(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

247/2000 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 3KOA, NAFARROAKO LANBIDE HEZIKETAREN KONTSEILUA SORTZEN DUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 102 - 23/08/2000



Atariko

Herrialdeen garapen ekonomikoa eta gizarte ongizatea produkzio sistema lehiakorrak edukitzearen menpe daude, gero eta gehiago, kalitate handiko eta prezio baxuko ondasun eta zerbitzuez gain, gizartearen eskakizunei erantzuteko moduko produktu berriak ere sor daitezen.

Protekzionismorako baliabide gutxi eskaintzen dituen ekonomia orokor batean arrakastaz lehiatzeko behar den dinamismoa lortzeko, langileen prestakuntza eta kualifikazioa faktore estrategikoak dira.

Produkzio sistema lehiakor bat lortuko bada, beharrezkoa da lanpostu ezberdinetan kualifikazioa lortzeko eskakizunen araberako prestakuntza ematea. Gure inguruko herrialde garatuetan bezala, Nafarroan ere, lanpostu horiek, neurri handi batean, lanbide heziketaren arloen ingurukoak izaten dira.

Horrenbestez, ongizatearen gizarteak gizarte prestazioen arloan egiten dituen eskakizunei erantzuteko moduko ekonomia saneatua lortzeko, beharrezkoa da langileak prestatu eta kualifikatzeko sistema lehiakor bat izatea.

Azken urteotan, lanbide heziketaren sistema etengabe garatu eta hobetu da Espainian. Izan ere, aspaldi honetan legegintza arloan gertaturiko berrikuntza garrantzitsuenetariko batek, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/90 Lege Organikoak alegia, hasierako lanbide heziketa arautu berri bat ekarri zuen, ziklotan banatua. Lege horren 30. artikuluan irakaskuntza horien esparrua zehazten da eta adierazten Administrazio Publikoek lanbide heziketa arloan egiten diren eskaintzen koordinazioa bermatuko duela. Halaber, 34. artikuluan adierazten da berariazko lanbide heziketaren diseinu eta planifikazioan, gizarte eragileen parte-hartzea bultzatuko dela.

Irakaskuntza horietaz aritzeko, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomi erkidegoek eta gizarte eragileek duten topagunea Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorra da (urtarrilaren 7ko 1/1986 Legearen bidez eratua eta ekainaren 9ko 19/1997 Legearen bidez aldatua izan zena). Berriki, Kontseilu horrek lanbide heziketaren arloan gure herrialdeko erakundeek inoiz egin duten lan garrantzitsuenetariko bat aurkeztu zuen: Lanbide Heziketaren Bigarren Programa Nazionalerako proposamena, Gobernuko Ministroen Kontseiluak 1998ko martxoaren 13an egindako bilkuran onetsia.

Lanbide Heziketaren Programa berri horrek lau ildo nagusi ditu:

1. Lanbide heziketa giza kapital moduan hartzea.

2. Lanbide heziketa enplegurako politika aktiboekin batera aztertzea, Europako Batasunaren ikuspegitik.

3. Estatuko Administrazio Orokorrak, gizarte eragileek eta autonomi erkidegoek Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorrean parte hartu beharra.

4. Kualifikazioen Sistema Nazionala eratzea.

Aipatu programak proposatzen dituen neurrien artean, nabarmentzekoa da Kualifikazioen Institutu Nazionala sortzekoa. Institutu hori martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretuaren bidez sortu zen.

Estatuaren markoan harturiko neurri horiek guztiak autonomi erkidegoetan ere justifikaturik daude. Hezkuntza, prestakuntza eta enplegu arloko eskumen aunitz eskualdatu dira Estatutik autonomi erkidegoetara. Nafarroako Gobernuak, zehazki, kudeaketa esparru zabala du lanbide heziketaren arloan. Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzu ugari bereganatu zituen, zehazki Lanbide Heziketa Arautuaren inguruko guztia. Beste alde batetik, abuztuaren 1eko 1319/1997 Errege Dekretuaren bidez, Enplegurako Institutu Nazionalak lanerako prestakuntzarako lanbide heziketaren arloan zituen eginkizun eta zerbitzuak Foru Administrazioari eskualdatu zaizkio.

