(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

177/2001 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 2KOA. ONESTEN DU NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN DIRUBILKETA ERREGELAMENDUA Nota de Vigencia

BON N.º 97 - 10/08/2001



  ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

  I. KAPITULUA. DIRUBILTZE KUDEAKETA

  II. KAPITULUA. NAFARROAKO OGASUN PUBLIKOAREN DIRUBILKETA ORGANOAK

  III. KAPITULUA. PAGATZERA BEHARTUAK

  1. ATALA. ZERGA ZORRAK PAGATZERA BEHARTUAK

  2. ATALA. ERANTZULEAK

  3. ATALA. ONDORENGOAK ETA ATXIKITAKO ONDASUNEN ESKURATZAILEAK

  4. ATALA. TRIBUTUEZ BESTE ZUZENBIDE PUBLIKOKO ZORRAK PAGATZERA BEHARTUAK

  IV KAPITULUA. HELBIDEA


  LEHENBIZIKO LIBURUA. ZORREN IRAUNGIPENA

  I. TITULUA. PAGATZEA EDO BETETZEA

  I. KAPITULUA. PAGATZEAREN BALDINTZAK

  I. BIS KAPITULUA. Zerga bateraezinen kasuan egin beharreko jarduketak Nota de Vigencia

  II. KAPITULUA. PAGABIDEAK

  1. ATALA. XEDAPEN OROKORRA

  2. ATALA. DIRUZKO PAGABIDEAK

  3. ATALA. TINBRE EFEKTUEN BIDEZKO PAGUA

  4. ATALA. ONDASUN BIDEZKO PAGUA

  III. KAPITULUA. PAGUAREN FROGAGIRIAK

  IV. KAPITULUA. PAGUAREN BERMEAK

  V. KAPITULUA. PAGUAREN ONDORIOAK ETA PAGUEN EGOZPENA

  VI. KAPITULUA. Pagatu ezaren ondorioak eta kontsignazioa

  VII. KAPITULUA. PAGUA GEROKOTU ETA ZATIKATZEA

  II. TITULUA. ZORRAK IRAUNGITZEKO BESTE BIDE BATZUK

  I. KAPITULUA. PRESKRIPZIOA

  II. KAPITULUA. KONPENTSAZIOA

  III. KAPITULUA. BESTE IRAUNGIBIDEAK


  II. LIBURUA. BORONDATEZKO ALDIAN DIRUBILKETA EGITEKO PROZEDURA

  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

  II. KAPITULUA. NAFARROAKO OGASUN PUBLIKOAN DIRUSARRERAK NOLA EGIN ENTITATE LAGUNTZAILEEN BIDEZ


  III. LIBURUA. PREMIAMENDU BIDEKO DIRUBILKETA PROZEDURA.

  I. TITULUA. PREMIAMENDU PROZEDURA

  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

  II. KAPITULUA. EXEKUTATZEKO AGIRIAK

  III. KAPITULUA. PREMIAMENDU PROZEDURAKO DIRUSARRERAK

  IV. KAPITULUA. ONDASUNEN BAHITURA

  1. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK

  2. ATALA. BAHITURA

  3. ATALA. BEREHALA EDO DENBORA GUTXIAN DIRUTZEKO MODUKO HARTZEKO, EFEKTU, BALORE ETA ESKUBIDEEN BAHITURA

  4. ATALA. SOLDATA, LANSARI ETA PENTSIOEN BAHITURA

  5. ATALA. ONDASUN HIGIEZINEN BAHITURA

  6. ATALA. MERKATARITZA ETA INDUSTRI ESTABLEZIMENDUEN BAHITURA

  7. ATALA. GAI PREZIOTSUEN, HARRI FINEN, JOIEN, URRE LANEN, ZAHARKIEN ETA BALIO HISTORIKO EDO ARTISTIKOA DUTEN BESTE OBJETUEN BAHITURA

  8. ATALA. EDONOLAKO FRUITU ETA ERRENTEN BAHITURA

  9. ATALA. ONDASUN HIGIGARRI ETA AZIENDA ONDASUNEN BAHITURA

  10. ATALA. EPE LUZERA DIRUTZEKO MODUKO HARTZEKO, ESKUBIDE ETA BALOREAK BAHITZEA

  V. KAPITULUA. BAHITUTAKO ONDASUNAK GORDAILATZEA

  VI. KAPITULUA. ONDASUN BAHITUAK BESTERENTZEA

  1. ATALA. ONDASUNAK BESTERENDU AURREKO AGINTZAK

  2. ATALA. BESTERENTZEA

  3. ATALA. BESTERENDU ONDORENGO JARDUERAK

  VII. KAPITULUA. PROZEDURAKO KOSTUAK

  II. TITULUA. ONDASUNAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEARI ADJUDIKATZEA

  III. TITULUA. HUTSEGINAK

  IV. TITULUA. PREMIAMENDU PROZEDURAREN BUKAERA

  V. TITULUA. Nafarroako Zerga Ogasunak beste ente batzuen alde hartzekoak biltzea

  VI. TITULUA. TARTEKOTZAK


  IV. LIBURUA. ADMINISTRAZIO HELEGITEAK ETA ERANTZUNBEHARRAK

  I. KAPITULUA. ADMINISTRAZIO HELEGITEAK

  II. KAPITULUA. ERANTZUNBEHARRAK

  III. KAPITULUA. GAINERAKO ARAU OROKORRAK


Atariko

Foru Komunitateko dirubilketa araudia barreiaturik dago eta hutsune larriak ditu, hein batean Nafarroan tributuei buruzko lege orokor bat falta izatearen ondorioz. Lege hori indardundu delarik, bide da orain osorik eta bateraturik arautzea Nafarroako dirubilketaren erregelamendu garapena, lege horrek izan behar baitu Nafarroako dirubilketa antolamenduaren oinarri eta Foru Komunitateko zergadunen eta Zerga Administrazioaren arteko harremanen euskarri nagusi.

Bestalde, dirubiltze kudeaketak sistema efikazagotzea izan behar du helburu eta are gehiago segurtatzea zerga administrazioak legalitatea betetzen duela. Dirubilketa funtzioaren barrenean, Administrazioaren eta zergadunen arteko harremana eginkizun publiko baten titularrak eginkizun horren helburu direnekin izaten duen harremanen kategorian kokatu behar da. Administrazioa da dirubilketa eginkizunaren titularra eta zergadunak, berriz, lege sistemak ezartzen duen betebehar baten titularrak.

Hitzarmen Ekonomikoaren 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Ogasun Publikoak Estatuaren Ogasun Publikoak izaten dituen ahalmen eta eskubide berberak izanen dituela Foru Komunitateko zergak pagarazi, kudeatu, likidatu, bildu, ikuskatu eta errebisatzeko.

2/1995 Foru Legeko 61. artikuluak (martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), aditzera ematen du Foru Komunitateko eta toki entitateetako Ogasunaren zerga administrazioek elkar lagunduko dutela beren tributuak kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeko behar diren guztietan.

Hona hemen Nafarroako dirubilketarako arau ardurakoenak:

-8/1998 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

-Foru Diputazioaren 1970-8-21eko Erabakia; indarduntzen du Nafarroan Estatuaren dirubilketa erregelamendua, premiamendu prozedurari buruzko partean.

-250/1986 Foru Dekretua, azaroaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskubide ekonomikoen dirubilketa derrigortuari buruzkoa.

-157/1996 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa. Arautzen ditu Nafarroako Ogasun Publikoaren dirubiltze kudeaketaren zerbitzua ematen laguntzen duten entitate gordailuzainekiko harremanak.

-211/1998 Foru Dekretua, ekainaren 29koa. Arautzen du paguak nola gerokotu eta zatikatu Nafarroako Ogasun Publikoaren zuzenbide publikoko dirusarreretarako.

Gai horren gaineko araudi osagabea eta zatikakoa hornitzeko, Estatuaren dirubilketa erregelamendua erabiltzen zen, haren 5. artikuluko 4. idatz-zatiak ordezgarria zela ezartzen baitzuen.

Aipatu lau foru arau horietatik, azkeneko lauak indargabetzen dira Nafarroako Foru Komunitateko dirubilketa erregelamendu hau indarduntzearekin, nahiz eta entitate laguntzaileekiko harremanak eta pagua gerokotu eta zatikatzeko aukerak arautzen dituzten Foru Dekretuen eduki oinarrizkoak erantsi zaizkion erregelamendu honi, emaitza onak izan baitituzte eta bai zergadunek nola administrazioko organoek jardunbide horretan etsi baitute.

Erregelamendu honek tributu bakoitzaren Foru Legeak eta tributuei buruzko Foru Lege orokorra ez ezik, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen hainbat alderdi ere garatzen ditu, zeinek azken xedapenetan esku ematen baitiote Nafarroako Gobernuari legea garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Gaur den egunean bistan da zerga iruzurra kudeaketaren arlotik dirubilketarenera aldatzen ari dela eta geroz eta kezkagarriagoa da zenbat ugaldu diren ordainezintasuna, zordunen desagertzea eta enpresen ondare-hustea. Gauzak horrela, administrazioa kudeaketa zaulia eta jarraitua egin beharrean dago, eta harekin batera bai arau garapen egokia ere administrazioko organoek errazago izan dezaten erronka berri horiei buru egiteko tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak Nafarroako lege sistemari eratxiki dizkion eskubide eta bermeak ezertan mendratu gabe. Horrela, Nafarroako zergadunek Estatukoen babes eta geriza maila bera izanen dute.

Beste arlo batean, Nafarroako Foru Komunitateko dirubilketa erregelamenduak honela definitzen du zergen kudeaketa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerga kredituak eta zuzenbide publikoko besteak egitea helburu egiten den kudeaketa.

Bestalde, Foru Komunitateko organo eta administrazio-unitate desberdinen artean partitzen dira kudeaketa hori aurrera eramateko eginkizunak.

Halatan, zerga sistemako baliabideei dagokienez, bai borondatezko aldian nola behartuzkoan, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak eginen du zerga kudeaketa, salbu eta borondatezko aldiko tasen kasuan, horien dirubiltze kudeaketaren eginkizuna egotzi zaion Departamentu edo erakunde autonomoak eginen baitu.

Zuzenbide publikoko beste baliabideei dagokienez, borondatezko dirubiltze kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako eginkizun hori egotzi zaien organoek eginen dute, eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, berriz, derrigorrezko aldiko dirubilketa izanen du bere gain, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan eskaera edo hitzarmena eginik.

Atariko tituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, hainbat alderdi oinarrizko jorratzen ditu: dirubiltze kudeaketaren kontzeptua, hura egin behar duten organoak, pagatzera behartuak, erantzuleak eta atxikitako ondasunen ondorengoak eta eskuratzaileak; garrantzia berezia ematen zaio erantzunbeharra besterenganatu dela deklaratzeko prozedurari. Zerga eginkizunak betearazteko administrazio egintza besterenganatzeko, administrazio egintza bat beharko da, zeinean, interesatuari aurrez entzunaldia emanik erantzunbeharra deklaratu eta haren irispidea zehazten den. Erantzuleari borondatez pagatzeko emanen zaion aldia iraganik, erantzunbeharra berainez premiamendu prozedurara hedatuko da eta zorra administrazioaren premiamendu prozeduraren bidez eskatuko da.

Ustiategi eta jarduera ekonomikoetatik heldu diren zerga zorrak, edozer arrazoirengatik haien titulartasunaren ondorengo bihurtu direnei ere eskatuko zaizkie. Erantzunbeharrak likidatutako zorrak eta likidatzekoak hartuko ditu, ustiategi edo jarduera horiek sortuak. Kasuko enpresetako osagai bakartuak eskuratzen dituztenek ez dute izanen erantzunbehar hori, non eta eskurapen bakartu horiek ustiategi edo jarduerak aurrera egiteko bidea ematen ez duten.

Lehenbiziko liburua zorren iraungipenaz ari da eta bi titulutan partitua da. Lehenbiziko tituluak pagua edo betetzea jartzen ditu zorra iraungitzeko bide normaltzat; bigarrenak zorrak iraungitzeko beste bide batzuk arautzen ditu.

Lehenbiziko tituluan ezartzen da zorrak zein epetan pagatu beharko diren, eta zein pagabidez, dela diruz dela tinbre gaiez edo ondasunak entregatuz, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 51. artikulua garatzeko. Arautzen ere dira paguaren frogagiriak eta pagatzearen bermeak. Pagatzearen ondorioei eta paguaren egozpenari dagokionez, aipagarria da zuzenbide publikoko zorrak autonomoak direla eta zordunak zilegi izanen du berak nahierara erabakitzen dituen zorrei egoztea pagua.

Lehenbiziko tituluko VII. kapituluak ezartzen du nola gerokotu eta zatikatu Nafarroako Foru Komunitateari zuzenbide publikoko dirusarrera gisa zor zaizkion dirutzen pagua. Atal honetan. funtsean, 211/1998 Foru Dekretuaren edukia sartzen da, oro har gaia egoki arautua dela iritzi baitzaio.

II. liburuak borondatezko aldiko dirubilketa prozedura hartzen du aintzat eta entitate laguntzaileen bidez egindako dirusarrerak bereziki jorratzen. Xehero arautzen da zer prozedura izanen den Ekonomi eta Ogasun Departamentuak baimena emateko eta bai zer tramite ere entitate horiek hamabost egunetik dirusarrerak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko banku kontuetan. Zordunari dirusarreraren frogagiria ematean zordun hori zorretik libre geldituko da frogagiriaren datatik eta bertan jasotako zenbatekoan. Ordutik aurrera entitate laguntzailea egonen da Foru Komunitatearen aurrean lotua.

Erregelamenduak argi bereizten ditu paguaren borondatezko aldia eta derrigorrezko aldia. Borondatezko aldian pagatzeko Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 52. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

Derrigorrezko aldia epea bete eta biharamunean hasten da administrazioak likidatutako zorren kasuan. Autolikidazioaren bidez sartu beharreko zorren kasuan, berriz, derrigorrezko aldia dirusarrera hori egiteko epea bukatzen denean hasten da, non eta epe hori bukatu ez den, zeren horretara derrigorrezko aldia delako autolikidazioa aurkeztean hasten baita.

III. liburuak premiamendu bideko dirubilketa prozedura jasotzen du eta sei titulutan partiturik dago.

I. titulua premiamendu bideaz ari da; prozedura administratibo soila izanen da. Administrazioaren premiamendu prozedurek eta beste prozedura derrigortu batzuek bat egiten duten kasuetarako, denbora-lehentasunaren arabera ordenatuko dira prozedurak, zenbait arau berariazkoren arabera.

Administrazioaren premiamendu prozedurek bat egiten badute prozedura derrigortu unibertsalekin, judizialak izan ala ez, aurrera jarraitzeko lehentasuna denboran aurreneko izan direnek izanen dute, honako irizpideen arabera:

a) Administrazioaren premiamendu prozeduretan, bahitura probidentziaren data.

b) Prozedura derrigortu unibertsaletan, onarpen probidentziaren data hartuko da aintzat kita eta itxarote kasuetan eta paguen etenetan, eta deklarazio autoaren data hartzekodunen bilera eta kiebra kasuetan.

Zehazten da noiz hartu behar diren hasitakotzat derrigorrezko aldia eta premiamendu prozedura eta bai ere haste horrek zer ondorio izanen dituen, bai aitorpen-likidazio edo autolikidazioaren bidez sartu beharreko zorren kasuan bai aurrez jakinarazitako likidazioaen kasuan.

Derrigorrezko aldia hasten denean sartu gabeko zorraren ehuneko 20ko errekargua sortzen da, eta bai zorrari dagozkion berandutze interesak ere.

Hala ere, errekargu hori 100eko 10ekoa izanen da sartu gabeko zorra zordunari premiamendu probidentzua jakinarazi baino lehen pagatzen bada.

Ondoren, premiamendu probidentzia arautzen da, zordunaren ondarearen kontrako exekuzioa abiarazteko gai den titulu frogagarria izanen baita, eta zehazten da zer epe izanen diren premiamendupeko zorrak sartzeko eta zer berandutze interes sortuko diren derrigorrezko aldia hasten denetik.

Aipatu epea iragan eta tokatzen den dirusarrera egin ez bada, ondasun-eskubideak bahitzeko agintzen duen probidentzia emanen da, kredituaren, interesen eta kostuen zenbatekoa estaltzeko adina.

Ondasun bahitura xehero aztertzen da. Aztertzen da adibidez zer hurrenkera segitu behar den bahituran ondasun-eskubide motaren arabera, eta nola besterenduko diren lehiaketaz, enkantez eta zuzeneko kudeaketa edo adjudikazioaren bidez bahitutako ondasunak.

II. titulua ondasunak Nafarroako Foru Komunitateari esleitzeaz ari da eta III. tituluak hutsegindakoak hartzen ditu aintzat. Arlo honetan, hutseginak kontrolatzeko egintzak behar dira, informazioa lortzekoak eta dirubilketa-arrisku berezia duten zordunak kontrolatzekoak. IV. tituluak premiamendu espedientearen bukaerari dagozkion gorabeherak jasotzen ditu eta V. tituluak Nafarroako Ogasun Publikoa zenbait kredituren dirubilketa beste ente batzuen alde egiteaz ari da. VI. tituluak tartekotzak arautzen ditu eta Jabariko tartekotzak eta eskubide hobearenak bereizten. Jabariko bitartekotzek, hain zuzen, zordunari bahitu zaizkion ondasunen jabaria hartu behar dute oinarri; eskubide hobearen tartekotzek, berriz, norbere kreditua itzul dakion lehentasuna izateko eskubidea premiamendu espedientean pagarazi nahi denaren aurretik.

IV. liburua administrazio helegiteen erregulazioaz ari da, bai berjarpenekoak nola bide ekonomiko-administratibokoak, eta zehazten du dirubilketa prozedura nola eten.

Erregelamenduak behar diren xedapen iragankorrak eta indargabetzaileak ere baditu.

Nafarroako Kontseiluak 2001eko ekainaren 12an emandako irizpenaren arabera, arau honetako edukia zeharo bat dator Legeek agintzen dutenarekin.

Horiek horrela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko uztailaren biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra

Onesten da Nafarroako Foru Komunitateko dirubilketa erregelamendua, Foru Dekretu honen eranskinean argitaratzen dena.

Xedapen Gehigarria. Entitate laguntzaileek tributu aitorpenak jasotzeko zerbitzua.

1. Entitate laguntzaileek zilegi izanen dute honako tributu aitorpenak jasotzeko zerbitzua ematea:

a) Ondarearen gaineko, Balio Erantsiaren gaineko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko eta Sozietateen gaineko Zergei dagozkien aitorpen-likidazioak, eta azken bi zerga horietako atxikipen eta konturako dirusarrerei dagozkien aitorpenak eta dirusarrerak.

b) Jarduera profesionalen, nekazari eta abeltzain jardueren eta sarien lan etekinen atxikipenak eta konturako dirusarrerak urtero aitortzeko 190 ereduari dagozkionak, eta bai operazioak urtero deklaratzeko F-50 ereduari ere.

2. Jasotze zerbitzu hori hartarako arauetan ezartzen diren epeetan aurkeztu diren aitorpenei dagokienez baizik ez da emanen, eta beti ere kasuko aitorpenaren ondoriozko zorra epe horietan pagatu baldin bada.

Aurreko lerroaldean xedatu denaren araberakoak ez diren aitorpen-likidazioak eta egin behar diren beste aitorpenak ere, Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira.

3. Zerbitzu hau ematen duten entitate laguntzaileek Ekonomi eta Ogasun Departamentuari bidaliko dizkiote aitorpenak, aitorpen bakoitza aurkezteko mugaeguna pasa eta hurrengo hamar egunetan.

4. Entitate laguntzaile batean aurkeztutako aitorpen batek aurreko idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, ondorio guztietarako, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak jaso dituen egunean aurkeztutzat hartuko dira.

Xedapen Iragankorrak Lehenbizikoa

Dirubilketa Erregelamenduak indar hartzen duenean tramitatzen ari diren espedienteak erregelamenduaren arabera gobernatuko dira handik aurrerako egintzetarako.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena

Dirubilketa Erregelamenduak indar hartu baino lehen pagua zatikatu eta gerokotzeko baimena eman bazen, baimen hori eman zen denboran indardun ziren arauak hartuko dira aintzat erabat bukatu arte.

Xedapen Indargabetzailea

Xedapen Iragankorretan agintzen dena ezertan galarazi gabe, eta Foru Dekretu honek indar hartzen duenetik, indargabetzen dira Foru Dekretu honetan agintzen denari kontra egiten dioten xedapen maila bereko edo apalagoko guztiak, hauek bereziki:

a) Azaroaren 28ko 250/1986 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskubide ekonomikoen bilketa derrigortuari buruzkoa.

b) Martxoaren 25eko 157/1996 Foru Dekretua, zeinak Nafarroako Ogasun Publikoaren dirubilketan laguntzaile aritzen diren entitate gordailuzainekiko harremanak arautzen baititu.

c) Ekainaren 29ko 211/1998 Foru Dekretua, zeinak Nafarroako Ogasun Publikoaren zuzenbide publikoko dirusarreren pagua gerokotu eta zatikatzeko baimenak arautzen baititu.

d) 176/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen edo Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen bidez hainbat zergaren ordainketa egiteko prozedura arautzen duena.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honetan agintzen denak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, Bi mila eta bateko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Nafarroako Foru Komunitateko dirubilketa erregelamendua

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA. DIRUBILTZE KUDEAKETA

1. artikulua . Kontzeptua.

Dirubiltze kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerga kredituak eta zuzenbide publikoko besteak egitea helburu duen kudeaketa da.

2. artikulua . Lege araubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako dirubiltze kudeaketak honako arauak izanen ditu jarraibide:

A) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea.

B) Tributuak eta dirubiltze kudeaketaren helburu diren beste baliabideak arautzen dituzten arauak.

C) Nazioarteko edo nazio gaindiko entitateek jaulki dituzten eta kudeaketa horri aplikatu behar zaizkion itun, hitzarmen, akordio eta beste arau nazioartekoak.

D) Erregelamendu hau eta haren garabideko xedapenak.

2. Estatuaren dirubilketa prozedura arautzeko arauak ordezgarri aplikatuko dira Nafarroan, Nafarroan berariazko erregulaziorik ez dagoen kasuetan.

3. Erregelamendu hau Nafarroako Toki entitateen dirubiltze kudeaketarako ere aplikatuko da beren arau berariazkoei kontra egiten ez dien guztian.

3. artikulua . Dirubilketa aldiak.

1. Dirubiltze kudeaketa bi alditan eginen da: borondatezko aldia eta derrigorrezko aldia.

2. Borondatezko aldian, pagatzera behartuek erregelamendu honetako 21. artikuluak aipatzen dituen epeetan pagatuko dituzte beren zorrak.

3. Derrigorrezko aldian, zergaduna behartuz eginen da dirubilketa, haren ondarearen gaineko premiamendu bidea erabilita ez badu bere zorra borondatezko aldian pagatu.

4. artikulua . Nafarroako Foru Komunitateko zerga dirubilketa.

1. Dirubiltze kudeaketa Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagokio eta honakoek eginen dute:

a) Nafarroako zerga sistemaren baliabideak direnean, bai borondatezko aldian nola derrigorrezko aldian, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko organo eskudunek.

Hala ere, tasak direnean, bere arauek eginkizun hori egozten dion Departamentu edo erakunde autonomoak eginen du borondatezko aldiko dirubilketa.

b) Zuzenbide publikoko beste baliabideak direnean:

a) Borondatezko aldian, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organo baliabide horien kudeaketa esleitu zaienek.

b) Derrigorrezko aldian, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko organo eskudunek.

c) Administrazioaren premiamendu prozeduraren bidezko prezio publikoen dirubilketa, hala bide denean, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko organo eskudunek eginen dute, aurrez Nafarroako Foru Komunitateko erakunde, zerbitzu edo organo baliabide horien administrazioa esleiturik daukatenek hala eskatuta.

2. Zuzenbide publikoko baliabideen kudeaketa aurreko lerroaldean aipatzen direnak ez beste ente publiko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotu batek esleiturik dauzkanean, baliabide horien dirubilketa ente horretako zerbitzuek eginen dute borondatezko aldian. Arau batek besterik agintzen ez badu, derrigorrezko aldiko dirubilketa Ekonomi eta Ogasun Departamentuko organo eskudunek eginen dute, hala bide denean hartarako hitzarmena eginik.

3. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak eginen du beste administrazio publiko batzuen zuzenbide publikoko baliabideen dirubiltze kudeaketa, kudeaketa hori legez edo hitzarmenez esleitzen bazaio.

4. Ekonomi eta Ogasun Departamentua laguntzaile ere arituko da beste administrazio publiko batzuen dirubiltze kudeaketan Legeek ezartzen duten moduan. Hala bide denean Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ezarriko du jarduera horiek zer prozeduraren bidez eramanen diren aurrera.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO OGASUN PUBLIKOAREN DIRUBILKETA ORGANOAK

5. artikulua . Zuzendaritza organoak.

4. artikuluak aipatzen duen dirubiltze kudeaketa Ekonomi eta Ogasun Departamentuak zuzenduko du, Ekonomi eta Ogasun kontseilaria gaineko duela.

6. artikulua . Dirubilketa organoak eta entitate laguntzaileak.

1. Hona dirubilketa organoak:

a) Nafarroako Zerga Ogasuneko administrazio unitateak, erakunde autonomo horretako Estatutu arauek dirubilketaren arloko eskumenak ematen badizkiete.

b) Borondatezko aldian zuzenbide publikoko baliabideen dirubilketa egitea arautzen duten Departamentu eta erakunde autonomoetako administrazio unitateak.

2. Bai Nafarroako Zerga Ogasunak eta bai Ekonomia eta Europako Gaien Zuzendaritza Nagusiak zilegi izanen dute entitate gordailuzain bati baimena ematea esleitu zaien dirubilketa egiten entitate laguntzaile gisa aritzeko, 78. artikuluak aipatzen dituen baldintza eta edukiarekin.

3. Baimen horrek, hala ere, ez ditu entitate gordailuzain horiek eta gainerako laguntzaileak dirubilketa organo bihurtzen.

7. artikulua . Dirubilketa organoen eskumena.

Nafarroako Ogasun Publikoko dirubilketa organoen eskumenak izanen dira erregelamendu honetan eta gainerako lege xedapenetan zehazten direnetatik erakunde autonomo horretako arau organikoek edo eskumenak esleitzeko arauek esleitzen dizkietenak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko beste dirubilketa organoek erregelamendu honek eta aplikatzeko zaizkien beste lege xedapenek esleitzen dizkieten eskumenak izanen dituzte, Nafarroako Zerga Ogasuna hotsemaile dutela tributu sistemaren baliabideak kudeatzeari dagokionez, eta Ekonomia eta Europako Gaien Zuzendaritza Nagusia gainerako kasuetan.

1. ATALA. ZERGA ZORRAK PAGATZERA BEHARTUAK

8. artikulua . Zerrenda eta sailkapena.

1. Honakoak daude zerga zorrak zordun nagusi antzo pagatzera behartuta, kasuan kasuan:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak izan, ordezkoak, atxikitzaileak edo konturako sarrera egitera lotuak.

b) Subjektu arau-hausleak, aurreko letran sartuta egon ala ez, ezarri zaizkien diru zehapenengatik.

2. Zordun nagusiek zerga zorrak pagatzen ez dituzten neurrian, honakoak egonen dira zor horiek pagatzera behartuak, atal honetako hurrengo artikuluekin bat:

a) Erantzule solidarioak.

b) Erantzule subsidiarioak, zordun nagusiak eta erantzule solidarioak hutsegindakotzat deklaratuta, hala bide denean.

3. Desegin eta likidatu diren sozietate edo entitateen kasuan, zintzilik dituzten zerga egikizunak bazkideei edo kapitaleko partaideei eskualdatuko zaizkie, zeinak haien erantzule solidario izanen diren.

4. Aurreko lerroaldeetan aipatu zerga zorrak pagatzera behartuen "mortis causa"ko ondorengoak beren aurreko pagatzera behartuaren egoeran subrogatuko dira. Hala ere, inoiz ez dira eskualdatuko hildakoari jarritako zehapenak.

5. Zerga zorrak pagatu behar dituztenak beren ondasun oraingo eta geroko guztiekin dira beren betebeharren erantzule, salbu eta legeetan aurreikusten diren salbuespenetan; hauetan bereziki:

a) Desegin eta likidatu diren sozietate eta entitateetako bazkide edo kapital partaideak, horiek zintzilik zituzten zerga eginkizunen erantzule izanen dira, adjudikatuko zitzaiekeen likidazio kuotaren balioa goiko muga dutela.

b) "Mortis causa"ko ondorengoek hildakoek zintzilik zituzten zerga eginkizunen erantzule izanen dira, legeria zibilak herentzia eskuratzearen inguruan agintzen duenaren ondoriozko mugekin.

9. artikulua . Tributu zorren zordun nagusiak.

1. Tributu zorra aurrena zergadunak pagatu behar du, ondoren ordezkoak, konturako sarrera egin behar duenak, edo atxikitzaileak baldin kasuko likidazioa erregelamenduak agindu bezala jakinarazi bazaio edo legeak hala aginduta autolikidazioa egin eta haren zenbatekoa Nafarroako Zerga Ogasunean edo dirubilketako entitate laguntzaileetan sartu behar badu.

Halaber, tributu arau-hausteen ondoriozko diru zehapenak aurrena arau-hausleek pagatu behar dituzte.

2. Zergagaian bi edo gehiago titularrek bat egiten badute, denak erantzule solidario izanen dira Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean, non eta Foru Legeak berak kontrakorik agintzen ez duen.

2. ATALA. ERANTZULEAK

10. artikulua . Araubide orokorra.

1. Zilegi izanen da Foru Legeak subjektu pasibo edo zordun nagusi ez direnak zerga zorraren erantzule deklaratzea.

2. Dirubilketa organoek eskumena izanen dute zerga eginkizunen erantzunbeharra besterenganatzen dela deklaratzeko.

3. Zerga erantzunbeharraren kasu guztietan, salbu eta erregelamendu honetako 13. artikuluko 3. atalean arautzen den kasuan, zenbatekoa zordun nagusiak autolikidatu duen edo Nafarroako Zerga Ogasunak likidatu duen tributu kuota osoa adinakoa izanen da.

Zehapenen gaineko erantzunbeharrik ez da izanen, salbu eta zehapen horiek erantzuleak tributu arau-hausteetan parte hartzearen ondoriozkoak izan badira.

Ez da zilegi izanen premiamendu errekargua erantzuleari baizik eskatzea, baldin eta erantzuleak dirusarrera egiteko duen borondatezko aldia iragan eta erantzuleak zorra osorik pagatzen ez badu; orduan administrazioaren premiamendu prozeduraren bidez eskatuko zaio pagamendua.

11. artikulua . Erantzunbehar motak.

1. Erantzunbeharra zordun nagusiari dagokionarekin solidarioa ala subsidiarioa izan daiteke.

2. Legeak espreski besterik agintzen ez badu, erantzunbeharra beti subsidiarioa izanen da.

12. artikulua . Erantzunbeharra besterenganatzen dela deklaratzeko prozedura.

1. Nolanahi ere, zerga eginkizunak betearazteko administrazio egintza besterenganatzeko, administrazio egintza bat beharko da, zeinetan, aurrez interesatuari entzunaldia emanik, erantzunbeharra deklaratu eta haren irispidea finkatuko den.

Administrazio egintza hori interesatuei jakinaraziko zaie, honakoak ere adierazita:

a) Erantzunbeharra besterenganatu nahi zaion zorra sortu duen autolikidazioko edo administrazioaren likidazioko osagai funtsezkoak.

b) Erantzunbeharra eta haren hedapena deklaratzen dituen erabaki edo ebazpenaren testu osoa.

c) Erantzuleek inpugnazioa egiteko erabilgai dituzten bideak, bai egindako likidazioaren kontra eta bai erantzunbeharra hedatzearen eta haren oinarriaren kontra, espreski adierazita zein epetan eta zein organotan aurkeztu behar diren.

d) Zein tokitan, modutan eta epetan pagatu behar den besterenganatu nahi den zorra, hau da, erregelamendu honetan derrigorrezko aldiko dirusarrerak egiteko ezartzen dituenak.

