(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

270/1999 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, JOKO ARETOEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 114 - 13/09/1999



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. JOKO ARETOEN BALDINTZAK


  III. KAPITULUA. INSTALA DAITEZKEEN MAKINAK


  IV. KAPITULUA. USTIATZEKO BAIMENA


  V. KAPITULUA. BERMEAK


  VI. KAPITULUA. JOKO ARETOEN ARAUBIDEA


  VII. KAPITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA


  XEDAPEN IRAGANKORRAK


  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea betetzeko diktatu zen Joko Makinetarako Erregelamenduak, uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, joko aretoen kondizio, baimen eta funtzionamenduari buruzko araubide juridikoa ezarri zuen.

Joko Makinetarako Erregelamendu haren aplikazioan izandako esperientzia luzeak erakutsi du joko aretoen erregulazioan eskasiak badirela. Gainera, legegintzako teknikaren arrazoiak direla eta, komeni da aretoendako erregimen orokorra arau berezi batean erregulatzea.

Horren haritik, Erregelamendu hau onetsiko da, alde batetik, beharrezkoa delako joko aretoendako erregelamentazio berezia, aplikatzekoak diren arauak bildu eta era horretako lokalak baimendu eta ustiatzeko eskatzen diren betebeharrak zehaztuko dituena, ikuskizun publiko eta josteta jardueren segurtasun edo polizia neurriak barne direla; beste alde batetik, beharrezkoa delako joko aretoak erregulatzea, jokoaren edo ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arloko enpresa-jarduera bakar eta berezitu gisa; era berean, beharrezkoa delako jokoaren azpisektore horren plangintza minimo bat ezartzea, lokalen gutxieneko azalerari eta kokapenari buruzko irizpideak bederen kontuan hartuz; eta azkenik, beharrezkoa delako indarra duen erregelamentazioa errealitate sozialari egokitzea, araudi foralaren, Estatukoaren eta gainerako Autonomi Elkarteen artean ahalik eta koherentzia handiena segurtatu nahian.

Horregatik, Foru Dekretu honen bidez onesten den Erregelamenduak joko aretoen araubide orokorra ezarri du, berrikuntza nagusi hauek azpimarratuz: aldatu egin du joko aretoen gutxieneko azalera; baimendu ditu 25.000 pezetatik gorako saririk ematen ez duten aretoetarako makina bereziak bai eta sari programatua edo "B" motakoa duten joko makinak elkarrekin lotzeko aukera ere; aldatu du joko aretoak ustiatzeko baimenen araubidea; murriztu du fidantzaren zenbatekoa; eta funtzionamenduaren araubideari dagokionean, aretoak ixteko eta irekitzeko ordutegia ezarri da, bai eta edari zerbitzua izateko aukera ere, beti ere joko aretoak beste jarduerekin, esate baterako, kafetegi-taberna edo jatetxeekin ez direla nahasiko segurtatuko duten baldintza batzuk betetzen badira.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Erregelamendu honek Nafarroako Foru Komunitateko joko aretoen erregulazioa du xede.

2. artikulua . Definizioa Nota de Vigencia.

Joko aretoak joko makinak ustiatzen dituzten lokalak edo espazioak dituzten eta baimenduriko beste jolas aukera batzuk garatzeko beste batzuk izan ditzaketen establezimenduak dira.

II. KAPITULUA. JOKO ARETOEN BALDINTZAK

3. artikulua . Arau orokorrak.

Joko areto izanen diren lokalek bete beharko dituzte indarra duen Eraikuntzako Arau Oinarrizkoan ezarritako baldintzak eta aplikatzekoak diren gainerako arau osagarriak.

4. artikulua . Sarbideak.

1. Joko aretoetara bide publikotik edo ibilgailu- zirkulaziorako irekitako gunetik bakarrik sartu ahalko da.

2. Joko aretoko eraikinak bere fatxadetako batean bederen kanpotik hurbiltzeko zerrenda bat bederen beharko du izan, gutxienez 5 m zabalekoa, larrialdi zerbitzuetako ibilgailuendako.

