(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

268/1996 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 1EKOA, HARTZ ARREA (URSUS ARCTOS) UGALTZEKO PLANA ONESTEN DUENA.

BON N.º 93 - 02/08/1996



  AZKEN XEDAPENAK


  E R A S K I N A. Hartz Arrea Nafarroan ugaltzeko plana


  I. ERASKINA. Aziendari eragindako kalteak baloratzeko 1996.eko baremoa (pezetatan)


Atariko

Hartz arrea (Ursus Arctos L.) galzorian dagoen espeziea da, hala Nafarroan, azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretuak xedatutakoaren arabera, nola estatuaren lurralde osoan, Espezie Mehatxatuen Katalogo Nazionala onetsi zuen martxoaren 30eko 438/1990 Errege Dekretuan horrela agertzen baita.

Europari dagokionez, halaber, natur habitatak eta basa fauna eta flora babesteari buruzko maiatzaren 21eko EEE/92/43 Jarraibideak espezie hori Komunitatearentzat interesgarria dela deklaratu eta hura babesteko babesgune bereziak eratu beharra dagoela adierazten du.

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 16. artikuluak ezartzen du katalogoaren arabera galzorian dauden espezieentzat ugaltzeko planak egin beharra dagoela. Hortaz, beharrezkoa da hartz arrearentzat horrelako plan bat egitea.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 25ean emandako 64/1995 Foru Aginduaren bidez, hartz arrea ugaltzeko plana jendaurrean jarri zen hilabete batez. Horren ondotik, urriaren 31ko 227/1995 Foru Aginduaren bidez proiektua jendaurrean egoteko epe hori luzatu zen, 1995.eko abenduaren 31 arte, hain zuzen.

Aurtengo urtarrilean eta otsailean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Erronkariko Ibarreko Batzarrea osatzen duten zazpi udalerrietatik seik aurrera eraman zuten Planaren proiektuaren edukiari buruzko eztabaida eta negoziazio prozesu positibo bat. Horren fruitua Nafarroako Gobernuak gaur onetsi duen testua dugu.

1996.eko ekainaren 20an egindako bilkuran Nafarroako Ingurugiroko Kontseilu aholku-emaileak hartz arrea ugaltzeko planaren proiektuarekiko adostasun txostena eman zuen.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko uztailaren batean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

Hartz arrea (Ursus Arctos L.) Nafarroan ugaltzeko plana, Foru Dekretu honen eraskin gisa azaltzen dena, onestea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli Aranguren.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier del Castillo Bandrés.

E R A S K I N A. Hartz Arrea Nafarroan ugaltzeko plana

I.-Helburua

XVI. mendera arte, hartz arrea (Ursus Arctos L.) iberiar penintsulako basogune nagusi gehienetan bizi zen. XVIII. mendera arte, Pirinioetako eta Kantauriko mendikateko artzek etenik gabeko unitate biogeografiko bakarra osatzen zuten. Madozen esanetan, garai hartan hartz arrea Pirinio osoan usu agertzen zen espeziea da. XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran erdi eta ekialdeko Pirinioetako hegoaldeko isurialdeko populazioa desagertu zen.

Nafarroari dagokionez, garai batean hartz arreak mendialdeko toki askotan bizi zen, habitatak bide ematen zion tokietan, alegia. XX. mendeko lehen erdialdean, Iratiko basotik Frantzia eta Aragoiko mugara arteko eremu osoan, hartzak bizi ziren. Mende honetan, atzerapen demografikoak gora egin du gradualki Nafarroako pirinioalde osoan. Horren ondorioz, gaur egun, noizbehinka agertzen direlako zantzuak aurkitzen dira Ezka-Veral ibaiarteko goi-mendiko estai subalpetarretan eta horren inguruetan bakar-bakarrik.

Bestalde, hartz arrea "galzorian" dagoen espezie gisa katalogatuta dago, bai indarra duen Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan, bai Espezie Mehatxatuen Katalogo Nazionalean.

Basa fauna eta bere habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 16. artikuluan adierazitakoaren arabera, hartz arrea galzorian dagoen espezie gisa katalogatu denez, beharrezkoa da espezie hori ugaltzeko Plan bat egitea eta arlo horretako iharduketa lerro nagusiak adieraztea.

