48/2003 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 10EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LURRALDEAN NAFARROAKO KIROL JUSTIZIAKO BATZORDEA ETA KIROL DIZIPLINA ARAUTZEN DITUENA
BON N.º 49 - 21/04/2003
I. TITULUA. NAFARROAKO KIROL JUSTIZIAKO BATZORDEA
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
II. KAPITULUA. DELEGATUTAKO EGINKIZUN PUBLIKOEN BERRAZTERKETA
III. KAPITULUA. ARBITRAJEAREN JARDUNA
II. TITULUA. KIROL DIZIPLINA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LURRALDEAN
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
II. KAPITULUA. DIZIPLINA ANTOLAMENDUA
III. KAPITULUA. DIZIPLINA PROZEDURAK
I. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK ETA KOMUNAK
II. ATALA. PROZEDURA BEREZIA
III. ATALA. PROZEDURA ARRUNTA
Foru Dekretu honek gauzatzen ditu Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen VIII. Tituluko III. Kapituluan ezarritako kirolaren arloko diziplina araubidea eta Foru Lege beraren IX. Tituluko I. Kapituluan bildutako Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen araubidea.
Nabarmendu behar da Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen eginkizuna dela Nafarroako kirol federazioek, delegaturik dituzten eginkizun publikoak erabiliz hartutako erabakiak bide administratiboan aztertzea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 49. artikuluaren bigarren idatz-zatiak kirol federazioei esleitzen dizkien eginkizunak lotura bereziko harremanen esparruan biltzen dira. Harreman horiek kirolariek eta entitateek borondatez kirol federazioetan eta, haien bitartez, federazioen jardueretan (lehiaketak, kirol selekzioak, hauteskundeak, e.a.) atxiki eta bildu nahi izatearen ondorioz sortzen dira.
Kirol federazioek, delegaturik dituzten eginkizun publikoak erabiliz, hartutako erabakiak aztertzeko ahalmena, erabakitzeko gaitasunari dagokionez, organo kualifikatu eta independiente bati ematea gauza arrunta da kirol arloko ordenamendu juridikoan, estatuan zein erkidegoetan, gaia berariazkoa delako.
Foru Dekretuaren I. Tituluko III. Kapituluak 126. artikuluaren lehenbiziko idatz-zatiaren f) atalean emandako eskumena eta 129. artikuluan ezarritako manua garatzen ditu. Manuan Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen zaio arbitrajea sustatzeko kirol gaietako gatazkak konpontzeko bidetzat. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak arbitrajearen eginkizunetan jardutea arautzen du eta bidea ezartzen du planteatutako auziak, borondatez eta askatasunean, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen arbitriopean jartzeko. Jarduketa hori funtsezkoa da arbitrajea kirol arloan sustatzeko lanetan. Ezarritako arauak Arbitrajeari buruzko abenduaren 5ko 36/1988 Legeak xedatutakoari egokitzen zaizkio.
Foru Dekretuaren II. Tituluak Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen VIII. Tituluko III. Kapituluan bildutako kirolaren arloko diziplina araubidea garatzen du.
Kirol arloko diziplinaren aplikazio esparrua, objektiboki, lehiaketa ofizialak eta federazioen jarduna dira eta, subjektiboki, eta esparru objektiboari lotua, bakarrik aplika dakieke lehiaketa ofizial horietan parte hartzen duten pertsona eta entitateei eta kirol federazioetan integratzen diren pertsonei. Izan ere, kirol arloko diziplinaren menpean egonen dira federazioetan eta lehiaketetan borondatez izena ematen dutenak, kirol lizentzia atera ondotik.
Ezarritako arauak bat datoz estatu mailan onetsitako Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen sistemarekin eta Kirol Arloko Diziplinari buruzko abenduaren 23ko 1591/1992 Errege Dekretuaren garabideko xedapenekin. Garabideko xedapenak autonomi erkidegoek hartu dituzte euren esparruetarako.
II. Tituluko II. Kapituluak federazioen diziplina antolamendua zein organok osatuko duten zehazten du lehenbiziko aldiz. Esparru honetarako ondokoa ezarri da:
a) Diziplina ahalmena erabiliko duen organo bat izanen da, derrigorrez, eta kirol arloko auziak lehen instantzian ebatziko ditu.
b) Kirol federazioek ahalmena izanen dute organo bat izateko lehen instantziako kirol arloko diziplina organoaren kontra egindako errekurtsoak bigarren instantzian aztertuko dituena.
