(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

114/2002 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 3KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ETA BERE ERAKUNDE AUTONOMOETAKO LANGILEAK LANERAKO EZINTASUNAGATIK BIRKOKATZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUARI ATXIKITAKO LANGILEAK ETA HEZKUNTZA ETA KULTURA DEPARTAMENTUARI ATXIKITAKO IRAKASLE EZ UNIBERTSITARIOAK IZAN EZIK

BON N.º 87 - 19/07/2002



Atariko

Administrazioaren eta sindikatuen artean 2002ko apirilaren 4an hitzartu Erabakian (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2000 eta 2001erako enplegu baldintzak), Lan Osasuna izeneko hamargarren puntuko E atalean, konpromisoa jasotzen da, Segurtasun eta Osasun Batzordeen bitartez, lanean aritzeko desegokiera edo ezintasuna duten langileak birkokatuko dituen araubidea garatzeko, lanpostua langileari ezin egokitu zaionean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen Enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboak ere bere egin zuen konpromiso hori 99-d) artikuluan.

2001eko urriaren 29an egindako bilkuran, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoetako Segurtasun eta Osasun Batzordeak (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta irakasle ez unibertsitarioak kanpo), esparru horretan lanean aritzeko ezintasuna duten langileak birkokatzeko prozeduraren irizpideak eta edukia eztabaidatu zituen, eta aho batez onetsi.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko maiatzaren 13ko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko irizpena eman du, edukia antolamendu juridikoarekin bat datorrela uste baitu.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hiruan egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Birkokatze prozedura aplikatzeko esparrua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileei aplikatuko zaie araudi hau, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako irakasle ez unibertsitarioak kanpo utzita.

Bestalde, esparru horretan berean birkokatuko dira.

2. artikulua . Prozeduraren printzipio orokorrak.

1. Foru Dekretu honetan arautu prozedura hobetsiko da lanpostuak betetzeko, beste edozein prozeduraren aldean.

2. Betiere, maila edo talde bereko lanpostuetan birkokatuko dira, eta izangaiek haietan sartzeko baldintzak beharko dituzte bete.

3. Birkokatzearekin ez da laneko herria aldatuko, non ez dagoen birkokatua hartarako prest.

3. artikulua . Prozeduraren hasiera.

1. Enplegatu interesatuak eskatuta hasiko da prozedura, edo ofizioz. Azken kasu horretan, enplegatuaren zerbitzuak hartzen dituen departamentuak edo erakunde autonomoak eskaturik edo Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak lanpostuz aldatzera bultzatzen duen azterketa medikoa egin ondoren.

2. Enplegatuaren zerbitzuak hartzen dituen departamentuak edo erakunde autonomoak eskatuta, prozedura ofizioz hasitakoan, behar bezala arrazoitu beharko da eskaera, eta interesatuak 10 eguneko epea izanen du egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Horiek eta prozedura ofizioz hasteko idazkia Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira igorriko dira, tramita daitezen.

3. Enplegatuak eskatuta prozedura hasteko, bere zerbitzuak hartzen dituen departamentuko Idazkaritza Teknikoari egin beharko dio eskaera edo, bestela, langileriaren kontuan eskumena duen erakunde autonomoko organoari. Hortik, dituzten aurrekariekin batean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira igorriko da, tramitatu eta "birkokatze zentsuan" sartzeko.

Enplegatuaren eskaera txosten medikoez abalatzen ahalko da. Horiek kartazal itxi baten barrenean aurkeztuko dira, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak ireki ditzan.

4.cu8.Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak birkokatzeko espedientea igorriko du Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalera, horrek behar den txostena egin dezan.

4. artikulua . Txostenaren fasea.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak, langile bakoitzari azterketa egin ondoren igorri behar zaion txostenaz gain, Lanerako Gaitasunari buruzko Iritzi Klinikoa emanen du beti. Bertan adieraziko da birkokatu beharra hala uste denean eta ezin denean lanpostua enplegatuaren ezintasunarekin egokitu, baita arrisku profesionalaren ondoriozko ezintasuna ote den. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira igorriko da Lanerako Gaitasunari buruzko Iritzi Kliniko hori, baita enplegatuari eta bere zerbitzuak hartzen dituen departamentu edo erakunde autonomora ere.

5. artikulua . Prozeduraren tramitazioa eta ebazpena.

1. Lanerako Gaitasunari buruzko Iritzi Klinikoaren arabera, pertsona bat birkokatze prozesuan sartu behar ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bitartez amaituko da espedientea, eta interesatuari jakinaraziko zaio.

