(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

227/2000 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 19KOA. ARAUTZEN DITU NEKAZARITZA-ABELTZAINTZA LANETIK MUGA BAINO LEHEN GELDITZEKO LAGUNTZAK

BON N.º 105 - 30/08/2000



  ERANSKINA. Baliokidetza taula


Atariko

Europako Batasunaren Kontseiluaren 1257/1999 Erregelamenduak, 1999ko maiatzaren 17koak, zeinak arautzen baitu zer laguntza emanen diren Nekazaritzaren Berme eta Orientaziorako Europako Fondotik (FEOGA) eta zenbait erregelamendu indargabetzen eta aldatzen, IV. kapituluan eta II. tituluan araubide komunitario bat ezartzen du nekazaritza-abeltzaintza lanetik muga baino lehen gelditzeko laguntzetarako, Fondo horren Nekazaritza Bermea deitu atalak kofinantzatua, nekazaritza jardueratik gelditzea erabakitzen duten nekazari adinduei dirusarrera bat segurtatzeko eta faboratzeko haien ordez beste batzuk jar daitezela nekazaritza ustiategien bideragarritasun ekonomikoa hobetzeko modukoak.

Europako Batasunaren Kontseiluaren 1257/1999 Erregelamenduak indargabetu du 2079/1992 (EB) Erregelamendua, zeinak laguntza araubide bat ezartzen zuen nekazaritzatik muga baino lehen jubilatzeko eta zeina Nafarroan oinarri hartzen zuten 1999ko abenduaren 31ra arte laguntza horiek aplikatzen zituzten legeek. Hortaz, xedapen orokor berri bat eman beharra dago, Batasunaren Erregelamendua garatu eta Nafarroan nekazaritza-abeltzaintza lanetik muga baino lehen gelditzeko laguntza araubide berri ezartzeko, zeinak ordezkatuko baititu urriaren 1eko 301/1993 Foru Dekretua (arautzen du nekazaritza jardueratik muga baino lehen jubilatzeko laguntzen araubide komunitarioa) eta bai ondorengo aldaketak ere: irailaren 5eko 158/1994 Foru Dekretua, ekainaren 17ko 248/1996 Foru Dekretua, eta uztailaren 21eko 199/1997 Foru Dekretua.

Xedapen hori itxuratzeko, kontuan hartu dira Nafarroako nekazari elkarte profesionalen iritziak.

Halaber, Nafarroako Kontseiluak behar zen irizpena eman du, zeinaren arabera moldatu den Foru Dekretu hau.

Hortaz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako ekainaren hemeretziko bilkuran hartutako Erabakiarenkin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Helburua.

Foru Dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan nekazaritza-abeltzaintza lanetik muga baino lehen gelditzeko laguntzen araubidea ezartzea, Europako Batasunaren Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduko 10etik 12ra arteko artikuluek agintzen dutenaren arabera (erregelamendu horrek arautzen du zer laguntza emanen diren FEOGA Nekazaritzaren Berme eta Orientaziorako Europako Fondotik).

2. artikulua . Definizioak.

Foru Dekretu honek agintzen dituenetarako, honako definizioak aplikatuko dira:

1. "Nekazaritza ustiategia": titular batek nekazaritzan aritzeko enpresa moduan antolatu dituen ondasunak eta eskubideak, helburu nagusia merkatua duela eta berez unitate tekniko ekonomiko bakarra osatuz.

2. "Ustiategiaren titularra": nekazaritzan aritzen den pertsona fisiko nahiz juridikoa, ustiategia osatzen duten ondasun-eskubideak enpresa irizpideen arabera antolatuz eta kudeaketaren erantzukizun zibil, sozial, fiskal eta sozialak bere gain hartuz.

3. "Jarduera nagusiko nekazaria": Nekazaritza ustiategi baten titularra delarik, bere osotarako errentaren gutxienez ehuneko 50 bere ustiategian nekazaritzan arituz lortzen duen pertsona fisikoa, etaustiategia ez beste jardueretan bere osotarako lan denboraren erdia baino gutxiago ematen duena.

4. "Nekazari Gaztea": laguntza eskatzen duen unean gutxienez hemezortzi urte eta gehienez hogeita hemeretzi dituen eta nekazaritzan aritzen den edo aritzeko asmotan den pertsona fisikoa. Hartarako, balio berekotzat joko dira adinez nagusia izatea eta guraso agintea eman ondoko emantzipazioa.