Erantzuleari borondatezko pagua egiteko emanen zaion epea iraganik, berainez premiamendu errekargura ere hedatuko da erantzunbeharra eta zorra administrazioaren premiamendu prozeduraren bidez eskatuko.

2. Legeek aurreikusten dituzten erantzunbehar solidarioko kasuetan, zordun nagusiak zorra pagatu gabez, eta haren erantzunbeharra ezertan galarazi gabe, Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du erantzulerik egoten bada, haiei agintzea zor osoa pagatzeko.

Honako kasuetan juzgatuko da zordun nagusiak ez duela pagatu zorra: jakinarazi zaionetik borondatezko aldiaren epea bukatu denean administrazioak likidatzen dituen zorren kasuan; edo autolikidazioa eta dirusarrera egiteko epea bukatu denean subjektu pasiboek hartara loturik dauden kasuetan.

Erantzunbehar solidarioa borondatezko aldia bukatu baino lehenago deklaratu eta jakinarazi bazaio erantzuleari, aski izanen da aldi hori bukatutakoan erantzuleari eskatzea pagua. Lehenago deklaratu eta jakinarazi ez bada, administrazio organo eskudunak erantzunbeharra deklaratu eta pagatzeko aginduko dio erantzuleari edo erantzuleei bat baino gehiago izaten bada.

Abala, fiantza edo tankera solidarioko beste berme bat dagoen kasuetan, erantzunbeharrak tributu zor pagatu gabearen partaide guztiei erasanen die, izandako interesak eta denetariko errekargu edo kostuak ere barne, bermatzen den zenbatekoa goiko muga dela. Pagua eskatzeko prozedura erregelamendu honetako 100. artikuluan agintzen dena izanen da.

Bahitutako ondasunen gordailuzainen kasuan, bahitura-agindua aurretik jakinda ondasunok jasotzen lagun edo men egiten badute, erantzunbeharra bahitura horren bidez bermatu nahi den zorraren kopururainokoa izanen da. Erantzunbehar hori eskatzeko prozedura erregelamendu honetako 107. artikuluan arautzen da.

Zordun nagusi edo erantzule solidario baten kontrako egintzak ez dira eragozpen izanen ondoren beste pagatzera behartuen kontra ere egintzak egiteko zorra osorik kobratzen ez den artean.

Zor batek erantzule solidario bat baino gehiago dituenean, Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean duten erantzunbeharra ere solidarioa izanen da, legeak espreski besterik agintzen ez badu.

3. Legeek aurreikusten dituzten erantzunbehar solidarioko kasuetan, erantzuleak honako gertaerak biltzen direnean beharturik daude tributu zorrak pagatzera:

a) Zordun nagusiak eta halakorik badago erantzule solidarioak hutsegindakotzat deklaratuta egotea, erregelamendu honetako 152. eta hurrengo artikuluetan aipatzen den prozedurarekin bat.

b) Erantzunbeharra besterenganatzeko administrazio egintza bat emanda egotea.

4. Erantzunbehar solidarioa ala subsidiarioa deklaratu aurretik, dirubilketa organoak zilegi izanen du behar diren aurreneurriak hartzea arrazoizko igarbideak badaude zorraren pagamendua galarazteko moduko egintzak gerta daitezkeela.

13. artikulua . Erantzunbehar solidarioko kasu bereziak.

1. Zerga eginkizunen erantzule solidario izanen dira tributu arau-hauste bat egin edo egiten lagundu duten pertsona guztiak.

2. Aitorpen kontseolidatuko kasuetan, taldeko sozietateak tributu zorra pagatzearen erantzule solidario izanen dira, bere kontzeptu guztietan, zehapenetan izan ezik, non eta zuzenean parte hartu edo lagundu ez duten arau-hausteak egiten, zeren orduan erantzunbeharra zehapenen gainekoa ere izanen baita.

3. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko edo ekonomikoetako partaideak edo kotitularrak erantzule solidario izanen dira, zein bere partaidetzaren proportzioan, entitate horien zerga eginkizunetarako, tributu zorra osatzen duten kontzeptu guztietan, zehapenetan izan ezik, non eta zuzenean parte hartu edo lagundu ez duten arau-hausteak egiten, zeren orduan erantzunbeharra zehapenen gainekoa ere izanen baita.

14. artikulua . Erantzunbehar subsidiarioko kasu bereziak.

1. Tributu arau-hauste sinpleen erantzule subsidiario eta pertsona juridikoek egindako arau-hauste larrien kasuan tributu zor osoaren erantzule subsidiario izanen dira entitate horien administratzaileak, hautsitako zerga eginkizunak betetzeko egin behar zituztenak egin ez, haien menpekoei ez betetzeko baimena eman edo arau-hauste horiei bide emateko moduko erabakiak hartu badituzte.

2. Legez zilegi ziren prozedurez landara beren jarduera eten duten pertsona juridikoen administratzaileak erantzule subsidiario izanen dira betiere entitate horiek zintzilik dituzten zerga eginkizunetarako.

3. Kiebra, lehiaketa, sozietate eta oro har entitateen sindikoak, kontuhartzaileak edo likidatzaileak erantzule solidario izanen dira baldin eta gaitz beharrez edo utzikeriaz egin gabe utzi badituzte egoera horiek hasi baino lehen sortu ziren eta kasuko zordun nagusiei egozteko diren zerga eginkizunak osorik betetzeko behar ziren kudeaketak.

3. ATALA. ONDORENGOAK ETA ATXIKITAKO ONDASUNEN ESKURATZAILEAK

15. artikulua . Ustiategi edo jarduera ekonomikoak eskuratzearen ziozko erantzuleak.

1. Pertsona fisikoak nahiz juridikoak, edo Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipatzen dituen entitateak ustiategi edo jarduera ekonomikoetan aritzearen ondoriozko tributu zor eta erantzunbeharrak, edozer arrazoirengatik haien titulartasunean edo erabileran ondorengo direnei eskatzen ahal zaizkie.

Erantzunbeharrak likidatutako zorrak eta likidatzekoak hartzen ditu, ustiategi edo jardueren erabileratik sortuak, haietatik ateratako errentak ere barne.

2. Erantzunbehar hau ezin zaie eskatu enpresa horien osagai bakartuak eskuratzen dituztenei, non eta eskurapen bakartu horiek, pertsona bat edo gehiagok eginak, aski ez diren ustiategi edo jarduerak aurrera egiteko.

3. Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez dio pagatu beharra kentzen eskualdatzaileari. Biak dira pagatu beharraren erantzule.

4. Ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi duenak, gaurko titularra aurrez ados dela, eskubidea izanen du zerga administrazioari eskatzeko ziurtagiri batean xehetu diezaiola kasuko ustiategi edo jarduera ekonomikoak zer tributu zor dituen. Ziurtagiri horren edukia negatiboa bada edo bi hilabeteko epean tramitatzen ez bada, eskuratzailea libre geratuko da artikulu honetan ezarri den erantzunbeharretik.

5. Ziurtagiri horiek ez dira baliozkoak izanen baldin ziurtaguria eskuratzeko eskaera kasuko ustiategi edo jarduera eskuratu ondoren aurkeztu bada.

6. Ziurtagiri horiek, ziurtagiria eskatu zaion administrazioak likidatzen dituen tributu zorretan baizik ez dute zerga erantzunbeharretik salbuesten.

7. Erantzunbeharra eskatzeko artikulu honek aipatzen duen prozedura erregelamendu honetako 12. artikuluko 2. atalak arautzen duena izanen da.

16. artikulua . Tributu zorren ondorengoak

1. Sozietate edo entitate bat desegin eta likidatu delarik, zerga administrazioak beren bazkideei edo kapitaleko partaideei eskatuko die tributu zorra, haren interesak eta kostuak pagatzeko, erregelamendu honetako 8. artikuluko 5. atalean ezartzen dena goiko muga dela.

Lehendik likidatu eta jakinarazi diren tributu zorren kasuan, Administrazioak zilegi izanen du erantzule solidarioetako edozeinen kontra edo denen kontra jotzea, hartarako behar den errekerimendua eginik pagamendua erregelamendu honetako 21. eta 97. artikuluetan aipatzen diren epeetan egiteko, segun sozietate edo entitatea desegin edo likidatzen den denboran zorra borondatezko aldian ala derrigorrezkoan dagoen.

Nolanahi ere, bazkide edo partaideetako edozeinen kontrako akzioak ez dira eragozpen izanen ondoren besteen kontra egintzak egiteko zorra osorik kobratzen ez den artean.

2. Tributu zorra pagatu behar dutenetako edozein hil delarik, dirubiltze kudeaketak herentziadunekin edo hala bide denean legatudunekin segituko du aurrera, baldintza bakarra dela pagatu behar duena hil dela ziurtatu eta ondorengoari jakinarazpena bidaltzea, eskatzeko tributu zorra paga dezala erregelamendu honetako 21. eta 97. artikuluetan aurreikusten den epeetan, segun eta hiltzearen denboran zorra zertan zen, erregelamendu honetako 4. eta 5. ataletan ezartzen direnak goiko muga direla.

Herentziadunak alegatzen badu deliberatzeko eskubidea erabili duela, hartarako dagoen epea iragatera utziko da, eta denbora horretan zilegi izanen da tributu administrazioari eskatzea erregelamendu honetako 15. artikuluan arautzen den ziurtagiria.

3. Herentzia banatu gabe dagoen bitartean, zilegi izanen da oraindik ere tributu zorren dirubiltze kudeaketak herentziaren ondasun-eskubideen kontra jotzea, herentziaren ordezkaritza edo administrazioa bere duena hizketa-lagun dela.

4. Herentziadun ezagunik ez dagoela ziurtatzen denetik, edo herentziadunek herentziari uko egin edo espreski onartu ez dutenean, dirubilketa organoek gertatutakoa adieraziko diote Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eta bai hark helaraziko ere Nafarroako Foru Komunitateko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari, dirubiltze kudeaketak herentziako ondasun-eskubideen kontra aurrera segitzea ezertan galarazi gabe.

4. ATALA. TRIBUTUEZ BESTE ZUZENBIDE PUBLIKOKO ZORRAK PAGATZERA BEHARTUAK

17. artikulua . Pagatzera behartuak.

1. Tributuez beste zuzenbide publikoko zorrak pagatzera behartuta daudenak beren ondasun oraingo eta geroko guztiekin izanen dira pagatu beharraren erantzule, legeak jartzen dituen mugekin.

2. Erantzunbehar hori bera izanen ere dute legeak aginduta nahiz beren borondatez zor horiek pagatzera behartuta daudenek. Erantzunbeharra subsidiarioa bada, derrigorrezkoa izanen da, erantzunbehar hori gauzatzeko, zordun nagusia eta erantzule solidarioak hutsegindakotzat deklaratuta egotea, erantzunbeharra besterenganatzeko administrazio egintza emanda egotea, erregelamendu honetako 12. artikuluak agintzen duen moduan eta baldintzetan.

3. Pagatzera behartu horien erantzunbeharra ondorengoei ere iritsiko zaie, 16. artikuluak agintzen duenaren arabera.

4. Dirubilketa organoei dagokie tributuez beste zuzenbide publikoko zorren pagamenduko erantzunbeharra besterenganatzea erabakitzea.

IV KAPITULUA. HELBIDEA

18. artikulua . Helbidea nola finkatu.

1. Dirubilketarako, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 37 eta 38. artikuluetan aipatzen dena hartuko da pagatzera behartuen helbidetzat.

2. Tributuez beste zorretarako, kasuan kasuko arauek agintzen dutenaren arabera dagokiona hartuko da helbidetzat.

LEHENBIZIKO LIBURUA. ZORREN IRAUNGIPENA

I. TITULUA. PAGATZEA EDO BETETZEA

I. KAPITULUA. PAGATZEAREN BALDINTZAK

19. artikulua . Pagamendua egin ahal izateko legitimazioa

1. Erregelamendu honetako 8. artikuluak aginduta pagatzera behartuta daudenez gain, edozein pertsonak izanen du zilegi pagamendua egitea, zerga eginkizunean interesatua izan ala ez izan, pagatzera behartuta dagoenak jakin ala ez jakin, onartu ala ez onartu.

2. Auzitegiek edo administrazioak kontu-hartutako edo administratutako ondasun edo negozioen zorrak pagatzeko, administratzaile izendatuak egonen dira legitimatuak.

3. Zorra pagatzen duen hirugarren hori ez da inoiz legitimatua egonen pagatu behar duenaren eskubideak administrazioaren aurrean erabiltzeko. Hala ere, zilegi izanen du pagamenduaren egintza soilak haren alde sortzen dituen eskubideak erabiltzea.

20. artikulua . Nork duen zilegi pagamendua hartzea eta non egin behar den.

1. Zorrak Nafarroako Foru Komunitateko diruzaintzan edo erregelamendu honetan edo arau berezietan pagamendua hartzeko baimena ematen zaien organo edo pertsonaren kaxetan pagatu behar dira.

2. Pagamenduak hartzeko baimenik ez duten organo edo pertsonei egindako pagamenduek ez dute zorduna bere pagatu beharretik libratuko, bidez kontrako hartzaileak izan ditzakeen denetariko erantzunbeharrak ezertan galarazi gabe.

21. artikulua . Pagamenduaren denbora.

1. Pagatzera behartuek artikulu honetan ezartzen diren epeetan pagatuko dituzte beren zorrak.

2. Administrazioak egindako likidazioen ondoriozko tributu zorrak tributu bakoitza arautzeko arauetan ezartzen diren epeetan pagatu beharko dira. Arau berezirik ez badago, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean pagatu beharko dira.

3. Aitorpen-likidazioaren edo autolikidazioaren bidez pagatu beharreko tributu zorrak tributu bakoitza arautzeko arauetan ezartzen diren epeetan pagatu beharko dira.

4. Tributuez beste zorrak zor horiek eskatzeko oinarri diren arauek agintzen dituzten epeetan pagatu beharko dira. Eperik finkatzen ez bada, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean pagatu beharko dira.

5. Aurreko ataletan aipatu epeetan pagatu ez diren zorrak premiamendu bidean eskatuko dira, erregelamendu honetako 87. eta hurrengo artikuluek agintzen dutenaren arabera, eta hala bide denean konturako pagamendutzat kontatuko dira epez kanpo pagatutako dirutzak.

6. Tinbre gaien bidez pagatu beharreko zorrak zergagaia egiten denean pagatuko dira, non eta berariazko araudiak beste eperik ezartzen ez duen.

7. Pagamendua gerokotzeko baimena eman bada, titulu honetako VII. kapituluan agintzen dena hartuko da aintzat.

8. Administrazio edo auzitegi organo eskudun batek borondatezko aldiko zorrei buruz erabakitzen dituen etenaldiek eten eginen dituzte artikulu honetan aipatzen diren epeak.

Eten hori sortu zuen helegite edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa ebatzi delarik, erabakiak inpugnatu den likidazioa ezeztatzen edo aldatzen ez badu, artikulu honetako 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan agintzen diren epeetan pagatu beharko da, segun eta ebazpen hori hilaren lehenbiziko ala bigarren hamabostaldian jakinarazi den. Hartutako administrazio erabakia jakinarazi eginen zaio helegite egileari, zorra pagatu beharreko epe hori adierazita.

Ebazpenak egintza aldatu edo prozedura atzera ekartzeko agintzen badu, erabaki hori betearazteko ematen den egintzaren ondoriozko zorra artikulu honetako 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan agintzen diren epeetan pagatu beharko da. Egintza berriaren jakinarazpenak espreski adieraziko du epe hori.

Aurreko lerroaldeetan esan denagatik ere, egintzaren betearazpena etenik egon bada, behin administrazio bidea agortu ondoren dirubilketa organoek ez dituzte hasiko edo hala bide denean ber-hasiko premiamendu prozedurako egintzak administrazioarekiko auzi helegitea jartzeko epea bukatu ez den artean, beti ere baldin eta hasierako bermearen (caución???) indarrak eta efikaziak ordura arte iraun badu. Epe horretan interesatuak organo horri aditzera ematen badio helegitea jarri duela, etetea eskatuz eta zorraren pagua segurtatzeko bermea eskainiz, prozedurak etenik segituko du administrazio bidean emandako bermeak bere indarra eta efikazia galtzen ez duen artean. Prozedura auzitegi organoak etendura piezan hartzen duen erabakiaren arabera ber-hasi edo eten eginen eginen da.

22. artikulua . Paguaren osotasuna.

1. Paguak berezko dituen ondorioak izan ditzan, borondatezko aldiko dirubilketa kasuetan, zor osoa hartu behar du.

2. Pagua zatikatzeko baimena eman bada, titulu honetako VII. kapituluak agintzen duena hartuko da aintzat.

23. artikulua . Paguaren baldintza formalak.

1. Zorrak pagatzeko hurrengo artikuluan aipatzen diren bideetako bat baizik ezin erabiliko da.

2. Tributu baten edo zuzenbide publikoko baliabide baten arauek agintzen badute pagua zenbait dokumentu jakin bistan direla edo haien bidez egin behar dela, ezinbesteko baldintza izanen da pagua onartzeko, behar den dokumentazioa aurkeztea.

I. BIS KAPITULUA. Zerga bateraezinen kasuan egin beharreko jarduketak Nota de Vigencia

23 bis. artikulua. Zerga bateraezinen kasuan egin beharreko jarduketak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52.6 artikuluan aurreikusitako kasuetan, organo eskudunak bidezko zerga zein den ebatzi eta gero, jarraian adierazten den moduan jokatuko da:

a) Bidezko zerga lehenik likidatutakoa bada, egindako bigarren likidazioa bertan behera utziko da, eta egokia izanen da azken likidazio horregatik jasotako zenbatekoak itzultzea, halakorik dagoenean.

b) Bidezko zerga bigarrenik likidatutakoa bada, honela jokatuko da, kasuaren arabera:

1. Bigarrenik eginiko likidazioa irmoa denean epe barnean errekurtsorik jarri ez delako, egokia izanen da zorra azkentzea lehenik likidatu den eta bidegabea den likidazioari dagokion itzulketarekin bat egiten duen partean, itzulketa akordio hori irmoa denean. Kasu horretan, bidezko zergaren alorrean eskudun den administrazioak azkentze hori deklaratuko du 2. apartatuko terminoetan.

Hala eta guztiz ere, azkentze hori ez da eginen hurrengo kasuetan:

Jasanarazitako zerga bat bidegabea dela deklaratu denean, bidegabeki jasanarazitako zerga baten jasanarazpena ordaindu zuen zergadunak bidegabeki jasanarazitako zenbateko guztiaren kenkarirako eskubidea duenean.

Jasanarazitako zerga bat bidegabea dela deklaratu denean, jasanarazitako zergaren subjektu pasiboak eragiketari dagozkion jasanarazitako kuotak zuzendu dituenean, dena delako zergaren araudi propioaren arabera.

2. Bigarrenik eginiko likidazioaren kontrako errekurtsoa jarri denean, ebazpena instantzia guztietan irmoa izan arte itxaronen da. Behin irmoa denean, jarraian adierazi bezala jokatuko da, kasuaren arabera:

Ebazpen administratibo edo judizialak likidatutako zerga bidegabea dela deklaratzen badu, lehen likidazioa bidezkoa dela joko da, eta ebazpen administratibo edo judizialak baliogabetutako likidazioaren harira eginiko diru-sarrera oro itzuliko da.

Ebazpen administratibo edo judizialak zerga bidezkoa dela deklaratzen badu, baina likidazioa baliogabetzen badu, beste likidazio bat igorriko da eta, hura irmoa denean, aurreko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera jokatuko da eta zorra azkendu dela deklaratuko da. Kontzeptu horregatik beste likidazio bat egin ezin daitekeenean, baliogabetutako likidazioaren harira eginiko diru-sarrerak itzuliko dira.

Ebazpen administratibo edo judizialak tributazioa eta dagokion likidazioa bidezkoak direla deklaratzen badu, zorra azkenduko da aurreko 1. paragrafoan xedatutako forman eta betekizunak beteta.

2. Zerga bidegabea likidatu duen administrazioak bidezko zerga likidatu duen administrazioari transferituko dio bidezko likidazioaren ondoriozko zorra azkendu dela deklaratzeko beharrezko zenbatekoa. Transferentzia jaso denean, zergaren azkentzea deklaratuko da.

3. Aurreko apartatuan araututako azkentzea ez da oztopo izanen dagokion zerga jasanarazi zuen zergadunaren zerga egoera erregularizatzeko.

1. ATALA. XEDAPEN OROKORRA

1. ATALA

1. Tributu zorrak eta tributuez bestekoak diruz edo tinbre gaiez pagatu beharko dira, kasuan kasuko arauek agintzen dutenaren arabera.

2. Ezer agintzen ez bada, diruz pagatuko da zorra.

3. Ez da zilegi izanen gaiez pagatzea salbu eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 51.4 artikuluak aipatzen dituen kasu eta moduetan baizik.

2. ATALA. DIRUZKO PAGABIDEAK

25. artikulua . Zerrenda.

1. Tributu zorrak diruz pagatu behar direnean dirubilketa organoen kutxetan, honako bide hauetako bat erabiliko da, bakoitzerako hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintza eta betebeharrekin:

a) Erabilera legaleko dirua.

b) Txekea.

c) Ekonomi eta Ogasun Departamentuak baimentzen duen beste edozein.

Pagu hori entitate laguntzaileen bidez egiten bada, erregelamendu honetako 79. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

2. Tributuez besteko zorrak diruz pagatzeko kasuko zorraren arauek agintzen dituzten bideak erabiliko dira eta ezer ez badago arauturik, aurreko 1. idatz-zatian aipatzen diren bideak.

26. artikulua . Noiz pagatu.

1. Zor bat diruz pagatu dela juzgatuko da haren zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko diruzaintzan sartu denean, dirubilketa bulegoetan edo dirubilketan laguntzeko baimena duten entitateetan.

2. Pagua entitate gordailuzainen bidez edo bestelako pertsona baimendunen bidez egiten denean, zordunari dirusarrera eginaren frogagiria entregatzeak berak libratu egiten du zorduna frogagiriko datatik eta bertan ageri den zenbatekoan, eta orduz geroztik kasuko entitatea edo bitartekoa egonen da pagatzera behartua.

3. Zordunak entitate gordailuzainari eman dizkion pagatzeko aginduak ez dira berez aski Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean, agintzaileak entitateak agindua ez betetzeagatik egin ditzakeen egintzak ezertan galarazi gabe.

27. artikulua . Erabilera legaleko dirua.

Zilegi izanen da diruz pagatu behar diren zor guztiak erabilera legaleko diruaz pagatzea, zein ere den pagua hartu behar duen dirubilketa organoa, pagua egiten den dirubilketa-aldia eta zorraren zenbatekoa.

28. artikulua . Txekea.

1. Zilegi izanen da dirubilketa organoen kajetan egin behar diren paguak txeke bidez egitea. Txeke horrek, merkataritza legeek jartzen dituzten baldintza orokorrez gain hauek ere bete beharko ditu:

a) Izenduna izatea, Nafarroako Zerga Ogasunaren aldekoa.

b) Entrega egiten den egun bereko data izatea edo aurreko bi egunetakoa.

c) Entitate libratuak adostua edo ziurtatua egotea.

d) Libratzailearen izena edo sozietate izena, sinaduraren azpian argi-argiro adierazia.

Txekea entregatzeak txekea pagatzen denean libratuko du zorduna bertan ageri den zenbatekoan. Horretara, kasuko kajan sartu den egunetik izanen du ondorioa.

2. Aurreko idatz-zatian sartzen ez diren kasuetan, kasurako diren arauak aplikatuko dira txekeak pagabidetzat onartzeko, eta halakorik ez badago, idatz-zati hartakoak.

3. Txeke bat partez nahiz osorik pagatzen ez bada, borondatezko aldia iraganda, administrazioaren premiamendu prozeduraren bidea hasiko da pagarazteko; txekea egoki adostua edo ziurtatua bazegoen, bera adostu edo ziurtatu zuen entitateari eskatuko zaio; bestela zordunari.

3. ATALA. TINBRE EFEKTUEN BIDEZKO PAGUA

29. artikulua . Zerrenda eta lege araubidea.

1. Honakoak hartzen dira tinbre gaitzat:

a) Paper tinbratu arrunta.

b) Tinbre dokumentu bereziak.

c) Tinbre mugigarriak.

2. Tinbre gaien erabilera, itxura, estanpazioa, bisatzea, baliogabetzea, truke baldintzak eta gainerako ezaugarriak, tributuei eta pagabide hori onartzen duten zuzenbide publikoko beste baliabideei buruzko arauek ezarriko dituzte, eta bai erregelamendu honetako arauek ere.

3. Tinbre gaiak Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren Foru Agindu batek sortu eta aldatuko ditu, zeina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko baita. Haien formatoa eta ezaugarri teknikoak, bete beharreko premien araberakoak izanen dira. Numerazio korrelatiboa izanen dute, salbu eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak ezartzen duen kopuruaz beherakoak direnean.

4. Tributuei eta zuzenbide publikoko beste baliabideak edo haien tarifei buruzko arauak aldatzeagatik tinbre gaiak ez direnean egokiak, kendu eginen dira zirkulaziotik eta suntsitu daitezen ardura hartuko.

5. Zirkulaziotik kendutako tinbre gaiak dituztenek aukera izanen dute indar dutenekin trukatzeko, betiere lehengoek erabili izanaren inolako markarik ageri ez badute.

Orobat, zilegi izanen da paper tinbratu arrunta eta dokumentu tinbratu bereziak trukatzea idazkerako hutsak dituztelako edo erabiltzea ezintzen duen beste edozer arrazoirengatik, beti ere erabili izanaren igarbide den sinadurarik, errubrikarik edo antzekorik ez badute.

4. ATALA. ONDASUN BIDEZKO PAGUA

30. artikulua . Lege araubidea.

1. Zilegi izanen da tributu zorra pagatzeko espreski eta banan-banan interes kulturaleko ondasuntzat deklaratu ondasunak entregatzea, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuak agintzen duenaren arabera, eta bai ere Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean inskribatutako ondasunak entregatzea edo interes historiko, artistiko eta kulturaleko Inbentario ofizialetan ageri diren ondasunak edo Ondare Historiko eta Kulturalaren osagai diren beste ondasunak.

2. Modalitate honen bidez tributu zor jakin baten pagua onartzeko esku duen organoa Ekonomi eta Ogasun kontseilaria izanen da.

3. Pagabide hau erabili nahi duen zergadunak hala eskatuko dio borondatezko aldian Nafarroako Zerga Ogasuneko Dirubilketa Zerbitzuari, ondasun horien deskripzioa ere sarturik, eskaintzen dituen ondasunak artikulu honetako 1. idatz-zatiko kategorietako batean egotearen eta haien titulartasunaren frogagiriak.

Adieraziko ere du zer zor kontzeptu, aldi eta zenbateko pagatu nahi dituen pagabide horren bidez.

Eskaera egoki beteta badago, Dirubilketa Zerbitzuak eten eginen du dirubilketa prozedura kasurako ebazpena ematen den artean.

4. Eskaera jasota, bada, Dirubilketa Zerbitzuak txosten bat eskatuko dio Kultura Zuzendaritza Nagusia/Vianako Printzea Erakundeari, arrazoien gainean baloratzeko ondasun horiek eskuratzeak Nafarroako Foru Komunitatearentzat zenbateko interesa izan dezakeen.

Txosten hori ondasunak eskuratzearen alde agertzen bada, txostenarekin batera ondasunen balorazioa ere bidaliko da, honako irizpideen arabera:

-217/1986 Foru Dekretuak agintzen duenaren arabera interes kulturalekotzat deklaratu ondasunen kasuan, Kultura Zuzendaritza Nagusia/Vianako Printzea Erakundearen balorazioa.

-Espainiako Ondare Historikoaren osagai diren ondasunen kasuan, interes historiko, artistiko eta kulturaleko Inbentario ofizialetan inskribatuak badaude, Kultura administrazio eskudunak egindako balorazio indarduna.

Txostena kontrakoa bada, ez da ondasunen baloraziorik erantsi beharrik izango.

Dirubilketa Zerbitzuak eskatuko ere dio Kontuhartze Orokorraren Zerbitzuari ondasunak eskuratzeko pagabide hori erabiltzearen komenentziaz, aurrekontuan dauden baliabideen arabera.

5. Foru Agindu batek eginen du ebazpena, hiru hilabeteko epean egin ere, Dirubilketa Zerbitzuak aurreko artikuluak aipatzen dituen txostenak eskuratu dituenetik kontatuta. Ebazpen epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesatuek eskaera ukatutzat hartu dezakete, uko suposatu horren aurrean helegitea jarri edo ebazpen espresuari itxaroteko.

Eskatzaileak jakin dezan hiru hilabeteko epe hori zein egunetan hasi behar den kontatzen, luzenez hamar eguneko epean jakinaraziko zaio txosten horiek jaso direla eta zein egunetan sartu diren kasuko erregistroan. Eskubidea izanen du, halaber, ondasunei zer balorazio eman zaien jakiteko, eta zilegi izanen du bere eskaera uztea balorazio hori ez bada berak nahi edo espero zuena bezalakoa; horretara borondatezko aldia bukatuz gero uztearen datara arteko berandutze interesekin pagatu beharko du tributu zorra.

6. Ebazpenaren kopia (aldekoa nahiz kontrakoa izan; aldekoa bada ondasunen balorazioa ere erantsiko zaio) Dirubilketa, Kontuhartze Orokorra, eta Diruzaintza eta Ondarearen zerbitzuetara bidaliko da, eta bai Kultura Zuzendaritza Nagusia/Vianako Printzea Erakundera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Halaber, eskatzaileari ere jakinaraziko zaio ebazpena, eta hark, ikusi ondoren, eta positiboa bada, artikulu honetako 8 eta 9. idatz-zatiek agintzen dutenaren arabera jokatuko du. Negatiboa bada, dirutan pagatu beharko ditu tributu zorra eta sortutako interesak.

7. Pagatzeko eskaini diren ondasunez administrazioak egiten duen balorazioak, egin eta bi urteko indarraldia izanen du.

8. Ondasunak Kultura Zuzendaritza Nagusia/Vianako Printzea Erakundearen esku jarriko dira Foru Agindu batean hartarako jartzen den epean. Jasotzearen frogagiriaren orijinala Dirubilketa Zerbitzura bidaliko da.

9. Ondasunak entregatzen direnetik, kopuru horrek estaltzen dituen zorrak pagatu balira bezalako ondorioak sortuko ditu eta ondasunei alta emanen zaie Foru Komunitateko administrazioaren kontabilitatean, eta hala bide denean berandutze interesak sortuko dira borondatezko aldia bukatzen denetik ondasunak administrazioari entregatu arteko denboragatik.

Ondasunak ezarritako epean entregatzen ez badira, dirubilketa prozedura orokorraren bidez kobratuko dira zor diren dirukopuruak.

10. Zilegi izanen ere da tributu zorra bestelako ondasunak entregatuz ere pagatzea, baldin Nafarroako Gobernuak ondasun horiek horretarako eta ez bestetarako interes kulturalekotzat deklaratu baditu edo Foru Komunitatearentzat interes bereziko irizten bazaie.

Espedientearen tramitazioa aurreko idatz-zatietan ezarri den modu berean eginen da.

Behin Nafarroako Gobernuak ondasunak interes kulturalekotzat edo Foru Komunitatearentzat interes berezikotzat deklaratu dituenean, aurreko idatz-zatietan agindu den bezala eginen da.

11. Eskaera ukatzen bada, zordunak dirubilketa prozedura orokorraren arabera pagatu beharko du tributu zorra.

III. KAPITULUA. PAGUAREN FROGAGIRIAK

31. artikulua . Zein diren.

