(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

168/2002 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 22KOA. ARAUTZEN DU NAZIOARTEKO ADOPZIOAREN GAIETAN LANKIDE DIREN ENTITATEEN KREDITAZIOA

BON N.º 110 - 11/09/2002



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EKINTZA EREMUA


  III. KAPITULUA.. Kreditaziorako baldintzak


  IV. KAPITULUA. KREDITAZIO PROZEDURA


  V. KAPITULUA. ENTITATE LANKIDEAREN BETEBEHARRAK


  VI. KAPITULUA. ENTITATE LANKIDEAREN EGINKIZUN ETA EKINTZAK


  VII. KAPITULUA. LANGILEEN ARAUBIDEA


  VIII. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA


  IX. KAPITULUA. NAGELEN GAINBEGIRATZEA ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA


Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, bere 44.17 artikuluan eskumen osoa esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari laguntza sozialeko gaietan. Bestalde, martxoaren 25eko 90/1986 Foru Dekretuak bere 1. artikuluan ezartzen du Foru Komunitateak adingabeak tutelatu eta babesteko dituen eskumenak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dagozkiola.

Nafarroako Foru Komunitateak bere foru arauak ditu gobernabide adopzioaren gaietarako, eta Kode Zibila Eta Lege Bereziak ordezgarri aplikatzen dira, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibil edo Foru Berriaren bildumako 74. Legeak agintzen duenaren arabera, zeina baita, gainera, adopzioaren instituzioa arautzen duen lege testua, Foru Zuzenbidearen printzipioen gainean osatua.

Adingabeak babestu eta nazioarteko adopzio gaietan lankidetzan aritzeko Hitzarmenak (Hayan egina 1993ko maiatzaren 29an eta Espainiak 1995eko ekainaren 30ean berretsia), zenbait berme ezartzen ditu atzerritik adingabeak adoptatzeko prozesuetan, eta adopzio gaietarako nazioarteko lankidetza sistema bat ere, haurrak ebatsi edo sal-erostea galarazteko asmoz, Nazio Batuen Erakundeak 1989ko azaroaren 20an onetsi Haurraren Eskubideen Konbentzioarekin bat, zeinean adopzioari haurrak babesteko modu bat irizten baitzaio.

Azaroaren 11ko 21/1987 Legeko lehenbiziko xedapen gehigarriak (aldatzen dizkio adopzio gaietako zenbait artikulu Kode Zibilari eta Auziperatze zibileko Legeari), ahalmena ematen die Komunitate Autonomoei adingabeak babesteko dituzten eskumenez baliatuz zeinek bere lurraldean irabazi asmorik gabeko Elkarteak edo Fundazioak kredita ditzaten, Famili integrazioko instituzio gisa, adopzio prozesuetan ararteko aritzeko.

Adingabearen babes juridikorako urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, bere arrazoien Azalpenean, arautzen du nazioarteko adopzioa, azken urteotan nabarmenki gora egin duen fenomenoa baita. Lege honek bereizten du zer eskumen diren zuzenean Entitate Publikoek erabili beharrekoak eta zeinetan den zilegi entitate lankideei delegatzea.

Ekainaren 24ko 256/1996 Foru Dekretuaren bidez, arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean lehenbiziko aldiz nola kreditatu behar ziren nazioarteko adopzioaren gaietako entitate lankideak.

Foru Dekretu hori aplikatzen hasi zenetik bost urte iragan direlarik, juzgatu da beharrezkoa dela nazioarteko adopzioaren errealitate berrira moldatzeko aldatzea eta gaurkotzea, nazioarteko adopzioaren gaietako entitate lankideen operatibitatea eta jardunbidea hobetzea helburu.

Nafarroako Kontseiluak irizpena eman du 2002ko ekainaren 10eko bilkuran, eta juzgatu du Foru Dekretuaren proiektua ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.

Horiek horrela, Gizarte Ongizateko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da ezartzea zer baldintza behar diren nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren eta beren helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean duten entitateak kreditatzeko, eta zer jarduera araubide, zer eginkizun eta zer kontrol modu izan behar dituzten.

2. artikulua . Zer diren eta zer lege aplikatzen zaizkien.

1. Nazioarteko adopzioaren gaietako entitate lankide dira (NAGEL), irabazi asmorik izan ez, legez eraturik egon, eta helburutzat adingabeen babesa dutela eta arau honetan eskatzen diren baldintzak beteaz, nazioarteko adopzioetan ararteko aritzeko behar den kreditazioa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institututik eskuratzen duten entitateak, Entitate Publikoak eginkizun hori delegaturik, Foru Dekretu honetan eta Adingabearen babes juridikorako urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoko 25. artikuluak ezartzen dituzten modu eta baldintzekin.

2. Entitate lankideen jarduera Espainiako ordenamendu juridikoaren araberakoa izanen da eta bai adingabearen herriko legeek eta Foru Dekretu honek agintzen dutenaren araberakoa, eta eginahalean beteko dituzte arau horiek eta bai kasurako diren nazioarteko legeak ere.

3. Foru Dekretu hau aplikatzeko, komeni da bereiztea zein entitatek duten nazioarteko adopzioetan ararteko aritzea helburu bakartzat eta zeintzuek horrez gain beste helburu batzuk ere zehazten dituzten beren estatutuetan, adingabeak babestearen ingurukoak.

Bigarren kasuan, Foru Dekretu honetan bateraezintasunetarako eta jarduera araubiderako ezartzen dena hartuko da aintzat.

II. KAPITULUA. EKINTZA EREMUA

3. artikulua . Aplikazio eremua.

1. Foru Dekretu honek nazioarteko adopzioaren gaietako entitate lankideek Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituzten ekintzak arautzen ditu.

2. Haien jarduera, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zein herritarako kreditatu dituen, hartan edo haietan baizik ez da zilegi izanen, eta betiere baldin herri hartako edo haietako agintariek baimena eman badiete.

4. artikulua . Eskuhartzea.

1. NAGEL hauek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ezartzen dituen baldintza eta moduan eta hark zehazten dituen jardueretarako arituko dira ararteko adopzioetan, betiere adopzio horiek Nafarroako Foru Komunitatean eskatu badira eta adoptatu beharreko umea beren kreditazioak ahalmena ematen dien herri batekoa bada.

