(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

109/2005 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 22KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO GAZTEENTZAKO INFORMAZIO ZERBITZUEN SAREA SORTU ETA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 112 - 19/09/2005



Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 18. idatz-zatiak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio gazteendako politikaren arloan.

Uztailaren 28ko 278/2003 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko estatutuak onetsi ziren. Erakunde autonomo horrek, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak planifikaturik, zuzendurik eta babesturik, haren nagusia baita, gazteriaren arloan Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumenak erabiliko ditu.

Gazteentzako informazio zerbitzuak otsailaren 22ko 71/1993 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren lehenbizikoz. Zerbitzu horien errealitateak eta praktikak gomendatzen dute zenbait aldaketa egitea, araudi berri batean islatu beharko direnak.

Era horretan, komenigarritzat jotzen da Nafarroako Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzea eta arautzea. Sare horretan sartuko dira zerbitzu horiek, bete behar dituzten baldintzak ezarriz, eta sailkatu eginen dira, gazteentzako informazioaren, dokumentazioaren, espezializazioaren eta aholkularitzaren arloan dituzten eginkizunak eta eskumenak zehaztuz eta, azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzuok onartzeko bete behar dituzten baldintzak eta prozedura finkatuz.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluari entzun ondoren, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko abuztuaren 22ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzea eta arautzea.

2. Nafarroako Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko kide izatea ezinbestekoa izanen da informazio eta dokumentazio sare nazionalean eta nazioartekoan sartu ahal izateko.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau aplikatuko da pertsona juridikoek, publikoek nahiz pribatuek, sustatu dituzten gazteentzako informazio zerbitzu guztietan, irabazi asmorik gabekoak badira eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuak badaude, eta hemen ezarritako baldintzak betetzen dituztenean zerbitzu izatearen onarpen ofiziala lortuko dute.

3. artikulua . Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea laguntza zerbitzu bat da eta gazteei bizitza sozialean sartzeko eta parte hartzeko behar duten orientazioa ematea du helburu. Honela osatuko da:

1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroa.

2. Foru dekretu honen arabera onarpen ofiziala duten gazteentzako informazio zerbitzuak. Bi kategoria hauetan bereizten dira:

a) Gazteentzako informazio bulegoak.

b) Gazteentzako informazio guneak.

4. artikulua . Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroaren eginkizunak.

Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sendotzea, bultzatzea eta koordinatzea.

2. Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Erregistroa sortzea.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko Koordinazio Batzordea sortzea.

4. Erakunde nazionalekin eta nazioartekoekin elkarlanean aritzea, bai eta beste autonomia erkidegokoekin ere, gazteriarentzat interesgarriak diren informazio eta programa bateratuak elkarrekin trukatzeko.

5. Sareko langileekin prestakuntza eta birziklaje ikastaroak, jardunaldiak eta topaketak bultzatzea.

6. Gazteentzat interesgarriak diren gaiei buruzko azterlanak, gidaliburuak, kartelak, etab. prestatu eta argitaratzea.

7. Informazioa jaso, katalogatu eta banatzea.

8. Gazteentzako gai interesgarriei buruzko dokumentu-funtsa sortzea (lana, osasuna, etxebizitza, egoitzak, aterpetxeak, bidaiak, etab.).

9. Informazioa hobetzeko berrikuntza teknologikoa sustatzea.

10. Gazteentzako informazio zerbitzuen eta orokorrean gazte guztien eskura jartzea Interneten bidezko informazioa hedatzeko zerbitzua.

11. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak gazteentzat zehaztutako informazioarekin lotzen diren eginkizun guztiak.

5. artikulua . Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko koordinazio batzordea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko koordinazio batzordea urtean behin bederen bilduko da. Honela osatuko da: Gazteriaren Zuzendariordetzako arduradun nagusia edo haren ordezkoa, berak izendatua, batzordeburu lanetan arituko dena, Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Ataleko arduraduna edo haren ordezkoa, batzordeburuorde lanetan arituko dena, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko arduraduna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko zerbitzuetako ordezkari hauek:

Toki entitateen, unibertsitateen eta soldaduentzako informazio bulegoen (OFIS) menpeko gazteentzako informazio bulegoetako 3 ordezkari.