Halaber, natur habitatak eta basa fauna eta flora babesteari buruz Kontseiluak emandako maiatzaren 21eko EEE/92/43 Jarraibideak espezie hori Komunitatearentzat interesgarria dela deklaratu eta hura babesteko babesgune bereziak sortzea beharrezkoa dela adierazten du. Jarraibide hori Estatuaren antolamendu juridikoan txertatu da, abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren indarrez, horren bidez natur habitatak eta basa fauna eta flora babestuz biodibertsitatea bermatzen laguntzeko neurriak ezarri baitziren.

Plan honetan iharduketa multzo bat bildu da, Nafarroan hartz arrearen populazioak atzera egiteko eragina duten edo izan duten faktoreei aurrea hartzeko arau maila duen baliabide egoki bat osatzeko, horren bitartez hartz arrea eta bere natur habitatak kontserbatu ahal izateko.

Dena den, ez da aintzat hartu Nafarroako Pirinioan arre gehiago sartzea, gizonaren eragin zuzenaz (furtibismoa, pozoidura,...) erabat desagertzen ez diren bitartean, behinik behin.

II.-Aplikazio esparrua

Nafarroako hartz arrearen populazioa ikusita, ugaltzeko planaren iharduketa esparrua hiru zonatan banatu da:

I. ZONA

Larrako natur erreserba eta Aztaparretako erreserba integrala hartzen ditu eta haien babes eremuak, onetsi berri den Nafarroako Naturguneei buruzko Foru Legean ezarritako mugaketaren arabera.

II. ZONA

-Ipar eta Mendebaldeko mugak: Huescarekin muga egiten duen 30TXN 775.485 puntutik, 1.300 metroko kota segituta, Ezkaurre eta Berroetako sakana inguratuz Arrigorrietaraino, 30TXN 719.454 punturaino. Hemendik zuzen-zuzen segitzen du 1.300 metroko kota duen 30 TXN 716.448 punturaino. Hegoalderantz jarraitzen du zuzen, 900 metroko kota duen 30 TXN 715.438 punturaino. Kota horri segituta, hego-ekialdera jotzen du 30TXN 718.437 punturaino eta hemendik sakanaren barrenetik 1.300 metroko kota duen 30TXN 733.429 punturaino. Puntu horretatik gora jotzen du sakanaren barruko aldetik, 1.330 metroko kota duen 30TXN 733.416 punturaino. Hortik, zuzen 30TXN 737.417 punturaino eta, hortik, 1.500 metroko kotari segituz eta Calveira mendia hegoaldetik inguratuz, Nafarroa eta Huescaren arteko mugaraino. Puntu horretatik, probintziaren muga lerroa hartzen du iparralderantz, hasierako 30 TXN 775.485 punturaino.

III. ZONA

-Ekialde eta Hegoaldeko mugak: Arrakogoitiko atakako Frantziako mugatik, UTM 30 TXN 741.578 koordenatu puntua, hegoalderantz zuzen segituz 1.300 metroko kota duen 30 TXN 740.574 koordenatu punturaino. Kota horren lerrotik jarraitzen du hegoaldera hasieran eta iparralde eta mendebaldera ondoren, 30 TXN 708.576 koordenatu puntura.

-Mendebalde eta Iparraldeko mugak: 30 TXN 708.576 puntutik iparraldera zuzen, Frantziako muga egiten duen 30 TXN 708.591 koordenatu puntura (Peña de los Buitres edo Barazea). Gero muga lerrotik segitzen du 30 TXN 741.578 punturaino.

Hezkuntza eta sentsibilizazio iharduerak, ikerketakoak eta kooperazioa lantzekoak aurreikusitako helburua lortzeko egoki diren beste puntu batzuetara ere hedatuko dira.

Nafarroako Gobernuak behar diren ekinbideak aurrera eramanen ditu hartz arreari buruz Nafarroan egiten diren biltzar, mintegi eta bilera zientifiko eta teknikoak, batez ere, Erronkarin egin daitezen.

III.-Helburuak

Planaren iharduera bakoitzak dituen helburuak hauexek dira:

A) Habitata zaindu eta kudeatzeko iharduerak

1. helburua: programa eta iharduera eraginkorrak garatu eta aurrera eramatea, hartz arrearen habitata kontserbatu, berreskuratu eta hobetzeko asmoz.

