(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

202/2002 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 23KOA, ESTABLEZIMENDU, IKUSKIZUN PUBLIKO ETA JOSTETA JARDUEREN KATALOGOA ONETSI ETA ENPRESA ETA LOKALEN ERREGISTROAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 138 - 15/11/2002



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. ESTABLEZIMENDU, IKUSKIZUN PUBLIKO ETA JOSTETA JARDUEREN KATALOGOA

  LEHEN ATALA. ESTABLEZIMENDU PUBLIKOAK

  BIGARREN ATALA. IKUSKIZUN PUBLIKOAK ETA JOSTETA JARDUERAK

  HIRUGARREN ATALA. ARAU OROKORRAK.


  III. KAPITULUA. ENPRESA ETA LOKALEN ERREGISTROA


  I. ERANSKINA. ENPRESAREN FITXA Nota de Vigencia


  .


  II. ERANSKINA. Lokalaren Fitxa Nota de Vigencia


Atariko

Ekainaren 8ko 131/1989 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 2. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Onetsi zenetik denbora asko joan da, dugun errealitate soziala duguna da eta zenbait sektoretan sortutako problematikari erantzun behar zaio; horregatik beste Foru Dekretu bat prestatu beharra, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa arautuko duena, baita haietarako erabiltzen diren lokal eta establezimendu publiko guztiena ere.

Hortaz, Foru Dekretu honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, lokalak antolatu eta sektorean kokatzea haietan egiten diren jardueren arabera eta, bestetik, gizarteak eta enpresek eskatzen dituzten jarduera berriak arautzea.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko irailaren 3ko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko txostena eman zuen, haren edukia ordenamendu juridikoari lotzen zitzaiola iritzita.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko irailaren hogeita hiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Helburua eta eremua.

1. Foru Dekretu honen helburua da establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzea, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak (abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak aldatua) ezarritako esparruan.

2. Foru Dekretu hau jendaurreko ikuskizun publiko eta josteta jarduerei aplikatuko zaie, baita haietarako erabiltzen diren establezimenduei ere, baldin eta oso-osorik Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten badira, alde batera utzita titularitate publiko edo pribatukoak diren, irabazi asmorik duten eta ohikoak edo noizbehinkakoak diren.

2. artikulua . Definizioak.

Foru Dekretu honentzat:

a) "Girotze musikala" esaten zaio musika jartzeari, seinalea edozein transmisio tresnatatik hartuta, edo edozein grabazio euskarritik erreproduzituta, baina musikariek bertan emanaldirik egin gabe.

b) "Amenizazio musikala" esaten zaie zuzeneko musika emanaldiei edo kantaldiei, baldin eta jarduera osagarriak badira, agertokietan egiten ez badira eta arizaleen publizitaterik ez badute.

c) "Dantzatokia" esaten zaio horretarako mugatu eta erabiltzen den eremuari, eraikuntzako oztoporik edo altzaririk gabea eta gutxienez 5 metroko diametroko zirkulua sartzeko adinako neurriak dituena.

d) "Edari zerbitzua" esaten zaio ikuskizunera edo josteta jarduerara etorritako jendearentzat baino ez den zerbitzu osagarriari, baldin eta sukalderik edo jatetxeko tresna edo instalaziorik ez badu, horietarako lokalak ke bidea behar baitu.

II. KAPITULUA. ESTABLEZIMENDU, IKUSKIZUN PUBLIKO ETA JOSTETA JARDUEREN KATALOGOA

LEHEN ATALA. ESTABLEZIMENDU PUBLIKOAK

3. artikulua . Kontzeptua.

Foru Dekretu honentzat, establezimendu publikoak dira jendearentzako ikuskizun eta josteta jarduerak egiteko erabiltzen diren eraikin, lokal eta instalazio guztiak. Ondoko artikuluetan bildutako definizioek ez dute ukatzen Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean sektore bakoitzean aplikatzekoa den araudian ezarritakoa.