Toki entitateen menpeko gazteentzako informazio guneetako 2 ordezkari.

Elkarteen menpeko gazteentzako informazio bulego edo guneetako ordezkari bat.

6. artikulua . Gazteentzako informazio zerbitzuak eratzeko baldintza orokorrak.

Nafarroako Foru Komunitatean eratzen diren gazteentzako informazio zerbitzuak behartuak egonen dira Eryca gutuneko hamasei printzipio betetzera (Gazteentzako Informazio eta Aholkularitzako Europar Agentzia), horiexek baitira gazteei informazioa emateko zuzentarauak, gazteek informazioa izateko eskubidea bermatzera bideratuak. Horrezaz gainera, zerbitzu horiek une oro aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak ere bete beharko dituzte.

7. artikulua . Gazteentzako informazio bulegoak.

1. Gazteentzako informazio bulegoak gazteentzako informazio jarduerak helburutzat dituzten zerbitzuak dira, zuzenean jendeari ematen zaizkionak. Aholku emaileen laguntza izan dezakete edo/eta gai jakin batean espezializatzen ahal dira.

2. Ofizialki onartuak izateko, baldintza hauek, behintzat, bete beharko dituzte:

a) Erraz aurkitu eta sartzeko lokal bat izatea, gai hauetarako soilik erabiliko dena, edo beste jarduera batzuetatik berezitako gunea, zeinetan bi eremu bereizi egonen diren: bata jendea hartzeko eta bestea barneko lanerako. Ahal den heinean, erraztasunak jarriko zaizkie ezgaitasun fisikoak eta zentzumenezkoak dituzten pertsonei.

b) Honako baliabide tekniko hauek gutxienez izan beharko dituzte: Interneterako sarbidea duen ordenagailua, posta elektronikoa, telefonoa, inprimagailua, faxa eta fotokopiagailua.

c) Jendaurreko orduak ez dira 30 ordu baino gutxiago izanen astean, gazteentzako informazio lanetarako soilik.

d) Ematen diren zerbitzuen eta erabiltzaileen kopuruak eskatzen duen adina langile beharko dute izan. Lan egoera egonkorreko pertsona bat bederen beharrezkoa izanen da, eta haren gutxieneko titulazioa 2. mailako LH edo baliokidea. Langile horiek gazteentzako informazio arloan prestakuntza aproposa dutela frogatu edo, bestela, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) emandako ikastaro bat gainditu beharko dute. Bulegoak informazioa eta aholkularitza ematen badie gazteei gai zehatz batzuetan, zeregin horien arduradunen gaitasun profesionala bermatuko du.

3. Onarpen ofiziala duten gazteentzako informazio bulegoek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kasuan kasuko logotipoa erabiltzea.

b) Informazioa eskuratzeko orduan gazteen arteko berdintasuna bermatzea.

c) Jendea zuzenean atenditzea.

d) Proiektu bat izatea, informazioa tresna onuragarria izan dadin gazteen garapen sozial, ekonomiko, kultural eta politikorako.

e) Egiten zaizkien kontsulten kontrola eramatea, orri normalduetan. Orri horiek Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroak emanen ditu.

f) Urtean behin, gutxienez, zerbitzuaren jardueren memoria igortzea, dirulaguntzarik eskatu bada edo ez, erabiltzaileen estatistika espresuki aipatuz.

g) Informazioa bilatu, bildu, prestatu, landu eta zabaltzea.

h) Informazioa igortzea gazteentzako informazio guneetara.

i) Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio zentroarekin batera lan egitea jarduera eta programetan.

j) Sarean funtzionatuz sor daitekeen lan karga bere gain hartzea.

8. artikulua . Gazteentzako informazio guneak.

