(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

235/1996 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 3KOA, "NAVARRA DE MEDIO AMBIENTE INDUSTRIAL, S.A." SOZIETATEA ERATZEN DUENA.

BON N.º 82 - 08/07/1996; corr. err., BON 30/04/1997



  ERASKINA


  Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A. sozietatearen estatutuak. I. TITULUA


  IZENA, IRAUPENA ETA XEDE SOZIALA


  II. TITULUA. KAPITAL SOZIALA AKZIOAK


  III. TITULUA. SOZIETATEAREN GOBERNU ORGANOAK


  IV. TITULUA. EKITALDI SOZIALA, KONTABILITATEKO AGIRIAK ETA KONTUAK AGERTZEA


  V. TITULUA. SOZIETATEAREN DEUSEZTAPENA ETA LIKIDAZIOA


Atariko

Hondakin berezien kudeaketari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du, aplikagarria den legerian aurreikusitako moten bitartez, Nafarroako Gobernuak bere esku izanen duela kapital publikoko edo kapital gehiena publikoa duen enpresa bat, hondakin bereziak kudeatzeko izaera juridikoa izan eta hondakin berezien kudeaketa publikoa eginen duena. Lege agindu berak ezartzen du enpresa horrek jarduketa, inbertsio eta, hala behar denean, finantzaketa programa prestatu eta urtero Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztuko duela ekitaldi bakoitzaren aitzineko hiruhilekoan.

Foru Lege horren Zioen Adierazpenean honako hau azpimarratzen da: "sozietate horrek hondakinak kudeatzeko tresna garrantzitsu bihurtzea du helburu, Plan Kudeatzailea urteko jarduketaren programa publikoen bitartez aplika dadin arduratuko delarik."

Bertzalde, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 15/1995 Foru Legearen hogeita zazpigarren xedapen gehigarriak aditzera ematen du Nafarroako Gobernuak hondakin bereziak kudeatzeko sozietate publikoaren sorrera bultzatuko duela, Hondakin Bereziak Kudeatzeko Foru Legean eta etorkizunean lege hori garatuko duen Kudeaketa Planean zehaztuko diren xedapenetan aurrikusitakoaren arabera; horrez gain, honako hau gaineratu zuen: "sozietate horretan Nafarroako Gobernuaren partehartzea beti izanen da handiena.".

Xedapen hori betetzeko asmoz, Nafarroako 1996.eko Aurrekontu Orokorren gastu-egoerak "Ingurugiroaren kudeaketa" programaren barnean "Hondakin Bereziak Kudeatzeko Sozietateari egindako kapital ekarpena" izeneko 30000-31110-8501-4421 aurrekontuko kontusaileko 12210-4 lerroa 25.000.000 pezetako aurreikuspenarekin finkatzen du.

Halaber, Nafarroako Gobernuak, 1996.eko martxoaren 18an, Hondakin Berezien Plan Kudeatzailearen proiektua onetsi zuen eta Nafarroako Parlamentura igortzea erabaki, han eztabaidatu eta, hala behar bada, onets dadin.

Aipatutako lege aurreikuspenak gauzatzeko asmoz, bidezkoa da aipatu enpresa publiko hori sortzea; horren helburu soziala, aurrekoez gainera, hondakin horien prebentzioa, ikerketa, garapen teknologikoa, minimizazioa, birziklapena eta balorazioa lor daitezen bideratutako jarduera industrialak bultzatu eta sustatzea da.

Horrenbertzez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak eta Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko ekainaren hiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

"Navarra de Medio Ambiente Industrial, S.A." merkataritza sozietatearen eraketa onestea.

2. artikulua

Aipatu sozietate horren estatutuak, Foru Dekretu honen eraskinekoak, onestea.

3. artikulua

Sozietatearen kapital soziala 25.000.000 (hogeita bortz milioi) pezetakoa da, hau da, 100.000 pezetako 250 akzio izendun, 1etik 250era bitarte hurrenez hurren zenbakitutakoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak oso-osorik harpidetu eta ordainduak.

