(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

129/2003 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 26KOA, JENDEA HARTZEKO ORDUTEGIA, ZAINTZAKO ZERBITZUA ETA OPORRALDIA EZARTZEN DITUENA, FARMAZIA BULEGOETARAKO

BON N.º 75 - 16/06/2003



  1. ATALA. FARMAZIA BULEGOETAN JENDEA HARTZEKO ORDUTEGIA


  2. ATALA. FARMAZIA BULEGOETAKO ZAINTZAKO ZERBITZUAK


  3. ATALA. OPORRALDIAK ETA BESTELAKO ETENALDIAK


Atariko

Farmazia bulegoetako zerbitzuak arautzen dituen apirilaren 25eko 16/1997 Legeak (EAO, 1997ko apirilaren 26koa), 6. artikuluan, farmazia bulegoetako lanaldiari eta zerbitzu orduei buruzko arauak ditu. Arau horiek Nafarroan aplikatzekoak dira, aipatu artikulua oinarrizkoa baita, Legearen azken xedapenetatik lehenbizikoan azaltzen denez. Horrenbestez, farmazia bulegoek askatasun eta malgutasunez eginen dituzte beren zerbitzuak, deusetan galarazi gabe ordutegi ofizialak bete beharra, eta bai zaintzako aldi, oporraldi, larrialdi eta zerbitzuaren izaerarekin lotutako gainerako inguruabarrei buruzko arauak ere, autonomia erkidegoek ezartzen dituztenak, etenik gabeko laguntza bermatzeko xedearekin.

Nafarroako Foru Komunitateak, Farmazia laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen bitartez, farmazia laguntzaren zenbait alderdi arautu zituen. Hala, bada, 22. artikulua ordutegiaz eta jendearentzako informazioaz ari da. Horren arabera, ordutegiari dagokionez, farmazia bulegoek askatasun eta malgutasunez egin behar dituzte zerbitzua, ezertan galarazi gabe ordutegi ofizialak bete beharra, eta bai zaintzako aldi, oporraldi, larrialdi eta zerbitzuaren izaerarekin lotutako gainerako inguruabarrei buruzko arauak ere. Gainera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak erregelamendu bidez ezarritako baldintzak beteko dituzte, herritar orok noiznahi farmazia laguntza jaso ahal izan dezan.

Lehenago, Nafarroan etengabeko farmazia laguntza ekainaren 7ko 185/1993 Foru Dekretuak arautzen zuen. Haren xedapenak zaharkiturik gelditu dira, gorago aipatu dugun Farmazia Laguntzari buruzko Foru Legea onetsi eta indarrean jarri izanaren ondorioz.

Foru dekretu honek Estatuaren eta Foru Komunitatearen arau horiek garatu nahi ditu, Komunitatean farmazia laguntza etengabea bermatzeko helburuarekin.

Nafarroako Kontseiluak, 2003ko apirilaren 28an emandako irizpenean, foru dekretu hau antolamendu juridikoarekin bat datorrela ondorioztatu du.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seian egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean aritzeko baimena duten farmazia bulegoetan jendea hartzeko ordutegiak, haien zaintzako zerbitzua eta oporraldiak arautzea, herritarrei farmazia laguntza bermatzeko helburuarekin, honako oinarri hauen arabera:

a) Farmazia bulegoek askatasun eta malgutasunez eginen dituzte beren zerbitzuak. Hori gorabehera, betiere, foru dekretu honetan eta hura garatzeko ematen diren arauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, ordutegiak, zaintzako zerbitzua, oporraldiak eta beste inguruabar batzuk direla eta.

b) Ohiko zerbitzu orduetatik kanpo zaintzako txandak ezarriz, herritarrei bermatu eginen zaie farmazia laguntza noiznahi jaso ahal izatea. Zaintzako txandan ari den bitartean, farmazialariak nahitaez eman beharko ditu medikuak errezeta bidez eta "presakoa" oharrarekin agindutako sendagai eta osasun produktuak, besterik ez.

c) Erregelamendu honetan dauden xedapenak gutxienekoak dira eta farmazia bulego guztiek nahitaez bete beharrekoak.

d) Farmazia bulegoek jendearentzat irekita dauden bitartean soilik eduki ahal dituzte pizturik beren identifikazio elementuak, nola ohiko orduetan hala zaintzako orduetan.

1. ATALA. FARMAZIA BULEGOETAN JENDEA HARTZEKO ORDUTEGIA

2. artikulua . Lanegunetan jendea hartzeko ohiko ordutegia.

