(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

108/2003 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 12KOA, NAFARROAN JANARI ERABILTZAILEEN PRESTAKUNTZAN ARITZEKO BALDINTZAK, BAIMENA EMATEKO ERREGIMENA ETA ERREGISTROAREN ERREGIMENA ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 85 - 04/07/2003



  I. ERANSKINA. PRESTAKUNTZA PROGRAMAK


  II. ERANSKINA. ELIKAGAI ENPRESEK ETA PRESTAKUNTZA ENTITATEEK JANARI


Atariko

Janari erabiltzaileei buruzko maiatzaren 15eko 113/1987 Foru Dekretuaren bidez Nafarroan janari erabiltzailearen osasun txartela lortzeko mekanismoa ezarri zen. Horrela bermatu nahi izan zen janari erabiltzaileak behar bezala prestatuko zirela eta, horrenbestez, janarien manipulazioan neurri higienikoak aplikatuko zituztela. Osasun arloko agintarien esku utzi zen prestakuntzaren nondik norakoak zehaztea eta janari erabiltzailearen karneta ematea.

Geroago, abenduaren 28ko 2207/1995 Errege Dekretuak elikagaiei buruzko higiene arauak ezarri zituen eta gure antolamendu juridikoan sartu zuen ekainaren 14ko 93/43/EEE zuzentaraua, izan ere elikagaien sektoreko enpresei agindu baitzien janari erabiltzaileen prestakuntza egokiaz arduratzea, beren lan jardueraren arabera.

Janari erabiltzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuak, azkenik, aukera ematen die elikagaien sektoreko enpresei prestakuntza hori bi eratara antolatzeko: beren baliabideak erabiliz, edo baimena duen beste enpresa edo entitate batengana joz. Betiere, osasun arloko agintari eskudunek, beharrezkoa iruditzen zaienean, elikagaien higieneari buruzko prestakuntza programak garatu edo eman ahal izanen dituzte.

Beharrezkoa da, beraz, elikagaien higieneari buruzko prestakuntza programak garatu eta emanen dituzten enpresa eta entitateei horretarako baimena emateko prozedura arautzea.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 53.1 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatearen esku dago Estatuko oinarrizko legeak betearaztea eta legeak garatzea barne osasuneko eta higieneko gaietan.

Nafarroako Kontseiluak, 2003ko apirilaren 7an egin bilkuran, adostasun txostena eman du foru dekretu honi buruz, antolamendu juridikoarekin bat datorrelakoan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 32. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateko osasun administrazioari ematen zaizkion eskumenak erabiliz, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hamabiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da arauak ezartzea, janari erabiltzaileen prestakuntzako jarduerak egin nahi dituzten prestakuntza entitateei, eta bai elikagaien arloko enpresei beraiei ere, horretarako baimena emateko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, janari erabiltzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, janari erabiltzaileen prestakuntzan ari diren enpresa eta entitateen erregistroa sortzen da foru dekretu honen bitartez.

2. artikulua . Prestakuntza entitateak.

Foru dekretu honi dagokionez, prestakuntza entitatetzat hartuko da edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko nahiz pribatu, baimena baldin badu elikagaien sektoreko beste enpresa batzuetako janari erabiltzaileen prestakuntzan aritzeko, honako xedapen honen arabera.

3. artikulua Elikagai enpresen eta prestakuntza entitateen gutxieneko betekizunak.

Nafarroan janari erabiltzaileen prestakuntza jarduerak egin nahi dituzten prestakuntza entitateek eta elikagai enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte, gutxienez:

1. Irakasleak izan behar dituzte, osasun zientzietako edo elikagaien teknologia eta zientzietako lizentziadun edo diplomadunak, elikagaien higieneari buruzko prestakuntza egiaztatua dutenak, horrelako irakasleak behar baitira prestakuntza emateko.

2. Prestakuntza programetan, berriz, oinarrizko edukiak, eduki orokorrak, eta prestakuntzaren xede den elikagai sektore zehatzari dagozkionak bildu behar dira, I. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

3. Prestakuntza jarduerak egiteko behar diren baliabideak izan behar dituzte, eta ebaluazio bide egokiak ere bai, emandako prestakuntzaren eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko.

4. artikulua . Baimena.

1. Osasun zuzendari nagusiari dagokio baimena eman ala ukatzea janari erabiltzaileen prestakuntzan aritzeko baimena eskatzen duten elikagai enpresei eta prestakuntza entitateei.

