(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

172/2004 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 19KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAN PRESTAKUNTZARAKO BEKAK EMATEKO ARAUBIDE OROKORRA EZARTZEN DUENA

BON N.º 57 - 12/05/2004



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak ahalegin handiak egiten ari dira langileen eta baliabide materialen aldetik, azken urteotan tituludun eta graduatuek prestakuntza teorikoa eta praktikoa izan ditzaten, instalazio publikoetan beretan.

Ahalegin horren ondorioz, prestakuntza beketarako deialdi ugari atera dira urtero, eta haiek erregulatzeko iturri juridiko-administratibo bakarra deialdi bakoitzaren berariazko oinarriek osatzen zuten.

Departamentuen eta erakunde autonomoen jarduera administratiboaren esparruko prestakuntza beka horietarako marko juridiko komunik ez dagoenez, komeni da araudi orokor bat ematea, deialdi guztietan aplikatzeko.

Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen den laguntza publikoa denez gero, prestakuntza bekei aplikatu beharreko xedapen orokor hori nahitaez sartu behar da ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen esparruaren barruan, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen lege horren barruan. Nolanahi ere, badira beste ezaugarri batzuk, Administrazioarekiko harreman hori berezi bihurtzen dutenak, eta, ildo horretan, nahitaezkoa da alderdi orokor batzuk jorratzea, adibidez bekaren iraupena, zenbatekoa, tutoretzarik egotea, egindako azterlanen jabetza norena den erabakitzea, haiei buruz edo hirugarrenekiko egintzak direla-eta Administrazioak duen erantzukizuna, zerbitzuarengatik jaso daitezkeen ordainsariak, harreman juridiko-administratiboa lan-harreman bihurtzeko edozein asmo edo zalantza ezabatzea, etab.

Nolanahi ere, orain ezartzen den araubide orokor honek, azken ekitaldietan izandako esperientziatik abiaturik prestatu denak, departamentu bakoitzaren organo eskudunen eskuetan uzten du prestakuntza beka bakoitzaren deialdia arautuko duten alderdi zehatzak garatu eta finkatzea.

Nafarroako Kontseiluak 2004ko martxoaren 29an emandako txostenak dioenez, foru dekretu honen edukia legeei lotzen zaie.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2004ko apirilaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta definizioa.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateak eta haren erakunde autonomoek Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen dituzten prestakuntza beken araubide orokorra ezartzea.

2. Aurreko zenbakian ezarritakoari begira, "prestakuntza beka" ondoko hau da: edozein izeneko dirulaguntza publikoa, onuradunari Administrazio Publikoaren jarduera, eginkizun eta eskumenen esparruan prestakuntza emateko xedea duena, betiere onuradunak prestakuntza hori Administrazioaren instalazio edo lokaletan egiten baldin badu.

2. artikulua . Onuradunen betebeharrak.

Prestakuntza bekak hartu ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek :

a) Adinez nagusi izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek, frogatu beharko dute gaztelaniaz behar adina badakitela.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Deialdian eskatzen den unibertsitateko, lanbide heziketako edo balio bereko titulu baten jabe izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulu hori prestakuntza bekaren deialdiaren aurreko hiru urteetan eskuratua izatea.

g) Bekako prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

3. artikulua . Beken iraupena.

Prestakuntza beken iraupena hamabi hilabetekoa izanen da gehienez. Kasuan kasuko unitate administratiboak eskatzen baldin badu, organo eskudunak zilegi izanen du beka beste hamabi hilabetetarako luzatzea, baina osotara gehienez ere hiru urteko iraupena izanen da.

4. artikulua . Bekak emateko organo eskuduna.

Prestakuntza bekak emateko eskumena Nafarroako Gobernuko kontseilariena eta erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileena da, bakoitza bere eskumenen esparruan eta aurrekontuetan horretarako dirua baldin badago. Dena den, zilegi izanen da eskumen hori delegatzea.