Kirol arloko diziplina aplikatu den urteetan bildu den eskarmentuak erakusten du:
a) Federazioan apelazio organoa izatea ez dela, modu abstraktuan, berme haundiagoa kirol arloko diziplinaren menpean daudenendako, betiere haren eraginkortasunak kide dituen pertsonen gaitasuna, petsonal aditua izatea, kideen esperientzia, e.a. izanen baititu oinarri baina, zenbait kirol federazioren egitura txikia dela medio, denek ezin dute erantzun egokia eman.
b) Zenbait kirol modalitatetan, jardueraren ezaugarriengatik, diziplina araubidea aplikatzea noizbehinkako afera izaten dela.
Gorabehera horiek eramaten dute apelazio organoa aukerakoa izatera, salbu eta, arrazoi objektiboak direla medio (egiten diren jardueren ezaugarriak eta bolumena, antolaketarako gaitasuna eta egitura, gorabehera sozialak), administrazioak derrigorrez edukitzera behartzen dituen federazioak badira.
II. Tituluko III. Kapituluak Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 121, 122 eta 123. artikuluetan ezarritako prozedurak arautzen ditu.
Bi prozedura daude ezarririk eta arauturik:
a) Prozedura berezia, laburtasuna eta eraginkortasuna oinarri dituena. Uztartu nahi ditu bide bizkorra, hala eskatzen baitu kirol lehiaketen izaerak berak (okerrak lehenbailehen zuzendu behar dira, lehiaketaren garapenean eta emaitzetan eragina izan dezaketelako), eta gutxieneko bermeak izatea, inputatuen oinarrizko eskubideak babesteko. Hori dela eta, prozedura berezia bakarrik aplikatuko da diziplina organoek presaka parte har dezaten eskatzen duten jokuen arau-hausteak zehatzeko. Partida, proba edo lehiaketa normaltasunean joan dadin saiatu behar da eta segurtasunik handiena izan behar da kirol lehiaketaran emaitzak finkatzean.
39. artikuluaren lehenbiziko atalean prozedura berezia aplikatzeko kasuak kalifikatu eta sistematizatu egiten dira ("Jokuen arau-hausteak, kirolariek, teknikariek edo epaileek partida, proba edo lehiaketan zehar egindakoak, edo partida, proba edo lehiaketako arbitro edo epaileek aplikatutako zuzenketa teknikoen ondoriozkoak").
b) Prozedura arrunta, jokuen arau-hausteak zehatzeko aplikatuko dena, baldin eta partida, proba edo lehiaketa normaltasunean joan delako, diziplina organoek presaka parte hartzea beharrezkoa izan ez bada. Bestela, aurrean aipatutako prozedura berezia aplikatuko da. Halaber, prozedura arrunta aplikatuko da kirol federazioetan kirol portaeraren arau orokorren kontra egindako arau-hausteetan.
Ezarri diren arauek bat egiten dute ahalmen zehatzailearen printzipioekin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko arauetan dagoen prozedura zehatzailearekin.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hori garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Nafarroako Kontseiluak, 2003ko otsailaren 3ko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko txostena eman du, edukia antolamendu juridikoari lotzen zaiola uste baitu.
Hori horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko martxoaren hamarrean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
I. TITULUA. NAFARROAKO KIROL JUSTIZIAKO BATZORDEA
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
1. artikulua . Helburua eta ezaugarriak.
1. Titulu honek xedea du Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen IX. Tituluan dagoen Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen araubidea garatzea.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak dioen moduan eta ematen dizkion eskumenak dituela, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kirol justiziaren gaietarako organo gorena da.
3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea, organikoki, Foru Komunitateko Kirol arloko Administrazioari atxikia dago eta, Administrazioa eta Nafarroako kirol antolamenduko gainerako entitateak direla eta, independentzia osoarekin arituko da.
