(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

265/1998 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 7KOA, LURRALDEA ETA NATURGUNEAK BABESTEAREKIN ZERIKUSIA DUTEN NEKAZARITZA ETA INGURUGIROAREN ARLOKO LAGUNTZAK EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 125 - 19/10/1998; corr. err., BON 18/12/1998



  XEDAPEN GEHIGARRIAK


  AZKEN XEDAPENAK


  I. ERANSKINA


Atariko

Ingurugiroa babestu eta naturgunea zaintzeko egokiak diren nekazaritzako produkzio metodoei buruzko ekainaren 30eko 2078/1992 EEEko Erregelamenduak, Kontseiluak emandakoak, Nekazaritzako Orientabide eta Bermerako Europako Fondoaren (FEOGA) Berme Atalak elkarfinantzatutako laguntzei buruzko elkarterako araubidea ezarri zuen. Horren helburua da, besteak beste, honakoak bultzatzea: nekazaritzaren eragin kutsagarriak murrizten dituzten nekazaritza produkzioko praktikak; ingurugirorako onuragarri den landare produkzio eta ardi aziendaren produkzio estentsiboa; laborantzako lurrak epe luzean produkziotik kentzea; eta, orobat, lurren kudeaketa bultzatzea, jendeak ingurugiroarekin loturiko helburuetarako erabili dezan.

Honako laguntza hauekin lortu nahi diren helburuak honakoak dira: merkatu erakunde amankomunen barnean aurreikusten diren aldaketak egiten laguntzea, nekazaritza eta ingurugiro arloetako elkarteko politiken helburuak gauzatu daitezen laguntzea, eta azkenik, nekazari eta abeltzainek errenta egokia izan dezaten ahalegintzea.

Batzordearen 746/1996 (EE) Erregelamenduak arestian aipatutako ekainaren 30eko 2078/1992 (EEE) Erregelamenduaren aplikazio modalitateak biltzen ditu.

Europako Batzordeak, 1995eko urtarrilaren 19ko c (95) 18. zenbakiko Erabakiaren bitartez, onetsi egin zuen Espainiako Gobernuak jakinarazitako xedapena, Espainian ingurunea babesteko eta naturgunea zaintzeko egokiak diren nekazaritzako produkzio metodoentzako laguntzen araubidea aplikatzeari buruzkoa, ekainaren 30eko 2078/1992 (EEE) Erregelamenduarekin bat. Geroztik, Erabaki hura aldatu egin zuen Batzordeak berak 1997ko abenduaren 3an hartutako Erabakiaren bitartez.

Onetsitako neurrien artean "hautaturiko eskualdeetan aplikatzekoak diren berariazko neurriak" daude, besteak beste honako hauek: "Azalera unitate bakoitzeko ardi aziendaren abere-zama arintzea", "Flora eta faunaren babesa laborantza estentsiboko sistemetan", "Higaduraren kontrako borroka" eta "Lurren kudeaketa, jendeak bertan sarbidea eta aisialdia izateko aukera izan dezan". Neurri horiek guztiak Nafarroan aplikatzekoak dira, 1997ko abenduaren 3an Batzordeak hartutako Erabakiaren indarrez.

Bidezko da orain aipaturiko neurriak aplikatzea eta, horiek direla medio, Nafarroako Foru Komunitatera bideratzen diren laguntza publikoak antolatzea.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat eginez,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da Europako Kontseiluak ekainaren 30ean emandako 2078/92 (EEE) Erregelamenduaren ondoriozko laguntzak Nafarroan ezartzea. Laguntza horiek ingurugiroa babesteko eta naturgunea zaintzeko egokiak diren nekazaritzako produkzio metodoak sustatzeko dira. Horretarako neurri hauek hartuko dira:

- Azalera unitate bakoitzeko ardi aziendaren abere-zama arintzea.

- Flora eta faunaren babesa lehorreko lurretako laborantza estentsiboko sistemetan.

- Higaduraren kontrako borroka.

- Lurren kudeaketa, jendeak bertan sarbidea eta aisialdia izateko aukera izan dezan.

2. artikulua . Aplikazioaren lurralde eremua eta aplikatu beharreko neurriak.

1. Foru Dekretu honen aplikazioaren xede diren lurralde eremua eta jarduketak Nafarroako eskualde hauetara mugatuko dira, Foru Dekretu honen I. Eranskinean xedatutakoaren arabera:

- Errege Bardeak eta estepa-hegaztiak daudeneko Landibar eta Baigorri alderdiak, "Lehorreko lurretako laborantza estentsiboko sistemetan flora eta faunaren babesa", "Higaduraren kontrako borroka" eta "Azalera unitate bakoitzeko behi eta ardi aziendaren abere-zama arintzea" izenburuko neurriak aplikatzeari dagokionez.

- Pitillas, Santacara eta Vianako udalerriak, horietan kokatzen baitira Pitillasko Aintzirak eta el Salobre edo Las Cañas, Ramsar-eko Hitzarmenaren ondorioz Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneen Zerrendan sartuak, "Lehorreko lurretako laborantza estentsiboko sistemetan flora eta faunaren babesa", "Higaduraren kontrako borroka" eta "Lurren kudeaketa, jendeak bertan sarbidea eta aisialdia izateko aukera izan dezan" izenburuko neurriak aplikatzeari dagokionez.

- Nafarroako nekazaritza eskualdeen banaketako III, IV, V, VI eta VII. Nekazaritza Eskualdeak, "Lehorreko lurretako laborantza estentsiboko sistemetan flora eta faunaren babesa", izenburuko neurria aplikatzeari dagokionez, bereziki Hegaztiak Babesteko Eremu Berezietan (ZEPAS) eta Eskualde horietako Natur Erreserbetan.