5. artikulua . Bekak emateko printzipioak.

Prestakuntza bekak emateko printzipioak ondoko hauek izanen dira: publizitatea, konkurrentzia, objektibotasuna, merezimendua eta gaitasuna.

6. artikulua . Deialdiaren oinarri erregulatzaileak.

1. Ezin izanen zaio prestakuntza bekak emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarriak onetsi ez baditu, foru agindu edo ebazpen baten bidez.

2. Prestakuntza beken deialdiak eta haien oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

3. Prestakuntza bekak emateko oinarrietan ondoko puntu hauek zehaztuko dira gutxienez:

a) Prestakuntza bekaren xedearen azalpena.

b) Deialdiko beken kopurua eta, hala aurreikusi baldin bada, kopurua handitzeko aukera eta gehieneko kopurua.

c) Prestakuntza bekaren iraupena.

d) Prestakuntza bekaren zenbatekoa eta ordaintzeko bidearen azalpena. Ahal dela, hilabetean behin ordainduko da, kopuru bera.

e) Prestakuntza bekaren onuradunek bete beharreko baldintzak, hori frogatzeko bideak, eta, hala behar izanez gero, baldintza horiek zein epetan bete behar diren.

f) Prestakuntza bekak emateko jarraitu beharreko moduak, lehentasunak, irizpideak, merezimenduen balorazioa eta bestelako parametroak.

g) Eskaera egiteko eta eskatutako baldintzak frogatzeko epeak.

h) Prestakuntza beken eskatzaileen betebeharrak egiaztatu eta merezimenduak ebaluatzeko ardura duen "Ebaluazio Batzordea" izeneko organo kolegiatuaren osaera, hala nola hautatutako eskatzaileei buruzko ebazpen proposamena, organo eskudunarentzat loteslea izanen dena, prestatzea. Ebaluazio Batzordean, gutxienez, prestakuntza bekaren kudeaketari lotutako hiru pertsona egonen dira, deialdian eskatutako titulazioa edo goragoko bat dutenak, nahiz eta ez izan eskatutako lanbidearena.

i) Beka emateari buruzko ebazpena emateko organo eskudunak duen epea.

j) Prestakuntza jarduerak egiteko lokalak eta zuzendaritza emanen dituen unitate administratiboak.

k) Beka hartzailearen betebehar berariazkoak eta eskubideak.

l) Administrazioaren beraren edo Espainiako nahiz atzerriko beste administrazio publikoen, erakunde publiko zein pribatuen edo partikularren bestelako beka edo dirulaguntzekin dituzten bateragarritasuna edo bateraezintasuna, horrelakorik xedatzen denean.

m) Deialdiaren eta oinarrien aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

n) Dagokion gastua aplikatzeko aurrekontuetako kredituen aipamen berariazkoa.

Nolanahi ere, horretarako arrazoiak emanda, deialdi bat aurrekontuaren ekitaldi baten aurretik egiten baldin bada, eta, beraz, aurreko lerroaldean aipatutako kredituak zein diren jakiterik ez badago, modu orokorrean aipatuko da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan zein kreditu utzi behar den horretarako, eta bekak emateko baldintza izanen da ekitaldi horretan horretarako krediturik egotea.

4. Oinarri erregulatzaileak onesteko proposamena biltzen duen espedientean txosten juridiko bat sartuko da, oinarriak Zuzenbidearen araberakoak direla azaltzeko.

7. artikulua . Eskabideak aurkeztea.

1. Prestakuntza beka bat eskuratu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute deialdian ezarritako epe eta moduan.

2. Eskabidearekin batera, deialdiaren oinarrietan zehaztutako agiri eta argibideak aurkeztuko dira.

3. Epearen barruan aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela. Azken gorabehera horren berri emanen zaio interesatuari.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.

4. Prestakuntza bekak jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

8. artikulua . Eskabideen ebaluazioa.