1. Jendea hartzeko ohiko ordutegitzat honakoa joko da: farmazia bulegoek irekita egon eta farmazia laguntza eman behar duten ordutegia, zaintzako txandak izan ezik.

2. Jendea hartzeko ohiko ordutegia irizpide hauei jarraikiz banatuko da:

a) Astelehenetik ostiralera, biak barne, goizez eta arratsaldez, berdin egun guztietan, jendearentzat irekita egonen dira lau orduz, gutxienez ere, goizeko zortzi eta erdietatik arratsaldeko ordu bietara bitartean, eta hiru orduz, gutxienez, arratsaldeko lau eta erdietatik iluntzeko zortzietara bitartean.

b) Larunbat goizetan, irekita egonen dira hiru orduz, gutxienez, goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu bietara bitartean, salbu eta foru dekretu honen 5. artikuluan zehazten diren kasuetan.

3. artikulua . Ohiko ordutegi murriztua.

Farmazia bulegoa dagoen herriak 700 biztanle baino gutxiago baditu, edo farmazia bulegoa herriko bakarra izan eta osasun zentroa bertan ez badago, jendea hartzeko ohiko ordutegia, aurreko artikuluan zehazten den hori, murriztu ahal izanen da. Betiere, gutxieneko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Astelehenetik ostiralera, biak barne, berdin egun guztietan, egunean sei orduz egon beharko dute irekita, gutxienez.

b) Larunbatetan itxita egon ahalko dira, baldin eta farmazia laguntza jasotzeko modua badago oinarrizko osasun eskualdean zaintzako txanda egiten ari den beste farmazia bulegoren batean, hogei minutuko bidea eginda, gehienez ere.

4. artikulua . Ohiko ordutegia luzatzea.

Farmazia bulegoetako jabe titularrek jendea hartzeko ohiko ordutegia baino luzeagoa ezarri ahal izanen dute astelehenetik ostiralera bitarteko egunetan, betiere ordutegi bera ezarriz egun guztietarako. Larunbatetako ordutegiaren luzapena bestelakoa izan daiteke aste barrukoaren aldean.

Halaber, jendea hartzeko ordutegi etengabea ezarri ahalko dute, hots, urte naturaleko egun guztiak hartzen dituena, egunaren 24 orduetan.

5. artikulua . Igande, jaiegun eta pareko egunetako ordutegia.

1. Igandeetan eta Nafarroako Foru Komunitateko jaiegunetan, herriko jaiak barne direla, zaintzako zerbitzua egitea suertatzen zaien farmazia bulegoak bakarrik egonen dira jendearentzat irekita. Salbuetsita daude Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuen baimenaz jaiegun jakinetan irekita egon daitezkeen merkataritza-guneetako farmazia bulegoak, eta ordutegi etengabea hautatzen dutenak ere bai.

2. Herriko jaietan, udaldian eta oro har farmazia laguntzaren eskaria urritzen den aldietan, Osasun Departamentuak baimena eman ahalko du herri berean dauden farmazia bulegoetatik hainbat aldi berean ixteko, baldin eta jendearentzat irekita irauten duten farmazia bulegoen kopurua herriko farmazia bulego guztien %50 bada gutxienez. Iruñeko eta Tuterako farmazia bulegoei dagokienez, azken baldintza hori oinarrizko osasun eskualdean bete beharko da.

3. Farmazia bakarra duten herrietan ere gauza bera egin daiteke, baldin eta irekita dagoen farmaziarik hurbilenera hogei minutuko bidea badago, gehienez ere.

6. artikulua . Farmazialariaren presentzia eta jarduera profesionala.

1. Farmazia bulegoan farmazialaria egotea eta profesional moduan aritzea ezinbestekoa da jendeari sendagaiak eman ahal izateko. Laguntzaileak izan nahiz ez izan, jendea hartzeko orduetan farmazialariak nahitaez jardun behar du farmazia bulegoan, profesionala den aldetik, eta erantzukizun osoa izanen du.

2. Ohiko ordutegi arrunta edo murriztua duten farmaziei dagokienez, farmazialariak bertan egon behar duela esaten denean esan nahi da farmazia bulegoko titularrak edo farmazialari zuzendariak edo ordezko farmazialariak egon behar duela, behar bezala justifikaturiko arrazoiengatik falta den aldietan izan ezik.

3. Ordutegi luzeagoa duten farmazia bulegoek, berriz, presentzia eta jardun profesionala bermatzeko adina farmazialari izan behar dituzte, fakturazioaren neurria, jardueren aniztasuna eta jendea hartzeko ordutegiak kontuan izanik.

7. artikulua . Ordutegien jakinarazpena.