4. artikulua . Tabernak.

1. Mostradorean edateko, uneoro edariak zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira. Orobat, mahaietan, lokal barrenean edo aldez aurretik baimenduta dauden terrazetan, zerbitzatzen ahal dira.

2. Aurreko ataleko kontsumo baldintza beretan, jatetxearen jarduera ere egiten ahal dute, pintxoak, ogitartekoak eta platera hotz edo beroak zerbitzatuz.

3. Lokal horiek musikaz girotu daitezke, barrenean gehienez ere 75 dbA-ko hots-maila badute.

5. artikulua . Kafetegiak.

1. Sektoreko araudian ezarritakoaren arabera, uneoro infusioak, zukuak, izozkiak, opilak, pastelak, orotariko edariak, baita pintxoak, ogitartekoak eta otorduak ere zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira, baldin eta lokalaren barrenean edo aldez aurretik baimendutako terrazetan egiten bada haien kontsumoa.

2. Lokal horiek musikaz girotu daitezke, barrenean gehienez ere 75 dbA-ko hots-maila badute.

6. artikulua . Jatetxeak.

1. Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, horretarako prestatu eta aldez aurretik baimenduta dauden jantokietan edo terrazetan edozein otordu zerbitzatzen espezializatutako establezimenduak dira.

2. Lokal horiek musikaz girotu daitezke, baita amenizatu ere, barrenean gehienez ere 75 dbA-ko hots-maila badute.

3. Banketeak direla eta, salbuespen gisa, zuzeneko musika emanaldiak egiten ahal dira jatetxeetan, baldin eta Udalaren baimena badute.

7. artikulua . Taberna bereziak.

1. Giro musikal baten barrenean edariak eta konbinatuak ematen espezializatutako establezimenduak dira. Gainera, tabernari dagokion jatetxe lana egiten ahal dute.

2. Lokal horiek musikaz girotu daitezke, baita amenizatu ere, barrenean gehienez ere 90 dbA-ko hots-maila badute.

3. Jendea departamentu edo atari estanko batetik sartuko da. Absortzio akustikoa eta ate bikoitza, itxiera automatikoduna, izanen du atari horrek.

4. Lokalak presio akustikoaren kontrolagailu bat izanen du instalatua, uneoro barrenean behar den gehieneko hots-maila gainditu ez dadin eta giro musikaletik datozen hots-emisioaren mailen erregistroa bermatzeko.

5. Ez da inoiz agertokirik izanen, ezta dantzarako mugatutako lekurik ere.

8. artikulua . Ikuskizunetarako kafetegiak.

1. Jendeari zuzenean musika, antzerki eta barietateetako emanaldiak eskaintzen espezializatutako establezimenduak dira, baina tabernari dagozkion jarduerak ere egiten ahal dira.

2. Lokalaren barrenean bakarrik eginen dute beren jarduera.

3. Jendea departamentu estanko batetik sartuko da. Absortzio akustikoa eta ate bikoitza, itxiera automatikoduna, izanen du departamentu horrek.

Lokalak eserlekuak eta mahaiak izanen ditu jendearentzat, baita agertokia eta kamerinoa ere.

Lokalak gutxienez 50 metro karratu erabilgarri izanen ditu jendearentzat, barrak, komunek, biltegiek, agertokiak eta kamerinoak hartzen dutenaz gain.

Ez da inoiz mugatutako lekurik izanen dantzarako.

4. Zuzeneko emanaldiez gain, girotze musikala izaten ahal da lokal hauetan. Betiere, barreneko hots-maila 90 dbA-koa izanen da, gehienez ere.

5. Lokalak presio akustikoaren kontrolagailu bat izanen du instalatua, uneoro barrenean behar den gehieneko hots-maila gainditu ez dadin eta giro musikaletik datozen hots-emisioaren mailen erregistroa bermatzeko.

9. artikulua Diskotekak, Dantzalekuak.