1. Gazteentzako informazio guneak gazteei informazioa emateko ardura duten zerbitzu batzuk dira. Informazio hori gazteentzako dokumentazio eta informazio zentro edo gazteentzako informazio bulego hurbilenak emandakoa izan daiteke, edo informazio guneak berak bildutakoa. Horretarako, egoki iruditzen zaien edozein baliabide erabiliko dute, hala nola informazio panelak, zuzeneko harremana, internet, argitalpenak eta abar.

2. Ofizialki onartuak izateko baldintza hauek, behintzat, bete beharko dituzte:

a) Informazioa eskuratzeko orduan gazteen arteko berdintasuna bermatzea.

b) Lokal bat edo gune bat propio izatea informazio lanetarako. Ahal den neurrian, ezintasun fisikoak eta zentzumenekoak dituzten pertsonentzako sarbide errazak jarriko dira.

c) Honako baliabide tekniko hauek gutxienez izan beharko dituzte: Interneterako sarbidea duen ordenagailua, posta elektronikoa, telefonoa, inprimagailua eta faxa.

d) Jendaurreko orduak ez dira 15 ordu baino gutxiago izanen astean, gazteentzako informazio lanetarako soilik, eta gazteen beharretara egokitutako orduetan.

e) Informazio gunea irekirik dagoen orduetan jendeari harrera eginen dion pertsona bat izatea, gutxienez batxillergo titulua duena, 2. mailako LH edo baliokidea. Langile horiek gazteentzako informazio arloan prestakuntza aproposa dutela frogatu edo, bestela, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) emandako ikastaro bat gainditu beharko dute.

f) Gazteen beharrei eta interesei erantzuteko baliagarri diren informazioak biltzeko eta haiei helarazteko proiektu bat izatea.

9. artikulua . Gazteentzako informazio zerbitzuen bulegoak.

Ofizialki onartutako gazteentzako informazio zerbitzuek bulegoak izan ditzakete lokal nagusiaz gainera, erabiltzaileek euren kabuz kontsultak egiteko guneak eta guzti.

10. artikulua . Bigarren mailako zerbitzuak ematea.

Ofizialki onartutako gazteentzako informazio zerbitzuek, euren jarduketa osatzeko, informazio edo dokumentazio hutsa baino zerbitzu gehiago ere ematen ahal dute, betiere ordenamendu juridikoarekin bat heldu badira eta jarduera nagusiarekin alderatuta bigarren mailako garrantzia badute.

11. artikulua . Identifikazioa.

1. Gazteentzako informazio zerbitzu bakoitzak bere izena izanen du, ofizialki onartutako beste edozein ez bezalakoa. Izen horri izen generikoa itsatsiko zaio, hots, gazteentzako informazio bulegoa nahiz informazio gunea.

2. Ofizialki onartutako gazteentzako informazio zerbitzu guztiek ageri-agerian jarri beharko dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak ezarritako nortasun anagrama.

12. artikulua . Onarpen ofizialaren onurak.

Onarpen ofizialak onura hauek ekarriko dizkio gazteentzako informazio zerbitzuari:

a) Nafarroako Gobernuaren Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroak daukan informazioa eskuratu ahal izatea.

b) Onarpena duten gazteentzako informazio zerbitzuentzat zuzendutako dirulaguntzen deialdietan parte hartu ahal izatea.

c) Bestelako onurak, araudi bidez edo hitzarmen bidez onartutako zerbitzuarekin zehaztutakoak.

13. artikulua . Gazteentzako informazio zerbitzu gisa ofizialki onartuak izateko eskaera.

1. Gazteentzako informazio zerbitzuen titular diren irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek gazteentzako informazio zerbitzu gisa ofizialki onartuak izan nahi badute, eskaera aurkeztu beharko dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan, agiri hauekin batera:

a) Jardun nahi duten lurralde eremuan gazteentzako informazio zerbitzu bat izateko komenentziaren justifikazioa.

b) Zerbitzua zein toki entitatetan kokatzen den hango idazkariaren ziurtagiria, udalerriko 14 urtetik 30era arteko gazteen errolda adierazten duena.

c) Urteko aurrekontua eta finantzatzeko aurreikuspenak.

d) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzen duten agiriak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskura ez baditu, dagokion Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria aurkeztuko da.

e) Foru dekretu honetan azpiegiturari eta funtzionamenduari buruz ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, kontuan hartuz gazteentzako informazio bulegoa den edo informazio gunea den.

f) Bigarren mailako beste zerbitzu batzuk ematen direla egiaztatzen duten agiriak.

g) Gazteentzako informazio bulegoen kasuan, entitate titularraren konpromisoa, zeinen bidez onartzen baita gazteentzat interesa duen informazioa prestatu behar dela eta bere eskualdeko gazteentzako informazio guneei informazioa eta laguntza emanen zaiela.

h) Eryca gutunean biltzen diren printzipioei atxikitzeko konpromiso idatzia.

2. Aurkeztutako agiriak akatsak izan edo osatu gabe baldin badaude, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko eskaera luzatuko zaio entitate eskatzaileari, eta ohartaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, eskaera artxibatuko dela behar den ebazpena eman ondoren.

14. artikulua . Ebazpena.

1. Gazteentzako informazio zerbitzuen onarpen ofiziala Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen arrazoituaren bidez emanen da edo ukatuko da. Aipatu ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienez ere hiru hilabeteko epea izanen da, eskaera Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko erregistroan sartzen denetik aitzina.

2. Ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak baietsi direla ulertuko da.

3. Ebazpenean espresuki agerraraziko da onarpena emateko baldintza dela gazteentzako informazio zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako betebeharrak bete eta eginkizunak garatzea.

15. artikulua . Aldaketa.

Ofizialki onartutako zerbitzu batean aldaketaren bat izan eta foru dekretu honetan ezarritako gutxieneko betebehar eta eginkizunetan eraginik izaten badu, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinarazi beharko zaio, hark baimena eman dezan.

16. artikulua . Onarpen ofiziala baliogabetzea.

Onarpen ofiziala duen gazteentzako informazio zerbitzu batek foru dekretu honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen ez baditu Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak onarpen ofizialaren ebazpena baliogabe uzten ahal du, ebazpen arrazoituaren bidez eta ukitutako zerbitzuaren entitate titularrari entzun ondoren.

17. artikulua . Gazteentzako informazio zerbitzuen erregistroa.

1. Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio zentroak sortu eta kudeatuko du gazteentzako informazio zerbitzuen erregistroa, tresna publiko gisa, zeinetan inskribatuko baitira ofizialki onartutako gazteentzako informazio zerbitzu guztiak.

2. Erregistroan datu hauek agerraraziko dira: zenbakia, gazteentzako informazio zerbitzua zein motatakoa den, izena, lurralde eremua, helbidea, eskatzailearen izena eta zein entitatetakoa den.

3. Onarpen ofiziala eman edo, kasua bada, baliogabetzen duen ebazpena jakinarazita, Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroak inskripzioaren edo deuseztapenaren idazpena eginen du erregistroan ofizio bidez.

Xedapen Iragankor Bakarra. Lehendik dauden gazteentzako informazio zerbitzuak

1. Foru dekretu honek indarra hartzean funtzionatzen ari diren gazteentzako informazio bulegoen eta informazio guneen entitate titularrek, dekretuan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte, hiru hilabeteko epea izanen dute dekretuan xedatutakoari atxikitzeko eta onarpen ofiziala eskatzeko foru dekretuan bertan ezarritakoari jarraikiz.

2. Epe hori iragan bada eskaera egin gabe, otsailaren 22ko 71/1993 Foru Dekretua dela medio onartu diren gazteentzako informazio zerbitzuei onarpen ofiziala kenduko zaie.

Xedapen Indargabetzailea. Indargabetutako arauak.

Bakarra. Indarrik gabe uzten da gazteentzako informazio zerbitzuak arautu zituen 71/1993 Foru Dekretua, otsailaren 22koa, hala nola foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten beste xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehena . Erregelamenduzko garabidea.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena . Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Francisco J. Iribarren Fentanes._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: F0518053

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web