(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

183/1997 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 4KOA, ZEZENPLAZA ERAMANGARRIENDAKO BAIMENEN ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 88 - 23/07/1997



Atariko

Ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuak, Zezen Ikuskizunen Erregelamendua onetsi zuenak, bere 17. artikuluan xedatzen duenez, zezenplaza ez-finkoek erregelamendu honetako 2.etik 9.era bitarteko artikuluetan, bi horiek barne, eta 16.ean zezenplaza finkoetarako zehazturiko baldintzak bete beharko dituzte.

Hala eta guztiz ere, erregelamendu horren aplikazioaren ondoriozko esperientziak aholkatzen du zehazki arautzea aldi baterako zezenplazen, zezenplaza eramangarrien eta desmuntagarrien baldintza teknikoak eta haietan integratutako edo haiei loturiko erizaindegienak, eta orobat, horiek instalatzeko baimenen araubidea ere. Horretarako kontuan hartuko da eraikin mota horien berezitasuna eta zehaztuko dira esparru bakoitzaren higienea eta egonkortasuna eta, azken batean, ikusleen eta aritzaileen segurtasuna bermatzeko behar diren baldintzak, bai eta eraikuntzaren eta erabilpenaren bideragarritasuna.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko uztailaren lauko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

Foru Dekretu honek Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean paratu nahi diren zezenplaza eramangarrien baimenak emateko araubidea erregulatzea du xede.

2. artikulua . Kontzeptua.

Zezenplaza eramangarriak dira behin-behineko instalazio itxiak, zurez, metalez edo gai sintetikoz osatutako egitura desmuntagarriz eraikitakoak, beti ere, zezen ikuskizunetarako behar den sendotasuna segurtatzen delarik.

3. artikulua . Kokapena eta plazatik jendea ateratzeko baldintzak.

Zezenplaza eramangarriak sarbide errazeko tokietan kokatu beharko dira eta beharrezkoak diren bideak izan beharko dituzte inguruan. Horien aurrealdea bide poblikoei edo espazio irekiei begira egonen da.

4. artikulua . Eserlekuen baldintzak.

1. Eserlekuak finkoak izanen dira, esertzekoak eta lerroetan banatuta, eta horien neurria, gutxienez 0,55 m sakon eta 0,50 m zabal.

2. Eserlekuak paratuko dira haietako bakoitzetik plaza osoa ikusteko moduan, plaza bere eduki osoan beterik egon arren.

3. Ikusleak beren eserlekuetara iristeko eta bukaeran plazatik jendea ateratzeko behar diren pasabideak, luzerakoak edo zirkularrak eta zeharkakoak edo ererradialak prestatuko dira. Pasabideen zabalera, gutxienez, metro batekoa izanen da. Bi pasabide zeharkakoren edo erradialen artean lerro bakoitzean ez da 60 baino eserleku gehiago jarriko. Harmailetatik ateratzeko eskaileren hasieraren sestran, gutxienez, pasabide luzerako edo zirkular bat egonen da.

4. Erortzeko arriskurik duten pasabide eta tokietan segurtasuneko eskudelak jarriko dira, gutxienez metro bateko altuerakoak.

5. artikulua . Egitura eta segurtasun baldintzak.

1. Jendea egoteko edo pasatzeko lekuek, erabilpen normaleko baldintzetan, beren zamaz gainera 400 kg/m2-ko gainkarga jasan beharko dute gutxienik.

2. Plazako hondarrak gutxienez 40 metroko diametroa izanen du.

3. Plazako hondarra inguratzen duen hesiak eta gainerako elementuek zezenen erasoak jasateko nahikoa erresistentzia mekanikoa beharko dute izan. Haien altuera 1,50 eta 1,60 metro artekoa izanen da, eta bi ate izanen ditu, bi orrikoak. Horietako batek erdiko zutoin finkoa izan dezake eta besteak erdiko zutoin desmuntagarria. Horrezaz gainera hiru ezkutaleku egonen dira, tarte berdina dutela hiruren artean, toreatzaileek behar den segurtasuna izan dezaten kailejoira sartzeko.