4. artikulua

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena eman zaio Nafarroako Foru Komunitatearen izenean sozietatea eratzeko egintzara joan dadin, Estatutuak onets eta sina ditzan, administratzaile karguak hartu behar dituztenak hauta ditzan eta sozietatea eratu eta inskribatzeko beharrezkoak diren zeinahi egintza, izapidaketa eta kudeaketa egin ditzan eta, orobat, beharrezkoak diren baliabide material eta pertsonalez horni dezan.

Xedapen Gehigarria

Kapital soziala ordaintzeko gastuak Nafarroako 1996.eko Aurrekontu Orokorren gastu-egoerako 31110-8501-4421 kontusaileko 12210-4 lerroaren kargura izanen dira.

Azken Xedapenak Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena eman zaio Foru Dekretu hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko ekainaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Otano Cid.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier Luis del Castillo Bandrés.-Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilaria, Iñaki Cabasés Hita.

IZENA, IRAUPENA ETA XEDE SOZIALA

1. artikulua . Izena.

"Navarra de Medio Ambiente Industrial, Sociedad Anónima" izeneko sozietate anonimoa eratu da; honako Estatutuetan eta horietan aurreikusita ez dagoen orotan edo nahitaez bete beharrekoa denetan, Sozietate Anonimoen Legean, aplikagarria zaien foru legerian eta, hori izan ezean, Estatuko legerian xedatutakoaren arabera arautu da.

2. artikulua . Helbidea.

Sozietatearen helbidea Iruñeko Alondegi kaleko 1-1.ean egonen da; Administrazio Kontseiluak hala erabakitzen badu helbidea lekuz alda dezake, baita nonahi filialak, sukurtsalak, delegazioak, agentziak, gordailuak eta ordezkaritzak sortu ere.

3. artikulua . Iraupena.

Sozietatea mugagabea da eta eraketa eskritura izenpetzen den egunetik aitzina abian jarriko da.

4. artikulua . Xede soziala.

1. Sozietatearen xede soziala honako hau da: hondakin industrialen kudeaketa, ikerketa eta garapen teknologiko, tratamendu, berreskurapen eta birziklapenarekin lotutako jarduerak sustatzea, hondakin horiek indarra duen arauteriak toxiko, arriskutsu, berezi, ez-arriskutsu edo geldotzat jotzen baditu, eta, orobat, horretarako beharrezkoak diren jarduera osagarriak, gehigarriak eta lagungarriak.

2. Bereziki, izanen dituen ahalmenen artean, hauek:

a) Hondakinak bildu, biltegitu, garraiatu, tratatu, berreskuratu eta deuseztatzeko eragiketak.

b) Hondakinetako energia eta lehengaiak berreskuratzea.

c) Hondakinekin eta prozesu garbiekin edo hain kutsagarriak ez direnekin zerikusirik duten teknologia berrien ikerketa eta garapena.

d) Hondakinen prebentzioa, ikerketa, garapen teknologikoa, minimizazioa, birziklapena eta balorazioa erdiets dadin bideratutako jarduera industrialak, publikoak zein pribatuak, sustatu eta bultzatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aginduetara eta hondakin politikaren esparruan hondakinen kudeaketari lotutako planak, programak eta proiektuak idatzi eta kudeatzea.

f) Jarduketa planen arabera Foru Komunitateko hondakinak kudeatzeko beharrezkoak diren lan, ikerketa eta proiektu mota guztien esleipena eta kontratazioa.

g) Bertze Administrazio Publikoei atxikitako edo lotutako erakundeekin hitzarmenak formalizatzea, hondakinak kudeatzeko planak, programak edo proiektuak prestatu, burutu eta administratzearren.

h) Bertze ente publiko edo sozietate pribatu batzuekin hitzarmenak formalizatzea, hondakinak hobeki kudeatzearren, eta aholkularitza teknikoa eta zerbitzuak emateko kontratuak egitea.

i) Hondakinen gaineko kudeaketa edo ikerketa planak, programak edo proiektuak helburu dituzten erakunde nazional edo nazioartekoetan parte hartzea.

j) Lurrak eta ondasun higiezinak eskuratzea, horiek urbanizatzea, hondakin eta prozesu garbien edo hain kutsagarriak ez diren arloan aurreikusitako jarduketa industrialak edo bertzelako programak sustatzeko asmoz, baita aipatu ondasun eta jarduketa horiek kudeatu eta bultzatzea ere.

k) Hondakinak hobeki kudeatzeko beharrezkoak diren bertzelako jarduerak.