1. Zor bat erregelamendu honetan agintzen duenaren arabera pagatzen duenak eskubidea izanen du egindako paguaren frogagiri bat jasotzeko.

2. Hauek izanen dira, kasuan kasuan, diruz pagatu izanaren frogagiriak.

a) Ordainagiriak.

b) Organo eskudun batek edo pagua hartzeko baimena duen entitate batek sinatu edo balioztatutako ordaingutunak

c) Patenteak.

d) Dirusarrera egina frogatzen duten ziurtagiriak.

e) Ekonomi eta Ogasun Departamentuak espreski paguaren frogagiri izateko balioa aitortzen dion beste edozein dokumentu.

3. Tinbre gaiak erabiltzen direnean, gai horiek berak dira, behar den moduan baliogabetuak, pagatu izanaren frogagiriak.

32. artikulua . Diruz pagatu izanaren frogagirien betebehar formalak.

1. Diruz pagatu izanaren frogagiri guztiek gutxienez honakoak adierazi beharko dituzte:

a) Izen-deiturak, sozietatearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia, herria eta zordunaren helbidea.

b) Zorraren kontzeptua, zenbatekoa eta zein alditakoa den.

c) Kobrantzaren data.

d) Zein organok, pertsonak edo entitatek ematen duen.

2. Paguaren frogagiriak prozedura mekaniko baten bidez luzatzen direnean, zilegi izanen da arestian aipatu datuak klabetan edo laburturik adieraztea, osotara zordunari eta pagatzen den zenbatekoari antz emanarazteko adinakoak badira.

33. artikulua . Paguaren ziurtagiriak.

1. Zordunak zilegi izanen du egindako paguaren ziurtagiria administrazioari eskatzea eta administrazioak obligazioa du emateko.

2. Ziurtagiri horiek erreferentzia eginen diote Foru Komunitateko diruzaintzan egindako dirusarrerak duen kontabilitate idaztoharrari.

IV. KAPITULUA. PAGUAREN BERMEAK

34. artikulua . Xedapen orokorra.

Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko kredituak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak, kasurako beste legek eta erregelamendu honek agintzen duten moduan bermaturik daude.

35. artikulua . Lehentasun eskubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateak leheneste eskubidea izanen du mugaeguna pasatako eta pagatu gabeko kredituak kobratzeko baldin eta beste zordun batzuekin bat egin eta zordun horiek ez badira jabari, bahi, hipoteka edo kasuko Erregistroan eskubide hori jasoarazi baino lehendik behaz bezala inskribatu den beste edozein eskubide errealenak, erregelamendu honetako 36 eta 38. artikuluetan agintzen dena ezertan galarazi gabe.

2. Bahitura idaztoharrak daudenean Jabetzaren Erregistroan eta Higigarrien Hipoteken eta Eskualdatzerik gabeko Bahien Erregistroan ondasun bahitu berberen gainean eta idaztoharrak Nafarroako Foru Komunitatearen kredituarenak baino lehenagokoak direnean, dirubilketa organoak zilegi izanen du Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari helaraztea espedientea, eskubide hobeko tartekotza planteatzea komeni balitz ere, aurrez Nafarroako Foru Komunitateko Aholkularitza Juridikoaren txostena harturik.

3. Beste hainbeste eginen da aipatu erregistro horietan Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko bahitura idaztoharrak baino lehen eratutako eskubideak jaso eta eskubide horiek haren kredituak kobratzea trabatzen badute.

36. artikulua . Isilpeko lege hipoteka.

1. Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasun edo eskubideak edo haien zuzeneko produktuak epez epe kargatzen dituzten zuzenbide publikoko baliabideetan, Nafarroako Zerga Ogasunak beste edozein zordun edo eskuratzaileren aurreko lehentasuna izanen du, nahiz horiek beren eskubideak erregistraturik eduki, administrazioaren kobrantza egintza egiten deneko urte naturalari eta haren aurre-aurrekoari dagozkion zor pagatu gabeak kobratzeko.

2. Aurreko lerroaldean agindu dena betetzeko, administrazioaren kobrantza egintza egiten ari dela juzgatuko da delako eskubidea erregistroan inskribatu edo kasuko ondasun edo eskubideak eskualdatu diren ekitaldi ekonomikoari dagozkion zorrak borondatezko aldian kobratzeko prozedura hasi denean.

3. Zilegi izanen da artikulu honek aipatzen duen bermea erregistro publikoetan jasotzea hartarako bahitura idaztohar aurreneurrizkoa eginik, eta halakorik ezak ere ez du 1. idatz-zatian ezarri den lehentasuna aldatuko.

4. Bai hartzekodun hipotekarioak eta bai hirugarren eskuratzaileak eskubidea dute eskatzeko bereiz daitezela haien intereseko ondasunen kuotak, zergadun beraren beste kuota batzuekin bateraturik daudenean ordainagiri bakar batean.

37. artikulua . Nafarroako Zerga Ogasunaren hartzekoak bermatzeko beste hipoteka eta eskubide erreal batzuk.

1. Aurreko artikuluan aipatu dena bezalako lehentasuna izateko, bertan aipatu baino lehenagoko zorretan edo bertan ateratzen den baino handiagoko zorretan, zordunak zilegi izanen du bere oldez eratzea edo Nafarroako Zerga Ogasunak ere eskatzea hipoteka berezia era dadila. Hipoteka horrek inskribatzen den egunetik aurrera izanen du ondorio, Hipotekei buruzko Legearen 24. artikuluan ezartzen denaren arabera.

2. Beste zor batzuei dagokienez, zilegi izanen da borondatez Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko bermetzat higiezin eta higigarrien gaineko hipoteka, jabaria eskualdatu gabeko bahia edo beste edozein eskubide erreal eratzea, pagua gerokotu edo zatikatzen den kasuetan nahiz kasurako den araudian aurreikusten diren beste kasuetan.

3. Bermea alde bakar batetik eratu bada, organo eskudunak onartuko du bermea administrazio agiri baten bidez, zeinaren edukia kasuko erregistroan jasoko baita.

Aurretik, zilegi izanen da zerbitzu tekniko edo juridikoei txostena eskatzea bermea behar adinako ote den argitzeko.

Nafarroako Zerga Ogasunak, hala bide denean, bermea onartzeko erabili zen modu berean ezeztatzea ere onartuko du.

38. artikulua . Ondasunen atxikipena.

1. Legeetan ezartzen diren kasuetan, eskualdatzen diren ondasun-eskubideak atxikita geldituko dira eskualdapenak, eskurapenak edo inportazioak kargatzen dituzten tributu eta zuzenbide publikoko beste baliabideei dagozkien dirukopuruak -likidatuak izan ala ez- pagatu beharrari, zein ere den haien jabea, beti ere jabea ez bada erregistroko fede publikoak babestutako hirugarrena edo frogatzen ez bada ondasunak on-beharrez eta titulu justuz erosi zirela edo merkataritza edo industria establezimendu batean ezin inskriba daitezkeen ondasun higigarrien kasuan.

2. Zorra ez bada ez borondatezko aldian eta ez premiamendu bidean ere pagatzen, erregelamendu honetako 97. artikuluak ezartzen duen epean zorra pagatzeko aginduko zaio atxikitako ondasunaren jabeari, premiamendu errekargurik, interesik eta kosturik gabe erregelamendu honetako 21. artikuluko 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan ezartzen den adinako epean. Pagatzen ez bada, ondasuna exekutatuko da hasierako zorra, premiamendu errekargua, interesak eta kostuak pagatzeko.

3. Tributu bakoitza arautzeko legeak salbuespenen edo hobariren bat ematen badu eta horiek benetan indar izateko baldintzatzat jartzen zergadunak ondoren betetzea legeak ezartzen duen betebeharren bat, administrazioak kasuko dokumentuan jasoko du hobari fiskala tarte izan ez balitz eskatu beharko zen likidazioaren zenbateko osoa; bazterreko ohar baten bidez jasoko da hori erregistro publikoetan.

Ohar hori Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak eskatuko du, non eta likidazioa erregistroan sartu beharreko dokumentuan jasotzen ez den, zeren horretara ofizioz emanen baita atxikipen ohar hori.

39. artikulua . Pagua gerokotu edo zatikatzen den kasuetako bermeak.

1. Zorraren pagua gerokotu edo zatikatzea erabakitzen denean, Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du eskatzea era dadila haren alde erregelamendu honetako 50. artikuluan arautzen direnetako edozein berme.

2. Berme horiek, gaineko dituzten arauen arabera eratuko dira eta zuzenbide zibilaren, merkantil edo administratiboaren arabera berezko dituzten ondorioak sortuko dituzte.

40. artikulua . Premiamendu prozedura.

Epea pasatako eta pagatu gabeko zuzenbide publikoko kredituak kobratzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak bere premiamendu prozedura propioa erabiliko du, III. liburuan ezarri eta arautzen den moduan.

41. artikulua . Aurreneurrizko bahitura idaztoharra.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak eskubidea izanen du ondasun bahituraren idaztohar aurreneurrizkoa egin dadin kasuko erregistroan aipatu III. liburu horretan agintzen den moduan.

2. Idaztohar hori lortzeko dirubilketa organoek ematen dituzten aginduek ondorio guztietarako epaile batek emandakoek adinako indarra izanen dute.

42. artikulua . Legezkotasunaren presuntzioa.

Dirubiltze kudeaketako egintzek legezkotasunaren presuntzioa izanen dute eta berehala beteraztekoak izanen dira Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 8. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

43. artikulua . Beste aurreneurri batzuk.

1. Dirubilketa organoek zilegi izanen dute aurreneurriak hartzeko agintzea, kudeatzea esleitu zaien zuzenbide publikoko zorraren kobrantza segurtatzeko Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren eta kasurako diren beste arauen arabera.

2. Aurreneurri horiek, galarazi nahi den kaltearen proportziokoak izanen dira, eta ez da zilegi izanen ezin berdintzeko moduko edo nekez berdintzeko moduko galera sor dezakeenik hartzea.

3. Hartutako aurreneurriak lege indardunek onartzen dituztenetako edozein izan daitezke, eta bereziki Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak aipatzen dituenak.

V. KAPITULUA. PAGUAREN ONDORIOAK ETA PAGUEN EGOZPENA

44. artikulua . Paguak zorra iraungitzeko duen indarra.

1. Erregelamendu honek ezartzen dituen baldintzen arabera egindako paguak zorra iraungi eta zorduna eta gainerako erantzuleak libratzen ditu.

2. Epeburua beranduago duen zor bat pagatzetik ez da segitzen aurrekoak pagatu direnik eta ez dio Nafarroako Zerga Ogasunari kentzen pagatu gabe daudenen pagua eskatzeko eskubidea, preskripzio kasuak galarazi gabe.

45. artikulua . Paguen egozpena.

1. Zuzenbide publikoko zorrak autonomoak dira.

2. Zor bat baino gehiago duenak zilegi izanen du pagua egiterakoan berak nahi duen pertsonari edo nahi dituen zorrei egoztea.

3. Pagatzera behartu bat berak zor bat baino gehiago metatu, derrigorrezko ejekuzioa egin behar eta zor guztiak osorik ezin pagatu badira, zenbait kredituren lehentasuna ezartzen duten arauak ezertan galarazi gabe, pagua zaharrenetik berrienera aplikatuko zaie zorrei, bakoitza borondatezko aldian pagatzeko epeburua aintzat hartuta.

VI. KAPITULUA. Pagatu ezaren ondorioak eta kontsignazioa

46. artikulua . Pagatu ezaren ondorioak.

1. Erregelamendu honetako epe eta baldintzetan pagatu ezak, premiamendu bideko dirubilketa prozedura hastea ekarriko du, administrazioak erregelamendu honetako 8. eta hurrengo artikuluen arabera pagatzera behartuta dauden guztien kontra eginen duena.

2. Pagatu gabeko zorra kasuan kasuan eska daitezkeen premiamendu errekarguekin, berandutze interesekin eta kostuekin handituko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak, Nafarroako Ogasun Publikoa arautzeko Foru Legeak eta erregelamendu honek agintzen dutenaren arabera.

3. Prozedura hori agortu ondoren zorra pagatu ez bada, hutsegindakotzat deklaratuko dira zordun nagusiak eta erantzule solidarioak -halakorik badago-, eta hala bide denean erantzule subsidiarioengana bideratko da administrazioaren egintza.

47. artikulua . Kontsignazioa.

1. pagatzera behartuta daudenek zilegi izanen dute zorraren zenbatekoa diruz kontsignatzea Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontuen Eta Diruzaintzaren Zerbitzuan, kasu hauetan:

a) Zilegi diren erreklamazioak eta helegiteak jartzen direnean.

b) Dirubilketa organo eskudunak edo pagua hartzeko baimena duen entitateak bidegabeki onartu ez edo ezinbestean ezin onartu dezakeenean.

2. 1. idatz-zatiko a) letraren kasuan, kontsignazioak eten eginen du egintza inpugnatuaren betearazpena, egin den momentutik, baldin helegiteak eta erreklamazioak arautzeko arauen arabera egin bada.

3. 1. idatz-zatiko b) letraren kasuan, kontsignazioak pagatu beharretik libratu eginen du egin den momentutik, zorra osorik kontsignatu eta dirubilketa organoari hala egin dela aditzera ematen bazaio.

VII. KAPITULUA. PAGUA GEROKOTU ETA ZATIKATZEA

48. artikulua . Zein zor diren gerokotzekoak eta zein gerokotu ezinak.

1. Zilegi izanen da Nafarroako Zerga Ogasunari tributu, ordainarazpen parafiskal, prezio eta oro har zuzenbide publikoko dirusarrera gisa zor zaizkion kopuruak gerokotu eta zatikatzea, bai borondatezko aldian nola derrigorrezkoan, erregelamendu honetan ezartzen diren baldintza eta moduan, beti ere baldin zordunari bere egoera ekonomiko finantzarioak ezintzen badio, aldi batez, pagua garaiz egitea eta baldin eta gerokotzea emanda eskatzaileak bere zerga eginkizunetan eguneratuta gelditzen bada eta hala irauten gerokotze aldi guztian.

Hala ere, ez da eskatuko eskatzailea gerokotzearen baimena ematean bere zerga eginkizunetan eguneratua egoterik baldin gerokotzea eskatzen zaien zor guztiak premiamendu bidean badaude.

2. Aurreko lerroaldean agintzen dena ezertan galarazi gabe, gerokotzea besterik gabe ukatuko da baldin kasuko zorretan premiamendu biderik hasi ez bada eta haien titularrengan honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

-Tributu zorrak edo Nafarroako Ogasun Publikoaren bestelako eskubide ekonomikoen paguak bitan edo gehiagotan gerokoturik egotea, osorik ezeztatzeko zain, non eta gerokotzea eskatzen zaien zorrak erregelamendu honetako 50.1 eta 50.2 a) artikuluetan aipatu berme motekin bermaturik ez dauden edo lehenagokoak bermaturik ez zeuden.

-Epeburua pasatako zorra, premiamendu bidean eskatzeko modukoa, egotea.

-Zorraren titularrak paguen etena edo kiebra eskatzeko tramiteak hasi dituenean edo lehiaketa prozeduran sartuta ez dagoenean.

Bestalde, hauek izan daitezke ukatzeko arrazoiak:

-Gerokotzearen epeak betetzeko behar adina baliabide sortzeko gai dela behar bezala ez frogatzea.

-Gerokotzea eskatzen zaion zorraren zenbatekoak zor-titularraren funts propioei edo ondare garbiari goiti egiten dienean.

3. Ohiz gaineko edo erregelamendu honetan espreski aipatutako kasuetan izan ezik, ez da zilegi izanen honako zor hauen pagua gerokotzea edo zatikatzea premiamendu prozedura hasi aurretik:

a) Nahitaez tinbre gaiez pagatu behar diren tributu zorrak.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren atxikipenak eta konturako sarrerak, non eta soilik erregelamendu honetako 50.1 artikuluan aipatu berme motarekin bermatzen ez diren.

c) Zenbait Garraiobide Jakinen gaineko Zerga Berezitik heldu diren tributu zorrak.

d) Zozketa, tonbola, apostu, konbinazio aleatorio, eta zorizko, ausazko eta erronkazko jokoen gaineko tasetatik heldu diren tributu zorrak.

e) Nafarroako Zerga Ogasunari zor zaizkion eta lehenagotik ere pagua gerokotu edo zatitu zitzaien dirukopuruak.

f) Errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratibo batean edo administrazioarekiko auzi-errekurtso batean emandako ebazpen irmo guztiz edo partzialki ezesleak exekutatzearen ondoriozkoak, baldin eta aldez aurretik etenik geratu badira errekurtso edo erreklamazio horiek izapidetu bitartean Nota de Vigencia.

4. Aurreko 2. idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, tributudunaren konkurtsoaren kasuan, ezin izanen dira geroratu, ezta zatikatu ere, konkurtsoei buruzko legeriaren arabera masaren aurkako kreditutzat jotako zerga zorrak Nota de Vigencia.

49. artikulua . Eskumena Nota de Vigencia.

Zorraren geroratzea erabakiko du:

a) Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak, geroratu edo zatitu beharreko zorra 200.000 eurotik gorakoa ez denean.

b) Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, geroratu edo zatitu beharreko zorra 200.000 eurotik gorakoa eta gehienez ere 1.500.000 eurokoa denean.

c) Nafarroako Gobernuaren erabaki batek, geroratu edo zatitu beharreko zorra 1.500.000 eurotik gorakoa denean.

50. artikulua . Bermea.

1. Eskatzaileak, eskaera aurkezten duen momentuan eta erregelamendu honetako 49. artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe, berme bat aurkeztuko du banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarren bermerako sozietate bateko abal solidarioaren itxuran, edo entitate horien konpromiso espresua gerokotzea ematen bazaio abala eratzeko.

2. Behar adinako abala ezin aurkeztu bada, honako berme hauetako bat eskaini ahal izanen du:

a) Higiezinen gaineko hipoteka.

b) Higigarrien gaineko hipoteka.

c) Bahi eskualdagarria.

d) Fiantza pertsonal eta solidarioa.

e) Behar adinakotzat jotzen den beste edozein.

Foru Agindu baten bidez finkatuko da berme mota bakoitzean zer baldintza eta zer goiko muga bermatu behar diren.

Nolanahi ere, berme horiek gerokotzea emateko eskudun den organoak aurrez onartu beharrekoak dira, erregelamendu honetako 49. artikuluak agintzen duenaren arabera.

3. Zorra bermatutzat emanen da, derrigorrezko aldian dagoela, hura estaltzeko adina ondasuni erregistro publiko batean bahitura idaztohar aurreneurrizkoa egin zainean, idaztohar horrek indardun irauten dueino.

51. artikulua . Berme beharretik libratzea.

1. Kasu hauetan ez da bermerik eskatuko:

a) Eskatzailea Lurralde administrazio publikoa denean, eta bai ere administrazio publiko horren menpeko edo lotutako ente publikoa denean, sozietate publikoak izan ezik.

b) Gerokotu beharreko zorra hogeita hamabost milioi pezeta baino gutxiagokoa denean, betiere epea bi urtetik beherakoa izan eta eskatzaileak tramitatu aurretik gerokotzea eskatzen duen zorraren ehuneko 30 sartu badu.

Ez da aplikatuko aurreko b) letran esan dena delako gerokotzea eskatu baino lehendik zorraren pagamendua partez nahiz osorik edozein berme bidez bermaturik badago.

2. Salbuespenez, gerokotzea emateko eskudun den organoak zilegi izanen du zorduna libratzea eska daitezkeen bermeak eman beharretik partez nahiz osorik zordun horrek zorra bermatzeko behar adinako ondasun-eskubiderik ez daukanean eta haren ondarea exekutatzeak larriki erasanen liokeenean kasuko jarduera ekonomikoaren produkzio gaitasunari edo kalte handia ekarriko liekeenean Nafarroako Ogasun Publikoaren interesei.

Gerokotzea berme eman beharrik gabe emanda, onuraduna loturik egonen da, gerokotze aldi guztian, Dirubilketa Zerbitzuari aditzera ematera zorra bermatzeko gaitasuna ematen dioten ekonomiazko edo ondareko edozein aldaketa. Horretara, eratu eginen da bermea. Zerbitzu horrek begiratu eginen du, auditorien bidez nahiz beste edozein bide egokiren bitartez, lotura hori betetzen den ala ez.

52. artikulua . Estaldura eta tramitazioa.

1. Bermeak printzipalaren zenbatekoa estaliko du eta berandutze interesena, gehi bi dirusail horien ehuneko 20. Premiamendu prozedura hasi ondoren, dirukopuru gerokotua estali beharko du, premiamendu errekargua barne dela, gerokotzeak sortzen dituen berandutze interesak gehi printzipalaren eta interesen kopuruaren 100eko 5.

Zatikatze kasuetan, zilegi izanen da partezko bermeak aurkeztea epe bakoitzerako. Horretara, berme bakoitzak kasuko zatia estaliko du, eta bai berandutze interesak eta bi dirusailen 100eko 20 ere. Premiamendu prozedura hasi denean, kasuko zatia estali beharko du, premiamendu errekargua barne dela, berandutze interesak eta bi dirusailen ehuneko 5.

2. Nolanahi ere, abal itxurako bermea, pagua zatikatzeko baimena emateko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egunak iragan baino lehen aurkeztu beharko da. Eskatzaileak hala eskatzen badu, zorra kudeatzen duen atalak emanen du abalatu beharreko kopuruaren kalkulua.

Erregelamendu honetako 50.2 artikuluak aipatzen dituen bermeak, pagua zatikatzeko baimena emateko erabakia jakinarazi eta hurrengo hogeita hamar egunak iragan baino lehen eratu beharko dira.

Salbuespenez, frogatzen bada epe horietan bermea eratzea ezintzen duten arrazoiak badirela, zilegi izanen da epe horiek zabaltzea beste zazpi egunetan abal itxurako bermeetarako eta beste hamabost egunetan beste berme motetarako. Azken epe hauek luzaezinak izanen dira.

Bi kasuetan, pagua gerokotu edo zatikatzeko baimena emateko baldintza izanen da aipatu bermeak ematea.

3. Arestian esan diren epeak iragan eta bermea eratu ez bada, berainez indargabetuko da gerokotze edo zatikatzea emateko erabakia, eta honela jokatuko:

a) Gerokotze edo zatikatzea borondatezko aldian eskatu bada, gerokotze edo zatikatzea emateko erabakia baliogabetu zenetik hamabost eguneko epean pagatu beharko da zorra, ordura arte sortutako berandutze interesak likidatu beharra ezertan galarazi gabe. Epe hori iragan eta zorra pagatu ez bada, premiamendu bidean eskatuko da.

b) Gerokotze edo zatikatzea derrigorrezko aldian eta premiamendu prozedura hasi ondoren eskatu bada, aurrera segituko da prozedura horrekin. Hasi ez bada, a) letran agindu dena aplikatuko da, tokatzen diren interes eta errekarguak eskatu beharra ezertan galarazi gabe.

53. artikulua . Bermea askiestea eta askatzea, eta bermearen gastuak.

1. Dirubilketa organoek aztertuko dute bermea behar adinakoa ote den, eta zilegi izanen dute txostenak eskatzea Nafarroako Zerga Ogasuneko beste zerbitzu teknikoei, eta bai, hala bide denean, kanpoko zerbitzuak kontratatzea ere.

2. Gerokotzea ebazteko eskudun den organoak beharko ditu aurkeztutako bermeak onartu, eratu eta askatu.

Onartze, askatze edo ezeztatze hori egiteko, administrazio dokumentua erabiliko da, zeina hala bide denean kasuko erregistro publikoen arduradunei bidaliko zaien bertan haren edukia jaso dadin; erregistratzaileek eskatzen dituzten gastuak zordunak pagatu beharko ditu.

3. Bermatutako zorra osorik pagatu dela konprobatu ondoren askatuko dira bermeak, interesik sortu bada haiek ere barne direla. Zilegi izanen da partezko berme bakoitza askatzea zegokion zorra pagatu denean.

Pagua zatikatzen den kasuetan, zor osoa abal bakar baten bidez bermatzen denean, eta mugaegunak etorrita pagatu ahala, zilegi izanen da hasierako abal horren ordez berri bat jartzea pagakizun dagoen zorra bermatzeko, aurreko artikuluetan agindu bezalako baldintzetan.

4. Nolanahi ere, bermea eman, exekutatu eta ezeztatzeak sortzen dituen gastuak eskatzailearen kontu egonen dira.

54. artikulua . Eskaera.

1. Edozein gerokotze edo zatikatze tramitatzeko, eskatzaileak beti eskaera bakarra aurkeztu beharko du.

2. Gerokotzeko eskaerak Nafarroako Zerga Ogasunari aurkeztuko zaizkio, epe hauetan:

a) Premiamendu prozedura hasi zaien zorretarako, bahitutako ondasunak besterentzeko baimena eman baino lehenagoko edozein unetan.

b) Beste zorretarako, premiamendu prozedura hasi baino lehen.

3. Gerokotzeko eskaerak Nafarroako Zerga Ogasunak emanen duen ereduan eginak aurkeztuko dira, nahitaez honako datuekin:

a) Izen-deiturak, sozietatearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta zordunaren helbidea.

b) Gerokotzea zein zorretarako eskatzen den; zor horren kontzeptua, kopurua, aldia eta borondatezko aldia bukatzen den eguna. Autolikidazioen kasuan, Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztu autolikidazio dokumentuaren fotokopia.

c) Pagamendu proposamena, luzeenez zer epe eskatzen den eta pagu zatikatuak zenbatero eginen diren adierazten duena.

d) Hala bide denean, gerokotzea eskatzen zaien zorren 100eko 30 sartu izanaren frogagiria.

e) Banku helbideratzearen datuak, erregelamendu honetako 59.2 artikuluak agintzen duenaren arabera.

f) Hala bide denean, zer berme eskaintzen den. Dirubilketa organoek zilegi izanen dute bermetzat eskainitako ondasunen balorazioa aurkeztu dezatela agintzea eskaera-egileei, enpresa edo profesional espezializatu eta independienteek egina.

g) Hala bide denean, eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazioaren deskripzioa.

4. Bermea jarri beharretik partez nahiz osorik libratzeko eskatzen denean, 51. artikuluko 2. idatz-zatiak agintzen duenaren arabera, aurreko 3. idatz-zatiko e) eta f) letrek aipatzen dituzten datuen ordez honako dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Eskaera-egilearen deklarazio erantzulea, aditzera emateko ez duela ondasun-eskubiderik, edo bermetzat eskaintzen dituenak beste ondasun-eskubiderik ez duela.

b) Azken hiru ekitaldietako balantzea eta galera-irabazien kontua, eta hala bide denean, auditoria txostena.

c) Bideragarritasun plana, halakorik badago, eta bai ekonomia-finantza eta ondare gaiei buruzko beste edozein informazio administrazioak beharrezko irizten diona.

5. Eskaera-egileak, zilegi izanen du bere eskaeraren lagungarri bidezko iruditzen zaizkion dokumentu eta frogagiri guztiak aurkeztea.

6. Gerokotze edo zatikatze eskaera tramitatzeko, ezinbestekoa izanen da eskaera-egileak eguneraturik edukitzea bere zerga eginkizunak.

55. artikulua . Tramitazioa.

1. Dirubilketa organoek gerokotze eskaerak eta aurkeztutako dokumentazioa errebisatzeko, honela jokatuko dute:

a) Eskaera hori, behar bezala egina eta dokumentatua, premiamendu prozedura hasi baino lehen aurkezten bada, ebatzi ez den artean ez da prozedura hori hasiko.

b) Eskaera akasduna denean, hala emanen zaio aditzera interesatuari, eta ohartaraziko jakinarazpenetik aurrera hamar eguneko epea duela akatsak zuzentzeko eta hala egin ezean eskaera berainez baliogabetuko dela eta ordutik aurrera hamar eguneko epean pagatu beharko dela zorra, egun horretara arte sortu diren berandutze interesak ezertan galarazi gabe. Epeburu hori iragan eta zorra pagatu ez bada, premiamendu prozeduraren bidez eskatuko da pagua.

2. Eskaera premiamendu prozedura hasi ondoren aurkezten bada, prozedurak aurrera egitea ezertan galarazi gabe, zilegi izanen da bahitutako ondasunak besterentzeko egintzak geldiaraztea gerokotzea ebazten den arte.

3. Aurreko tramite horiek eginik, eta bermeak behar adinakoak ote diren azterturik, txostena eta ebazpen proposamena helaraziko zaizkio organo eskudunari.

4. Tramitazioan eskaera-egileak zorraren dirusarrera egiten badu, juzgatuko da eskaerari utzi diola, eta tokatzen diren berandutze interesak eta errekarguak likidatuko dira.

Horretara, eskaera-egileak aditzera eman behar die Nafarroako Zerga Ogasuneko dirubilketa organoei zorraren pagua egin duela.

5. Erregelamendu honetako 50. artikuluak agintzen duena betetzen ez duen gerokotze eskaera bat aurkezten denean, borondatezko aldia bukatu ondoren, ebazpena egiteko eskudun den organoak juzgatzen badu dirubilketa arriskuko egoera bat gertatzen dela, zilegi izanen du, gerokotzea tramitatzen ari denak hala proposatuta, bidezko iruditzen zaizkion aurreneurriak hartzea gerokotzea tramitatu bitartean zorraren kobrantza segurtatzeko. Hartarako, zilegi izanen da, beste neurri batzuen artean, Nafarroako Zerga Ogasunak zordunari egin behar dizkion paguak badaezpada atxikitzea edo kasuko erregistro publikoetan zordunaren ondasunen bahitura aurreneurrizkoaren idaztoharra egitea, zeinak behin betiko bihur daitezkeen premiamendu prozeduran.

Aurreneurri horiek hartu zituen organo berak jasoko ditu, baldin neurriei eusteak ezin berdintzeko moduko edo nekez berdintzeko moduko galerak sortzen ahal baditu edo erregelamendu honetako 50. artikuluan aipatzen diren bermeetako bat aurkezten denean.

Ez da zilegi izanen aurreneurriek inoiz eduki generikoa izatea.

6. Tramitazio bitartean eskatzailea Nafarroako Zerga Ogasunaren hartzekodun bihurtzen bada, zerga arloko itzulketengatik, kreditua eskaerako zorrarekin konpentsatzen ahalko da, ofizioz Nota de Vigencia.

56. artikulua . Ebazpena.

1. Pagua gerokotu edo zatikatzeko eskaerei ebazpen espresua egin beharko zaie hiru hilabeteko epean, erregelamendu honetako 52 eta 55. artikuluek agintzen dutena ezertan galarazi gabe. Epe horretan ebazpen espresurik egiten ez bada, eskaera ukatu dela ulertu ahalko da.

2. Gerokotze edo zatikatzea ematen bada, organo eskudunak finkatuko du zein epe, kopuru eta baldintzatan eginen diren, interesatuak proposatu dituenak berak izan ala ez.

57. artikulua . Jakinarazpena.

1. Ebazpenak interesatuei jakinarazi behar zaizkie.

2. Ebazpena onartzekoa bada, jakinarazpenak, hala bide denean, epeak zehaztu behar ditu eta epe bakoitzean zenbateko dirusarrera eginen den ere bai, eta berandutze interesak adierazi.

3. Ebazpena ukatzekoa bada, jakinarazpenak zehaztu beharko du zergatik ukatu den, zenbateko dirusarrera egin behar den, hala bide denean berandutze interesak adierazita, eta dirusarrera egiteko epea, hau da:

a) Gerokotzea premiamendu prozedura hasi baino lehen egin bada, ebazpena jakinarazi den egunetik hamabost egun. Epe hori iragan eta zorra pagatu ez bada, premiamendu prozeduraren bidez eskatuko da pagua.

b) Gerokotzea derrigorrezko aldian eskatu bada, premiamendu prozedurak aurrera eginen du.

58. artikulua . Interesak.