1. Jendeari dantza eskaintzen dioten lokalak dira; horretarako, dantzatoki bat edo gehiago izan beharko dituzte. Gainera, musika emanaldiak edo barietateetakoak eskaintzen ahal dituzte.

2. Lokal hauetan, zuzeneko emanaldiak eginen dira edo erreprodukzio mekaniko edo elektronikoa baliatuko da musika eskaintzeko, edo bi sistemak txandaka.

3. Zuzeneko emanaldiak eskaini ahal izateko, agertokia eta kamerinoa izan beharko dituzte.

4. Jarduera honetarako baimena emateko, eraikinak etxebizitzarako ez den beste egitura bat izan beharko du.

5. Gainera, bezeroendako soilik, taberna zerbitzua izaten ahal du eta tabernari dagokion jatetxe jarduera eskaini.

10. artikulua . Gazteentzako diskotekak.

1. Aurreko artikuluan aurreikusitako lizentziaren jabe izanik, erregelamendu baten araberako ordutegian, 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat diharduten lokalak dira, edari alkoholikoen eta tabakoaren salmenta eta kontsumoa debekatuta dituztela. Orobat, debekatua dute edari alkoholikoak edo tabakoa gorde edo erakustea, jendeak ikusi eta erakusteko moduan.

2. Saioetan, establezimenduaren sarreran eta argi ikusteko moduan idatzita, honako hau zehaztuko da karteletan:"Gazteentzako saioa", "Debekatuta daude tabakoaren eta edozein edari alkoholdunen salmenta eta kontsumoa".

11. artikulua . Ziberzentroak.

Diru kopuru bat ordainduta, denbora jakin baterako ordenagailu pertsonalak eta komunikazio teknologikoaren tresnak eskaintzen dituzten lokalak dira, haien aplikazioak erabiltzeko edo dituzten informazio, komunikazio, aisia edo josteta-jokoen zerbitzuetan sartzeko, bai bakarrik bai haien artean edo kanpoko sare batean konektaturik, sektoreko araudian ezarritako baldintzetan.

12. artikulua . Josteta aretoak.

Sektoreko araudian ezarritako baldintzetan, josteta jokoetarako propio erabiltzen diren lokalak dira.

13. artikulua . Joko aretoak.

Sektoreko araudian ezarritako baldintzetan, joko makinetarako propio erabiltzen diren lokalak dira.

14. artikulua . Bingo aretoak.

Sektoreko araudian ezarritako baldintzetan, bingo jokorako propio erabiltzen diren lokalak dira.

15. artikulua . Antzokiak.

Antzezpen dramatikoaren artean edo, oro har, arte eszenikoetan oinarritutako ikuskizun publikoak egiteko prestatuta dauden eraikin edo lokalak dira. Agertokia eta kamerinoak, eserlekuak eta bestelako zerbitzu eta instalazioak izaten dituzte.

16. artikulua . Auditorioak.

Ikuskizun publikoak, hala nola kontzertuak, errezitalak, mintzaldiak, elkarrizketak, jendaurreko irakurketak eta abar egiteko, gutxienez areto bat prestatuta duten eraikin edo lokalak dira; horretarako, agertokia eta lokal osagarriak, kamerinoak, eserlekuak eta bestelako zerbitzu eta instalazioak izaten dituzte.

17. artikulua . Zinemak.

Bakar-bakarrik pantaila batean film zinematografikoak proiektatzeko prestatuta dauden aretoak dira, edozein dela ere erabilitzen den prozedura teknikoa.

18. artikulua . Bideoak erakusteko lokalak.

Banakako kabinetan edo antzeko sistemetan bideo filmak erakusteko erabiltzen diren lokalak dira.

19. artikulua . Hitzaldi eta erakusketa aretoak.