2. Foru Dekretu honen ondorioetarako kontuan hartuko diren lehorreko lur bakarrak izanen dira lehendik 1992ko ekainaren 30eko Kontseiluaren 1765/92 (EEE) Erregelamenduak ezarritako laguntzak eskuratzeko deklaratuak izan zirenak. Erregelamendu hartan belar labore jakin batzuen ekoizleentzako laguntza araubidea finkatu zen.

3. artikulua . Onuradunak.

Foru Dekretu honetan arautzen diren laguntzen onuradun izan daitezke aurreko artikuluan aipatutako Nafarroako eremuetan kokaturiko nekazaritza ustiategien titularrak, baldin eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta badaude edo inskribatzeko eskaria egin badute, eta I. Eranskinean eta hura garatzen duten Foru Aginduetan zehaztu jarduketak egiteko hitza eman eta konpromisoak hartzen badituzte.

4. artikulua . Laguntzarako espedienteen tramitazioa eta ebazpena.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntzarako eskaerak aurkezteko epea ezarriko du Foru Aginduaren bidez, zeina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko baita.

2. Laguntzarako eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Deparmamentuak eskura jarriko dituen inprimakietan gauzatuko dira. Inprimaki horri atxikiko zaio aurreko zenbakian aipatu Foru Aginduan Departamentuak eskatzen duen domumentazioa.

3. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira, zuzenean bulego zentraletan, edo bestela eskualdeetako bulegoen bitartez, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo baimenduta dauden beste erregistro administratiboetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen arabera.

4. Aurkezten den dokumentazio hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aztertuko du eta akatsik aurkitzen badu interesatuei jakinaraziko die, jartzen den epean okerrak zuzendu edo dokumentuak eskatu zazkien datuekin osa ditzaten. Horrelakorik ez izatera, espedientea artxibatu eginen da.

5. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta horri buruz egindako txostenak, Foru Dekratu honetan aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpen administratiboa emanen du. Ebazpen horretan zehaztuko dira, baldin eta positiboa bada, emandako onuren zenbatekoa eta haietaz baliatzeko baldintzak.

6. Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzak emateko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere, hori lortzeko behar den dokumentazio osoa entregatzen denetik aitzina. Epe hori iragaten bada ebazpen administratibo bat ere eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da ustezko egintzagatik.

7. Egokitzen diren laguntzen ordainketa urtero eginen da, hartutako konpromisoak eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren. Horren kariaz, laguntza eskabideak aurkezten direneko lehenbiziko urtetik aurrerako ordainketak egiteko, onuradunek laguntza ordaintzeko urteko eskabidea aurkeztuko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, artikulu honen 1. zenbakian aipatzen den Foru Aginduak horretarako adierazten dituen epeetan eta moduan.

5. artikulua . Laguntzak hautatzeko irizpideak.

Eskatutako laguntzek, denak batera hartuta, gainditzen badituzte neurri baterako edo batzuetarako Europako Batzordearen 1997ko abenduaren 3ko Erabakian ezarritako lurraldeen edo aurrekontuen mugak, orduan lehentasuna emanen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak xede horretarako ezartzen dituen irizpide teknikoen araberako laguntzak emateari eta hautaketa egiteari, lurraldea eta naturguneak hobeki babestea bermatzearren.

6. artikulua . Neurriaren aplikazioaren jarraipena.

1. Ustiategiaren eskualdaketa. Konpromisoaren aldian onuradunak osorik edo zati batean eskualdatzen badu laguntzen araubide honen xede den ustiategia, hartzaileak konpromisoarekin segitzen ahal du gelditzen den denborarako, beti ere Foru Dekretu honek onuradunentzat seinalatzen dituen baldintzak betetzen baditu.

Konpromiso hori bere gain hartzen ez badu, lehenbiziko jabea behartua egonen da jaso zituen laguntzak itzultzera gehi korrituak, Espainiako zenbatekoak berreskuratzeko korritu tasaren arabera kalkulatuak, ordainketaren eta onuradunak itzultzearen artean iragandako denboraren arabera.

2. Lurralde egituraren aldaketa. Onuradunak ezin baditu sinatutako konpromisoak bere gain hartu, bere ustiategia lurzati kontzentrazio batean nahiz lurralde antolakuntzako antzeko eskuhartze publiko batean sartu dutelako, ahal bada konpromiso horiek ustiategiaren egoera berriari egokituko zaizkio. Egokitzapen hori ezinezkoa gertatuz gero, konpromisoa bukatutzat joko litzateke eta ez legoke konpromisoaldi eraginkorragatik inolako diru-itzultzerik eskatzerik.

3. Ezinbesteko kasuak. Sinatutako konpromisoekin aurrera egitea eragozten duten ezinbesteko kasuetan, konpromisoaldi eraginkorragatik ez da inolako diru- itzultzerik eskatuko. Ezinbesteko kasuak honako hauek izanen dira:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzarokoa.

c) Neurria aplikatu zaion ustiategiaren zati inportante baten desjabetzapena, baldin eta konpromisoa sinatu zeneko egunean desjabetzapen hori ezin aurreikusi bazitekeen.

d) Hondamendi natural larriek laguntzak jaso dituen nekazaritza azalera hondatu izanagatik, hartutako konpromisoak betetzea ezinezkoa gertatzen denean.

Ezinbesteko kasuak jakinarazi beharko zaizkio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari hamar eguneko epearen barnean, gehienez, gertakizuna izandako datatik kontatzen hasita.