5. "Ustiategiko elementuak": Landa izaerako ondasun higiezinak eta nekazaritza aprobetxamendu etengabea duten besteak; nekazaritzarako eranskinak dituen etxebizitza; nekazaritzarako eraikin eta instalazioak, bai eta industria eitekoak ere; eta ustiategian dauden eta bertakoak diren azienda, makina eta erremintak, haien aprobetxamendua eta erabilera titularraren jabetzakoa izan, nahiz alokatua, erabilera eta gozamen eskubideen bidezkoa edo jabeak lagatakoa. Halaber, ustiategiko elementutzat hartzen dira titularrari dagozkion eta ustiategian diren eskubide eta betebehar guztiak.

6. "Bere gain hasi": nekazari gazte bat lehenbizikoz nekazaritza ustiategi baten titularra edo kotitularra egiten denean jarduera nagusiko nekazari gisa. Hartarako, bere gain hasi gabeko nekazari gaztetzat joko da nekazari gazte bat nekazaritza ustiategi baten titular nahiz kotitular izan arren, erreferentziako errentaren ehuneko 35 baino gutxiagoko errenta irabazten badu hartan.

7. "Behar adinako nekazari gaitasuna": honako kasu hauetako batean daudenek duten gaitasuna dutenak:

a) Jarduera nagusiko nekazaria izatea.

b) Nekazaritzako kapataz izateko probak gaindituta izatea edo nekazaritza adarreko tituluak izatea, gutxienez lehen mailako nekazaritzako lanbide heziketa mailakoak edo erdi mailako heziketa zikloa.

c) Nekazari gazteen kasuan, nekazaritza adarreko titulu akademikoak izatea, gutxienez nekazaritzako kapatazaren lanbide heziketakoak, bigarren mailako lanbide heziketakoak edo erdi mailako heziketa zikloa. Halako mailarik izan ezik, nekazaritza enpresan aritzeko ikastaro bat egin beharko dute, edo bi urteko epean egiteko konpromisoa hartu, ikastaro hori gutxienez berrehun eskola ordukoa izanen da.

8. "Nekazaritzako lan unitatea" (UTA): nekazaritzan lanaldi osoan aritzen den pertsona batek urtebetean egiten duen lana.

9. "Ustiategiko titularraren errenta osoa": ustiategiko titularrak azken ekitaldiko errenta deklarazioan deklaratu duen errenta, ondare gehitzeak eta gutxitzeak kontatu gabe; hartarako hauek egotziko zaizkio ustiategiaren titularrari:

-Ustiategiko nekazaritza jardueraren errenta.

-Bestelako jarduera enpresarial nahiz profesionalen errentak eta ustiategitik kanpo egindako lanaren errentak, horren barne direla fiskoari deklaratu beharreko pentsioak eta ondasun pasiboak.

-Kapital higigarriaren eta higiezinaren errentak, ustiategiko titularrari egozten ahal zaizkionak.

Hori horrela dela ere, zilegi izanen da ustiategiko titularraren errenta osoa ebaluatzeko, azken bost urteetako hirutan hark fiskoari deklaratu dizkion errenten bataz bestekoa hartzea. Azken ekitaldia ere sartuko du bost urteko talde horretan eta ondare gehitzeak eta gutxitzeak ez dira kontuan hartuko.

Halaber, nekazaritza jardueratik eta beste jarduera osagarrietatik heldu diren errentak kalkulatzeko, kasuko ondare gehitzeak eta gutxitzeak ez dira kontatuko.

10. "Laneko errenta unitarioa": nekazaritza ustiategian izandako errendimendu ekonomikotik lan unitateari egozten zaiona; hura kalkulatzeko, zatitu eginen da ustiategian ari diren nekazaritza lan unitateak, ustiategiko marjina garbia edo soberakin garbia eta pagatu diren soldatak batuta ateratzen den zenbatekoaz.

11. "Erreferentziako errenta": langile ez nekazarien urteko bataz besteko soldata.

12. "Lagatzailea": Bizilekua eta ustiategia Nafarroan dituen eta helburu komertzialeko jarduera guztiak behin lagatzen dituen nekazaria edo abeltzaina.