1. Hona Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen eskumenak:
a) Nafarroako kirol federazioen edo hala bide denean beste kirol erakunde batzuen erabakien kontra jartzen diren helegiteak aztertu eta ebaztea, erabaki horiek erakunde horiek delegaturik dituzten eginkizun publikoak erabiliz hartuak direnean, eta, zehazki, kirol federazioetako gobernu eta ordezkaritza organoak hautatzearen gaietan hartutako erabakien kontra, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak xedatzen duenarekin bat.
b) Kirolaren arloko diziplina ahalmena duten goi mailako organoek hartutako erabakien kontrako helegiteak aztertu eta ebaztea, Foru Dekretu honen bigarren Tituluan ezarritakoarekin bat.
c) Kirol diziplinaren arloko aferak tramitatu edo ebaztean, Nafarroako kirol antolamenduaren diziplina organoen artean sortzen diren gatazkak, positibo zein negatiboak, aztertu eta ebaztea.
d) Kirolaren arloko diziplina espedienteak tramitatu eta ebaztea eta bai dela ofizioz, dela berak erabakita, dela Foru Komunitateko Kirol Administrazioak hala eskatuta, kirolaren arloko diziplina gaien gainean nahi dituen kontu guztiak aztertzea.
e) Arbitrajearen bidez ebaztea, eta interesatuek eskaturik eta borondatez haren mendean egonik, kirol federazioetan eta Nafarroako kirol antolamenduaren bestelako entitateetan sortzen ahal diren auzi eta liskarrak.
f) Kirolarien eskubideak defendatzea erregelamendu bidez ezartzen den moduan.
g) Ordenamendu juridikoarekin bat egozten edo delegatzen zaizkion beste eskumen guztiak.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek agortzen dute administrazio bidea, eta zilegi izanen da haien kontra administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegiteak jartzea.
3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan eta Nafarroako Kirol Kontseiluaren eskumenak galarazi gabe, bere eskumeneko gaien gaineko aholkularitza eginkizunetan aritzen ahalko da, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak hala eskatu ondotik.
Kontsultarako idazkia Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruari igorriko zaio, txosten arrazoituarekin eta haren gainean Kirol Administrazioak duen dokumentazioarekin batera.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak kontsultak baztertzen ahalko ditu, arrazoitu eta gero, baldin eta kirol jarduerarako garrantzitsuak edo nabarmenak ez badira, Batzordeak haiei buruzko ebazpena emana badu edo aztertzen ari bada.
Egindako txostenak edo adierazpenak ez dira lotesleak izanen Foru Komunitateko Kirol Administrazioarendako.
3. artikulua . Ebazpenak betetzea.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak Nafarroako kirol federazioek, Nafarroako kirol antolamenduaren kide ukituek eta Foru Komunitateko Kirol Administrazioak, kasuan kasu, exekutatuko dituzte eta erantzukizuna hartuko dute haiek hertsiki eta benetan betetzeaz.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak zuzenbideko bost lizentziatu izanen dira, kirolaren arloan eta zuzenbidean esperientzia aitortua dutenak.
2. Batzordeak idazkari bat izanen du lagun, hizpidea bai baina botorik izanen ez duena. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko du idazkaria bere funtzionarioetatik kirolaren arloan eta zuzenbidean esperientzia aitortua duenen bat hautatuta.
3. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak behar adina laguntza tekniko eta materiala emanen dio Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari, honek dagozkion eginkizunak modu egokian bete ditzan.
Horretarako, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak administrazioari eskatzen ahalko dizkio aurrekariak, behar dituen txostenak edo Foru Komunitateko Kirol Administrazioari atxikitako gaitasun teknikoko langileek parte hartzeko edo laguntzeko.
4. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako gastuak Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren aurrekontuen kargura izanen dira.
Foru Komunitateko Kirol Administrazioak, kirolaren arloan eskumenak dituen Departamentuko aurrekontuen aurreproiektuaren bitartez, behar diren aurrekontu kredituak gaitzea bultzatuko du Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak jardun dezan.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen funtzionamendurako gaitutako gastuen exekuzioa, Nafarroako Ogasun Publikoaren arautegiari jarraikiz, Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren organo eskudunak hartuko du bere gain.
5. artikulua . Batzordeko kide eta karguen izendapena.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko ditu, honela banaturik:
a) Bi Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zuzenean izendatuak.
b) Bi Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artetik.
c) Bat Nafarroako Kirol Kontseiluak proposatutakoen artetik.
