(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

16/1997 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 27KOA, IRUÑERRIKO "GARRAIOAREN HIRIA" IZENEKOAN INBERTITU NAHI DUTEN ENPRESENDAKO INBERTSIOENGATIKO KENKARIAREN ARAUBIDE BEREZIA GARATZEN DUEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENANota de Vigencia

BON N.º 17 - 07/02/1997



  ERREGELAMENDUA, "GARRAIOAREN HIRIA" IZENEKOAN INBERTITZEAGATIKO KENKARIAREN ARAUBIDE BEREZIA APLIKATZEKO


Atariko

Nafarroako garapen ekonomikorako garraio eraginkor eta lehiakorra izatea garrantzitsua denez gero, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du arlo horretako zerbitzuen azpiegitura egokia sortzeko ardura, Iruñerriko Garraioaren Zentro bateratu edo Terminala, "Garraioaren Hiria" izenekoa, eraikitzearekin.

Azpiegitura horren erabilpen eta aprobetxamendu osoa erdiesteko gogoz, badirudi bidezko dela mozkin zenbait finkatzea, alegia, 1997 eta 1998ko urteetan gune horretan garraio enpresak eta horiei atxiki zerbitzuak ezarri eta inbertsioak egin ditzaten.

Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Bateginaren 22 B) lehena artikuluan bildutako inbertsioengatiko kenkariaren araubide bereziaren babesean, hori baita Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen bigarren xedapen indargabetzailean ezarritakoarekin bat etorriz gaur egun indarra duena, eta kontuan izanik Foru Lege horretan Nafarroako Gobernuari ahalmena eman zaiola hura burutu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen arautzaileak emateko.

Horrenbertzez, Ekonomi eta Ogasun, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra

Iruñerriko "Garraioaren Hiria" izenekoan inbertitu nahi duten enpresendako inbertsioengatiko kenkariaren araubide berezia garatzen duen Erregelamendua onetsi da; testua, hitzez hitz, hau da:

ERREGELAMENDUA, "GARRAIOAREN HIRIA" IZENEKOAN INBERTITZEAGATIKO KENKARIAREN ARAUBIDE BEREZIA APLIKATZEKO

1. artikulua . Inbertsioengatiko kenkari bereziaNota de Vigencia.

Noain-Elortzibarren kokatu Iruñerriko "Garraioaren Hiria" izenekoan ezartzeko gogoz 1997, 1998, 1999 eta 2000. urteetan inbertsioak egin nahi dituzten Zergaren subjektu pasiboak, Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Bategineko 22. artikuluko B) Lehena letran arautu inbertsioengatiko kenkariaren araubide berezira bil daitezke.

2. artikulua . Kenkaria aplikatzea.

1. 1997, 1998, 1999 eta 2000. urteetako ekitaldietan, oso-osorik edo hein batean, egin nahi diren inbertsioen ehuneko hogei bitarteko kenkaria izan daitekeNota de Vigencia.

2. Kenkaria kuota likidoari aplikatu zaio, hau da, kuota osoari Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen VI. Tituluko II, III eta IV. kapituluetan aipatu hobarien, ezarketa bikoitzeko kenkariaren eta pizgarriengatiko kenkarien zenbatekoa kendu ondoren ateratakoari.

3. artikulua . Kenkariaren mugak eta epeak.

1. Kenkaria kuota mugarik gabe aplikatuko da eta kuota osokoa ere izan daiteke; hori hala izanik, sujetu pasiboak bere borondatez aurkezten duen aitorpenetik ateratako tributu kuotei bakarrik aplikatuko zaie.

2. Kuotaren askieztasuna dela-eta gauzatu ez diren kenkariak hurrengo bortz ekitaldi jarraietan ken daitezke.

Kenkaria aplikatzeko epearen konputua gibelatzen ahal da emaitza positiboak erdiesten diren lehen ekitaldira arte, zergaren preskripzio aldiaren barnean eta hurrengo kasuetan:

a) Berritik sortu diren enpresetan.

b) Administrazio publikoek onetsitako birmoldaketa planetara edo plan berezietara bildutako enpresetan.

c) Aurreko ekitaldietan galerak izan dituzten enpresetan, galera horiek bertze baliabide batzuen ekarpenarekin saneatzen badituzte; ez da horrelakotzat hartuko erreserben aplikazio edo kapitalizazioa.

d) Inbertsio proiektuak egiten dituzten enpresetan, inbertsio horiek administrazio publikoetako laguntza ofizialetara bildutako ikerketa eta garapen proiektuak egitearen ondorioz sortuak badira.

4. artikulua . Kenkariaz baliatzeko baldintzak.

1. Kenkaria aplikatzen ahal zaien ondasunak.

1.1. Kenkari berezia aplikatzen ahal zaie ondorengo kategorietako baten barnean sartutako ondasunetan egiten diren inbertsioei:

a) Makineria eta instalazioak.

b) Barne zirkulazioko ibilgailuak.

c) Eraikinak.

d) Eraikinak eta instalazioak eraikitzeko lurrak.

1.2. Orokorrean, ondasun berriak izanen dira, hots, estrainekoz erabili edo abian jartzen direnak.

Ohiz kanpo bada ere eta hala gomendatzen duten egoera berezietan, Nafarroako Gobernuak baimena eman dezake lehenagotik erabilitako ondasunetan ere inbertsioengatiko kenkaria egiteko.

2. Bertze baldintza batzuk:

a) Inbertsioak 1997, 1998, 1999 eta 2000. urteetan egitea, Erregelamendu honetako 6. artikuluko irizpideekin bat etorrizNota de Vigencia.

b) Sujetu pasiboak ondasunak 1. artikuluan aipatu enpresa jarduerei atxikitzea.

c) Pizgarriengatiko kenkariaren araubide orokorrari dagokionez, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen VI. Tituluko IV. kapituluan ezarritakoa betetzea.

d) Ondasun horiendako beroriendako lehenago bertze Departamentu eskudun batek inolako dirulaguntzarik emana ez izatea.

