(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

143/2005 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 12KOA, SALTOKIAK IGANDE ETA JAIEGUNETAN IREKITZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA

BON N.º 154 - 26/12/2005



Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio barne merkataritzaren arloan, jarduera ekonomiko orokorraren antolamenduaren eta oinarrien arabera.

Merkataritza Nafarroan arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak, 33. artikuluan, merkataritza jardueran aritzeko igande eta jaiegun baliodunen kopurua finkatu zuen 2004. urtera arte, ondasun eta zerbitzuen merkatuetan lehia indartzeko presako neurriei buruzko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Lege-Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Foru lege horren bidez indarrik gabe gelditu zen abenduaren 18ko 378/2000 Foru Dekretua, merkataritzako ordutegiak arautu zituena. Foru dekretu hori ekainaren 23ko 6/2000 Errege Dekretu-Legea garatu eta betearazteko asmoz onetsi zen.

Merkataritzako ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legeak, 2005eko urtarrilaren 1ean indarra hartu zuenak, arlo horren gaineko arau berriak ematen ditu. 4.1. artikuluan ezartzen du saltokiak 12 igande eta jaiegunetan ireki ahalko direla gutxienez.

Merkataritzako ordutegiei buruzko Legearen 4. artikulu horretako 2. idatz-zatiak ezartzen du autonomia erkidegoek kopuru hori aldatu ahalko dutela, bakoitzaren merkataritza beharren arabera handituz edo gutxituz, baina gutxienez 8 igande eta jaiegunetan irekitzeko baimena eman beharko dela.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Arau-emailea, 2004ko abenduaren 15ean egindako bilkuran, ados agertu zen igande eta jaiegunetan irekitzeko baimena 8 egunetara murriztearekin.

Horrenbestez, Merkataritzako ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legea aplikatuz eta Merkataritza Nafarroan arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea garatuz, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden saltokiak igande eta jaiegunetan irekitzeko arauak ematea.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko abenduaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden saltokiak igande eta jaiegunetan irekitzeko arauak ematea da.

2. artikulua . Igande eta jaiegunetan irekitzeko baimena.

1. Nafarroan igande eta jaiegunak ez dira merkataritzako jardueran aritzeko egun baliodunak izanen, salbu eta propio baimentzen diren egunak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden saltokiak zortzi egunetan ireki ahalko dira igande eta jaiegunetan.

3. Urteko abenduaren 15a baino lehen, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailea entzunik, hurrengo urtean ireki ahalko diren igande eta jaiegunen egutegia ezarriko du.

Egutegi hori aldatu ahalko da, udalek eskaturik, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean agertzen den moduan.

3. artikulua . Igande eta jaiegunetan irekitzeko ordutegia.

Igande edo jaiegunetan ireki eta ixteko ordutegia saltokiko titularrak finkatuko du askatasun osoz, baina ezin izanen da hamabi ordutik gorakoa izan.

4. artikulua . Ordutegiei buruzko informazioa.

Saltoki guztietan, erraz ikusteko moduan jarri beharko da saltokiaren egutegia eta ordutegia, hala kanpoan nola barrenean, eta itxita dagoenean ere ikusteko moduan.

5. artikulua . Ordutegi bereziko saltokiak.

Ondoko saltoki hauek erabateko askatasuna izanen dute irekita egonen diren egun eta orduak aukeratzeko:

a) Merkataritzako ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluan adierazitako saltokiak.

b) Produktu berri bat merakaturatzeko erakusketa edo jardunaldiak antolatzen dituzten saltokiak, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean ezarritako baldintzetan.

c) Kultur produktuak besterik saltzen ez duten saltokiak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Arauen indargabetzea.

Foru dekretu honetan ezarritakoaren kontra jotzen duten maila bereko edo txikiagoko xedapenak indarrik gabe gelditzen dira.

Azken Xedapen Bakarra . Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko abenduaren 12an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0524164

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web