Nafarroako kirol federazioek edo Nafarroako Kirol Kontseiluak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izateko proposamenik egiten ez badute, Batzordeko kide guztiak Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko ditu zuzenean.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak izendatzen dituen ebazpena, interes publikoa dela medio, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek, euren artetik eta gehiengo soilaz, organoko burua eta buruordea hautatuko dituzte.
3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide titularrez gainera, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak ordezkoak ere izendatzen ahal ditu, titularrei karguan denbora luzean aritzea eragozten ahal dieten urrunaldi, eritasun edo beste edozein arrazoiren kasuan haien ordez aritu ahal izateko. Ordezkoendako deia, ohiz kanpokoa, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruak eginen du, ondoko gorabeherak aztertu ondotik: kide titularra noizez geroztik ez den azaldu eta hura edo haiek ez azaltzearekin sortzen den quoruma.
Huts egin duen titularra Nafarroako kirol federazioena edo Nafarroako Kirol Kontseiluarena baldin bada, deia eginen zaie horiek proposatutakoei.
4. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko tokiren bat hutsik gelditzen baldin bada, ordezkoa Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko du hutsik dagoen tokiak ordezkatzen zuen taldeak kargurako proposatutakoen artetik, eta ordezkorik ez izatekotan, prozesua berriz hasiko da kargua beteko duen ordezkaria izendatzeko.
6. artikulua . Agintaldiaren iraupena.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen agintaldiaren iraupena bost urtekoa izanen da, izendapenaren ebazpena ematen den egunetik hasita.
2. Kideen agintaldia bukatu baino hogeita hamar egun lehenago, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko idazkariak ofizioz jakinaraziko dio egoera hori Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren organo eskudunari, honek kide berriak izendatzeko prozedura has dezan, Foru Dekretu honen 5. artikuluan ezarri bezalaxe.
3. Edozein arrazoi dela medio, kide berrien izendapena atzeratzen baldin bada, uztekotan daudenek jardunean segituko dute harik eta kide berriak izendatzen diren arte.
4. Ez dago denbora mugarik Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen agintaldi kopuruan.
7. artikulua . Kargua uztea.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak, ordenamendu juridikoaren beste ezein arrazoi galarazi gabe:
a) Kideak berak uztea.
b) Hiltzea.
c) Agintaldia bukatzea, 6. artikuluaren 3. puntuan ezarritakoa ukitu gabe.
d) Izendatu eta gerora bateraezintasuna izatea.
e) Eginkizunak larriki ez betetzea, bistako eta behin eta berrizko jokabide irregularrak eginez.
f) Ezgaitasuna, epaitegiko ebazpen irmoaren bidez deklaratua.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide batek bistako eta behin eta berrizko jokabide irregularrak egiten baditu, edo kirol gaietan edo kirol diziplinaren arloan arau-hauste larriak egiteagatik zehapena jasotzen badu, edo funtzio publikoan aritzea galarazten dion kausaren bat bere baldin badu, kargutik kentzea erabakitzen ahalko da.
Foru Komunitateko Kirol Administrazioak baloratuko ditu zirkunstantzia horiek, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez proposatu ondotik. Kargurik gabe utzi edo, hala bada, kargutik kentzea Foru Komunitateko Kirol Administrazioak erabakiko du kontraesanezko espediente bat tramitatu ondotik. Espediente horrek, betiere, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruaren txostena bilduko du.
8. artikulua . Eginbeharrak eta bateraezintasun araubidea.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen egin beharrak dira: Batzordearen bileretara joatea, eskatzen zaizkien ponentziak prestatzea, ematen zaizkien edo ailegatzeko bidea duten dokumentuak edo espedienteak arduraz zaintzea, haien edukinen gaineko zuhurtasuna izatea, bilkuretako deliberamenduen gaineko zuhurtasuna ere izatea, eta jarduketa guztietan inpartzialak izatea.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen bileretara ezin agertu ez bada edo eskatutako ponentzia bat egiterik ez badago, betiere arrazoi nahikoa dela medio, Batzordeko idazkariari jakinarazi behar zaio berandu baino lehen, Burutzak behar diren neurriak har ditzan.
