(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

107/2005 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 22KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN AIRE ZABALEAN EGITEN DIREN GAZTEENDAKO JARDUERAK ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 112 - 19/09/2005



Atariko

Espainiako Konstituzioak, 43., 45. eta 51. artikuluetan, botere publikoei eskatzen die aisialdia behar bezala erabiltzeko bideak eskaintzeko, natur baliabideak arrazionalki erabil daitezen begiratzeko bizi kalitatea babestu eta hobetzeko asmoz, ingurumena defendatu eta berritzeko eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen segurtasun eta osasuna prozedura eraginkorren bidez babesteko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 14., 18. eta 57.c) idatz-zatietan xedatutakoaren arabera, aisialdiaren erabilera egokiaz, gazteendako politikaz, ingurumenaz eta ekologiaz Nafarroari dagozkion eskumenak erabiliz, ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea eman zen, eta haren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du, arautu nahi den arloaren konplexutasuna eta zabaltasun teknikoa kontuan hartuta, erregelamendu bidez garatu behar dela arlo hori, ikuskizun eta josteta jarduera batzuk eta besteak modu zehatzean biltzeko.

Garapen horri, gazteendako aire zabaleko jarduerei dagokienez, apirilaren 27ko 147/1998 Foru Dekretuaren bitartez heldu zitzaion, jarduera horien garapenerako eta baimena emateko prozedurarako gutxieneko betebehar eta baldintzak arautu baitzituen.

Arautze horretan kontuan hartu zen, orobat, Kontsumitzaileei eta Erabiltzaileei buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Legeak kontsumitzaile eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna babesteko ezarri zuen esparrua, arauetan agertu beharreko gutxienekoak ezartzen baititu (kasu honetan jarduerei dagozkienak), bai eta nahitaez betebeharreko neurri batzuk ere, pertsonen osasun eta segurtasunaren berme. Printzipio horiek gazteendako jardueren esparrura ere eraman daitezke.

Azken sei urteotan gizartean izan diren aldaketek egokitzapenak egin beharra ekarri dute, aisialdiaz naturguneetan ere gozatzen baita, eta beste arau batzuk onetsi dira arlo horretan; horren ondorioz, eguneratu egin behar dira Administrazioak herritarren eskura jartzen dituen baliabideak, horrela Nafarroako naturguneak egoki erabil daitezen, horiek eta Foru Komunitateko kultur ondarea ahalik eta gutxien hondatuz.

Gazteendako jarduerak egiteko gutxieneko baldintzak arautzearen eta beharrezkoak diren baldintzen ezarpenaren helburua da ekintza horiek sustatu eta garatzea baina parte-hartzaileen osasun eta segurtasuna babesteko baldintza egokiak betez beti, eta Nafarroako naturguneak eta kultur ondarea egoki eta errespetuz erabiltzen diren begiratzea.

Horregatik, arriskuaren prebentzioaren eta mugapenaren inguruko alderdiak arautu nahi dira batik bat, bai eta pertsonengan, ingurunean edo ondarean kalteak eta galerak sor ditzaketen istripu eta ezbeharren kontrako babesa ere.

Horiek horrela, aire zabalean gazteentzat egiten diren jardueratzat jotzen da, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 1, 7.2.f), 8. eta 10.1 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat, aire zabalean ohiz kanpo egiten den josteta jarduera bat, jarduerako parte-hartzaileek aisialdiaz gozatzeko xedez egiten dena. Jarduera horiek, beren izaeragatik, badituzte arrisku batzuk, eta entitate sustatzaileak bere gain hartzen ditu eta parte-hartzaileek edo beren legezko ordezkariek ezagutzen dituzte.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko abuztuaren 22ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu honetan biltzen diren arauen bidez erregulatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen barruan gazteek aire zabalean egiten dituzten jarduerak. Horretatik kanpo daude ofizialki onartutako ikastetxeek hezkuntza programaren edukietan oinarrituta, eskolaldiaren barruan eta bertako irakasleen laguntzaz egiten dituzten jarduerak.

2. artikulua . Gazteek aire zabalean egiten dituzten jarduerak zer diren.