2. Gainerako kasuetan, prozedura tramitatzen jarraituko da, urrats hauek emanez:

a) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalaren esku utziko du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak birkokatu beharreko enplegatuen zerrenda, baita haien bidez bete daitezkeen lanpostuena ere.

b) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak enplegatuen Lanerako Gaitasunari buruzko Iritzi Klinikoa prestatuko du eta Birkokatze Batzordeari igorriko dio. Ebaluatutako enplegatuen zerrenda eta lanpostuen ezaugarriak eta emaitzak jasoko ditu, fase hauetako prozesua egin ondoren:

-Bete beharreko lanpostuaren ezaugarriak eta haien analisia, dagokion departamentu edo erakunde autonomoko langileriaren arduradunek igorria.

-Bete beharreko lanpostuaren profil profesiografikoa, arduradunarekin bat datorrena.

-Osasun ebaluazioen prozesua: ebaluazio medikoa eta psikologikoa.

-Enplegatuen profilak.

-Bete beharreko lanpostuarekin erkatzea.

-Emaitzak.

c) Birkokatze Batzordeak, behin-behinekoz, egokitzat jotako izangaien artean bat hobetsiko du, Foru Dekretu honen 7. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz.

Behin-behineko proposamen horren berri emanen zaie interesatuei, 10 eguneko epean, bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak presta ditzaten.

Epe hori iraganik eta interesatuen alegazioak ikusitakoan, Batzordeak behin betikoa eginen du proposamena, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira igorriko.

d) Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bitartez birkokatuko da enplegatua. Ebazpen hori interesatuei jakinaraziko zaie, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalari eta birkokatzeak eragindako departamentu edo erakunde autonomoei; betiere, enplegatuak lanpostu berrian hasi baino lehen.

e) Sei hilabeteko epean burutuko dira birkokapenak; alabaina, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalaren ustez, kasu korapilatsuak direnean, luzatzen ahalko da.

Birkokatzeko eskaera bat hartzean, eskaera hori bideratzeko lanpostu hutsik ez badago, bertan behera utziko da prozedura; baina ofizioz jarraituko du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak plantilla organikoan lanpostu hutsak sortu bezain laster, eta interesatuak ez du berriz eskaerarik egin beharko.

Epea luzatu edo prozedura bertan behera utziz gero, interesatuari eta Birkokatze Batzordeari jakinaraziko zaio.

6. artikulua . Birkokatze Batzordea.

1. Eginkizunak.

Birkokatze Batzordeari dagokio izangai egokienaren aldeko proposamena egitea, Foru Dekretu honen 7. artikuluan adierazi irizpideei jarraituz. Horretarako, behar den aldiro bilduko da eta hiru hilabetetik behin bederen.

2. Osaera.

Honako hauek osatuko dute Birkokatze Batzordea:

-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileri Zerbitzuko zuzendaria.

-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Zerbitzuko zuzendaria.

-Langileri Zerbitzu horretako Ezintasun eta Pentsioen Araubidearen Ataleko burua.

-Administrazio Erroko Segurtasun eta Osasun Batzordeko bi delegatu, Prebentziokoak.

Batzordeko kide bakoitzak du bere botoa eta hizpidea.

Batzorde horren bileretan hartuko dute parte, aholkulari tekniko gisa, Lan Harremanen Zerbitzuko Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Ataleko buruak eta Atal horretako osasun unitateko kide batek. Beste aholkulari batzuek ere hartzen ahal dute parte, Batzordeak beharrezkoa ikusi eta eskatzen duenean. Horiek, aholkulari teknikoek bezala, ez dute botorik izanen.

Birkokatu beharreko pertsona edo jokoan diren lanpostuak Hezkuntza eta Kultura Departamentukoak direnean, Departamentu horretako Giza Baliabideen Zerbitzuko Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Ataleko burua eta Atal horretako osasun unitateko kide bat izanen dira aholkulari tekniko.

7. artikulua . Birkokatzeko irizpideak.

1. Birkokatze Batzordeak proposatuko du nork beteko duen lanpostua egokitzat hartutakoen artetik, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak Lanerako Gaitasunari buruzko Iritzi Klinikoan egin balorazioaren arabera.

2. Izangaien artean lehentasun ordena ezarri behar izanez gero, Birkokatze Batzordeak beste irizpide batzuek baloratuko ditu, hala nola:

a) Saihesteko moduko arriskua, lehentasuna baitute laneko istripuen edo lanbideko eritasunen ondoriozko egoerek.

b) Zein departamenturi atxikita dagoen enplegatua; ahal dela, bere zerbitzuak hartzen dituen departamentu edo erakunde autonomoan birkokatuko baita.

c) Adina.

d) Antzinatasuna, lanpostuan edo Administrazioan.

e) Beste erakunde ofizialen ebazpenak.

f) Beste batzuk.

