(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

260/1999 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 2KOA, HEZKUNTZA ETA KULTURA DEPARTAMENTUAK PROFESIONAL ESPEZIALISTAK KONTRATATU ETA IZENDATZEKO ARAUBIDEA ERREGULATZEN DUENA.

BON N.º 104 - 20/08/1999



  XEDAPEN GEHIGARRIAK


  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoaren 33.2 artikuluaren bidez prest jarri nahi da tresna bat, zeinen bidez lanbide heziketaren irakaskuntzak aurrera egin ahalko duen teknologia modernoen, produkzio prozesu eguneratuenen eta heziketa arloko ikusmolde berrien bidetik. Ildo horretatik lanbide heziketaren esparruan profesional espezialistaren figura juridikoaren aurreikuspen eta zirriborroa tajutu da. Era berean, Lege Organiko horren 30.1 artikuluak aurreikusten ditu etengabeko heziketa eta lanean txertatzea eta birtxertatzea xede duten ekintzak, lan bidezko heziketaren bitartez, zeina erregulatu beharko baita araudi berezi baten bidez, baina lanbide heziketa arloko bi eskaintzen koordinazioa bermatzen direla, beti ere.

Arte-irakaskuntzaren arloan, 1/1990 Lege Organikoaren 47. artikuluan eta harekin bat datozenetan heziketa bereziko zikloka egituratzen dira, eta horretan ere arestian aipatu figura horrek badu bere tokia. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak, azken xedapenetako bigarrenean, xedatzen duenez "Hezkuntza Administrazioek irakasle espezialistak kontratatu ahalko dituzte arte-irakaskuntzetarako".

Oinarri horien gainean, 1999ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1998 Foru Legearen 17. artikuluan Nafarroako Gobernuari manatzen zaionez, "Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan aurreikusitako profesional espezialistaren figura arautuko du. Langile horiek aldi baterako kontratatuko dira eta zuzenbide administratiboaren araubidean. Profesional espezialisten berezko eginkizunetarako, langile publikoak ere izendatu ahal izanen dira, Nafarroako Gobernuak arauz zehaztuko dituen kasu eta baldintzetan, eta ukitutako funtzionarioei behar den bateragarritasun-baimena eman ahal izanen zaie".

Foru Dekretu honek manu horiek garatzen ditu, profesional espezialistaren figuraren ingurumariak marraztuz.

Era horretara, esparru juridiko bat tajutzen da, gai dena produkzio eta prestaketa arloen artean ezagutza baliagarriak alde batetik bestera iraganarazteko Lanbide Heziketa eta arte-irakaskuntzen eremuetan. Lanbide Heziketa bereziak (Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 33.2 artikulua) bai eta arte-irakaskuntzek (47. artikulua eta hamabosgarren xedapen gehigarriko 6 eta 7 zenbakiak) eta arautu gabeko Lanbide Heziketak azken helburutzat daukate langile kualifikatuen prestakuntza, lan munduan sartu ahal izateko. Eta hori helburu nagusia da Foru Dekretu honentzat ere.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak eta Hezkuntza eta Kulturakoak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren biko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da Hezkuntza eta Kultura Departamentuak profesional espezialistak kontratatu eta izendatzeko araubidea erregulatzea, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatutakoaren arabera, zeinek bere produkzio sektoreaz dituen esperientziak eta ezagupenak komunika ditzan Lanbide Heziketa, arte plastiko, diseinu, musika eta arte eszenikoen arloetan.

2. artikulua . Eremua.

Profesional espezialistek zein arlo, gai edo modulotan laguntzen ahal duten Hezkuntza eta Kultura Departamentuak erabakiko du, ondoko irizpideok kontuan hartuta:

1. Delako arlo, gai edo moduluaren izaera berritzailea.

2. Zernolako espezializazio maila eskatzen den arlo, gai edo modulu bakoitzean, profesional espezialista izendatzea justifikatzeko modukoa.

3. artikulua . Baldintzak.

