146/2002 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 2KOA. ARAUTZEN DITU NAFARROAKO GOBERNUAREN HEZKUNTZA ETA KULTURA DEPARTAMENTUAREKIN ITUNDUTAKO IKASTETXE PRIBATUEN ESKOLAKO JARDUERA OSAGARRIAK, ESKOLAZ KANPOKO JARDUERAK ETA ESKOLA ZERBITZUAK
BON N.º 108 - 06/09/2002
Konstituzioaren 27.4 artikulua (agintzen baitu oinarrizko hezkuntzak nahitaezkoa eta dohainekoa behar duela), Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak garatu du, zeinak bere 47. artikuluan hezkuntza itunak egiteko araubide bat ezartzen baitu.
Beste alde batetik, ikastetxe pribatu itunduek ere jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak emateko aukera onarturik, 51. artikuluko 2. eta hurrengo idatz-zatiek (Ikastetxeak ebaluatu, gobernatu eta parte hartzeari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak testua aldatu zien bezala) ezartzen du zer baldintza bete behar dituzten jarduera eta zerbitzu horiek, hau da: borondatezkoak eta irabazi asmorik gabekoak izatea, eta ezartzen ere du esku-hartze administratiboko zer araubide aplikatu behar zaien artikulu bereko 1. idatz- zatiak agintzen duenarekin bateragarriak izateko, zeinak agintzen duenez, "Titulu honetan ezartzen den itun araubideak ikastetxeek beren irakaskuntzak dohainik ematera behartzen ditu."
LODEko azken xedapenetako lehenbizikoak agintzen duena oinarri, beharrezkoa da delako 51. artikulua garatzea, eta ezartzea zer araubide izanen duten Nafarroako Foru Komunitatean ikastetxe pribatu itunduen jarduera osagarriek, eskolaz kanpoko jarduerek eta eskola zerbitzuek.
Foru Dekretu honek, jarduerak eta zerbitzuak borondatezkoak eta irabazi asmorik gabekoak izan beharra galarazi gabe, zehazten du zein izanen diren jarduera eta zerbitzu horiek, lehenbizi noiz eginen diren kontuan harturik, eskola denboran ala eskol orduez kanpo; bigarren, curriculumeko edukiak emateko aukeraren arabera, horrek ezarriko baitu ebaluatzekoak izanen diren ala ez; eta azkenik, administrazio esku-hartzea nolakoa izanen den kontuan harturik, zeinak segurtatuko baitu, ikastetxeek duten autonomia errespetatuz, legezko baldintzak a priori beteko direla, hartarako aurrezko jakinarazpen edo baimen sistema bat erabiliz edo, hala bide denean, LODEko zehapen araubidea aplikatuz.
Azkenik, Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa sortzen da, administrazioaren esku-hartzea ahalbidetzeko tresna, kasurako den araudiak esku-hartze lan hori ezartzen baitu, betiere esku-hartze horretan behar den zalutasuna begiratuz.
Hori horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta aurretik Nafarroako Eskola Kontseiluak adostasun txostena eman duelarik, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak hala proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Foru Dekretu honen xedea da arautzea ikastetxe pribatuek Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin itundutako mailetan egiten dituzten jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak.
2. artikulua . Ikastetxeen autonomia.
1. Ikastetxe itunduek autonomia izanen dute jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak ezartzeko, legeetan eta Foru Dekretu honetan ezarritako mugen barrenean.
2. Ez da zilegi izanen Foru Dekretu honek aipatzen dituen jarduera eta zerbitzuak ezartzea baldin eta ezertan galarazten badute Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hezkuntza etapa edo maila bakoitzerako ezarrita daukan eskola ordutegia.
3. artikulua . Borondatezkotasuna eta informazioa.
1. Ikasleek Foru Dekretu honek aipatzen dituen jarduera eta zerbitzuetan parte hartzea borondatezkoa izanen da eta beraz ez du inolako diskriminaziorik ekarriko haietan parte hartu nahi ez duten ikasleentzat.