1. Farmazia bulegoetako jabe titularrek urte natural bakoitzeko ordutegiaren plana aurreko urteko irailean jakinarazi beharko diote Osasun Departamentuari. Ohikoa baino ordutegi luzeagoa dutenek, jakinarazpen horrekin batera, farmazia bulegoan jendeari arreta egiteko izanen dituzten langileen zerrenda aurkeztu behar dute, eta profesional bakoitzak zer titulazio duen adierazi.

Jakinarazitakoa foru dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez badator, Osasun Departamentuak hura egokitzeko epea emanen du.

2. Farmazia bulegoetako jabe titularrek beren ordutegi plana jakinarazi ezik, edo eskatzen zaien zuzenketa egiten ez badute, beren farmazia bulegoetan jendea hartzeko ordutegi hau izanen dutela ulertuko da: goizez, bederatzi eta erdietatik ordu bata eta erdiak arte, eta arratsaldez, lau eta erdietatik zazpi eta erdiak arte; udako arratsaldetan ordu erdi geroago ireki eta itxiko dira.

3. Lehenbiziko urteko ordutegi plana jakinaraziz gero, ez da beharrezkoa izanen hurrengo urteetan berriz jakinaraztea, aldaketarik ez badago.

4. Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera jendearentzat irekitzen diren farmazia bulegoek jendearentzat ireki aurretik jakinarazi beharko diote beren ordutegi plana Osasun Departamentuari.

5. Behin ordutegia jakinaraziz gero, edozein aldaketa egin baino hilabete lehenago, gutxienez, horren berri eman beharko zaio Osasun Departamentuari.

6. Farmazia bulego guztietan, jendea hartzeko ordutegia agerian jarriko da eta beti egonen da ikusgai.

7. Nafarroako farmazia bulegoetan jendea hartzeko ordutegi eguneratuak herritarren eskura egonen dira Osasun Departamentuaren web orrian.

2. ATALA. FARMAZIA BULEGOETAKO ZAINTZAKO ZERBITZUAK

8. artikulua . Xedapen orokorrak.

1. Jendearentzat irekita dauden farmazia bulego guztiek nahitaez parte hartu behar dute ezartzen diren zaintzako zerbitzuetan, etengabeko farmazia laguntza bermaturik egon dadin.

2. Oro har, eta foru dekretu honetan ezartzen diren irizpideak galarazi gabe, oinarrizko osasun eskualde bakoitzak gutxienez zaintzako farmazia bulego bat izan behar du.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, oinarrizko osasun eskualde mugakide bi edo gehiago elkartu ahal izanen dira zaintzako zerbitzuak batera antolatzeko, honako baldintza hauek betez gero:

a) Oinarrizko osasun eskualde horietako bakoitzean gehienez ere bost izatea jendearentzat irekita dauden farmazia bulegoak.

b) Farmazia bulegoa duten herri guztien arteko distantzia ibiltzeko hogei minutu baino gutxiago behar izatea.

4. Foru dekretu honetan dagoen antolamenduaren arabera kalkulatzen den farmazia bulegoen kopurua gorantz biribilduko da, baldin eta zenbakiaren zati hamartarra 0,50etik gorakoa bada, edo beherantz, hortik beherakoa bada.

9. artikulua . Zaintzako zerbitzuen antolamendua Iruñean eta inguruetako oinarrizko osasun eskualdeetan.

1. Zaintzako zerbitzuak antolatzeko, Iruñeko udalerria eta inguruetako oinarrizko osasun eskualdeak zaintzako multzo hauetan banatuko dira:

a) Alde Zaharreko eta II. Zabalguneko oinarrizko osasun eskualdeak.

b) Iturramako, Azpilagañako eta Zizurko oinarrizko osasun eskualdeak.

c) Milagrosako, Mendillorriko eta Noaingo oinarrizko osasun eskualdeak.

d) Ermitagañako eta Barañain-Etxabakoizko oinarrizko osasun eskualdeak.

e) Arrotxapeako, Antsoaingo eta Berriozarko oinarrizko osasun eskualdeak.

f) Burlatako, Atarrabiako, Uharteko eta Txantreako oinarrizko osasun eskualdeak.

g) San Juango, San Jorgeko eta Orkoiengo oinarrizko osasun eskualdeak.