Birkokatze Batzordeak erabakiko du nolako lehentasun eman c)tik f)ra bitarteko irizpideei.

8. artikulua . Langile birkokatuen ordainsariak.

Birkokatutako enplegatuak lanpostu berriari dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

Lanpostu berriko ordainsariak aurreko lanpostukoak baino txikiagoak badira, konpentsazio bat emanen zaio, aipatu ordainsarien arteko aldea adinakoa. Kalkulatzeko, honela jokatuko da:

a) Laneko istripuak edo lanbideko eritasunak behartutako birkokapena: bi lanpostuei esleitutako ordainsari guztiak hartuko dira kontuan, aldian behin ematen ez direnak barne.

b) Beste arrazoi batzuek behartutako birkokapena: bi lanpostuei esleitutako ordainsari osagarriak bakarrik hartuko dira kontuan, arrisku bereziko osagarria kanpo; beraz, aldian behin ematen ez direnak, aurreko lerroaldean aipatuak, ez dira inoiz kontuan hartuko.

9. artikulua . Birkokatze motak.

Lanpostu hauetan birkokatuko da:

a) Hutsik dauden lanpostuetan: behin-behinekoa izanen da birkokapena 6 hilabetetan, pertsona horrek lanpostu hutsa hartzen duenetik aitzina. Epe horretan, interesatuak edo lanpostuari dagokion departamentuak birkokapena berrikusteko eskatzen ahalko du. Arrazoien gainean eskatuko da eta beste aldeari entzunaldia emanen zaio. Eskaera hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira igorriko da, tramita dadin.

Epe hori iraganik, ez bada berrikusteko eskatu, edo, eskaera eginik, ez badu Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak kontrako txostenik eman, behin betikoa izanen da birkokapena, eta hala jakinaraziko zaio interesatuari eta birkokatze hori gertatu den departamentu edo erakunde autonomoari.

Birkokatzea behin betikoa dela, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak interesatuaren izendapeneko lanpostuari izena aldatzeko tramitea eginen du birkokatze prozesuan esleitutakoaren izena har dezan, biak desberdinak direnean.

Alabaina, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak kontrako txostena eman badu, birkokatzeak behin-behinekoa izaten segituko du eta lehentasuna emanen zaio interesatua beste lanpostu batean kokatzeko prozesuari eta, hori amaitu bitartean, hasierako lanpostura itzultzeko egokiera eta aukera aztertuko da.

b) Erreserba duten lanpostuetan: behin betikoz birkokatu ahal izateko lanpostu hutsik ez dagoenean, erreserba dutenekin egiten ahalko da, titularrak, araudia baliatuz, lanpostua erreserban izateko eskubidea erabili duenean.

Kasu horretan, beti aldi baterako birkokatuko da, eta pertsona birkokatuak bere jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Dena dela, iraunaldiari begira, birkokatze hauek behin betikoen prozedura berari jarraituko diote.

c) Salbuespen gisa, larrialdietan (lanbideko eritasuna edo langileari nahiz beste batzuei arriskua dakarkieten beste arrazoi batzuk), enplegatuari dagokion departamentu edo erakunde autonomoan langileriaren arloan eskumena duen organoak berehala birkokatuko du eta, segidan, bere jokabidearen berri emanen dio Birkokatze Batzordeari eta Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalari. Horrexek, enplegatuari azterketa medikoa egindakoan, Lanerako Gaitasunari buruzko Iritzi Klinikoa emanen du eta Birkokatze Batzordeari igorriko dio, egindakoa berretsi edo errefusatzeko.

Birkokatze horiek aldi baterako izanen dira, baina langilearentzat behin betiko galera bada, birkokatze arrunta egin beharko da.

10. artikulua . Birkokapenak berrikustea.

Behin betikoz birkokatzen denak ezin izanen du beste birkokatze prozesu bat eskatu, egoera larriago bihurtzen denean edo beste gaitz batzuk agertzen direnean izan ezik.

11. artikulua . Langile birkokatuak lekualdatzea.

Behin-behinekoz, aldi baterako edo behin betikoz birkokatutako langileak lekualdatze lehiaketa batean parte hartzen badu, txosten bat eskatuko zaio Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalari, aukeratu duen lanpostua betetzeko egokierari buruz, hura adjudikatu baino lehen.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ahalmena eman zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari behar diren xedapenak eman ditzan Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0206631

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web