Horregatik, estatuan gertatu diren kudeaketa eta partehartze demokratikorako prozesu batzuk Foru Komunitatearen esparruan ere garatu beharko lirateke. Zehazki, Lanbide Heziketaren Bigarren Programa Nazionalari dagokionez, beharrezkoa da, lanbide heziketaren arloan, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu dituen eskumenak egoki garatzeko behar diren organoak sortzea.

Lehena, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua izanen da, organo aholku-emaile bat, Foru Dekretu honetan arautzen dena alegia. Bigarrena, Nafarroako Kualifikazioen Institutua. Organo tekniko horrek Kualifikazioen Institutu Nazionalaren erantzunkide izanen da Lanbide Kualifikazioen Katalagoaren prestaketa lanetan. Bi organo horiek, zuzeneko koordinazioa behar baitute, Foru Administrazioko Departamentu berari atxikita egonen dira.

Kualifikazioen Sistema Nazionalaren markoan, enpleguaren dinamikaren azterketa eta jarraipena, gure erkidegoan, Enplegua Aztertzeko Unitateak eginen du. Unitate hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpe dago, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren 11.1 eta 27. artikuluen arabera.

Bestalde, lan esperientziaren bidez lortzen diren lanbide kualifikazioak aitortu eta ziurtatzeko administrazio unitate bat eratuko da. Unitate hori Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikiko zaio eta sortuko den Nafarroako Kualifikazioen Institutuaren irizpide teknikoei jarraikiz lan eginen du.

Gizarte eragileek eta autonomi erkidegoek Estatuko Administrazio Orokorrak lanbide heziketaren inguruan jorratzen dituen lan-ildoetan parte hartzeko Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorrak eskaintzen duen aukerabideaz gainera, bidezko da hiru aldetako organo bat eratzea gure erkidegoan, Nafarroako Gobernuari bere kudeaketa esparruaren pean diren lanbide heziketako gaiei buruz aholkua emateko.

Kontuan harturik Hezkuntza eta Kultura Departamentuak lanbide heziketa diseinatu eta kudeatzeko lanetan duen esperientzia handia eta haren menpe lanbide heziketako ikastetxeen azpiegitura handia dagoela, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua Departamentu horri atxikiko zaio, baina haren funtzionamenduan partaidetza zabala behar dela ahaztu gabe.

Nafarroako Gobernuak, gazteen eta langileen prestakuntza hobetzeak gizartean eta politika mailan duen garrantziaz jabetu delarik, ezinbestekotzat jotzen du Kontseilu aholku- emaile hori sortzea. Aholkularitza eta parte-hartze demokratikorako organo horren bitartez, lan eta hezkuntzako administrazioak eta sindikatu eta enpresarien elkarteek lanbide heziketaren inguruko alderdi guztietan elkarrekin parte hartzeko aukerabidea instituzionalizatu, bideratu eta sistematizatu nahi da.

Azken urteotan ekonomia, gizarte eta politikaren arloan gertaturiko berrikuntzak ikusirik, egoki litzateke topagune demokratiko berri bat sortzea, egungo egoerari egokitua eta etorkizunari begira jarria. Izan ere, aldaketa sozioekonomiko eta legegintzazko horiek kontuan hartzekoak dira, Nafarroan lanbide heziketaren arloan garatu beharreko politika diseinatzeko orduan.

Lehenbiziko aldaketa, arestian adierazi bezala, langileei eskatzen zaien lanbide kualifikazioan gertatu da. Ekonomikoki garatua den herrialde baten lehiakortasuna ezin da eskulan merkearen edo gauzazko baliabideak eskura izatearen menpe egon. Gaur egun, giza baliabideak eta antolamendu egokia dira enpresa arrakastatsu baten nortasun adierazleak.

Gauzak ongi egiteko nahia, lan jardunean sortzaileak izatea, berritzeko gaitasuna, eginkizunen aniztasuna edo gauza berriak ikasteko gogoa; horra hor profesional berrien ezaugarriak.

Enpresa eta erakundeei langile kualifikatuak eskaintzea, edozein delarik lanbide heziketa emateko bidea, enpresarentzako etekin bat izateaz gainera, ehun sozioproduktiboa aberastu eta enplegua ugaldu eta hobetzeko bidea ere bada. Gure erkidegorako prestaturiko Enplegu Planean, hala nola gure inguruan lehiakortasunari eta enpleguari buruz antolatzen diren bilera eta topaguneetan - zehazki, egin berri den Luxenburgoko gailurrean- lanbide heziketaren garrantzia nabarmentzen da, politika estrategikoaren alderdirik garrantzitsuenetariko bat delakoan.