4. Hesiaren eta tendiduen paramentu euskarriaren artean kailejoi bat egonen da, eta bertan jarriko dira ikuskizunen emanaldian beren zerbitzua eman behar duten pertsonen babeserako behar diren ezkutalekuak. Kailejoia aski zabala izanen da ikuskizunari dagozkion zerbitzuak behar bezala emateko. Horren zabalera gutxienez 1,35 m- koa izanen da, hesiaren barreneko aldetik tendiduen paramentu euskarrira neurtuta.

5. Tendiduen paramentu euskarriaren altuera gutxienez 2,20 metrokoa izanen da, eta lehenbiziko 1,70 metroan hesiaren antzeko sendotasuna izan beharko du, gainerakoa beste elementu batzuekin osatzen bada ere, hala nola sirgak edo barra metalezkoak, behar bezain erresistenteak eta plazako hondarra ikusten uzteaz gainera ikusleen segurtasuna behar bezala bermatzen dutenak.

6. Plazen edukierak bat etorriko dira inguruetako bide publiko edo espazio irekiekin, eta horien azalera plazan sar daitezkeen ikusleak hartzeko adinakoa izanen da.

7. Indarrean dagoen NBE-CPIn xedatutakoari jarraituko zaio irtenbide, korridore, ate eta eskaileren kopuru eta kokapen, neurri eta ezaugarriei dagokienez.

8. Gutxienez bi itzalgailu mugigarri, 21A-89B eraginkortasuna dutenak, jarri beharko dira bistan eta leku eskuragarrietan. Horietako bata sarrera nagusian paratuko da eta bestea ikuilu eta zezentokien alderdian.

6. artikulua . Higiene zerbitzuak.

Zezenplaza eramangarrietan zezen ikuskizunak egiten direnean komunak jarriko dira behar diren higiene baldintzetan. Komun horiek estaliak izanen dira, finkoak nahiz eramangarriak eta, sexuen arabera, aparte kokatuko dira. 500 ikusleko bi komuntzulo jarriko dira.

7. artikulua . Zezen eta zaldientzako instalazioak.

1. Zezenplaza eramangarriak zaldi-patio gabekoak izan daitezke, plazaren inguruan xede horretarako erabiltzeko gai den espazio libre bat baldin badago, beti ere. Era berean ikuilurik eta arnestegirik gabekoak ere izan daitezke, zezenplazatik kanpoko beste lokal batzuk horretarako erabili badaitezke.

2. Zezenplazak ikuilu bat beharko du izan, eginen diren ikuskizun kopuru eta ezaugarriei egokitutako segurtasuneko neurriak eta tamaina dituena. Zezenen hasierako azterketa zezenplazatik kanpoko beste esparru batean egin daiteke, ahal delarik zezenplaza kokatuta dagoen herrian bertan, eta, edonola ere, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean. Esparru horrek aukera eman behar du zezenak ibilgailuetatik ateratzeko, haietan sartzeko, esparruan egonaldi bat egiteko eta zezenak, behar diren segurtasun baldintzetan, bertan aztertzeko.

3. Zezenplazak behar adina zezentoki beharko ditu izan, ikuskizunean izanen den zezen kopuruaren arabera. Zezentoki bakoitza neurriz egokia eta behar bezain sendoa izanen da eta zezenplazako ikuilura eta hondarrera sarbidea izanen du.

8. artikulua . Haragihondakinen nabea.

1. Haragi-hondakinen nabeak indarra duen arauteriak zezenplaza finkoetarako ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

2. Haragi-hondakinen nabea ez da beharrezkoa izanen baldin eta zezenketan hildako abereak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatutako hiltegi baimendu batera eraman eta 30 minuturen barruan haragi-hondakina egiterik bada.

3. Zezenplazako toki egoki batean, ikuskizunaren enpresa antolatzaileak baskula bat izanen du, erakunde eskudun batek egiaztatua, zezenketako abereak herrestan ekarri ondotik eta, hala denean, kanalean, pisatzeko aproposa.

9. artikulua . Erizaindegiak.

1. Pikadoreekin egiten diren zezen ikuskizunetarako zezenplaza eramangarriek erizaindegi bat beharko dute izan. Erizaindegi horietan, gutxienez, zezenplaza finkoei aplikatzekoa den arauterian galdatu giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dira. Hala ere, zezenplaza eramangarriak erizaindegirik gabekoak ere izan daitezke, eta horrelakoetan zezenplazatik gertu eratu beharko da erizaindegiren bat, baliabide berdinekin.