Zerrenda horrek 2.000 kg/m2-ko erabilpenerako gainkarga jasateko adinako ahalmena izan beharko du eta zulaketarako erresistentzia 3 Tm-koa, 0,20 metroko diametroko azalera baten gainean aplikatua.

5. artikulua . Tamaina.

1. Joko aretoek 150 metro karratu erabilgarriko azalera gutxienez beharko dute izan, harrera gela, komunak, bulegoak, biltegia eta zuzenean jokora dedikatzen ez diren beste guztiak kontatu gabe.

2. Joko aretoaren edo makinak paratzen direneko zonaldearen altura 2,60 metrokoa izanen da gutxienez.

6. artikulua . Aireztapena.

Areto osoak aireztapen behartua izanen du, gutxienez orduko hamar haize-berritzealdi egiteko gauza izanen dena.

7. artikulua . Aforoa.

Aretoaren aforoa honela ezarriko da: pertsona bana azalera erabilgarriko 1,5 metro karratu bakoitzeko.

Aforoa kalkulatzeko ez da kontuan hartuko elementu finkoek okupatutako azalera, baina bai makinak eta beste gauza higigarriek okupatutakoa.

8. artikulua . Bainugelak.

Bereizirik egonen dira gizonezkoen eta emakumezkoen bainugelak. Bainugelek aurreko gela izanen dute eta dotazio minimo bat berrehun pertsonako edo horren zatikiko: bi pixatoki, komun-ontzi bat eta konketa bat gizonendako eta bi komun-ontzi eta konketa bat emakumeendako.

9. artikulua . Kokalekua.

Joko aretoak beheko solairuetan kokatuko dira. Ez dira beheko solairutzat hartuko, jendea ateratzeko, osoan edo zati batean, goruntz hiru metro baino gehiago gainditu behar badira.

10. artikulua . Suteen kontrako eta segurtasunerako instalazioak

1. Larrialdietarako argiak eta seinalizaziokoak izanen dituzte, gutxienez 5 lux-ekoak zorutik 1,5 metrora neurtutako plano batean. Eskailera-mailetan seinalizazio pilotuak paratuko dira, metro lineal edo zatiki bakoitzeko bana.

2. Makina elektronikoen inguruan 5 kilo COÕÓ2~-ko itzalgailuak paratuko dira, behar adina, joko tokietatik hurbilenera 15 metro baino gehiago izan ez dadin.

3. Telefonoa eta autobabeserako plan bat ere edukiko dute.

III. KAPITULUA. INSTALA DAITEZKEEN MAKINAK

11. artikulua . Motak Nota de Vigencia.

Joko aretoetan honako hauek baino ezin izanen dira instalatu:

a) Sari programatua duten joko makinak edo BR motakoak.

b) BS eta BM motako joko makinak.

c) BG motako joko makinak (hiru, gehienez).

d) Beste joko mota batzuen makina osagarriak.

12. artikulua . Joko makinen interkonexioa Nota de Vigencia.

1. Joko aretoetan sari programatua duten eta BR, BS eta BM motakoak diren joko makinak eta BG motakoak interkonektatzen ahalko dira, baldin eta hiru baino gutxiago ez badira, ezarritako zenbatekoa duen sari metatua eman ahal izateko eta sari metatu horrek makina bakoitzerako ezarritako itzulketa portzentajea gutxitzea ez dakarrela.

2. Halaber, areto ezberdinetan instalatuta dauden, sari programatua duten eta BR, BS eta BM motakoak edo BG motakoak diren joko makinak interkonektatzen ahalko dira, aurreko idatz-zatian adierazi diren baldintzen antzekoetan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak ezartzen duen zenbatekoa duen sari metatua eman ahal izateko.

13. artikulua . Interkonexioaren informazioa Nota de Vigencia.

Sistema interkonektatu bakoitzean karruselaren zati diren makinak identifikatu, eta honako datu hauek biltzen dituen informazio panel bat, gutxienez, egon beharko da:

a) Konektaturiko makinen kopurua.

b) Baimenduriko sariaren gehieneko zenbatekoa.

c) Interkonexio sistemak Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan duen inskripzio zenbakia.