2. NAGEL horiek zilegi dute beste Komunitate Autonomo batean egoitza dutenen eskaerak tramitatzeko ere esku hartzea, orduan ere ararteko lanetan, entitate publiko eskudunak ahalmena ematen badie espediente jakin bat tramitatzeko entitate kreditaturik batere ez dagoen herri batean, eta NAGELak hala jakinarazi beharko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

3. Beste Komunitate Autonomo batek kreditatutako NAGELek zilegi dute Nafarroan egoitza duten pertsonen nazioarteko adopzio eskaerak tramitatzeko esku hartzea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ahalmena eman dienean espediente jakin bat Institutuak inongo entitaterik kreditatu ez duen herri batean tramitatzeko, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak hori horrela dela eman beharko dio aditzera delako NAGELa kreditatu duen Komunitate Autonomoko entitate eskudunari.

5. artikulua . Tramitatzeko onartzea.

1. NAGELak ez du zilegi izanen adopzio eskaera berririk tramitatzeko onartzea baldin eta eskatzaileak lehendik beste nazioarteko adopzio eskaera bat ebazkizun badauka, dela entitate lankide horretan dela beste batean edo zuzenean entitate publikoaren bidez.

2. NAGELak ez du zilegi izanen espediente bera aldi berean herri bat baino gehiagotan tramitatzea. Eskaera baten tramiteak hasita, adopzio prozesua bukatu edo kantzelatu beharko da beste tramitazio bat herri berean nahiz beste batean hasi ahal izateko.

3. Salbuespenez, herri batek aldi baterako eteten badu nazioarteko adopzioen tramitazioa, zilegi izanen da horren eragina hartzen duten eskatzaileek beste herri batean hastea tramitazio prozesu berria, beren burua lotzen badute espediente horietako bat uzteko bigarren eskatutako herrian haur baten aurre-asignazioa onartzean edo eten egin zuen herrian tramitazioa berriz hasten bada. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak erabakiko du noiz juzgatu behar den herri batek aldi baterako eten duela nazioarteko adopzioen tramitazioa.

4. NAGELaren bidez tramitatzen diren adopzio espedienteak kreditazioak ahalmena ematen dien herrietako batekoak diren eta adopziorako baldintzak betetzen dituzten haurren gainekoak izanen dira.

6. artikulua . Tramitazio araudia eta prozedura.

1. Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideek beren Komunitate Autonomoko kreditazio arauak bete behar dituzte, eta tramitazio prozedurari dagokionez, indar duten nazioarteko hitzarmen eta itunak begiratu, eta eskatzaileek egoitza duten Komunitate Autonomoan indar duen araudia, eta Nafarroako Foru Komunitateak edo estatuak kode deontologikoren bat ezartzen badu, hura errespetatu.

2. Adopzioa nola tramitatzen eta kudeatzen den kontrolatu eta jarraitzea adopzio eskatzaileek egoitza duten Komunitate Autonomoari dagokio.

III. KAPITULUA.. Kreditaziorako baldintzak

7. artikulua . Kreditaziorako baldintzak.

Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideek, behar den kreditazioa eskuratzeko, honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Irabazi asmorik gabeko entitatea izan eta legez eraturik eta Gizarte Ongizate Departamentuko Zerbitzu Sozialeko entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan inskribaturik egotea.

b) Adingabeen babesa helburu bakartzat izan edo helburu hori bere estatutuetan edukitzea, Espainiako legeek agintzen dutenaren arabera eta Haurraren Eskubideen Konbentzioko eta kasurako diren beste nazioarteko Arauekin bat.

c) Orain arteko jokabidea zuzena eta egokia izatea estatutuetako helburuak iritsi beharrezko jardueretan.

d) Bere gain hartu behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasuna izatea.

e) Modu sinesgarrian segurtatzea, aurkezten duten ekintza proiektuan, begiratuko direla nazioarteko adopzioaren printzipioak eta arauak, eta bai haurraren jatorriko herriaren administrazio nahiz auzitegi organoak behar den bezala esku hartzea ere.

f) Behar diren baliabide materialak izatea bere eginkizunak egiteko, eta jendearentzako harrera eta atentzio bulego bat izatea.

g) Diziplina arteko talde bat izatea, zeinaren dedikazioa delako NAGELak Nafarroan duen jarduera bolumenaren araberakoa izanen den. Talde horrek, gutxienez, zuzenbide-lizentziatu bat, Psikologo bat, eta gizarte langile bat izanen ditu osakide, beren lanbidean trebeak, haur, nerabe eta familiekiko ekintza sozialean esperientziadunak, eta nazioarteko adopzioaren gaietan ongi jantziak.

h) Prestakuntzaz eta esperientziaz nazioarteko adopzioaren gaietan jantzitako pertsonak izatea zuzendari eta administratzaile.

i) Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea eta kreditazioa zein atzerritarako eskatzen den, hartan ordezkariak izatea.

j) Bere estatutuetan zehaztea zer printzipio eta oinarriren arabera zilegi izanen duen adopzio eskatzaileei Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideak egindako tramitazioaren gastuak jasanaraztea.

k) Frogatzea, azterlan ekonomiko baten bidez, zer gastu eta kostu zuzeneko sortzen diren nazioarteko adopzioaren espedientea administrazioan tramitatu beharretik, bai Nafarroan eta bai jatorriko herrian, eta bai zer gastu sortzen diren Entitateko langileen ordainsariengatik eta mantentze eta azpiegitura kostuengatik, irabazpide bidegaberik ez dela segurtatzeko.

l) Entitate lankideak nazioarteko adopzio prozesuetan ararteko aritzea helburu bakartzat ez badu, ararteko lan horrek entitatearen aurrekontu orokorraren barrenean aparteko aurrekontua izanen du eta berariazko egitura.

ll) Aurreko letrak aipatzen duen kasuan, gainera, aparteko kudeaketa eta berariazko azpiegitura beharko dira ararteko lanerako, organo bakoitzak zer eginkizun eta erantzunbehar dituen zehazturik.

IV. KAPITULUA. KREDITAZIO PROZEDURA

8. artikulua . Kreditazio kopurua.

Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideak atzerriko adingabeak adoptatzeko prozesuetan ararteko aritzeko, kreditazio bana beharko du esku hartu nahi duen herri guztietarako.