7. artikulua . Neurrien kontrola.

1. Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradunak kontrol administratibo eta alorrekoen menpe egonen dira, eskatutako baldintzak eta hartutako konpromisoak betetzen direnez begiratzeko. Horretarako 3508/1992 (EEE) Erregelamenduak ezarritako kudeaketa eta kontrolerako sistema integratua erabiliko da. Kontrol horiek aplikatuko zaizkie Foru Dekretu honen laguntzak hartzen dituzten Azienda Larriko Unitateen % 10ari eta azaleraren % 5ari, gutxienez.

2. Kontrol administratiboak aplikatuko zaizkio laguntzen onuradunen % 100i, Elkartearen Nekazaritza Politikaren (PAC-ENP) beste laguntza batzuekin gurutzatutako kontrolekin batera.

3. Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak burutuko ditu alorkako kontrolak, FEOGA-Nafarroako Bermearen laguntzak ordaintzen dituen erakundearen zuzendaritzaren eta gainbegiraketaren pean, 1992ko abenduaren 23ko 3887/1992 (EEE) Erregelamenduaren 6 eta 7. artikuluekin bat etorriz.

4. Onuradunek hitz ematen dute hartutako konpromisoak eta ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar den informazio eta dokumentazio guztia emanen dutela, hala eskatzen zaien bakoitzean.

8. artikulua . Diruitzultzeak eta zehapenak.

Foru Dekretu honetan jasotako laguntzei aplikatzekoak diren diru-itzultze eta zehapenen araubidea 1996ko apirilaren 24ko Batzordearen 746/1996 (EEE) Erregelamenduan ezarritakoa da, eta, han aurreikusten ez denean, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa, zeinen bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra.

9. artikulua . Laguntzei uko egitea.

Lehenbiziko urtean, onuradunen bati ez bazaio interesatzen eman dioten dirulaguntza, idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari uko egiten diola, hogeita hamar eguneko epean, kontzesio ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak laguntza eta horren kontzesioaren baldintzak onartzen dituela.

Ondoko urteetan uko eginez gero, jasotako laguntza guztiak itzuli beharko dira, hasiera-hasieratik sortutako legezko korrituak ere barne.

10. artikulua . Informazioa artxibatzea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua izanen da beharrezkoa den informazioaren jatorrizko gordailuzaina, horren jarraipen, ebaluazio eta kontrol eginkizunetarako Europako Elkarteak ezarritako eskakizunak bete ahal izateko, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorriko dio elkarteko erakundeekiko betekizunak betetzeko eta Nekazaritzako Orientabide eta Bermearen Europako Fondoaren Berme Atalaren kargurako kofinantziazioa lortzeko behar den informazioa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Izaera orokorrez, Foru Dekretu honen ondoriozko laguntzen kudeaketan aplikatuko da urriaren 6ko 274/1997 Foru Dekretuan eta bera garatzen duten xedapenetan ezarritakoa, zeinen bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean FEOGA-Bermearen laguntzen Erakunde Ordaintzailea.

Bigarrena

Foru Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen kontzesioa aurrekontuen mugapenen menpe egonen da, beraz, eskaerak hartzea eten egin ahalko da aurrekontuan aski dirurik ez dagoen momentutik edo ia hitzartuta dagoenetik edo, soluzio horren ordez, proportzionalki murriztu ahalko dira ezarritako laguntzen zenbatekoak.

Hirugarrena

Dirulaguntzak nekazaritzako ustiategien titularrei emateko, nolanahi ere, aski kreditu egon beharko da aurrekontuan eta Administrazioak nahikoa diru beharko du izan, eskaeraren ebazpen administratiboa emateko garaian.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaie Foru Dekretu hau aurrera eraman eta aplikatzeko behar diren xedapenak dikta ditzaten.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

I. ERANSKINA

I.-ERREGE BARDEAK ETA ESTEPAKO HEGAZTIEN EREMUAK.

1.1. Lurralde eremua: Errege Bardeak, Landibarko eremua, Tafalla eta Miranda-Argako udalerrietan, eta Baigorrana eremua, Lerín eta Carcarren. Foru Dekretu honen ondorioetarako, Baigorrana eremuan sartzen dira Leringo katastroko 5, 6 eta 7. poligonoak eta Carcarko katastroko 6 eta 7.ak, eta Landibarko eremuan, berriz, Miranda-Argako 1 eta 2. poligonoak eta Tafallako 10, 11, 12, 14 eta 15.ak.

1.2. D1 neurria. Flora eta faunaren babesa lehorreko lurretako laborantza estentsiboko sistemetan.

A) Helburuak:

-Lehorreko lurretako zereal alorretan fauna zaintzearekin bateragarri diren produkzio metodoak erabiltzea edo abian jartzea, funtsezkoa delarik estepako hegaztien biologiaren aldeko habitata hobetzea.

-Eremu horietako estepako flora zaintzea eta nekazaritza estentsiboa sustatuz lurraren produkzio maila mantentzea.

B) Konpromiso orokorrak:

Onuradunak hitz ematen du ondoko ekintzak burutuko dituela 1.1 puntuan azaldutako eremuan kokatzen den ustiategi osoan:

1. Ongarriak modu orekatuan erabiltzea. Horretarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nekazaritzako Ohitura Egokien Kodean ezarritako gomendioak aplikatuko dira.