14. artikulua . Makinen kopurua Nota de Vigencia.

Joko aretoetan instalatutako joko makinen kopurua berariazko araudiak arautuko du, nahiz eta, nolanahi ere, 10 makina ustiatu beharko diren, gutxienez.

IV. KAPITULUA. USTIATZEKO BAIMENA

15. artikulua . Enpresa ustiatzaileak.

Joko makinen Enpresa Operatzaileen Erregistroan inskribatu eta Erregelamendu honetan ezarritako moduan baimendutako pertsona fisiko edo juridikoek bakarrik ustiatu ahalko dituzte joko aretoak.

16. artikulua . Tramitazioa.

1. Joko makinen Enpresa Operatzaileen Erregistroan inskribatutako pertsonek joko areto bat ustiatzen hasi nahi badute, ustiapenerako aldez aurreko baimena eskatu beharko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretan dagoen organo eskudunari, idatziz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan eskatutako baldintzak betez.

2. Ustiapenerako baimenaren eskaerari hauek erantsiko zaizkio:

a) Eskaera sinatzen duenak enpresa eskatzailearen ordezkari dela egiaztatzen duen agiria.

b) Lokalaren titulartasuna edo erabilgarritasuna egiaztatzen duen agiria. Joko aretoarendako baimena ukatu ahal izanen denez horiek ere horren mende egonen dira.

c) Lokalaren obrak eta instalazioak egiteko proiektua, horretarako gai den teknikari batek erredaktatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, organo eskudunak, beharrik izanez gero, bidezko ohartarazpenak eginen ditu.

3. Ez dira joko areto bezala baimenduko autobus edo tren geltokietan, aireportuetan, errepide, autobia edo autobideen aldameneko esparruetan edo zerbitzuetan, establezimendu eta merkataritza zentroetan nahiz antzekoetan integratutako lokalak, ez eta josteta areto izateko lokalen alboetan daudenak ere.

4. Nafarroako Foru Komunitatean joko arloan eskudun den organoak ebazpen bidez eman ala ukatuko du eskatutako baimena. Baimena ukatu eginen da ondokoetan:

a) Dokumentu bidez egiaztatzen ez bada Erregelamendu honetan eskatutako baldintzak bete direla.

b) Indarra duen Jokoaren Foru Legean eta hura garatzen duten beste arauetan xedatutakoari lotuz ezar daitekeen jokoaren plangintzara ez bada eskaera egokitu.

5. Nolanahi ere, ustiapen baimena lortzeko aurretik jarduteko eta irekitzeko udal lizentziak atera beharko dira eta Erregelamendu honetako 20. artikuluan ezarritako fidantza jarri beharko da.

6. Ustiapen baimenean zehaztuko da gehienez ere zenbat makina para daitezkeen eta baimendutako gehieneko aforoa.

7. Joko aretoak ustiatzeko baimenaren titular diren enpresak, ondorio guztietarako, han bertan instalatutako makinen enpresa operatzailetzat hartuko dira.

17. artikulua . Indarraldia Nota de Vigencia.

Joko aretoak ustiatzeko baimenek indarraldi mugagabea izanen dute.

18. artikulua . Joko aretoak eskualdatzea Nota de Vigencia.

1. Baimena indarrean duten joko aretoak eskualdatzen ahalko dira Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroan izena emanda dauden enpresa operadoreen artean, administrazio baimena izan ondoren.

2. Enpresa eskuratzaileak 20. artikuluan ezarritako fidantza eratu beharko du Nafarroako Ogasunaren alde, eskualdatzeko baimena eman baino lehen.

3. Enpresa eskuratzaileak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu, aretoa eskualdatzeko eskatzean:

a) Negozioa eskualdatzen dela egiaztatzen duen agiria.

b) Titular berria Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela frogatzen duen agiria.

19. artikulua . Iraungipena eta baliogabetzea Nota de Vigencia.

Ustiapen baimenak Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 14. artikuluaren 5. idatz-zatian adierazitako kasuetan iraungiko dira.