2. Iruñeko udalerrian eta aurreko idatz-zatian aipatutako oinarrizko osasun eskualdeetan, honela antolatuko da farmazia laguntza etengabea:

a) Eguneko ordutegian, aurreko idatz-zatian aipatutako zaintzako multzo bakoitzean farmazia bulego bat ezarriko da, gutxienez.

b) Gaueko orduetan, arau orokor gisa, zaintzako zerbitzuak zentzuz banatuko dira, zaintzako multzo bakoitza osatzen duten oinarrizko osasun eskualdeetako beharrak egoki bete ahal izateko moduan. Beti egonen dira hiru farmazia bulego, gutxienez, zaintzako zerbitzuan, eta horietatik bi Iruñeko udalerrikoak izanen dira.

c) Eguneko orduetan, farmazia bulego bat beste batek ordeztu ahal dezan, biek zaintzako multzo berekoak izan behar dute, edo multzo mugakideetakoak bederen. Gainera, bien arteko distantzia ez da izanen 500 metrotik gorakoa, eta inguruetan ez da beste farmazia bulegorik izanen zaintzako txanda egiten.

d) Gaueko orduetan, farmazia bulego batek beste bat ordeztu ahal dezan, irispide erraza eta erosoa duen tokian egon beharko du.

10. artikulua . Zaintzako zerbitzuen antolamendua Tutera Ekialdeko eta Tutera Mendebaldeko oinarrizko osasun eskualdeetan.

Farmazia laguntza antolatzeko, Tutera Ekialdeko eta Tutera Mendebaldeko oinarrizko osasun eskualdeak elkartu eginen dira eta zaintzako zerbitzu hau ezarriko zaie: egunez, farmazia bat 25.000 biztanleko; eta gauez, farmazia kopuru hori erdira murriztu ahal izanen da. Batean zein bestean, gutxienez farmazietako batek Tuterako udalerrikoa izan behar du.

11. artikulua . Bestelako kasuak.

Oinarrizko osasun eskualdeko herriburutzat jo daitekeen herririk egonez gero, uneoro herri horretako farmazia bulegoren bat irekita egoteko moduan antolatu ahalko da zaintzako zerbitzua. Halakoetan, gainerako farmazia bulegoek aukera hauek izanen dituzte:

a) Zaintzako zerbitzurik ez egitea, baldin eta oinarrizko osasun eskualdeko gainerako jabe titularrak ados badaude eta herriburura joateko hogei minutu baino gutxiago behar badira.

b) Zaintzako zerbitzuen antolamendura bildu eta txandetan parte hartzea, oinarrizko osasun eskualdeko farmazia bulego guztiek txandetan parte hartuko balute legokiokeen maiztasunarekin.

12. artikulua . Zaintzako zerbitzuaren ordutegia.

1. Zaintzako zerbitzuaren ordutegiak egunaren hogeitalau orduak hartuko ditu barnean. Goizeko bederatzietan hasi eta hurrengo eguneko goizeko bederatzietan amaituko da, eta honela banatuko da:

_ Eguneko ordutegia: goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak arte.

_ Gaueko ordutegia: gaueko hamarretatik hurrengo eguneko goizeko bederatziak arte.

2. Zaintzako zerbitzua asteka antolatu ahal izanen da, egun eta ordu jakinetan hasi eta hurrengo asteko egun eta ordu beretan amaituta.

3. Zaintzako zerbitzuak dirauen bitarte osoan farmazialari bat farmazia bulegoan egotea ezinbestekoa izanen da asteko egun guztietan, igande eta jaiegunak barne, Iruñean, Berriozarren, Antsoainen, Burlatan, Atarrabian, Uharten, Barañainen, Zizur Nagusian, Tuteran, Tafallan eta Lizarran.

4. Aurreko idatz-zatian aipatu ez diren herrietan, farmazialariak farmazia bulegoan egon behar du nahitaez goizeko bederatzietatik ordu biak arte eta arratsaldeko lau eta erdietatik zortziak arte, lanegunetan, eta goizeko bederatzi eta erdietatik ordu bata eta erdiak arte, larunbatetan.

Gainerako orduetan, zaintzako zerbitzua eskatu ahala egin ahal izanen da, baina farmazialariak prest egon behar du zerbitzua eskatu eta hogei minutu baino lehen egin ahal izateko.

13. artikulua . Zaintzako txanden antolamendua.

1. Farmazia bulego berriak jendearentzat ireki eta hurrengo hiruhilekoaren lehenbiziko egunean bilduko dira zaintzako txandetara.

2. Hurrengo urte naturalerako ordutegi plana jakinaraztearekin batera, zaintzako zerbitzua egiteari uko egiten zaiola adieraziko da, hala denean, eta foru dekretu honetan horretarako ezarritako baldintzak betetzen direla frogatuko da.

3. Zaintzako txanden antolamendutik kanpo geratzeko baimena ematea zilegi izanen da ondoko kasu hauetan:

_ Egiaztaturik dagoenean salbuespen horrekin ados daudela oinarrizko osasun eskualdeko gainerako farmazia bulego guztiak, edo, hala egokitzen bada, aurreko artikuluen arabera eratutako zaintzako multzoko partaide guztiak.