9. artikulua . Kreditaziorako deialdia egin beharraren irizpideak.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izanen du erabakitzea NAGELak herri desberdinetarako kreditatzea komeni den ala ez. Erabaki hori hartzeko irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zer informazio dagoen adingabeen jatorriko herriek dituzten nazioarteko adopzio beharren gainean, eta haietan zer politika egoten den nazio barreneko adopziorako.

b) Zenbat adopzio egin dituzten herri horietan Nafarroako Foru Komunitatean eta oro har Espainian egoitza dutenek azken urteetan, kontuan harturik zenbat NAGEL diren dagoeneko kreditatuak Espainian eta ustez zenbat izateko diren.

c) Delako herrian organismo publikoren bat edo instituzioren bat ba al dagoen adopzio programen arduraduna eta entitateak kreditatu/baimentzeko ardura duen organismo publikoren bat ba al dagoen.

d) Zenbat NAGEL dauden Espainian lehendik herri hartarako kreditatuak, herri hartan adingabeek dituzten premia estimatuen arabera.

e) Zer muga jar ditzaketen, hala bide denean, jatorriko herriek bertan esku har dezaketen NAGEL kopuruari dagokionez.

f) Herriak laster-beharreko premia duen, NAGEL beharrean eta faltan dagoelako.

g) Zer berme ematen duen jatorriko estatuak Nazio Batuen Haurraren Eskubideen Konbentzioak agintzen duena betetzeko eta bai Haurraren Babesari Buruzko Hitzarmena, nazioarteko adopzio gaietako lankidetza, eta gainerako nazioarteko arauak, eta nazioarteko adopzioa gobernatzen duten printzipio eta Itunak ere.

10. artikulua . Kreditaziorako deialdiak.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak jendaurreko deialdiak eginen ditu lehiaketa bidez Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideak kreditatzeko, aurreko artikuluan finkatu diren irizpideen arabera zer herritarako komeni dela juzgatzen den, haietarako.

2. Adoptatu beharreko adingabeen jatorriko herrietako batek mugatzen badu zenbat entitate egon daitezkeen bere lurraldean aritzeko kreditatuak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak Estatuko eta komunitate autonomoetako organoekin batera lan eginen du entitate kopuru gehieneko hori errespetatzeko.

3. Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankide itxuratzen dituzten arartekotza proiektuak deialdiaren oinarrietan finkatzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta nahitaez haiekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da, jatorrizkoa edo notario nahiz administrazio bidez kautotua:

a) Entitatea sortu edo aldarazteko eskritura, eta bere estatutu edo fundazio aktarena eta, hala bide denean, behar den Erregistro Ofizialean inskribaturik egotearen frogagiria.

b) Ahalorde notariala, entitate lankidearen izenean eskaera sinatu duen pertsonaren alde emana eta ahaldun horren Nortasun Agiri Nazionala.

c) Identifikazio Fiskaleko txartelaren kopia.

d) Entitatea bere zerga eta gizarte eginbeharretan egunera dagoelako frogagiria, gehienez sei hilabete lehenago emana.

e) Zuzendaritza organoek duten osaeraren frogagiria, eta bai entitate lankidean arituko diren langileena, eta horrekin batera haien nortasun agiri nazionalen eta erakunde ofizial eskudunak emandako eskola tituluen fotokopia erkatua, eta bai nazioarteko adopzio gaietan duten esperientziaren frogagiria ere.

f) Beren eginkizunak burutzeko dituzten baliabide materialen eta ondarezkoen zerrenda xehetua.

g) Ekintza programak, egin asmo diren jarduerak deskribatuta eta programaren metodologia zehaztuta. Bertan, ordezkari horrek asignazioa baino lehen, asignazio denboran eta ondoren ere eginen dituen ekintza guztiak sartuko dira, administrazio eta auzitegi arlo guztietan. Bereizi eginen dira horien artean zein ekintza izan diren eskatzaileei jatorriko herrian egon diren artean lagun egitekoak eta zein izan diren eginkizun delegazioa erabiltzearen ondoriozkoak. Adieraziko ere da ordezkaria zein eskualdetan arituko den eta bai argiro zehaztuko ere zein instituzio publiko edo pribatu baimendunekin eginen duen lan.

h) Plan ekonomikoa, faseka xehetua, dirusarrera eta gastuen gainekoa, argiro adieraziz zer dirukopuru kobratu asmo zaizkien adopzio eskatzaileei prozesuak irauten duen guztian. Proposamen ekonomiko horrek xehetu beharko du zer gastu eta kostu zuzeneko sortzen diren adopzio espedienteak adingabearen jatorriko herrian eta Espainian tramitatu beharretik eta zein sortzen diren entitatearen mantentze, azpiegitura eta langile gastuetatik, entitateak adoptatzaileei egiten dizkien zerbitzu guztien aldera.

i) Entitateak helburu gehiago dituen kasuetan, nazioarteko adopzioetan ararteko lanetan aritzen diren pertsonen eta entitatearen zuzendari lanetan aritzen direnen arteko bateraezintasun deklarazioa.

4. Entitatearen titularrak edo legezko ordezkariak NGOIari adierazi beharko dizkio artikulu honetan aipatu diren datuetan izaten diren aldaketa guztiak.

5. Deialdian finkatuko da zer oinarri eta aginduk definituko dituzten Nazioarteko Adopziorako Entitate Lankideek beren gain hartzen dituzten eskubide-betebeharrak. Kreditazioa emateko, aurretik baloratuko dira jendaurreko deialdiko oinarrietan ageri diren irizpide objektiboak, nahiz eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi duen deialdiko kreditazioa eman gabe gelditu dela deklaratzea, ez baldin badu aurkitzen behar diren baldintzak bete edo gutxieneko puntuazioa lortzen duen entitaterik.

Deialdiak, proiektuak baloratzeko txostena eman behar duen organo teknikoa nola osatuko den zehaztuko du.

6. Lehiaketako entitateak baloratzeko, kontuan hartuko dira, gutxienez, honako irizpide objektiboak:

a) Entitateak eta entitatekideek zer esperientzia duten eta zer jarduera garatu dituzten Espainian adingabeen babesaren eta oro har haur-gaien arloan.

b) Zer esperientzia duten nazioartean adingabeen babesari dagokionez.

c) Zer esperientzia duten nazioarteko eta nazio barreneko adopzio gaietan.

d) Entitateak zer ibilbide izan duen bere jarduerak garatzen estatutuek ezartzen dizkioten helburuak iristeko.

e) Zer jende eta material baliabide dituen nazioarteko adopzioetan ararteko lanetan aritzeko.

f) Entitatearen ekintza proiektua.

g) Entitatearen antolamendu ekonomikoa, zerbitzuaren kalitatearen eta kostuaren arteko harremana baloratuz.