Foru dekretu honen ondorioetarako, gazteekin egiten diren jarduerak izanen dira hogeita hamar urtetik beherakoei zuzenduriko noizbehinkako ekintza irekiak, hamar parte-hartzaile edo gehiago dituztenak eta, elkarren segidako hiru gau gutxienez egiten dituztenak instalazio mugikorretan; hala nola, kanpaldiak, kanpaldien itxura hartzen duten auzolandegiak, ibilaldiak, zeharkaldiak eta antzekoak.

3. artikulua . Beste kontzeptu batzuk.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Kanpaldia: lur eremu mugatu batean, aire zabalean, gazteek egiten duten jarduera, parte-hartzaileen bizitoki gisa, nagusiki, kanpindendak erabiltzen dituena, eta parte-hartzaileen oinarrizko beharrei erantzuteko zerbitzuak bertan dituena.

b) Gazteendako auzolandegia: gazteek aire zabalean egiten duten jarduera, interes orokorreko lan programa sozial baten arabera burutzen dena, irabazi asmorik gabe. Taldekideak boluntarioak izaten dira eta, haien buru, gazteendako auzolandegiak zuzentzeko titulazioa duen pertsona bat.

c) Ibilaldiak eta zeharkaldiak: tokiz toki egiten den kanpaldia, hau da, aurretik ezarritako ibilbide baten arabera gaua toki ezberdinetan pasatzea eskatzen duena.

4. artikulua . Jardueraren erantzulearen betebeharrak.

1. Foru dekretu honek arautzen dituen aire zabaleko gazte-jardueren buru, zuzeneko erantzule bat izanen da uneoro, gutxienez honako titulua izan beharko duena:

a) 20 parte-hartzaile baino gehiago dituzten jardueretan, aisialdiko jardueretako zuzendari tituludun bat.

b) 20 parte-hartzaile edo gutxiago dituzten jardueretan, aisialdiko jardueretako begirale tituludun bat.

c) Gazteendako auzolandegietan, gazteendako auzolandegietako zuzendari tituludun bat.

2. Aurreko puntuan ezarritakoa gorabehera, 10 parte-hartzaile edo horren zatiki bakoitzeko, gutxienez, aisialdiko begirale bat beharko da, jardueraren zuzendaritza taldeko kidea izanen dena. Auzolandegi gisako jardueretan, auzolandegietako teknikari titulua izan beharko du.

3. Jardueretan osasun arloko arduradun bat bederen izanen da, foru dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Jardueretako parte-hartzaileak zeharkaldia egiteko eta kanpamenduan egoteko bereizten direnean, foru dekretu honetan eskatzen den osasun arloko arduraduna beharko da sail horietako bakoitzean.

5. artikulua . Kokalekuen betebeharrak.

Aire zabalean gazteendako egiten diren jardueren kokalekuak, toki edo establezimendu finkoetan egiten ez diren kasuetan, ez dira honako leku hauetan izanen:

1. Kanpin edo hirigune jendetsuetatik kilometro batetik beherako distantziara, ez eta ibai-bazterretatik 10 metrotik behera ere, hurrengo idatz-zatian ezartzen dena galarazi gabe, edo lehen edo bigarren mailetako errepide saretik edo trenbideetatik 50 metro baino gutxiagora, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta.

2. Euri-bide diren lurretan, ibai edo erreken ibilgu lehortuetan eta urak har ditzakeen beste lur batzuetan.

3. Ezponden ondoko lurretan eta errepideen, bideen, ibaibideen edo lur-mugitze edo erortzeak sor ditzaketen bestelako elementuen mailatik beherako lurretan.

4. Edozein dela kausa, arriskutsuak izan daitezkeen tokietan, eta aire edo uraren kutsaduragatik osasungaitz izan daitezkeenetan, besteak beste.

5. Jarduerako parte-hartzaileen ihesbidea edo larrialdietako zerbitzuak iristea bermatzeko moduko sarbideak ez dituzten lurretan, ahulak direlako, estuak direlako edo 300 kg/m²-ko kargari eusteko gai ez direlako.

6. Goi tentsioko aireko lineak dituzten lurretan.

7. Gizakien kontsumorako ura hartzeko tokietatik edo abereek edateko tokietatik 200 metroko erradiotik behera.

8. Baimena duen beste kanpaketa batetik 200 metro baino hurbilago.

9. Industria guneetatik 500 metro baino hurbilago.

10. Interes historiko-artistikoa duten monumentu edo multzoetatik 500 metrotik behera, Donejakue bidea barne, deusetan galarazi gabe kasuan kasuko araudi sektorialean horretarako ezarritakoa.