Lokal itxiak dira, jarduera hauetarako bakarrik erabiltzen direnak: ikastaroak emateko; errezitalak, mintzaldiak, mahai-inguruak, eztabaida eta elkarrizketak, irakurketa publikoak edo bilerak eta eskultura, pintura, argazki, liburu edo bestelako objektu higigarrien erakusketak egiteko.

20. artikulua . Kirol instalazioak.

Kirol jardueretan, josteta nahiz lehiaketa helburuekin, aritzeko prestatutako leku eta lokalak dira. Honela sailkatzen dira:

a) Estadioak: ikusleentzako mailadia, pabiloiak eta instalazio gehigarriak dituzten barruti estali gabeak, kiro jardueretan aritzeko.

b) Kirol zelaiak eta pistak: jokaleku edo eremu mugatuak, eserleku eta beste instalazioekin, kirolaren hainbat modalitatetan jardun eta lehiatzeko prestatuak.

c) Kirolguneak: eremu mugatuak pabiloi, zelai, pista, mailadi eta instalazio eta hainbat zerbitzurekin, aisiarako eta kirola egiteko prestatuak, baita kirol lehiaketarako ere, tarteka.

d) Kiroldegiak: guztiz estalitako eraikin eta instalazioak, jendearentzako mailadiarekin edo gabe, hainbat kirol egiteko eta lehiatzeko.

e) Gimnasioak: estalitako lokakak, instalazio eta aparatu egokiez hornituak, erabiltzaileek ariketa bidez prestakuntza fisikoa lor dezaten.

f) Igerilekuak: eraikin edo barruti estaliak nahiz estali gabeak, harmailekin edo gabe, gutxienez igerileku bat dutenak beren espazio eta instalazioetan, jostetan, igerian eta igeriaren kirol modalitateetan aritzeko. Zentzu hertsian, igerilekua bera bakarrik ere bai.

g) Pilotalekuak: eraikin estali gabeak nahiz zati batean estaliak, baita eraikin edo pabiloi estaliak ere, jendearendako harmailekin edo gabe, gutxienez aurreko pareta dutenak eta, batzuetan, alde batekoa ere, baita kantxa eta kontrakantxa ere, euskal pilotan jokatu eta lehiatzeko.

h) Trinketeak: pilotaleku itxiak, kontrakantxa gabeak, ezkerreko eta eskuineko paretak dituztenak.

i) Kirol aretoak: araututako modalitateetan, birletan, billarean edo mahai-tenisean jokatu eta lehiatzeko prestatuta dauden lokakak, sektoreko araudian ezarritako baldintzetan.

j) Gune natural prestatuak: ingurune naturalean prestaturiko eremuak, kirol arautuan, lehiaketa ofizialak barne, edo asialdiko jardueretan aritzeko. Honakoak bereiziko dira:

-Beti balizatuta dauden eremuak.

-Aldian behin edo une jakin baterako prestatutako eremuak.

-Eremu libreak.

21. artikulua . Zezen plazak.

Sektoreko araudian ezarritako baldintzen arabera, zezenekin egiten diren ikuskuzinak eskaintzeko prestatuta dauden lokalak dira.

22. artikulua . Azokako pabiloiak.

Merkataritzako helburuekin, produktuak, landareak, animaliak edo zerbitzuak erakusteko erabiltzen diren eraikin, lokal edo instalazioak dira, estaliak izan edo ez.

23. artikulua . Jolasparkeak.

Barruti edo eremu mugatuak dira, elementu mekanikoen bidez (zaldiko-maldikoak, noriak, aisiako txoznak eta abar) orotariko jolasa eskaintzen dutenak, zerbitzu osagarriekin batera. Halaber, simulazio jokoetan eta parte-hartze kolektibokoetan aritzeko prestatuta dauden establezimendu edo eremu mugatuak sartzen dira sail honetan.

24. artikulua . Haurren parkeak.

Beti haurrak jostatzeko eta horretarako bakarrik erabiltzen diren establezimendu edo barrutiak dira. Helburu horrekin, jolasak eta zabuak edo beste edozein egitura mekaniko izaten dute instalaturik.