Bigarrenik, azken urteotan, enpresa elkarteak eta sindikatuak gero eta gehiago inplikatzen ari dira lanbide heziketaren diseinuaren eta garapenaren alderdi guztietan. Gaur den egunean, lanerako prestakuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako (nagusiki gizarte eragileek antolatua eta kudeatua) bideratzen diren baliabideek ikaragarrizko igoera izan dute, eta horrek ekarri du jende askok lana aurkitzeko edo lehengo lanari eusteko prestakuntza hobea izatea.

Hirugarrenik, azkenik, aipatu dugun urriaren 3ko 1/90 Lege Organikoak lanbide heziketa berri eta hobea diseinatu du. Lanbide Heziketaren egitura berria ezarri du, bi ziklotan banatua: oinarrizko prestakuntza (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa) eta berariazko lanbide heziketa (erdi edo goi mailako heziketa zikloak). Aurreko beste legegintzako egoera batzuetan ez bezala, berariazko lanbide heziketa ez da eskola porrota bideratzeko berezko irteera gisara planteatzen.

Nafarroan, heziketa ziklo berrien antolaketa otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretuaren bidez arautu zen. Bertan lanbide heziketa berriaren antolamendu akademikoaren oinarriak ezarri ziren. Gainera, hainbat foru dekreturen bitartez, Nafarroako ikastetxeetan ematen diren lanbide heziketako titulu guztien curriculumak ezarri dira.

1/90 Lege horrek berak, 23. artikuluan, lanbide heziketako programa berariazkoen eskaintza ezartzen du, derrrigorrezko heziketa gainditzen ez duten ikasleei zuzendua. Nafarroari dagokionez, programa horiek ekainaren 21eko 233/1999 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren.

Lanbide Heziketa Arautu berriak irakaskuntza horien kalitatea ikaragarri hobetzea ekarri du; ez bakarrik tituluen diseinuan kasuan kasuko produkzio-inguruneak egindako kualifikazio eskakizunak sartu direlako, baizik eta heziketa ziklo guztietan lantoki batean egin beharreko derrigorrezko prestakuntza-aldia ezarri delako (zikloaren laurden bat gutxi gorabehera). Antolamenduan egiten den berrikuntza akademiko horren ondorioz, ikasleak alde biko prestakuntza jasotzen du: ikastetxean eta enpresan.

Hortaz, aldaketa sozioekonomiko eta legegintzako horiek guztiak instituzioetan asimilatu behar dira, egitura berriak ezarriz. Hurrengo urteetan Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak lan garrantzitsua jorratu behar du Nafarroako Gobernuaren aholku-emaile gisa, gure enpresen lehiakortasunari esker langabezia murriztu eta nafar guztien ongizatea hobetu dadin.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak egindako proposamenari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuak bi milako uztailaren hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Izaera.

Foru Dekretu honen bidez Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua eratzen da, Lanbide Heziketa arautuaren eta ez- arautuaren arloan erakundeek eta gizarteak parte hartzeko eta haientzako aholkularitza organo kolegiatu gisa.

2. artikulua . Eginkizunak Nota de Vigencia.

Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari dagokio:

a) Gogotik parte hartzea lanbide heziketa garatzeko planei eta tresnei buruzko proposamenetan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta Nafarroako Gobernuak onets ditzan aurkeztea.

b) Nafarroan lanbide heziketa garatzeko planen eta tresnen jarraipena egitea, eta urteko txosten bat prestatzea, aplikazioaren emaitzak eta betetze maila ebaluatzeko.

c) Lanbide heziketaren arloan, Nafarroako Gobernuari aholku ematea, bere azterketa eskatzen den gaietan.

d) Aholku ematea eta proposamenak egitea Kualifikazioen Sistema Nazionala Nafarroan garatzeari dagokionez, gomendioak emanez hura garatzeko ardura duten erakundeei, baldin eginkizun badute, besteak beste, lanbideen bilakaera behatzea, argibide eta orientazio profesionaleko zerbitzuak ematea, kualifikazioak zehaztea, prestakuntza moduluen katalogoa ezartzea edo lanbide gaitasunak frogatzea.