1. Oro har, gerokotu diren zorrek beren epeburua pasa eta biharamunetik aurrera eta emandako gerokotze edo zatikatze epeak bukatu arte, berandutze interesa sortuko dute, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50. artikuluak aipatzen duena.

Interes tasa interesa sortzen den aldian indardun zegoen tasa izanen da. Gerokotze edo zatikatzeak irauten duen artean baimena eman zenean indardun zegoen tasa aldatzen bada, zuzenean berriz kalkulatuko dira etorkizun dauden epeei dagozkien interesak, aldaketak indar hartu zuen data eta epeburuen data aintzat hartuta eta bai, hala bide denean, behar diren moldaketak eginen ere.

2. Gerokotzea ematen bada, zor gerokotuaren gaineko berandutze interesak kalkulatuko dira borondatezko aldia bukatu denetik emandako epea bukatu arteko denboragatik. Gerokotzea derrigorrezko aldian eskatu bada, Interesak kalkulatzeko oinarrian ez da premiamendu errekargua sartuko.

3. Zatikatzea ematen bada, zor zatikatu bakoitzerako kalkulatuko dira berandutze interesak.

Zatikatzea derrigorrezko aldian eskatu bada, interesak kalkulatzeko oinarrian ez da premiamendu errekargua sartuko.

Zor zati bakoitzeko borondatezko aldia bukatu zenetik emandako epea bukatu arte sortu diren interesak kontatuko dira. Zati bakoitzeko sortu diren interesak kasuko epean eta zati horrekin batera pagatu beharko dira.

Hala ere, zordunaren inguruabar ekonomiko finantzarioengatik hala komeni bada, dirubilketa organo eskudunek zilegi izanen dute beste sistema batzuk aplikatzea kasuko zatien epeak eta interesak kalkulatzeko.

4. Zorrak gerokotu edo zatikatzeko baimena ukatzen bada:

a) Borondatezko aldian eskatzen bada baimena, borondatezko aldia bukatu denetik ebazpenaren edo ustezko ukazioaren egunera arte sortu diren berandutze interesak likidatuko dira.

b) Derrigorrezko aldian eskatzen bada, pagua egin ondoren likidatuko dira interesak.

Hala ere, kasuko inguruabarrengatik hala komeni bada, zilegi izanen da interes horien kalkulua eta pagua premiamendupeko zorra pagatzerakoan likidatu eta eskatzea.

59. artikulua . Borondatezko ordainketa aurreratuak, konpentsazioak eta ordainketen helbideratzeak Nota de Vigencia.

1. Zilegi izanen da emandako gerokotze edo zatikatzea garaia baino lehen ezeztatzea, honako bide hauetako baten bitartez:

a) Gerokotze edo zatikatze bat eman zaion subjektu pasiboak zilegi izanen du edozein unetan oraindik pagakizun duen epea edo dituen epeak muga baino lehen pagatzea, onartu eginen zaio pagua eta kasuko berandutze interesen likidazio berria, dirusarreren benetako daten araberakoa, aurreko likidazioa ezeztatuta.

b) Gerorapenak edo zatikapenak indarra duen bitartean zerga ordaintzera behartua dagoena Nafarroako Zerga Ogasunaren hartzekodun bihurtzen bada zerga itzulketa bat dela bide, kreditua ofizioz konpentsatzen ahalko da. Horrelakoetan, ordaintzeko dauden lehenbiziko epeetatik hasiko da, deusetan galarazi gabe horren ondorioz ordaindu gabe dauden kopuruak aldez aurretik mugaeguneratzea eta bidezko diren interesak berriz kalkulatzea Nota de Vigencia.

2. Geroratzeak edo zatikatzeak eskatzen dituztenek, dagokion baimenaren bidez, eskaeran adierazi behar dute zein kontutan helbideratuko diren ordainketak, onarpenean emandako epemugak betetzen direnean.

Zilegi izanen da kontu hori aldatzea hartarako gerokotze edo zatikatzea eman duen organoari eskaera eginik epeburua etorri baino hogei egun lehenago.

Kontu horretatik pagatu behar den epea ez bada garaiz pagatzen, hurrengo artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran agindu bezala eginen da Nota de Vigencia.

60. artikulua . Pagatu eza.

1. Epeburua etorri eta zorra pagatzen ez bada, honela jokatuko da:

a) Gerokotzea premiamendu prozedura hasi baino lehen eskatu bada, prozedura horren bidez eskatuko dira zorra eta sortutako interesak. Premiamendupean jarritako zorra premiamendu probidentzia jakinaraztean emandako epean pagatzen ez bada, exekutatuko da bermea lehen aipatu kopuruak kobratzeko. Bermerik ez bada edo behar adinakoa ez bada, premiamendu prozedura segituko da oraindik zor dena kobratzeko.

b) Gerokotzea premiamendu prozedura hasi ondoren eskatu bada, exekutatu eginen da bermea eta bermerik izan ez edo behar adinakoa ez bada, premiamendu prozedurak aurrera eginen du.

2. Paguak zatikatzea premiamendu prozedura hasi baino lehen eskatu bada, edozein epeburu etorri eta zor dena pagatzen ez bada, gainerako epeburu guztiak ere pasatakotzat jo eta denentzat hasiko premiamendu prozedura.

Pagua zatikatzea premiamendu prozedura hasi ondoren eskatu bada, epeburu bat etorri eta zor dena pagatzen ez bada, egun berean pasatakotzat jo gainerako epe guztiak ere eta bermea eta derrigorrezko ejekuziorako beste bide guztiak erabiliko dira.

3. aurreko 2 eta 3. idatz-zatiek aipatzen duten bermea exekutatzeko erregelamendu honetan arautzen den prozedura erabiliko da.

lortutako kopuru likidoa pagakizun dagoen zorra pagatzeko erabiliko da, kostuak, berandutze interesak eta premiamendu errekargua barne.

Sobrante gelditzen den zatia berme-emailearen edo dagokionaren eskura jarriko da, sortu diren berandutze interes guztiak likidatu eta pagatu ondoren.

61. artikulua . Gerokotze edo zatikatzea eman duen organoak muga baino lehen ezeztatzea.

1. Gerokotze edo zatikatzea eman ondoren zor gerokotuaren titular horrek bere zerga eginkizunen batean huts egiten badu, gerokotze edo zatikatzea eman dion organoak zilegi izanen du eginkizun horiek bete ditzala agintzea erregelamendu honetako 55. artikuluak ezartzen duen prozedura erabiliz.

2. Gerokotzearen titularrak pagu-etenaren edo kiebraren eskaera aurkezten badu, gerokotzea muga baino lehen ezeztatuko da eta legez eratutako prozeduren bidez eginen da kobrantza.

62. artikulua . Moratoriak.

Foru Lege bat beharko da zorren moratoriak emateko, zor horiek likidaturik egon ala ez, legeak berak ezartzen duen irispidearekin.

63. artikulua . Araubide bereziak.

1. Erregelamendu honetako 48. artikuluak aipatzen dituen pagu gerokotze edo zatikatzeak, Auziperatze Zibilaren Legeko XIII. tituluko 6. atalean eta XII. tituluko 1. eta 8. ataletan eta pagu etenari buruzko 1922ko ekainaren 26ko Legean aurreikusten diren akordio edo hitzarmen lehiaketa-prozesuen ondoriozkoetan inplizitu daudenak, bertan agintzen denaren arabera gobernatuko dira.

2. Foru Lege baten bidez arautzen diren gerokotze eta zatikatzeei, erregelamendu honetan agintzen dena aplikatuko zaie ordezgarri.

II. TITULUA. ZORRAK IRAUNGITZEKO BESTE BIDE BATZUK

I. KAPITULUA. PRESKRIPZIOA

64. artikulua . Epea.

1. Likidatutako tributu zorren pagua eskatzeko akzioak lau urteren buruan preskribitzen du, borondatezko pagua bukatzen den egunetik kontatuta.

2. Tributuez beste zuzenbide publikoko zorren preskripzio epea finkatzeko, zor horiek finkatzeko oinarri izan ziren arauak hartuko dira aintzat eta halakorik ezean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea.

65. artikulua . Aplikazioa.

1. Kapitulu honek aipatzen duen preskripzioa ofizioz aplikatuko da, bai eta zorra pagatu den kasuetan ere, pagatzera behartuak preskripzioa eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

2. Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak deklaratuko du ofiziozko preskripzioa.

3. Urtero, zerbitzu horrek talde-espediente bat eratuko du urtean preskribitu duten eta bakarka deklaratu ez diren zor guztien preskripzioa deklaratzeko. Espediente hori Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendariak onetsiko du, kontuhartze organoak fiskalizatu ondoren.

4. Preskripzioa deklaratu zaien zorrek kontuetan baja hartuko dute.

66. artikulua . Etendura.

1. Honako kasuetan etenen da preskripzio epea:

a) Pagatzera behartuak zorra iraungitzeko helburuz edozer gauza egiten duenean.

b) Pagatzera behartua formalki jakinaren gainean dela administrazioak edozer jarduera egiten duenean zorra kobratu edo aseguratzeko helburuz. Egintza horiek kasuan kasuan dokumentatu beharko dira erregelamendu honetako baldintzen arabera.

c) Edonolako helegite edo erreklamazioak jartzen direnean.

2. Etena gertatzen denean, berriz hasiko da kontatzen preskripzio epea pagatzera behartuak edo Administrazioak azken egintza egin dutenetik.

67. artikulua . Preskripzioaren hedapena eta ondorioak.

1. Irabazitako preskripzioak pagatzera behartu guztiei egiten die onura.

2. Preskripzio epea pagatzera behartu batentzat eten delarik, guztientzat eten dela ulertuko da. Hala ere, partzuerrak badira eta zordun bati soilik eskatzen bazaio dagokion zor zatia, epea ez da gainerakoentzat etenen.

3. Pagatzera behartu baten beraren kontuko zor likidatuak badaude, administrazioak bere egintza batez eteten badu preskripzioa, egintza horrek xede duen zorrarena baizik ez da etenen.

4. Preskripzio irabaziak zorra iraungitzen du.

II. KAPITULUA. KONPENTSAZIOA

68. artikulua . Zor konpentsatzekoak.

1. Kapitulu honetan aipatzen diren kasu eta baldintzetan zilegi izanen da Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko zorrak konpentsazioz partez nahiz osorik iraungitzea, dirubiltze kudeaketaren aldian daudenak, dela borondatezkoan dela derrigortuan, Nafarroako Zerga Ogasunak zordunaren alde aitortzen dituen hartzekoak erabilita.

2. Halaber, zilegi izanen da aurreko lerroaldean sartzen ez diren zorrak ere konpentsazioz iraungitzea tributu eta zuzenbide publikoko beste baliabideen gaineko arauek hala aurreikusten dutenean.

3. Likidazio bat, haren paguko dirusarrera egin ondoren, baliogabetu eta beste batez ordezten bada, zilegi izanen da likidazio berria lehendik pagatutakoan gutxitzea.

69. artikulua . Eskumenak.

1. Dirubilketa Zerbitzuak eskumena du kudeatzea esleitu zaion zorrak ofizioz nahiz zordunak hala eskatuta konpentsatzeko, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak zordunaren alde egin behar dituen paguak erabilita.

2. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak eskumena du 68. artikuluak aipatzen dituen zor eta hartzekoak konpentsatzeko zor horien kudeaketa egiteko eskumena eta hartzeko horiek pagatzeko eskumena organo banari badagozkio.

70. artikulua . Entitate publikoen zorrak ofizioz konpentsatzea.

1. Zilegi izanen da Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko zorrak ofizioz konpentsatzea, zorduna Estatua, Erakunde autonomo bat, Gizarte Segurantza edo zuzenbide publikoko entitate antolamendu pribatuaren arabera aritzen ez den bat delarik, borondatezko aldian pagua egiteko epea iragan ondoren.

2. Konpentsazio hori egiteko, lehenbizi entitate horien alde dauden hartzekoak erabiliko dira, eta bigarrenik Nafarroako Foru Komunitateak erakunde horiei aldatu behar dizkien dirutzei dagozkien kopuruen kontu. Azken kasu horretan, toki entitateak partiketa kontu bat irekita daukanean Nafarroako Zerga Ogasunean, konpentsazioa egiteko kontu horretan idaztoharra eginen da.

3. Konpentsazio erabakia erakunde zordunari jakinaraziko zaio.

71. artikulua . Ogasun Publikoaren beste hartzekodun batzuen zorrak ofizioz konpentsatzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren zordun batek, aurreko artikuluan sartzen ez dena, hartzeko aitortu bat ere daukanean harekin, borondatezko aldia iragana delarik, ofizioz konpentsatuko da hartzeko horren bidez zorra, gehi premiamendu errekargua eta berandutze interesak. Hala jakinaraziko zaio interesatuari.

2. Konpentsazio horri 69. artikuluko 2. idatz-zatian agintzen dena aplikatuko zaio.

72. artikulua . Pagatzera behartuak hala eskatuta egiten den konpentsazioa.

1. Konpentsazioa eskatzen duen zordunak eskaera bat aurkeztu beharko dio Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunari, honako datuez hornitua:

a) Pagatzera behartuaren izen-deiturak, sozietate izena edo deitura, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Zer zorrentzat eskatzen den konpentsazioa, haren zenbatekoa eta borondatez pagatzeko epea noiz bukatzen den.

c) Nafarroako Zerga Ogasunaren kontra aitorturik daukan hartzekoa, zeinarekin konpentsazioa egitea eskatzen den, zenbatekoa eta nolakoa den.

d) Hartzeko hori beste norbaiti laga edo eskualdatu ez delako deklarazio espresua.

e) Tokia, data, eta eskatzailearen sinadura.

2. Konpentsazioa ukatzen bada, hamar eguneko epea emanen da pagatzeko; epe hori iragan eta pagatu ez bada, premiamendua hasiko da edo prozedurak aurrera segituko, kasuan kasuan.

3. Konprobazio edo ikerketa jarduera bat beraren emaitzak dokumentatzen dituzten zerga ikuskapeneko aktetatik zeinu diferenteko likidazioak heldu badira subjektu pasibo edo atxikitzaile beraren kasuan, akta horiek irmotzen direnean, Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunak, ofizioz nahiz interesatuak hala eskatuta, erabakiko du zorrak eta hartzekoak konpentsatzea aski diren bezainbatean. Konpentsazioa erabakitzeak ez du galaraziko, oraindik tributu zorrik geratzen bada harentzat pagua gerokotu edo zatikatzeko baimenak ematea.

73. artikulua . Konpentsazioaren ondorioak.

1. Ofiziozko konpentsazioa egin behar denean, zerga zorra epe exekutiboa hastean azkenduko da, edo zor eta kredituetarako eskatzen diren betekizunak betetzen direnean, baldin eta azken hori geroago gertatzen bada. Konpentsazio erabakiak kasuko zenbatekoaren azkentzea deklaratuko du.

Alderdi batek eskaturiko konpentsazioa egin behar denean, zerga zorra eskabidea aurkeztean azkenduko da, edo zor eta kredituetarako eskatzen diren betekizunak betetzen direnean, baldin eta azken hori aurkezpenaren ondoren gertatzen bada. Konpentsazio erabakiak azkentze hori deklaratuko du Nota de Vigencia.

2. Erregelamendu honetako 70. artikuluak aipatzen duen bezala entitate publikoen zorrak konpentsatzen direnean, hartzekoa zorra baino txikiagoa bada, hartzekoari goiti egiten dion zor zatirako berriz erabakiko da konpentsazioa egitea entitate horiei ondoren beste hartzekorik aitortzen bazaio.

3. Gainerako kasuetan, hartzekoa zorra baino txikiagoa bada, honela jokatuko da:

a) hartzekoari goiti egiten dion zor zatiak araubide arrunta segituko du eta mugaeuguna pasata pagatzen ez bada, premiamendu bidea hasiko da edo zorra lehendik premiamendupean bazegoen prozedurari aurrera eragingo.

b) Hartzekoak zorra estaltzen duen zatirako 1. idatz-zatian agindu bezala jokatuko da.

4. Hartzekoak zorrari goiti egiten badio, konpentsazioa erabakitzen denean goitikina interesatuari pagatuko zaio.

III. KAPITULUA. BESTE IRAUNGIBIDEAK

74. artikulua . Kondonazioa.

1. Foru Lege batez baizik ez da zilegi izanen zorrak kondonatzea, legean finkatu bezalako zenbatekoan eta baldintzetan.

2. Kondonazioak zorra iraungitzen du kondonazioa eraukitzen duen Foru Legeak agintzen duen moduan.

75. artikulua . Ordainezintasuna.

1. Pagatzera behartuak eta erantzuleak hutsegindakotzat deklaratzeagatik ezin pagatu izan diren zorrak behin-behinekoz kobraezintzat deklaratuko dira tokatzen den zenbatekoan, preskripzio epearen barrenean leheneratzen ez badira.

2. Epe hori pasata zorra leheneratu ez bada, behin betiko iraungi eginen da.

3. Hutsegindakotzat deklaratzeko erregelamendu honetako III. liburuak aipatzen dituen arauak hartuko dira aintzat.

II. LIBURUA. BORONDATEZKO ALDIAN DIRUBILKETA EGITEKO PROZEDURA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

76. artikulua . Borondatezko aldiko dirubilketa

Zor baten borondatezko aldiko dirubiltze kudeaketa Ekonomi eta Ogasun Departamentuak edo Nafarroako Gobernuko gainerako Departamentuek eta haien menpeko erakunde autonomoek egiten dutenean, erregelamendu honetako 6.2 artikuluak aipatzen dituen entitate laguntzaileen bitartez eginen da haren pagua.

77. artikulua . Hasiera eta akabera.

1. Borondatezko aldiko dirubilketak honako hasiera uneak izanen ditu:

a) Likidazioa pagatzera behartuari banaka nahiz taldeka jakinarazten zaionetik.

b) Kasuko dirubilketa epea irekitzen den datatik, taldeka eta epez epe egiten zaien helegiteen kasuan.

c) aitorpen eta aitorpen likidazioen kasua, haiek aurkezteko erregelamenduz jarrita dagoen epearen hasiera datatik.

2. Borondatezko aldiko dirubilketa erregelamendu honetako 21. artikuluan dirusarrera egiteko aipatzen diren epeak bukatzen diren egunean bukatuko da.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO OGASUN PUBLIKOAN DIRUSARRERAK NOLA EGIN ENTITATE LAGUNTZAILEEN BIDEZ

78. artikulua . Baimena

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren dirubiltze kudeaketaren laguntza zerbitzua Ekonomi eta Ogasun Departamentuak baimena eman dien entitate gordailuzainek emanen dute. Zerbitzu horren aldera ez da ordainsaririk emanen.

2. Laguntzaile aritu nahi duten entitate gordailuzainek hartarako baimena eskatuko diote Nafarroako Zerga Ogasuneko Dirubilketa Zerbitzuari; frogatu beharko dute gai direla laguntzaile lan horretan egin behar dituzten operazioen datuak euskarri informatikoan jasotzeko eta haien kontsulta eta transmisioa ere telematikoki egiteko, beren buruak arau indardunek agintzen dutena betetzera lotuz.

Eskaera aurkeztu eta azterturik, Dirubilketa Zerbitzu horrek zilegi izanen du beste datu eta txosten guztiak eskatzea beharrezko irizten badie entitatearen ordain-gaitasuna eta dirubilketako laguntza zerbitzuan duen partaidetza maila frogatzeko.

Lortu duen informazioarekin, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak erabakiko du hala bide denean baimena ematea, zerbitzua zein modu eta baldintzetan eman behar den zehaztuz, eta hala emanen dio aditzera entitate eskaera-egileari.

Erabakia ukatzekoa bada, hartarako arrazoiak ere adieraziko dira.

Baimena eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, baimen hori entitate batek dauzkan bulego guztiei hedatuko zaie, salbu eta salbuespenez kanpo uzten direnei.

Erabakia hiru hilabetetan hartu beharko da. Epe hori iragan eta ebazpenik eman ez bada, zilegi izanen da eskaera onetsitzat ematea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 43. eta 44. artikuluetan aurreikusi bezalako moduan eta ondorioekin Nota de Vigencia.

3. Entitate gordailuzain baimendunek, dirubilketan laguntzeko zerbitzua ematen hasi baino lehen, Dirubilketa Zerbitzuari honako datuak adierazi beharko dizkiete Aurrekontuen eta Diruzaintzaren Zerbitzuari:

a) Zerbitzua eman behar duten bulego guztien zerrenda, haien helbidea eta banku klabea.

b) Prestazioa ematen hasteko eguna edo egunak; prestazio aldi hori ez da inoiz bi hilabete baino gehiagokoa izanen, baimena eman den egunetik aurrera kontatuta.

Gainera, entitate laguntzaileak Dirubilketa Zerbitzuari eta Aurrekontuen eta Diruzaintza Zerbitzuari adierazi beharko dizkiete kasuko bulegoen irekitze eta ixte orduak eta izen aldaketarik izaten bada, haiek ere bai.

4. Zergen alorreko Departamentu eskudunaren eta kontuak dituzten baimendutako zenbait gordailu-erakundeen arteko harremanak erakunde kolaboratzaileak izendatzen duen bulegoaren bidez eginen dira Nota de Vigencia.

5. Dirubilketa Zerbitzuak entitate laguntzaileen jardunbidea kontrolatuko du eta Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzendari kudeatzaileari dagokio dirubilketa operazioei buruzko dokumentazioa arakatzeko behar diren konprobazio lanak has daitezela agintzea; lan horiek entitatearen bulegoetan edo Nafarroako Zerga Ogasunarenetan egin ahalko dira.

Konprobazio lanerako, entitateek entitate laguntzaile gisa izan duten jardunbideari buruz hartarako izendatu funtzionarioek eskatzen dieten dokumentazio guztia eman beharko diete, eta bereziki, dirubilketan laguntzeko kontu korronte mugatuen laburpenak, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean irekitako kontu korronte orokorrean egindako dirusarrera dokumentuak eta dirusarrera frogagiriak. Utzi eginen ere diete funtzionariooi entitateak entitate laguntzaile gisa egin dituen operazioen gainean dauzkan erregistro informatikoak begiratzen.

6. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak zilegi izanen du aldi batez etetea edo behin betiko errebokatzea entitate gordailuzainei dirubiltze kudeaketako entitate laguntzaile aritzeko eman dien baimena edo baimen horretatik kanpo uztea bulegoren bat, kapitulu honetan ezarri diren egikizunak eta zerbitzuari aplikatzeko zaizkion beste arauak betetzen ez baditu, edo Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile aritzeko arauak edo oro har tributuei buruzko arauak betetzen ez baditu, betiere kasuan kasuan zor den erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

Ekonomi eta Ogasun Departamentuak zilegi izanen du, bereziki aurreko lerroaldeak aipatzen dituen ahalmenak erabiltzea honako inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

a) Dokumentazioa behin eta berriz epez kanpo aurkeztea; eskatutako formazko betekizunak ez betetzea; dokumentazio horretako datuak manipulatzea, bai entitateak gordetzen duen dokumentaziokoak nola zergadunei eman behar dienekoak.

b) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak eta kasurako diren beste xedapenek agindu bezala tributu gaietan ardurako diren edozein datu, txosten edo aurrekari eman edo deklaratzeko dagoen obligazioa ez betetzea.

c) Bahitutako ondasunak jasotzen lagundu edo utzi izana.

d) Dirubilketa organo eta agenteei kontra, uko edo muzin egitea beren lanean.

e) Bildutako dirua ez sartzea egunero dirubilketako kontu mugatuan; eta ez sartzea edo berandu sartzea bildutako dirua Nafarroako Foru Komunitateak entitatean irekirik daukan kontu korronte orokorrean eta ondorioz kalte larria egitea Nafarroako Zerga Ogasunari edo partikular bati.

f) Baimena indargabea izatea, entitatearen bidez egindako dirusarrerak gutxi edo bat ere ez direlako.

g) Entitate laguntzaile izateagatik eskuragai dituen dokumentuetako informazioa bidez kontra erabiltzea

79. artikulua . Dirusarrerak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko zordunak, entitate laguntzaileetan kontuak eduki ala ez eduki, bertan sartu beharko dituzte honako zor hauen zenbatekoka:

a) Aitorpen-likidazio edo autolikidazioen ondoriozko dirutzak.

b) Nafarroako Zerga Ogasunak bai borondatezko aldian nola derrigorrezko aldian egindako likidazioengatik pagatzera behartuei jakinarazi dizkienak.

c) Nafarroako Foru Komunitateak egindako salmenta, zerbitzu emate edo beste edozer operaziok sortutako faktura, ordainagiri eta beste frogagirien ondoriozkoak entitate horiekin hala hitzartuta badago.

d) Ekonomi eta Ogasun Departamentuak erabakitzen dituen beste guztiak.

2. Entitate laguntzaileek ez dute erantzunbeharrik zergadunek adierazten dituzten datuen gainean, salbu eta identifikazio fiskaleko zenbakiaren gainean eta aitortzailearen izenaren gainean; dirusarrerak dirubilketa aldien epeburua pasata dagoen ala ez kontuan hartu gabe onartu beharko dituzte.

80. artikulua . Prozedura.

1. Dirusarrerak entitate laguntzaileetan irekitako dirubilketa-kontu mugatuetan eginen dira; kontu horiei "Nafarroako Foru Komunitatea, dirubilketan laguntzeko kontu mugatua" iritziko zaie.

Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du erabakitzea kontu horiek banakaturik eraman daitezen dirusarrera mota bakoitzerako, euskarri magnetikoan aurkeztu edo telematikoki heldu direnak besteetatik bereizteko. Zilegi izanen da kontu mugatuaren izena dirubilketa kontzeptuen arabera moldatzea.

2. Kontu horietan egiten diren dirusarrerak erabilera legaleko diruan eginen dira edo bankuen harremanetan ohiko den beste edozein bide erabiliz, zorren zenbateko zehatza sartuta. Entitateak erabakiko du, eta horren arriskua bere gain hartuko, beste pagabide bat onartzen duen ala ez.

3. Entitate laguntzaileek lan egunetan eta kaja orduetan egiten diren dirusarrerak onartuko dituzte eta ondoren kontu mugatuan sartuko.

4. Pagatzera behartuak entitate laguntzaileari aurkeztu edo bidaliko dio Ekonomi eta Ogasun Departamentuak dirusarrera mota bakoitzerako finkatu duen eredu normalizatua.

5. Entitate laguntzaileak kasuko eredu normalizatuan pagatzera behartuaren izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia jartzea eskatu beharko du eta bai egiazkoak direla begiratu ere. Nafarroako Zerga Ogasunak bidali eta datu horiek aurrez inprimiturik dauzkaten ereduetan ez da halako eginkizunik izango.

6. Entitate laguntzaileak, Nafarroako Zerga Ogasunarentzako dirusarrera bat onartzean, honakoak konprobatuko ditu kontuan sartu baino lehen:

a) Dirusarreraren zenbatekoa eta aurkeztu ereduen "Osotara sartzeko" delakoan ageri dena zehazki bat bera izatea.

b) Aipatu dokumentuetan subjektu pasiboaren izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia agertzea, dirusarreraren arrazoia zein den eta hala bide denean pagua zer ekitaldi edo aldiri dagokion.

7. Aurreko lerroaldean finkatu baldintzak bete direla konprobatu ondoren, entitate laguntzaileak honako kontzeptuen zertifikazioa emanen du, dirusarrera agirian edo abonu-txartel edo pagu txartelean, hartarako kontu-makina baten inprimatze mekanikoa edo esku sinadura erabiliz, eta beti ere entitatearen zigilua: dirusarreraren data, dirusarreraren zenbateko osoa, kontzeptua, entitate eta bulegoaren klabea, eta dirusarrera Nafarroako Foru Komunitatearen kontu mugatuan egin dela.

8. Zordunari dirusarreraren frogagiria emateak zorretik libratu eginen du bertan ageri den datatik eta zenbateko horretan, eta handik hara entitate laguntzailea egonen da Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean lotua.

9. Zordunak entitate gordailuzainari emandako pagatzeko aginduek ez dute berez eta soilik ondoriorik sortuko Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean, agindu emaileak entitatearen kontra agindua ez betetzeagatik egin ditzakeenak ezertan galarazi gabe.

10. Dirubilketan laguntzen duten entitateek ez badituzte finkatu epeetan dirusarrerak egiten Nafarroako Foru Komunitatearen kontuetan, dirubilketa organoak berehalako sarrera eskatuko du eta berandutze interesak likidatuko epea bukatu denetik, eta hala jakinaraziko Nafarroako Zerga Ogasunean haren sarrera egin dadin.

81. artikulua . Nafarroako Foru Komunitatearen kontu orokorretako dirusarrerak.

1. Entitate laguntzaileek entitate bakoitzean Nafarroako Foru Komunitateak bere izenean irekirik daukan kontu korronte orokorrean zentralizatuko dituzte dirusarrerak eta bai bidaliko ere Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dirusarrera horien kudeaketa eta kontrola egiteko behar den informazio eta dokumentazio guztia.

Ekonomi eta Ogasun kontseilariak finkatuko du zein toki, epe, modu eta beste baldintzatan eginen den dirusarrera eta nola bidaliko zaion aurreko lerroaldean aipatu informazio eta dokumentazioa.

2. Entitate laguntzaileek hamabost egunetik lehenbiziko sarrera bat eginen dute kontu korronte orokorrean, euskarri magnetikoan aurkeztu edo telematikoki heldu diren guztiak biltzeko, eta bigarrengo bat ere bai entitatea dirubilketako laguntzaile aritu den gainerako dirusarrerak biltzeko.

Hamabostaldi bakoitzak aurreko hamabostaldia bukatu eta biharamunetik hurrengo hilabeteko bostera (1. hamabostaldia) edo 20ra (2. hamabostaldia) arte hartuko du, edo hurrengo egun baliodunera arte 5. edo 20. egun horiek baliogabeak badira.

Hamabostaldia noiz bukatzen den finkatzeko, Iruñean zein egun diren baliodunak hartuko da aintzat.

Oro har, entitate laguntzaileek, hamabostaldi bakoitzaren bukaera egunari beste bost egun gehituta ateratzen den balio-datarekin, entitate bakoitzean Nafarroako Foru Komunitateak bere izenean irekirik daukan kontu korronte orokorrera aldatuko dute bakoitzean bildutako dirua. Zilegi izanen da, hala ere, balio data hori aldatzea Foru Agindu baten bidez baldin kasuren batean zenbait zerga aitorpen jakinen dirusarrera data ere aldatzen bada edo balio-data hori dirubilketa bolumen benetakoaren arabera moldatu behar bada.

3. Kontu korronte orokorrean zuzenean egindako dirusarrerak operazioa egin den egun berean egindakotzat hartuko dira.

4. Entitateak aurreko 2. eta 3. lerroaldeetan aipatzen den epea iragan ondoren dirusarrera efektiboak egiten baditu, dirusarrera horiek berehala pagatzekoak izanen dira, eta kasuko berandutze interesak sortuko dira. Interes hori sortu eginen da bai eta euskarri informatikoa itzultzen den kasuetan ere, idatz-zati honetan aipatu den gorabehera gertatzen bada.

III. LIBURUA. PREMIAMENDU BIDEKO DIRUBILKETA PROZEDURA.

I. TITULUA. PREMIAMENDU PROZEDURA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

82. artikulua . Premiamendu bidea erabiltzeko ahalmena.

Honakoek soilik izanen dute premiamendu bidea erabiltzeko ahalmena zuzenbide publikoko zorren dirubilketa derrigortua egitean:

a) Nafarroako Foru Komunitatea eta haren erakunde autonomoak.

b) Foru Lege baten bidez ahalmen hori aitortzen zaien entitateak.

83. artikulua . Prozeduraren nolakotasuna.

1. Prozedura hau administrazio hutsekoa da eta administrazioak beste inork ez du eskumenik izanen bertan esku hartu eta bertako gorabeherak ebazteko. Ez da zilegi izanen prozedura hau auzitegietakoei gaineratzea ez eta beste exekuzio prozedura batzuei ere. Ez da beste prozedura horiek hastean etengo, non eta prozeduren elkar-jotzeari buruzko arauek hala agintzen ez duten.

2. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak hala proposatuta, eta gobernu horren Aholkularitza Juridikoaren txostena aurrez ikusirik, epaile eta auzitegiei helaraziko dizkie jurisdikzio liskarrei buruzko legeek agintzen dutenaren arabera bide diren liskarrak, horiek, aurrez administrazio bidea agortu gabe, premiamendu prozeduretan esku hartzen dutenean.

3. Premiamendu prozedura ofizioz hasi eta bultzatzen da aldi guztietan, eta behin hasi delarik ez da etengo erregelamendu honetan aipatzen diren kasuetan eta moduetan baizik.

4. Premiamendu prozeduran egindako dilijentzietan dirubilketa organo edo agenteak ikusitako gertaerak jaso badira, horiek egiatzat edukiko dira gertaerei, gerta-egunei eta bertan azaldutakoek adierazitakoei dagokienez.

84. artikulua . Jardueren iraun beharra.

1. Premiamendu prozedurako zenbait jarduera baliogabetzen direnean, baliogabetzearen arrazoiek ukitu gabekoei eusteko aginduko da.

2. Zehapenak, errekarguak edo tributu zorren kasuan kuota ez beste zor osagaiak baliogabetzen direnean edo tributuez beste zorretan zor nagusia ez beste zor osagaiak baliogabetzen direnean, ez dira hortaz kuota eta baliogabetzearen arrazoiak ukitu gabeko beste osagaiak baliogabetuko, ez eta baliogabetu gabeko osagaiei dagozkien errekarguak, interesak eta kostuak ere.

85. artikulua . Prozeduren elkar jotzea.

1. Administrazioaren premiamendu prozedurek eta exekuzio prozedurek edo lehiaketa prozedura unibertsalek, auzitegikoak izan ala ez izan, elkar jotzen dutenean, prozedura tramitatzen segitzeko lehentasuna finkatzeko, denboran aurreneko zein den hartuko da kontuan, honako arauen arabera (arau horiek dirubilketa organoek aplikatuko dituzte, jurisdikzio liskarren gaietan eskudun diren epaile organoek besterik agintzen ez badute):

a) Administrazioaren premiamendu prozeduretan bahitura probidentziaren eguna hartuko da aintzat.

b) Exekuzio prozedura edo lehiaketa prozedura unibertsaletan, onarpen probidentziaren data hartuko da aintzat kita eta itxarote eta pagu etenaren kasuetan; deklarazio autoaren data hartzekodunen bilera eta kiebra kasuetan, eta exekuzio prozedura hasteko ebazpenaren data beste kasuetan.

2. Epaitegi eta auzitegiak beharturik daude, beren eginkizunak betetzeko, dirubilketa organoei ematera exekuzio unibertsaleko prozedura judizialei buruzko informazioa baldin informazio horrek tributuen eta zuzenbide publikoko beste dirusarreren bilketan ardurako diren jakingaiak hartzen baditu.

Obligazio bera izanen dute exekuzio prozedurak hasteko ahalmena esleiturik daukaten administrazio organoek ere.

86. artikulua . Nafarroako Zerga Ogasuna beste exekuzio prozeduretan azaltzea.

1. Aurreko artikuluetan agindu denaren ondorioz Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideak prozedura judizial batean erabili behar direnean, Zerga Ogasuna Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoaren bidez agertuko da prozeduran eta bai hartarako artikulu honetan ezartzen diren jarduerak segituko ere.

2. Dirubilketa organoek epaile organoei informazioa eskatuko diete Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideei erasaten ahal dieten prozeduren gainean.

3. Informazio hori eskuratu orduko, Nafarroako Zerga Ogasunean eta Nafarroako Gobernuan eta haren erakunde autonomoetan hartarako eskudun diren bulegoei eskatuko zaie behar direnak egin ditzatela finkatzeko Nafarroako Zerga Ogasunak zer hartzeko baliarazi behar dituen prozeduran, bai eta ordura arte likidatu gabekoak badira ere.

4. Nafarroako Zerga Ogasuneko dirubilketa organoek Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikora bidaliko dituzte eskubide horiek defendatzeko behar diren dokumentuak. Nafarroako Zerga Ogasunaren hartzekoak frogatzeko, aski izanen da kasuko dirubilketa organo eskudunak emandako ziurtagiria. Hartarako, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak eta Nafarroako Zerga Ogasunak elkarri emanen diote behar duten laguntza Nafarroako Foru Komunitatearen eskubideak ahalik eta hobekien defendatzeko, informazioa trukatuz eta prozeduretan zer erabaki eta jarraibide hartzen dituzten elkarri adieraziz.

5. Nafarroako Zerga Ogasunaren hartzekoei dagozkien lehentasun eskubideak eta beste bermeak ezertan galarazi gabe, ez dira kontatuko hartzekodunen taldean prozeduraren subjektuak tributuen atxikipen edo jasanarazpen gisa kobratu dituzkeen dirutzak, horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko gordailutzat hartuko baitira.

6. Aurreko lerroaldeetan agindu dena, kasuan kasuan tokatzen diren berezitasunekin, Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideei erasaten zaien ondasunak exekutatzeko prozedura ez judizial guztietan aplikatuko da.

7. Nafarroako Zerga Ogasunak, bere legezko ordezkarien bitartez, zilegi izanen du honako lehiaketa prozeduretan eratzen diren akordio edo hitzarmenak sinatzea:

a) Kita eta Itxarote akordioa, Auziperatze Zibilaren Legeko II. liburuko XII. tituluko 1. atalean arautua.

b) Hartzekodunen eta lehiaketapekoaren arteko hitzarmena, Lege horretako II. liburuko XII. tituluko 8. atalean arautua.

c) Hartzekodunen eta kiebradunaren arteko hitzarmena, Lege horretako III. liburuko XIII. tituluko 6. atalean arautua.

d) Hartzekodunen eta pagu etena egin duenaren arteko hitzarmena, Pagu etenen espedienteei eta Merkatariek eta Merkataritza Kodearen 930. artikuluan sartu gabeko Sozietateek egindako kiebra espedienteei buruzko uztailaren 26ko Legean arautua.

Hitzarmen horiek sinatu ala prozesuok uzteko baimena, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak eman beharko du.

87. artikulua . Derrigorrezko aldia eta premiamendu prozedura noiz hasiko diren.

1. Derrigorrezko aldia, aurrez jakinarazi eta mugaeguna etorrita pagatu ez diren likidazioetarako, borondatezko aldian pagua egiteko epea bukatu eta biharamunean hasiko da.

2. Aitorpen-likidazio edo autolikidazioaren bidez pagatu beharreko zorren kasuan, zor horiek behar den epean aurkeztuta kasuko pagua osorik nahiz partez egin gabe utzi bada, derrigorrezko aldia, pagatu gabeko zorrerako, borondatezko aldian pagatzeko epea edo epeak bukatu eta biharamunean hasiko dira.

3. Aitorpen-likidazio edo autolikidazioaren bidez pagatu beharreko zorren kasuan, zor horiek epez kanpo aurkeztu eta kasuko pagua partez nahiz osorik egin gabe utzi badira, derrigorrezko aldia eta premiamendu prozedura, pagatu gabeko zorrerako, aurkeztu eta biharamunean hasiko dira.

4. Nolanahi ere, epez kanpoko aitorpen-likidazio edo autolikidazioaren bidez egindako dirusarrerei erregelamendu honetako 21. artikuluko 5. idatz-zatiak agintzen duena aplikatuko zaie.

5. Premiamendu prozedura hasteko, zordunari jakinarazitako probidentzia erabiliko da, zeinean zintzilik dagoen zorra finkatu era behar den errekarguarekin paga dezala eskatuko baita.

88. artikulua . Ondorioak.

Derrigorrezko aldia hasteak honako ondorioak izanen ditu:

a) Premiamendu errekargua sortzea eta berandutze interesak sortzen hastea. Ondorio horiek berehala hasten dira Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak hala agintzen duelako.

b) Zordunaren ondarea exekutatzea, zorra ez bada erregelamendu honetako 97. artikuluak ezartzen duen epean pagatzen.

89. artikulua . Inpugnatzeko arrazoiak.

1. Zilegi izanen da premiamendu prozedura arrazoi hauengatik inpugnatzea:

a) Zorra pagatzea edo iraungitzea.

b) Preskripzioa.

c) Gerokotzea

d) Likidazioa ez jakinaraztea edo baliogabetu edo etetea.

2. Premiamendu probidentzia ez jakinaraztea aski adinako arrazoia izan daiteke zordunaren ondarearen gaineko exekuzio jarduerak inpugnatzeko.

90. artikulua . Premiamendu errekargua Nota de Vigencia.

1. Derrigorrezko aldia hasteak premiamendu errekargua sortzea dakar ondorio.

2. Errekargua tributu kuotaren edo tributuez besteko zorraren printzipalaren ehuneko 20koa izanen da. Dirubilketa organoak likidatuko du, premiamendu probidentzian, eta hala jakinaraziko zordunari.

Errekargu hori ehuneko 10ekoa izanen da pagatu gabeko tributu zorra zordunari premiamendu probidentzia jakinarazi baino lehen pagatzen bada, eta ez da eskatuko derrigorrezko aldia hasi denetik sortu berandutze interesik.

3. Premiamendu errekargua itzuli beharko da prozeduran zor zirenak kobratu eta zor horien jatorri izan zen likidazioa baliogabetu bada, erregelamendu honetako 84. artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe.

91. artikulua . Prozedura etetea.

1. Ez da zilegi izanen premiamendu prozedura etetea kasuko bermea aurkeztuz baizik:

a) Helegite eta erreklamazio ekonomiko-administratiboei buruzko arauetan agindu bezalako kasu eta moduan.

b) Legeek ezartzen dituzten beste kasuetan.

2. Hala ere, bermea jarri beharrik gabe geldiaraziko dira prozedurako jarduerak interesatuak hala eskatzen dionean dirubilketa organoari, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen dela frogatzen badu:

a) Akats material, aritmetiko edo egitezkoren bat egin dela zorra finkatzerakoan.

b) Zorraren dirusarrera egin dela eta hala bide denean dirusarrera hori egin arteko prozedura kostuena ere bai.

c) Zorra kondonatu, konpentsatu, eten edo gerokotu dela.

d) Erregelamendu honetan ezartzen den konpentsazioa tokatzen dela, zergaduna hartzekodun delako Administrazioarekin prozedura derrigortuan eskatzen den zenbateko berean edo handiagokoan.

3. Inguruabar horietako bat gertatzen dela frogatzen bada, interesatuari jakinaraziko zaio (berehala, bertan badago, edo ondoren lehenbailehen bestela) jarduerak geldiarazi direla.

Alegatu den akats hori egin den ala ez erabakitzeko eskumena ez duenean dirubilketa organo hartzaileak, jarduerak berdin geldiarazi eta organo eskudunari helaraziko zaio kasua. Hark akatsa egin dela juzgatzen badu, zuzendu eginen da eta hala bide denean likidazio berria eginen. Nolanahi ere dirubilketa organoari bere erabakia jakinaraziko dio eta hark, alegatu den akatsik izan ez bada edo epea pasata egoteagatik edo beste edozergatik ezin alegatu bazen, prozedurak aurrera segituko du.

92. artikulua . Prozedura bukaera.

1. Premiamendu prozedura honela buka daiteke:

a) Zorra pagatuta; horretara, hala jasoko da espedientean.

b) Zordun nagusiak eta erantzule solidarioak partez nahiz osorik hutsegindakotzat deklaratuta.

c) Zorra beste edozer lege arrazoirengatik iraungi dela deklaratuta.

2. Kobratu ezinekotzat deklaratuta zorra partez nahiz osorik pagatu ez bada, berriz hasiko da bukatutako premiamendu prozedura, preskripzio epearen barrenean, jakiten bada zordunak edo erantzuleak ordain-gaitasuna dutela edo hutsegindakotzat deklaratzeko arrazoiak desagertzen badira.

93. artikulua . Jakinarazpenak nola egin.

1. Jakinarazpen guztiek honako datuak eduki behar dituzte:

a) Egintzaren testu osoa, administrazio bidean behin betikoa den ala ez adierazita.

b) Egintzaren kontra zein helegite diren zilegi, zein organotan jarri behar diren eta zein epetan.

2. Premiamendu prozedura hasi dela jakinarazten denean, honako datuak ere jasoko dira gainera:

a) Dirusarrera egiteko tokia eta epea; ohartaraziko zaio dirusarrera epe horietan egiten ez badu, bertatik hasiko direla ondasunak bahitzen edo jarritako bermeak exekutatzen.

b) Berandutze interesak likidatuko direla eta prozedurako kostuak ere egotziko direla ohartaraziko da.

c) Pagua gerokotzeko baimena eskatzeko aukera.

d) Ohartaraziko zaio prozedura ez dela eteten erregelamendu honetako 91. artikuluan aipatzen diren kasu eta baldintzetan baizik.

3. Jakinarazpena Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak agindu bezala eginen da.

II. KAPITULUA. EXEKUTATZEKO AGIRIAK

94. artikulua . Premiamendu probidentzia.

1. Zordunaren ondarearen kontra administrazioaren premiamendu bidetik exekuzioa abiarazteko, premiamendu probidentziak, Dirubilketa Zerbitzuak emanak, hartzekoaren frogagiri izanen dira.

Hitzarmen bidez beste administrazio publiko baten dirubilketa egitea norbere gain hartu den kasuetan, premiamendu probidentzia administrazio horietako organo eskudunak emanen du.

2. Titulu horiek epai batek adinako betearazte indarra izanen dute pagatzera behartuen ondasun-eskubideen kontra jotzeko.

95. artikulua . Tituluak ematea.

1. Derrigorrezko aldia hasita, erregelamendu honetako 87. artikuluak agintzen duenaren arabera, aurreko artikuluak aipatzen dituen tituluak emanen dira.

2. Tituluak honako datuok edukiko ditu:

a) Zordunaren izen-deiturak, sozietatearen izena, herria eta helbidea.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Zorraren kontzeptua, zenbatekoa eta dagokion aldia.

d) Espreski adieraziko da zorra ez dela pagatu, borondatezko aldian dirusarrera egiteko aldia pasatu dela eta berandutze interesak sortzen ari direla.

e) Ematearen data.

3. Baldin eta Nafarroako Ogasun Publikoarekin zergak dituztenak autonomia erkidegoak, toki erakundeak, erakunde autonomoak eta zuzenbide publikoko beste erakunde batzuk badira, ondasunen enbargora jotzeko aukeraren kalterik gabe (lege xedapenez salbuetsita ez dauden kasuan), ofiziozko konpentsazioaren eta transferentzien gaineko kenkariaren prozeduretara ere jo ahal izanen da Nota de Vigencia.

III. KAPITULUA. PREMIAMENDU PROZEDURAKO DIRUSARRERAK

96. artikulua . Premiamendu prozeduran zorren dirusarrera nola egin.

1. Dirusarrera horiek dirubilketa kontuak irekitzeko baimena duten entitate laguntzaileen bidez eginen dira. Prozedura eta ondorioak erregelamendu honetan borondatezko aldiko dirusarrerak egiteko ezartzen direnak berak izanen dira.

2. Hala ere, zordunak, prozeduraren edozein alditan, erabakitzen badu zorra edo haren parte bat pagatzea, dirubilketa organo eta agenteek onartuko diote pagu hori. Hartara, paguak ez badu zor osoa hartzen, premiamendu errekargua eta hala bide denean sortutako kostuak ere barne, pagatu gabe dagoen parteagatik prozedurak aurrera segituko du.

3. Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zilegi izanen du bestelako dirusarrerak ezartzea.

97. artikulua . Dirusarrera egiteko epea.

Administrazioaren premiamendu prozedura hasi zaien zorren dirusarrera egiteko epea hilabetekoa izanen da premiamendu probidentzia jakinarazten denetik.

98. artikulua . Berandutze interesak.

1. Zor diren kopuruek berandutze-interesak sortuko dituzte epe exekutiboa hasten denetik dirua sartzen den arte, Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 117. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe Nota de Vigencia.

2. Interes tasa aplikatuko zaion oinarrian ez da premiamendu errekargua sartuko.

3. Interes tasa finkatzeko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50. artikuluak eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeko 19. artikuluak agintzen dutena hartuko da aintzat, kasuan kasuan, tributu zorrak diren edo bestelakoak.

4. Interesak kalkulatzeko, kasuan kasuan honela eginen da:

a) Premiamendupeko zorra pagatzen denean, ondoren, sortutako interesen likidazioa eginen da; haren tramitaziorako eta bilketarako oro har administrazioak egiten dituen likidazioen gaineko prozedura segituko da.

b) Hala ere, kasu horretan berean, Dirubilketa Zerbitzuko zuzendaritzak zilegi izanen du erabakitzea, zerbitzuarentzat hala komeni bada, interesak premiamendu zorra pagatzen den momentuan bertan kalkulatu eta pagatzea.

c) Bahitutako ondasunak edo bermeak exekutatzen direnean, zorra kitatzean lortutako likidoa aplikatzean eginen da interesen likidazioa, likido hori gehiagokoa izaten bada.

d) Dirua bahitzen bada (eskudirua izan edo kontuetan dagoena), zilegi izanen da interesak bahitura egiten den momentuan kalkulatu eta atxikitzea, erabilgai dagoen diruak kobratu nahi den zorrari goiti egiten badio.

b), c) eta d) letren kasuan, ez da beharrezkoa izanen sortutako interesak espreski jakinaraztea zor nagusiaren jakinarazpenean edo ondorengo beste edozein momentutan interesatuari zorraren zenbatekoa jakinarazi bazaio, eta gainera pagua egin ezean berandutze interesak sortzen zirela eta sortze aldia nola kontatzen den.

5. Berandutze interesengatik ez da likidaziorik eginen kontzeptu horrengatik ateratzen den zenbatekoa Ekonomi eta Ogasun kontseilariak Foru Agindu baten bidez ordainarazpena eta dirubilketaren kostua estaltzeko gutxienekotzat ezartzen duen zenbatekoaz beherakoa denean.

6. Berandutze interesa itzuli beharko da derrigorrezko aldian zorrak kobratu eta haien jatorri izan zen likidazioa baliogabetzen bada, erregelamendu honetako 84. artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe.

1. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK

99. artikulua . Bahitura probidentzia.

1. 97. artikuluak ezartzen duen epea iragan eta eskatutako dirusarrera egin ez bada, Dirubilketa Zerbitzuari atxikitako dirubilketa organoek probidentzia bat emanen dute ondasun-eskubideak bahi daitezela agintzeko, bahitu ere pagarazi nahi den zorra eta administrazio egintza horren ondoren sortu diren edo sortzen diren errekargu, interes eta kostuak estaltzeko adina.

2. Zilegi izanen da, bahitura prozedura bat bera segitzeko, zordun bat berak premiamendupean dituen zor desberdinak metatzea.

Prozedurarako hala komeni denean, metatu diren zor horiek atzera banakatzea ere zilegi izanen da.

100. artikulua . Bermeak exekutatzea.

1. Zorra bermaturik badago, aurrena bermea exekutatuko da; hori, nolanahi ere, dirubilketa organo eskudunek eginen dute administrazio premiamendu prozeduraren bidez. Hori, hala ere, ez da eragozpen izanen, dirubilketa organoak bermea behar baino gutxiagokoa dela juzgatzen badu, zordunaren beste ondasun batzuei ere bahitura aurreneurrizkoa egiteko bermea exekutatu baino lehen.

2. Bermea abala, fiantza edo beste berme pertsonalen bat baldin bada, zorraren pagua eskatuko zaio berme-emaileari, bermatutako kopurua adinako kopuruan. Pagu hori erregelamendu honetako 97. artikuluak agintzen duen epean egin beharko du. Hala egin ezean haren ondasunen kontra joko da, zordun nagusiaren kontra dagoen exekuzio titulu beraren indarrez, administrazioaren premiamendu prozeduraren bidez.

3. Bermea hipoteka bada, bahia edo zordunaren ondasun-eskubide nahitaez besterentzeko moduko batzuez osatutako edo haien gaineko beste berme erreal bat, bermea besterendu eginen da, erregelamendu honetan ezartzen den prozedura erabiliz.

4. Bermea zorduna ez beste pertsona baten ondasun-eskubideez osatua badago edo haien gainekoa bada, jakinaraziko zaio pertsona horri bermepeko zorra ez dela pagatu eta aginduko zaio erregelamendu honetako 97. artikuluan ezartzen den epean jar ditzala ondasun-eskubide horiek dirubilketa organoaren eskura, edo bestela zorra paga. Epe hori iragan eta pagurik egin ez bada, besterenduko dira, aurreko idatz-zatian esan bezala.

5. Bermea diruzko gordailua bada, aginduko zaio gordailuzainari erregelamendu honetako 97. artikuluan aipatzen den epean egin dezala dirusarrera. Gordailuzaina administrazioa bera bada, zorra ezeztatzeko erabiliko da gordailua.

6. Hipotekak eta Nafarroako Ogasun Publikoaren hartzekoak bermatzeko beste eskubide errealak exekutatzea dirubilketa organo eskudunek eginen dute administrazioaren premiamendu prozedura erabiliz, aurrez bahitura idaztoharrak egin beharrik gabe.

Administrazioaren exekuzioa hasten denean, diru-bilketaren organoak bi aletako agindu baten bidez jakinaraziko dio exekuzio agindua Jabetzaren Erregistratzaileari, hark kasuko jabari eta karga ziurtagiria jaulki eta eman dezan, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 688. artikuluan finkatzen diren eduki eta ondorioekin.

Diru-bilketaren organo eskudunak exekuzio-prozeduraren hasiera jakinaraziko dio jabariaren azken inskripzioaren onuradunari, ordaintzeko errekerimendua egin ez bazaio, eta ziurtagirian agertzen diren hipotekaren ondoren eratutako karga edo eskubide errealen titularrei.

Hala behartzen bada, zilegi izanen da lehiaketarako edo enkanterako hasierako prezioa erregelamendu honetako 128. artikuluko arauen arabera finkatzea, zein ere den ondasunari hipoteka eratu zen garaian eman zitzaion tasazioa Nota de Vigencia.

101. artikulua . Bahitura agindua.

1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen bermeak izan ez edo behar adinakoak ez badira, hurrenkera honetan eginen da bahitura:

1. Esku dirua edo entitate gordailuzainetako kontuetan dagoena.

2. Berehala edo denbora gutxian dirutzeko moduko hartzekoak, efektuak, baloreak eta eskubideak.

3. Soldatak, lansariak eta pentsioak.

4. Ondasun higiezinak.

5. Merkataritza edo industri establezimenduak.

6. Metal preziotsuak, harri finak, joiak, urre lanak eta zaharkiak.

7. Edonolako fruitu eta errentak.

8. Ondasun higigarri eta azienda ondasunak.

9. Luzera begira dirutzeko moduko hartzekoak, eskubideak eta baloreak.

2. Bahiturari dagokionez, juzgatuko da hartzeko, efektu, balore edo eskubide bat denbora gutxian dirutzeko modukoa dela baldin eta inguruabarrak normalak direla dirubilketa organoak juzgatzen badu hiru hilabete baino gutxiagoko epean dirutu daitekeela. Besteak epe luzera dirutzekoak direla ulertuko da.

102. artikulua . Bahitura egiteko informazioa nola lortu.

1. Bahitura probidentzia eman delarik, dirubilketa organo eskudunek zilegi izanen dute honako iturri hauetatik biltzea zordunaren ondasunen gaineko informazioa:

a) Nafarroako Zerga Ogasunean dagoen informazioa eta Nafarroako Gobernuaren beste organoetan egon eta Ogasunak irispidean daukana.

b) Erregistro publikoetan jaso daitekeena.

c) Legez informazioa ematera beharturik dauden entitate eta pertsonengandik jaso daitekeena.

d) Pagatzera behartuak berak bere borondatez ematen duena.

e) Dirubilketa organoak bidezko irizten dien bideak erabilita ikertuz lor dezakeen informazio guztia.

2. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak agintzen duenaren arabera, edozein pertsona fisiko nahiz juridikok, publiko nahiz pribatuk, obligazioa du dirubilketa organo eta agenteei orotariko jakingai, txosten edo aurrekariak emateko, ardurakoak badira tributuak biltzeko edo Nafarroako Ogasun Publikoaren zordunekin derrigorrezko aldian izandako harreman ekonomiko, profesional edo finantzarioen ondoriozko dirusarrera zuzenbide publikokoak biltzeko.

3. Eginbehar berean daude administrazio publikoen agintari, buruzagi edo bulego arduradunak eta oro har eginkizun publikoetan aritzen diren pertsona eta entitateak, eta bai ganberak, korporazioak, elkargoak, mutualitateak, montepioak, lan montepioak ere barne, Gizarte Segurantzako kudeatzaileak, alderdi politikoak, sindikatuak, elkarte enpresarial edo profesionalak, epaitegiak eta auzitegiak.

4. Aurreko idatz-zatiek aipatzen dituzten obligazioak, erregelamendu honetan berariaz aipatzen diren kasuak alde bat utzita, dirubilketa agenteak agindua aurkezten duen momentu berean bete beharko dira. Aurkeztutako eskaera kopuruak problema operatiboak sortzen ahal baditu, dirubilketa organoak zilegi izanen du gehienez 10 eguneko epea ematea eginbeharra betetzeko.

5. Dirubilketa organo eta agenteek zilegi izanen dute informazio hori zuzenean eskatzea direlako pertsona eta entitateei, non eta informazio hori ez den banku, aurrezki kutxa eta banku- nahiz hartzeko-trafikoan aritzen diren pertsona fisiko nahiz juridiko guztien kontu-mugimendu eta beste operazio aktibo eta pasiboen gainekoa, zeren horretara aurrez Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren baimena beharko da.

6. Artikulu honetan aipatzen diren informazio eskaerak ez betetzeak, tokatzen diren zehapenak ezartzea ekarriko du, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak eta zehapen prozeduraren gaineko arauen agintzen duenaren arabera.

103. artikulua . Bahituratik libre dauden ondasunak.

Honako ondasun hauek ez dira bahituko:

a) Lege prozesalek edo besteek trabatik salbuesten dituztenak.

b) Berariaz lege bidez bahitu ezinekotzat deklaratuta daudenak.

c) Dirubilketa organoak juzgatzen badu ondasunak dirutzearen emaitza ez litzatekeela aski izango dirutze horren kostua estaltzeko.

104. artikulua . Bahiturak nola egin.

1. Erregelamendu honetako 101. artikuluan finkatu den hurrenkerari jarraituz, bata bestearen ondotik bahituko dira zordunaren edo une hartan administrazioak ezagutzen dituen erantzuleen ondasun etxean sartu gabe traba daitezkeenak, zorra estaltzeko adina.

Bahitura jarduera bakoitzeko bahitura eginbidea egin, eta hala jakinaraziko zaio, behin traba gauzatu ondoren, interesatuari, eta bai haren ezkontideari ere ondasun horiek ganantzial edo konkisten sozietateko ondasunak badira. Horiek bertan badaude, jakinarazpena egina dela juzgatuko da.

Bahitura eginbidea, pro indiviso edukitako ondasunen partaidetza-kuoten kasuan, zordunaren partaidetza-kuotaren gainean baizik ez da eginen baina jabekide guztiei jakinaraziko zaie.

Zilegi izanen da edozein unetan bahitura beste ondasun batzuetara zabaltzea, ordura arte trabatutakoak aski ez direla juzgatzen bada.

2. Aurreko idatz-zatiak agindu bezala bahitu ondasunak, dela trabaren aldian, dela exekuzio aldian, behar baino gutxiagokoak direnean 102. artikuluko 1. idatz-zatiak aipatzen dituen beste iturrietan informazioa bilatzen segitu eta ondasun gehiago bahituko dira.

Ondoren lortutako informazio horretan agertzen badira bahitura hurrenkeraren arabera dagoeneko bahitu baina oraindik dirutu ez diren beste batzuen aurreko diren ondasunak, haiek dirutuko dira lehenik.

3. Bahitzeko moduko ondasunak zorduna ez beste pertsona edo entitate baten lokaletan badaude, bahitura egiteko agentea bertaratu eginen da eta gordailuzainari edo haren menpeko langileei aginduko ondasun horiek entrega ditzatela (kasurako eginbidean zehaztuko da ondasun horiek zein diren).

Ondasunak berehala entregatzeari uko egin edo berehala ezin entregatuak badira, prezintatuko da lokala edo behar diren neurriak hartuko ondasunak ordeztu edo altxatzea galarazteko, eta hala egin dela jasoko eginbidean.

Agenteak zilegi izanen du bera bere buruz edo gobernuko agintedunen bat lagun duela ondasun horietara iristea, haiek identifikatu edo exekutatzeko, hala behartzen denean.

4. Zordunaren bizilekuan sartu gabe edo bertan sartzeko titularraren baimena behar duten gainerako eraikin edo lekuetan sartu gabe egin daitekeen ondasun traba bukaturik, haien balio estimatua ez bada zorraren kopurua adinakoa, baimen judiziala eskatuko da ondasunak dauden tokira sartzeko. Eskaera horrekin batera exekuzio tituluaren kopia eta exekuzio beharraren frogagiria aurkeztuko da. Eskaerak titulu bat edo gehiagoren gainekoak izan daitezke.

Halako baimenik ez da beharko titularrak bere bizilekuan sartzen uzten badu.

Egoitza bateko ondasunak trabatzeko, beste ondasunetarako dauden arauak hartuko dira aintzat.

5. Bahitzeko moduko eta zorraren pagua bermatzeko moduko ondasunik ez dagoenean, hala jasoko da espedientean.

105. artikulua . Bahitura aginduak ez betetzea.

1. Oro har, zordunak edo bahituran lagun egitera beharturik dagoen beste edozein pertsona fisiko nahiz juridikok bahitura aginduak bertan ezarri bezala betetzen ez baditu, eta agindu horiek betetzea trabatu edo aintzat hartzen ez direnean, zehapen espedientea hasiko da, tokatzen diren akzio penalak ezertan galarazi gabe.

2. Aginduak ez betetze edo trabatze hori bahitzeko moduko ondasunen gordailuzainek egiten dutenean, aurreko 1. idatz-zatia aplikatuko da. Hala ere, ondasunak altxatzen badira, gordailuzainak aurrez bahituraren berri jakinda lagun edo men egiten duela, erantzunbehar solidarioa deklaratzeko espedientea hasiko da, erregelamendu honetako 107. artikuluan finkatzen den prozeduraren arabera.

3. Dirubilketa organo eta agenteei legeek ahalmena ematen diete behar diren egintza materialak aurrera eramateko bahitu beharreko ondasunak atxitzeko, bai eta aginduei uko, muzin edo traba egin, aintzat hartu ez edo zorduna edo ondasunen gordailuzaina behin eta berriz lekuturik gertatzen bada ere. Hartarako gobernu agintarien laguntza behar denean, hala eskatuko zaie eta haiek emateko obligazioa izanen dute.

106. artikulua . Bahituren elkar jotzea.

1. Bahitura judizial edo administratibo bat baino gehiago elkartzen badira ondasun-eskubide berberen gainean, traban lehentasuna duenari emanen zaio bahitzeko lehentasuna.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak bahitu dituen ondasunen gainean edo haren aldeko berme gisa beste hartzekodun batzuen aldeko eskubide lehenetsiak daudenean, Ogasunak zilegi izanen du eskubide horietan subrogatzea, hartzekodunei beren hartzekoen balioa pagatuz balio hori nabarmen txikiagoa denean Nafarroako Zerga Ogasunak ondasuna besterenduz lortu lezazkeen produktuak baino.

Kontzeptu horren aldera pagatu zenbatekoak prozeduraren kostutzat hartuko dira.