25. artikulua . Zirkuak.

Eraikin edo eraikuntza finkoak nahiz desmuntatzen direnak, harmailekin ikusleentzat, pista bat edo gehiago dituztenak, haietan malabaristak, orekariak, pailazoak eta abar aritzeko, elementu mekanikoekin (trapezioak, kableak eta abar) edo gabe. Animaliek ere hartzen ahal dute parte.

26. artikulua . Parke zoologikoak eta safariparkeak.

Animalia biziak erakusteko erabiltzen diren eremu edo barrutiak dira.

BIGARREN ATALA. IKUSKIZUN PUBLIKOAK ETA JOSTETA JARDUERAK

27. artikulua . Ikuskizun publikoak.

1. Horrela esaten zaie arte, kirol edo kultura arloko jarduerak, antzezpenak edo erakusketak ikusteko jendea biltzen duten ekitaldi antolatu guztiei.

2. Aipatzeko helburuarekin baino ez, honako hauek sartzen dira:

a) Zezen ikuskizunak.

b) Kirol lehiaketak.

c) Zinema erakusketak.

d) Antzerki saioak.

e) Jaialdi eta kontzertuak.

f) Zirkuko ikuskizunak.

g) Dantza eta barietateak.

h) Arte, kultura edo folkloreko antzezpen edo erakusketak.

i) Desfileak eta erromeriak.

28. artikulua . Josteta jarduerak.

1. Josteta jardueratzat hartzeko, enpresa batek publikoari eskaini behar dizkio, dibertitzeko edo aisialdia pasatzeko helburuekin, bere lokalak edo instalazioak, bere zerbitzuen erabilera edo enpresak berak antolaturiko ekitaldietan parte hartzea.

2. Aipatzeko helburuarekin baino ez, honako hauek sartzen dira:

a) Dantzak.

b) Gaueko jaiak eta antzekoak.

c) Feria-jostetak.

d) Animalia bizien erakusketak.

e) Mintzaldi eta kongresuak.

f) Arte eta kulturako erakusketak.

g) Ostalaritza, bere kategoria guztietan.

h) Josteta helburuko kirol jarduerak.

i) Josteta eta zori jokoak.

HIRUGARREN ATALA. ARAU OROKORRAK.

29. artikulua . Lizentziak.

1. Ez da jende ororentzat den ikuskizun publiko eta josteta jarduerarik eginen eraikin, lokal edo instalazio batean aldez aurretik udalaren lizentzia eskuratu gabe.

2. Behin-behineko instalazioetan, tokiz aldatu edo desmuntatzen direnetan ikuskizun edo josteta jarduerarik antolatzeko, lizentzia berezia beharko da, segurtasun baldintza egokiak betetzen direla frogatu ondoren eskuratuko dena.

30. artikulua . Jarduera iraunkorrak.

1. Udalek ikuskizun publiko edo josteta jardueretarako lokalei ematen dizkieten jarduera eta irekitze lizentzietan, zehazki adierazi beharko da zer jardueratarako diren, katalogoan ezarritako definizioei jarraituz; orobat, lokalaren gehieneko edukiera.

2. Lokal bat katalogoan bereizirik definituriko jarduera batzuetarako erabili nahi denean, lizentzietan jarduera horiek guztiak adieraziko dira. Halako kasuetan, jarduerek bateragarri izan beharko dute; halakotzat hartuko dira ixteko ordutegia, dotazioak edo sartzeko baimenduta dagoen publikoa dela eta elkarren ezberdinak ez direnak; salbuespen bakarrak izanen dira foru dekretu honetako 10. artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoak edo jarduerei kasuan kasu aplikatzekoak zaizkien arauetan ezarritakoak. Lokalak erabilera bereiziko leku bat baino gehiago edukiz gero, horietako bakoitzaren aforoa adierazi beharko da Nota de Vigencia.