13. "Langileak": nekazariari laguntzen dioten familikideak eta lagatzaileak ustiategia laga baino lehen bertan zeuden soldatadunak.

14. "Nekazaritzako lagapen-hartzailea": Nafarroan bizilekua duen eta lagatzailearen ordez ustiategia bere esku hartzen duen pertsona fisiko nahiz juridikoa edo, Nafarroako ustiategi baten titularra izanik, bere ustiategia zabaltzeko, partez nahiz osorik beretzen dituena lagatako lurrak.

15. "Hektaera tipoa": Nafarroako Ipar-mendebaleko I. Nekazaritza Eskualdeko hektarea bat lehor-lur, zeinaren margen gordin estandar estimatua 1998 urtean 951,39 eurokoa izan baitzen (158.298 pezeta). Foru Dekretu honen eranskinean finkatzen da baliokidetza taula edozein nekazaritza azalera hektarea tipo bihurtzeko. Lurraldea nekazaritza-eskualdetan horrela zatikatzeko, aintzat hartuko da 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan xedatzen dena (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana; argitaratzen du delako lurralde zatiketa).

16. "Nekazaritza jarduera ez komertziala": nork bere baratzetxoa artatzeko eskubidea, entretenitzeko edo familiaren beharrak asetzeko, gehienez ere 900 metro karratuko azalerakoa.

3. artikulua . Laguntzen hartzaileak.

Nekazaritza-abeltzaintza lanetik muga baino lehen gelditzeko laguntzen hartzaile izanen dira Foru Dekretu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten lagatzaileak eta langileak.

4. artikulua . Lagatzailearen baldintzak eta eginbeharrak.

1. Laguntza eskatzen den momentuan, lagatzaileak honako baldintzak bete beharko ditu:

a) Nafarroan edukitzea bizilekua eta Nafarroan dagoen nekazaritza ustiategi baten titular izatea, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribitua, abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legearen arabera.

b) Eskaera egin aurreko hamar urteetan nekazaritza jardueran aritua izatea, jarduera nagusiko nekazari gisa aritu ere azken bost urteetatik gutxienez hirutan, azken ekitaldia barne dela.

Nekazaritza jardueran aritua egiaztatzeko, frogatu eginen da hamar urteko epe horretan eskatzailea altan egon dela Gizarte Segurantzako erregimen berezian bere gaingo langile bezala edo Gizarte Segurantzako Autonomo Erregimen orokorrean bere nekazaritza jardueragatik.

Jarduera nagusiko nekazaria dela frogatzeko eskatzaileak azken bost urteetako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztuko du, azken ekitaldia barne dela.

c) Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan kotizatutakoa izatea, hirurogeita bost urte betetzean gutxienez hamabost urteko kotizazioa osatzeko bezain luzaro.

d) Norbere eginbehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana frogatzea.

e) Berrogeita hamabost urte beterik edukitzea eta ez hirurogeita hamabost baino gehiago.

2. Laguntzak eskatu eta hartzen dituen lagatzaileak honako eginbeharrak beretzen ditu:

a) Behin betiko uztea beste lan edo lanbide jarduera guztiak. Zilegi izanen du, hala ere, zenbait eraikin erabiltzen segitzea eta nekazaritza ez komertzialean aritzea, Batasunaren nekazaritza politikatik dirulaguntzarik izan gabe.

b) Bere ustiategia nekazaritzako lagapen-hartzaile bati eskualdatzea.

c) Lagatzailearen ustiategiak mahastia landatzeko eskubidea baldin badu, edo esne kuota, azienda primarako eskubidea edo Merkatuko Erakunde Komunek arautzen dituztenetako beste edozein kuota eta eskubide, osorik eskualdatuko dizkio lagapen hartzaileari.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste laguntza publikorik eskatu edo erdietsi den.

e) Bere kontabilitatean edo erregistro liburuan erregistratzea lortutako dirulaguntzaren kobrantza, araudi indardunak halako bat izatea agintzen badio.

5. artikulua . Nekazaritzako lagapen hartzailearen baldintzak eta eginbeharrak.

1. Lagapen hartzailea pertsona fisikoa bada, honako baldintzak bete beharko ditu:

a) Gutxienez eskaera egin den egunaren aurreko urtean iraun duen nekazaritza ustiategi baten titular izatea. Ustiategi horrek Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribitua beharko du, abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legearen arabera.

