(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

242/1996 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 10EKOA, UREZTALURRAK HOBETU ETA ERALDATZEKO ESPEDIENTEAK BERRIRO FINANTZATZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 86 - 17/07/1996



  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Nekazaritzako azpiegituren eraberritzeari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen lehenbiziko xedapen iragankorrean ezartzen denez, arau hura indarrean jarri aitzineko jarduketak egin dituzten eremu batzuek aukera izanen dute bertan ezarritako abantailak eskuratzeko, lurraldeko obrak eta hobekuntzak finantzatzeari dagokionez, aipatu Foru Legearen V. tituluan adierazi bezala.

Tramitazioan dauden espedienteak mota askotakoak dira, baina inguruabar komunak direla eta, komenigarri iritzi da Foru Dekretu hau aldarrikatzea, arestian aipatu xedapen iragankorrean xedatutakoa nola gauzatu zehazteko.

Horrenbestean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak proposatuta, abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen azken xedapenetarik lehenbizikoa garatzeko asmoz eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hamarreko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu hau aplikatuko zaie abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarritako baldintzak bete dituzten espedienteei, beti ere Nafarroako Foru Komunitateak osorik edo partzialki finantzatu baditu, aurrerakin edo maileguen itzultze-eskubidea zuzenean Foru Komunitateko Administrazioari osorik egokitzen zaionean, berari zuzenean edo "Riegos de Navarraren" bitartez.

2. artikulua

Aipatu xedapen iragankorrean ezarri onurak Foru Dekretu honetan garatzen den moduan aplikatzeko, interesatuak, lehenengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, idatziz egin beharko du eskaera, Nafarroako Gobernuari zuzendutako idazkiaren bidez, eta hitz eman beharko du dagokion zenbatekoa sartuko duela Foru Ogasunean, ondoren zehaztuko denaren arabera, adierazten zaion moduan eta epean.

3. artikulua

Foru Dekretu honen xede diren abantailak aplikatzeko interesatuak egindako obra mota bakoitzagatik legokiokeen ekarpena ezarriko da, Foru Legearen V. tituluan ezarritako obren sailkapenarekin bat, eta ekarpen horretatik kenduko dira obrak finantzatzeko emandako mailegu edo aurrekinen korritu nahiz amortizazio kontzeptuan pagatutako zenbatekoak, eta ekarpena ezezik kendu beharreko zenbatekoak ere eguneratu eginen dira ondoko artikuluan ezartzen den bezala.

4. artikulua

Onuradun bakoitzak ordaindu beharreko zenbateko garbia kalkulatzeko, prozedura hau erabiliko da:

a) Egindako obrak likidazioko dokumentuaren arabera sailkatuko dira, abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen 97 eta 98. artikuluetan finkatu irizpideei jarraikiz.

b) Zehaztu eginen da onuradunari obrak hasi aitzin ordaintzea egokitu zitzaion zenbatekoa, abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen 106 eta 107. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

c) Aurreko lerroaldean zehaztu ekarpenaren balioa eguneratu eginen da, kontuan hartuta obrak hasi zirenetik interesatuek eskabide osoa erregelamenduz ezarritako dokumentazioarekin batera aurkeztu arte iragandako denbora, Foru Dekretu honek indarra hartu ondoren. Kalkulu hori egiteko bi data horien artean iragandako urteetan indarra izan duen legezko korritu-tasaren batezbestekoa erabiliko da.

d) Lehengo finantzaketaren babesean eman izan zitzaizkion mailegu edo aurrekinak zirela-eta, onuradunak eginiko ordainketak zehaztuko dira. Horien zenbatekoa eguneratu eginen da ordaindu ziren datatik hasita aurreko idazatian zehaztu datara bitarte, aurreko lerroaldean finkatu korritu tasa berarekin.

e) Onuradunak egin beharreko ordainketa izanen da c) idazatiaren eta d) idazatiaren arteko diferentzia, baldin eta lehenbizikoan ateratako emaitza bigarrenekoa baino handiagoa baldin bada. Alderantzizkoa izanez gero, eragiketaren emaitza zero balitz bezala hartuko da, eta Foru Ogasunak ez du deus itzuli beharrik izanen.

5. artikulua

1. Foru Legeak ukitutako ezein entitate kolektibo, eraldaketarako nekazaritza-sozietate (ENS), ureztatzaile elkarte edo udal balia daiteke Foru Lege honetan aurreikusitako abantailez.

2. Era berean, aipatu abantailez ezin izanen dira baliatu urtemugako pagamendua eguneratua edo egin gabe dutenak.

6. artikulua

Nafarroako Gobernuak, lehenago ezarritako kalkulu eta baldintzetan oinarrituta, finantzaketa berriaren aplikazioa onetsiko du.

7. artikulua

Gobernuak ezarritako baldintzetan zehaztu zenbatekoa onuradunek ordaintzen dutenean, iraungitzat joko dira Foru Komunitateko Administrazioak, berak zuzenean edo Riegos de Navarra bitartez, kobratu beharreko aurrerakin edo maileguen itzulera eskubideak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Baimena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko beharrezko diren xedapen guztiak dikta ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Otano Cid.Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: A9604967

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web