(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

207/1996 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 13KOA, IRUÑERRIKO ESKUALDEKO HIRIGINTZA ARAUEN LURRALDE EREMUA ETA HORREN JARRAIPEN BATZORDEAREN OSAKETA ZEHAZTEN DITUENA.

BON N.º 64 - 27/05/1996



Atariko

Nafarroako Gobernuak, martxoaren 29ko 103/1988 Foru Dekretuaren bitartez, erabaki zuen Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauak egitea, Lurraldearen Antolamenduari buruzko azaroaren 11ko 12/1986 Foru Legean ezarritako moduan. Haren 2. artikuluan zehaztu zen Arauen behin-behineko lurralde eremua eta 3. artikuluan Jarraipen Batzordearen osaketa.

Geroztik, ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legearen hogeita laugarren Xedapen Gehigarriaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu zitzaion Eskualdeko Hirigintza Arau hauek formulatzera daramaten erabaki administratiboak har zitzala. Parlamentuaren agindu hura betetzearren, zenbait egintza administratibo diktatu ziren Arauen erredakzioa kontratatzeko eta, otsailaren 8ko 118/1994 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñerriko toki entitateek Jarraipen Batzordean izanen zituzten ordezkariak hautatu ziren.

Azkenik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak Eskualdeko Hirigintza Arauak erregulatzen ditu, lurraldea antolatzeko lanabes gisa, baina Lurraldearen Antolamenduari buruzko azaroaren 11ko 12/1986 Foru Legeak finkatutako edukiak hein batean aldatuz eta horiek prestatzeko prozesu administratiboa erraztuz.

Martxoaren 29ko 103/1988 Foru Dekretuaz geroztik iragan den denboran hirigintza ekintza garrantzitsuak burutu dira, lurraldearen egitura orokorra eta organikoa ukitu dutenak; estatuaren eta foru komunitatearen esparruan hirigintzaz eta lurraldearen antolamenduaz arau berriak eman dira, eta Iruñerriko zenbait udalerriren hirigintza planeamenduak onetsi dira. Gora-behera horiek guztiek martxoaren 29ko 103/1988 Foru Dekretua eguneratzea eskatzen dute, Eskualdeko Hirigintza Arauen lurralde eremua birdefinitzeko eta Jarraipen Batzordearen osaketa zabaltzeko, Toki Entitateei esku gehiago eman nahi zaielako.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamahiruko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauak prestatu eta onetsiko dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean aurreikusiten den bezalaxe.

2. artikulua

Eskualdeko Hirigintza Arauen lurralde eremua udalerri hauek osatzen dute: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Biurrun-Olkotz, Burlata, Ziritza, Zizur, Etxarri, Etxauri, Eguesibar, Elortzibar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Itza, Xulapain, Oltza, Ollaran, Orkoien, Iruña, Tiebas-Muru Artederreta, Bidaurreta, Atarrabia, Zabaltza eta Zizur Nagusia.

3. artikulua

1. Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauen Jarraipen Batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Inagurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bost ordezkari, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hautatuak.

c) Hiru ordezkari Iruñeko Udalekoak eta ordezkari bana Eskualdeko Hirigintza Arauen lurralde eremua osatzen duten udalerrietatik, bigarren artikuluan zehazten den bezala, udal bakoitzeko osoko bilkuran hautatuak.

2. Batzordeburuak beste pertsonen laguntza eska dezake, komenigarria baldin bada jorratu behar diren gaiez duten ezagutzagatik. Laguntzaile horiek hizpidea izanen dute baina botorik ez batzordearen bilkuretan.

4. artikulua

1. Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu Eskualdeko Hirigintza Arauen prestaketan:

a) Eskualdeko Hirigintza Arauen prestaketan garatu behar den estrategia orokorra planteatzea.

b) Eskualdeko Hirigintza Arauen bidez lortu behar diren helburuak zehaztea, orokorrean, lurraldeka eta sektoreka.

c) Eskualdeko Hirigintza Arauen dokumentuari buruzko txostena egitea Nafarroako Gobernuak hasiera batean onetsi baino lehen.

d) Hasierako onespenaren inguruan eta, hala bada, sar daitezkeen funtsezko aldaketen gainean, jendaurreko aldian eta entzutea emateko epean izandako alegazioei buruzko txostena egitea.

2. Jarraipen Batzordeak Eskualdeko Hirigintza Arauen erredakzio prozesuarekin batera eginkizun hauek bete behar ditu:

a) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 60. artikuluan aipatzen den lizentzien suspentsioari buruz aldez aurretik txostena egitea.

b) Funtzionamendurako bere arauak onestea.

c) Lehentasunezko ekintzak izan daitezkeen iharduketak formulatzea eta igortzea entitate eskudunei.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen da martxoaren 29ko 103/1988 Foru Dekretua, Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauen eraketari buruzkoa.

Azken Xedapenak Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari esku ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Otano Cid.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier del Castillo Bandrés.

Iragarkiaren kodea: A9604050

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web