3. Bahitutako ondasunak derrigorrezko desjabetzapen prozedura baten pean daudenean, geldiaraziko dira ukitutako ondasunak exekutatzeko jarduerak, eta administrazio desjabetzaileari jakinaraziko zaio desjabetuari egin beharreko paguen bahitura. Prozedura derrigortuari zordunaren beste ondasun batzuen gainean aurrera eragin ala ez erabakitzeko, juzgatuko da bahitura egin dela desjabetutako ondasunaren prezio irmoagatik; irmoa ez denean, akordioa dagoen zatian, eta akordiorik ez badago, administrazio desjabetzaileak eskaintzen duen prezioan.

107. artikulua . Bahitzeko moduko ondasunak altxatzearen erantzunbeharra.

1. Pertsona edo entitate batek zordunaren ondasunen gordailuzain izan eta bahituraren jakinarazpena jaso ondoren lagun edo men egiten badu ondasun horiek altxatzen, zorraren erantzule solidario izanen dira altxatu den zenbatekoaren mugaraino.

2. Dirubilketa organoen aburuz arrazoizko igarbideak badaude ondasunak altxatu direla sumatzeko, ikerketa egintza hasteko aginduko dute.

Egintza horiek izan daitezke bai zordunaren eta gordailuzainaren gaineko informazioa lortzea eta bai haien ondasunak, lokalak eta instalazioak fisikoki arakatzea, eta gertaerak argitu beharrezko beste egintza batzuk ere bai.

Onartuko ere dira gordailuzainak egiten dituen alegazioak.

Egintza horiek jasotzen dituen dokumentazioa pagarazi nahi den zorraren premiamendu espedienteari erantsiko zaio.

3. Ikerketa edonolako kontu mugimenduen gainekoa denean, Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak eman beharko du hartarako baimena, edo Ekonomi eta Ogasun kontseilariak.

4. Informazioa osatu ondoren erantzunbehar solidarioa izan dela juzgatzen bada, jakinaraziko zaio pertsona edo entitate gordailuzainari egintzak agirian daudela eta hamar eguneko epea duela nahi badu errebisatu eta bidezko iruditzen zaizkion alegazio, dokumentu eta gainerako frogabideak aurkezteko.

Epe hori iraganik, gordailuzainaren erantzunbehar solidarioa deklaratuko da, hala bide denean. Deklarazio hori jakinarazi eginen zaio eta bai horrekin batera aginduko ere zorra paga dezala erregelamendu honetako 97. artikuluan ezarritako epean.

Hala egiten ez badu, premiamendu prozedura hasiko da haren kontra jatorrizko exekuzio titulu berarengatik.

2. ATALA. BAHITURA

108. artikulua. Diru bahitura.

1. Dirua bahitzen denean, hala jasoko da bahitura eginbidean eta exekuzio agenteak bi aleko dokumentua emanen du hala egin dela zehazteko. Aleetako bat espedienteari erantsiko zaio eta bestea zordunarentzat izanen da. Bahitu den dirua berehala Nafarroako Foru Komunitateko diruzaintzan sartuko du agenteak.

2. Kasuko dirubilketa hori jardunean ari den enpresa edo entitate bateko kutxa, takilla edo halako batena delarik, Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak zilegi izanen du erabakitzea zer pagu egin behar diren dirubilketa horretatik, enpresa edo entitate hori gelditu beharra galarazteko beharrezkoa bada.

109. artikulua. Dirua entitate gordailuzainetan irekitako kontuetan bahitzea.

1. Administrazioak jakiten badu kontu edo gordailu bat gutxienez ireki dela entitate gordailuzain bateko bulego batean, bahitura eginbidea eman beharko da dirua bahitzeko. Eginbide horrek zordunak bulego horretan dauzkan saldo guztiak hartuko ditu, nahiz eta Administrazioak kontu bakoitzeko identifikazio datuak jakin ez, borondatezko aldian pagatu gabeko zorra, gehi premiamendu errekargua, interesak eta hala bide denean sortutako kostuak osorik estaltzeko kopururaino.

2. Zilegi izanen da Kasuko administrazioak eta ukitutako kreditu erakundeak oro har hitzartzea nola, zer bidez eta noiz jakinaraziko zaion entitate gordailuzainari bahitura eginbidea, eta bai gainerako inguruabarrak ere, hala nola funtsak luzeenez zein epetan atxiki beharko diren.

3. Aurreko idatz-zatiak aipatu bezalako hitzarmenik ez badago, bahitura eginbidea kontua irekirik dagoen bulegoan aurkeztuko zaie bertako arduradunei, eta bai haiek berehala atxikiko ere bahitutako dirukopurua, une hartan behar adinako saldoa badago, edo saldo guztiak bestela.

Zilegi izanen ere da bahitura eginbidea honako toki hauetako batean jakinaraztea:

a) Entitate gordailuzainak Nafarroako Zerga Ogasunarekin harremana izateko izendatzen duen bulegoan, 78. artikuluko 4. idatz-zatiak agintzen duenaren arabera entitateari baimena eman bazaio dirubiltze kudeaketan lagun egiteko eta bahiturak lurralde eremu horretako bulego batean irekitako kontuak edo gordailuak ukitzen baditu.

b) Entitatearen helbide fiskalean edo sozialean.

Kasu horietan, bahitura trabatzen zaien ondasun-eskubideen kudeaketa edo gordailua ez badago kokatua bahitura eginbidea jakinarazten den tokian, berehala atxikiko dira funtsak edo berehala ezin balitz, entitateko barne informazioko edo kontabilitateko sistemen ezaugarriek bide ematen duten bezain laster. Ez da zilegi izanen epe hori bost egun baino gehiagokoa izatea eta bahitura egiten duen organoari adieraziko zaio.

4. Dirua titular bat baino gehiagoren izenean dauden kontuetan gordailatuta badago, Nafarroako Zerga Ogasunaren zordunari dagokion partea baizik ez da bahituko. Hartarako:

a) Kontu horiek titular berezigabeak badituzte eta gordailuzainaren aurrean solidaritate aktiboa, zilegi izanen da bahiturak zordunari dagokion saldo zatia hartzea hartarako titular guztien artean saldoa hainbana zatituz, non eta kontratuak besterik ezartzen ez duen edo funtsen titulartasun material diferentea dagoela frogatzen ez den.

b) Kontu horien titulartasuna berezigabea eta partzuer gisakoa bada, saldoa hainbanako zatietan partitua dela joko da, non eta kontratuak besterik ezartzen ez duen edo funtsen titulartasun material diferentea frogatzen ez den.

5. Gordailua epekako deritzen kontuetan eratu bada, orduan ere berehala eginen da bahitura, ondorengo 8. idatz-zatiko bigarren lerroaldeak agintzen duena ezertan galarazi gabe.

6. Behin bahitura egin ondoren, hala jakinaraziko zaio zordunari.

7. Erregelamendu honetako 165. artikuluak oro har ezartzen duena ezertan galarazi gabe, zordunak frogatzen badu bahitu dela aurreko 103. artikuluak aipatzen dituen ondasunetakoren bat, dirubilketa organoak aginduko du berehala ken dadila bidegabeko traba edo egindako dirusarrerak itzul daitezela.

Zehazkiago, horrela jokatuko da zordunak frogatzen badu bahitura hori, soldata, pentsio edo halakoen gainean egin dela Auziperatze Zibileko Legearen 607. eta 608. artikuluek ezartzen dituzten mugen gainetik.

8. Atxikitako dirukopuruak Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzaren kontu mugatuetan sartuko da, trabaren datatik hogei egun iragan eta dirubilketa organoak kontrakorik agindu ez badio kasuko entitate edo bulegoari.

Epekako kontua bada, aurreko lerroaldean esan den datan egin beharko da dirusarrera hori edo bestela epea bete eta biharamunean, zein den geroagokoa. Hala ere, Gordailuzainak eskumena badu gordailatuta dagoen dirua aurrez erabiltzeko, bahitura eginbidea jakinaraztean adieraziko zaio zordunari aukera duela eskumen hori baliatzeko entitate gordailuzainaren aurrean, ezarri ziren baldintzen arabera; hartara, ezeztatu eta biharamunean eginen da dirusarrera Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan.

3. ATALA. BEREHALA EDO DENBORA GUTXIAN DIRUTZEKO MODUKO HARTZEKO, EFEKTU, BALORE ETA ESKUBIDEEN BAHITURA

110. artikulua . Balore negoziagarrien bahitura.

1. Efektu publiko edo pribatuen bahituran, edo bigarren mailako balore merkatu ofizial batean negoziaziorako onartuta dauden baloreei erantsitako beste hartzeko guztien bahituran, entitate gordailuzain batean edo baloreak kudeatzeko espezializatutako entitate batean gordailatuta edo idaztoharra eginda badaude, honela jokatuko da:

a) Bahitura egiteko, bahitura eginbidea entitatean aurkeztuko da. Eginbide horrek Administrazioak dakizkien eta entitate horretan gordailatuta edo idaztoharra eginda dauden baloreak hartuko ditu dirubilketa organoaren ustez zorra estali arteko kopuruan.

Eginbideak zehaztuko du zein diren entitateak dakizkien eta bahitu behar diren baloreak, eta kasuan kasuan argituko beste zenbat titulu eite bereko trabatu behar diren, baldin badaude, zorraren zenbatekoa estaltzeko.

b) Egintza berean, entitateak konfirmatu beharko dio dirubilketa agenteari ea administrazioak dakizkien baloreek eta benetan gordailatuta edo idaztoharra eginda daudenek benetan bat egiten duten.

c) Baloreek horrela bat egiten ez badute edo aski izaten ez badira, entitateak egintza berean baloreen zerrenda emanen dio agenteari, balorazioa egiteko behar diren datuez hornitua. Agenteak orduan adieraziko dio entitateari zein balore bahitzen diren behin betiko eta zein askatzen.

Bereziki, hasieran bahitura eginbidean zehaztu ziren baloreak aski izaten ez badira zorraren kopurua estaltzeko, kasuan diharduen dirubilketa organoak, entitateak une hartan eman dion informazioa aintzat hartuta eta aurrezko balorazio bat eginik, zehaztuko du gehienez beste zenbat balore bahitu beharko diren zorraren kopurua estaltzeko.

d) Bahitura zordunari jakinaraziko zaio.

e) Dirubilketa organoak baloreak besterentzeko agindua emanen du; besterentze hori merkatu ofizialen bidez eginen da, ahalik eta kondizio hoberenetan, kudeaketa oneko jarduera ohikoenaren arabera. Agindua entitate gordailuzain edo kudeatzaile batek tramitatzen baditu, entitate horrek zilegi izanen du lortutako zenbatekoari kasuko gastu eta komisioak kentzea. Bestela, entitateak dirubilketa organoari entregatuko dizkio besterentzeko behar diren titulu eta dokumentuak, eta hark emanen dio agindua gobernu erakundeari betearazi dezan.

f) Lortutako zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sartu beharko da behar den mugaraino. Gainerakoa, deus gelditzen bada, jabearen esku jarriko da.

2. Baloreak 1. idatz-zatian aipatzen diren entitateetan gordailatuta edo idaztoharra eginda ez badaude, honela jokatuko da:

a) Bahitura eginbidea (zeinak dirubilketa organoaren ustez zorra estaltzeko adinako balore kopurua hartuko baitu) jabeari aurkeztuko zaio edo hala bide denean gordailuzainari.

b) Kasuan diharduen dirubilketa organoak bere gain hartuko ditu baloreok eta Dirubilketa Zerbitzuan entregatuko, erospen polizarekin edo eskuratze tituluarekin batera, jaso baldin badu.

c) Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak baloreok saltzeko aginduko du 1. idatz-zatian aipatu bideetako batean.

d) Bide horietan ezin saldu badira, zuzeneko kudeaketa eginaz saltzera saiatuko da, Titulu honetako VI. kapituluak agintzen duenaren arabera, Notarioa tarte dela.

3. Aurreko lerroaldeetan agindu dena aplikatuko da baloreok kontuetako idaztoharren, partaidetza kuoten eta antzeko prozeduren bidez ordeztuta daudenean.

4. Zorra pagatzeari begira hala komeni denean, dirubilketa organoak zilegi izanen du agintzea tituluak besterendu beharrean bahi daitezela, mugaeguna etorrita, dibidendoak, interesak, edonolako etekinak eta hala bide denean itzulketak.

111. artikulua. Bestelako hartzeko eta eskubideen bahitura.

1. Aurreko artikulukoak ez beste hartzeko eta eskubideen kasuan, honela jokatuko da:

a) Bermerik gabeko hartzeko eta eskubideak direnean, bahitura jakinaraziko zaio zordunari eta premiamendupekoaren zordun den pertsona edo entitateari, eta bai ohartaraziko ere jakinarazpen datatik aurrera zordunari egindako paguak ez duela askatze indarrik izanen. Bahitu den hartzeko edo eskubidea mugaeguna pasata dagoenean, delako pertsona edo entitateak Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sartu beharko du zorra estali arteko zenbatekoa. Bestela, hartzekoa zor horri atxikita utziko da mugaeguna pasa arte. Lehenago pagatzen ez bada. Hartzekoa edo eskubidea hurrenez-hurrengo paguak badira, aginduko zaio pagatzaileari Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sar dezala haren zenbatekoa zor den kopurua estali artean.

b) Hartzeko bermedunak badira, bahitura berme-emaileari ere jakinaraziko zaio edo hala bide denean bermetzat eskaini den ondasun-eskubidearen edukitzaileari. Hartzekoaren mugaeguna pasa eta zorra pagatzen ez bada, exekutatu eginen da bermea, kasuan kasuan nolakoa den.

2. Sozietateetako partaidetzak bahitzen direnean, kasurako legediaren arabera sozioek partaidetzak erosteko lehentasun eskubidea badute, behar diren jakinarazpenak eginen zaizkie sozio horiei eta sozietateari.

4. ATALA. SOLDATA, LANSARI ETA PENTSIOEN BAHITURA

112. artikulua . Bahitura.

1. Soldata, lansari eta pentsioak bahitzeko, Auziperatze Zibilaren Legeko 607. eta 608. artikuluek agintzen dutena hartuko da aintzat.

Bahitura behar den bezala eginbide batean dokumentatuko da, eta bai jakinaraziko ere zordunari eta pagatzaileari. Pagatzaile hori beharturik dago kasuan kasuan tokatzen diren dirutzak atxikitzera eta kendutako zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sartzera zor den dirutza estali arte.

2. Zorduna jasoera horietako bat baino gehiagoren hartzaile bada, metatu eginen dira ezin bahituzko zatia aldi bakar batez kentzeko. Zilegi izanen da bahitzen den zenbatekoa dirubilketa organoak finkatzen d(it)uen jasoer(et)atik kentzea. Zordunak espreski beste bat proposatzen badu, onartu eginen zaio hori kobrantzarako traba ez bada.

3. Bahiturak geroko jasoerak ere hartzen baditu, oraindik sortu gabekoak, zilegi izanen da sortutakoak kobratu ondoren ondasun horiek bahitzea, ondoren sortuko direnen begira egon gabe.

Zorra estali ondoren, dirubilketa organoak pagatzaileari jakinaraziko dio atxikipenak eten direla.

5. ATALA. ONDASUN HIGIEZINEN BAHITURA

113. artikulua . Bahitura eginbidea.

1. Ondasun higiezinak bahitzeko eginbide bat beharko da, zeinak honako jakingaiak zehaztuko baititu, baldin jakiten badira.

a) Bahitutako finkaren jabearen eta, hala bide denean, edukitzailearen izen-deiturak, sozietate izena edo deitura, identifikazio fiskaleko zenbakia eta hura identifikatzeko lagungarri izan daitezkeen datu guztiak.

b) Finka horren izaera eta izena, zein udalerritan dagoen eta herri horretan izenaren arabera non dagoen, mugak, azalera eta kabiera, landa finkak direnean.

c) Herria, kalea eta zenbakia, zer pisu eta lokal dituen osagai, eta azalera, hiri finkak direnean.

d) Zordunak zer eskubide dituen bahitu diren higiezinen gainean.

e) Zorraren osotarako zenbatekoa, zer kontzepturi dagokion edo dagokien, eta higiezina atxikitzen zaion erantzunbeharraren printzipalaren, errekarguen eta kostuen aldera zenbatekoa.

f) Ohartaraziko da Jabetzaren Erregistroan bahituraren aurreneurrizko idaztoharra eginen dela Nafarroako Foru Komunitatearen alde edo hala bide denean exekuzioaren jatorri den hartzekoaren entitate edo erakunde titularraren alde.

2. Ondasun higiezinak bahitzeko zordunari, haren ezkontideari, hirugarren edukitzaileei eta hipoteka-hartzekodunei jakinaraziko zaie eta bai egintza berean aginduko ere jabetza tituluak entrega ditzatela.

3. Mugak finkatu behar badira, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du erakunde autonomo horretako funtzionario tekniko bat izendatzea ala enpresa espezializatuen zerbitzuak kontratatzea. Kasu batean zein bestean enkomendatzen zaion kudeaketa 15 eguneko epean eginen da.

114. artikulua . Jabetzaren Erregistroko idaztohar aurreneurrizkoa.

1. Ondasun higiezinak bahitzen direnean aurreneurrizko idaztoharra eginen da kasuko Jabetzaren Erregistroan.

2. Hartarako, kasurako eskudun den dirubilketa organoak agindua emanen dio Erregistratzaileari Hipotekei buruzko Legeetan eta Erregelamenduan eta hurrengo artikuluetan agintzen denaren arabera eta bai manatuko ere ziurtagiria eman dadila finka bakoitzerako erregistroan jasota dauden kargen gainean, direlako kargak eta haien titularrak xehero adierazita, eta ziurtagirian finkak une hartan duen jabea eta haren helbidea sartuta.

Ziurtagiri hori ikusita, konprobatuko da titular bati bahitura jakinarazi ez zaionentz eta hartara behar diren jakinarazpenak eginen.

3. Premiamendupeko likidazioak baldin badira aurrez pagatuta ez edukitzeak jatorriko egintza edo kontratua Erregistroan inskribatzea ezintzen duen tributuen gainekoak, bahitura aldira iristen denean prozedura, honela jokatuko da:

a) Kasuko dirubilketa organoak organo eskudunari proposatuko dio likidazio horien pagua gerokotzeko, ondasunak inskribatu eta Nafarroako Zerga Ogasunaren aldeko bahituraren idaztohar aurreneurrizkoa egiteko baizik ez. Gerokotzeko erabakia tributuaren likidazioa sortu zuten eta erregistroko inskripzioa egiteko balio duten dokumentuetan jasoko da.

b) Dokumentu horiek eta bahitura agindua Jabetzaren Erregistratzaileari aurkeztuko zaizkio eta hark, zordunaren eskubidea inskribatu ondoren (ohartarazita likidazioaren pagua gerokotu egiten dela), berehala eginen du bahituraren idaztoharra.

c) Tributuaren likidazioa ezin insbribatzeko moduko dokumentuen gainean egin bada (orijinalen edo matrizen kopia kautotu gabeak direlako), eskatuko zaie kopia horiek egiteko baimena eman zuten notario edo funtzionarioei kopia kautotua eman dezatela, eta bai hartan gerokotzeko erabakia jaso ere.

d) Bahitu diren ondasunak besterentzen direnean, lortutako prezioa kasuko likidazioak eta gainerako erantzunbeharrak askatzeko erabiliko dira. Erabilera horren frogagiria Erregistroan aurkeztuko da eta bahitura eta gerokotze idaztoharrak ezeztatzea sortuko du. Hala jasoko da salmenta eskrituran.

Erabakitzen bada ondasunak Nafarroako Foru Komunitateari edo entitate hartzekodunari adjudikatzea, adjudikazioaren frogagiriak ondorio bera izanen du.

115. artikulua . Aginduen baldintzak.

Ondasun higiezinak bahitzearen idaztohar aurreneurrizkoa egiteko aginduetan honako baldintzak kunplituko dira:

a) Premiamendu probidentziaren kopia eta kasuko higiezinaren edo higiezinen bahitura eginbidearena, eta bahitura zer kontzeptutan jakinarazi zen.

b) Adieraziko da zordunak zer eskubide duen bahitutako ondasunen gainean.

c) Jakinarazpenaren gai diren finken edukitzailearen izen-deiturak.

d) Zorraren osotarako zenbatekoa, zer kontzepturi dagokion edo dagokien eta higiezina atxikitzen zaion erantzunbeharraren printzipalaren, errekarguen eta kostuen alderako zenbatekoa.

e) Idaztoharra Nafarroako Foru Komunitatearen alde edo ente publiko hartzekodunaren alde egin beharko dela.

f) Adieraziko da Administrazioak, agindua ematen den momentuan, ezin duela aginduan ondasun bahituen gainean daudenak baino gehiagoko jakingairik eman.

116. artikulua . Aginduak Jabetzaren Erregistroan aurkeztea.

1. Aginduak hiru aletan aurkeztuko dira Jabetzaren Erregistroan. Erregistratzaileek bertan ale bat itzuliko diote aurkeztaileari, agindua aurkeztearen idaztoharraren erreferentziako oharraz hornitua, eta beste ale bat, behar garaian, kasurako behar zen idaztoharra egin dela edo ezin egin izan dela frogatzeko oharraz hornitua. Ezinaren kasuan, xehero adieraziko dira atzemandako akatsak ez ezik, haiek zuzentzeko bide eta modua ere bai, zuzendu ahal badira. Aginduaren hirugarren alea Erregistroaren esku geldituko da.

2. Finka edo finkak ez badaude inskribaturik edo zuzentzeko moduko akats bat dela medio ezin idaztoharrik egin bada, kasurako liburu berezian hartuko da bahitura, eta hala jasoko da aginduaren erantzunean.

117. artikulua . Idaztoharren gorabeherak.

1. Jabetzaren erregistratzaileek agindua bueltatzen badute eta zuzentzeko moduko akatsa aipatzen badute idaztoharra etetearen arrazoitako, akatsa zuzendu eginen da, berehala, ahal dela, edo ondoren.

2. Zuzentzeko moduko akatsengatik idaztoharra kadukatzea galarazteko (Hipotekei buruzko legearen 96. artikuluan xedatzen da kadukatze hori), dirubilketa organoak eskatuko du artikulu horrek berak zilegitzen duen luzapena, hala behartzen bada.

3. Ukatzearen arrazoia baldin bada ondasunak hirugarren baten izenean inskribaturik daudela eta Erregelamendu honetako 36. edo 38. artikuluen kasua gertatzen bada, eskatuko zaio zorra pagatzeko, inolako errekargurik gabe, 21. artikuluko 2. idatz-zatiko a) eta b) letrek agintzen duten epean, eta hala egiten ez badu, premiamendu probidentzia emanen da hirugarren horren kontra eta handik aurrera haren kontra segituko du prozedurak.

4. Erregistratzailearen erabakiarekin bat ez badator, jarduerak Nafarroako Gobernu Aholkularitza Juridikoari pasatuko zaizkio, hala bide denean gobernu helegitea jar dezan erregistroko kalifikazioaren kontra.

118. artikulua . Erantzunak berandatzea.

1. Jabetzaren Erregistratzaileek tokatzen diren idaztoharrak eginen dituzte eta prozeduraren inguruko ziurtagiriak emanen hipotekei buruzko legeetan ezarrita dauden epeetan.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du legeak zilegi egiten dituen jarduera zibilak eragitea erregistratzaileak erregelamendu honek esleitzen dizkien zerbitzuak ematez berandatzeagatik zor zaizkien kalte-ordainak erdiesteko.

3. Dirubilketa prozesua trabatzen duten behin eta berrizko berandatzeak Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari jakinaraziko zaizkio, hark Notariotzaren eta Erregistroen Zuzendaritza Nagusira helaraz ditzan.

119. artikulua . Justifikazioa espedienteetan.

Premiamendu espedienteari jabetzaren Erregistratzailearen erantzuna eta higiezinen gaineko kargei buruzko ziurtagiria erantsiko zaizkio.

6. ATALA. MERKATARITZA ETA INDUSTRI ESTABLEZIMENDUEN BAHITURA

120. artikulua . Bahitura.

1. Merkataritza eta industri establezimenduen bahitura hasteko, agentea establezimendu horien jabe den pertsona edo entitatearen helbidean agertuko da.

2. Behar den bahitura eginbidea emanen da eta bertan, inbentariaturik, bahitu den establezimendua bakoitzean dauden ondasun-eskubide guztiak jasoko, eta bai bahitzen direnak ere.

3. Bahiturak, honako ondasun-eskubideok hartuko ditu, halakorik badago:

a) Negozioaren lokala eta instalazioak eskualdatzeko eskubideak, lokala alokatuta badago.

b) Jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak.

c) Tresneria, makinak, altxariak, lanabesak eta lanerako eta produkziorako beste erremintak.

d) Salgaiak eta lehen gaiak.

e) Litezkeen kalteordainak.

4. Bahitura zordunari jakinaraziko zaio hura bahituraren egintzan presente egon ez bada, eta ezkontideari ere bai establezimendua senar-emazteen ondasun ganantziala edo konkistakoa bada.

Halaber, delako ondasun higiezina alokaturik badago, alokatzaileari ere jakinaraziko zaio bahitura.

5. Bahituraren idaztohar aurreneurrizkoa eginen da Higigarrien Hipoteken eta Eskualdatzerik gabeko Bahien erregistroan; hartarako, dirubilketa organoak behar den agindua emanen du.

6. Kasuko inguruabarrak aintzat hartuta, zilegi izanen da honako neurri hauetako bat hartzeko erabakitzea:

a) Bahitu dena besterendu arte lokala prezintatzea.

b) Funtzionario bat izendatzea kudeaketari kontuhartzeko, negozio jabeak kudeatzaile segitzen duela.

c) Salbuespenez gordailuzain bat izendatzea, administratzaile eginkizunez hornitua, erregelamendu honetako 126. artikuluak agintzen dituen baldintzetan. Neurri hau ez da hartuko hartu ezean zordunaren ordain-gaitasunari kalte berdindu ezinak etorriko zaizkiola igarri eta negozio motak hartarako bide ematen duenean baizik.

7. Merkataritza eta industria establezimenduak besterentzeko, Titulu honetako VI. kapituluak ezartzen duen prozedura segituko da.

7. ATALA. GAI PREZIOTSUEN, HARRI FINEN, JOIEN, URRE LANEN, ZAHARKIEN ETA BALIO HISTORIKO EDO ARTISTIKOA DUTEN BESTE OBJETUEN BAHITURA

121. artikulua . Bahitura.

1. Dirubilketa agenteak bahituko ditu gai preziotsuak, harri finak, joiak, urre lanak, zaharkiak eta atal honetan aipatzen diren balio historiko edo artistikoa duten beste objetuak; eginbide batean xehetuko du ondasun horiek zein diren eta prezintoen bidez edo egokien den moduan behar diren prekauzioak hartuko ditu ondasun horiek altxatu ordeztea galarazteko.

Ondoren haien gordailua eginen da, erregelamendu honetako 125., 126. eta 127. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

2. Ondasun horiek zorduna ez beste norbaiten lokaletan daudenean, erregelamendu honetako 104. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

8. ATALA. EDONOLAKO FRUITU ETA ERRENTEN BAHITURA

122. artikulua . Bahitura.

1. Diruzko paguetan gauzatzen diren zordunaren fruitu, produktu eta errentak bahitzen direnean, bahitura-eginbidea zordunari eta pertsona edo entitate pagatzaileari jakinaraziko zaie, zeinek obligazioa baitute horiek atxiki eta Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sartzeko, zor den kopurua estali arte.

2. Bahitu beharreko fruitu eta produktuak Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bateginak babesten duen obra baten esplotazio eskubidei baldin badagozkie, lansaritzat hartuko dira lege hark ezartzen duenaren arabera eta bahitura egiteko erregelamendu honetako 112. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

3. Enpresa edo jarduera komertzial, industrial edo nekazaritzakoek izandako produktu edo errentak bahitu badira, gordailuzain administratzaile bat izendatuko da, erregelamendu honetako 126. artikuluko 2. idatz-zatiak agintzen duen moduan joka dezan.

Lehendik kontu-hartze judiziala bazegoen, zorduna kiebra edo pagu etenaren egoeran zegoelako edo beste edozergatik, zilegi izanen da Kontu-hartzailea bera izendatzea administratzaile, hark kargua onartzen badu eta eginkizun horretarako beste norbait izendatzeko arrazoi behar adinakoak ez badaude.

4. Fruituak aseguraturik badaude, entitate aseguratzaileari jakinaraziko zaio hondamena izanez gero tokatzen diren kalteordainak edo prestazioak bahitu direla, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sartu beharko baitira hondamen hori gertatzen denean.

9. ATALA. ONDASUN HIGIGARRI ETA AZIENDA ONDASUNEN BAHITURA

123. artikulua . Gainerako ondasun higigarri eta azienda ondasunen bahitura.

1. Ondasun higigarri eta azienda ondasunak dirubilketako agenteak bahituko ditu zordunaren helbidean edo bestela ondasunak dauden tokian.

2. Bahituraren egintzaren gainean, positiboa izan ala negatiboa izan, behar den eginbidea emanen da. Zorduna ez badago bahituraren egintzan presente, 93. artikuluak agintzen duen moduan jakinaraziko zaio. Ondasunak berehala gordailatzen ez badira, prezintatuko dira edo behar den bezala aseguratuko.

3. Bahiturak Higigarrien Hipoteken eta Eskualdatzerik gabeko Bahiei buruzko Legeko 12., 52., 53. eta 54. artikuluetako ondasunak ukitzen baditu, kasurako eskudun den dirubilketa organoak bahitura agindua emanen du ondoren kasuko herriaren Erregistroan aurreneurrizko idaztoharra egin dakion. Agindu horiek lege horretako 34. artikuluak agintzen duen bezala emanen dira eta haiek tramitatzeko haren Erregelamenduko III. tituluan aipatzen diren formalitateak begiratuko.

4. Automobilak, kamioiak, motozikletak, ontziak, aire ontziak edo beste ibilgailuak direnean, aurreko idatz-zatietan agindu bezala eginen da. Ondasuna ezin harrapatu bada, premiamendupekoari jakinaraziko zaio bahitura eta aginduko bost eguneko epean dirubilketa organoen esku jar dezala, haren dokumentazioa eta giltzak dituela. Hala egiten ez badu eta ondasuna non den argitzen ez bada, zilegi izanen da beste ondasun batzuk bahitzea; hala ere, zirkulazioaren ardura bere esku duten agintariei eta behar diren besteei aginduko zaie ondasun horiek aurkitzen dituzten tokian harrapatu, gordailatu eta prezintatu ditzatela eta galaraz dezatela eskualdatzea edo Nafarroako Zerga Ogasunaren kontrako beste edozein egintza.

5. Epekako salmentan erositako ondasunak bahitzen direnean, kontuan hartuko dira Ondasun higigarriak epeka saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 legeak agintzen dituenak.

10. ATALA. EPE LUZERA DIRUTZEKO MODUKO HARTZEKO, ESKUBIDE ETA BALOREAK BAHITZEA

124. artikulua . Bahitura.

Epe luzera dirutzeko moduko hartzeko, eskubide eta baloreak bahitzeko, erregelamendu honetako 110. eta 111. artikuluetan ezartzen den prozedura hartuko da aintzat.

V. KAPITULUA. BAHITUTAKO ONDASUNAK GORDAILATZEA

125. artikulua . Ondasun gordailuak oro har.

1. Dirubilketa organo eskudunek finkatuko dute hala bide denean non gordailatu behar diren bahitutako ondasunak, artikulu honetan ezartzen diren irizpideekin bat.

2. Bahitzean entitate gordailuzainetan dauden ondasunak edo dirubilketa organoen aburuz segurtasun eta ordain-gaitasun bermeak dituzten beste batzuetan, bertan utziko dira, organo horien esku.