Profesional espezialistek betebehar hauek bete beharko dituzte izendatzen edo kontratatzen dituztenerako:

1. Kontratatua edo izendatua izan aurreko bost urteen barruan hiru urtez bederen ordaindutako lan profesional batean aritu izana jarraian eta irakaskuntza eremutik aparte. Salbuespen gisa eta era arrazoituan, gutxieneko epe hori bete ez baina ospe handiko gaitasuna duten langileak.

Egoki deritzonean, Hezkuntza Administrazioak gaitasun profesionala agiri bidez egiaztatzeko eskaria egin ahalko du, adibidez, informazioen, azterlanen, argitalpenen edo Administrazio Publikoetako txosten teknikoen kopiak.

2. Ekainaren 4ko 850/1993 Errege Dekretuak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari (LOGSE) buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasle funtzionarioen kidegoetan sartu eta espezialitateak hartzeko arauak eman zituenak, bere 16. artikuluan eskatzen dituen baldintza orokorrak betetzea, edo geroan baldintza horiek erregulatuko dituzten arauak. Ez dira aplikatuko ekainaren 4ko 850/1993 Errege Dekretuaren 17. artikuluan aurreikusitako baldintza bereziak.

3. Interes publikoa dela eta, sektore publikoan posturen bat betetzen dutenek laguntza eman dezakete beren jarduera profesionalaren arloarekin loturiko irakaskuntzetan.

Bateragarritasunaren baimena lortzeko hura emateko eskumena duen organoari eskatu beharko zaio. Baimen hori gorabehera sektore publikoan duen lanpostuko lanaldia eta ordutegia ez da ezertan aldatuko eta lanpostuari dagozkion eginkizunak hertsiki bete beharko ditu.

4. Ikasturte bakoitzean 150 irakastordu baino gehiago ez dira ematen ahal.

4. artikulua . Hautaketa.

1. Hautatze prozesuetan gorde beharko dira publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioak, eta prozesu horiek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezarritako prozedurari jarraikiz garatuko dira.

Prozedura horretan sartuko dira prentsa iragarkien argitalpena, kontratazio bakoitzaren aurrekoak edo baita denboraldi baterako kontratazioen aurreikuspenari buruzkoak ere. Iragarkian argi azalduko da zein ikastetxetan lan egin beharko duen langile kontratatuak eta zein irakaskuntza arlotan kokatuko den haren esperientziak eta ezagupenak komunikatzeko jarduera.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak iragarkia prentsan argitaratu ordez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman ahalko du.

Iragarkia argitaratu beharra salbuetsi ahalko du Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, bidezko diren arrazoiak azalduz, kasuan kasuko Zerbitzu eskudunak kontratatu edo izendaturiko profesionalaren ospeak horrela justifikatzen duenean.

2. Eskaerak aurkezteko epeak gutxienez hamar egun naturalekoak izanen dira, eta bostera ere jaitsi daitezke espedientean behar bezala frogatutako presa dagoenean.

3. Hautaketa Hezkuntza zuzendari nagusiak edo haren ordezkoak izendatutako Batzorde batek eginen du.

5. artikulua . Kontratuak eta izendapenak.

1. Langileen kontratazioa Zuzenbide Administratiboaren araubidean eginen da, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen hark, 88. artikuluko c) idatz- zatian xedatutakoaren arabera eta Foru Dekretu honetan aurreikusiriko arau bereziekin bat etorriz.

2. Funtzionario publikoen izendapena eta ondoriozko prestazioa egiteko, Foru Dekretu honek xedatutakoari eta arlo honetan Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen arauei jarraituko zaie.

3. Kontratuetan eta izendapenetan prestazioaren helburua zehaztu beharko da, bai eta iraupen osoa eta aplikatu beharreko erregimen ekonomikoa ere.

4. Kontratuek eta izendapenek ez dute ikasturte bat baino gehiago iraungo.

5. Kontratuak eta izendapenak idatzi bidez gauzatuko dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak horretarako onesten dituen ereduei jarraikiz.

6. artikulua . Lansariak.