3. Xede soziala osatzen duten jarduerak, osorik edo hein batean, gara daitezke xede antzekoa duten sozietateetako akzio eta partaidetzen titular izanda.

II. TITULUA. KAPITAL SOZIALA - AKZIOAK

5. artikulua . Kapital soziala.

Sozietatearen kapital soziala 25.000.000 (hogeita bortz milioi) pezetakoa da, hau da, bere osotasunean harpidetua eta ordaindua eta 100.000 pezetako 250 akzio izendun, 1etik 250era bitarte hurrenez hurren zenbakitu, liburu-taloitegietatik ebaki, Sozietatearen zigiluarekin zigilatu eta lehendakariak eta idazkariak sinatuak.

Tituluek ordezkatzen dituzte akzioak, eta aurreikusita dago titulu anizkunak jalgitzea.

6. artikulua . Akzioen eskualdaketa.

Akzioen salmenta eta lagapena arau hauek mugatuko dute:

a) Akzioak eskualdatzeko asmoa duen bazkideak horren berri eman beharko dio idatziz Administrazio kontseiluburuari eta horrek aldi berean gainerako bazkideei, komunikazioa jaso eta hamabortz eguneko epean, hurrengo hogeita hamar eguneko epean akzio horiek erosteko aukera izan dezaten. Akzio horiek batek baino gehiagok erosi nahi baditu, bazkide horiek dituzten akzioen arabera banatuko dira, proportzionalki.

b) Ezein bazkidek akzioak lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzen ez badu, Sozietateak berak eros ditzake besterenganatu nahi diren tituluak, aurreko epea bukatu eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean.

c) Ez bazkideek, ez Sozietateak ez badute akzioak lehentasunez erosteko eskubidea erabiltzen, akzioen titularrak berak nahi bezala eskualda ditzake, horretarako legez ezarritako beharkizunak bete ondoren.

III. TITULUA. SOZIETATEAREN GOBERNU ORGANOAK

7. artikulua . Organo sozialak.

Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza, nork bere eskumenen esparruan, honako hauen lana da:

1. Akziodunen Batzorde Orokorra.

2. Administrazio Kontseilua.

8. artikulua . Akziodunen Batzorde Orokorra.

Akziodunen Batzorde Orokorra Sozietatearen goreneko organoa da.

Batzorde Orokorraren jarduna, arrunta zein berezia, deialdi eta eraketako epe eta moduei dagokienez, Sozietate Anonimoen Legeko 93. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz arautuko da, honako Estatutu hauetan ezarritakoa galarazi gabe.

Batzordeen erabakiak, present den kapitalaren edo ordezkatutakoaren gehiengoarekin hartuko dira, Legean ezarritako salbuespenak kontutan hartzen direla, batez ere 103. artikuluan eta VI. kapituluan daudenak.

9. artikulua . Batzorde Orokorraren ahalmenak.

Batzorde Orokorrari dagokio, eta berari bakarrik, alderdi hauen gainean erabakiak hartzea:

a) Administrazio Kontseilua izendatzea.

b) Estatutu Sozialak aldatzea.

c) Kapitala gehitu edo gutxitzea.

d) Obligazioak jalgitzea.

e) Kontseiluak aurkeztutako Urteko Kontuak eta Kudeaketa Txostena onestea.

f) Kontseilukideen urteko ordainsaria finkatzea.

g) Administratzaileek haren erabakiaren menpe jarritako bertze edozein, baita Legeak edo Estatutu hauek haren eskumen esklusibotzat jotakoak ere.