3. Gainerako ondasunak, dirubilketa organoaren aburuz egokien den moduan, toki hauetan gordailatuko dira:

a) Administrazioaren beraren lokaletan, ondasun horiek gordailatzeko kondizio egokiak dituztenean.

b) Gordailuzaintzan aritzen diren beste ente publiko batzuen lokaletan, museoak, liburutegiak, ibilgailu gordetegiak edo antzekoak ere barne.

c) Gordailuzaintzan aritzen diren enpresen lokaletan.

d) Aurrekorik ezean, zorduna ez beste pertsona fisiko nahiz juridiko segurtasuna eta ordain-gaitasuna bermatzen dituztenen lokaletan.

e) Salbuespenez, zordunaren lokaletan, nekez mugitu edo garraiatzeko moduko ondasunak direnean; kasu horretan prezintatu eginen dira edo segurtasuna eta osotasuna bermatzeko neurriak hartuko dira, eta zorduna gordailuzainaren eginbeharrei eta erantzunbeharrei, erregelamendu honetako 127. artikuluan aipatzen direnei, loturik egonen da.

4. 3. idatz-zatiko c) eta d) letren kasuan, Administrazioaren eta gordailuzainaren arteko harremanak Nafarroako Foru Komunitateko kontratuei buruzko legeen arabera gobernatuko dira kapitulu honetan aurreikusten ez den guztian.

126. artikulua . Gordailuzainaren eginkizunak.

1. Gordailuzaina beharturik dago bahitu diren ondasunak begiratu eta zaintzera eta hala agintzen zaionean itzultzera ere. Eginkizun horretan behar den ardura guztia jarriko du.

Gordailuzainaren eginkizunetan ondasun bahituak begiratu, zaindu eta itzultze hutsa baino haratagoko egintzak sartzen direnean, hartarako Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen baimena beharko da edo Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariarena.

2. Aurreko 120 eta 122. artikuluetan aipatzen diren kasuetan gordailuzain edo administratzaile bat izendatzen bada, haren eginkizunak, 1. idatz-zatian aipatu direnez gain, ondasun eta negozioak kudeatzean ohi direnak ere izanen dira eta Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan sartu beharko ditu lortzen diren dirukopuruak.

Izendapenean finkatuko da zenbat eta zer nolakoak izanen diren dirubilketa organoaren baimena behar duten operazioak.

127. artikulua . Ondasun bahituen gordailuzainaren eginbehar, eskubide, erantzunbeharrak.

1. Gordailuzainak, non eta zorduna bera ez den, eskubidea du bere prestazioen aldera hitzartutako ordainsaria jasotzera eta gordailuagatik etorri zaizkion gastuak berreskuratzera, gastu horiek ordainsarian sartuta ez badaude.

2. Gordailuzain, eta hala bide denean administratzaile, den partez dagozkion eginbeharrez gain, beharturik dago dirubilketa organoek agintzen dizkioten kontuak errendatzera eta organo horiek ondasunak ahal den hobekiena administratu eta zaintzea helburu agintzen dituzten neurriak betetzera.

3. Gordailuzainak erantzunbehar zibila edo penala izanen du gordailuzain den partez dagozkion betebeharrak betetzen ez baditu. Halaber, zorraren erantzule solidario ere izanen da altxatu den kopururaino, ondasun bahituak altxatzen lagun edo men egiten duenean.

1. ATALA. ONDASUNAK BESTERENDU AURREKO AGINTZAK

128. artikulua . Tasa nola baloratu eta finkatu.

1. Dirubilketa organoek baloratuko dituzte ondasun bahituak merkatuko prezioen arabera eta balorazio irizpide ohikoen arabera.

2. Organo horien aburuz ezagupen bereziak behar direnean, zilegi izanen da balorazioa Nafarroako Zerga Ogasuneko edo Nafarroako Gobernuko beste zerbitzu tekniko batzuek egitea, eta bai kanpoko zerbitzu tekniko espezializatuek ere.

3. Balorazioa zordunari jakinaraziko zaio eta hark, ados ez badago, zilegi izanen du kontrako balorazioa aurkeztea hakmabost eguneko epean; dirubilketa organoak zilegi izanen du hala bide denean epe hori luzatzea.

Bi balorazioen arteko aldea (batean eta bestean ondasun guztiei emandako balioak batuta kalkulatua), ez baldin bada balorazio txikienaren ehuneko hogei baino gehiagokoa, tasazio altuena hartuko da ondasunen baliotzat.

Bi balorazioen arteko aldea, aldiz, ehuneko hogei hori baino gehiagokoa bada, deituko zaio zordunari balorazioen diferentzia garbitu eta adostasunera iritsiz gero, bakar bat egiteko.

4. Bi aldeak ezin adostu badira, dirubilketa organoak balorazio berria egiteko eskatuko dio perito egoki bati, lanbide edo merkataritza elkargoak izendatua hala bide denean, hamabost egun edo gutxiagoko epean. Balorazio horrek lehendik egindako bien artekoa beharko du eta behin betikoa izanen da.

5. Balorazioaren zenbatekoa enkante edo lehiaketaren hasierako preziotzat hartuko da. Ondasun bahituen gainean karga edo zama errealak badaude edo ondasunak higiezinen gaineko hipotekaz edo bahiaz kargaturik badaude, hauxe hartuko da enkantearen tasatzat: ondasunen eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskubide idaztohartua baino lehenagoko karga edo zama lehentasundunen arteko aldea, zeinek iraun eginen baitute, errematearen prezioa haiek iraungitzeko erabili gabe.

6. Karga edo zama horiek ondasunari finkatu zaion balioa estali edo gainditu egiten badute, zor eta kostuen zenbatekoa hartuko da enkante edo lehiaketarako hasierako preziotzat, betiere ondasunen balioari goiti egiten ez badio, eta bestela balio hau, eta kasu bietan karga eta zama horiek indardun iraunen dute, errematearen prezioa haiek iraungitzeko erabili gabe.

Hartarako, ikertu eginen da inskribatutako kargek irautek dutenentz edo inskribatu ondoren paguren bat egiteagatik edo beste zerbaitengatik aldatu direnentz.

7. Zerbaitengatik susmatzen bada lehentasuneko karga horiek denak edo baten bat simulatuak direla eta haien zenbatekoak zorra gauzatzea ezindu edo nekeztu egiten badu, jarduerak Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoari bidaliko zaizkio hark txostena eman dezan tokatzen diren neurriei buruz, bide zibil nahiz penalean erantzunbeharrak eskatzea ere zilegi dela.

Hori ebatzi artean, aurrera segituko du ondasun horien gaineko prozedurak edo bahi daitezkeen besteen gainekoak.

129. artikulua . Jabetza tituluak.

1. Bahitura jakinarazten zaienean zordunek ez badituzte eman bahitutako ondasun higiezinen, hartzeko hipotekarioen edo eskubide errealen jabetza tituluak, dirubilketa agenteak, enkanterako hasierako prezioa finkatzeaz bat, tituluok eman ditzatela aginduko die: herri horretan berean egoitza dutenek hiru eguneko epean, eta hamabostekoan bestetango egoitza dutenek.

2. Esan bezala aurkeztu ez eta ondasun inskribatuak direnean, dirubilketa organoek agindua bidaliko diete jabetzaren erregistratzaileei, zordunen kontu eman ditzaten ziurtagiriak erregistroan ondasun horien jabari titulazioari buruz dauden datuen gainean.

3. Jabari titulurik inskribaturik egon ez eta zordunek aurkezten ez badituzte, ondasunen errematatzaileek, nahi badute, haien ordez Hipotekei buruzko legeko VI. tituluan ezartzen diren baliabideak erabili beharko dituzte, eta haiexek hasiarazi beharko dute kasuko prozedura, Nafarroako Foru Komunitateak salmenta eskritura ematea beste eginkizunik ez duela, zordunak egiten ez badu.

130. artikulua . Loteak.

1. Ondasun higigarri trabatuak lotetan banatuko dira; lote bakoitzean eite berekoak direnak sartuko dira, ondasun mota zein den eta zer aprobetxamendu klase izan dezakeen aintzat hartuta.

2. Eite berekoak ez badira ere, loteak eginen dira hala komeni dela juzgatzen bada lizitatzaileak erakartzeko.

3. Lote bakarra osatuko da kasuko ondasun bahituen gainean higigarrien gaineko hipoteka bat bera baldin badago edo bahi kontratu berari atxikita badaude (eskualdatutako bahia izan ala eskualdatzerik gabekoa) edo beste edozergatik hala komeni dela juzgatu eta dirubilketa organoak libreki hala erabakitzen badu.

2. ATALA. BESTERENTZEA

131. artikulua. Besterentzeko hurrenkera.

Balorazioa eta lote banaketa eginik, zordun berarengan hasiko da ondasunen besterentzea, erregelamendu honetako 101. artikuluan hartarako jarri den hurrenkera segituz. Hala ere, ondoren beste ondasunik agertzen bada, ordura arte egindako besterentzeek ez dute baliorik galduko, nahiz eta agertu direnak lehenestekoak izan bahitura hurrenkeran.

132. artikulua. Besterentzeko moduak Nota de Vigencia.

1. Titulu honen IV. kapituluan espresuki araututako kasuetan izan ezik, enbargatutako ondasunak besterentzeko enkante publikoa, lehiaketa edo zuzeneko adjudikazioa erabiliko dira, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.

2. Enbargatutako ondasunak adjudikatzeko prozedura arrunta enkante publikoa izanen da, eta hura baliatuko da besterentzeko beste modu bat espresuki aplikatzekoa denean izan ezik.

Ondasunen enkante bakarra eginen da eta bitarteko elektronikoen bidez eginen da Estatuko Aldizkari Ofizialeko Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian, salbu eta enkantearen gauzatze materiala enpresa edo profesional espezializatuei agintzen dienean diru-bilketa organoak, erregelamendu honetan aurreikusitako terminoetan.

3. Interesdunek organo eskudunak onetsitako bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez parte hartu ahal izanen dute ondasunak besterentzeko prozeduretan.

4. Lehiaketa bidezko besterentzea egin behar denean, hurrengo artikuluak xedatutakoaren arabera eginen da.

5. Araututa dauden, araudi berezia duten edo eskualdatzeko baldintza bereziak dituzten produktu, artikulu edo salgaien kasuan, diru-bilketa organoak aplikatu beharreko gaiaren inguruko xedapenen arabera jokatuko du.

6. Inguruabarren arabera egokia denean eta posible denean, diru-bilketa organo eskudunak baimena eman ahal izanen du, halaber, beste administrazio publiko batzuekin batera egin beharreko ondasunen besterentzeak metatzeko.

7. Zerga administrazioak, zerga aplikazioaren lankidetza sozialaren esparruan, akordioak sinatzen ahalko ditu higiezinen merkatuko bitartekaritzaren sektoreko ordezkaritza erakundeekin edo bitartekaritza erakundeekin berekin, premiamendu-prozeduraren bidezko ondasunak besterentzeko prozeduretan parte har dezaten.

133. artikulua . Lehiaketa bidezko besterentzea Nota de Vigencia.

1. Kasu hauetan bakarrik besterentzen ahalko dira enbargatutako ondasunak lehiaketa bidez:

a) Enbargatutakoaren ezaugarriak edo handitasuna dela eta, enkante bidez besterenduta merkatuan perturbazio kaltegarria eragiten ahal badu.

b) Behar bezala justifikatutako interes publikoko beste arrazoi batzuk daudenean.

2. Lehiaketa Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak baimendu beharko du, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Deialdi horretan adieraziko dira besterenduko diren ondasunak, parte hartzeko epea eta baldintzak, ordaintzeko modua eta fidantza. Lehiaketaren baldintza bereziak ere adieraziko dira, baldin badaude, hala lehiaketako parte-hartzaileei dagozkienak nola besterendutako ondasunak erretiratu eta erabiltzeari buruzkoak.

Espresuki araututa ez dagoen guztian, enkante bidezko besterentzeetarako xedatutakoaren arabera jokatuko da aplikagarria den orotan.

3. Eskaerak onartzeko epea amaituta, Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak, bost eguneko epean, lehiaketa adjudikatzea edo hutsik uztea erabakiko du.

Adjudikatzen badu, eskaintza onenaren alde eginen da. Horretarako, alderdi ekonomikoaz gain, deialdiko baldintzak betetzen direla ere hartuko da kontuan.

Hutsik geratzea erabakitzen bada, Erregelamendu honen 139. artikuluan araututako zuzeneko adjudikaziora jotzen ahalko da ondoren.

134. artikulua . Besterentzeko erabakia Nota de Vigencia.

1. Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak behar adina ondasun enbargatu besterentzea erabakiko du pagarazi nahi den zorra eta prozedurako kostuak nasaiki estaltzeko; eginahalean ez ditu salduko zorrek baino nabarmen handiagoko balioa dutenak, nahiz eta ondoren zilegi duen behar direnak besterentzeko baimena ematea.

2. Diru-bilketa organo eskudunak zilegi izanen du ondasun multzotuak enkantatzea, aurreikusten ahal bada horrela salduta emaitza hobea izanen dela.

3. Besterentzeko erabakian zordunaren eta enkantatu beharreko ondasunen identifikazio datuak jasoko dira, bai eta enkantea hasteko prezioa ere. Erabakian eskaintzak egiteko epearen iraupena adieraziko da, 137.2 artikuluan aurreikusten den moduan. Era berean, adieraziko da eskaintzak elektronikoki aurkeztuko direla Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian.

4. Besterentzeko erabakia jakinaraziko zaie zordunari; haren ezkontideari, irabazpidezko ondasunak edo ohiko etxebizitza badira; hartzekodun hipotekario eta bahidunei eta, oro har, ogasun publikoaren eskubidearen ondoren dagokion erregistro publikoan inskribatutako eskubideen titularrei, baldin eta horretarako igorritako kargen ziurtagirian ageri badira; gordailuzainari, administrazioz bestelakoa bada eta, egonez gero, enkantatu beharreko ondasunen jabekideei eta hirugarren edukitzaileei.

Negozio lokalen errentamendu kontratuen lagatze eskubideen enkanteen kasuan, finkaren errentatzaileari edo administratzaileari ere jakinaraziko zaio, Hiri errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarritako ondorio eta baldintzekin.

Helbide ezezaguneko zordunen kasuan, enkantearen jakinarazpena egindakotzat joko da, legezko ondorio guztiekin, iragarkiaren bidez.

Jakinarazpenean jasoko da ezen, adjudikazioaren ziurtagiria eman edo, dagokionean, salmentaren eskritura publikoa egin aurreko edozein unetara arte, enbargatutako ondasunak libratzen ahalko direla, zorrak eta prozeduraren kostuak ordainduta.

Apartatu honetan adierazitako jakinarazpenak egin ondoren, 15 eguneko epea utzi behar da, gutxienez, enkante elektronikoa egin arte.

135. artikulua . Enkantearen iragarkia Nota de Vigencia.

1. Enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarriko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta gutxienez 24 ordu iragan direnean irekiko da. Iragarkian jasoko dira, gutxienez, enkantearen data, prozedura zer organok gauzatzen duen eta Enkanteen Atarian enkanteari dagokion helbide elektronikoa.

Atal eskuduneko buruak uste badu kasuko helburua iristeko eta ondasunek balio dutenaren arabera komeni dela, zilegi izanen da iragarkia ondasunak dauden herrietako udaletxeetan ere argitaratzea, bai eta hedabide handietan eta argitalpen espezializatuetan ere.

2. Enkanteen Atarian enkantearen eta enkantatu beharreko ondasunen funtsezko datuak jasoko dira, honako hauek adierazita:

a) Ondasunen edo loteen deskribapena, bakoitzaren enkantea hasteko prezioa eta lizitatzeko tarteak, ondasun edo titulu eskuragarriak gordailututa dauden lokalak eta horiek aztergai egonen diren egunak eta orduak.

Erregistro publikoetan inskribatzeko moduko ondasunak direnean, adieraziko da lizitatzaileek ez dutela eskubiderik izanen espedientera sartutako jabetza tituluez bestelakorik eskatzeko; ondasunak Erregistroan inskribaturik ez badaude salmenta dokumentu publikoa dela immatrikulazioa egiteko titulua, hipotekei buruzko legediak xedatzen duen moduan, eta hala behartzen den gainerako kasuetan Hipotekei buruzko Legearen VI. tituluak agintzen duen moduan jokatu beharko dutela, erregistroa eta errealitate juridikoa bateratzeko.

b) Enkantea hasteko prezioan ondasunen eskualdatzea zergapetzen duten zeharkako zergak sartuta ez daudela espresuki dioen adierazpena.

c) Eskaintza egin nahi den ondasun edo lotearen enkantea hasteko prezioaren ehuneko 5eko gordailu bat eratzeko betebeharra, adierazten den moduan.

Era berean, adieraziko da adjudikaziodunek erremateko prezioa ordaintzen ez badute gordailu hori zorra kitatzeko erabiliko dela, adjudikazioa ez egitean gordailuaren zenbatekoan eragin ditzakeen kalte handiagoengatik izaten ahal duten erantzukizunaren kalterik gabe.

d) Ondasunak adjudikatzeko ziurtagiria edo, dagokionean, salmentaren eskritura publiko egin aurretik zorra, interesak eta prozeduraren kostuak ordaintzen badira enkantea bertan behera geratuko dela dioen ohartarazpena.

e) Ondasunen eta horien titularren zerga, karga eta egoera juridikoen adierazpen, baldin eta iraunen badute eta ondasunei eragiten badiete, halakorik badago.

f) Ondasun edo lotearen adjudikazioaren jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunetan adjudikaziodunak eratutako gordailuaren eta adjudikazio prezioaren arteko aldea ordaintzeko betebeharra. Dagokionean, aipatutako zenbateko hori salmentako eskritura publikoa egiten den egunean bertan ordaintzeko aukera jakinaraziko da, erregelamendu honen 140.1 artikuluan aurreikusitako terminoetan.

g) Enkantean aplikatu beharreko beste edozein inguruabar, klausula edo baldintza.

Enkantea enpresa edo profesional espezializatuen bidez egiten denean, inguruabar horren berri emanen da, bai eta horren espezialitateez ere.

136. artikulua. Lizitatzaileak Nota de Vigencia.

1. Diru-bilketa organoari atxikitako langileek, espedientean esku hartu duten peritu tasatzaileek eta gordailuzainek, premiamendu-prozeduran zuzenean esku hartu duten funtzionarioek eta haien menpeko langile eta laguntzaile guztiek izan ezik (ez berak ez ordezkari baten bidez), zilegi izanen dute besterentzearen enkantean edo lehiaketan edo zuzeneko adjudikazioan lizitatzaile gisa parte hartzea zuzenbidearen arabera obratzeko gaitasuna izan, legezko eragozpen edo mugaketarik izan ez eta nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen eta hala bide denean duten ordezkaritza frogatzeko moduko dokumentu baten bidez beren burua identifikatzen duten pertsona guztiek.

2. Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian enkantea abiarazi eta gero, eskaintza elektronikoak baino ezin izanen dira egin.

Enkantean parte hartu nahi duten interesdunek alta hartuta egon behar dute sistemaren erabiltzaile gisa eta Estatuko Aldizkari Ofizialak nortasuna egiaztatzeko bitarteko elektronikoetakoren bat erabilita sartuko dira. Horrela, guztiz bermatuta geratuko da lizitatzaileen nortasuna. Alta hartzeko, Enkanteen Ataria erabiltzen ahalko da, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziak onartutako identifikazio bitarteko elektroniko bat erabilita, edo aurrez aurre, Enkanteen Atariaren bidez enkanteak egiten dituzten administrazio publiko eta organoetako edozeinetako funtzionario batekin, hark izapidea egin dezan dagokio araudian ezarritako terminoetan.

Edonola ere, erabiltzaile gisa alta hartu nahi duenei jakinaraziko zaie zer baldintzatan gauzatzen diren besterentzeko prozedurak Enkanteen Atariaren bidez.

3. Enkanteko parte-hartzea 132.7 artikuluak aipatutako lankidetza sozialaren esparruan egiten denean, lizitatzaileak, akreditatzeko momentuan, adierazten ahalko du adjudikaziodun suertatuz gero eskubidea gordetzen duela errematea hirugarren bati lagatzeko, salmentaren dokumentu publikoa zuzenean lagapen-hartzailearen alde egin ahal izan dadin.

136 bis artikulua. Nahitaezko gordailua Nota de Vigencia.

1. Lizitatzaile orok, lizitatzaile gisa onartu izateko, eskaintza egin nahi duen ondasunen enkantea hasteko prezioaren ehuneko 5eko gordailu bat eratuko du.

2. Eskaintza egitean, lizitatzaileak adierazi beharko du bere gordailua erreserbatzea nahi duen, posturagile onenak adjudikazioaren prezioaren gainerakoa ordaintzeko epean betebehar hori beteko ez balu ere. Kasu horretan, ondasuna eskaintzaren hurrenkeraren arabera adjudikatzen ahal izanen da eta, eskaintzak berdinak balira, horiek egiteko hurrenkera kronologikoaren arabera.

3. Edonola ere, lizitatzaileak une horretara arteko eskaintza handiena baino txikiagoa edo berdina den eskaintza bat egiten badu, gordailua erreserbatua geratuko da aurreko apartatuaren terminoetan.

4. Eskaintzak aurkezteko epea amaitzen denean, aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera erreserbatuta geratu ez diren gordailuak lizitatzaileen esku geratuko dira, posturagile onenaren gordailua izan ezik, hura erreserbatuta geratuko baita adjudikazioaren gainerako prezioa eta, dagokionean, salmenta prezioa ordaintzeko berme bezala.

Erreserbatutako gordailuak libratu eginen dira erremategileak edo adjudikaziodunak prezioaren gainerako ordaintzeko betebeharra betetzen duenean.

136 ter artikulua. Enkante mahaia Nota de Vigencia.

1. Mahaiko kide izanen dira lehendakaria, idazkaria eta kide bat edo gehiago, funtzionarioen artean izendatuak, antolaketa arau espezifikoak zehazten duen bezala.

2. 132.6 artikuluaren arabera eginiko enkanteen kasuan, Mahaiko kideen artean egonen da gutxienez diru-bilketa organo eskudun bakoitzeko ordezkari bat.

137. artikulua . Enkantea egiteko modua Nota de Vigencia.

1. Enkantearen iragarkian adierazitako egunean hasiko da enkantea, 135.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskaintzak elektronikoki aurkeztuko dira beti, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian.

2. Enkantea hasten denean, hogei egun naturaleko epea egonen da eskaintzak aurkezteko. Eskaintzak elektronikoki igorriko dira Atarira, komunikazio sistema seguruen bidez, eta hark hartu izanaren agiri teknikoa bidaliko du, zigilu elektronikoarekin bermatua, eskaintza jasotzeko une zehatza eta zenbatekoa adierazita. Une horretan, eskaintza elektronikoki argitaratuko da, eta jakinarazpena bidaliko zaie ordura arte eskaintza txikiagoa egin duten lizitatzaileei.

Ordura arteko eskaintza altuena baino handiagoak, berdinak edo txikiagoak diren eskaintzak egiten ahalko dira, erregelamendu honen 136 bis artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaintza altuena egin duen lizitatzaileak azkenean erremateko prezioa ez ordaintzearen erreserbarako. Zenbateko bereko zenbait eskaintza baleude, denboran aurrena eginikoa lehenetsiko da.

Enkantea ez da itxitzat emanen azken eskaintza egin denetik ordubete iragan arte, hori eginik hasieran zehaztutako epea luzatu behar bada ere. Gehienez ere 24 ordukoa izanen da luzapen hori.

3. Adjudikazioaren ziurtagiria eman edo, dagokionean, salmentaren eskritura publikoa egin aurreko edozein unetara arte, enbargatutako ondasunak libratzen ahalko ditu zordunak, zorrak eta prozeduraren kostuak ordainduta.

Eskaintzak aurkezteko fasea amaituta, Mahaia 15 egun naturaleko epean bilduko da beranduenez ere, eta ondasunak edo loteak adjudikatuko ditu arau hauen arabera:

a) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50en baliokide edo handiagoa bada, Mahaiak ondasuna edo lotea eskaintza hori egin duen lizitatzaileari adjudikatuko dio.

b) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50etik behekoa bada, Mahaiak erabakiko du, interes publikoa zainduz eta adjudikatzeko gutxieneko preziorik ez dagoenez, eskaintza nahikoa den, eta ondasuna edo lotea adjudikatuko du edo enkantea hutsik geratu dela deklaratuko du.

c) Zordun beraren zorrei erantzuteko erabaki bada zenbait ondasun enkantean eskaintzea aldi berean eta, eskaintza elektronikoak aurkezteko epea amaitzean, eskainitako zenbatekoak ikusita, ez balitz beharrezkoa ondasun guztiak adjudikatzea eskatutako zorraren guztizkoa berreskuratzeko, Mahaiak erregelamendu honen 131. artikuluko arauen arabera zehaztuko du adjudikazio-hurrenkera.

d) Dagokion erabakia hartuta, enkantea amaitu dela ulertuko da, eta Mahaiko idazkariak akta eginen du.

e) Aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera adjudikazioduna izendatu ondoren eta, aplikatu beharreko legeriaren arabera, eroslehentasun eskubide baten edo adjudikazioaren baldintzak aldez aurretik ezagutarazi behar zaizkion eskuratzeko lehentasunezko eskubideren baten titular den interesdunik balego, egoera jakinaraziko zaie. Mahaiak erabakitako adjudikazioa etenik geratuko da aplikatu beharreko legediaren arabera interesdun horiek ondasuna eskuratzeko eskubidea gauzatzeko duten epeak iraun bitartean.

f) Adjudikazioa adjudikaziodunari jakinaraziko zaio, eta eskatuko zaio adjudikazio prezioaren guztizkoaren eta gordailuaren zenbatekoaren arteko aldea ordaintzeko jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunetan, ohartarazita epe horretan ordainketa gauzatzen ez badu gordailuaren zenbatekoa galduko duela eta zenbateko hori prozeduraren xede diren zorrak kitatzeko erabiliko dela. Hori guztia, adjudikaziodunak erremateko prezioa ez ordaintzeagatik Administrazioari eragiten dizkion kalteengatik izaten ahal duen erantzukizunaren kalterik gabe, horiek ordaintzeko betebeharra izanen baitu betiere.

g) Era berean, eta gordailua erreserbatu duen beste eskaintzarik egonez gero, Mahaiak gordailua erreserbatu duten eskaintza horietako handiena eskaini duen lizitatzailearen aldeko adjudikazioa ematea erabakitzen ahal du, aurreko adjudikazio arauen arabera.

h) 136.3 artikuluan aurreikusitako aukera baliatu duten adjudikaziodunek salmenta dokumentu publikoa zer lagapen-hartzaileren alde eginen den komunikatu beharko dute, 15 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta ohartaraziko zaie komunikazio horrek ez duela aldatzen lehen aipatutako ordainketa epea.

i) Errematea ordainduta, 140.1 artikuluan aurreikusitako salmentaren eskritura publikoa egitearen aukera hautatu denean izan ezik, adjudikaziodunei ondasunen adjudikazio aktaren ziurtagiria emanen zaie, honako hauek bilduko dituena: aktaren beraren transkripzioa, adjudikatutako ondasunari eta adjudikaziodunari dagokionez; erremateko prezioa ordaindu izanaren ziurtagiria eta premiamendu-prozeduran legezko formalitateak bete izanaren txostena egin izanaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzaren eskutik, diru-bilketa organoak eskatu duenean eta, edonola ere, adjudikazioa Jabetzaren Erregistroan inskribatzeko moduko ondasun edo eskubideen gainekoa denean.

Aipatutako ziurtagiria salmenta dokumentu publiko bat ondore guztietarako, eta bertan idatziz jasoko da azkenduta geratzen dela dagokion erregistro publikoan Ogasun Publikoaren alde egindako prebentziozko idatzoharra. Era berean, 140.3 artikuluan ezartzen den moduan, ondorengo kargak deuseztatzeko manamendua emanen da.

Administrazioak dagokion likidazioa eginen du eta, soberakinik badago, zordunari emanen dio. Hark jasotzen ez badu, haren esku geratuko da erremateko prezioa ordaindu eta 10 eguneko epean.

Soberakina gordailutuko da, era berean, Foru Komunitatearen eskubideen ondorengo eskubideen titularrik dagoenean.

138. artikulua . Enpresa edo profesional espezializatuen bitartezko enkanteak Nota de Vigencia.

1. Diru-bilketa organo eskudunak enkanteen exekuzio materiala egiteko agintzen ahalko die enpresa edo profesional espezializatuei.

2. Kasu horietan, aplikagarria izanen da atal honetan enkanteetarako xedaturikoa, berezitasun hauekin:

a) Ez da aurrezko gordailurik egin beharko lizitazioan parte hartzeko.

b) Lizitazioaren garabidean halako egintzetan ohi diren jardunbideak segituko dira.

c) Mahaia 136 ter artikuluan ezarritakoaren arabera eratua egonen da; haren kideetako bat Mahaiaren ordezkari izanen da lizitazio egintzan, eta hura egitean gertatzen ahal diren gorabeheren inguruan erabakiko du.

d) Zordunak erabakitzen badu enkantea hasi dela zorra, errekargua, interesak eta kostuak pagatzea, Mahaiaren ordezkari horrek eten eginen du kasuko ondasunen lizitazioa.

3. Mahaiaren ordezkariak likidazioa eginen du, lortutako emaitza, zerbitzuaren ordainsaria eta enpresak edo profesionalak sartu beharreko diru likidoa barne. Hartarako, ordainsari hori prozedurako kostutzat hartuko da.

Zenbateko likidoa Ekonomi eta Ogasun Departamentuko diruzaintzan sartu beharko da bost eguneko epean.

139. artikulua . Zuzeneko adjudikazio bidezko besterentzea Nota de Vigencia.

1. Honako kasu hauetan izanen da zilegi enbargatutako ondasunen zuzeneko adjudikazioa egitea:

a) Lehiaketa egin ondoren adjudikatu gabeko ondasunak geratzen direnean.

b) Produktu galkorrak direnean edo premiazko beste arrazoi batzuk daudenean, espedientean justifikatuta.

c) Jende-bilera egitea ezin den edo komeni ez den beste kasuetan, espedientean horren arrazoiak frogatuta.

2. Diru-bilketa organoak, sei hileko epean, zuzeneko adjudikazio bidez besterentzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, ondasunen zuzeneko adjudikazioa baldintza ekonomiko onenetan gauzatzeko kudeaketak eginen ditu, haren ustez bizkor eta eraginkorrenak diren bitartekoak erabilita.

3. Honako hau izanen da adjudikatzeko gutxieneko prezioa:

a) Ondasunak lehiaketan eskaini direnean, lehiaketako hasierako prezioa.

b) Ondasunak ez direnean lehiaketan eskaini, merkatuko prezioen arabera balioetsiko dira.

Eskaintzak gutxieneko prezio horien azpikoak badira, ondasunak gutxieneko preziorik gabe adjudikatzen ahalko dira.

4. Zuzeneko adjudikazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

b) Deialdian eskaintzak aurkezteko muga-eguna ezarriko da. Eskaintzak bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dira.

5. Adjudikaziodun bat edo batzuk badaude, Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak adjudikazio proposamen arrazoitua eginen dio Mahaiari 1. apartatuko a) letraren kasuan eta Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako zuzendariari gainerako kasu guztietan.

6. Adjudikazioa Mahaiko lehendakariak eta eskuratzaileak sinatutako akta bidez formalizatuko da 1. apartatuko a) letraren kasuan eta Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen bidez gainerako kasuetan.

7. Ondasunak adjudikaziodunari emanen zaizkio erabakitako zenbatekoa ordaindu ondoren eta ondasun horien eskualdaketa kargatzen duten zergen ordainketa edo exentzioa justifikatu ondoren, dagokion arabera.

8. Espresuki araututa ez dagoen guztian, enkante bidezko besterentzeetarako xedatutakoaren arabera jokatuko da aplikagarria den orotan. Zehazki, adjudikaziodunari ohartaraziko zaio ezen, erremateko prezioa ordaintzen ez badu horretarako ematen den epean, ez ordaintzearen ondoriozko kalteen erantzukizuna izaten ahal duela.