2. Gainerako ikuskizunetarako zezenplazan berean edo inguruan erizaindegi bat prestatu beharko da, gutxienez, zezenplazatik kanpora egiten diren zezen ikuskizunetan aplikatzekoa den arautegian galdatu giza baliabideak eta baliabide materialak dituena.

3. Aurreko ataletan aipatu erizaindegietatik ahalik eta gertuen anbulantzia bat izanen da, edozein ikuskizun hasi baino ordu erdi bat lehenagotik eta ikuskizunak dirauen bitartean han egon beharko duena. Ikuskizuna pikadoreekin egiten bada, anbulantzia SAMU-AZU motakoa izanen da.

10. artikulua . Zezenplaza eramangarrien erregistroa.

1. Zezenplaza hauen segurtasun baldintzak bermatzeko asmoz eta horiek instalatu eta irekitzeko prozedura erraztearren, Lehendakaritza eta Barne Departamentuan Zezenplaza Eramangarrien erregistroa sortu da.

2. Erregistro horretan derrigorrez inskribatu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatean instalatu nahi diren zezenplaza eramangarri guztiak. Horretarako, zezenplazako enpresa titularrak bere inskripzioa eskatu beharko du, edozein ikuskizun egin aitzinetik hilabete bat lehenago bederen, ondoko bi ataletan adierazten den dokumentazioa atxikiz. Inskripzio horrek bost urteko indarraldia izanen du, eta horren amaieran berriro inskribatzea eskatu ahalko da.

3. Proiektu osoa aurkeztu beharko da, memoria, planoak eta aurrekontua bilduko dituena, teknikari fakultatibo eskudunak sinatua eta haren Lanbide Elkargoak ikus- onetsia. Proiektu horretan agertaraziko da Foru Dekretu honetan galdatu baldintza guztiak betetzen direla, eta gainera ondoko dokumentazioa atxiki beharko zaio:

a) Egituraren diseinua eta kalkulua: egituraren xehetasunezko diseinua (horri dagokion kalkuluarekin batera) aurkeztu beharko da, hura egiteko metodoa adieraziz eta ondoko datuak konkretatuz:

-Kalkuluan sartutako kargak zenbat diren eta zein motatakoak (finkoak-mugikorrak, bertikalak-horizontalak, etc).

-Kargei buruzko hipotesia eta kalkulatzeko metodoa.

-Behar izanen diren materialen justifikazioa: erresistentzia, ezaugarriak, e.a.

-Ondoriozko eskakizunak.

-Lotuneen ezaugarriak: aurreikusitako hipotesiak.

-Kalkuluan lortutako egitura-elementuen neurriak eta ezaugarriak.

-Egituraren deskribapena, lotuneen exekuzio materiala zehaztuz, aurreikusi den enpotramendu mota, edo antzekoa, lortzeko modua adieraziz, bai eta zoruari itsasteko euskarrien ezaugarriak ere (euskarrien estekadura-mota eta sostenguen arazoa soluzionatzeko modu konkretua, bai eta zezenplazaren kokalekuak dituen gorabeherak aurreikusteko ere: mugak eta soluzio teknikoa).

b) Plazatik jendea ateratzeko azterlana, indarra duen NBE-CPIn ezarritako irizpideen arabera, honakoak espreski adieraziz:

-Zezenplazaren edukiera osoa, kontuan hartu ondoren korridoreen, eserlekuen, eta abarren gutxieneko zabalerari buruz ezarritako mugapenak.

-Plazatik jendea ateratzeko ibilbideak: eserlekuetatik kanpoko espaziorainoko tartea eta jendea ateratzeko elementuen zabalera (pasabide erradialak eta zirkularrak, eskailerak, kanpoko ateak, e.a.) okupazioa kontuan hartuta eta arauan aurreikusitako blokeo hipotesiak aplikatuz.

-Ate, korridore eta eskaileren ezaugarriak.

4. Era berean, beste dokumentazio bat ere aurkeztu beharko da, egituraren muntaia zuzena segurtatzeko, teknikariaren eta fabrikatzailearen iritziz egin beharreko eragiketa guzti-guztiak azaltzen dituena. Horrekin batera aurkeztu beharko da egituraren hastapeneko erresistentzi baldintzak bermatzeko burutu beharreko mantenimendu lan bereziak biltzen dituen dokumentu bat, eta bertan zehaztuko da zenbateko iraupena kalkulatzen den zezenplaza osatzen duten oinarrizko parte galkorrentzat, esate baterako, eserlekuen tableroak eta egitura babesteko pintura, besteak beste.

