(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

241/1997 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 8KOA, "EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO AUKERA BERDINTASUNAREN ALDEKO ENTITATE LAGUNTZAILEA" IZENEKO FIGURA SORTZEN DUENA.

BON N.º 115 - 24/09/1997



Atariko

Abuztuaren 3ko 177/1995 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Emakumearen Institutua sortu zen.

Ondoren, irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuaren bidez erakunde haren Estatutuak onetsi ziren eta bete beharreko eginkizunen artean zehaztu zen zein ziren bultzatu beharreko neurriak emakumeak lan munduan sartzea ahalbideratzeko, bai eta lan munduan sexuagatiko diskriminazioa saihesteko ere.

Foru Komunitatea osatzen duten zenbait entitatek benetako laguntza ematen ahal dute bizitzaren esparru guztietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzeko asmo horretan, sexu bietako langileen arteko aukera berdintasunerako bidea irekitzen duten baldintzak suspertuz eta enpresa barruko eguneroko jardunean, enpresa osatzen duten pertsona guztien arteko aukera berdintasuna galarazten duten oztopoak ezabatuz.

Nafarroako Emakumearen Institutuak erabaki du Foru Komunitate barruan OPTIMA programa ezartzea. Programa horren helburua da enpresa eta erakundeei laguntza ematea eta suspertzea emakumeek haietan sarbidea, iraupena eta mailaz igotzeko bidea izan ditzaten. Era berean, asmoa da programa horren bitartez aukera berdintasunerako politikak aplikatzen dituzten enpresetako esperientziak jakitera ematea.

Aukera berdintasunarekin konpromisua hartu duten enpresen zeregina aitortu eta enpresetan ekintza positiborako politikak praktikan jartzea bultzatzeko, Foru Dekretu honetan arautzen da "Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunaren aldeko Entitate Laguntzailea" izeneko figura. Figura hori ohorezko aipamena da, entitate pribatu bati aukera berdintasunean laguntzaile dela aitortzen diona.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko irailaren zortziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen bidez "Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunaren aldeko Entitate Laguntzailea" izeneko figura sortzea, gizartean eta lan munduan aukera berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatzearren.

2. artikulua

Aitorpen hori eskuratu ahal izanen dute Foru Komunitatean jarduten eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasun handiagorako bidea ematen duten jarduketak burutzen dituzten entitateek.

3. artikulua

1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen jarduketak enpresa barneko esparruan egin beharko dira, emakumeen eta gizonen berditasuna lortzearen aldeko neurri konkretu batzuen bidez eta behar diren baliabideak jarriz, neurri horiek emaitzen aldetik eraginkorrak izan daitezen.

2. Aitorpena emateko kontuan hartuko dira bereziki ondokoak lortzera zuzendutako jarduketak:

a) Entitateetan, maila ertain eta goiko erantzukizuneko karguetan, emakumeen sarbidea erraztea, plantiletan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin.

b) Emakumeei prestakuntza berariazkoa eskaintzea enpresa berean, mailaz igotzeko aukera izan dezaten.

c) Tradizioz gizonezkoen esku egon diren zereginetan emakumeen sarbidea erraztea, zeregin guztietan sexu bien banaketa homogenoa lortu ahal izateko.

d) Behar diren estrategiak finkatzea sexu bietako langileek beren erantzukizunak, etxekoak zein lanekoak, bateragarri izan ditzaten.

e) Lanean jazarpen sexualik izan ez dadin baliabide egokiak ezartzea.

f) Hizkuntzan, irudian eta harremanetan edozein motatako adierazpen sexistak kentzea, organizazioen barruan eta kanpoan.

4. artikulua

Entitate Laguntzailearen aitorpena erdietsi nahi duten entitateek beren hautagaitza aurkeztu beharko dute Nafarroako Emakumearen Institutuko egoitzan.

5. artikulua

1. Aukera Berdintasunaren aldeko Entitate Laguntzaile gisa aitortua izateko Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, beharrezkoa den espedientea tramitatu ondoren.

2. Foru Dekretu honen babesean aurkeztutako eskabideen gaineko Ebazpena emateko hiru hilabeteko epea egonen da, eskabidea egiten denetik hasita. Epe hori Ebazpen espresurik eman gabe iragaten bada, eskaera ezetsitzat joko da.

6. artikulua

1. Aukera Berdintasunaren aldeko Entitate Laguntzailearen aitorpena ziurtagiri bat eta egiaztapena izanen den plaka bat entregatzearekin gauzatuko da, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

2. Entitate laguntzaileak aitorpen hori, indarrean mantentzen duen bitartean, erabili ahal izanen du egoki juzkatzen dituen irudizko elementu korporatiboetan.

7. artikulua

1. Delako aitorpenak indarrean segi dezan, entitate laguntzaileak Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen aurrean urtero egiaztatu beharko du aukera berdintasunaren aldeko ekintzetan jarraitzen duela.

2. Entitate laguntzaileak arlo horretako bere jarduera egiaztatzen ez badu, edo haren jarduketan gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren kontrako zerbait gertatzen baldin bada, aitorpenak indarra galduko du ondorio horietarako.

3. Aitorpenaren indarraldiaren galera ofizio bidez edo alde baten eskariz hasi ahalko da, eta horri buruzko erabakia Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ematen duen ebazpenaren bidez hartuko da, entitate laguntzaileari entzutea eman ondotik. Emandako ebazpena, irmo bihurtu eta gero, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko irailaren zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: A978245

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web