10. artikulua . Administrazio Kontseilua.

Administrazio Kontseiluak administratu eta arautuko du sozietatea, haren ordezkaritza soziala bere gain hartuko du eta ahalmen osoak bere izanen ditu, Legez edo Estatutu hauen kariaz Batzorde Iraunkorraren esku utzitakoak izan ezik.

Administrazio Kontseiluak gutxienez bortz kide izanen ditu eta gehienez ere hamaika eta Batzorde Orokorrak hautatu eta kargutik kentzen ahalko ditu.

11. artikulua . Kontseiluaren jarduna.

Kontseilukide karguari uko egiten ahal zaio, atzera botatzen ahal da eta kargua berriro hartzen ahal da.

Kontseilukideek urteroko ordainsaria izanen dute eta horren barnean sartuko dira bertaratze dietak eta joan-etorrien gastuengatiko kalteordainak, bai Kontseiluko bilkuretan, bai horiek prestatzeko bileretan parte hartzekoak; Batzorde Orokorrak ekitaldi sozial bakoitzeko zehaztuko du horien zenbatekoa.

Kontseiluburu, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria izanen da, beti ere Sozietatearen Administrazio Kontseiluko kide bada. Kontseilubururik izan ezean, kontseiluburuordeak beteko du bere lana eta kargu hori Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariak hartu du, beti ere kontseilukide bada eta hori ere ez badago, bertaratutako kontseilukideen artean zaharrenak hartuko du kargu hori.

Idazkariaren hautatzea ere Kontseiluari dagokio eta berdin izanen da kontseilukide izan edo ez. Kontseiluaren bertze bilkura batera joaten bada, bilkurara bertaratutakoen artean kontseilukiderik gazteenak ordezkatuko du.

Halaber, Kontseiluak erabaki dezake Batzorde Exekutiboa sortu eta haren osaketa, ahalmenak eta jarduna arautzea. Kontseilukideen hiru laurdenen aldeko erabakia beharko da gutxienez Batzorde Exekutiboa hautatu eta ahalmenak iraunkorki eskuordetzeko.

Era berean, Administrazio Kontseiluak, kontseilukideen hiru laurdenen erabakiarekin, Lan Batzorde bat edo bat baino gehiago hauta dezake; kide izateko ez da nahitaez kontseilukide izan beharko eta Sozietatearen Gobernuko eta Administrazioko organoek eskatutako aferen gaineko iritzia eman beharko dute.

Kontseiluko bilkuretan parte har dezake zuzendari-kudeatzaileak, hizpidearekin baina botorik gabe. Halaber, Sozietateko teknikariek edo haren akziodunek har dezakete parte, Kontseiluak aurretik hala erabaki badu eta horrek berak erabaki baldintzetan.

12. artikulua . Kontseilukide karguaren iraupena.

Kontseilukidea lau urte egonen da karguan.

Administratzaileek izendapena hartu zuten epean postu hutsik gertatuko balitz, Batzorde Orokorrak kargu utzitakoen ordezkoak hautatuko lituzke.

13. artikulua . Kontseiluaren bilkurak.

Administrazio Kontseilua bilduko da kontseiluburuak edo, hori ordezkatzen duenak, deitzen duen aldioro, baita kontseilukideen laurden batek hala eskatuz gero ere.

Bilerak normalki helbide sozialean eginen dira baina kontseiluburuak zehaztu bertze leku batean ere egin daitezke; horren berri behar den deialdian emanen da.

Administrazio Kontseilua legez eratuta geldituko da bertaratuak eta ordezkatuak, hau da, kontseilukideen erdia gehi bat biltzen bada. Kontseilukideen kopurua bakoitia bada, arestiko beharkizun hori betetzat emanen da bilerara bertaratu eta ordezkatutako kontseilukideen kopurua bilerara bertaratu ez direnena edo ordezkatuena baino handiagoa bada. Kontseilukide bakoitzak bere ordezkaritza bertze bati eman diezaioke baina bertaratutako bakar batek ere ez ditu bi ordezkaritza baino gehiago izanen.