3. Artikulu honetan aipatu lizentziak eskuratuta, ez da libratuko aplikatu behar zaion araudi berariazkoan ezarritako baimenak eskuratu behar izatetik.

31. artikulua . Jarduera bereziak Nota de Vigencia.

1. Jarduera baterako baimena duen lokal baten enpresa titularrak bestelako jarduera bat, ohiz kanpo, egin nahi badu lokalean, betiere bateragarria bada eta katalogoan badago, udal eskudunari aldez aurretik baimen berezia eskatu beharko dio, eta bera lortu, eskaerari memoria deskriptibo bat erantsita jarduerari eta bera garatzeko behar diren instalazio eta bestelako baliabideei buruz. Eskaera hori jarduera hasi baino hamabost egun lehenago, gutxienez, aurkeztu beharko da.

2. Jarduera berria egiteak eragin nabarmena badu establezimenduaren egoeran (segurtasunari, osasungarritasunari nahiz besteei sortutako eragozpenei dagokienez), udalak eskatzaileari eskatuko dio teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkez dezala, lokalaren egoera eta, halakorik bada, jarduera egiteko hartu diren beharrezko neurri zuzentzaileak egokiak direla justifikatzen duena.

Lizentzia duen lokal batean jarduera berri bat egiteak izan dezakeen eragina zehazte aldera, ulertuko da haren egoeran eragin nabarmena duela honako hauek gertatzen direnean, besteak beste: okupazioa edo bere banaketa aldatzen bada, ebakuazio elementuei dagokienez, eta/edo sortzen diren zaraten edo bibrazioen maila handitzen bada.

3. Baimena interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraziko zaie, jarduera hasi baino bi egun natural lehenago, gutxienez. Baimenean bere indarraldia agertuko da. Urte berean eskaera berriro egiten bada, udalak ezezkoa ematen ahalko dio.

III. KAPITULUA. ENPRESA ETA LOKALEN ERREGISTROA

32. artikulua . Antolaketa Nota de Vigencia.

1. Udalek ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistro bat izanen dute. Erregistro horrek bi atal izanen ditu:

a) Lehen atala. Ikuskizun publikoak edo josteta jarduerak antolatzen dituzten enpresak inskribatuko dira, jarduera egiteko lokal jakin bat ez badute.

b) Bigarren atala. Establezimendu publikoen katalogoan dauden lokalak inskribatuko dira.

2. Lehen atalean egiten diren idazpenetan datu hauek, gutxienez, agertuko dira:

a) Enpresa antolatzailearen identifikazioa, sozietatearen helbidea eta telefonoa.

b) Halakorik bada, bere legezko ordezkariaren identifikazioa, helbidea eta telefonoa.

c) Inskripzioa justifikatzen du(t)en jarduera zehatza(k).

3. Bigarren atalean egiten diren idazpenetan datu hauek, gutxienez, agertuko dira:

a) Establezimenduaren izen komertziala.

b) Jarduera(k) baimendua(k), establezimendu publikoen katalogoan jasotzen diren definizioen arabera.

c) Establezimenduaren helbidea, herria eta posta kodea.

d) Irekitzeko eta jarduera udal lizentziak noiz eman ziren.

e) Lokalaren azalera, gehieneko edukiera eta katastroko erreferentzia.

f) Irekitzeko lizentziaren enpresa titularraren identifikazioa, helbidea eta telefonoa eta, halakorik bada, bere legezko ordezkariarenak (edo ordezkarienak).

g) Establezimenduaren enpresa titularraren identifikazioa, helbidea eta telefonoa eta, halakorik bada, bere legezko ordezkariarenak (edo ordezkarienak). Foru dekretu honen ondorioetarako, establezimenduaren enpresa titulartzat hartuko da ikuskizuna edo josteta jarduera zuzenean antolatu eta publiko eta administrazioaren aurrean jarduera egitetik datozen erantzukizunak hartzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, irekitzeko lizentziaren titularra izan edo ez izan.