7. Kreditazioa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak emanen du, aurrez konprobaturik Foru Dekretu honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen direla, eta entitate lankideak bere burua lotzen duela kreditazioko baldintza eta eginkizun guztiak betetzera.

8. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak kreditazio emateko, haren zuzendari kudeatzaileak Ebazpen bat emanen du eskaerak aurkezteko epea bukatu eta luzeenez hiru hilabeteko epean. Epe hori iragan eta behar den ebazpena eman ez bada, eskaera ukatutzat hartuko da.

11. artikulua . Ondorioak eta eginbeharrak.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak herri jakin baterako entitate lankideari ematen dion kreditazioak ez du indar hartuko harik eta entitate horrek herri hartako erakunde eskudunen ebazpen formal baten edo bestelako agiri baliodun baten bidez han aritzeko baimena hartzen ez duen arte.

2. Entitate lankidea lotuta egonen da ebazpen hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinarazi eta agiri bidez frogatzera.

12. artikulua . Kreditazioaren indarraldia.

1. Kreditazioa urtebeteko eperako ematen da, eta beste hainbesteko luzatuko da tazituki gehienez bost urte osatu arte, non eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak espreski ukatzen ez duen edo delako NAGELak luzapenari uko egiten ez dion, bi kasuetan epeburua baino gutxienez hiru hilabete lehenago.

2. Kreditazio espresua eten edo luzapenari uko egiten bazaio, entitate lankidea beharturik egonen da kreditazioa eten edo uko egin aurretik hasita zeuden espediente guztien tramitazioa bukatzera.

13. artikulua . Kreditazioaren baliogabetzea.

1. Ebazpen arrazoitu baten bidez eta aurrez behar den kontraesanezko espedientea tramitatuta, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izanen du kreditazioa baliogabetzea, dela aldi bateko dela behin betiko, partez nahiz osorik, honako kasu hauetako edozeinetan: a) entitate lankideak behar diren baldintza eta eskakizunak galtzen dituenean, b) adopzioaren gaineko lege araudiren bat bete ez edo deialdiko oinarrietan eta kreditazio oinarrietan ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituenean, c) ez betetze hori larria izan bada edo kalte-galera handiak sortu baditu, d) adingabearen jatorriko herriko agintari eskudunen baimena lortu ez badu, edo agintari eskudun horiek urtebeteko epean erakundearen esku-hartzea onartzen dutela adierazten duen dokumentua edo e) epe ber horretan inolako nazioarteko adopzio espedienterik tramitatu ez badu.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izanen du, ebazpen arrazoitua emanaz, aldi baterako etetea NAGEL bati espediente berriak ematea, ikusten duenean edo aurreikusten duenean desproportzio handia dagoela edo egon daitekeela tramitatzen ari diren espedienteen eta lortzen diren asignazioen kopuruen artean.

3. NAGEL bati berari egozteko moduko arrazoiengatik kreditazioa baliogabetu bazaio, oinarrietan ezartzen diren zehapenak aplikatuko dira.

4. NAGEL bati berari egozteko moduko arrazoiengatik kreditazioa baliogabetzeak honako ondorioak sortuko ditu:

a) Jarduera gelditzea.

b) Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuari lehendik tramitatutako espedienteak entregatu beharra, eta bai oraindik tramitatzen hasi gabekoak ere, eta erakunde horri aldaraztea jatorriko herrien erakunde eskudunetan dauden espedienteen titulartasuna eta kontrola.

c) Eskatzaileengandik jasotako dirutzekin behar den likidazioa egitea, zertarako erabiliko diren frogatuz eta zeintzuk ez diren aplikatu zuzeneko gastuetarako. Likidazio hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ikuskatu beharko du. Hala bide denean, sobrako dirutza itzuliko du.

Kasu horietan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua arduratuko da espedienteak aurrerarazteaz. Adopzio eskatzaileek, berentzat mesede bada, zilegi izanen dute beste NAGEL bat hartzea, Espainian kreditazioa duena.

V. KAPITULUA. ENTITATE LANKIDEAREN BETEBEHARRAK

14. artikulua . Entitate lankideen betebeharrak.

Entitate lankideak, behin Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak kreditazioa eman dionean, honako betebeharrak izanen ditu:

a) Nafarroako legeak ezagutu, begiratu eta betetzea, kasurako diren Estatu legeak eta adingabeen babeseko eta adopzioko gaietarako kreditazioa zein herritarako hartu duen, bertako legeak eta kasurako diren nazioarteko legeak ere.

b) Kreditazioa zein eginkizun eta jardueratarako eman zaien, haiek guztiak egoki burutzea adopzio gaietan bai Espainian eta bai jatorriko herrian eskudun diren organoek agintzen dizkieten arau eta jarraibideen arabera.

c) Adingabea adoptatzearen aldera diru ordain bidegaberik ez dela frogatzea.

d) Jendaurrean eta erabiltzaileen eskura edukitzea bai emandako kreditazioak eta bai bere zerbitzuen tarifak.

e) Hilero honakoen berri ematea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari:

Zein eskatzaileri eman dien alta eta baja, kontratuaren edo kontratu-bajaren kopia aurkeztuta.

Espedientea noiz bidali zaion jatorriko herriaren organo eskudunari.

Adingabeak noiz asignatu diren.

Adoptatutako edo adoptatzeko tutelatutako adingabeak Espainiara iritsi direla, baldin adingabe horien adopzioan delako NAGELak esku hartu badu eta Nafarroan egoitza duten familiek adoptatu/tutelatu badituzte, adopzio ebazpen edo epaiaren kopia eta, hala bide denean, haren itzulpena aurkezturik, eta horrez gain bai Erregistro zibileko inskripzioa ere, egiten denean.

f) Epez epe Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko teknikariekin bilerak egitea, ekintza irizpide komunak ezarri ahal izateko.

g) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren esku jartzea, berak hala eskatzen badu, bere kreditaziopean egindako lanen gaineko informazio eta dokumentazio guztia.

h) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari adieraztea kreditazio eskaeran aurkeztutako datuetan izandako aldaketa guztiak, hala bide denean aldaketa horri baimena eman dakion.

i) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari urtero txosten bat bidaltzea, beranduenez urteko lehenbiziko hiru hiletan, honako gaiekin:

Egindako jardueren eta NAGELak duen egoeraren gaineko txostena.