2. Toxikologian "AAA" sailkapeneko edo egungo sailkapen toxikologikoan baliokideak diren gai fitopatologikoak erabiltzea. Gai horiekin tratamenduak egiterakoan kontu handiz ibili behar da tokian tokiko ura ez kutsatzeko. Ez da herbizidarik erabili ahalko galondoetan, lugorrietan eta mugaldetan, egoera bereziak direla-eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horrela gomendatzen duenean salbu, esate baterako, zuzeneko ereinaldietan. Aipatu Departamentuak eginkizun teknikoak agindu ahalko dizkio Nekazaritzako Teknika eta Kudeaketako Institutuari.

3. Estepako hegaztien biziraupenerako arriskutsuak izan daitezkeen gai fitosanitarioak ez dauzkaten haziak bakarrik erabiltzea.

4. Galondo, mugalde eta areketan erreketarik ez egitea.

5. Berez ateratzen den landaretzan gradarik ez pasatzea, lugorriak eta laborantzatik erretiratutako lurrak barne, edo bestela, lugorririk nahiz erretiratutako lurrik ez den tokian, ereindako azaleraren % 1, gutxienez, landaretza horretarako gordetzea.

Errege Bardeetan ondotik heldu den egutegia errespetatu beharko da laborantza sasoirako, non ez duten besterik agintzen Errege Bardeetako Komunitateak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, urteko klimatologiaren arabera:

Martxoaren 1etik apirilaren 30a arte lugorriak landu ahalko dira.

Uztailean lugorriak prestatzeko lanak egiten jarraitu ahalko da.

Irailaren 18tik aitzinera ereitea prestatzeko lanak egin ahalko dira, harik eta ereinaldia bukatu arte.

Landibarren eta Baigorranan, laborantzako aldirako ondoko egutegia errespetatu beharko da, non ez duen besterik agintzen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, urteko klimatologiaren arabera:

Martxoaren 1etik apirilaren 30era lugorriak landu ahalko dira.

Uztailan barrena lugorriak prestatzeko lanekin segitu ahalko da.

Irailaren 18tik aitzinera ereitea prestatzeko lanak egin ahalko dira, harik eta ereinaldia bukatu arte.

6. Gauez ez da uzta biltzerik izanen.

7. Errege Bardeetan lastoa ez da bildu behar.

8. Errege Bardeetan, lehorreko lurretan urtean behingo laboreak izatea.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 4.000 pezeta hektareako.

Jarduketa azalera, gehienez ere, 20.100 hektareakoa izanen da, 1.1 puntuan adierazitako eremuan.

C) Konpromiso osagarria:

Neurri honen onuradunek aukera izanen dute laguntza osagarri bat erdiesteko, noiz eta hitza ematen duten, konpromiso orokorrez gainera, ondoko ekintzetako bat edo batzuk egiteko:

1. Errege Bardeetan, aletarako lekadunak laboratzea urtero, gutxienez % 3 eta gehienez 5 hektareako azaleran, 1.1 puntuan adierazitako eremuan sartutako ustiategiari dagokionez. Konpromiso horretan mila hektarea sartu ahalko dira, guztira, Errege Bardeetako lurralde osorako.

Landibar eta Baigorranan, aletarako lekadunak laboratzea urtero, gutxienez % 3 eta gehienez 5 hektareako azaleran, 1.1 puntuan adierazitako eremuan sartutako ustiategiari dagokionez. Zonalde horretan aletarako lekadunen laborantzan gehienez 220 hektarea erabili ahalko dira Baigorranan eta 230 hektarea Landibarren.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 5.000 pezeta lekadunez laboratutako hektarea bakoitzeko.

2. Hiru metroko zerrenda bat uztea herbizidekin tratatu gabe eta lurzatiaren inguruan uzta bildu gabe. Hiru metroko zerrenda hori lurzatiaren gainerakoa bezalaxe ereingo da, ez da herbizidarik emanen han ez eta ongarri ez-organikorik ere, eta zati horretan uzta bildu gabe utziko da lurra berriro lantzen hasi arte.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 5.000 pezeta, neurri horretan sartutako lurzatiaren hektarea bakoitzeko.

1.3. D4 neurria. Higaduraren kontrako borroka.

A) Helburua: Higaduraren kontrako borroka metodoak eta sistemak bultzatzea, batez ere laborantza minimoa eta sestra-kurbetako laborantza.

B) Konpromisoak:

Neurri honen onuradunek aukera izanen dute laguntza osagarri bat erdiesteko, noiz eta hitza ematen duten, Eranskin honen 1.2 puntuan ezarritako konpromiso orokorrez gainera, ondoko ekintzetako bat edo batzuk burutzeko:

1. 1.1 puntuan adierazitako eremuan sartutako ustiategi osoan jarduketa hauek burutzea:

a) Galondoak lantzea azaleko laborantzaren bidez, lurra irauli gabe eta sestra-kurbei jarraikiz, malda % 8tik beherakoa denean, beti ere.

b) Zuzeneko ereitea, aldez aurretik landu gabe eta sestra-kurbei jarraikiz, malda % 8koa edo handiagoa baldin bada.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 800 pezeta hektareako.

Ekintza honen onuradunek hektareako beste 500 pezeta gehiago eskuratu ahalko dituzte lurzatiaren hektarea bakoitzeko, noiz eta hitza ematen duten ekintzaren xede den azalera osoan gordeko dutela gutxienez hiru metroko tartea arroen ertzetan, ezponda edo erripetan, eta metro bateko tartea hiru metroko zabalera baino gutxiagoko bideetako areketan.

Jarduketaren azalera gehienez 11.000 hektareakoa izanen da 1.1 puntuan adierazitako eremuan.