- 1. neurria: Erronkariko Ibarreko Batzarre Nagusia, Garde, Izaba, Urzainki eta Uztarrozeko udalek eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, nork bere eskumenen esparruan eta administrazioen arteko lankidetza eta elkarren arteko errespetoa oinarri izanik, behar diren neurriak hartuko dituzte, Plan honek hartzen duen lurralde eremuan, natur habitatari eta hartz arrearen habitatari kalterik ez eragiteko eta espezie horrengan eraginik izan dezaketen alterazio nabarmenak ebitatzeko.

- 2. neurria: Foru Komunitateko Administrazioak lurren jabeekin hitzarmenak sinatzea, espezie horrentzako iharduketa positiboak eragiteko habitat bat sortzeko.

- 3. neurria: Planaren aplikazio esparruaren barruan, ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeko tramitea behar duten espedienteetan eta ingurugiroko afekzioen azterlanetan, sustatzaileak espreski adierazi beharko du proiektuak hartzengan eta horien habitatean izanen duen eragina nolakoa den.

- 4. neurria: Planaren aplikazio esparruan, basoen kudeaketa egokia garatzea, honako helburu hauek lortzeko:

4.1. Basoen aprobetxamendua basoak antolatzeko kasuan kasuko plan eta proiektuen arabera eginen da eta, horiek ezean, basoak kudeatzeko ohizko irizpideei jarraikiz, Nafarroako baso ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen markoaren barruan.

4.2. Hartzen dietarentzat ezinbestekoak diren fruituak ematen dituzten espezieak basoetan mantentzea sustatuko da eta, behar balitz, espezie horien kopurua ugaldu ahalko da.

4.3. Hartz arrea agertzen denean, 1. neurrian aipatu diren administrazioetatik edozeinek oihan aprobetxamenduak geldiaraztea erabaki ahalko du, behar-beharrezkoa diren toki eta epeetan bakarrik.

Geldiarazpen edo atzerapen horien ondorioz, partikularren ondarean benetan egiten diren kalteen ordainak neurtzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Partikular batek oihan aprobetxamendua egitea aurreikusita duenean eta hura atzeratzen denean, hortik datorren diruaren kobrantza ere atzeratzea ekartzen badu, Ingurugiro, Herrilan eta Garraio Departamentuak emanen dion kopurua, aurreikusitako aprobetxamendutik aterako duen zenbatekoa aldez aurretik ordaintzeko, jabeak ordaindu behar izan dituen finantza gastuen adinakoa izanen da.

b) Partikularrak hitzartua badu egun jakin batean egur lote bat saltzea eta egun hori atzeratu beharra baldin badago, hitzartutako diruaren kobrantza atzeratzearen ondorioz saltzaileari etor dakiokeen galera ekonomikoa Ingurugiro Departamentuak ordainduko du.

c) Partikularrak azken errematea egin duenarengandik lotearen salmentaren ondoriozko dirua eskuratua duenean eta aprobetxamendua egiteko moduan baldin badago, erremategileak jarritako erreklamazioen ondorioz partikularrengan eragin ditzakeen ondorio ekonomiko neguatiboen kargu eginen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.

- Kalteordainak ordaintzeko, aipatutako gorabehera guztiak agirien bidez egiaztatu beharko dira.

Kalteordainak onartu eta ordaintzeko prozedura hauxe izanen da:

- Eskabidea eta dagokion egiaztagiria aurkeztea, kalte ekonomikoa eragin eta ondoko hogeita hamar eguneko epearen barruan, gehienez ere.

- Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Natura Babesteko Zerbitzuak behar diren txostenak egitea.

- Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskabidea ebaztea, eskabidea aurkeztu denetik bi hilabeteko epearen barruan gehienez, non ez dagoen dokumentazio osagarria tramitatu beharra.

- Espedientearen ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari eta horren berri emanen zaio Erronkariko Ibarreko Batzarre Nagusiari eta kasuan kasuko udalari.

2. helburua: mendien erabilera tradizionala zein jolaserakoa eta hartzaren habitataren babesa bateragarri egitea.

- 5. neurria: Baso-pisten erabilera arautzea.

5.1. Hartz arrearen habitatak zeharkatzen dituzten baso-pistak seinaleztatzea eta Ibarreko biztanleei loturik ez dauden jardueretarako erabil ditzaten debekatzea edo haien erabilera mugatzea.

