(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

192/2000 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 22KOA, NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAKO ALDI BATERAKO LANGILEEI OSTATU EMATEKO ETXEEN SARE BAT ERATZEN DUENA

BON N.º 73 - 16/06/2000



Atariko

1999ko urriaren 27an egindako osoko bilkuran Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsitako mozio baten bitartez Nafarroako Gobernuari eskatu zitzaion aldi bateko langileei arreta emateko plan bat presta zezala, bereziki, aldi bateko langileek alokatzeko etxebizitzen eta haientzako ostatu-etxeen sare bat sortzeko, izan ere, langile horientzako eta senitartekoentzako ostatu aurkitzea arazo soziala bilakatzen ari da.

Parlamentuaren nahia eginarazteko asmoz, 1999ko urriaren 27ko Ebazpenean azaldu eta ondoko Planean garatutako asmo batentzako arau-aurrerapena egin daiteke, hots, aldi bateko langileentzako etxebizitza eta ostatu-etxeen sare bat sortzea. Administrazio Publikoek aukera izanen dute Nafarroako udalerrietan duten ondarearen zati bat sare horretara ekartzeko.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako maiatzaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak etxebizitza eta ostatu-etxeen sare bat sortzea Nafarroan, nekazaritza eta abeltzaintza sektorean aldi baterako kontratatzen diren langileek erabil ditzaten.

2. artikulua

Etxebizitza eta ostatu-etxeen sarea honako hauek osatuko dute:

a) Partikularrek beraiek sarean sartu nahi dituzten etxebizitza eta ostatu-etxeak.

b) Nafarroako Toki Entitateek beren ondaretik ekartzen dituzten ostatu-etxeak eta nork bere udalerrian aldi baterako edo behin-behinekoz kokatzen dituztenak.

c) Helburu horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo zuzenbide publikoko beste entitate batzuek ekartzen dituzten ostatu-etxeak.

3. artikulua

1. Nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko aldi bateko langileentzako etxebizitza eta ostatu-etxeen sarean sartu nahi duten etxebizitza edo ostatu-etxe pribatuen jabeek eskaera egin beharko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Eskualdeko bulegoetan.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren administrazio kudeaketak eginen ditu ostatu-etxea aipatu sarean sartzeko.

3. Eskaera egiten denean behin-behineko inskripzioa eginen da eta behin betikoa bihurtuko da etxebizitza edo ostatu-etxeak behar besteko segurtasun, osasun eta higiene baldintzak betetzen dituela egiaztatzen denean.

Etxebizitzen kasuan, behin betiko inskripzioa egin ahal izateko bizigarritasun zedula eduki beharko da.

4. artikulua

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aseguru-entitateekin jarriko da harremanetan, aldi bateko langileek okupatuko dituzten etxebizitza edo ostatu- etxeetan gerta litezkeen arriskuetatik babesteko polizak sinatzeko eta, kasua bada, maizterrek higiezinetan eragiten dituzten kalte edo narrioetatik babesteko aseguru bat kontratatuko du, bakarka.

Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu hau betearazteko administrazio kudeaketak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokionez, bertako Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuaren menpeko Eskualdeko Bulegoen bitartez eginen dira, gehienbat.

Azken Xedapenak Lehena

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0005237

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web