2. Lurra landu gabe uztea gutxienez hogei urtez, % 8ko edo gehiagoko malda duten azaleretan.

Landu gabe uzteko diren lurrak, lehendabiziko urtean hogei zentimetroko sakonera iritsi gabe goldatuko dira, txisel edo lurra lantzeko makinarekin, sestra-kurben zentzuan, higadurari aurre egiteko eta bertako landare espezieak berez sor daitezen laguntzeko.

Errege Bardeak osoan, landu gabe utzi daitekeen azalera, gehienez ere mila hektareakoa izanen da. Landu gabe utzitako lurra erabiltzeko eskubidea Errege Bardeetako Komunitatearen esku geldituko da, zeinek, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, lagundu ahalko du alde horretako landaretza ugaldu dadin bertako espeziekin, teknikarik egokienak erabiliz.

Baigorranan eta Landibarren, landu gabe utzi daitekeen azalerak, gehienez ere, 220 eta 230 hektareakoak izanen dira. Landu gabe utzitako lurra erabiltzeko eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku geldituko da, zeinek lagundu ahalko du eremu horretako landaretza ugaldu dadin, espezie eta teknikarik egokienak erabiliz.

Konpromisoaren epea: lurra lantzeari uztea gutxienez hogei urterako izanen da.

Urteko saria: bost urtez, 12.000 pezeta laguntzaren xede den lur azaleraren hektarea bakoitzeko.

Laguntza hori bateraezina izanen da 1765/92 (EEE) Erregelamenduaren ondoriozko laguntzekin eta aurreko 1. ekintzarekin.

1.4. C neurria. Ardi azienda murriztea azalera unitate bakoitzeko.

A) Helburuak:

-Probetxamendu arrazional bat lortzea, abeltzaintza estentsiboaren bitartez eta bazka tokiek jasaten duten abere-zama murriztea. Gaur egun Errege Bardeetan hektarea bakoitzeko abere-zama Azienda Larrien 3,5 Unitatekoa baino txikiagoa da.

-Higadura arriskuak apalduko dituen landare estalki aski eta orekatuari eustea.

-Berezko landaretzak jasan beharreko eragina % 20 bederen gutxitzea, proposatutako neurrien bitartez.

B) Lurralde eremua: Errege Bardeak, Azienda Larrien 15.000 unitateen gainean gehieneko jarduketa izanik.

C) Onuradunak: sariak jasoko dituzte 1997ko azaroaren 30ren aurreko baino azken bost urteetan, behin gutxienez, beren azienda Errege Bardeetara eraman duten abeltzainek soilik, edo azienda horren titular berriek, titulartasun eskualdaketarik izan bada, horrelakoetan Errege Bardeetako Batzordeak luzatutako ziurtagiriaren bidez frogatu beharko delarik.

D) Konpromiso orokorrak:

Onuradunak hitz emanen du Errege Bardeetan bazkatzen duen aziendari buruz ekintza hauek guztiak gauzatuko dituela:

1. Ez du azienda larrera aterako uztailaren 1etik irailaren 17ra bitarteko 79 egunetan.

2. Aziendaren parasitoak hiltzeko ez du gai organokloraturik erabiliko.

3. Ez du azienda bazkatuko euria egiten duen egunetan (batez beste 11 egun larratzealdian), ez eta euria egin ondoko bi egunetan ere. Egun horietan aziendak tegietan egon beharko du. Euri eguna ulertuko da metro karratuko 5 litro baino gehiago botatzen duenean.

Urteko saria:

-Irailaren 18tik azaroaren 30a arteko denboraldian: 140 pezeta ardi bakoitzeko (Azienda Larriko 0,15 unitate).

-Abenduaren 1etik ekainaren 30a arteko denboraldian: 180 pezeta ardi bakoitzeko (Azienda Larriko 0,15 unitate).

Saria, gehienez ere, ez da Errege Bardeetan azken bost urteotan sartutako abelburuen batez besteko kopuruari dagokiona baino handiagoa izanen. Xehetasun hori frogatu beharko da Errege Bardeetako Batzordeak luzatutako ziurtagiriaren bidez.

Konpromisoaren epea: bost urte.

E) Konpromiso osagarriak:

Neurri honen onuradunek aukera izanen dute laguntza osagarri bat eskuratzeko, noiz eta hitza ematen duten, konpromiso orokorrez gainera, ondoko ekintzetako bat edo batzuk egiteko:

1. Larreen udako debekaldia errespetatzea, ekainaren 10etik ekainaren 30era bitarte.

Urteko saria: 500 pezeta ardi bakoitzeko.

Konpromisoaren epea: bost urte.

2. Larreen neguko debekaldia errespetatzea, abenduaren 1etitk otsailaren 15era bitarte.

Urteko saria: 600 pezeta ardi bakoitzeko.

Konpromisoaren epea: bost urte.

3. Borondatezko bi debekaldietan Errege Bardeetan beren azienda bazkatzen ez duten abeltzainek, hasierako artalde historikoa 770 buru baino gehiagokoa bada, laguntza osagarri bat erdietsi ahalko dute baldin eta 700 buru baino gutxiagoko artaldeak bazkatzeko hitza ematen badute. Horretarako, hasierako artalde historikotzat joko da azken bost urteotan Errege Bardeetan sartutako abelburuen batez besteko kopurua. Xehetasun hori frogatu beharko da Errege Bardeetako Batzordeak luzatutako ziurtagiriaren bidez.