Hala bada, Osasun Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko da baimenaren eskabidea, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera egina. Agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Irakasleak identifikatzeko datuak eta haien lanbide kualifikazioaren egiaztagiriak.

b) Memoria, honakoak azaltzeko: Prestakuntza programaren eduki zehatza (baimenaren babesean prestakuntza eskaini nahi zaien elikagai sektoreak banan-banan harturik azaldu behar dira edukiak); iraupena, ikastaro bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua, metodologia, material didaktikoa, ebaluatzeko metodoak, prestakuntzaren ziurtagiriaren eredua, eta prestakuntza ekintzen aldizkakotasuna, elikagai enpresak berak eskatzen badu baimena.

c) Beste autonomia erkidego batek/batzuek emandako baimenaren kopia/k, hala denean.

2. Baimenak 5 urteko indarraldia izanen du. Indarraldiaren azken hiruhilekoan eskatu beharko da berriztapena.

Baimena lortzeko bete behar izan diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada, Osasun Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio.

Osasun zuzendari nagusiak baimena baliorik gabe utzi ahal izanen du, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzen ez bada.

3. Erakunde ofizialen onarpena duten ikastetxe edo lanbide heziketako eskoletan egiten diren ikastaro eta jarduerek Osasun Zuzendaritza Nagusiaren onarpena jaso ahal izanen dute, eta horrenbestez, ikastaro eta jarduera horiek egiten dituzten ikasleak janari erabiltzaileak izateko egoki prestaturik daudela joko da.

4. Beste autonomia erkidego batean baimena jaso duten prestakuntza entitateek besterik gabe baimena izanen dute Nafarroako Foru Komunitatean ere aritzeko, eta erregistroan inskribatuko dira, hala eskatzen badute eta foru dekretu honetan ezarritako baldintza teknikoak betetzen badituzte.

5. Osasun Zuzendaritza Nagusiak janari erabiltzaileen prestakuntza jarduerak egin ahal izanen ditu, beharrezkoa iruditzen zaionean.

5. artikulua . Erregistroa.

Baimena duten elikagai enpresen eta prestakuntza entitateen erregistroa sortuko da, Osasun Publikoaren Institutuari atxikia.

Baimena baliogabetu edo iraungitzen bada, inskripzioa ezabatu eginen da.

6. artikulua . Prestakuntzaren kreditazioa.

Janari erabiltzaileek prestakuntza ongi aprobetxatu dutela egiaztatu ahal izateko, prestakuntza ematen dieten elikagai enpresek edo prestakuntza entitateek ziurtagiria eginen diete. Bertan ondokoak jasoko dira, gutxienez:

_ Prestakuntza eman duen enpresa edo entitatea identifikatzeko datuak.

_ Baimenaren data eta erregistroko zenbakia.

_ Prestakuntza ikastaroaren xede izan den elikagai sektorea.

_ Prestakuntza ikastaroaren data eta iraupena.

_ Ebaluazio probak gainditu dituen ikaslearen izen-deiturak eta NANa.

_ Ziurtagiria non eta noiz eman den.

_ Elikagai enpresaren edo prestakuntza entitatearen legezko ordezkariaren sinadura eta haren zigilua.

Enpresa bateko janari erabiltzaileei emandako prestakuntzaren ziurtagiriaren indarraldia bat etorriko da enpresaren programan aurreikusitakoarekin, alegia, Arriskuak eta kontrol-puntu garrantzitsuak aztertzeko planaren barnean (APPCC) edo Higiene praktika egokien gidaliburuen (GPCH) tresna osagarri gisa egiten den programa horretan aurreikusitakoarekin. Nolanahi ere, indarraldia inoiz ez da izanen bost urtetik gorakoa, eta janari erabiltzaileen prestakuntza eguneratu egin beharko da beren lanean izandako aldaketaren batengatik beharrezkoa gertatzen den aldi orotan.

Elikagai enpresek eta prestakuntza entitateek Osasun Publikoaren Institutuari ondoko zehaztasun hauek jakinaraziko dizkiote, prestakuntza ikastaroa hasi baino zazpi egun lehenago, gutxienez: elikagaien arloko zein jarduera den ikastaroaren xedea; tokia, data eta ordua; irakasleen izenak eta haien prestakuntzari buruzko datuak; parte-hartzaileen gutxi gorabeherako kopurua; eta, kasua bada, janari erabiltzaileak zein enpresatakoak diren. Era berean, ikastaroa amaitzen denetik zazpi eguneko epean, Osasun Publikoaren Institutuari igorri beharko diote ebaluazio proba gainditu duten janari erabiltzaileen zerrenda.