11. artikulua . Irekitzeko baimena.

1. Zezen ikuskizunetan erabili nahi diren zezenplaza eramangarriak irekitzeko, zein udalerritan eraiki nahi den, hangoxe alkateak emandako baimena beharko da aldez aurretik.

2. Zezenplaza paratu ondotik, enpresa antolatzaileak Udalari eskatu beharko dio hura irekitzeko baimena, zezen ikuskizuna egin baino bost egun baliodun lehenago gutxienez, instantziari dokumentu hauek erantsiz:

a) Zezenplaza Lehendakaritza eta Barne Departamentuan inskribatu izanaren ziurtagiria.

b) Teknikari eskudunak sinatu eta haren Lanbide Elkargoak ikus-onetsitako ziurtagiria. Bertan bermatuko da zezenplazaren ezaugarriak zehatz-mehatz proiektu teknikoan azaldutakoekin bat datozela, erregelamendu honen 10. artikuluan aipatu bezala, eta zezenplaza zuzenki muntatu dela, muntaiaren dokumentuak dioenari jarraikiz, horren xehetasunak puntuz puntu azaldu eta lurzoruaren ezaugarriak eta kokapenaren bereiztasunak zehazten direlarik. Instalatutako plazan aldaketaren bat egin baldin bada proiektuan deskribatutakoarekin alderatuta, aldaketa hori nolakoa den, horren justifikazioa eta Foru Dekretu honekiko egokitzapena adierazi beharko dira.

c) Oinarrizko Osasun Laguntza Taldeko zuzendariaren, edo horren ezean, herriko mediku titularraren ziurtagiria, zeinetan agertarazi beharko den erizaindegiak galdatu baldintzak betetzen dituela.

d) Albaitaritza zerbitzu eskudunen ziurtagiria, zeinetan agertarazi beharko den abereendako instalazioek, zezentokiek eta ikuiluek, eta halakorik denean, haragi- hondakinen nabeek, galdatzen diren higiene eta osasun baldintzak betetzen dituztela.

3. Alkateak, aurkeztu den dokumentazioa ikusirik eta egoki juzkatzen dituen frogak egin ondotik, ebazpena emanen du irekitzeko baimena ematearen gainean.

4. Zezenplaza irekitzeko baimena nahitaezkoa izanen da instalatzen den aldiro, eta zezenketa-denboraldi baterako balioko du, gehienez ere, indarrik gabe geldituko delarik baimena ematen den urteko abenduaren 31n.

12. artikulua . Jakinarazpena Lehendakaritza eta Barne Departamentuari.

Irekitzeko baimenen berri eman beharko zaio Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuari, ikuskizuna egiteko eguna baino hiru egun natural lehenago gutxienez.

Xedapen Gehigarria

Erregelamendu honen 5.2 artikuluan xedatutakoaz gainera, 30 metrotik gorako diametroko hondarra duten zezenplaza eramangarriak ere homologatu ahal izanen dira, baina horietan ez da pikadoredun zezen ikuskizunik baimenduko.

Xedapen Iragankorra

Nafarroako Gobernuko Zezenplaza Eramangarrien Erregistroan inskribatu ez diren zezenplazak Foru Dekretu honetan galdatu baldintzetara egokitu beharko dira bi urteko epean gehienez ere, indarra hartzen duenetik aitzina.

Aldi horretan, alkateek irekitzeko baimenak eman ahalko dituzte pikadorerik gabeko zezen ikuskizunetarako, baina, ikuskizun horietan ez dira zezen eginak toreatuko. Dena den, zezenplazak horrelako ikuskizunetarako behar diren segurtasun, higiene eta erosotasun baldintzak bete beharko ditu, teknikari eskudun baten ziurtagiriaren bidez egiaztatuak.

Nolanahi ere, zezenplazak instalatu ondoren eta jaialdia eman aitzin, tokian tokiko Udalaren zerbitzuek, bereak nahiz kontratatuak, ikuskatuko dituzte.

Xedapen Indargabetzailea

Zezen Ikuskizunen Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuaren 17. artikulua indargabe uzten da, eta orobat, Foru Dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko uztailaren lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9706560

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web