1. Eskabideen balorazioa foru dekretu honen 6. artikuluko h) letran aipatutako Ebaluazio Batzordeak eginen du, oinarri erregulatzaileetan finkatutako balorazio irizpide, modu eta lehentasunei jarraikiz.

2. Ebaluazio Batzordeak prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatu ahalko dizkio dagokion organoari.

3. Ebaluazioa bukatutakoan, Ebaluazio Batzordeak hautatuei buruzko proposamena egin eta igorriko dio organo eskudunari, onartutako pertsona bakoitzaren osoko puntuazioa azalduta. Betiere, proposamen hori loteslea izanen da.

Proposamen hori deialdia osorik edo zati batean hutsik deklaratzearen aldekoa izan daiteke.

9. artikulua . Txostenak.

Bekak emateko espedientean ondoko txosten hauek sartuko dira:

a) Prestakuntza beka kudeatzen duen administrazio unitatearena, hartzaileek beka hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazten duena.

b) Txosten juridikoa, ebazpen proposamena Zuzenbidearen araberakoa dela adierazten duena.

c) Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aldez aurreko kontu-hartzailetzarena, hori aginduta dagoen kasuetan eta aplikatu beharreko arauetan ezarritako moduan.

10. artikulua . Bekak emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, organo eskudunak prestakuntza bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz, eta betiere kreditaturik egonen dira emandako ebazpenaren oinarriak.

3. Ebazpenean aipatu beharrekoa da beka eman zaien eskatzaileen zerrenda, eta espres agerraraziko da, halakorik baldin bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

11. artikulua . Ebazpena jakinaraztea.

1. Prozeduraren ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie guztiendako administrazioko prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan, eta jendaurrean jarriko da, deialdiaren oinarrietan berariaz aipatzen den iragarki oholean edo, horrelakorik ez badago, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz.

2. Prozedura ebazteko deialdiaren oinarrietan ezarritako gehieneko epea agortzen baldin bada berariazko ebazpena jakinarazi edo argitaratu gabe, eskabidea administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ondorioztatu ahalko da.

3. Berariazko edo balizko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

12. artikulua . Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak jarduerak hasiko ditu hamar eguneko epean gehienez, beka eman zaiola jakinarazi zaionetik edo organo eskudunak zehazten duen egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

2. Jarduerak hasten direnean, eta Nafarroako ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du zerga betebeharretan egunean dagoela egiaztatzeko, bai eta zinpeko aitorpen edo promesa, helburu bererako bestelako departamentu, administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuen laguntza publiko bateraezinik ez dela jasotzen ari frogatzeko.

3. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka horiek Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuetan ageri direnei ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte bete beharreko baldintzak.

13. artikulua . Jarduerak.

1. Bekadunek deialdiaren oinarrietan ezartzen diren administrazio unitateetako egoitzan eginen dituzte beren jarduerak. Astean hogeita hamar orduz ariko dira gehienez.

2. Gainera, bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen dituzte.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.

4. Organo eskudunak prestakuntzarako bekaldia eten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripuaren kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak daudenean ere. Etenaldia beharrezkotzak jotzen den denboraz luzatuko da, eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.

14. artikulua . Tutoretza.

1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du bekadunen jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatu eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak bete ditzaten begiratuko du.

15. artikulua . Diru dotazioa.

1. Prestakuntza beka gisa, urtean, 6.500 euro emanen dira gutxienez, eta 13.000 euro gehienez. Urtebetera ailegatzen ez diren beken diru kopurua kalkulatzeko, aurreko zenbatekoen proportzioak aplikatuko dira.

Bekaren diru kopurua zehatza finkatzeko, organo eskudunak kontuan hartuko du eskatutako titulazioa.

2. Oro har, prestakuntza bekak hilabetean behin ordainduko dira, hilabetea bukatutakoan, ezertan galarazi gabe bekak kudeatzeko organo eskudunek entitate laguntzaileekin izan litzaketen hitzarmenetan bildutako bestelako ordainbideak.