Urteko saria:

a) Irailaren 18tik azaroaren 30era arteko denboraldian: 740 pezeta 700 burutik gorako ardi bakoitzeko. Ustiapen bakoitzeko 220.000 pezetako gehieneko saria finkatzen da.

b) Otsailaren 16tik ekainaren 9ra arteko denboraldian: 860 pezeta 700 burutik gorako ardi bakoitzeko. Ustiapen bakoitzeko 275.000 pezetako gehieneko saria finkatzen da.

Konpromisoaren epea: bost urte.

II.-Pitillas, Santacara eta Vianako Udalerriak (Nazioarteko garrantzia duten hezeguneak edo Ramsar eremuak).

2.1. Lurralde eremua: Pitillas, Santacara eta Vianako udalerriak, zeinetan kokatzen baitira Pitillasko Aintzira eta Salobre edo Las Cañasko Urtegia. Horiek, 1996ko azaroaren 18ko datarekin, uretako hegaztien habitatei buruzko Ramsar-ko Hitzarmenaren arabera, Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneen Zerrendan sartu ziren.

2.2. D1 neurria. Flora eta faunaren babesa lehorreko lurretako laborantza estentsiboko sistemetan.

A) Helburuak:

-Lehorreko lurretako zereal alorretan faunaren zaintzarekin bateragarri diren produkzio metodoak erabiltzea edo abian jartzea, funtsezkoa delarik estepako hegaztien biologiaren aldeko habitata hobetzea.

-Eremu horietako estepako flora zaintzea eta nekazaritza estentsiboa sustatuz lurraren produkzio maila mantentzea.

B) Konpromiso orokorrak:

Onuradunak hitz ematen du ondoko ekintzak burutuko dituela 2.1 puntuan azaldutako eremuan kokatzen den ustiategi osoan:

1. Ongarriak modu orekatuan erabiltzea. Horretarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nekazaritzako Ohitura Egokien Kodean ezarritako gomendioak aplikatuko dira.

2. Toxikologian "AAA" sailkapeneko edo egungo sailkapen toxikologikoan baliokideak diren gai fitopatologikoak erabiltzea. Gai horiekin tratamenduak egiterakoan kontu handiz ibili behar da tokian tokiko ura ez kutsatzeko. Ez da herbizidarik erabili ahalko galondoetan, lugorrietan eta mugaldetan, egoera bereziak direla-eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horrela gomendatzen duenean salbu, esate baterako, zuzeneko ereinaldietan. Aipatu Departamentuak eginkizun teknikoak agindu ahalko dizkio Nekazaritzako Teknika eta Kudeaketako Institutuari.

3. Estepako hegaztien biziraupenerako arriskutsuak izan daitezkeen gai fitosanitarioak ez dauzkaten haziak bakarrik erabiltzea (hazi blindatuak).

4. Galondo, mugalde eta areketan erreketarik ez egitea.

5. Berez ateratzen den landaretzan gradarik ez pasatzea, lugorriak eta laborantzatik erretiratutako lurrak barne, edo bestela, lugorririk nahiz erretiratutako lurrik ez den tokian, ereindako azaleraren % 1, gutxienez, landaretza horretarako gordetzea.

Ondotik heldu den egutegia errespetatu beharko da laborantza sasoirako, non ez duen besterik agintzen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, urteko klimatologiaren arabera:

Martxoaren 1etik apirilaren 30a arte lugorriak landu ahalko dira.

Uztailean lugorriak prestatzeko lanak egiten jarraitu ahalko da.

Irailaren 18tik aitzinera ereitea prestatzeko lanak egin ahalko dira, harik eta ereinaldia bukatu arte.

6. Gauez ez da uzta biltzerik izanen.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 4.000 pezeta hektareako.

Jarduketa azalera, gehienez ere, 350 hektareakoa izanen da, 2.1 puntuan adierazitako eremuan.

C) Konpromiso osagarriak:

Neurri honen onuradunek aukera izanen dute laguntza osagarri bat erdiesteko, noiz eta hitza ematen duten, konpromiso orokorrez gainera, ondoko ekintzetako bat edo batzuk egiteko:

1. Lugorri izanen den galondoa hobetzea eta zaintzea, horrek esan nahi du lastoa osorik bertan uztea, kontuan hartzen delako bere baitan basa fauna hartzeko duen ahalmena, hurrengo urteko martxoaren 1a arte eta, egun horretatik aurrera, lastoa lurrarekin nahastea. Ekintza horren jarduketa azalera gehienez 350 hektareakoa izanen da 2.1 puntuan adierazitako eremuan.

2. Jarduketa eremuan, azalera bat lugorri uztea bost urteko epean, lurzati finkotan. Azalera hori, gutxienez hektarea batekoa izanen da. Ekintza honen xede den azalera osoa, borondatez nahi behartuta laborantzatik utzitako lurrekin batera, 1765/92 (EEE) Erregelamenduari jarraikiz, ez da ustiategi osoko lur landua baino handiagoa izanen. Ekintza honen jarduketaren gehieneko azalera 350 hektareakoa izanen da 2.1 puntuan adierazitako eremuan.

3. Aletarako lekadunak laboratzea urtero, gutxienez % 3 eta gehienez 5 hektareako azaleran, 2.1 puntuan adierazitako eremuan sartutako ustiategiari dagokionez. Eremu horretan aletarako lekadunen laborantzan gehienez 35 hektarea erabili ahalko dira, 2.1 puntuan adierazitako eremuan.

4. Gutxienez 0,1 eta gehienez 0,5 hektareako azaleretan eremu horretako ekologiaren aldetik interesgarri diren belarki edo zuhaiska espezieak erein edo landatzea, biodibertsitatea kontserba dadin. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak finkatuko du zein zuhaiska espezie erabili bai eta landaketaren dentsitatea ere. Landaketan ohiko tratamendu metodoak erabiliko dira, hura aurrera atera dadin. Ekintza honen gehieneko jarduketa azalera 35 hektareakoa izanen da, 2.1 puntuan adierazitako eremuan.