5.2. Kasuan kasuko udalerriarekin edo Erronkariko Ibarreko Batzarre Nagusiarekin batean, baso-pista eta kamioen erabilera arautzeko beste neurri batzuk hartzea.

5.3. Salbuespen gisa, erabilera jakina ez duten edo jadanik eginkizunik ez duten baso-pistak kenduko dira eta horretarako behar diren neurriak hartuko dira.

- 6. neurria: Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hartz arreak eragin ditzakeen kalte guztiak konpentsatzeko sistema arin eta eroso bat ezartzea.

Horri dagokionez, hartz arreak nekazaritzan eta abeltzaintzan zuzenean eragin ditzakeen kalteak ordaintzeko honako arau hauek hartuko dira kontuan:

a) Laguntza horien onuradun izanen dira kalteturiko ondasunen jabe edo onuradun diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta, abeltzainen kasuan, erreklamazioaren xede diren animaliek baldintza hauek betetzen badituzte:

- Azkeneko kanpaina ofizialean egindako saneamenduaren ziurtagiria izatea.

- Abelburuen udal zentsuan inskribatuta egotea, baliabide publikoak erabiltzen diren kasuetan.

- Ustiapenaren zenbakia izatea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak emana.

b) Kaltea eragindakoan, interesatuak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari edo honek baimendutako pertsonari jakinarazi beharko dio hogeita lau orduren buruan, kalteordainaren eskabidea Departamentu horretan idatziz aurkezteko beharra deusetan galarazi gabe.

c) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kaltea egiaztatzeko eta dagokion kalteordaina zehazteko espedientea izapidatuko du. Horrretarako, ahalik eta lasterrenik, Erronkariko Ibarreko Batzarre Nagusiak proposaturik izendatuko dituen langile koalifikatuek behar den ikuskapena eginen dute eta, halakorik bada, eragindako kaltea baloratuko. Hori eginda, interesatuari jakinaraziko diote, balorazio horrekin ados dagoentz adierazi dezan.

Ezadostasunik baldin badago, interesatuak hamabost eguneko epea izanen du, egoki juzkatzen dituen alegazioak eta ziurtagiriak aurkezteko.

Interesatuak perituak eraman ahalko ditu, lagun diezaioten, prozeduraren iharduketa guztietan. Perituen gastua interesatuen kontura izanen da.

d) Bidezko denean, kalteen tasazioa hartz arreak eragindako kalteak baloratzeko Plan honen I. Eraskinean ezartzen den baremo berariazkoaren arabera eginen da. Baremo hori urtero berrituko da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Aginduaren bidez, Plan horren V. zenbakiak aipatzen duen Jarraipen Batzordearen aurreko txostena ikusirik. Foru Agindu horren berri emanen zaie udalerri guztiei eta Erronkariko Ibarreko Batzarre Nagusiari.

Orohar, baremo hori aplikatzearen ondoriozko kalteordainari berrogeita hamar mila pezeta gehituko zaizkio artaldearen gobernamenduan eragindako kalteengatik (abelburuak sakabanatzea, abelburuen estresa, errekuperatzeko lanak eta abar).

Salbuespen gisa, langile koalifikatuek lehengo lerroaldean aipatu kontzeptuengatik kalteordain handiagoak adierazi edo egiaztatuko balituzte kalte horien benetako ordaina emanen litzaieke. Hartzak erasoa egin eta hurrengo bi asteetan izaten diren abortuengatik baremorik baxuenetan agertzen den % 60 ordainduko da (bildotsa, antxumea, txekorra edo moxala).

e) Prozedurei amaiera ematen dieten ebazpenen berri interesatuei, kasuan kasuko udalerriari eta Erronkariko Ibarreko Batzarrreari emanen zaie.

Neurri honetan aipatzen diren langile koalifikatuen gastuak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren kargura izanen dira.

- 7. neurria: naturgiroaren kontserbazioarekin bateragarria den garapen soziekonomikoa sustatzea. Horretarako, naturgiroa, orohar, eta hartz arrea, bereziki, kontserbatzea helburu duten nekazaritza edo abeltzaintza arloko ekinbide pribatuentzat finantza laguntzak emanen ditu, bai Foru Komunitateak, bai Europako Elkarteak.