Nekazari gaztetzat jotako lagapen hartzaileek ez dute baldintza hori bete beharko, baldin eta beren lehenbiziko instalazioa iristeko lagatzailearen ustiategia eskualdaturik hartu badute, Foru Dekretu honetan agintzen den moduan.

b) Alta hartuta egotea Gizarte Segurantzako erregimen berezian bere gaingo langile bezala edo Gizarte Segurantzako Autonomo Erregimen orokorrean bere nekazaritza jardueragatik.

Lehenbiziko instalazioa eskualdaturik hartu duten nekazari gazteen kasuan, Gizarte Segurantzako alta lehenbiziko instalazioa egin ondoren eginen da.

c) Lagatzailearen ustiategia eskualdatzearen ondorioz nekazaritzan aritzea edo hastea.

d) Lanbide gaitasun behar adinakoa izatea.

e) Eskaera egiten den momentuan berrogeita hamar urte bete gabekoa izatea.

2. Nortasun juridikoa duten nekazaritza elkarteek ere zilegi izanen dute lagapen hartzaile izatea baldin beren kideetako gutxienez 100eko 50ek betetzen badituzte artikulu honetako 1. zenbakiko baldintzetatik beraiei aplikatzekoak direnak. Kideen partizipazioek edo akzioek, gainera, izendunak izan beharko dute eta sozietatearen helburu bakarra, estatutuen arabera, nekazaritzan aritzea izanen da. Nolanahi ere, estatutuetan edo kideen biltzar orokorrak hala erabakita, aurreikusi beharko da ze, kideen artean titulurik aldatzen bada, arestian aipatu baldintzak segurtatuko direla.

3. Lagapen hartzaileak honako eginbeharrak beretzen ditu:

a) Lagapen hartzailea lagatzailearen ondorengo izanen da nekazaritza ustiategiaren titular gisa edo bere kontu hartuko du ustiategi hori osorik edo partez.

b) Ustiategian jarduera nagusi gisa nekazaritzan aritzea eskualdatu denetik gutxienez bost urtez eta, epe gutxieneko horretan, lagatzailearen lurren jabetza ez eskualdatu eta ez alokatu, apartzerian eman edo nola ere den inori uztea.

c) Epe horretan ez eskualdatzea lagatzaileak laguntza hartzeko erabili zituen produkzio eskubide edo kuotak, delako laguntza ez badago azalera eskualdaketarekin lotua.

d) Ustiategia eskualdaturik hartuta lehenbizikoz bere gain hasten den nekazari gaztearen kasuan, hasi eta hurrengo hiru urteetan onartzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emanen dion tutoretza teknikoa. Departamentu horrek tutore bana egotziko die nekazari gazteei.

6. artikulua . Langileen eginbeharrak.

Laguntza hartzaile izateko, langileak behin betiko utzi beharko du nekazaritza jarduera oro eta laguntza eskatzen duen denboran honako baldintzak bete:

a) Gutxienez berrogeita hamabost urte izatea eta hirurogeita bost urte baino gutxiago.

b) Lana utzi aurreko bost urteetan gutxienez bere lan denboraren erdia nekazaritzan emana izatea, dela familiako langile gisa dela soldatadun gisa.

c) Gizarte Segurantzan alta hartuta egotea eta hirurogeita bost urte betetzean gutxienez hamabost urteko kotizazioa osatzeko moduko epean bertan kotizatutakoa izatea. Horietatik azken bost urteek jarraikoak beharko dute. Pagatu gabeko kotizaziorik ez izatea eta bere eginbehar fiskalak bete dituela frogatzea.

d) Lagatzailearen ustiategian lanaldi osoan lan egitea eta hori gutxienez lanaldi osoko bi urte adinako denboran azken lau urteetan.

7. artikulua . Eskualdaketaren baldintzak.

1. Lagatzaileak bere ustiategiaren nekazaritza partea eskualdatu beharko dio lagapen hartzaileari. Zilegi izanen da arbol plantazioetako azalera ez kontatzea ustiategiaren nekazaritza azaleran.

