(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

154/1999 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 10EKOA, NAFARROAKO ERREPIDE SAREKO ZEHARBIDEAK ETA HAIEK BERRITZEKO OBRAK EGITEKO PROZEDURA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 70 - 04/06/1999



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ZEHARBIDEEN INBENTARIOA


  III. KAPITULUA. ZEHARBIDEETAN OBRAK EGITEKO ETA HAIEK FINANTZATZEKO PROZEDURA


Atariko

Nafarroako Foru Diputazioak, errepide-zeharbideetan hobekuntzak egiteari buruzko 1971ko martxoaren 12ko erabakiaren bidez, hobekuntza horiek Foru Diputazioaren aurrekontuetan horretarako utzita dagoen kopuruaren kontura egiteko prozedura ezarri zuen, eta horrez gainera Diputazioaren eta ukituriko udalen eta kontzejuen betebeharrak adierazi zituen.

Erabaki horretan ez da ageri obra horietan gerta litezkeen gora-behera guztiei erantzuteko behar hainbat arau, eta ez dira behar adina mugatu hobekuntzetan interesa duten administrazio publikoen eskubide eta betebeharrak.

Beste alde batetik, zeharbideei buruzko berariazko arautegia ez egoteak hainbat arazo sortzen du, ez baitago modurik haiek identifikatzeko eta, hala, Foru Komunitatearen eta toki entitateen eskumen-eremuak mugatzeko.

Foru Dekretu honen bidez bukatu egin da egoera hori: zeharbideak definitu dira; haien izaera, titulartasuna eta beraiek kudeatzeko ahalmenak zehaztu dira; hiri bide nola bihurtuko diren arautu da; zeharbideen inbentarioa egiteko agindu da; eta, batik bat, haietan obrak egiteko prozedura eta obrok finantzatzeko era arautu dira. Horiek denak Nafarroako Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1f) artikuluak Nafarroari errepideen arloan iratxiki dizkion eskumenak eta Errepideen Defentsari buruzko urriaren 10eko 11/1986 Foru Legearen azken xedapenetatik lehenean ezarri dena erabiliz egin dira; azken horrek, hain zuzen, ahalmena eman dio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Horiek direla bide, eta Toki Araubidearen Foru Batzordeak aldeko erabakia eman ondoren, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Kontzeptua.

1. Foru Dekretu honek ondoreak izan ditzan, zeharbidetzat hartuko da errepideetako hiri tarte oro, baldin eta ertzetako bat hirigintzako legeriaren arabera hiri lurzoru gisa sailkaturiko lurren mugakide bada eta herriko hiri egituraren osagai den eraikin sendoturik badago.

2. Herriko sarbide den errepideak aurrera egiten ez badu, hirigunearen sarreran bukatzen dela ulertuko da.

2. artikulua . Izaera, titulartasuna eta kudeaketa.

1. Zeharbideak demaniozko ondasunak dira eta denon erabilerarako. Beraien titularra Nafarroako Foru Komunitatea da Nafarroako Errepide Sareko errepide batean daudenean, errepidea ibilgailuen zirkulaziorako gaituriko zoladuragunea dela, bazterbideak barne, egonez gero.

2. Zeharbideak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari atxikita daude, eta Departamentu horrek baliatu behar ditu haien gaineko jabari-eskumenak bere eskumeneko azpiegiturak artatu eta erabiltzeko; hala ere, Departamentu horrek kasuan kasuko toki entitatearekin zeharbideak ahalik ongien artatu eta erabiltzeko bidezko deritzona hitzar dezake.

3. artikulua . Zeharbideak hiri bide bihurtzea eta birkalifikatzea.

1. Zeharbideak hiri bide bihurtzen direnean, toki entitateei emanen zaizkie. Horretarako, kasuan kasuko toki entitateak proposaturik, edo Departamentuak berak bestela (toki entitatea entzun ondoren), espedientea instruituko da eta Nafarroako Gobernuak ebatzi eginen du.

2. Aurreko idazatian xedatutakoak ondoreak izan ditzan, zeharbide bat hiri bide bihurtzeko ondoko beharkizunetako bat gertatu behar da:

a) Nafarroako Errepide Sareari jarraitasuna emanen dion beste bideren bat egotea, zerbitzu hobea emanen duena, alegia.

b) Errepideko trafikoaren %70 baino gehiago hirikoa izatea.

3. Aurreko idazatian xedatutakoa gora-behera, toki entitateek eta Departamentuak zeinahi zeharbide-tarte hiri bide bihurtzea hitzar dezakete.

4. Zeharbide bat hiri bide bihurtzen denean, Nafarroako Errepide Sarearen barruan segituko duen errepidearen herrirako sarbide-tartea mugatuko da.

5. Toki entitateek Departamentuari eskatu ahal izanen diote herriko zeharbideak birkalifika ditzala; halakoetan, beren ustez kalifikazio berria behar duten hiri bideak zehaztuko dituzte.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ZEHARBIDEEN INBENTARIOA

4. artikulua . Kontzeptua eta antolaketa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Zeharbideen Inbentarioa zeharbideak antolatzeko tresna da; bertan zeharbideen zerrenda xehekatua, irudikapen grafikoa, izenak eta beraien identifikaziorako behar diren inguruabar guztiak ageri dira.