Balantze eta aurrekontuak, eta haien osagarri, esplikazio txosten bat.

Auditoriako txosten bat.

Kontu korronteen erabilgarritasun eta mugimenduen gaineko txostena.

Langileen kontratu egoeraren gaineko txostena, eta, hala bide denean, gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetako aldaketen gainekoa.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eskatzen dizkion beste informazio guztiak.

j) Edozein okerkeria, abusu edo irabazi bidegabe jakiten duenean, haien berri ematea eta, hala bide denean, salatzea; irabazi bidegabetzat joko da beste herri batean egoitza duten adingabeak adoptatzeko gastuak berdintzeko behar direnak ez bestelako hobari finantzarioak.

k) Aseguru poliza bat hitzartzea eta gaurkoturik izatea, bere eginkizunetan aritzearen ondoriozko erantzunbehar zibila estaltzeko adinakoa, gutxienez 300.506,05 euroko kopuruan.

l) NAGELaren jende eta material baliabideak egokitzea gaur egun tramitatzen dituen espedienteen benetako kopuruari, lehiaketako oinarrietan dauden irizpideen arabera.

ll) Espediente bukatua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari entregatzea adopzioaren ondoko azken jarraipena bidali eta luzeenez hiru hiletan.

m) Deialdiko oinarriak berariaz ezartzen dituzten beste betebehar guztiak.

15. artikulua . Langileen betebeharrak.

1. NAGEL batean aritzen diren pertsonak, atzerriko ordezkaria ere bai, honako araubide honen menpe egonen dira:

a) Adoptatu eta adoptatzaileen gainean duten informazioa sekretupean eduki beharko dute.

b) Ez da zilegi izanen bere jarduera sektore publikoko beste batekin bateratzea, adingabeen babesari buruzko gaiekin lotura duten lanetan.

c) Ez dute zilegi izanen entitatearen zerbitzuak erabiltzea.

d) Ez dute zilegi izanen nazioarteko adopzio gaietako ararteko lanetan aritzea honako inguruabarretako bat gertatzen denean:

Tratatutako gaian edo hura ebazteko pisudun izan daitekeen beste batean interes pertsonala izatea.

Interesatu batekin liskar auziren bat izatea.

Laugarren graduraino odol ahaide, edo bigarren gradurainoko ezkon ahaide izatea ararteko prozesuan aritzen den edozein interesatu, aholkulari, legezko ordezkari edo agintarirekin, eta haiekin lanbide bulego bat konpartitzea aholku, ordezkaritza edo mandatari lanetarako.

Adiskidantza mina edo ageriko etsaitasuna izatea aurreko atalean aipatuetako batenganako.

Kasuko adopzio prozesuan peritu edo lekuko gisa esku hartu izana.

Gaian interes zuzena duen pertsonarekin zerbitzu harremana izatea, edo nola edo halako zerbitzu profesionaletan aritu izana azken urteetan.

Epai irmo baten bidezko kondena hartu izana adingabe baten kontrako delitu batengatik.

2. NAGELak adingabearen jatorriko herrian duen ordezkariak honako ezaugarriak izan beharko ditu:

a) Pertsona fisikoa izatea. Lurralde egitura konplexua duten estatuen kasuan, zilegi izanen du ordezkari bat baino gehiago izatea. Salbuespenez pertsona juridikoa izanen da.

b) Bere jarduera burutu behar duen jatorriko herrian izanen du egoitza.

c) Gizarte arloan esperientziadun profesionala izanen da, eta haur, familia eta adingabeen babesean esperientzia frogatua duena.

d) Ezagutu beharko ditu jatorriko herriko kondizio sozialak, adingabeentzako babes sistema, adopzio prozedura eta arauak bereiziz.

e) Onartu beharko ditu Haurraren Eskubideen Konbentzioko printzipioak eta ordezgarritasun printzipioaren aplikazioan lagun egin, adingabearen jatorriko herrian eskudun den organismoak bertan adopzioa egiteko aukera guztiak agortu dituela egiaztatuz.

f) Ordezkariak NAGELarekin duen harremana, pertsona fisikoa bada, kasurako diren Espainiako legeetan ezartzen direnetako edozein izan daiteke. Ez da zilegi izanen delako NAGELaren ordezkari aritzea estatu bat baino gehiagotan.

g) Ez da zilegi izanen jatorriko herriko Administrazioaren kide izatea eta ez adingabeak babesteko bertako instituzio publiko nahiz pribatuen arduraduna.

VI. KAPITULUA. ENTITATE LANKIDEAREN EGINKIZUN ETA EKINTZAK

16. artikulua . Entitateak Espainian dituen eginkizunak.

Adopzioa eratu aurretik, entitate lankideak honako eginkizunak izanen ditu Espainian:

a) Nazioarteko adopzioan interesaturik daudenei informazioa eta aholkua ematea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren jarraibideen arabera, bereziki adopzio gai generikoen gainean eta partikularki bera kreditaturik dagoen herrietako baldintza, irizpide eta eskakizunen gainean, nahiz eta zilegi den eginkizun hori zuzenean Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak egitea.

b) Erregistro batean edukitzea zein eskaera jaso diren nazioarteko adopzioak tramitatzeko, sarrera hurrenkeraren arabera ezarrita, eskatzaileek egokitasun ziurtagiria noiz jaso zuten adierazita eta izandako alten berri emanda Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

Nolanahi ere, egokitasun ziurtagiria eta hartarako txosten psikosoziala, zuzenean bidaliko die NAGELei Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak.