3. Diru kopuru horri Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokiona kenduko zaio, indarrean dauden arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

4. Bekadunei ematen zaien dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

16. artikulua . Bateraezintasunak.

1. Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta betiere aldi berean hauekin ezin bateratu den beste dirulaguntzarik eskuratzen bada, deuseztatu edo aldatu eginen da kontzesiorako ebazpena.

2. Onuradunak prestakuntzarako jarduera bat egiteko beka edo dirulaguntza bateragarriak direnean, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 13.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.

17. artikulua . Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Beka kobratzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin harreman laborala, administratiboa edo estatutupekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta bestelako antzeko eskubiderik ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Prestakuntza bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak, dagokien departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beretzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisan agertu ere.

18. artikulua . Jabetza intelektuala eta industriala.

Jabetza intelektual eta industrialerako bekadunak dituen eskubideak, bekaldian burututako jardueraren ondorioz eskuratu direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arau estataletan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira, eta Administrazio Publikoak ez ditu bazter utziko legozkiokeen agiri, azterlan, ikerlan, lan, eskubide, emaitza zientifiko eta balizko esku-hartzeak.

19. artikulua . Bekadunen betebehar orokorrak.

Prestakuntza bekadunen betebehar orokorrak ondoko hauek dira:

a) Beka emateko arrazoitzat jo den prestakuntza jarduera egitea eta hori frogatzea. Prestakuntzaren administrazio unitate arduradunak lan eta txostenak aurkezteko eskatu ahalko du, bekadunaren errendimenduaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

b) Egindako lanari eta izandako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, dagokion tutorearen onespenarekin batera, bekaldia bukatu baino lehen.

c) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Eskumena duten organoek, eman den bekaren inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Beka eman duen organoari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunen ordainketan egunean dagoela frogatzea.

g) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egin diotela, jarduerak utzi eta gutxienez ere hamabost egun natural lehenago.

h) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekadunak direla adieraztea.

i) Jarduerak zein erakundetan egiten ari den, bertako barne araubidea betetzea.

j) Gizarte Segurantzaren araubidean sartzetik heldu diren eginbeharrak hartzea, arlo horretako arau estatalek ezartzen dutenei jarraikiz.

20. artikulua . Ezbetetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesatuari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, bidezko berandutza interesen eta ezar litezkeen zehapenen kalterik gabe.

21. artikulua . Kalteordainak jasotzeko eskubidea.

1) Bekadunek, prestakuntza egiten ari direneko Administrazio Publikoarekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuak eman eta bidaiak egiteko egindako gastuengatik funtzionarioei dagozkien sariak kobratzeko.

2) Orobat, bekadunek Administrazio Publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituztenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.

Horretarako, beharrezkoa baldin bada, arlo horretako eskumenak dituen kontseilariak edo organoak aseguru poliza bat sinatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako prestakuntzako bekadun guztiek tratamendu juridiko bera izan dezaten.

22. artikulua . Bekadunengatiko administrazio erantzukizuna.

Bekadunak harremana zein Administrazio Publikorekin duen, horixe izanen da prestakuntza jardueretan bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalteen erantzulea, baina Administrazio horrek zilegi izanen du atzipe, erru edo utzikeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Xedapen Gehigarriak Lehendabizikoa

Foru dekretu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio, betiere hor ezarritakoa aplikagarria baldin bada, prestakuntza beken ezaugarrien arabera.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Foru dekretu honetako 15.1 eta 16.2 artikuluetan finkatutako diru kopuruak aldian-aldian aldatu edo eguneratuko dira, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu baten bitartez.

Xedapen Iragankorra

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik deitutako edo emandako prestakuntza bekak haien arauetan, deialdietan edo, horrelakorik bada, lankidetza hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz erregulatuko dira, eta halaxe segituko dute bukatzen diren arte.

Xedapen Indargabetzailea

Foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak indarrik gabe geldituko dira.

Azken Xedapena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko apirilaren 19an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0406228

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web