e) Sistemako lanbide heziketako titulazioetako curriculumen diseinuei buruzko txostenak egitea, baita, egoki denean, espezializazioen kasuan ere, Nafarroako Foru Komunitateko eskumenen esparruan, eta titulazio berriak proposatzea, lanbide heziketaren maila eta espezializazioei dagozkienak.

f) Lanbide heziketaren arloan txostenak, proposamenak, gomendioak edo azterlanak egitea, bere ekimenez edo arlo horretan eskuduna den edozein Administraziok eskatuta. Horretarako, behar duen informazio guztia eska dezake.

g) Lanbide heziketaren arloan esku hartzen duten organoen arteko koordinazioa bultzatzea.

h) Lanbide heziketaren garapenean enpresen parte-hartzea sustatzea.

i) Bere funtzionamendu-erregelamendua onestea.

j) Bere eskumenen esparruan zehazten den beste edozein eginkizun.

3. artikulua . Kideak eta izendapena Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

Buru bat.

Buruorde bat.

Idazkari bat.

Hogeita bi kide.

2. Gobernuaren erabaki baten bidez izendatuko dira kideak.

4. artikulua . Kontseiluburua Nota de Vigencia.

1. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria izanen da burua.

2. Hona hemen kontseiluburuari dagozkion eskurantzak:

a) Kontseiluaren ordezkari eta eledun izatea.

b) Bilkura arrunt eta berezien deialdia egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea, kontseilukideek garaiz egindako eskaerak kontuan harturik.

c) Bilkuretan buru aritzea, haiei amaiera ematea eta eztabaidak zuzentzea.

d) Berdinketa izanez gero, bozketaren emaitza erabakitzea.

e) Kontseiluko erabakien akta eta ziurtapenak ikus- onestea.

f) Kontseiluaren araubidea eta Foru Dekretu honetako xedapenak betetzen direla bermatzea.

g) Organo kolegiatu bateko buruari dagozkion gainerako eginkizunak.

5. artikulua . Kontseiluburuordea Nota de Vigencia.

1. Buruordetza txandaka eta urtebeteko aldietan beteko dute, kasua bada, enplegu arloko eskumena esleiturik duen departamentuko kontseilariak eta garapen ekonomikoaren arloko eskumena esleiturik duen kontseilariak, eta azken horrekin hasiko da txanda.

2. Eskudantzia hauek dagozkio buruordeari:

a) Buruaren kargua hutsik dagoenean edo burua kanpoan edo gaixo dagoenean, haren eskudantzia guztiak.

b) Botoa emateko eskubidea duen Kontseiluko kidea izanik, berez dituen eginkizunak betetzea.

6. artikulua . Batzordekideak Nota de Vigencia.

1. Kontseiluko kideak ordezkaritza honen arabera hautatuko dira:

a) Enplegu arloko eskumena esleiturik duen departamentuko kontseilaria edo garapen ekonomikoaren arloko eskumena esleiturik duen kontseilaria, baldin ez badagokio, 5.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kontseiluko buruorde izatea..

b) Hezkuntzaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko bi ordezkari, departamentuko kontseilariak izendatuak.

c) Foru Komunitateko Administrazioko lau ordezkari: bi, enpleguaren esparruko eskumena duten organoen ordezkari, eta beste bi, garapen ekonomikoaren esparruan eskumena duten organoen ordezkari.

d) Enpresa elkarteen bost ordezkari: 4, Nafarroako Enpresaburuen Konfederaziokoak eta 1, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederaziokoa.

e) Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialaren ordezkari bat.

f) Sindikatuetako sei ordezkari, barnean dela, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatu bakoitzeko ordezkari bat. Ordezkaritza handienekotzat hartzeko, gutxienez botoen %10 lortu behar da hauteskunde sindikaletan, eta parte-hartzea ordezkagarritasunaren arabera osatuko da.

g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.

h) Lanbide heziketako ikastetxe bateratu publikoetako zuzendarien ordezkari bat, zuzendarien elkarteak izendatua.

i) Lanbide heziketako ikastetxe bateratu pribatuetako zuzendarien ordezkari bat, ikastetxe horietako nagusien elkarteek izendatua

2. Batzordeko kide titularrak zenbat diren, hainbat ordezko izendatuko dira, karguak bete gabe edo titularrak kanpoan edo eri direnean aritu daitezen.