3. ATALA. BESTERENDU ONDORENGO JARDUERAK

140. artikulua . Salmenta eskritura eta lehentasunezkoak ez diren kargen deuseztatzea Nota de Vigencia.

1. Adjudikazioa jakinarazi ondoren, adjudikaziodunak higiezinaren salmentaren eskritura publikoa egiteko eskatzen ahal du.

Adjudikaziodunak espresuki komunikatu beharko du aukera hori 5 eguneko epean, adjudikazioaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera zenbatuta.

Kasu horretan, adjudikaziodunak, aipatutako bost eguneko epean, ondasunaren erremateko prezioaren ehuneko 5eko ordainketa gehigarri bat egin beharko du.

Eskritura egin aurretik, Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzaren txostena eskatuko da, Hipotekei buruzko Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako. Txostena ezinbestekoa da, eta bost eguneko epean eman beharko da, espedientea jasotzen den egunetik aurrera zenbatuta. Diru-bilketa organoak beharrezkoa xedatuko du ikusten diren akatsak konpontzeko.

2. Nafarroako Foru Ogasunak espedientea izapidetu ondoren, premiamendu-prozeduran legezko formalitateak bete direla dioen txostenarekin batera, besterendu diren higiezinek salmenta eskriturak egin beharko dira hurrengo 30 egunetan, ordaintzeko betebeharra dutenei edo horien ordezkariei, baldin badaude, behar bezalako jakinarazpena egin ondoren.

Zitaziora agertuko ez balira, ofizioz eginen ditu eskritura horiek adjudikaziodunen alde diru-bilketa organo eskudunak, zeina ordaintzeko betebeharra duenaren ordez arituko baita. Eskrituretan jasoko da azkenduta geratu dela Jabetzaren Erregistroan Nafarroako Foru Ogasunaren alde eginiko prebentziozko idatzoharra.

3. Era berean, exekutatutako kredituekin lotutako ondorengo kargak deuseztatzeko manamendua eginen da, Hipotekei buruzko Erregelamenduaren 175. artikuluko 2. arauan xedatutakoaren arabera.

141. artikulua . Bahitura altxatzea.

1. Zorra, interesak eta prozedurako kostuak estali ondoren, dirubilketa organoak askatu eginen ditu bahituratik besterendu ez diren ondasunak, eta zordunari entregatzeko aginduko.

2. Zorra, interesak eta prozeduraKo kostuak estali ez direnean eta oraindik besterendu gabeko ondasunik geratu bada, Liburu honetako II. tituluak ondasunak Nafarroako Foru Komunitateari adjudikatzeari buruz agintzen duena hartuko da aintzat.

3. Besterentzeko eta, dagokionean, Nafarroako Foru Komunitatearen alde adjudikatzeko prozedurak amaituta, oraindik ere adjudikatu gabeko eskubideak, ondasun higigarriak edo higiezinak geratzen badira, horiek besterentzeko beste prozedura batzuen xede izaten ahalko dira, betiere prozedura horiek egiteko arrazoi diren zorren kobrantzaren akzioak preskribatu ez badu.

Gordailu gasturik edo bestelako kosturik izan bada, zilegi izanen da gordailuzainari edo zerbitzu emaileari ondasun horiek eskaintzea gastu horien aldera Nota de Vigencia.

VII. KAPITULUA. PROZEDURAKO KOSTUAK

142. artikulua . Zein diren.

1. Kostutzat hartuko dira nahitaezko exekuzioaren prozeduran sortzen diren gastuak. Kostu horiek premiamendupekoaren kontu dira eta hari eskatuko zaizkio.

2. Honako gastuak sartzen dira prozedurako kostuen kontzeptuan:

a) Ondasun bahituak baloratzen, mugatzen eta besterentzen esku hartzen duten Administrazioaz kanpoko enpresa edo profesionalen lansariak.

b) Erregistratzaileen lansariak eta erregistro publikoetako egintzengatik pagatu behar diren beste gastuak.

c) Ondasun bahituak gordailatu eta administratzearen aldera pagatu behar direnak.

d) Hartzekodun lehentasundunei egindako paguak, erregelamendu honetako 106. artikuluko 2. idatz-zatiak agintzen duenez.

e) Exekuzioak ezinbestez eta zehazki behar dituen beste gastuak.

3. Ez da zilegi izanen kostutzat sartzea administrazioko organoen gastu ohikoak.

143. artikulua . Enpresa edo profesionalen lansariak.

1. Enpresa edo profesionalek ofizialki ezarrita daukaten tarifaren arabera sortuko dituzte beren lansariak, edo administrazioarekin egindako kontratuan zehaztu den zenbatekoaren arabera.

2. Zerbitzu horien pagua zerbitzuak eman ondoren eginen da, gastu eta pagu publikoen prozedurari buruzko arauen arabera.

144. artikulua. Erregistro publikoen lansariak.

1. Erregistro publikoen lanaren aldera sortzen diren gastuak arau indardunek ezartzen dituztenak izanen dira.

Erregistratzaileek edo erregistro zainek gastu horien fakturak eman eta hala bide denean kontsignatuko dituzte ondasun bahituen inguruan aurkezten zaizkien edo haiek ematen dituzten agindu, ziurtagiri eta gainerako dokumentuetan.

2. Lansari horien pagua ondasunak besterendu ondoren eginen da edo zor pertsegitua gauzatu ondoren. Hala gertatzen ez bada, pagua kostuen likidazioa hartarako jarritako funtsetatik egin ondoren.

145. artikulua . Gordailu eta administrazio gastuak.

1. Honako gastuak hartuko dira ondasun bahituen gordailuek sortutakotzat:

a) Gordailuzainen lansaria, halakorik badago.

b) Aurreko letran aipatu lansariak barne hartzen ez baditu, garraio, enbalatze edo egokitze, almazenatze, zaintze eta kontserbatze gastuak.

c) Ondasunak kudeatzeko behar diren administrazio eginkizunak egiteak sortzen dituenak, erregelamendu honetako 126.2 artikuluko kasuetan.

2. Zerbitzu horien pagua zerbitzuak eman ondoren eginen da, gastu eta pagu publikoen prozedurari buruzko arauekin bat.

146. artikulua. Kostuen likidazioa.

1. Premiamendu espediente bakoitzaren behin betiko likidazioan hari dagozkion kostuak ere kontatuko dira.

2. Zordun bat baino gehiago ukitzen dituzten eta bakoitzari banaka ezin egotzi zaizkien kostuak bakoitzaren zorren proportzioan banatuko dira haien artean.

3. Ez da zilegi izanen inolako kostu partidarik zordunari eskatzea espedientean ez badira hura frogatzeko ordainagiri, faktura eta lansari minutak jaso.

4. Zordunari kasuko pagu frogagiria entregatzean, bertan edo bereiz jasoko da bere kontu dituen kostuen zenbatekoa, zer kontzepturi dagokien zehaztuta.

5. Itzuli beharko dira pagatutako kostuak, likidazioa edo kostuok sortu ziren premiamendu prozedura baliogabetzen direnean.

6. Administrazio prozedura bat bukatu eta likidazioa egin delarik, lortutako diruak ez badu sortutako kostuen zenbatekoa estaltzen, administrazioak hartuko du bere kontu estali gabeko zatia.

II. TITULUA. ONDASUNAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEARI ADJUDIKATZEA

147. artikulua. Jatorria Nota de Vigencia.

1. Liburu honen I. tituluko VI. kapituluan araututako besterentzeko prozeduran enbargatutako ondasun bat edo batzuk adjudikatu ez direnean, Mahaiak modu arrazoituan proposatzen ahalko dio Nafarroako Foru Ogasuneko Kudeaketako Zuzendaritzari Nafarroako Foru Komunitatearen alde adjudikatzea honako ondasun hauek, estali ez diren zorrak ordaintzeko:

a) Ondasun higiezinak.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen interesekoak izaten ahal diren ondasun higigarriak.

2. Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzak adjudikazioa egitea erabakiko du datozen artikuluetan zehazten diren kasu eta betekizunekin.

3. Adjudikazioa pagarazi nahi den zorraren balio berean eginen da, eta ez da gaindituko Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 127.3 artikuluan ezarritako ehunekoa.

148. artikulua. Ondasun higiezinen adjudikazioa.

1. Karga edo zamarik gabeko ondasun higiezinak badira, edo karga-zamak dituztela ere haien zenbatekoa gutxiagokoa bada adjudikatu behar diren balioa baino, aurreko artikuluko 3. idatz-zatiaren arabera, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak adjudikazioa erabakiko du. Hala ere, zilegi izanen du ez hala erabakitzea inguruabarrengatik aurreikusten ahal bada ondasun horiek ez zaizkiola Nafarroako Foru Komunitateari baliagarri izanen.

Adjudikazio erabakia hartu aurretik, zilegi izanen da Ondarearen Zerbitzuari txostena eskatzea espedientearen konplexutasun juridikoak hala behar duenean.

2. Karga-zama horiek gehiagokoak badira, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak Ondarearen Zerbitzuari kontsulta eginen dio adjudikazioa komeni den ala ez. Kontsulta hartan erabaki arrazoitua hartzeko behar den informazio guztia jasoko da.

Zerbitzu horrek hilabeteko epean emanen du kontsultaren erantzuna. Epe horretan erantzun ez edo erantzuna ezezkoa bada, ez da adjudikazioa erabakiko.

Erantzuna baiezkoa bada, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak adjudikazioa erabakiko du.

3. Ondasunak Nafarroako Foru Komunitateari adjudikatzeko ebazpenetan jaso eginen da, gainera, karga errealen titularrei zorren zenbatekoan gutxituko zaiela beren hartzekoen zenbatekoa, hartzeko horiek gauzatzeko Nafarroako Foru Komunitateak isilbidezko hipoteka legalaren eskubidea badu.

4. Gutxitze hori egiteko Jabetzaren Erregistroko ziurtagirian azken dagoenetik hasiko da eta legez ezarritako lehentasunak begiratuko.

Interesatuei jakinaraziko zaie Nafarroako Foru Komunitateari adjudikatu zaizkiola ondasunak eta aipatu hartzekoak gutxitu direla.

Kasuko hartzekoak gutxitzea Jabetzaren Erregistroan inskribatuko da 3. idatz-zatiak aipatzen duen ebazpenak aginduta.

149. artikulua. Ondasun higigarriak adjudikatzea.

Adjudika daitezkeenak Nafarroako Foru Komunitatearentzat ustez interesgarriak izan daitezkeen ondasun higigarriak direnean, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak zilegi izanen du adjudikazio hori erabakitzea, behin kontuan harturik Foru Komunitatearentzat izan lezakeen onura eta hala bide denean haien erabiltzaile izan litekeen organo edo entitateari kontsulta eginik.

150. artikulua. Lehentasunik gabeko kargak inskribatu eta ezeztatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateari adjudikatutako finkak Jabetzaren Erregistroan inskribatuko dira hartarako dirubilketa organoak ziurtagiri bat emanda, zeinean espedienteko egintzak eta inskripziorako behar diren datuak jasoko baitira, Hipoteken gaineko erregelamenduko 26. artikuluak agintzen duenaren arabera.

2. Halaber, exekutatu diren hartzekoei dagokienez lehentasunik gabeko kargak ezeztatzeko agindua emanen da aipatu erregelamendu horretako 175. artikuluko 2. arauak agintzen duenaren arabera.

151. artikulua. Bukaerako egintzak.

Hala bide denean eskualdaketa inskribaturik eta ondasunak inmatrikulaturik, espedienteari bukaera emateko egintzak eginen dira, 156. artikuluak agintzen duenaren arabera, berezitasun hauekin:

a) Adjudikazio erabakiak estali diren zorrak iraungitzea ekarriko du, zeinen ezeztapenaren frogagiria zordunari emanen baitzaio.

b) Erabaki horren arabera, bai estalitako zorrei nola ezin kobratuzko deklaratu direnei dagozkien eskubide eskuratuak ezeztatzeko idaztohar kontableak eginen dira.

c) Halaber, erabaki horren bidez, adjudikatu diren ondasunei alta emanen zaie inbentarioan.

III. TITULUA. HUTSEGINAK

152. artikulua. Hutseginak nor diren, nola deklaratzen diren eta zer ondorio dituen.

1. Hutsegindako zordun dira haien edo gainerako erantzuleen ordainezintasunagatik edo non diren ez jakiteagatik administrazioaren premiamendu prozeduran hartzekoak ezin pagarazi zaizkien zordunak.

2. Hutsegindakoen deklarazioa egiteko Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen onespena beharko da.

3. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak, dauden baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko irizpideak aintzat hartuta, zilegi izanen du agintzea zer jarduera zehatz hartu beharko diren kontuan administrazioak hartzeko bat kobratu ezinekotzat deklaratzea justifikatzeko. Hala bide denean, kasuko zorren zenbatekoa, jatorria, izaera eta zahartasuna hartuko dira kontuan.

4. Zordun bat hutsegina dela formalki deklaratzeak bere alde daukan hartzekoari kontuetan baja ematea ekarriko du; deklarazio horrek, haatik, ez dio galarazten Nafarroako Zerga Ogasunari Nafarroako arauen arabera kasuan kasukoaren kontra zilegi diren jarduerak egitea kobratzeko administrazio egintza itzaltzen ez den artean.

153. artikulua. Prozedura.

1. Zordun nagusia edo nagusiak eta erantzule subsidiarioak non diren ez jakiteagatik gertatu bada kobratu ezina, ziurtagiri bat eskatuko zaio Alkatetzari, frogatzen duena ezagutu zaion azken helbidean edo helbide bakarrean ez duela egoitzarik; horien gainean Nafarroako Zerga Ogasunean dagoen eta dirubilketa organoak irispidean daukan informazioa ere kontsultatuko da eta hala jasoko espedientean.

2. Bai aurreko kasuan eta bai zordun nagusia edo nagusiak non diren jakiten denean ere, frogatuko da badaudela premiamendu prozeduraren bidez bahitu ezineko haien ondasunak eta kontsultatuko da 1. idatz-zatian bezala haien gainean Nafarroako Zerga Ogasunak daukan informazioa; jasoko ere dira espedientean dirubilketa organoak eman dituen datuak eta bai frogatuko ere erantzule solidarioen ordainezintasuna.

Ordainezintasunaren deklarazioa egiteko ez bestetako, ondasun eza dagoela hartuko da zordunak baldin badauzka Liburu honetako III. tituluan xedatzen denaren arabera Foru Administrazioari adjudikatu beharrekotzat ezarri ez diren ondasunak.

3. Zordun nagusiek eta erantzule solidarioek ordainezintasuna dutela eta helbide ezagunik ez dutela frogatu delarik, hutsegintzat deklaratuko dira.

Ondoren ikertuko da erantzule subsidiariorik dagoen ala ez. Ezezkoan, hartzekoa kobratu ezinekotzat deklaratuko da, aurretik espedientea fiskalizatuta. Baiezkoan, dirubilketa organoak erantzunbeharra besterenganatzeko administrazio egintza emanen du erregelamendu honetako 12. artikuluan ezarri den prozeduran eta han agintzen diren ondorioekin.

154. artikulua. Erreferentziaz hutseginak.

Zordun bat hutsegintzat deklaratu delarik, deklarazioaren ondorengo mugaeguna duten haren kontrako hartzekoak hutsegintzat hartu eta deklarazio horren erreferentziaz emanen zaie baja, non eta errebisatzeko datu berririk aurkezten ez diren eta beste beharturik edo erantzulerik ez dagoen.

155. artikulua. Hutseginen errebisioa.

1. Dirubilketa organoak begiratu eginen du ea hutsegintzat deklaratutako lotuei eta erantzuleei geroztik ordain-gaitasuna etortzen zaien.

2. Hala gertatzen bada, eta tartean preskripziorik ez bada, berriz irekiko da prozedura derrigortua.

3. Kobratu gabeko hartzekoei, trabatu edo konpentsatzeko moduko diren zenbateko guztiak aplikatuko zaizkie eta bai ere atzeman diren ondasunak besterenduta lortu diren guztiak.

IV. TITULUA. PREMIAMENDU PROZEDURAREN BUKAERA

156. artikulua. Espedientearen bukaera.

1. Liburu honetan arautzen den prozeduran zor eta kostu pertsegituak garbitzen badira, premiamenduko espedientean hala deklaratu eta bukaera emanen zaio.

2. Lortu den zenbatekoa behar adinakoa ez denean, aurrena kostuei aplikatuko zaie eta ondoren likidazioa eginen zaie pagatutako zor zatiari eta pagatu gabekoari.

Pagatu gabeko zatirako Liburu honetako III. Tituluan kobratu ezineko hartzekoetarako ezarri denaren arabera jokatuko da.

3. Espedienteak aurreko kasuan zor bat baino gehiago hartzen baditu, lortutako zenbatekoa kostuei aplikatu ondoren, honako arauen arabera jokatuko da gainerakoarekin:

a) Lehenbizi, zor jakin bat pagatzeko banaka atxikita dauden zenbateko lortuak aplikatuko dira, bermeak, eskubide errealak edo eite bereko beste batzuk direla medio.

b) Aurrekoak aplikatuta, kontuan hartuko da zer lehentasun generiko ezarrita dauden zenbait hartzeko klase jakinen alde Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta kasurako diren beste lege batzuetan.

c) Aurrekoak aplikatuta ezer gelditzen bada, hartzekoen zahartasun hurrenkeran aplikatuko da (borondatezko aldiaren mugaegunaren arabera kalkulatua).

4. Zordunari entregatuko zaizkio erabat askatu diren zorrak pagatu izanaren frogagiriak.

Partez askatu zorretarako, parte horri dagokion pagu frogagiria entregatuko zaie.

V. TITULUA. Nafarroako Zerga Ogasunak beste ente batzuen alde hartzekoak biltzea

157. artikulua. Nafarroako beste erakunde autonomo batzuen hartzekoak.

1. Delako erakunde autonomoko kudeatze zentroak pagua borondatezko aldian egiteko erabaki eta hala bide zenean jakinarazi zuen datatik gehienez hiru hilabete iragan eta pagatu gabe gelditu badira Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatzen ez dituen zuzenbide publikoko zor batzuk, Erakunde horietako kudeaketa ekonomiko eta kontablerako organoek aginduko dute zor horiek Dirubilketa Zerbitzuko zordun zerrendara pasatzeko, NAN/IFZa, izena edo sozietate izena, zorraren kontzeptu argiro adierazia, zorraren zenbatekoa eta sortzapen data adierazita. Hortaz, organo kudeatzailearen ardura izanen da pagatzeko epeburua hiru hilabete horiek baino lehen pasatako zor pagatu gabeak Dirubilketa Zerbitzura pasatu gabe gelditzen badira.

2. Zorrak zerrenda horretara pasatu ondoren zor horiek pagatu izana frogatzen duten dokumentuak jasotzen badira, dokumentu horiek Dirubilketa Zerbitzura helaraziko dira tokatzen diren idaztohar eta egokitzapenak egiteko.

3. Bestalde, ondoren segitu den dirubilketa prozeduran zordunek erreklamazioak aurkeztu eta horien ebaztea ez badagokie dirusarrerak kudeatzeko ardura duten zentroei, zentro horiek ahal duten guztian lagunduko diete dirubilketa organoei.

4. Zor horien premiamendu prozedura Dirubilketa Zerbitzuko organo eskudunek eginen dute, eta haiek emanen dituzte espedienteak oro har osorik tramitatu eta ebazteko behar diren administrazio egintzak.

158. artikulua. Beste administrazio publiko batzuen hartzekoak.

Administrazio premiamendu bidean beste administrazio publiko batzuen aldeko dirubilketa egiten denean, erregelamendu honetan arautzen den prozedura segituko da dirubilketa hori gobernatzen duen araudian espreski arautzen ez den guztirako. Zor horien premiamendu prozedura, oro har eskudun diren administrazio organoek kudeatuko dute.

VI. TITULUA. TARTEKOTZAK

159. artikulua. Zer den eta zer mota dituen.

1. Administrazio bidean erreklamazioa egitea aurretiazko baldintza izanen da tartekotza erabiltzeko epaitegi eta auzitegi zibiletan. Erreklamazio hori titulu honetako arauen arabera tramitatu eta ebatziko da.

2. Tartekotzaren oinarri zilegi bakarra izanen da tartekoak zordunari bahitutako ondasunen jabaria izatea edo tartekoak eskubidea izatea bere hartzekoa lehenago hartzeko premiamendu espedientean pagarazi nahi dena baino.

160. artikulua. Eskumenak.

Tartekotzak ebazteko eskumena, Nafarroako Zerga Ogasunean eskumenak esleitzeko arauek ezartzen duten organoak izanen du.

161. artikulua. Tartekotza erabiltzeko epea eta baldintzak.

1. Eskritura eman ondoren, kasuko ondasunak salduta eduki ondoren edo Nafarroako Foru Komunitateari edo beste ente zordun bati pagatzeko adjudikatu ondoren ez da jabari tartekotzarik onartuko.

2. Jabari tartekotzen kasuan, behin onartu direnean, honako ondorioak izanen dituzte:

a) Behar diren aseguramendu neurriak hartuko dira, bai kasuko erregistroetan bahituraren idaztoharra egitea, bai ondasunak gordailatzea eta bai ondasunak nolakoak diren aintzat hartuta bide diren beste guztiak ere.

b) Neurriok hartu ondoren, prozedura eten eginen da auzipeko ondasun-eskubideei dagokienez.

c) Direlako ondasunak dirua badira, eskudirua izan nahiz banku-kontuetakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan kontsignatuko dira edo dirubilketa organoak bere esku dituen kontuetan atxiki daitezela aginduko, organo horrek nahiago duen bezala.

d) Ondasun-eskubide horiek ezin badira, berandatuz gero, beren balioan galera edo kalte funtsezkoa hartu gabe mantendu, Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak zilegi izanen du besterentzeko agintzea.

e) Prozedurak aurrera segituko du tartekotza pean izan ez diren zordunaren beste ondasun-eskubideekin, zorra estali arte.

3. Tartekotza eskubide hobearena bada, behin onartu ondoren prozedurak aurrera segituko du eta auzipeko dirua tartekotza ebatzi arte kontsignatuko da.

162. artikulua. Nola aurkeztu eta tramitatu.

1. Tartekotza-erreklamazioa idatziz eginen da, harekin batera tartekoak bere eskubidearen oinarri irizten dien dokumentu orijinalak aurkeztuta eta bai haien kopia ere, erkatu ondoren orijinalak itzultzea nahi badu. Idazkia premiamendu prozedura tramitatzen duen Prozedura Berezien Atalari zuzenduko zaio.

2. Idazkia jasota, premiamendu espedienteari erantsi, tartekotza jabarikoa ala eskubide hobearena den kalifikatu eta auzipeko ondasunen gaineko prozedura eten ala aurreraraziko da, aurreko artikuluan xedatu denaren arabera.

3. Hamabost eguneko epean, idazkia, aurkeztutako dokumentazioa eta premiamendu espedientea ebazteko eskudun den organoari helaraziko zaizkio.

163. artikulua. Ebazpena.

1. Tartekotza-erreklamazioa luzeenez hiru hilabeteko epean ebatziko da idazkia tramitaziorako eskudun den organoaren erregistroan sartu den egunetik kontatuta.

2. Hiru hilabeteko epe hori iragan eta ebazpena jakinarazten ez bada, zilegi izanen da erreklamazioa gaitzetsi dela juzgatzea, nahi bada auzitegietara jotzeko.

3. Aurreko idatz-zatian agindu dena ezertan galarazi gabe, ebazpen espresua ematen denean epaitegi zibiletako akzioa jakinarazi denetik hamabost eguneko epean abiatu beharko da.

4. Azken aipatu den epea bukatu eta hamar egun iraganik dokumentu bidez frogatzen ez bada demanda judiziala sartu dela, etendako premiamendu prozeduraren tramiteek aurrera eginen dute.

5. Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak epaitegi eta auzitegi zibiletan tartekotza prozesuetan esku hartzen duenean, premiamendu prozedurak tramitatzen dituzten organoei jakinaraziko dizkie prozesu horietan ematen diren epai irmo edo behin betikoak.

164. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko tartekotzak.

Ondasunak bahitzean agertzen bada ondasunok lehendik beste prozedura derrigortu batek bahituta daudela, judiziala izan ala administraziokoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariari kasuan kasuan behar den bezain xehero emanen zaio horren berri, hark Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoari adierazi diezaion eta hala bide denean Nafarroako Foru Komunitatearen eskubide hobea defendatzeko behar diren akzioak egin daitezen.

IV. LIBURUA. ADMINISTRAZIO HELEGITEAK ETA ERANTZUNBEHARRAK

I. KAPITULUA. ADMINISTRAZIO HELEGITEAK

165. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Zilegi izanen da dirubilketa kudeatzeko egintzen kontra berrazterzteko helegiteak jartzea bide ekonomiko-administratiboan, erreklamazio ekonomiko-administratiboei buruzko arauen arabera.

2. Helegite eta erreklamazioak ebazteko organo eskudunek adieraziko diete dirubilketa organoei zer ebazpen emanten diren helegitepeko dirubilketa egintzei buruz eta dirubilketarako ardurako diren beste egintzei buruz.

166. artikulua. Dirubilketa prozedura etetea Nota de Vigencia.

1. Errekurtsoak edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak ezartzeak ez du etengo aurkaratu den egintza horren betearazpena, horrek dituen legezko ondoreekin, eta egintza horien barruan daude kuoten, likidatu diren eskubideen edo korritu eta errekarguen bilketa Nota de Vigencia.

2. Hala ere, interesatuak hala eskatuta Dirubilketa Zerbitzuak eten eginen du helegitepeko egintzaren exekuzioa, honako berme hauetako bat aurkezten denean:

a) Eskudiruzko edo balore publikozko gordailua Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan. Zor publiko idaztoharrdua denean, kasuko saldoa inmobilizatu izanaren ziurtagiria ere aurkeztuko da.

b) Abal edo fiantza solidarioa, hartzeko entitate edo elkarren bermerako sozietate batek emana.

c) Aseguru edo kauzio kontratua, kauzioaren arloan aritzeko baimena duen aseguru entitate batekin egina.

d) Nafarroako Foru Komunitateko bi zergadun ordain-gaitasun ezaguna dutenek emandako fiantza pertsonal eta solidarioa, Foru Agindu baten bidez hartarako ezartzen dena baino gutxiagoko zorretarako soilik.

3. Erreklamazio ekonomiko-administratiboen kasuan zilegi izanen da egintzaren exekuzioa etetea erreklamazioa aztertzen duen auzitegiak juzgatzen badu exekuzioak ezin berdintzeko edo nekez berdintzeko moduko kaltea egin dezakeela, erreklamazio ekonomiko-administratiboei buruzko araudian xedatzen denaren arabera.

4. Aurrekoa ezertan galarazi gabe, helegitea edo erreklamazioa ebatzi behar duen organoak susmatzen badu helegitepeko egintza ematean hutsegite aritmetiko, material edo egitezkoa egin ote den, hala adieraziko dio dirubilketa organoari eta bai hark dirubilketa prozedura etengo berme beharrik gabe.

5. Berraztertzeko helegitean erabakitzen den etendurak helegitea mamitzen ari deino sortuko ditu ondorioak eta prozedura ekonomiko-administratiboan iraungo kasuko erreklamazioa jartzen bada.

Hartara, aurkeztutako bermeak indardun iraunen du administrazio bideko etendurak irauten duen artean. Bermeak bere indarra galtzen badu edo bermatu beharreko zenbatekoa gehiagokoa bada, errekarguak, interesak edo erantsitako beste erantzunbeharrengatik, berme berria aurkeztu edo lehengoa osatu beharko da.

Berraztertzeko helegitean emandako etendurak erreklamazio ekonomiko-administratiboan indardun irauten badu, ez da eginen handik heldu diren interesen likidazioa administrazio bidea bukatu ez den artean.

6. Helegiteak edo erreklamazioak helegitepeko egintzan sartzen diren kontzeptu guztiak hartzen ez baditu, etendurak helegitepean daudenak baizik ez ditu hartuko, betiere haien likidazio banakatua egitea posible bada, eta erreklamazio egileak erregelamenduak agintzen dituen epeetan pagatu beharko du gainerakoa.

7. Aurkeztutako bermea behar adinakoa izanen da emandako etenduragatik sor daitezkeen berandutze interesak ez ezik, honako zenbatekoak ere estaltzeko:

a) Zorra borondatezko dirubilketa aldian badago, delako tributu zorraren zenbatekoa, errekarguak, interesak eta prozeduraren kostuak ere barne.

b) Borondatezko aldia bukatu bada, arestiko zenbateko hori bera, ehuneko 25 gehitua, exekuzio errekargua eta hala bide denean prozedurako kostuak direla medio.

Artikulu honetako 2. idatz-zatiko a) letran aurreikusten den kasuan, eta tokatzen den likidazio behin betikoa ezertan galarazi gabe, interesengatik bermatu beharreko zenbatekoa bi hilabeteri dagokiona izanen da berraztertzeko helegitea denean, edo urtebeteri dagokiona bermeak bide ekonomiko-administratiboan ondorioak izan behar baditu.

8. Bermeak mugagabeko iraupena izanen du eta zilegi izanen da haren ondorioak administrazioarekiko auzien bidera ere hedatzea, kasuan kasuan zor den moduan.

9. Etendura noiznahi eska daiteke berraztertzeko helegitea edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa mamitzen ari deino, baina helegitea jartzen den denboran eskatzen ez bada, etendurak handik aurrerako prozedura-egintzei soilik erasanen die.

10. Tributu zorra pagatzen denean, helegitea edo erreklamazioa gaitzetsi direlako, berandutze interesak ere pagatuko dira Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50. artikuluan ezartzen den zenbatekoan, etendurak iraun duen guztiagatik.

11. Bermea askatu edo itzuli eginen da zorra eta errekarguak, interesak eta kostuak eta etenaldian sortu interesak ere pagatu direnean.

Egintzaren baliogabetzea erabakitzen bada, orduan ere itzuliko da bermea.

Likidazio batean errekarguak, interesak edo kuotaz besteko beste osagai batzuk baliogabetzen direnean, bermea oraindik ere geratzen den zorra pagatzeko atxikita geldituko da, baina zilegi izanen da haren ordez azken hori soilik estaltzeko moduko beste bat jartzea.

II. KAPITULUA. ERANTZUNBEHARRAK

167. artikulua. Erantzunbeharra eskatzea.

Administrazio publikoaren langileek dirubilketa eginkizunean ari direla erantzunbeharren bat beretzen badute, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeko VII. tituluan eta haren osagarrizko xedapenetan agintzen dena hartuko da aintzat.

III. KAPITULUA. GAINERAKO ARAU OROKORRAK

168. artikulua. Kexa moduko erreklamazioa.

Partikular interesatuek zilegi izanen dute kexa moduko erreklamazioa jartzea erregelamendu honetan dirubilketa eginkizunerako arautu diren prozeduretako tramitazio akatsen kontra, hala nola ez betetzeak, berandatzeak eta bestelako anomaliak, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezartzen diren arau orokorrei men eginik.

169. artikulua. Aldizkari Ofizialetako iragarkiak.

Aldizkari Ofizialetan dirubilketa prozedura orokorraren inguruan argitaratu behar diren iragarkiak dohainekoak izanen dira.

170. artikulua. Agintarien laguntza.

1. Ordena publikoa zaintzeko ardura duten agintariek behar den babesa eta laguntza emanen dituzte dirubilketa kudeatzeko.

2. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak, berak erabakita nahiz dirubilketako administrazio unitateburuek arrazoien gainean eskatuta, babesa eta laguntza eskatuko du beharrezko iruuditzen zaionean.

171. artikulua. Balore desagertuak.

Zorren frogagiriak suntsitu, ebatsi edo galdu egiten badira, hala gertatu dela jasoko da titulu horiek baliogabetzat deklaratzeko eratu behar den espedientean eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari eskatuko zaio tituluen kopia egiteko baimena eman dezala kobrantzaren egintza ez mozteko.

Iragarkiaren kodea: A0107648

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web