V. KAPITULUA. BERMEAK

20. artikulua . Fidantza.

1. Joko areto bat ireki aurretik, ustiatzeko baimenen titularrak diren enpresek, joko areto bakoitzeko, 12.000 euroko fidantza jarri beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoaren alde Nota de Vigencia.

2. Fidantza jarri ahalko da eskudirutan, finantza entitate, kreditu kooperatiba edo elkarren bermerako sozietate baten abalararen nahiz kauzio-polizaren bidez.

Fidantza hori abalaren bidez jartzen bada, ezin izanen da Foru Berriari buruzko 525 Legean aipatzen den eskusio- eskubidea erabili.

3. Fidantza hori joko aretoko jardueraren ondorioz sor daitezkeen erantzukizun ekonomiko guztiei aurre egiteko eta, bereziki, egokitu daitezkeen diru zehapen, sari, zerga-tasa eta administrazio-tasa guztiak nahitaez ordaintzeko izanen da.

4. Fidantza mantendu beharko da bere gehieneko zenbateko osoan ustiapen baimenaren indarraldian eta ondoko berritzealdi guztietan. Fidantza jarri behar duen enpresak bi hilabete izanen du xahutu diren zenbatekoak birjartzeko.

5. Fidantza itzultzea eskatu eta burutu ahalko da hura jartzeko zeuden arrazoiak desagertzen direnean, gelditzen diren erantzukizunak kitatu ondoren.

VI. KAPITULUA. JOKO ARETOEN ARAUBIDEA

21. artikulua . Sarrera onartzea.

1. Joko aretoek nahitaez harrera edo onarpen zerbitzu bat beharko dute izan, informatizatua, hemezortzi urtetik beherakoei sartzea debekatuko diena, eta orobat mozkortuta, drogatuta edo erotuta dagoen edozein pertsonari ere.

Halaber, behar bezala jakinarazitako epaiketaren erabakiz sartzea debekatuko zaie ezgai, xahutzaile edo iruzur bidezko porrotaren errudun deklaratuak izan direnei, berriro gaitzen ez dituzten bitartean, bai eta armak, edo arma gisa erabili daitezkeen tresnak, aldean dituztela sartu nahi dutenei.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, harrera zerbitzuak identifikazioa eskatu ahalko die establezimendura iristen diren erabiltzaileei.

Era berean, sarreran jarriko da, bistan, hemezortzi urtetik beherakoei sarrera debekatzen dien errotuloa.

3. Joko aretoa ustiatzeko baimena duen titularrak lokalean sarrera ukatzeko eskubidea izanen du, aplikatzekoa den araudian aurreikusitako moduan.

22. artikulua . Erreklamazio orriak.

Joko aretoak ustiatzeko baimena duten enpresa titularrek jendearen eskura jarriko dituzte beharrezkoak diren erreklamazio orriak, martxoaren 2ko 69/1998 Foru Dekretuak ezarritako moduan.

23. artikulua . Adierazlea.

Joko aretoetan adierazle bakarra jarri ahal izanen da, fatxadan, establezimenduaren izena eta "joko aretoa" esaldia daramatzana eta lokalaren jarduera irudikatzen duen marrazkia ere izan dezake.

24. artikulua . Edari zerbitzua.

1. Erregelamendu honen 2. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, joko aretoek edari zerbitzu bat ere izan dezakete, zerbitzu hori jokalarientzat soilik dela agertzen bada, beti ere. Horrezaz gainera, sarrera nahitaez Foru Dekretu honen 21. artikuluan aipatzen den harrera edo onarpen zerbitzutik izanen da.

Barrak, edo edariak prestatzeko mostradoreak ez du hiru metro luze baino gehiago izanen eta ez da erabilera berezirako esparrua ere izanen lokalaren jarduera espezifikoari dagokionez.

2. Lokalean ez da inola ere kea ateratzeko tresna behar duen sukalderik edo aparatu nahiz instalaziorik izanen. Lokalak ez du sukalderik edo aparatu nahiz instalaziorik izanen, baldin eta kea ateratzeko tresna behar badute.

