(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

236/1999 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 21EKOA, GAZTEEKIN EGITEN DIREN JARDUERETARAKO NAFARROAKO ESKOLA (GENE) SORTZEN DUENA.

BON N.º 88 - 16/07/1999



  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Dinamika berria sortu delarik ikas denbora, lan denbora eta asti denbora banatzeko, Nafarroako gazte jendeak asti gehiago izaten du eskueran bere aisiako, asti denborako eta boluntario lanak aurrera eramateko.

Nafarroako gazte jendeak bizi duen dinamika berri honen ondorioz, beharrezkoa da har daitezen arautu gabeko prestakuntza lerroak garatzeko moduko neurriak, Nafarroako gazteen prestakuntza hobeagotzea helburu, eta gazte jendeak aukera izan dezan bere jarduerak albait eta segurtasun baldintzarik hoberenetan egiteko, bai gehienbat natur inguramenean garatzen direlako eta bai ezaugarri eta problema bereziak dituzten taldeentzakoak izaten direlako.

Hortaz, asti denborako jarduerak bultzatzen eta antolatzen aritzen diren pertsonak berariaz prestatu eta trebatzeko, horrela aitormen ofiziala duten Astialdirako Eskolen prestakuntza osatuz, eta arautu gabeko ikasketa arlo hau egoki betetzeko, ezinbestekoa da Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola funtzionalki eratzea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobeagotzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari egozten dio Gazte politikaren arloko eskumen esklusiboa.

Uztailaren 28ko 204/1997 Foru Dekretuak Nafarroako Gazteri eta Kirol Instituaren estatutuak onesten ditu. Erakunde autonomo horrexek hartzen du bere gain Nafarroako Gobernuak gazte arloan dituen eskumenak erabiltzea.

Boluntario lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak espreski aurreikusten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek bultza eginen diotela Gizarte zibileko boluntario lanari eta elkartasunari, hartarako, besteak beste, ekintzen kalitatea hobetzeko moduko prestakuntza jarduerak antolatuz boluntarioentzat. Xedapen hartan bertan jasotzen da, bestalde, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Departamentu desberdinek, boluntario lanarekin zerikusia duten jarduerei dagokienez, beren eskumenpeko eginkizunak hartuko dituztela beren gain. Eta eginkizun esleitze horren barrenean kontatzen da, halaber, arau honen bidez Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GENE) abiatu eta eratzea.

Hori horrela, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak hala proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren 21eko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nafarroako Gazteri eta Kirol Institutuko Gazteri Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen barrenean Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GENE) eratzen da.

2. artikulua

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GENE) Gazteri Zuzendariordetzaren menpeko organikoa izanen da eta hari dagokio gazteriaren arloko teknikari trebatuentzako prestakuntza zuzenean sustatzea.

3. artikulua

Honako eginkizunak izanen ditu Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak (GENE):

a) Gazteri gaietako teknikari eta espezialistak prestatzea.

b) Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolek (GENE) eta aitormen ofiziala duten Astialdirako Eskolek bultzatutako ikastaroen titulazio, diploma eta ziurtagiriak ematea, hartarako jartzen den tramitazioa eginik.

c) Titulazioen ikastaroetako programak ezartzea gazte jardueren alorrean.

d) Gazteriaren arloko berariazko gaietan prestatzeko langile trebatuak prstatu, koordinatu eta erreziklatzea.

e) Ikastaroen eskaera eta garapena planifikatu, koordinatu eta antolatzea gazteekiko jardueren garaleku diren arloetan teknikariak, espezialistak eta prestatzaileak prestatzeko.

f) Behar den materiala, programa multimediak eta beste argitalpen didaktikoak idatzi, prestatu eta gaurkotu daitezen koordinatzea, prestakuntza ikastaroetan erabiltzeko.

g) Nafarroako Gobernuaren beste Departamentuekin, Administrazio publikoekin, eta gazte jarduerekin lotura duten instituzio eta erakundeekin elkarlanean aritzea.

h) Astialdirako Eskolei aitormen ofiziala eman eta kentzea.

i) Astialdirako Eskolek ematen duten prestakuntzaren maila teknikoaz kontu egitea. Aitormen ofiziala duten Astialdirako Eskolek ematen dituzten ikastaroak indarra duen araudiaren araberakoak izan daitzen kontrolatu, zaindu eta begiratzea.

j) Dekretu honetan arautzen diren gaien inguruan Gazteria Zuzendariordetzak eskatzen dizkion txostenak jaulkitzea.

k) Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari kudeatzaileak ematen ahal dion beste edozein eginkizun.

4. artikulua

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari (GENE) dagozkion eginkizunak aurrera eramateko, zilegi izango du gutxienez honako eginkizunak egitea:

a) Gazteriaren arloko teknikariak eta espezialistak prestatzeko ikastaroak.

b) Ikastaroak eta mintegiak, informazio hitzaldiak, eta ezagupenak zabaldu edo berritzeko antzeko jarduerak, gazte elkarteen sareak hobeki aprobetxa ditzan gazteen jarduerak.

c) Koordinazio, truke, informazio eta eztabaida programak, aisia eta boluntario lan jardueren barrenean.

d) Eskolaren helburuak iristeari laguntzen dion beste edozein jarduera osagarri.

5. artikulua

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak (GENE) honako arloetako prestakuntza sustatuko du:

-Prestatzaileak prestatzea.

-Titulazio berriak.

-Ikasgaietan erreziklatzea.

6. artikulua

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari (GENE) hots emateko kargua Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio.

Zuzendari kudeatzaile horri Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari (GENE) hots emateko eginkizunetan laguntzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko Gazteri Zuzendariordetza egonen da.

7. artikulua

Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolako zuzendariak (GENE) honako eginkizunak izanen ditu:

a) Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolaren (GENE) programazio orokorra eta urteroko jarduera plana onestea eta ebaluatzea.

b) Eskolaren ikastaro eta jardueren ebaluazio eta bilakaeraren berri izatea.

c) Eskolako irakasleak izendatzeko prozedura eratzea.

d) Eskolaren funtzionamendurako oinarriak finkatzea.

e) Eskolaren ordezkari izatea.

8. artikulua

Eskolaren kudeaketa arrunta Gazteri Zuzendariordetzak izanen du eta berak erabiliko du. Hark koordinatzaile baten bidez eginen du.

9. artikulua

Eskolaren kudeaketa arruntak honako eginkizun hauek izanen ditu, zuzendariak izendatzen dituen eginkizun berariazkoak ezertan galarazi gabe:

a) Eskolaren helburu eta jarduerak bete daitezen koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolako (GENE) zuzendariari eskolaren urteroko programaziorako proposamena eta jarduerak aurkeztea.

c) Eskolaren ordezkari izatea, zuzendariak berak ordezkaritza hartzen ez duenean.

d) Ziurtagiriak eta Eskolaren dokumentu ofizialak bisatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Baliogabetu eta indarrik gabe utzi egiten dira Nafarroako Foru Komunitatean Foru Dekretu honetan xedatzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak.

Bigarrena

Esku ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: A9906658

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web