(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

168/1999 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 17KOA, NAFARROAKO TELEKOMUNIKAZIOEN KONTSEILU AHOLKU-EMAILEA SORTZEN DUENANota de Vigencia

BON N.º 71 - 07/06/1999



Atariko

Azken urteotan telekomunikazioetan izandako funtsezko eboluzioak, zabalkunde gero eta azkarragoak eta etorkizunari begira duen ahalmen itzelak gero eta eragin handiagoa dute gizartearen sektore desberdinetan, izan ere, sektore horiek inplikatu egiten dituzte arlo horretan hartzen diren erabakiek.

Horregatik komeni da ukitutako sektoreen eta Foru Komunitateko administrazio organoen artean harremanak eratzea telekomunikazioen arloan.

Horretaz oharturik, Nafarroako Gobernuak egoki juzkatu du telekomunikazioen arloan organo aholku-emaile bat sortzea, ukituriko sektore desberdinen partaidetzari bide eman diezaion.

Horrenbestez, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Aholkularitzako organo izateko eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikirik, Nafarroako Telekomunikazioen Kontseilu Aholku-emailea sortu da. Foru Dekretu honetan ezarritakoari lotuko zaio bere eraketan eta funtzionamenduan.

2. artikulua . OsaeraNota de Vigencia.

Honako hauek osatuko dute Nafarroako Telekomunikazioen Kontseilu Aholku-emailea:

Mahaiburua: Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

Buruordea: Informazioaren Gizarterako zuzendari nagusia.

Idazkaria: hizpidea bai baina botorik gabe, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko funtzionario bat.

Kideak:

a) Foru Komunitateko Administrazioko edo haren Erakunde Autonomoetako hiru kide. Horietako bat Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria izanen da eta beste biak, berriz, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko ordezkariak.

b) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkari bat.

c) Nafarroako Industriaren Elkarteko ordezkari bat.

d) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.

e) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten bi sindikatuetako ordezkari bana.

f) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen enpresarien elkarteko ordezkari bat.

g) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteko ordezkari bat.

h) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkari bat.

i) Nafarroako Unibertsitateko ordezkari bat.

j) Nafarroako Foru Komunitatean telekomunikazio zerbitzuak ematen dituzten enpresen ordezkari bat, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak hautatuko duena.

k) Sustapen Ministerioko Telekomunikazioen Ikuskapenerako Burutza Probintzialeko ordezkari bat.

l) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko ordezkari bat.

m) Nafarroako Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteko ordezkari bat.

3. artikulua . Laguntza.

Kontseiluburuak, hala behar denean, aditu batzuei gonbitea luzatzen ahal die Kontseiluari aholkua eman diezaioten.

4. artikulua . Izendapena eta kargu uztea.

Kontseilukideen izendapena, beren karguagatik izendatutakoak salbu, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren ardura izanen da, 2. artikuluan aipatutako entitateek proposatuta.

Kontseilukideen agintaldia lau urterako izanen da, j) letrako kasuan izan ezik, eta epe hori bukaturik berriro ere hautatuak izan daitezke. Hala eta guztiz ere, 2. artikuluko b) idazatian eta hurrengoetan aipatzen diren entitateek ahalmena izanen dute, noiznahi eta behartze indarra duelarik, edozein kideren kargu uztea eta ordeztuko duenaren izendapena proposatzeko.

Era berean, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak edozein momentutan gainerako kideak kargutik kendu eta beste batzuk izendatu ahalko ditu. Kontseilukideek kargua utzi ahalko dute uko eginez.

5. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Telekomunikazioen Kontseilu Aholku-emaileak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Telekomunikazioen esparruan interesgarriak diren gaiak aztertu eta haiei buruzko txostenak egitea, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak agindu bezala.

2. Telekomunikazioen arloan Administrazioak aurreikusitako lerro nagusiak eta erregulazio eta jarduketa proiektuak ezagutzea eta haietaz txostenak egitea. Telekomunikazioei buruzko Foru Lege proiektuez txostena egitea ezinbestekoa izanen da.

3. Telekomunikazioen esparruan egokiak iruditzen zaizkion neurriak Nafarroako Gobernuari proposatzea.

6. artikulua . Bilkurak.

Kontseiluak urtean behin bederen bilkura arrunta eginen du.

Aparteko bilkurak egin ahalko dira kontseiluburuak deituta, haren ekimenez edo kontseilukideen herenak eskatuta.

7. artikulua . Antolaketa eta funtzionamendua.

Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean organo kolegiatuentzat xedatutakoari egokituko zaizkio.

Xedapen Gehigarria

Kontseilua eratzeari ekiteko, Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean 2. artikuluan aipatutako entitateek Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari jakinaraziko diote zein diren kontseilukide izateko proposatutako pertsonen izenak.

Azken Xedapenak Lehena

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A9905267

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web