_ Zaintzako multzo bereko beste farmazia bulego batzuek ohikoa baino ordutegi luzeagoa izan eta etengabeko farmazia laguntza eskaintzen dutenean.

_ Gaueko orduetan zaintzako zerbitzuak egitea suertatzen zaien farmazia bulegoak ezin izanen dituzte ordeztu beste udalerri batzuetako farmazia bulegoek.

4. Zaintzako zerbitzuen egitaraua ikusirik, jabe titularrek aldaketak egiteko eskatu ahal izanen diote Osasun Departamentuari, zerbitzua egiteko egokitu zaien garaia baino hilabete lehenago gutxienez, eta betiere, etengabeko farmazia laguntzaren murrizpenik txikiena ere eragin gabe.

14. artikulua . Zaintzako txanden berri ematea jendeari.

1. Zaintzako zerbitzuak ezarririk, Osasun Departamentuak horien berri zabalduko du Osasun Departamentuaren web orriaren bidez, zerbitzu garaia baino astebete lehenago gutxienez, eta komunikabideei igorriko die, zabal dezaten. Osasun Departamentuaren web orritik zaintzako txanden kopiak atera ahal izanen dira farmazia bulegoetan jendaurrean jartzeko.

2. Farmazia bulegoen kanpoaldean beti ikusgai egonen da zaintzako zerbitzua egiten ari diren farmazia bulego hurbilenen zerrenda. Oinarrizko osasun eskualdeko farmazia bulegoak eta gertuen daudenak sartuko dira zerrenda horretan.

3. ATALA. OPORRALDIAK ETA BESTELAKO ETENALDIAK

15. artikulua . Xedapen orokorrak.

1. Farmazia bulego bi edo gehiago dituzten herrietan, urtean zehar farmazia bulego bakoitza sei aste egon ahal izanen da itxita oporrak hartzeko. Aldi berean herriko farmazia bulegoen erdiak, gehienez ere, itxi ahal izanen dira oporrak hartzeko. Erdiek baino gehiagok aldi berean hartu nahi badituzte oporrak, arau orokor gisa lehentasuna izanen du herriko farmazia bulegorik antzinakoena.

2. Salbuespenez, eta behean zehazten diren baldintzak betez gero, herrian bakarrak diren farmazia bulegoak urtean bi aste egon ahal izanen dira itxita. Hona hemen baldintzak:

_ Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ordezko farmazialaria kontratatzeko eginiko eskaera aurkeztea, eta ordezkoa kontratatzea ezinezkoa izan dela frogatzea.

_ Hogei minutu baino gutxiagoko distantziara beste farmazia bulegoren bat egotea.

_ Itxita egon nahi duen egunetan zaintzako txandarik esleituta ez izatea. Txandaren bat badauka, multzo bereko edo oinarrizko osasun eskualde bereko beste farmazia bulego bat berarekin txanda trukatzeko prest dagoela frogatzeko agiria aurkeztu beharko du.

16. artikulua . Jakinarazpen prozedura.

Farmazia bulegoetako jabe titularrek farmazia bulegoa oporraldirako itxi baino hilabete lehenago, gutxienez, horren berri emanen diote Osasun Departamentuari, eta hark baimena ukatu ahal izanen die, etengabeko farmazia laguntza ziurtaturik ez dagoela irizten badio.

17. artikulua . Jendearentzako informazioa.

Oporraldia dela edo bestelako arrazoiren bat dela, behar bezala baimenduta farmazia bulegoa ixten denean, eremu publikotik ongi ikusten den lekuan oharra jarri behar da, oporraldiaren berri emateko eta hurbileneko farmazia bulegoak non dauden eta zaintzako txandak noiz diren jakinarazteko.

18. artikulua . Egoera bereziak.

Herri edo eskualde batean, ohiz kanpoko egoeren ondorioz, farmazia laguntzaren eskaria nabarmen gehitzen bada, Osasun Departamentuak aldarazi ahal izanen ditu farmazia bulegoak jendearentzat irekita egoteko ordutegia eta zaintzako zerbitzuak, herritarrei farmazia laguntza egokia bermatzeko.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe geratzen dira ekainaren 7ko 185/1993 Foru Dekretua eta honako foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, eta berariaz, foru dekretu honen 9 eta 12. artikuluetan aurreikusitako zaintzako zerbitzuak aldaraz ditzan, biztanleriaren aldaketa garrantzitsuei egokitzeko.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: C3161499

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web