Hektarea bakoitzeko sariak:

1. Galondoa hobetu eta zaintzea: 6.000 pezeta. Konpromisoaren epea: bost urte.

2. Lugorria handitzea: gutxienez 22.000 pezeta, 1765/92 (EEE) Erregelamenduaren ondoriozko laguntzak barne direla. Konpromisoaren epea: bost urte.

3. Lekadunen laborantza: 5.000 pezeta lekadunez ereindako hektarea bakoitzeko. Konpromisoaren epea: bost urte.

4. Laborantza bereziak: 40.500 pezeta urteko, bost urtez. Konpromisoaren epea: hogei urte.

3 eta 4. ekintzak bateraezinak dira elkarren artean, lurzati berean.

2.3. D4 neurria. Higaduraren kontrako borroka.

A) Helburuak:

Higaduraren kontrako borroka metodoak eta sistemak bultzatzea, batez ere laborantza minimoa, sestra- kurbetako laborantza eta nekazaritzako lurzorua mantentzeko bide ematen duten hesi, terraza eta zapaldak zaintzea.

Ekintza horien osagarri modu orekatuan erabili beharko dira ongarriak eta gai fitosanitarioak, uzta murrizteak horiek erregulatzea baitakar.

B) Konpromisoak:

Onuradunak ondoko ekintzetako bat edo batzuk burutzeko hitza ematen du:

1. 2.1 puntuan adierazitako eremuan sartutako ustiategi osoan jarduketa hauek burutzea:

a) Galondoak lantzea azaleko laborantzaren bidez, lurra irauli gabe eta sestra-kurbei jarraikiz, malda % 8tik beherakoa denean, beti ere.

b) Zuzeneko ereitea, aldez aurretik landu gabe eta sestra-kurbei jarraikiz, malda % 8koa edo handiagoa baldin bada.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 800 pezeta hektareako.

Jarduketaren azalera gehienez 350 hektareakoa izanen da 2.1 puntuan adierazitako eremuan.

2. Lurra landu gabe uztea gutxienez hogei urtez, % 8ko edo gehiagoko malda duten azaleretan.

Landu gabe utzi daitekeen azalera, gehienez ere, 40 hektareakoa izanen da, 2.1 puntuan adierazitako eremuan. Landu gabe utzitako lurra erabiltzeko eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku geldituko da, zeinek lagundu ahalko baitu eremu horretako landaretza ugaldu dadin, espezie eta teknikarik egokienak erabiliz.

Konpromisoaren epea: lurra lantzeari uztea gutxienez hogei urterako izanen da.

Urteko saria: bost urtez, 12.000 pezeta laguntzaren xede den lur azaleraren hektarea bakoitzeko.

Laguntza hori bateraezina izanen da 1765/92 (EEE) Erregelamenduaren ondoriozko laguntzekin eta aurreko 1. ekintzarekin.

2.4. G neurria. Lurren kudeaketa, jendeak bertan sarbidea eta aisialdia izateko aukera izan dezan.

A) Helburuak:

Naturgunean erabilera publikoari eta aisialdiari laguntza ematea.

B) Konpromisoak:

Laguntza hauek eskura ditzakete ustiategien titularrek baldin eta, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eskariz, ondoko gaiekin lotutako jarduketak burutuko dituztela hitz ematen badute:

1. Hesi, basotxo eta mugak zaindu eta sustatzea, bai eta ekologiaren eta paisajearen aldetik nolabaiteko aniztasuna segurtatzen duten elementuak ere.

2. Ustiategiko bideak zaindu eta mantentzea, eta orobat, bisitaldiei harrera egiteko elementuak.

3. Ustiategian paisajearen eta naturaren aldetik dauden baloreenganako sentsibilizazio publikoa handitzeko jarduerak sustatzea.

Urteko gehieneko saria: 5.000 pezeta hektareako, ustiategi bakoitzerako gehienez 500.000 pezetakoa izanen delarik. Neurri honek zein azaleratan izanen duen eragina Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabakiko du.

Konpromisoaren epea: bost urte.

III.-Flora eta Faunaren babesa Nafarroako erdi eta hegoaldeko lehorreko lurreko laborantza estentsiboko sistemetan.

3.1. Lurralde eremua: Nafarroako nekazaritza eskualdeen banaketaren III, IV, V, VI eta VII. nekazaritza eskualdeak, horien barnean hartzen direlarik Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziak (ZEPAS) eta eskualde horietan diren Natur Erreserbak.

3.2. D1 neurria. Flora eta faunaren babesa lehorreko lurreko laborantza estentsiboko sistemetan.

A) Helburuak:

-Lehorreko lurreko zereal alorretan fauna zaintzearekin bateragarri diren produkzio metodoak erabiltzea edo abian jartzea, funtsezkoa delarik estepako hegaztien biologiaren aldeko habitata hobetzea.

-Eremu horietako estepako flora zaintzea eta nekazaritza estentsiboa sustatuz lurraren produkzio maila mantentzea.

B) Konpromiso orokorrak:

Onuradunak hitz ematen du ondoko ekintzak burutuko dituela 3.1 puntuan azaldutako eremuan kokatzen den ustiategi osoan:

1. Ongarriak modu orekatuan erabiltzea. Horretarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nekazaritzako Ohitura Egokien Kodean ezarritako gomendioak aplikatuko dira.