3. Abstentzioari eta errefusatzeari dagokienez, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideei Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako arrazoiak aplikatzen ahalko zaizkie.
Bateraezinak izanen dira prozedura aztertzaileetan parte hartzea eta federazioen beste diziplina organo batean edo eskola-adineko lehiaketa ofialetako, unibertsitate mailako lehiaketa ofizialetako edo profesionalen lehiaketa ofizialetako diziplina organo eskudunetan odolkidetasuneko laugarren gradurainoko ahaideak edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradurainoko ahaideak izatea.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruak bateraezintasun edo abstentzio kasuetako kideei ofizioz agintzen ahalko die dagokien espedientearen prozeduran inolako parterik har ez dezaten.
Prozedura bateko interesatuek errefusatze bat egiten badute, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko buruak erabakiko du auzia.
4. Araubide juridikoari eta funtzionamenduari dagokienez, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea, organo kolegiatua den aldetik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) xedatutakoari lotuko zaio beti.
9. artikulua . Konpentsazioak.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen eta idazkariaren karguak eta agintaldiak ohorezkoak izanen dira eta arautegiz ezarriko diren dietak beste dirurik ez dute sortuko. Dietak jasoko dira Batzordearen bileretara etortzeagatik eta, baita ere, eginkizunen jardunean Batzordearen egoitzatik kanpora egin beharreko ateraldietan, lokomozioaren, otorduen eta ostatuen gastuengatik.
II. KAPITULUA. DELEGATUTAKO EGINKIZUN PUBLIKOEN BERRAZTERKETA
1. Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen arabera, Nafarroako kirol federazioek eta, halakorik balego, beste zenbait kirol entitatek delegaturik dituzten eginkizun publikoetan arituz hartutako erabakiak, orokorrean eta kirol diziplinarako eta federazioen hauteskundeetarako ezarritako araubide espezifikoa galarazi gabe, errekurritzen ahal dira Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean.
Errekurtsoa paratzeko epea hilabetekoa izanen da eta inpugnatu nahi den egintza eman zuen organoan edo Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean sartzen ahal da.
Errekurtsoa egintza eman zuen organoaren aurrean paratzen bada, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordera igorri beharko du hurrengo hamar egunetako epean, txostenarekin eta espedientearen kopia oso eta ordenatu batekin.
Errekurtsoa Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren organo eskudunari igorriko zaio, eta honek Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari prestatuko dio txosten bat, aurrekariak, aurkeztutako errekurtsoaren balorazioa eta errekurritutako egintzaren espediente administratiboa bilduko dituena.
2. Kirol federazioen gobernu organoetarako eta ordezkaritzetarako hauteskundeak direla eta hartutako erabakiak bost eguneko epean errekurritzen ahal dira Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean, horretarako ezarriko diren arauei jarraikiz.
3. Prozedura aztertzaileen tramitazioari dagokionez, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) xedatutakoari lotuko zaio beti.
III. KAPITULUA. ARBITRAJEAREN JARDUNA
11. artikulua . Araubidea.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen arbitrajearen jarduna Arbitrajeari buruzko abenduaren 5eko 36/1998 Legeak arautuko du.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak kirolariek, teknikariek, epaile edo arbitroek, kirol entitateek eta beste edozein alderdi interesatuk haren eskuetan libreki uzten dituzten kirol arloko auziak aztertu eta ebatziko ditu, eta arbitrajearen lege orokorretan ezarritako ondorioak izanen ditu.
2. Ordenamendu juridiko orokorraren arabera izan daitezkeen bestelako baztertzeak ukitu gabe, ondokoak egonen dira arbitrajetik at:
a) Epaitegiko ebazpen irmo eta behin betikoak jaso duten aferak, exekuzioari dagozkion alderdiak izan ezik.
b) Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean ezarritakoaren arabera, delegatutako eginkizun publikoen jardunean arituz, Nafarroako kirol federazioek hartutako erabakiak.
c) Alderdiek erabiltzeko ahalmenik ez dituzten aferei lotutako afera bereiziezinak.
d) Aritzeko gaitasunik edo lege ordezkaririk ez izateagatik beren buruaren izenean ezin aritu direnak ordezkatzeko eta defendatzeko Ministerio Fiskalak legeen arabera parte hartu beharreko auziak.