7.1. Errronkariko borda eta abeltegiak zaharberritu edo berreraikitzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak abeltzainei ematen dizkien banan banako dirulaguntzak handitzea, proiektuaren gastu osoaren % 30 gehiago.

7.2. Erronkariko abeltzainek mastinak erosteko dirulaguntzak ematea, balioaren % 80.

7.3. Azienda eta horien instalazioak babesteko baldintzak hobetzeko neurriak aztertzea eta, behar bada, beste batzuk ezartzea, beti ere hartz arrearen segurtasunaren kontrakoak ez badira.

- 8. neurria: Baliabide zinegetikoen kudeaketa eta hartzen populazioa bateragarriak egitea.

8.1. Aprobetxamendu zinegetikoak barruti bakoitzeko Ehiza Antolatzeko Planen arabera eginen dira, Basa Fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko Foru Legearen markoaren esparruan.

8.2. Herrilan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, Jarraipen Batzordeak aldez aurreko txostena emanik, uxaldiak egiteko aldi bateko kontrol neurriak ezarri ahalko ditu. Hartza elikatzeko funtsezko fruituak agertzen diren eremuetan ehiza egitea abenduaren 1a arte debekatu ahalko da, hartzek eremu horiek erabiltzen dituztela antzematen bada.

8.3. Neguko hartz-gordelekuak aurkitzen badira, Jarraipen Batzordeak aldez aurretiko txostena emanik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak abenduaren 15etik aurrera egiten diren uxaldiak murriztu ahalko ditu.

- 9. neurria: jolas eta turismo iharduerak arautzea, hartz arrea ugaltzeko planaren aplikazio esparrruan.

9.1. Espeziearen bideragarritasunean ondorio negatiborik ez duten proiektu turistikoei instituzioen laguntza ematea eta nekazaritzaren inguruko herrietako turismoa sustatzea.

9.2. Espeziearentzat kaltegarriak diren proiektu turistikoen garapena kontrolatu eta, behar bada, mugatzea.

B) Espezieari segimendua egin eta kontrolatzeko iharduerak

3. helburua: hartzen populazioaren segimendua egiteko sistema bat garatzea, kopuruaren bilakaera eta eremu ezberdinak bisitatzeko frekuentzia aztertu ahal izateko.

- 10. neurria: populazioa transektu finko eta aldi batekoen bidez segitzeko programa bat ezartzea eta, horretarako, Planaren aplikazio eremuaren adierazgarri diren zenbait ibilbide diseinatzea eta, urtero, udaberrian eta udazkenean bide horiek aztertzea.

- 11. neurria: informatikako datu base bat egitea, espezieari buruzko informazioa biltzeko (igarobideak, kalteak, arrastoak, ikusitako hartzak, hildako hartzak).

- 12. neurria: neguratu baino lehen, hartzak jateko dituen natur baliabideak aldizka baloratzea.

- 13. neurria: gai honetan inplikaturik dauden nazioarteko, Europako komunitateko, estatuko eta autonomietako administrazioekin lankidetzan aritzeko behar diren bideak irekitzea.

C) Ikerketa iharduerak

4. helburua: hartz arrearen eta bere habitataren kontserbazioari aplikatutako ikerketak sustatzea.

- 14. neurria: egun egiten ari diren ikerketa genetikoak laguntzea. Era horretako ikerketak egiten dituzten laboratorioentzat laginak bildu eta haiei helaraztea. Pirinioetako hartz arrearen purutasun genetikoa bermatzeko behar diren neurriak hartzea.

- 15. neurria: hartz arrea ugaltzeko Plan honetan ezarritako iharduketa programak garatzeko beharrezko diren hartzen ekologiari buruzko oinarrizko alderdien ikerkuntzan sakontzea.

15.1. Hartza zein eremutan agertzen den edo ager daitekeen maizenik zehaztea: hartz-gordelekuak, agertzen diren eskualdeak, igarobideak, elikatzeko eremuak eta babeslekuak.

15.2. Populazioa mantentzeko behar diren beharrizan trofiko eta espazialak zehaztea.

D) Hezkuntza iharduerak eta dibulgatiboak

5. helburua: hartz arrearen eta Pirinioetako mendiko giroaren kontserbazioari loturiko hainbat alderdiri buruzko hezkuntza eta dibulgazio programa bat garatzea eta ukituriko komunitateei eta hiritar guztiei zuzenduriko sentsibilizazio ihardueren plan bat ezartzea.