2. Ikasturte bakoitza hasten denean, informazio xehetua emanen zaie ikasleen gurasoei ikastetxeak ematen dituen jarduera osagarrien, eskolaz kanpoko jardueren eta eskola zerbitzuen gainean. Informazio horretan espreski adieraziko da jarduera eta zerbitzu horiek borondatezkoak eta irabazi asmorik gabekoak direla, eta bai zehaztuko ere zein kuota onetsi diren jarduera osagarri, eskolaz kanpoko jarduera eta eskola zerbitzu horietarako.
4. artikulua . Eskolako jarduera osagarriak.
1. Eskolako jarduera osagarriak dira, Foru Dekretu honek agintzen dituenetarako, ikastetxeek beren hezkuntza proiektuaren arabera antolatzen dituztenak, irakas programazioaren osagai direnak eta ikasleen eskola denboran eman ohi direnak, beste jardueretatik bereiz, dela momentu edo toki berezi batean ematen direlako, dela ikastetxearen baliabideak edo inplikazioa berezia delako, eta talde edo kurtsoko ikasle guztiek parte hartu dezaketenak.
Ikasleen eskola orduak dira ikasturte bakoitzerako ikastetxe bakoitzerako espreski baimendu direnak.
Eskolako jarduera osagarri batean taldeko edo kurtsoko ikasle guztiek parte hartzen badute, zilegi izanen da unitate horretan curriculum edukiak ematea.
Talde edo kurtsoko ikasle guztiek parte hartzen ez badute, segurtatuko da parte hartzen ez dutenak behar bezala eta dohainik kasu eginik egotea, eta kasuko jarduera osagarrian ematen direnen antzeko curriculum edukiak hartzea.
2. Ikastetxe itunduko barne araudiak ezarriko du ikasleek nola parte hartuko duten jarduera horietan, betiere borondatezkoak izatea galarazi gabe.
3. Eskola jarduera osagarrien programazioa ikastetxeko Eskola Kontseiluak ezartzen dituen jarraibideen arabera eginen da.
4. Jarduera horien alderako kuotak, irabazi asmorik gabekoak beti, ikastetxeko Eskola Kontseiluak proposatuko ditu, kontseiluko titularrak eskatuta.
5. Hezkuntza arloan eskumena duen departamentuak doakoak ez diren jarduera osagarrien kuotak baimenduko ditu ikasturte bakoitzean, ikastetxeko Eskola Kontseiluak onartu eta Administrazioari jakinarazi ondoren.
Behin baimendu ondoren, ez da beharrezkoa izango hurrengo ikasturterako baimena eskatzea, betiere jardueraren ordutegia eta jardueraren xede den ikasmaila edo ikastaldea aldatzen ez badira eta kuoten igoera KPIrena baino handiagoa ez bada. Kasu honetan, aski izanen da jakinaraztea kuotaren eguneratzea hezkuntza arloan eskumena duen departamentuari.
5. artikulua . Eskolaz kanpoko jarduerak
1. Eskolaz kanpoko jarduerak dira ikastetxeak eskol orduez kanpo ezartzen dituenak, dela goizeko eta arratsaldeko saioen artean dela, eskol orduak hasi aurretik edo bukatu ondoren, eta ikastetxeko ikasleentzat antolatzen direnak.
2. Eskolaz kanpoko jardueren edukia, bertan parte hartzen duten ikasleen irakas programazioan egoten denaz bestelakoa izanen da.
3. Eskolaz kanpoko jarduerak ez dira ebaluatuko ez espedientean sartuko.
4. Bai eskolaz kanpoko jarduerak berak eta bai haien aldera kobratzen diren kuotak, ikastetxeko Eskola Kontseiluak onetsiko ditu, titularrak hala proposatuta, eta Administrazioari jakinaraziko zaizkio.
6. artikulua . Eskola Zerbitzuak.
1. Ikastetxeetako eskola zerbitzu dira jatetxea, eskola garraioa, mediku kabinetea, eskola asegurua, eta antzeko beste guztiak, hezkuntza itunean sartu gabekoak.