3. Kontseiluan ordezkatutako erakunde edo organizazioei dagozkien kide titular eta ordezkoen izendapenak proposatzeko, idazkia bidaliko zaio Kontseiluko buruari. Izendapenek lau urteko indarra izanen dute, eta luzatzen ahalko dira. Nolanahi ere, kontseiluan ordezkatutako erakundeek eta organizazioek noiznahi ere alda ditzakete titular edo ordezko gisa izendatutako pertsonak. Kargua beste baten ordez hartzen dutenak ordeztuari lau urteko aldia –lehen aipatutakoa– bukatzeko falta zaion denboran arituko dira.

4. Hona hemen batzordekideei dagozkien eskurantzak:

a) Bilkuretako deialdia garaiz jasotzea, gai zerrenda eta horiei buruzko informazioa barne.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea baliatzea eta boto partikularra ematea, hala nola botoaren esanahia eta haren arrazoibideak azaltzea.

d) Galdera eta erreguak egitea.

e) Hurrengo bilkuretan aztertzeko gaiak proposatzea.

f) Esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko behar duten informazioa eskuratzea.

g) Batzordekide diren aldetik, haiei dagozkien gainerako eginkizunak.

7. artikulua . Idazkaria.

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Batzordeko idazkari lanetan Hezkuntza eta Kultura Departamentuko funtzionario bat arituko da, kontseilariak izendatua.

2. Idazkariari honako eskurantza hauek dagozkio:

a) Bilkuretan parte hartzea, hizpidea bai, baina boto emateko eskubiderik gabe.

b) Batzordeburuaren aginduz, bilkuren deialdia egitea eta kide guztientzako zitazioak prestatzea.

c) Kontseiluko kideen komunikazioak, jakinarazpenak, datu-eskakizunak, zuzenketak edo berak ezagutu beharreko gainerako idazkiak jasotzea.

d) Gaiak nola bideratuko diren prestatzea eta bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Egiten diren kontsulten eta onesten diren irizpen eta erabakien ziurtapenak luzatzea.

f) Idazkaria den aldetik, dagozkion gainerako eginkizunak.

8. artikulua . Funtzionamendua Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua Osoko Bilkuraren edo Batzorde Iraunkorraren bidez ariko da, eta, bietan ere, gehiengoz hartuko dira erabakiak.

2. Buruak, buruordeak, kide guztiek eta idazkariek osatzen dute Kontseiluko Osoko Bilkura.

3. Kontseilua gutxienez ere urtean bitan bilduko da.

4. Batzorde Iraunkorra honako hauek osatzen dute: hezkuntzaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko bi kontseilukideak, enpleguaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuaren kontseilukidea, industriaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko kontseilukidea, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko bi kontseilukideak, Nafarroako Ganberako kontseilukidea, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederazioko kontseilukidea, sindikatuetako lau kontseilukideak, ikastetxe bateratu publikoetako zuzendarien ordezkaria eta kontseiluko idazkaria.

9. artikulua . Lan Batzordeak.

1. Azterlan edo proiektu jakin batzuetarako, Kontseiluaren osoko bilkurak aholkulari edo teknikarien laguntza eskatu ahalko du. Era berean, lanbide heziketaren arloko programen bilakaera aztertu eta ebaluazioa egiteko txostenak agindu ahalko ditu.

2. Lan Batzordeetan honako hauek parte hartu ahalko dute, Osoko Bilkurak hala erabakitzen badu:

a) Kontseilutik kanpoko pertsonak, Batzordeak kasuan- kasuan jorratu behar duen gai jakin batean adituak badira.

b) Kontseiluko kideak.

10. artikulua . Urteko memoria eta txostena.

Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak, urtero, jardueren memoria prestatuko du, hala nola Lanbide Heziketak Nafarroan duen egoerari buruzko txosten bat, non Lanbide Heziketaren Plan Orokorrean zehaztutako helburuen betetze maila jasoko den.

11. artikulua . Atxikipena Nota de Vigencia.

Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuari atxikiko zaio.

Xedapen Gehigarria Bakarra

Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak, eratu eta sei hilabeteko epean, funtzionamendu eta antolamendurako arautegia prestatuko du. Arautegi hori Hezkuntza eta Kultura kontseilariak onetsi beharko du, Kontseiluaren Osoko Bilkurak proposaturik.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi da Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusia sortu zuen urtarrilaren 31ko 44/1991 Foru Dekretua.

Azken Xedapenak Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web