11. Etxeko edo industrietako hondakin-uren isurketa tokietatik 500 metrotik behera.

12. % 10etik gorako malda duten lurretan.

13. Interes publikoa dela kausa, jarduera horietarako debeku edo mugak dituzten lurretan edo, lege edo erregelamenduzko xedapenen bidez espresuki ezarritako zortasunak dituztenak, salbu eta erakunde eskudunek bidezko baimena ematen badute.

6. artikulua . Osasun arloko betebeharrak.

1. Foru dekretu honetan araututako jarduerak egiten diren tokietan botikina eduki beharko dute, parte-hartzaileen kopuruaren, jardueraren ezaugarrien eta jarduera tokitik kasuan kasuko Osasun Eskualde Oinarrizkoko osasun etxera dagoen distantziaren araberakoa.

2. Foru dekretu honetan araututako jarduera egiten den tokian osasun arloko arduradun batek egon beharko du, medikua, erizaintzako diplomaduna edo osasun laguntzaile teknikoa izanen dena edo, bestela, jardueraren osasun arloko arduradun gisa aritzeko behar den ezagutza egiaztatzen duen beste titulu baten jabe dena. Jardueraren zuzendaritza lana eta osasun arloko ardura pertsona beraren esku utzi ahalko da.

Jarduerako 100 partaide edo horren zatiki bakoitzeko osasun arloko beste arduradun bat paratu beharko da. Kasu horretan, horietako batek medikuntza eta kirurgiako lizentziaduna izan beharko du.

3. Osasun arloko arduradunak, berez dagozkion eginkizunez gain, beste hauek ere izanen ditu: osasun kontrolak egin eta oharrak idatziko ditu jardueraren gainean eta, era berean, uraren kalitatea eta elikagaiak kontrolatuko ditu, zaintza epidemiologikoari buruzko datuak hartuko ditu eta interesgarri izan daitezkeen gainerako datu edo gorabeherak ere bai.

4. Honako gai hauei buruzko araudi orokor sektoriala aplikatuko da, foru dekretu honetan araututako jardueren gainean: edateko ura eta ur hori garraiatu eta biltzeko modua; hondakin urak; zaborra gorde, garraiatu eta biltzea; elikadura arloko higienea, elikagaien garantiari buruzkoa oro har, haien kontserbazioa, kontsumoa eta biltzeko modua; botikinetan eduki beharrekoak; osasun etxeak; bainurako urak, eta pertsonen osasunaren inguruan dauden gainerakoak.

7. artikulua . Baimena eskatzea.

1. Foru dekretu honetan araututako aire zabaleko gazte-jardueraren bat sustatu edo antolatu nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek hura egiteko baimena eskatu beharko diote Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, eredu ofizial normalizatua erabiliz, honako epe hauen barruan:

a) Jardueran 50 lagun bitarteko taldea bildu eta mugitzen bada, hura hasi baino hogei egun natural lehenago.

b) Jardueran 50 lagun baino gehiagoko taldea bildu eta mugitzen bada, hura hasi baino hogeita hamar egun natural lehenago.

2. Eskaera ofizialean honakoa adierazi beharko da:

a) Jarduera antolatzen duen elkartearen, entitatearen, erakundearen edo pertsonaren izena, identifikazio fiskaleko zenbakia edo nortasun agiri nazionala, helbidea eta herria, autonomia erkidegoa edo herrialdea, posta kodea, telefonoa eta, halakorik bada, posta elektronikoa eta faxa. Pertsona juridikoak badira, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzen duen agiria ekarri beharko da.

b) Jardueraren zuzeneko arduraduna izanen den pertsonaren izen-deiturak, NAN edo pasaportea, adina, helbidea eta herria, autonomia erkidegoa edo herrialdea, posta kodea, telefonoa, posta elektronikoa eta faxa, eta foru dekretu honen 4.1. artikuluaren arabera eskaturiko titulua. Arduradunak jarduera lekuan egon beharko du uneoro.

c) Jarduerari lotuta izanen duen telefono mugikorra, larrialdi edo beharren bat sortzen denean deitzeko.

d) Zein jarduera mota egin nahi den.

e) Jarduera hasteko eta bukatzeko eguna.

f) Jardueraren edo ibilbidearen lekua.

g) Jarduera zein toki entitatetan eginen den.

h) Jarduera hartuko duten lurrak publikoak edo pribatuak diren.

i) Parte-hartzaileen kopurua, sexua eta batez besteko adina adieraziz.

j) Tituludunen kopurua, horien sexua eta batez besteko adina adieraziz.

k) Entitate eskatzailearen sinadura eta, hala denean, zigilua.