Egokitasun ziurtagiria NAGEL bati bidaliz gero, ez zaio beste bati bidaliko harik eta lehenbizikoak frogatu arte hark hasitako prozesua bukatu edo ezeztatu dela, eta eskatzaileei behar den bezala baja eman zaiela.

c) Eskatzaileek eskatuta, nazioarteko adopziorako espedientea osatzea. Hartarako, behar diren dokumentuak eskatuko ditu eta, hala bide denean, itzuliko, eta haiek kautotu eta legeztatzeko behar diren kudeaketak eginen ditu.

d) Nazioarteko adopziorako prestakuntza eta formazio jarduerak egitea, entitate lankidearekin batera, bereziki adopzioa NAGELaren bidez tramitatzen ari diren pertsonentzat.

e) Espedienteko dokumentazioa adingabear5en jatorriko herriko ordezkariari bidaltzea, egokitasun ziurtagiria, txosten psikosoziala eta jarraipena egiteko konpromisoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak luzatuak, barne direla, eta hala egin duela adieraztea delako Erakundeari.

17. artikulua . Jatorriko herriko eginkizunak.

Entitate lankideak jatorriko herrian honako eginkizun eta jarduerak izanen ditu:

a) Adopzio espedientearen dokumentazioa bidaltzea, ordezkaria bitarte, bertan eskudun den agintaritza publikoari, edo hartarako kreditaturik dagoen erakunde pribatuari.

b) Jarraipena egitea eta adopzio prozedura abiaraztea, hartarako erakunde publiko, administratibo edo/eta judizial eskudunekin behar diren harremanak eginaz. Hartarako, tokatzen diren erakundeei eskatuko dizkie dokumentuak hala behar denean.

c) Eskatzaileei eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari aditzera ematea zertan den adopzio espedientearen tramitazioa.

d) Adingabearen jatorriko herriko erakunde ofizialetik jasotzea adingabearen aurre-asignazioari buruzko dokumentua. Bertan hainbat informazio jasoko dira: haurra nor den, zer adopzio gaitasun duen, zer gizarte girotakoa den, nolako eboluzio pertsonal eta familiarra izan duen, zer historia mediko eta zer premia partikular dituen. Hartarako, herrian-herrian eskura dauden iturri fidagarriak erabiliko dira. Ordezkariak arta hartuko du informazioa egiazkoa, objektiboa eta behar bezala konprobatua izan dadin. Horrez gain, ordezkaria eginahalean saiatuko da asignazio proposamena egokitzat jotako pertsonen gaitasunen araberakoa izan dadin.

e) Informazio gehiago eskuratzea ordezkariaren bidez aurre-asignatu den adingabearen gainean Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak hala eskatzen badu, eman den informazioa gutxiegikotzat jota.

f) Adingabearen aurre-asignazioa jakinaraztea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, modu arrazoituan onespen ala ukazio ebazpena eman dezan adingabearen eta eskatzaileen ezaugarrien arabera, txosten psikosozialean finkatu diren gaitasunak oinarri. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren ebazpenak aurrera eraginen dio prozedurari. Halaber, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak familiari jakinaraziko dio aurre-asignazioa eta haren gainean egiten duen balorazioa.

g) Adingabearen jatorriko herriko erakunde ofizialean duen ordezkariaren bitartez, aurre-asignazioa onartu ala arbuiatzeko dokumentua, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak luzatua, aurkeztea eta, hala bide denean, eskatzailek onartu ala arbuiatzeko dokumentua.

h) Hala behar denean, kudeatzea interesatuek ahalordeak emateko prozedura adingabearen jatorriko herriko organo judizial eta administratibo eskudunen aurrean abokatuek edo/eta prokuradoreek edo bestelako profesionalek jarduteko.

i) Ordezkariaren bidez osatu eta aurkeztea espedientearen tramitazioan jatorriko herriko organo eskudunak eskatzen dituzkeen dokumentu berriak edo lehengo dokumentu gaurkotuak, behar bezala legeztatuak eta kautotuak.

j) Egiaztatzea adingabeak betetzen dituela Espainian sartu eta bertan egoitza hartzeko behar diren baldintza guztiak, eta bere duela adopzio osoa gure herrian aitortzeko edo hala bide denean, Espainian hura eratzeko behar den dokumentazio guztia.

k) Interesatuei jakinaraztea zer datatan joan daitezkeen adingabearen jatorriko herrira adopzioaren tramiteak bukatzeko.

l) Interesatuei lagun egitea legeztatze kudeaketetan, eta bai adingabearen jatorriko herriko Espainiako kontsul egoitzetan egin behar direnetan ere, hala bide denean adopzioa inskribatzea eta pasaportea eskuratzea barne direla.

ll) Eskatzaileei, jatorriko herrira joaten direnean, lagun egin eta orientatzeko zerbitzuak ematea.

m) Ordezkariaren bidez lagun egitea adingabea adopzioaren aurretik prestatzen, haurrari, dagoen tokian bisita eginez eta herritik atera arte haurraren egoerari jarraipen egiten zaiola konprobatuz.

n) Ordezkariaren bidez adingabeari eta familiari lagun egitea guraso-haurren arteko toporako eta herritik atera arte sortzen diren kontuetarako.

ñ) Ordezkariaren bidez egiaztatzea adingabearen jatorriko herriko agintaritza zentral eskudunak jaulki duela Adopzioa Hayako Hitzarmenaren arabera egin delako frogagiria, adopzioa delako Hitzarmena berretsi duten herriekin egiten den kasuetan.

18. artikulua . Adopzioaren ondoko eginkizunak.

Behin adopzioa gauzatu ondoren, NAGELak honako eginkizun eta jarduerak izanen ditu Espainian:

a) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinaraztea adopzioa bera edo, hala bide denean, Espainian adoptatzea helburu egindako legezko tutela eratu direla, eta adingabea Espainiara iritsi dela, eta adopzio edo tutela ebazpenaren kopia erkatua ematea.

b) Adingabearen jatorriko herriko organo eskudunari igortzea, hark hala eskatzen badu eta hark esaten duen bezain maiz, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak egiten dituen jarraipen txostenak, adingabearen eboluzio eta etsitzearen gainekoak.

c) Adoptatzaileei aholku eman eta bultzatzea adopzioa Erregistro Zibil zentralean inskribatzeko eskatzera, hala egin ez bazen adingabearen jatorriko herriko Espainiako kontsulatuan herritik atera baino lehen.

d) Arta hartuko du, Espainian adoptatzea helburuko legezko tutela eratu den kasuetan, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak adopzioa proposa diezaion Espainiako organo judizial eskudunari, edo zuzenean interesatuak berak proposa diezaion, adopzio hori eratu behar den moduaren arabera.

e) Hilero jakinaraztea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari zein adingabe adoptatu edo adoptatzea helburu tutelatu iritsi diren Espainiara, delako NAGELak tramitazioan esku hartu duenak.

f) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinaraztea eta adingabearen jatorriko herriko organo eskudunari, adopzio ebazpena kasuko Erregistro Zibil Zentralean edo kontsulatukoan inskribatu dela, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari inskripzio horren kopia bat ematea.

