunek bi aste lehenago adierazi behar diote planaren zuzendariari hura egiteko asmoa dutela. Ariketa bukatutakoan, ebaluazioaren emaitzen berri eman ere bai.

Talde bakoitzaren lehen ariketa apirilaren 15a baino lehenago bukatuko dute.

2. Planaren Zuzendaritzak, Kontseilu Aholku-emaileak eta Koordinazio Operatiborako Zentroak parte hartzen duten ariketa.

Urtean bitan eginen da, honakoak konprobatzeko:

* Agintarien kokapena.

* Transmisioak.

Planaren Zuzendaritzak erabakiko du ariketa noiz egin, aldez aurretik helburuak finkatuta. Ondoren emaitzak aztertuko ditu.

3. Sute-simulazioak.

Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Larrialdi Planean honakoa hartzen da sute-simulaziotzat: planean zerikusia duten alderdiek elkarrekin aldian-aldian egin behar dituzten egintzen multzoa, egintza beharrezkoen koordinazioa lortzearren.

Gutxienez simulazio bat eginen da urtean. Segurtatu beharra dago lau urteko epean simulazio bat neguan eginen dela eta hiru urteko epean bat gauez.

Sute-simulazioaren aurretik, Kontseilu Aholku-emaileko kideak Planaren Zuzendaritzarekin bilduko dira gauza hauek erabakitzeko: simulazio mota, lehentasunak, eguna, ordua eta simulazioa ongi egiteko behar diren guztiak.

Egin behar den simulazio mota erabakirik, Planaren Zuzendaritzak konprobazio zerrenda bat eginen du. Bertan behar den bezala zehaztuko dira Egintza Talde bakoitzaren eginbeharrak: nora agertu, noiz, zer pertsona eta zer baliabiderekin.

Konprobazio zerrendan gutxienez honakoak aztertzeko informazioa jasoko da:

* Alarma-deia egin zaien pertsonak.

* Kontseilu Aholku-emaileari, Egintza Taldeari eta Aginte Postu Aurreratuari zenbat denbora kosta zaien eratzea.

* Suteak hartutako tokia zein den eta zer baliabide behar diren erabakitzeko denbora.

* Nolako erantzuna izan duten Egintza Taldeek larritasun maila erabakitakoan.

* Sutea dagoen tokira agertutako pertsonak eta bitartekoak.

* Zenbat denbora kostatu zaion unitate bakoitzari larrialdia dagoen tokira ailegatzeko.

Egintza Talde bakoitza esandako tokira agertuko da, larrialdirako aurreikusitako lana egiteko itxurak eginez uneoro. Halaber, benetako denboran txosten bat eginen du, lan edo fase bakoitza noiz hasi eta bukatu den esanez, eta gertutakoak aipatuz. Beti ere arduradun bakoitzaren sinadura agertuko da, eta ordua.

Simulaziorako jarduketa jakin bat egin behar den toki bakoitzean behatzaile bat egonen da, Kontseilu Aholku-emaileak izendatua. Behatzaileak txosten bat eginen du, unitateak eta beren baliabideak noiz ailegatu diren agertzen duena.

Planaren Zuzendaritzaren, Kontseilu Aholku-emailearen, Koordinazio Operatiborako Zentroaren eta Egintza Taldeen arteko komunikazio-bideen egiazko eraginkortasuna egiaztatzeak berealdiko garrantzia du sutearen simulazioan. Horregatik, guztien arteko komunikazio-kateari arreta berezia jarriko zaio simulazioak baloratzerakoan.

Simulazioaren ondoren, Planaren zuzendaritzak parte hartzaileekin bilduko da simulazioaren gorabeherez mintzatzeko. Horretarako, egoki juzkatzen dituen txostenak eskatuko dizkie.

Ebaluazio horren ondorioz, Plana aldatu egin liteke, beharrezkotzat joz gero.

Simulazioan parte hartu dutenen eraginkortasunaren ebaluazioa simulazioaren gidoian eskatutako gutxieneko prestazioen arabera eginen da.

Helburu horien edozein alditan egindako akats guztiak aztertuko dira eta esperientzia Egintza Taldearen arauei gehituko zaie, egiten den hurrengo simulazioan kontuan har dadin. Ariketak egiterakoan, horiek denak zuzen egiten ahaleginduko dira.

Iragarkiaren kodea: a9908618

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web