2. Administrazio edo entitate publikoek inbentariaturiko zeharbideren batean zerbait aldatzen bada edo inguruabarren bat gertatzen bada, Departamentuari jakinarazi beharko zaio, hark Inbentarioa egunera dezan.

3. Inbentarioa euskarri informatikoan egongo da, edota, bertan ageri den informazioaren arabera, teknikoki egokientzat jotzen den euskarrian.

5. artikulua . Edukia.

1. Inbentarioaren egituraren oinarriak toki entitateak eta errepideak izanen dira; zeharbide bakoitzak bere krokisa, eguneratua, eta fitxa teknikoa edukiko ditu.

2. Fitxa teknikoan gutxienik ere zeharbidea dagoen errepidea eta toki entitatea adieraziko dira, bai eta beraren mugak, galtzadaren luzera eta zabalera, zoladuraren mota eta egitura, espaloirik eta plataforma gaineko besterik duenez (bazterbiderik edo bermarik), obra osagarri, lagungarri edo bakanik egin denez, eta identifikaziorako behar diren inguruabar eta datu guztiak ere.

6. artikulua . Onespena eta eguneratzea.

1. Departamentua, berariazko azterlana egin ondoren, kasuan kasuko udal mugartean zeharbidetzat joko diren tarteak mugatuko ditu.

Behin betiko onetsi baino lehen, Inbentarioa jendaurrera azalduko da hogeita hamar egunez, epealdi horretan toki entitateek alegazioak egin ahal izan ditzaten. Epealdia bukatutakoan eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko onetsiko da.

2. Zeharbideen mugak aldatu nahi izanez gero, ofizioz susta daiteke edo interesaturiko toki entitateak eskatuz; ofizioz egiten bada, aurretik ukituriko toki entitatea entzun beharko da, eta horretarako hamabost eguneko epea izanen du.

III. KAPITULUA. ZEHARBIDEETAN OBRAK EGITEKO ETA HAIEK FINANTZATZEKO PROZEDURA

7. artikulua . Ekimena.

Zeharbideetan honela egin daitezke obrak:

a) Departamentuak ofizioz, trafikoa, artapena edo bide segurtasuna dela eta egokitzat jotzen duenean.

b) Kasuan kasuko toki entitateak, zeharbidea dagoen hiri tarteko gainerako azpiegiturak erabat edo hein batean berritzeko asmoa duenean.

8. artikulua . Ekimena ofizioz.

Obrak ofizioz egiten badira, Departamentuak bere erabakiaren berri jakinarazi behar dio toki entitateari. Baldin eta jakinarazpenetik hilabeteko epea igarota toki entitateak erabakiaz deus adierazten ez badu edo adierazten badu bere eskumeneko azpiegiturak aldi berean ez dituela berrituko, Departamentuak Foru Komunitatearen titulartasuneko eraikuntza-elementuak ukituko dituzten obrak kontratatu eta finantzatu beharko ditu.

9. artikulua . Ekimena toki entitateek.

Ekimena toki entitateren batena bada, prozedurak ondoko faseak izanen ditu:

A. Toki entitatearen berriematea.

Toki entitate batek, dela bere ekimenez, dela Departamentuak jakinarazpena bidali diolako 8. artikuluan ezarri bezala, obrak egin nahi baditu, idazkia aurkeztu beharko du Departamentuko Erregistroan zer egiteko asmoa duen azaltzeko.

Idazki horrekin batera jarraiko datu eta agiri hauek ere ekarri behar ditu:

-Kokaera-planoa.

-Zeharbidea nola dagoen eta obren ondoren nola geratuko den adierazten duen krokisa.

-Zeharbidearen ebakidurak obrak bukatutakoan.

-Berritu beharreko azpiegituren zerrenda.

-Obrak burutzeko zenbatetsitako aurrekontua; aparteko agiri batean Departamentuak finantzatu beharrekoa agertaraziko du.

-Finantzaketa plana; berariaz adierazi behar du toki entitateak finantzatuko duen obra-zatia eta, behar denean, obrak behin-behinean edo behin betiko Nafarroako Gobernuaren toki azpiegituren plan batean sartuko direnez.

-Toki entitatearen konpromisoa obrak beste administrazio edo erakunde batzuekin koordinatzeko, bakoitzak bere eskumeneko azpiegiturak egin eta finantza ditzan.

-Obren burutzapenerako ustezko egutegia eta, behar denean, urteko inbertsio-aurrekontuak.

-Behar denean, obrak kudeatzea erakunde autonomo edo sozietate publiko bati agindu beharra frogatzen duen agiria.

B. Obra-proiektuaren idazkuntzari buruzko ebazpena.

Departamentuko erakunde eskudunak, txosten teknikoa egin ondoren, ebazpena emanen du proiektuaren idazkuntzarekin bat datorrenez adierazteko, hain zuzen ere bera titular den zeharbide-elementuak ukitzen dituen heinean, baldin eta jarraiko inguruabarrak gertatzen badira:

-Eskabideak aurreko atalean eskaturiko beharkizun guztiak betetzea.