3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Jarduera zuzendu behar duen pertsonaren tituluaren kopia eta haren nortasun agiri nazionalarena.

b) Jardueran parte hartu behar duten begiraleen tituluen kopia.

c) Jardueraren osasun arloko arduradunaren edo arduradunen tituluaren kopia eta nortasun agiri nazionalarena.

d) Osasun arloko arduradunak eta janarien prestakuntza, elaborazio eta zerbitzuan aritzen diren pertsonek elikagaien higienearen arloan prestakuntza egokia dutela egiaztatzen duen agiriaren kopia, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

e) Jarduera eginen den tokiko entitate eskudunek emandako baimena. Toki entitateen baimenean agertu beharko da jarduera zein poligono eta lurzatitan eginen den.

f) Jardueraren kokalekuaren eta hurbileneko errepidetik dauden sarreren krokisa. Halaber, adierazi beharko dira inguruan dauden gorabehera geografikoak, instalazioak eta linea elektrikoak. Mendiko ibilaldi eta zeharkaldietan adierazi beharko dira, gainera, ibilbidea eta geldialdien egunak.

g) Erabili behar diren lurren jabearen edo legezko ordezkariaren baimena.

h) Parte-hartzaile guztien zerrenda, honakoak adieraziz: izena, abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia eta, adingabeak badira, helbidea, telefonoa eta adina. Nortasun Agiririk ez badute, espresuki adierazi beharko da hori.

4. Jardueraren erantzuletzat baimena eskatzen duena joko da, non ez duen egiaztatzen ordezkaria dela, orduan ordezkatuaren gain egonen baita erantzukizuna.

8. artikulua . Baimena ematea.

1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez eman edo ukatuko da baimena, eskabidea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko erregistroan sartu eta 10 egun naturaleko epean.

2. Hala ere, beharrezkoak diren agiriak aurkezten ez badira, interesatuari eskatuko zaio eskabidea zuzen dezala 5 egun naturaleko epean; denbora horretan eten eginen da ebazpena emateko epea. Epe horretan akatsak zuzentzen ez badira, eskabideari uko egiten zaiola ulertuko da, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman ondotik.

3. Baimena emantzat joko da, ezarri den epean ebazpena berariaz eman eta jakinarazten ez bada.

4. Jarduera baimentzen duen ebazpena jakinaraziko zaie eskatzaileari, Nafarroako Gobernuan arlo horretakoak diren departamentuei eta jardueraren kokaleku izanen den toki entitateari.

9. artikulua . Betebeharrak.

Jardueraren baimenaren eskatzaileak, haren arduraduna eta jarduera tokian uneoro egonen den zuzeneko erantzulea den aldetik, honako betebehar hauek izanen ditu:

1. Foru dekretu honetan, Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean eta hori garatzeko ematen diren arauetan xedatutakoa errespetatatzea eta hori guztia betetzen dela bermatzeko neurriak hartzea.

2. Parte-hartzaileendako istripu asegurua eta sustatzaileendako erantzukizun zibileko asegurua sinatzea, parte-hartzaileen kopuruaren eta jardueraren ezaugarrien araberakoa, kalte-ordainak aski estaltzeko modukoa. Aseguru horren kopia Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igorriko zaio, jardueraren baimena lortu ondoren eta, betiere, hura hasi aitzin. Aipatu institutuak eskatu ahalko du estaldura igo dezatela, parte-hartzaileen kopurua eta jardueraren ezaugarriak ikusita.