2. Laguntzak hartu ahal izateko, lagatzaileak gutxienez sei hektarea tipo eskualdatu beharko dizkie lagapen hartzaileei. Lagatzaileak horrenbesteko azalerarik izan ez baina ustiategiko azienda eta kasuko produkzio eskubide edo kuotak eskualdatzen ahal baditu, -betiere eskubide-kuota horiek erabiltzen ari bada-, zilegi izanen du laguntzak hartzea, betiere osorik eskualdatzen baditu eta, sei hektarea tipo adinako multzora iristen bada, eskualdatzen diren eskubide-kuotak kontaturik. Eskubide-kuotak hektarea tipotara bihurtzeko bidea Foru Dekretu honetako eranskinak zehazten du.

3. Ustiategiaren erregimena zein den (jabetza, alokairua, apartzeria edo antzekorik) honela eginen da ustiategia eskualdatu:

a) Lagatzaileak bere duen azalera jabetzan edo alokairuan eta gutxienez hamar urtetarako eskualdatuko da, non eta artikulu honetako 1. zenbakiko salbu-kasua gertatzen ez den.

b) Lagatzailearena ez den ustiategi zatia jabetzan, alokairuan edo antzeko modu batean eskualdatzen bazaie jabea ez beste lagapen hartzaile batzuei, jabeak konpromiso hori hartzen duela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da. Bestela, lagatzaileak hautsi beharko ditu jabearekin dituen kontratuak eta ez du eskubiderik izanen Foru Dekretu honetako 8. artikuluan ezarri den hektareako prima lagapen hartzaile bati eskualdatzen ez dion ustiategi zatiagatik kobratzeko; hurrengo letran agintzen dena galarazi gabe.

c) Lagatzailea alokatzailea bada, zilegi izanen du jabeari lur librea eskualdatzea, betiere alokairua eten eta lagapen hartzaileari lotutako baldintzak betetzen badira eta bai Foru Dekretu honetan arautzen diren beste baldintzak.

d) Jabetzan egiten den eskualdaketa eskritura publikoan eginen da eta kasuko erregistroan erregistratuko. Alokairuan egiten den eskualdaketa Nafarroako Lur Alokairuen Erregistro Berezian eregistratuko da. Edozein kasutan, alokairu moduko eskualdaketa gutxienez hamar urtetarako eginen da, artikulu honetako 5. puntuan ezartzen dena ezertan galarazi gabe.

4. Ez dute eskubiderik izanen Foru Dekretu honetan ezartzen diren laguntzak hartzeko ezkontideen arteko eskualdaketek.

5. Lagatzailearen eta lagapen hartzailearen artean lehen edo bigarren graduko ahaidetasuna badago, jabetzan eskualdatu beharko da gutxienez lagatzailearen familiarenak diren hektarea tipoen ehuneko 60. Ustiategiko gainerako azalera zilegi izanen da gutxienez hamabost urteko alokairuan edo usufruktuan eskualdatzea.

6. Lagatzailearen ustiategian mahasti azalerarik badago edo mahatsa birlandatzeko eskubiderik, bai batzuk eta bai besteak kasuko erregistroetan inskribituko dira lagapen hartzailearen izenean.

7. Eskualdaketak hobetu beharko du lagapen hartzailearen ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa. Hori neurtzeko honako irizpideak erabiliko dira:

a) Lagapen hartzaileari azienda ustiategi bat eskualdatzean, ez bazaio lurrik eskualdatu edo eskualdatu zaiona lurra sei hektarea tipo baino gutxiagokoa bada, lagapen hartzailearen jatorrizko ustiategiak erreferentziako errentaren 100eko 35eko edo gehiagoko lan errenta bermatu beharko du UTAko.

b) Kasu guztietan, lagapen hartzailearen jatorrizkoa eta lagatzailearengandik hartzen duena batzearen ondoriozko ustiategiak gutxienez erreferentziako errentaren 100eko 35eko lan errenta sortu beharko du UTAko.

c) Aipatu errentagarritasuna iristeko bost urteko epea izanen da eskualdatzen den egunetik kontatuta eta bideragarritasun azterlan bat izanen du frogabide.

8. artikulua . Laguntzak.