33. artikulua . Inskribatzeko prozedura Nota de Vigencia.

1. Udal eskudunak inskribatuko ditu enpresak lehen atalean, kasuan kasuko ikuskizun publikoa edo josteta jarduera egiteko baimen administratiboa eman ondoren.

2. Udal eskudunak ofizioz inskribatuko ditu establezimenduak bigarren atalean, irekitzeko dagokion udal lizentzia lortu ondoren.

3. Bi ataletako inskripzioak egiteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak horretarako prestatu dituen formulario elektronikoak erabiliko dira. Inskripzio horietan oinarrituta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistro orokor bat izanen du.

34. artikulua . Erregistroko datuak aldatu eta eguneratzea Nota de Vigencia.

1. Udalek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eguneratu beharko dute ikuskizun publiko eta josteta jardueren enpresa eta lokalen erregistroko informazioa.

2. Erregistroaren bigarren atalean inskribatuta dauden establezimenduen enpresa titularrek, erregistroaren ondorioetarako, udalari komunikatu beharko dizkiote aldaketak, foru dekretu honen 32. artikuluko 3. atalaren a), f) eta g) letretan aipatzen diren datuei dagokienez. Komunikazio hori hamabost eguneko epean egin beharko da, aldaketaren egunetik hasita.

35. artikulua . Epeak Nota de Vigencia.

32. artikuluan agertzen diren datuen aldaketak egiazko baimenaren ondoko hamabost eguneko epean inskribatuko dira. Aldatzen den datu bakarra izen komertziala edo establezimenduaren enpresa titularra bada, aipatu inskripzioa hamar eguneko epean eginen da, datu horiek enpresak udalari komunikatu zizkion egunetik hasita, erregistroa arautzen duen araudiarekin bat.

Xedapen Gehigarriak Lehenbizikoa

Sektoreko araudian ezartzen diren gainerako baldintzak ezertan ukatu gabe, Foru Dekretu honetako 11. etik 26.era bitarteko artikuluetan kontuan hartzen diren establezimenduak edari zerbitzua izaten ahal dute.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Foru Dekretu honetako II. Kapituluko Lehen Atalean kontuan hartzen diren establezimenduetako titularrek ez dute utziko edariak lokaletik edo baimendutako eremuetatik (terrazak) ateratzen, eta zehapena jartzen ahal zaie ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeko 24. artikulua hausteagatik.

Xedapen Gehigarriak Hirugarrena

1. Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean kafetegi-taberna gisa jarduteko lizentzia duten establezimenduak taberna bezala katalogatuko dira formalki, hurrengo atalean ezarritakoa ukatu gabe.

2. Udalek, interesatuek eskatuta eta Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatutakoan, Dekretu horrek indarra hartu aurretik emandako jarduera lizentziak definitu beharko dituzte berriro, jardueraren izena eta funtzionatzeko araubidea establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoko definizioekin egokitzeko, enpresa eta lokalen erregistroan inskriba daitezen.

3. Aurreko atalean aipatu bezala, berriro aztertu eta definitu ondoren, udalek Lokalari buruzko Fitxa berria beharko dute igorri Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura eta egindako aldaketa adierazi; emandako ebazpenaren kopia ere erantsiko dute.

Laugarren Xedapen Gehigarria Nota de Vigencia

Jatetxe eta taberna bereziko jarduerak establezimendu berean egin daitezke, baldin eta lokalak behar diren baimenak baditu eta jarduera horiek erabilera diferenteko tokietan egiten badira.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe geratzen da ikuskizun publikoen eta josteta jardueren katalogoa onetsi zuen ekainaren 8ko 131/1989 Foru Dekretua, maiatzaren 16ko 193/1991 Foru Dekretuak aldatutakoa, eta, oro har, Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehena

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

II. ERANSKINA. Lokalaren Fitxa Nota de Vigencia

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: A0210517

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web