3. Jardueraren tokian eskaeraren jatorrizko baimena eta agiri hauek gordetzea:

a) Parte-hartzaileen izenen zerrenda, adina, helbidea eta NANa.

b) Aitak, amak edo tutoreak emandako baimena, jardueran adingabeek parte hartzen badute.

c) Lurraldeko Osasun Zerbitzuaren edo Instituto Nacional de Gestión Sanitaria erakundearen osasun laguntzaren txartela, edo parte-hartzaileak babesteko beste aseguru pribatu edo publiko batena.

d) Aseguru polizak, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz sinatuak.

e) Jardueraren autobabeserako plana, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

4. Beharrezkoa den laguntza ematea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko langile teknikoei eta jarduerari aplikatu beharreko arauak betetzen ote diren begiratzeaz eta ikuskatzeaz arduratzen diren Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuetako langileei, bai eta eskatzen duten agintaritzako agenteei ere.

5. Parte-hartzaileen segurtasuna eta natur ingurunea errespetatuko direla bermatzeko behar diren arauak betetzen diren begiratzea.

6. Edari aholkoldunen, tabakoaren eta gai toxikoen kontsumoa mugatu eta prebenitzeko eta arnasten den airea babesteko indarra duten arauak errespetatzea eta horiek betetzeko behar diren neurriak hartzea.

7. Parte-hartzaileei honako hauei buruzko argibideak ematea: jardueraren autobabeserako plana, jarduera garatzen den eremuko balore naturalak eta natur ingurunea babestu eta errespetatzeko arauak. Argibide horiek emanen dira parte-hartzaile guztiekin eginen den bilera baten bitartez.

8. Jarduera kontrolatzea, jabetza eta instalazioak honda ez daitezen.

9. Behar diren neurriak hartzea:

a) Suterik izan ez dadin, ez egitateengatik ez utzikeriagatik.

b) Natura edo akuiferoak honda edo kutsa dezaketen isuri likido edo solidorik egin ez daitezen.

c) Jarduera amaitutakoan, erabili den tokia eta ingurua hasi aitzin zeuden egoera berean geldi daitezen.

10. Trafikoari buruz indarra duen araudian oinezkoei, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bideko segurtasunari buruz ezarritakoa betetzea, ibilaldiak eta zeharkaldiak egiten direnean.

10. artikulua . Ikuskapena, segimendua eta kontrola.

1. Foru dekretu honetan arautzen diren jardueren ikuskapena, segimendua eta kontrola egitea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari dagokio, arlo horretan beste administrazio publikoei legozkiekeen eskumenak deusetan galarazi gabe. Halaber, Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuek egoki juzkatzen dituzten ikuskapenak egin ahalko dituzte, nork bere eskumenen esparruaren barruan.

2. Horretarako, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak honako ahalmen hauek izanen ditu:

a) Jardueraren sustatzaileari eta bertako toki entitateari buruzko informazio eta dokumentazio zehatza eskatzea.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuen esku-hartzea eta aholkua eskatzea.

c) Jardueraren sustatzaileari eskatzea dagokion epean bete ditzala segurtasunaren eta ingurumenaren babesaren arloetan ezartzen zaizkion betebeharrak.

d) Zehapen espedientea hasi eta gero, jarduera bertan behera uztea xedatzea, parte-hartzaileendako izan litezkeen arriskuak baloratuta.

3. Ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko martoxaren 13ko 2/1989 Foru Legearen V. kapituluan ezarritakoak dira jardueraren sustatzaileari eskatu beharrerko erantzukizuna eta zehapen araubidea.

4. Foru dekretu honetan bildutako arauak betetzen ez badira, jarduera egitearen ondorioz sustatzaileak hartzen ahal dituen onurak ukatu edo galtzea erabaki ahalko da.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Kanpaldi librearen araubidea.

Gazteekin aire zabalean egiten diren jarduerak kanpaldi librearen gisakoak direnean, uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen dira, horren bidez arautzen baitira kanpaldi libreak egiteko ingurumeneko baldintzak.

Xedapen Iragankor Bakarra. Emandako baimenen araubidea.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik emandako baimenek balioa izaten segituko dute, ondorio guztietarako.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetu beharreko arauak.

Indarrik gabe uzten da 147/1998 Foru Dekretua, apirilaren 27koa, gazteekin aire zabalean egiten diren jarduerak arautzen dituena.

Azken Xedapenetako Lehena . Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamendu bidezko xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetariko Bigarrena . Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Francisco J. Iribarren Fentanes._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: F0518051

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web