1. Lagatzaileak honako dirulaguntzak hartzeko eskubidea izanen du bere ustiategia eskualdatzen duen egunetik aurrera:

a) Urteko prima bat, azalerari lotu gabekoa, 4.700 eurokoa (782.014 pezeta) eskualdatzearen egunetik lagatzaileak hirurogeita bost urte betetzen dituen arte. Urte osagabeak kontatzeko, kalkulatu prima zenbatekoa den eguneko (prima/365), eta egun kopuruaz biderkatuko da.

b) Urteko prima bat, hirurogeita bost urte bete arte, 143 eurokoa (23.793 pezeta) berrantolamendu beharreko hektarea tipo bakoitzeko. Azalera hori bi dezimalekin adieraziko da eta ez da 6.000 euro baino gehiagokoa izanen (998.316 pezeta). Lagatzaileak jabetzan eskualdatzen badu bere ustiategiko jabetzaren 100eko 10, hektarea tipo bakoitzeko prima hori 100eko 20 batean gehituko da jabetzan eskualdatutako azaleran.

c) Lagatzaile batek sei hektarea tipoko azalera gutxienekoa ez, baina azienda edo produkzio kuota edo eskubideak eskualdatzeko modua badu, harentzako dirulaguntzak azalerari lotu gabeko urteko primari dagozkionak izanen dira.

d) Ustiategia lagatzaile bat baino gehiagok lagatzen badute, osotarako laguntza lagatzaile batentzat ezarritako kopurura mugatuko da.

2. Nekazaritza jardueratik muga baino lehen gelditzen diren langileentzako laguntza izanen da urteroko 2.700 euroko kalteordaina (449.242 pezeta) hirurogeita bost urte bete arte. gehienez ere ustiategiko bi kalteordain emanen dira.

3. Hartzaileek eskubidea izanen dute laguntza horien zenbatekoa kobratzeko eskaera osorik bete eta ustiategia lagapen-hartzaile bati eskualdatu zaiola zertifikatzen denetik. Eskualdatze datatzat azken dokumentuarena hartuko da.

4. Laguntzak hilekotan pagatuko dira. Lehenbiziko pagua ustiategia lagapen-hartzaileei eskualdatu zaiela zertifikatu ondoren eginen da.

5. Laguntzen zenbatekoak urtero errebisatuko dira eta Gizarte Segurantzako sisteman jubilazio pentsio gutxienekoetarako ezartzen den balio-gehikuntza izanen dute.

6. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoek honako mugak izanen dituzte:

a) 15.000 euro (2.495.790 pezeta) lagatzaileko eta urteko.

b) 150.000 euro (24.957.900 pezeta) osotara lagatzaile bakoitzekio laguntza hartzen den epe guztirako.

c) 3.500 euro (582.351 pezeta) langileko eta urteko.

d) 35.000 euro (5.823.510 pezeta) langile bakoitzeko laguntza hartzen den epe guztirako.

7. Foru Dekretu honetan arautzen diren laguntzak hartzen diren epean, hartzaileen egoera Gizarte Segurantzan tokatzen zaien erregimenean alta emanda baleude bezalakoa izanen da eta beraz kotizatu beharra izanen dute.

9. artikulua . Eskaerak non eta nola aurkeztu eta tramitatu.

1. Foru Dekretu honetan aurreikusten diren laguntzen eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira eta bai hark tramitatu eta ebatziko ere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2000ko maiatzaren 15eko Foru Aginduaren arabera (ezartzen du FEOGAren bermearen atalak kofinantzatutako laguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak herri txikien garapenari buruzko araudiaren arabera).

Halaber, zilegi izanen da eskaerak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak aipatzen dituenetako edozein erregistrotan aurkeztea (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

2. Zilegi izanen da eskaerak kasuko aurrekontu ekitaldiak irauten duen guztian aurkeztea.

3. Laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hartarako ematen dituen inprimakietan eginen dira. Bertan zehaztuko da kasuan kasuan zer dokumentu aurkeztu behar diren eskaerarekin.

Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko dokumentuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak zehaztuko ditu.

4. Eskaera batek ez baditu betetzen eskatu baldintzak edo dokumentuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak interesatuari luzeenez hilabeteko epean zuzen dezala eskatu eta adieraziko dio horrela egin ezean ulertuko dela bertan behera utzi duela eskaera eta gehiagoko tramiterik gabe artxibatuko da espedientea.