-Proposaturiko konponbidea teknikoki bideragarritzat jotzea.

-Aurrekontuan horretarako dirua egotea edo Departamentuaren obra- plangintzan ezarrita egotea.

-Obran toki entitateari dagokion zatia finantzatuko dela ziurtatutzat jotzea.

Ebazpena idazkia Erregistroan aurkeztu eta gehienez ere bi hilabete igaro baino lehen onetsiko da, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin koordinaturik jardun behar denean izan ezik.

C. Proiektuaren aurkezpena.

Proiektua Departamentuaren Erregistroan aurkeztu behar da aurreko atalean aipatu den ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik zenbatu beharreko bost hilabete igaro baino lehen. Proiektuaren separata batean Departamentuak finantzatu beharreko zatia adieraziko da, eta hark nahi dituen aldarazpen-proposamen guztiak aurkeztu ahal izanen ditu, beti ere bera titular den zeharbide-atalari buruzkoak.

D. Hitzarmena formalizatzea.

Proiektua aurkeztu eta bi hilabeteko epean, Departamentuak eta obra egin nahi duen toki entitateak lankidetza-hitzarmena formalizatu ahal izanen dute zeharbidea gaitu eta hobetzeko; hitzarmen horretan ondokoak agertarazi behar dira gutxienez:

1. Hitzarmena sinatu duten alderdiak eta horretarako gaitasuna eta eskumena eman dizkien araua edo egintza.

2. Proiektuaren berariazko onespena.

3. Toki entitatearen konpromisoa proiektuan ageri diren obren burutzapena kontratatzeko, bai eta, behar denean, zuzendaritza teknikoa, segurtasunaren eta osasunaren arloko koordinazioa, eta obrak behar bezala burutzeko behar diren laguntza guztiak kontratatzeko ere.

4. Toki entitatearen konpromisoa obrak beste administrazio edo erakunde batzuekin koordinatzeko, bakoitzak bere eskumeneko azpiegiturak egin eta finantza ditzan.

5. Departamentuko teknikariek hark finantzatuko dituen obra-atalak ikuskatzeko dituzten ahalmenak.

6. Hitzarmeneko alderdi bakoitzak proiektua, eraikuntza- kontzeptuak, obra-zuzendaritza eta gainerako laguntzak finantzatzeko jarriko duen portzentaia eta berak guztira jarriko duen kopurua.

7. Obrak burutzeko epea.

8. Proiektuan Departamentuak finantzatuko dituen elementuetariko bat aldarazi gero, hark horretarako berariaz baimena eman beharra. Horri dagokionez, ez da aldarazpentzat joko proiektuan ezarritako obra-unitateak aldatzea, baldin eta Departamentuak ekarriko duen kopuruaren %10 gainditzen ez badute.

Xedapen Iragankorrak Lehenengoa

Foru Dekretu hau 9. artikuluko B atalean aipatutakoaren araberako ebazpena jaso ez duten eskabideei aplikatuko zaie.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena

Harik eta Nafarroako Foru Komunitateko Zeharbideen Inbentarioa onetsi arte, Departamentuak zeharbideak mugatu ahal izanen ditu, ukituriko toki entitateak entzun ondoren, baldin eta 1.1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Xedapen Gehigarria Lehenengoa

Foru Dekretu honetan Departamentua aipatzen denean, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentua dela ulertuko da.

Xedapen Gehigarria Bigarrena

Foru Dekretu honetan aipaturiko hitzarmena sinatzen duen toki entitateak bereganatzen dituen konpromisoak bere eskumen-eremura mugatzen direla ulertuko da. Hala ere, proiektuak hura titular ez den ondasun edo eskubideak ukitzen baditu, edo berak kudeatzen ez dituenak, toki entitateak, hitzarmena sinatu baino lehen, titularrak beharrezko baimen guztiak eman ditzala lortu beharko du.

Xedapen Gehigarria Hirugarrena

Hitzarmena sinatzen duen toki entitateak obra osoaren edo haren zati baten burutzapena beste erakunde bati adjudikatzen edo agintzen dionean, Departamentuak hark ematen dituen ziurtagiriak onartuko ditu eta berak finantzatzen dituen kontzeptuen ziozko kopuruak ordainduko dizkio.

Xedapen Indargabetzailea

Nafarroako Foru Diputazioak 1971ko martxoaren 12an errepide- zeharbideen hobekuntzei buruz emandako erabakia indargabetu egin da, bai eta Foru Dekretu honekin bat ez datozen lerrun bereko edo beheragoko lerruneko xedapen guztiak ere.

Azken Xedapenak Lehenengoa

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko; are gehiago, ahalmena eman zaio Departamentuak zeharbideetako obren finantzaketan izanen dituen eraikuntza-kontzeptuak eta portzentaiak zehazteko.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zangozan, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A9905111

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web