2. Toxikologian "AAA" sailkapeneko edo egungo sailkapen toxikologikoan baliokideak diren gai fitopatologikoak erabiltzea. Gai horiekin tratamenduak egiterakoan kontu handiz ibili behar da tokian tokiko ura ez kutsatzeko. Ez da herbizidarik erabili ahalko galondoetan, lugorrietan eta mugaldetan, egoera bereziak direla-eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horrela gomendatzen duenean salbu, esate baterako, zuzeneko ereinaldietan. Aipatu Departamentuak eginkizun teknikoak agindu ahalko dizkio Nekazaritzako Teknika eta Kudeaketako Institutuari.

3. Estepako hegaztien biziraupenerako arriskutsuak izan daitezkeen gai fitosanitarioak ez dauzkaten haziak bakarrik erabiltzea.

4. Galondo, mugalde eta areketan erreketarik ez egitea.

5. Berez ateratzen den landaretzan gradarik ez pasatzea, lugorriak eta laborantzatik erretiratutako lurrak barne, edo bestela, lugorririk nahiz erretiratutako lurrik ez den tokian, ereindako azaleraren % 1, gutxienez, landaretza horretarako gordetzea.

Ondotik heldu den egutegia errespetatu beharko da laborantza sasoirako, non ez duen besterik agintzen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, urteko klimatologiaren arabera:

Martxoaren 1etik apirilaren 30a arte lugorriak landu ahalko dira.

Uztailean lugorriak prestatzeko lanak egiten jarraitu ahalko da.

Irailaren 18tik aitzinera ereitea prestatzeko lanak egin ahalko dira, harik eta ereinaldia bukatu arte.

6. Gauez ez da uzta biltzerik izanen.

Konpromisoaren epea: bost urte.

Urteko saria: 4.000 pezeta hektareako.

Jarduketa azalera, gehienez ere, 12.000 hektareakoa izanen da, Hegaztiak Babesteko Eremu Berezietan eta Natur Erreserbetan, eta 8.680 hektareakoa 3.1 puntuan adierazitako eremuaren gainerakoan.

C) Konpromiso osagarriak:

Neurri honen onuradunek aukera izanen dute laguntza osagarri bat erdiesteko, noiz eta hitza ematen duten, konpromiso orokorrez gainera, ondoko ekintzetako bat edo batzuk egiteko:

1. Lugorri izanen den galondoa hobetzea eta zaintzea, horrek esan nahi du lastoa osorik bertan uztea, kontuan hartzen delako bere baitan basa fauna hartzeko duen ahalmena, hurrengo urteko martxoaren 1a arte eta, egun horretatik aurrera, lastoa lurrarekin nahastea. Ekintza horren jarduketa azalera gehienez 1.200 hektareakoa izanen da Hegaztiak Babesteko Eremu Berezietan eta Natur Erreserbetan, eta 868 hektareakoa 3.1 puntuan adierazitako eremuaren gainerakoan.

2. Jarduketa eremuan, azalera bat lugorri uztea bost urteko epean, lurzati finkotan. Azalera hori, gutxienez hektarea batekoa izanen da. Ekintza honen xede den azalera osoa, borondatez nahi behartuta laborantzatik utzitako lurrekin batera, ez da ustiategi osoko lur landua baino handiagoa izanen, 1762/92 (EEE) Erregelamenduaren arabera. Ekintza horren jarduketa azalera gehienez 1.200 hektareakoa izanen da Hegaztiak Babesteko Eremu Berezietan eta Natur Erreserbetan, eta 868 hektareakoa 3.1 puntuan adierazitako eremuaren gainerakoan.

3. Aletarako lekadunak laboratzea urtero, gutxienez % 3 eta gehienez 5 hektareako azaleran, 3.1 puntuan adierazitako eremuan sartutako ustiategiari dagokionez. Eremu horretan aletarako lekadunen laborantzan gehienez 1.200 hektarea erabili ahalko dira Hegaztiak Babesteko Eremu Berezietan eta Natur Erreserbetan, eta 868 hektarea 3.1 puntuan adierazitako eremuaren gainerakoan.

4. Gutxienez 0,1 eta gehienez 0,5 hektareako azaleretan eremu horretako ekologiaren aldetik interesgarri diren belarki edo zuhaiska espezieak erein edo landatzea, biodibertsitatea kontserba dadin. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak finkatuko du zein zuhaiska espezie erabili bai eta landaketaren dentsitatea ere. Landaketan ohiko tratamendu metodoak erabiliko dira, hura aurrera atera dadin. Ekintza horren jarduketa azalera gehienez 50 hektareakoa izanen da Hegaztiak Babesteko Eremu Berezietan eta Natur Erreserbetan, eta 100 hektareakoa 3.1 puntuan adierazitako eremuaren gainerakoan.

Hektarea bakoitzeko sariak:

1. Galondoa hobetu eta zaintzea: 6.000 pezeta. Konpromisoaren epea: bost urte.

2. Lugorria handitzea: gutxienez 22.000 pezeta, 1765/92 (EEE) Erregelamenduaren ondoriozko laguntzak barne direla. Konpromisoaren epea: bost urte.

3. Lekadunen laborantza: 5.000 pezeta lekadunez ereindako hektarea bakoitzeko. Konpromisoaren epea: bost urte.

4. Laborantza bereziak: 40.500 pezeta urteko, bost urtez. Konpromisoaren epea: hogei urte.

3 eta 4. ekintzak bateraezinak dira elkarren artean, lurzati berean.

Iragarkiaren kodea: A9808328

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web