5. Bi hilabeteko luzenezko epea izanen du (eskaerak behar diren baldintza eta dokumentu guztiak bere dituen egunetik kontatuta) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak lagatzaileari aditzera emateko eskatu baldintzak guztiak betetzen dituela eta beraz zilegi duela bere ustiategia eskualdatzea, aurretiazko baldintza baita administrazioak laguntza emateko ebazpena hartzeko:.

6. Laguntza emateari buruz Administrazioak hartzen duen ebazpena jakinarazteko luzenezko epea hiru hilabetekoa izanen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ustiategia eskualdatu dela ziur jakiten duen egunetik kontatuta.

7. Artikulu honetako 5 eta 6. zenbakiek aipatzen dituzten epeak iragan eta Administrazioak bere ebazpena aditzera eman edo jakinarazi ez badu, interesatuak zilegi izanen du eskaera ukatu zaiola ulertzea.

8. Eskatzaile bati laguntza eman eta hark orduan hartzeko interesik ez badu, idatziz aditzera eman beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari uko egiten diola laguntzari, laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaionetik kontatuta. Hala egin ezean, ulertuko da hartzaileak onartzen dituela eskatutako laguntza guztiak.

10. artikulua . Bateraezinak.

1. Foru Dekretu honetan ezartzen diren laguntzak hartzea ez da zilegi izanen baldin eta hartzaile-nahia jubilazioko pentsionista bada edo elbarritasun iraunkor osoa badu Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan edo partez nahiz osorik fondo publikoekin finantzatzen den edozein aurreikuspen sistematan, salbu eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko dirulaguntza jaso dezaketen pentsio planak.

Lan ezgaitasun iragankorra, behin-behineko elbarritasuna, elbarritasun osoa edo Gizarte Segurantzatik epez epeko prestazioak hartzen ahal diren beste egoeretan, prestazio horiek kendu eginen dira interesatuari ematen zaizkion muga baino lehen gelditzeko laguntzetatik.

2. Nekazaritzatik muga baino lehen gelditzeko laguntzak ezin baterako dira nekazaritza jarduerarentzako beste inolako laguntza publikorekin.

11. artikulua . Kontrolak eta ikuskapenak.

1. Lagatzaileak aurkezten dituen deklarazioak eta dokumentuak egiazkoak diren konprobatzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du Batasunaren zenbait laguntza-erregimen kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuko datu base informatikoa erabiltzea (Kontseiluaren azaroaren 27ko 3508/1992 (EB) Erregelamenduak ezarri zuen sistema hori).

2. Foru Dekretu honetan ezarri diren laguntzen hartzaileak eta bai lagatzaileak ere, beharturik daude bide ematera, bai eta ustiategian bertan ere, ikuskapena egin dakien eskatu baldintzak eta hartutako konpromisoak betetzen dituztela konprobatzeko. Ildo horretatik, laguntza eskaerari dokumentu bat erantsi beharko zaio bai lagatzaileak nola lagapen-hartzaileak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari baimena emateko laguntza emateko hartu diren konpromisoek irauten duten aldiko beren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urteroko aitorpenak eskuratzeko.

12. artikulua . Itzulketak, arauhausteak eta zehapenak.

1. Foru Dekretu honetan aurreikusten diren laguntzei buruzko itzulketak, arau-hausteak eta administrazio zehapenak gobernatzeko, Batasunaren araudiek horri buruz agintzen dutena gorabehera, ekainaren 9ko Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako Administrazioaren dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21, 27, 28 eta 30. artikuluek agintzen dutena hartuko da aintzat (ezartzen du zer araubide orokor izanen den Nafarroako Foru Komunitate Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko).

2. Halaber, eta Batasunaren araudiekin bat, frogatzen bada deklarazio oker bat utzikeria larriaren ondorioz egin dela, kasuko hartzaileak debeku izanen du inolako landa garapenerako laguntzarik hartzea, maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduko kapitulu kasukoak urte natural hartarako aurreikusten dituenetarik. Deklarazio okerra jakinaren gainean egina bada, debekuak bigarren urtean ere iraunen dio laguntza hartzaileari.

3. Arau hausteak finkatzeko eta zehapenak ezartzeko Administrazioak erabiltzen duen prozedurak abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuak agintzen duena hartuko du aintzat (onesten du nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien arloetan zehapenak ezartzeko administrazio prozedura).