14. artikulua . Kontseiluaren erabakiak.

Erabakiak gehiengo absolutuaz hartuko dituzte bilkuran present daudenek, hau da, bertaratuek eta ordezkatuek, ezarriko diren kasuetarako Legeak edo Estatutu hauek galdatu "quorum" bereziak galarazi gabe.

Berdinketa ematen bada, kontseiluburuaren edo lan hori egiten duenaren botoak erabakiko du.

Kontseiluko aktak horretarako prestatuko den liburu berezian idatziko dira eta bilkurara bertaratuek onetsi eta kontseiluburuak eta idazkariak sinatuko dituzte.

15. artikulua . Kontseiluburua.

Administrazio kontseiluburuak Sozietatearen lehendakari izaera izanen du eta Konpainiaren goreneko zuzendaritza bere esku egoteaz gain, Batzorde Orokorrak eta Kontseiluak hartu erabakiak betetzen diren edo ez zainduko du eta haren etengabeko ordezkaritza izanen du.

Firma soziala bere gain izanen du, aipatu firma sozial horren erabileraren gainean Kontseiluak har ditzakeen erabakiak galarazi gabe.

Halaber, Legeek edo Estatutu Sozialek esleitu bertzelako ahalmenak dagozkio.

16. artikulua . Kontseilukide eskuordetua.

Administrazio kontseilukideek beren artean hauta dezakete kontseilukide eskuordetua, zeinak Administrazio Kontseiluari esleitutako ahalmenak izan baititzake, hau da, legez bere esku utz daitezkeenak.

17. artikulua . Zuzendari kudeatzailea.

Administrazio Kontseiluak hautatu eta kargutik kenduko du zuzendari kudeatzailea. Izendatua, horretarako bereziki gai dena izanen da eta Administrazio Kontseiluak bidezkotzat jo dezakeen kontratu eta ordainsaria izanen ditu.

Zuzendari kudeatzaileak Kontseiluak eskuordetu ahalmenak izanen ditu, baita bertze hauek ere:

a) Kontseiluaren erabakiak bete eta betearaztea.

b) Sozietatearen zerbitzuak eta zentroak zuzendu eta ikuskatzea.

c) Sozietatea administrazio mailan ordezkatzea.

d) Kontseiluko bilkuretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

IV. TITULUA. EKITALDI SOZIALA, KONTABILITATEKO AGIRIAK ETA KONTUAK AGERTZEA

18. artikulua . Ekitaldi soziala.

Ekitaldi soziala urte bakoitzeko urtarrilaren batean hasi eta abenduko hogeita hamaikan bukatuko da. Salbuespen modura, lehen ekitaldia sozietatea eratzen den egunean hasiko da eta urte bereko abenduko hogeita hamaikan bukatuko.

Ekitaldi ekonomikoa bukaturik eta hori itxi eta gehienez ere hiru hileko epean, administrazio soziala beharturik dago urteroko kontuak, kudeaketa txostena eta emaitza aplikatzeko proposamena egitera; hori guztia eta, hala behar denean, kontu-auditore zentsoreen txostena akziodunen eskura egonen dira helbide sozialean, Batzorde Orokorra egin baino hamabortz egun lehenago.

19. artikulua . Onurak.

Onurak, baleude, Sozietatearen Batzorde Orokorrak zehaztuko dituen helburuetarako erabiliko dira, Sozietate Anonimoen Legeko 214. artikuluaren arabera Erreserba Legala ezarri eta arian-arian gehitzea galarazi gabe.

V. TITULUA. SOZIETATEAREN DEUSEZTAPENA ETA LIKIDAZIOA

20. artikulua

Egun indarra duen Sozietate Anonimoen Legean ezarri zergatietako edozeinengatik deuseztatuko da Sozietatea. Horretarako izendatuko den Batzordeak likidatzailea edo bat baino gehiago izendatuko ditu, beti ere kopuru bakoitian.

Iragarkiaren kodea: A9604833

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web