13. artikulua . Arbitrajerako hitzarmena.
1. Kirolaren arloko auzi bat Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen arbitraje erabakiaren menpera eraman nahi duten pertsona natural edo juridikoek organo horri eman behar diote arbitrajearen administrazioa eta, horretarako, hitzarmen bat aurkeztu, honako hauek adierazirik:
a) Alderdien borondate nabaria harreman juridiko batetik, kontratua tartean edo kontraturik gabe, sortzen diren auzi guztiak edo batzuk Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakiaren menpean paratzeko.
Nafarroako zenbait kirol entitatek ezarria dute aipatu Batzordearen arbitrajera joateko aukera. Men egitea entitate horien estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritako arbitraje klausuletatik ateratzen ahal da.
b) Arbitraje erabakia bete beharra.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak ofizioz hautematen ahal du bere gaitasun objektiboaren falta.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen arbitrajeari men egiteko hitzarmena idatziz egin behar da eta izanen da:
a) Beste kontratu nagusi bati erantsitako arbitraje klausula.
b) Beste inongo kontratutatik independientea den arbitraje hitzarmena, auzia planteatu ondotik hitzartutakoa.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakiari men egiteko hitzarmena idatziz gauzatu dela ulertuko da agiri bakar batean alderdiek sinatzen dutenean eta, baita ere, alderdien borondatea idatzirik erakusten duten gutun trukaketa edo komunikatzeko beste baliabideren batean jasoa denean.
14. artikulua . Prozedura.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek auzia zuzenbideari eutsiz edo ekitatez ebatziko dute, jakinduriaren eta ezagupenaren arabera, alderdiek aukeraturik.
Alderdiek ekitateko arbitrajea espresuki aukeratu ez baldin badute, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideek zuzenbideari eutsiz ebatziko dute.
2. Arbitraje prozedurak oinarrizko printzipioak errespetatuko ditu: entzunaldia, kontradikzioa eta alderdien arteko berdintasuna. Prozedura arauak falta edo eskasak baldin badira, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak bere erabakiekin beteko ditu hutsuneak.
Prozedura honela eginen da:
a) Instrukzio idatziaren fasea. Hartan adieraziko dira, besteak beste, eskatutako arbitrajea onartu ala baztertzeko arrazoiak, eta alderdiek alegazioak aurkezteko eta frogak proposatzeko epea.
Batzordeak froga egokiak egitea erabakiko du. Alderdi batek eskaturik egindako frogen gastuak proposatzaileek ordainduko dituzte eta froga komunen gastuak erdibanatuak.
b) Ahozko fasea, Batzordeak egoki baderitzo.
Batzordeak finkatuko ditu ahozko instrukzioa egiteko modua eta alderdiei entzuteko egun-orduak.
3. Alderdiak eurak berak aritzen ahal dira edo behar bezala ordezkaturik.
4. Arbitraje jarduketak, oro har, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen egoitzan izanen dira. Batzordeko buruak, zirkunstantziek beharturik, jarduketa zehatz bat non eginen den ezartzen ahal du.
5. Arbitrajearen ondoko laudoa hura onartu eta, gehienez ere, sei hilabetean eman beharko da.
6. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea edonoiz saiatzen ahal da auzia ebazten adiskidetzearen bitartez. Adiskidetzetik sor daitekeen edozein transakzio, alderdien arteko akordioa ekartzen badu, erabiltzen ahal da arbitraje laudoa emateko.
1. Arbitraje laudoa idatzia izanen da eta honako hauek, bederen, bilduko ditu:
a) Eman den tokia eta eguna.
b) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen izen-abizenak eta parte hartzen duten alderdien nortasuna.
c) Arbitrajearen menpeko auzia.
d) Egindako frogen eta alderdien alegazioen zerrenda laburra.
e) Arbitrajearen erabakia.
f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide parte hartzaileen sinadura.
2. Arbitroek auzia zuzenbideari eutsiz ebazten dutenean, laudoa, nahitaez, arrazoitua izanen da.
Arbitrajea ekitatez ebazten baldin bada, alderdiek laudoan arrazoirik ez agertzea erabakitzen ahal dute. Bestela, laudoa arrazoitua izanen da.
