(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

17/1997 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 27KOA, ABELTZAINTZAREN OSASUN DEFENTSARAKO ELKARTEEN FUNTZIONAMENDUA NAFARROAN ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 17 - 07/02/1997



Atariko

Nekazaritzako produktuen osasun kalitatea hobetu eta merkaturatze arina eta errentagarritasuna lortzeko beharrezkoa da produktu horiek osasun maila altua izatea eta hori lortuko bada, ezinbestekoa da sektoreko alderdi guztien lankidetza, hala gaisotasunei aurre egin eta desagertarazteko borrokan, nola gaisotasun esotikoak agertu eta hedatzeko arriskuaren aurrean defentsarako egiturak mantentzeko lanetan.

Argi gelditu da osasun defentsarako elkarteek sektorearen lankidetza hori lortzeko lan eraginkorra egiten dutela, bertan nekaraziek solidarioki lan egiten baitute eta beraien interesak defendatzeko borrokan protagonista baitira.

Abuztuaren 2ko 1880/1996 Errege Dekretuaren bidez, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteentzako oinarrizko arauak eman direnez gero, beharrrezkoa da aipatu dekretua Nafarroan aplikatzeko arauak ematea.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urtarrrilaren hogeita zazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen funtzionamendua Nafarroan arautzea.

2. artikulua . Definizioa.

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak honakoak dira: profilaxi programak, abereen gaisotasunen kontrakoak eta baldintza higienikoak hobetzekoak ezarri eta aurrera eramanez, abeltegien maila sanitario-zooteknikoa igotzeko eta produktuen maila produktibo eta sanitarioa hobetzeko asmoz abeltzainek beraiek osaturiko taldeak.

Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte bakoitza unitate bat izanen da, bai osasun programa garatzeko ondorioetarako, bai har ditzakeen dirulaguntzen ondorioetarako.

3. artikulua . Errekonozimendua.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen errekonozimendua egitea.

2. Errekonozimendu hori lortzeko, elkarteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nortasun juridiko propioa duela egiaztatzea.

b) Elkartearen eragin esparruko udalerri bakoitzeko abeltzainen %30ek, gutxienez, osatua izatea edo, bestela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak espezie bakoitzerako zehazten duen abeltzain kopuru batek osatzea.

c) Osasun programa komun bakarra izatea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsia.

d) Onetsitako programei lotutako lan sanitarioak garatzearen ardura hartzen duen albaitari bat, bederen, izatea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onartua.

e) Funtzionamendurako estatutuak izatea, honakoa bildu beharko dutenak:

-Elkartearen izena.

-Helbide soziala eta hartzen duen lurralde eremua.

-Ordezkaritza, gobernu eta administrazio organoak.

-Aurreikusten diren baliabide ekonomikoak.

-Lurralde eremu horretan ustiategia duten abeltzain guztiek sartzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko adierazpena.

-Barne funtzionamendurako araubidea, aplikatu daitekeen arauteriarekin bat etorri beharko duena.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Ministerioari igorriko dio errekonozitzen diren abeltzaintzako osasun defentsarako elkarteen zerrenda.

4. artikulua . Erregistroa.

Abeltzaintzaren Osasun Defentsarako Nafarroako Elkarteen Erregistroa sortu da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuaren menpe. Erregistro honetan izena emanen dute Departamentuak errekonozitzen dituen elkarte guztiek eta bertan azalduko dira gertatzen diren aldaketa funtsezko guztiak eta, horrelakorik bada, aitorturiko elkarteen iraungipenak.

5. artikulua . Laguntzeko beharra.

1. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteek, errekonozimendua jaso ondoren, animalien gaisotasunak antzemateko eta horien aurka borrokatzeko osasun neurriak antolatu, kontrolatu eta aurrera eramaten lagundu beharko dute aktiboki eta, halaber, ezartzen diren dibulgazio kanpainak kideen artean zabaltzen.

2. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteak errekonozimendua jasotzeko ezartzen diren baldintzak edo onesten zaion osasun programa betetzen ez baditu, errekonozimendua indarrik gabe utzi ahalko da, Foru Dekretu honen ondorioetarako.

6. artikulua . Laguntzak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntzak eman ahalko dizkie abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei, aurrekontuko baliabideen arabera.

Xedapen Iragankorra

Egun dauden abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarte guztiak Foru Dekretu honetan ezarritakoari egokitu beharko zaizkio, 1997ko martxoaren 21a baino lehen.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi da otsailaren 11ko 50/1992 Foru Dekretua, Nafarroako zerri-aziendaren osasunari buruzko arauteria aldatu zuena, hain zuzen ere osasun defentsarako elkarteei eta saneamendu eta profilaxi programari zegokien zatia, hala nola Foru Dekretu honek ezartzen duenaren aurka jotzen duten maila bereko eta baxuagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehena

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urtarrilaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9700910

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web