177/1997 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 30EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN TITULARTASUNA DUTEN NATURA INTERPRETATZEKO ZENTROETAN SARTZEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA.
BON N.º 88 - 23/07/1997; corr. err., BON 15/08/1997
1997ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 30eko 1/1997 Foru Legeak hamabigarren xedapen gehigarrian ezartzen du Bertizko Jaurerria eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuna duten Natura Interpretatzeko Zentroak bisitatzeagatik hartu beharreko diru-kopuruak tarifa edo prezio gisakoak izanen direla, eta horiek uztailaren 24ko 144/1997 Legegintzako Foru Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako araubidearen menpe egonen direla, izan ere, horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa, ordainarazpen parafiskal eta prezioei buruzko Foru Legearen testu artikuluduna.
Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuna duten Natura Interpretatzeko Zentroetan sartzeko araubidea eta prezioak finkatzeko Foru Dekretu bat ematea.
Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Foru Dekretu honetako testuaren aldeko txostena eman du.
Horrenbestez, Ingurugiro kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hogeita hamarrean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuna duten Natura Interpretatzeko Zentroetan sartzeko modua berdina izanen da pertsona guztientzat, non jaio diren eta nondik datozen begiratu gabe.
Natura Interpretatzeko Zentroetan sartzeko prezioa 200 pezetakoa izanen da.
Orohar, zentro horietako sarrera doakoa izanen da ondoko egunetan:
-Abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioaren eguna.
-Urriaren 12a, Espainiako Festa Nazionala.
-Ekainaren 5a, Ingurugiroaren Nazioarteko eguna.
-Abenduaren 3a, Nafarroaren Eguna.
-Natura Interpretatzeko Zentroa kokaturik dagoen udalerriko bestetan.
-Ibarraren eguna (Baztan, Zaraitzu, Erronkari).
Hauxe da zentro horietan sartzeko araubide berezia:
1. Salbuespenak. Honako hauek ez dute sarrerarik ordaindu beharko:
a) 18 urtetik beherakoak, hala egiaztatuta.
b) 65 urtetik gorakoak, jubilatuak eta pentsionistak, hala egiaztatuta.
c) Langabetuak, INEMeko txartela erakutsita.
d) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.
e) Eskola edo unibertsitateetako taldeak eta horien arduradunak, aurretik zentrorako bisita hitzartua badute.
f) Erakunde publikoek edo/eta irabazi asmorik gabeko elkarteek antolaturiko jardueretan parte hartzen ari diren haur eta gazte taldeak, aurretik zentrorako bisita hitzartua baldin badute.
g) Turismo gidariak.
h) Bertizko Jaurerriko Natur Parkean dagoen "Zabala Etxea" natur-gela erabiltzeko baimena duten taldeak.
i) Zentroetako instalazioetan edo Bertizko Jaurerriko Jauregian egiten diren bilkura baimenduetan parte hartzen ari direnak.
j) Natura Interpretatzeko Zentroa kokatuta dagoen udalerriko biztanleak, hala egiaztatuta.
2. Prezio beheratuak. Honako hauek izanen dute %50 gutxiago ordaintzeko eskubidea:
a) Gazte txartela, ikasle txartela edo nazio mailan edo nazioartean horren baliokideak direnak dituztenak, sarreran erakutsita.
b) Natura Defendatzeko elkarteek antolatzen dituzten jardueretan parte hartzen ari diren pertsona-taldeak, hori egiaztatzeko txartela erakusten badute.
c) Gazte elkarteetako eta Natura Defendatzeko taldeetako zuzendaritza taldekoak, hori egiaztatzen baldin badute, eta, halaber, naturaren inguruko programetan parte hartzen ari diren bolondresak.
3. Baimen bereziak: Natura Interpretatzeko zentroetako zuzendaritzek baimena eman dezake pertsona edo talde jakin batzuk dohain sartzeko edo gutxiago ordaintzeko, hori eskatu eta beren lanbidea, ikasketak edo ikerketa dela kausa beharrezkoa dela egiaztatzen baldin badute.
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hogeita hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: A9706286