5. artikulua . Kenkarirako oinarria.

1. Ondasunen eskurapenetan kenkariaren oinarriaren zati izanen da hitzartutako kontraprestazio osoa, korrituak eta Nafarroako Foru Komunitateko edo Estatuko zeharkako zergak eta horien errekarguak izan ezik; azken horiek ez dira oinarrian konputatuko, ondasun horiek baloratzearen ondorioetarako kontuan hartzea galarazi gabe.

2. Sujetu pasiboak berak fabrikatu edo eraikitako ondasunak direnean, kenkaria ondasun horiek fabrikatu edo eraikitzeko kostuaren oinarriari aplikatuko zaio. Kostu horren barnean sartuko dira kostu zuzenak nahiz zeharkakoak, hots, sujetu pasiboak berak daraman kontabilitatean egiaztatuko direnak.

3. Kenkariaren oinarria ez da ondorengo eragiketetan sujetu independienteek elkarren artean eta merkatuko baldintza arruntetan hitzartuko luketen prezioa baino handiagoa izanen:

a) Zerga ondorioetarako talde sendotu bereko partaide diren sozietateen artean.

b) Sozietate garden baten eta haren bazkideen artean.

c) Sozietate baten eta pertsona edo entitate lotetsien artean, abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua . Kenkaria noiz konputatu.

Kenkaria izateko eskubidea duten ondasunetako inbertsioak zein zergalditan eginen diren kalkulatzeko, honako irizpide orokor hauek hartuko dira kontuan:

a) Zergaldi bat baino epe txikiagoan burutzen diren inbertsio proiektuetarako, abian jartzen direnean, horiek entregatu edo eskura jarri ondoren.

b) Zergaldi bat baino epe handiagoan burutzen diren inbertsio proiektuetarako, ekitaldi bakoitzean konputatu beharreko kenkaria ekitaldi horretan burututako proiektuaren hein bateko exekuzioari dagokiona da.

c) Enpresak bere higiezinerako burutzen dituen lanei dagokienez, inbertsioa egindakotzat joko da lana bukatzen denean eta horri dagokion kostua gauzatzen denean.

7. artikulua . Bateraezintasunak.

Ondasun eta zenbateko berendako kenkariaren araubide hau indarra duen legerian aurreikusitako bertze zerga eta finantza-onurekin bateraezina da.

8. artikulua . Kenkari berezia emateko jardunbidea.

1. Kenkari berezi honetaz baliatu nahi duten pertsona edo entitate interesatuek behar den eskabidea aurkeztuko dute inbertsioak egin eta abian jarri baino lehenago.

2. Behar den espedientea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan tramitatuko da.

3. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, behin espedientea osaturik, gehienez ere 45 egun izanen ditu hori aztertzeko; espedientearen berri ematen duen txostenarekin batean behar den Erabakia hartzeko proposamena ere igorriko dio Nafarroako Gobernuari.

4. Nafarroako Gobernuak, ikusirik jasotako txosten eta proposamena, eskatutako kenkaria eman edo ukatzeko erabakia hartuko du. Aipatu erabaki horretan ezarriko dira aplikagarri den kenkariaren portzentaia, inbertsioen gehieneko zenbatekoa, zeinei kenkari hori aplikatuko baitzaie, proiektuko inbertsioak egiteko gehieneko epea eta kenkariaz benetan baliatzeko enpresak bete behar dituen baldintza eta beharkizunak.

5. Proiektuko inbertsioak bukatu edo behar den ekitaldia iraganik, inbertsio horiek ekitaldi diferenteetan egin behar badira, hilabeteko epean enpresak dokumentazioa igorriko dio departamentu eskudunari, inbertsioak egin direla eta, hala behar denean, kenkariaz baliatzeko erabakian finkatu ziren baldintza eta beharkizunak bete direla egiaztatzearren.

6. Jasotako dokumentazioa aztertu eta bidezkoak diren egiaztapenak eginik, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak txostena idatziko du; horretan agertuko dira: benetan egin diren inbertsioen zenbatekoa, horiek oinarri harturik enpresak egin behar duen kenkaria eta ezarritako baldintza eta beharkizunak bete direla.

Aipatu txosten horretan antzematen bada enpresak hasierako proiektuari jarraitu diola garrantzizko desbideraketarik egin gabe, txostena Ekonomi eta Ogasun Departamentura igorriko da eta horren emaitzen berri emanen zaio enpresari.

Aipatu txosten horretan antzematen bada, hasieran aurreikusitako inbertsioekin alderatuz, anitzez ere inbertsio gutxiago egin dela edo eskatutako baldintza eta beharkizunak funtsean ez direla bete, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Nafarroako Gobernuari proposatuko dio emandako kenkaria ezabatu eta, hala behar denean, bertze bat ematea, egoera berria zein, hari dagokion portzentaia duena.

7. Sujetu pasiboek zergaren aitorpenari kenkaria emateko erabakiaren kopia erantsiko diote eta, hala behar denean, espedientea zein departamentuk tramitatu zuen, hark igorri komunikazioa, egindako inbertsioen zenbatekoei eta horiek oinarri harturik egin beharreko kenkariari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Erregelamendu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, baldintza eta beharkizun berdinekin, garraioarekin zerikusirik duten enpresa edo lanbide jarduerak garatzen dituzten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren sujetu pasiboei, horien etekinak zenbatespen zuzeneko araubidean zehazten badira.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, José María Aracama Yoldi.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A970909

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web