VII. KAPITULUA. LANGILEEN ARAUBIDEA

19. artikulua . Araubide berezia.

Entitateak bere estatutuetan bestelako helburuak agertzen baditu, adingabeen babesaz gain, entitateko zuzendaritzako organoetako kideak honako araubide honen pean egonen dira:

1. 15. artikuluko 1. idatz-zatian langileei ezartzen zaizkien betebeharrak, entitateko zuzendaritza organoetako kideei ere aplikatuko zaizkie.

2. Ez da zilegi izanen entitateko zuzendaritza organoetako kideek ararteko lanekoak diren eginkizun tekniko saridunak egitea, non eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak salbuespenez hartarako baimen espresua ematen ez dien, aurretik eskaera justifikatua eginik.

3. Zuzendaritza organoetako kideek behar bezalako jokabide zintzoa izanen dute estatutuetako helburuak iristeko jardueretan.

VIII. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA

20. artikulua . Prezio tarifatua.

NAGEL kreditatuak zilegi izanen du ararteko zerbitzuak egitearen aldera diruzko ordainsari bat kobratzea haren esku-hartzea eskatu duten interesatuei, prezio tarifatuaren kontzeptuan. Ordainsari hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak onetsiko du kreditazio ebazpenean, eta adopzio eskaerak tramitatzeak sortzen dituen gastuak berdintzeko erabiliko da, ordezkariaren gastuetarako eta NAGELa mantentzeko gastu orokorretarako.

21. artikulua . Kontraprestazioen mugak.

Kontraprestazio horietatik osotara eskuratzen diren dirusarrerak eta ararteko lanerako dirulaguntza, emaitza eta beste iturrietatik lortzen direnak ere, ez dira izanen 7.l) artikuluak aipatzen duen azterlan ekonomikoak justifikatzen dituen kostu eta gastuak baino gehiagokoak.

22. artikulua . Soberakinak aldatzea.

Urte bateko ekitaldian adopzio lanek soberakina sortzen badute, soberakin hori aurrekontu berera aldatuko dira, espediente berrien tramitazio kostuak gutxitzeko, baina inoiz ez dira entitatearen aurrekontu orokorrera aldatuko.

23. artikulua . Adopzioaren gastuak.

1. Honako gastu hauek dagozkie nazioarteko adopzioa eskatu dutenei:

a) Adopzio espedientea Espainian tramitatu beharrak sortzen dituen zuzeneko gastuak, hala nola dokumentuak lortu, itzuli eta kautotzekoak eta antzeko kudeaketetarakoak.

b) Espedienteak jatorriko herrian tramitatu beharrak sortzen dituen zuzeneko gastuak, hala nola diren dokumentuak lortu, itzuli edo kautotzekoak eta antzeko kudeaketa batzuetarakoak, hala bide denean, abokatu eta prokuradoreak esku hartzekoak eta ordezkariaren berariazko kudeaketenak.

c) Gastuen arabera finkatu prezio tarifatua, NAGELaren azpiegitura eta langileak mantentzeko, kudeaketa gastuak ere barne. Mantentze gastuak justifikatu behar zaizkio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, eta egokiak eta arrazoizkoak izanen dira, herriko biziaren kostua eta egin beharreko eginkizunak kontuan harturik.

d) Adingabearen ostatu-mantenurako gastuak, aurre-asignazioa onartu ondorengoak, legeek edo adingabeentzako zentroen jardunbideak hala agintzen duen kasuetan. Ez da zilegi izanen gastu horien artean adoptatzaileak aurre-asignazio onartu baino lehenagokoak sartzea.

2. 1. zenbakiko a), b) eta d) atalei dagozkien gastuak dokumentu bidez justifikatu behar dira kasurako hartu-agiri eta fakturen bidez.

Eskatzaileek kontzeptu horiengatik NAGELari ematen dizkioten dirukopuruak fondo probisio bat izanen dira, behin prozesua bukatu edo kontratu harremana desegin ondoren justifikatu beharrekoa.

3. artikulu honetako 1.c) ataleko gastuak berdintzeko, NAGELak zilegi izanen du kreditazioa emateko deitzen den lehiaketa publikoaren ondoriozko prezio tarifatua kobratzea.

4. Salbuespenez, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar den baimena emanik, Elkarte edo Fundazioko gobernu organoetako kideek ararteko eginkizun teknikoak egiten badituzte, zein ere postu duten barne antolamenduan (presidentea, koordinatzailea, kudeatzailea...), ez dute zilegi izanen eginkizun horien aldera delako Entitate Publikoak eginkizun horietarako ezartzen duen dirutza baino gehiago kobratzea, eta ez beren arduragatik, beren teknikari lanagatik baizik. Delako NAGELak Komunitate Autonomo bat baino gehiagotan kreditaturik badago, diru hori guztien artean proportzionalki banatuko da.

5. Prezio tarifatua urtero errebisatuko da, Nafarroako Foru Komunitatean eskudun den erakundeak argitaratzen duen Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera. Zilegi izanen ere da errebisatzea ohiz gaineko zirkunstantziengatik hala bide denean, NAGELaren bideragarritasun ekonomikoa segurtatu eta dituen espediente kopurua tratatu ahal izateko.

6 Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ontzat emandako prezio tarifatuak eta azterlan ekonomikoa, kreditazio ebazpenean edo hala bide denean, ondorengo aldaketetan onartuak, kopia dilijentziatuaren bidez NAGELaren oholean jendaurreratu behar dira, ongi agerian, eta haren kopia bakuna eman beharko zaie eskatzen duten pertsonei.

7. NAGELeko langileen soldata gastua ez da izanen legez nahiz konbentzioz oro har lurralde osorako eta antzeko jardueretarako ezarrita dagoena baino handiagoa. Adingabearen jatorriko herrian duen ordezkariak ez du inoiz bere soldata espediente bukatu bakoitzeko jasoko, epez epeko dirukopuru finko baten bidez baizik, zein ere lan lotura duen NAGELarekin.