25. artikulua . Ordutegia Nota de Vigencia.

Joko aretoak ireki eta ixteko ordutegiei dagokienez, jendaurreko ikuskizunen eta josteta jardueren ordutegi orokorrari buruzko arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

26. artikulua . Informazioa.

Joko aretoak ustiatzeko baimena duten enpresa operatzaile titularrak beharturik daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretan eskudun den organoari hark eskatzen dien informazio guztia ematera, kontrol, koordinazio eta estadistika eginkizunak bete ditzan.

Informazio horretatik bazterturik geldituko dira joko aretoen erabiltzaileen datu pertsonalak.

VII. KAPITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA

27. artikulua . Arauhausteak eta zehapenak.

Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontrako arau- hausteak zehatuko dira jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legean edo ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean aurreikusten den bezala, gaia nolakoa den kontuan hartuz.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Makinak bingo aretoetan Nota de Vigencia.

1. B motako edo sari programatuko joko makinak areto bingoetan jartzen ahalko dira eta horien kopurua aretoak baimendurik duen gehieneko edukieraren araberakoa izanen da, hain zuzen, berrogeita hamar pertsonako makina bat. Sarrerako kontrola egin ondoren bingo aretoan erregistratzen diren jokalari edo bisitariek baizik ez dituzte erabiliko.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera instalatzen diren makinak ezin dira elkarrekin konektatu.

3. Horrelako makinak instalatuak dituzten bingo aretoetako eremuak jendearentzat irekitzeko eta ixteko orduak bingo jokoan aritzeko erabiltzen diren aretoak irekitzeko eta ixteko ordu berberak izanen dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena. Tramiterako eskaerak.

Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik hasitako espedienteak ebatziko dira lehendik indarra duten xedapenen arabera. Hala ere, Erregelamendu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie pertsonen aforoaren arloan joko aretoek izan beharreko kondizioei, lokal bakoitzean jar daitezkeen makinen gehieneko kopuruari eta segurtasun neurriei -telefonoa eskura jartzea eta autobabeserako plana barne-, eta fidantzaren zenbatekoari eta aretoen funtzionamenduaren araubideari dagokienez.

Bigarrena. Ustiatzeko baimenen indarraldia Nota de Vigencia.

1. Indarra duen araudiaren babesean eta Erregelamendu honek indarra hartu aitzin joko aretoak ustiatzeko emandako baimenek aitorturik duten indarraldia mantenduko dute eta iraupen bereko epeetarako berrituko dira, baimena lortzeko eskatutako baldintzak mantentzen badira, eta gainera beste hauek ere betetzen badira:

a) Instalatutako makinen kopurua ez da Erregelamendu honen 14. artikuluan ezarritakoa baino handiagoa izanen.

b) Fatxadako errotuloak Erregelamendu honen 23. artikuluan ezarritakoari egokituko zaizkio.

c) Josteta aretoen alboan dauden joko aretoek sarbideak eta errotulua bereziak izanen dituzte eta areto bien artean ez da erabiltzaileek erabiltzeko moduko pasabiderik izanen.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatu baimenen babesean joko aretoak ustiatzen direneko lokaletan ezin izanen da erreformarik egin, areto horiek Erregelamendu honetara erabat egokitzeko asmoz egiten direnak izan ezik. Manu hau betetzen ez bada Foru Komunitateko Administrazioan eskumena duen organoak ahalmena izanen du baimena atzera botatzeko prozedurari ekiteko.

3. Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen lokalen titularitatea eskualdatzearen ondorioz eskatzen diren baimenak emateko baldintza izanen da horiek Erregelamendu honetara erabat egokitzea.

4. Erregelamendu honek indarra hartzen duen momentuan ustiatzeko baimena duten joko aretoak urtebeteko epean gehienez ere Erregelamenduko 10.3 eta 21. artikuluetan xedatutakora egokitu beharko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Lehendakaritza eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Erregelamendu hau bete eta garatzearren behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honek xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9908616

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web