1. Lansari modulua 4.900 pezetakoa izanen da ematen den irakastordu bakoitzeko. Zenbateko horretan sartzen dira lansari kontzeptu guztiei dagozkien parte proportzionalak, atsedenerako denborak, tutoretzak, Foru Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera ikastetxeko organoetan izaten den dedikazioa, jarduera osagarrien ordutegia, irakaskuntza jarduerak eta eskolaz kanpokoak prestatzeko ez-presentziazko ordutegia, eta garatzen den irakaslanarekin zerikusia duen beste edozein kontzeptu.

2. Ospe handiko profesionalak direlako justifikatua dagoenean, oinarri-modulu horiek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak igo ahalko ditu kasuan kasuan dagokion portzentajea aplikatuz, Funtzio Publikoak eta Ekonomi Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren, beti ere.

3. Era berean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak kalte ordainak ezarri ahalko ditu, joan-etorrien gastuak ordaintzeko, halakorik denean.

7. artikulua . Ikastetxeko organoen parte hartzea, Lanbide Heziketa arautuaren kasuan.

Lanbide Heziketa arautuaren eremuko irakaskuntzetan, profesional espezialistak honela hartuko du parte:

1. Zuzendariak, Pedagogi Batzordeak proposatuta, profesional espezialistak ematen dituen irakaskuntzak Lanbide-arloen Departamentuetako bati atxikiko dizkio, didaktika eta curriculum programazioak, bai eta Departamentuari atxikitako irakaskuntzen koordinazio orokorrak beren ondorioak izan ditzaten.

2. Profesional espezialista bat kontratatu edo izendatu badute ikasturte oso baterako, Lanbide-arloen Departamentuan integratuko da, hizpidea bai baina botorik gabe.

3. Profesional espezialistak Klaustroko eta taldeko irakasle taldeko partaide izanen dira, hizpidea bai baina botorik gabe.

4. Profesional espezialistak ez dira pedagogi koordinaziorako gainerako organoen partaide izanen.

5. Ikastetxeetako pertsona bakarreko gobernu organoak osatzerakoan profesional espezialistak ez dira ez hautesle ez hautagai izanen.

8. artikulua . Ikastetxeko organoen parte hartzea arte irakaskuntzen kasuan.

Arte-irakaskuntzen ikastetxeetako organoetan profesional espezialisten parte hartzea ikastetxe horietako araubide bereziaren arabera zehaztuko da.

9. artikulua . Erlazio administratiboaren amaiera.

Ezarritako epea akitzen denean, erlazio administratiboa ere besterik gabe amaituko da, aldez aurretik salatu beharrik gabe.

Ezarritako epea akitu izanagatik, profesional espezialisten erlazio administratiboa amaitzeak ez du inolako kalte ordainik sortuko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Gizarte Segurantzaren erregimena honela aplikatuko zaie profesional espezialistei:

a) Estatuko Klase Pasiboen erregimenari nahiz Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren eremuan indarra duten klase pasiboen erregimen bereziei loturiko funtzionario publikoen kasuan beren lehen lanpostu edo jarduera nagusiari dagokion erregimenean segituko dute, eta profesional espezialistak izateagatik ez da zilegi izanen haiei Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean alta ematea.

b) Profesional espezialista bere lehenengo postuan edo jarduera nagusian Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean baldin badago edo aurreko a) idatz-zatian adierazitakoez bestelako erregimen bereziren batean, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean eta enplegu-aniztasuna izateagatik kotizatuko du.

c) Profesional espezialista bere lehenengo postuan edo jarduera nagusian derrigorrezko prebisioko erregimenen batean ez badago, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean.

Bigarrena

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikasturte bakoitzeko memoria bat prestatuko du, irakasle ez-unibertsitarioaren Batzordeari igorriko diona, zeinetan bilduko baitira Foru Dekretu honen babesean eginiko kontratuak eta izendapenak.

Hirugarrena

6.1 artikuluan aurreikusiriko modulua eguneratu ahalko du Lehendakaritza eta Barne Departamentuak, Hezkuntza eta Kulturakoak proposatuta.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, bere eskumenen eremuan, Foru Dekretu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren arauak eman ahal izanen ditu.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abuztuaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A9907886

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web