Elikagai enpresek osasun arloko agintarien eskura jarriko dituzte janari erabiltzaileen prestakuntzari buruzko agiriak, ebaluazio proben gainekoak barne direla.

7. artikulua . Zehapen araubidea.

Foru dekretu honen xedapenak urratzen dituztenak zehatuak izanen dira Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean eta osasunaren eremuko zehapen prozedura arautzen duen urtarrilaren 22ko 48/1996 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Xedapen Iragankorra

Janari erabiltzaileen karnetak janari erabiltzaileei buruzko maiatzaren 15eko 113/1987 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz emanen dira, eta balioa izanen dute ezartzen zaien indarraldia amaitu arte, karneten jabeen prestakuntza eguneratu beharra deusetan galarazi gabe, beharrezkoa izanez gero.

Xedapen Indargabetzailea

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko da maiatzaren 15eko 113/1987 Foru Dekretua, janari erabiltzaileei buruzkoa.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Osasun kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan eta argitaratutako eranskinak eguneratu ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabetera hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hamabian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

I. ERANSKINA. PRESTAKUNTZA PROGRAMAK

I. ERANSKINA

A._Eduki orokorra.

_Janari erabiltzailea. Definizioa. Sailkapena. Legeria. Erantzukizuna.

_Elikagaien eraldaketa eta kutsadura. Kutsagarriak: fisikoak, kimikoak eta biologikoak. Kutsadura gurutzatuak. Arrisku handieneko elikagaiak.

_Mikroorganismoak. Definizioa. Sailkapena.

_Bakterioen ugalketarako baldintzak: tenperatura, denbora, ur aktibitatea, pH-a.

_Elikagaien ondoriozko toxiinfekzioak. Mikroorganismo patogeno nagusiak.

_Elikaduraren katea. Granjatik mahaira.

_Janariak kontserbatzeko metodo nagusiak.

_Instalazio, makina eta tresnen higiene eta osasun baldintzak. Indarra duen araudia.

_Garbiketa eta desinfekzioa. Kontzeptua.

_Izurrien kontrola: intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak.

_Janari erabiltzaileak. Jokabide eta ohitura higienikoak. Gaitzik ageri ez duen eramailea. Prebentzioa.

_Elikagaien etiketak.

_Enpresen autokontrola: Arriskuen eta kontrol-puntu garrantzitsuen azterketa (APPCC). Higiene praktika egokien gidaliburuak (GPCH).

B._Eduki zehatza.

Sektoreko jarduerarekin zerikusi zuzena duten alderdi tekniko eta sanitarioei egokituko zaie.

Sakon aztertuko da kasuan kasuko enpresa edota jardueraren APPCC eta GPCH sistema.

II. ERANSKINA. ELIKAGAI ENPRESEK ETA PRESTAKUNTZA ENTITATEEK JANARI

II. ERANSKINA

Erabiltzaileen prestakuntzan aritzeko baimena eman edo berrizta diezaietela eskatzeko aurkeztu behar duten eskabidearen eredua

F elikagai enpresa.

F prestakuntza entitatea.

Eskatzen duena:

F hasierako baimena.

F berriztapena.

A._enpresa edo entitatea identifikatzeko datuak.

Izena edo sozietatearen izena................................., ifz edo ifk............., kalea.........................., zenbakia........., herria................................, posta kodea:.........., probintzia.........................., telefonoa..................., faxa..................., e-maila........................

B._legezko ordezkariaren edo titularraren datuak.

Izena edo sozietatearen izena................................., ifz edo ifk............., kalea.........................., zenbakia........., herria................................, posta kodea:.........., probintzia.........................., telefonoa..................., faxa..................., e-maila........................

C._prestakuntzaren xede diren elikagai sektoreak.

D._entitateari dagoeneko baimena eman dioten autonomia erkidegoak.

E._eransten dituen agiriak:

F irakasleak identifikatzeko eta haien kualifikazioa egiaztatzeko agiriak.

F memoria.

F beste autonomia erkidego batzuek emandako baimenen kopiak (hala behar denean).

(legezko ordezkariaren sinadura) (zigilua)

(sinadura)

Osasun zuzendaritza nagusia. Nafarroako gobernua

Iragarkiaren kodea: c3146848

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web