13. artikulua . Informazioaren altxaera.

Jatorriz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak altxatuko du eskuratu behar duen informazioa, jarraipen, ebaluazio eta kontrol eginkizunei buruz Europako Batasunak eskatzen dituenak bete ahal izateko, eta bidaliko dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari Batasun-Instituzioenganako eginbeharrak kunplitzeko behar duen informazioa.

Xedapen Gehigarriak Lehenbizikoa

Foru Dekretu hau ezartzeak sortzen dituen gastuak honako dirusailetik berdinduko dira: Nafarroako 2000. eta hurrengo urteetarako aurrekontu orokorren 10001-71230-4809-7171, "Muga baino lehenagoko jubilazioa. PACaren erreforma" (FEOGA.G), 97056 lerroa.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Foru Dekretu hau ezartzeko ematen diren egintzen kontra, zilegi izanen da hilabeteko epean gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, helegitea jarri zaion egintza jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Xedapen Iragankorrak Lehenbizikoa

Urriaren 1eko 301/1993 Foru Dekretupean sartu ziren eta 2000ko urtarrilaren 1ean ebazkizun zeuden eskaerak Foru Dekretu honen arabera tramitatuko dira, betiere baldin bertan agintzen direnen eta Nafarroako Nekazari Giroa Garatzeko 2000-2006 Programak aurreikusten dituenen araberakoak badira.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena

2000ko urtarrilaren 1 baino lehen urriaren 1eko 301/1993 Foru Dekretupean aurkeztu ziren eta 2000ko urtarrilaren 1ean ebazkizun zeuden eskaerak, Foru Dekretu honek agintzen dituenen araberakoak ezbadira, zilegi izanen da aurreko dekretuaren arabera ebaztea.

Xedapen Iragankorrak Hirugarrena

Eskatzaile bati urriaren 1eko 301/1993 Foru Dekretupean nekazaritzatik gelditzeko laguntzak eman bazaizkio, segituko du laguntza horiek hartzen, Foru Dekretu hartan agintzen denarekin bat.

Xedapen Indargabetzailea

Indargabetzen dira urriaren 1eko 301/1993 Foru Dekretua (arautzen du nekazaritzatik muga baino lehen jubilatzeko Batasun erregimena) eta haren ondorengo aldaketak, irailaren 5eko 158/1994, ekainaren 17ko 248/1996 eta ekainaren 21ko 199/1997 Foru Dekretuetan ageri direnak, eta bai Foru Dekretu honetan agintzen denari kontra egiten dioten xedapen maila bereko edo apalagoko guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean indar hartuko du; haren ondorioak, ordea, 2000ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izanen dira.

Bi milako ekainaren hemeretzian.-Nafarroako Gobernuaren lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

ERANSKINA. Baliokidetza taula

ERANSKINA

a) Hektareen baliokidetza taula

Urezta-lurreko hektarea 2,00 2,00 2,00 2,00 2,00 2,00 2,00

Lehor-lurreko hektarea 1,00 0,67 0,53 0,43 0,33 0,22 0,17

Lehor-lurreko belarsoro naturaleko hektarea 1,00 0,75 - - - - -

Larre hezeko hektarea 0,35 0,35 0,35 0,35 - - -

Larre hektarea - - - - 0,08 0,08 0,08

Patata ereiteko lehor-lurreko hektarea - 2,00 - 2,00 - - -

Lehor-lurreko esparrago hektarea - - 2,00 2,00 2,00 2,00 2,00

Lehor lurreko mahasti hektarea

Nafarroako jatorri izendapena - - 1,50 1,50 1,50 1,50 1,50

Lehor lurreko mahasti hektarea

Errioxako jatorri izendapena - - - 2,00 - 2,00 -

b) Esne kuota eta azienda primarako eskubideak eskualdatzeko balikidetzen taula.

Hektarea-tipo 1 = esne kuotako 9.000 litro

Hektarea-tipo 1 = aretze hazteko behien 2,5 eskubide

Hektarea-tipo 1 = ardi aziendarako 40 eskubide (haragitarako).

Hektarea-tipo 1 = ardi aziendarako 25 eskubide (esnetarako)

Iragarkiaren kodea: A0006

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web