2. Eskola zerbitzuek eta haien truke pagatu beharreko kuotek ezin izango dute irabazirik sortu. Eskola Kontseiluak onetsi beharko ditu, ikastetxeko titularrak proposatuta, eta hezkuntza arloan eskumena duen departamentuari jakinaraziko zaizkio.
3. Kuoten jakinarazpenak ikasturte bati eginen dio erreferentzia, kontuan hartuta kuoten eguneratzeaz aski dela hezkuntza administrazioari jakinaraztea, betiere kuoten igoera KPIrena baino handiagoa ez bada.
7. artikulua . Baimen eskaerak eta jakinarazpenak.
1. Jarduera osagarriak baimentzeko eskaerak eta eskola zerbitzuen eta haien kuoten jakinarazpenak, ikastetxe pribatu baimenduen eskola kontseiluek onartu ondoren, hezkuntza arloan eskumena duen departamentura zuzenduko dira, horiek ezarri aurreko ikasturteko ekainaren 20a baino lehen. Ohiko baliabideen edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (erregistro hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoaren ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen).
Halaber, eskolaz kanpoko jardueren eta haien kuoten jakinarazpenak, ikastetxe bakoitzaren Eskola Kontseiluak onetsita, irailaren 30a baino lehen eginen dira, eta aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.
2. Kuotak baimentzeko eskaerak, bidezkoak direnean, horiek ezartzen diren ikasturteko irailaren 1a baino lehen ebatziko dira. Halakorik ezean, ulertuko da isiltasun administratiboz baietsi direla.
8. artikulua . Ezbetetzeak.
Foru Dekretu honek agintzen dituenak betetzen ez badira, Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoko 62. artikuluak agintzen duena aplikatuko da, Eta Hezkuntzako Itunen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuko 51. eta hurrengo artikuluek agintzen dutena.
9. artikulua . Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa.
1. Eskola jardueren eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin ituna sinatzen duten ikastetxe pribatuei baimentzen zaizkien eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak erregistratzeko.
2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak kudeatuko du erregistroa eta bertan baimendu den jarduera edo zerbitzuaren izaera ageriko da, halabeharrez, bai eta pagatu behar diren kuotak ere.
3. Zerbitzuak Ikuskatzeko Eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuak izanen du ardura Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa kudeatzeko.
Xedapen Gehigarriak Lehenbizikoa
Guraso elkarteen jarduerek beren araudi berariazkoaz beste gobernabiderik ez dute izanen.
Zilegi izanen da Foru Dekretu honek aipatzen dituen eskolaz kanpoko jarduera eta Eskola zerbitzuen kuotak jarduera edo zerbitzu horien gertaleku diren ikastetxeko instalazioak mantendu eta hobetzeko erabiltzea. Kuota horien zenbatekoa ikastetxeko aurrekontuaren osagai izanen dira, hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoko 57. artikuluko e) letrak agintzen dituenak betetzeko.
Xedapen Gehigarriak Hirugarrena
Aldatzen da Hezkuntza Itunen gaineko arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuko 15. artikulua. Honelakoa izanen da hemendik aurrera:
"15. artikulua. Ikastetxe itunduen eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak borondatezkoak eta diskriminaziorik gabekoak izanen dira ikasleentzat, ez dute irabazi asmorik izanen, eta jarduera eta zerbitzu horien aldera dirua kobratzeko, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezartzen duena bete beharko da."
2002/2003 ikasturtean 4.5 artikuluko lehen lerroaldeak eta 6.2 artikuluak aipatzen dituzten eskola jarduera osagarriak eta eskola zerbitzuak emateko eta haiei dagozkien kuotak kobratzeko baimen eskaerak Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, 2002ko irailaren 15a baino lehen.
Zerbitzuak Ikuskatzeko Eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuak 2002ko irailaren 1 baino lehen ebatziko ditu eskaera horiek.
Indargabetzen dira Foru Dekretu honi kontra egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.
Baimena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari Foru Dekretu honek ezartzen duena garatzeko eta bereziki 7. artikuluan ezarritako epeak aldatzeko.
Foru Agindu honek Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.
Iragarkiaren kodea: A0207854