24. artikulua . Bestelako betebeharrak.

1. NAGELak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari jakinarazi behar dizkio kreditaziorako aurkeztu azterlan ekonomikotik aldentzen diren kostu aldaketa guztiak, Kontsumoko Prezioen Indizeak urtero duen igoera kontatu gabe.

2. NAGELak kontu korronte bakarra eta bere buruzkoa izanen du kudeaketarako, eta hala behartzen denean, beste bat atzerriko herri hartan.

3. NAGELaren kontabilitatea Kontabilitate Plan Orokorraren araberakoa izanen da eta Dekretu honen garabidean emanen diren arau osagarrien araberakoa.

IX. KAPITULUA. NAGELEN GAINBEGIRATZEA ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA

25. artikulua . Gainbegiratzea eta kontrola.

1. Gizarte Ongizate Departamentuko Ikuskaritzak ikuskatuko dizkio NAGELari adingabeen adopzioetan duen kreditazioaren arabera egindako ararteko jarduerak, Foru Dekretu honek eta maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuak agintzen duenaren arabera (Gizarte Zerbitzuen gaietako Baimen, Arau-hauste eta Zehapenei buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzeko Foru Dekretua).

2. Aurreko lerroaldean agintzen dena ezertan galarazi gabe, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak gainbegiratu eta kontrolatuko ditu NAGELak. Hartarako, NAGELetan laguntza hartutako pertsonek aurkeztu erreklamazioen erregistro bat eramanen da. Halaber, Estatuko Administrazioan eskudun den organoari aditzera emanen dio zein NAGEL dauden kreditaturik, hark jarduerako atzerrian eskudun den organoari jakinarazi diezaion.

3. Ikuskaritzaren jarduera administrazioak hasiko du, ofizioz, edo partikularren kexa edo salaketa izan ondoren parte batek hala eskatuta. NAGELak beharturik daude Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari ematera eskatzen dien informazio eta dokumentazio guztia, edo ikuskaritza lanerako ardurako den beste edozein jakingai.

4. Prozedura edozein unetan arau-hauste penaltzat hartzeko moduko egintza edo gertaerak atzematen badira, hala emanen zaio aditzera Ministerio Fiskalari, eta haren ekintzen berri emateko eskatuko zaio, eta berri hori hartuta, subjektu, gertaera eta fundamentuak bat bera direla juzgatzen bada, eten eginen da zehapen prozedura administratiboaren tramitazioa organo judizial eskudunak ebatzi arte.

5. NAGELek ematen duten ararteko zerbitzuaren balorazio objektibo eta jarraitua eskuratzeko, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua kalitatea kontrolatzeko sistema bat ezarriko du, galdeketen eta beste ikerketa tekniken bidezkoa, baloratzeko zenbaterainoko satisfazioa eman duen zerbitzuak. Galde orri horiek zerbitzuaren erabiltzaileek bete behar dituzte, behin adopzio prozesua bukatu ondoren, hau da, adingabearen adopzio ondoko jarraipena hasten denean.

26. artikulua . Autonomien arteko koordinazioa.

NAGEL batek Nafarroakoaz gainera beste Komunitate Autonomo batean edo batzuetan hartzen duenean kreditazioa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar bezalako koordinazioa ezarriko du haietan eskudun diren organoekin gainbegiratze eta kontrol lanak egiteko.

27. artikulua . Erreklamazioak eta kexak.

1. Erabiltzaileek zilegi dute bai NAGELari eta bai Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari erreklamazioak eta kexak aurkeztea, bidezko iruditzen zaien dokumentazioarekin batera, azaltzen diren gertaerak frogatzeko.

2. NAGELari aurkezten badizkiote, hark 72 orduko epean bidali beharko dizkio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 38.4 artikuluan finkatzen direnetako edozein bide erabiliz.

3. Erreklamazioaren ondorioz administrazio arau-hauste bat izan dela ateratzen bada, zehapen espedientea eratzeko modukoa, edo juzgatzen bada kreditazioak dakartzan betebeharrak bete ez eta horregatik kreditazioa baliogabe litekeela, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ofizioz hasiko du tokatzen den espedientea tramitatzen, kasuan-kasuan legez ezarrita dagoen prozeduratik. Hasiera emateko Erabakia baino lehen, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izanen du aurre-informazioko aldi bat hastea, kasu jakin horren inguruabarrak zein izan diren eta prozedura hastea bide den ala ez jakiteko.

4. Delako erreklamazio edo kexak helburu duen arau-haustea, penala edo administratiboa, ez bada kreditazioak dakartzan betebeharrak bete ez eta ondorioz kreditazio hori baliogabetzeko espediente bat eratzen hasteko modukoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zilegi izanen du, ararteko gisa eta kexa edo erreklamazioaren arabera, partedunei deitzea, delako kexa ebazteko moduko akordio bat eginahalean lortzeko.

5. Erreklamazioaren ondorioz juzgatzen bada NAGELak kreditazioak dakartzan betebeharrak ez dituela bete, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ofizioz hasiko du kreditazioa baliogabetzeko kontraesanezko espediente bat.

28. artikulua . Kasurako arauak.

NAGELak Gizarte Zerbitzuen gaietako Baimen, Arau-hauste eta Zehapenei buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legean eta haren garabideko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuan ezarritako arau-hauste eta zehapen araubidearen menpe egonen dira.

29. artikulua . Datu pertsonalak laga eta erabiltzea.

Datu pertsonalak Fitxategi automatizatuen bidez erabili eta lagatzeko, Datu pertsonalak automatikoki nola tratatu arautzeko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoak agintzen duena hartuko da aintzat.

Xedapen Iragankorra

Sei hilabeteko epean Nafarroako Foru Komunitatean kreditatu diren entitate guztiak Foru Dekretu honek agintzen duenaren arabera moldatu beharko dira.

Xedapen Indargabetzailea

1. Indargabetzen da ekainaren 24ko 256/1996 Foru Dekretua (arautzen du nola kreditatu nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateak).

2. Foru Dekretu honek agintzen duenari kontra egiten dioten xedapen guztiak indargabetzen dira.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari, bere eskumenak erabiliz, Foru Dekretu hau garatzeko.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: a0208438

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web