- 16. neurria: hartz arrearen eta Pirinioetako naturgunearen kontserbazioaren lelopean, hezkuntza kanpainak sustatzea ikastetxeetan.

- 17. neurria: hiritar guztiei zuzenduriko kontzientziazio ekintzak sustatzea.

- 18. neurria: Plan honen edukiak eta aurreikuspenak eta ekar ditzakeen inplikazioak hiritarrei, enpresei eta Administrazioaren erakundeei jakitera ematea.

IV.-Iharduketa programa.

Herrilan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, ahal bada urtero, iharduketa programa bat eginen du, honako alderdi hauek bilduko dituena:

- Aurreko kanpainaren emaitzak eta neurri zuzentzaileen eraginaren ebaluazioa.

- Kanpaina berriaren helburu behinenak, Plan honen III. zenbakian aurreikusitako helburu orokorren esparruan.

- Proposatu diren helburuak lortu ahal izateko, kanpaina berrian egin beharreko landa-lan eta kabinete- lanen behin-behineko egutegia.

- Behar diren baliabideak aurreikustea, ibilgailuen parkekoak edo beste mota batekoak.

- Iharduketa Programa aurrera eramateko behar den aurrekontu-dotazioaren kalkulu zehatza eta behar diren kontusailak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurrekontuetan sartzea.

V.-Jarraipen Batzordea

Jarraipen Batzorde bat eratu da, alde batetik, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamenduaren eta Etxebizitza Departamentuaren lau ordezkarik eta, bestetik, Erronkariko Ibarreko udalerri bakoitzetik ordezkari batek osatua. Hona hemen Batzordearen eginkizunak:

a) Plan hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen arazoak ebaztea.

b) Urteroko iharduketa planari buruzko txostena egitea.

c) Plan honetan bilduriko aurreikuspenen jarraipena egitea.

d) Plan hau garatzeko behar diren ekinbide eta iharduketak proposatzea.

e) Hala behar balitz, Nafarroako Gobernuari igortzea Plan honetan egin gogo diren aldaketa gomendagarriak.

f) Plan honen aldaketa eta berrikuspenei buruzko txostenak egitea.

g) Plan honek aitortzen dizkion gainerakoak.

Batzordea sei hilabetetan behin bilduko da, gutxienez, eta beti ere alderdiren batek eskatzen duen guztietan. Erronkariko Ibarrean bilduko dira.

VI.-Indarraldia eta Berrikuspena.

Plan hau aplikatuko da indarra hartzen duenetik hartz arrea "galzorian" dauden espezieen katalogotik ateratzen den arte. Espeziearen edo haren habitataren kontserbazioaren egoeran funtsezko aldaketak gertatu eta ezagutzen diren heinean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Erronkariko Ibarreko Batzarre Nagusiak edo Ibarreko hiru udalerrik berrikusteko prozedura bati hasiera ematea eskatu ahalko dute. Hori bukatutakoan, helburu orokorrak eta horiek lortzeko aurreikusten diren iharduketa zehatzak berriz ere mugatuko dira. Nolanahi ere, lau urtetik behin Planaren berrikuspen orokorra eginen da.

I. ERASKINA. Aziendari eragindako kalteak baloratzeko 1996.eko baremoa (pezetatan)

I. ERASKINA

ARDI AZIENDA

Ahariak 42.000

Ardiak 21.600

Aurrerako arkazteak (3 hilabetetik urtebetera) 14.400

Bildotsak 9.600

AHUNTZ-AZIENDA

Akerrak 30.000

Ahuntzak 16.800

Aurrerako antxumeak (3 hilabetetik urtebetera) 10.800

Antxumeak 7.200

BEHI-AZIENDA

Zezenak 360.000

Behiak 300.000

Bigak 1-2 urte 240.000

Bigak 6 hilabetetik urtebetera 180.000

Zekorrak 6 hilabete artekoak 120.000

ZALDI-AZIENDA

Zaldiak 300.000

Behorrak 216.000

Moxalak 2-3 urte 180.000

Moxalak 1-2 urte 144.000

Moxalak 6 hilabetetik urtebetera 108.000

Moxalak 6 hilabete artekoak 84.000

ERLATEGIAK

Erlauntzak 30.000

Iragarkiaren kodea: A9606006

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web