II. TITULUA. KIROL DIZIPLINA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LURRALDEAN
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
Titulu honek xedea du Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen VIII. Tituluko III. Kapituluan bildutako kirolaren arloko diziplina araubidea garatzea.
17. artikulua . Aplikazio eremua.
Kirolaren arloko diziplina ahalmenak bere baitan biltzen ditu kirol jokabidearen arau orokorren arau-hausteak, Nafarroako kirol federazioen eginkizunen eta jardueren esparruan eginak, eta joko arauen arau-hausteak, Nafarroako lehiaketa ofizialetan eginak. Arau-hausteak Kirolari buruzko Foru Legean, Titulu honetan eta Nafarroako kirol federazioen estatutu eta erregelamenduetan daude tipifikaturik.
18. artikulua . Arauhausteak.
1. Kirol jokabideko arauen kontrako arau-hausteak izanen dira federazioko jarduera normala ezindu edo trabatzen duten egintzak edo egintza ezak.
2. Joko arauen kontrako arau-hausteak izanen dira kirol lehiaketa normal egitea aldatu, ezindu edo trabatzen duten egintzak edo egintza ezak, jokoan, lehiaketan edo kirol proban egindakoak, edo kirol lehiaketaren antolamenduan eta jarduera orokorrean egindakoak.
3. Kirolaren arloko diziplinaren kontrako arau-hauste diren egintzengatik atzipez, erruz edo utzikeria hutsez haien erantzule ateratzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoek hartuko dute zehapena.
19. artikulua . Kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzea.
1. Kirolaren arloko diziplina ahalmenaren titular bidezkoek ahalmen horren menpe jarritako pertsona edo erakundeak ikertu eta hala bide denean zehatu edo zuzentzeko eskumena izanen dute.
2. Honakoei dagokie kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzea:
a) Kirol jokabidearen kontrako arau-hausteen kasuan, Nafarroako kirol federazioei, haien egitura organikoaren parte diren eta integraturik dauden pertsona guztien gainean, hala nola: kirol elkarteak eta haien kirolariak, kirol modalitate bat sustatu, jardun edo laguntzen duten beste kolektiboak, teknikariak eta zuzendaritza taldekideak, epaileak eta arbitroak eta, oro har, edozein arrazoi dela medio, federazioan federaturik edo atxikirik dauden pertsona eta entitate guztiak.
b) Joko arauen kontrako arau-hausteen kasuan, kirol federazioei, kirol modalitate bakoitzeko federazioak antolatutako kirol lehiaketa ofizialetan integraturik dauden edo parte hartzen duten pertsona eta entitate guztien gainean.
c) Eskola-adineko lehiaketa ofizialen, unibertsitate mailako lehiaketa ofizialen edo profesionalen lehiaketa ofizialen kasuan eta, halakorik balego, Nafarroako kirol federaziorik ez duten kirol jardueren lehiaketa ofizialen kasuan, erregelamenduz ezarriko diren organo eskudunei, lehiaketetan integraturik dauden edo parte hartzen duten pertsona eta entitate guztien gainean.
d) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari, Nafarroako kirol federazioek euren kargu dituzten pertsona eta entitate berberen gainean, aurreko pertsona eta entitateen gainean eta, oro har, Nafarroako kirol antolamendu osoaren gainean.
3. Kirol diziplinaren ondorioetarako, Nafarroako kirol antolamenduko kideak dira Foru Komunitateko lurraldean egiten diren kirol jarduera fisiko ofizialetan, zuzenean edo zeharka, parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.
4. Diziplina ahalmenaz kanpokotzat jotzen da epaileek edo arbitroek partidak, probak edo lehiaketak hotsemateko ahalmena, kasuko kirol modalitate edo jarduerako arau teknikoak aplikatze hutsaren bidezkoa.
Partida, proba edo lehiaketetan epaileek edo arbitroek hartutako erabakiak berehalaxe aplikatuko dira, kirol modalitate edo jarduera bakoitzaren erregelamenduekin bat.
20. artikulua . Eskumen gatazkak.
Kirol diziplinaren alorreko aferak tramitatu edo ebaztean, Nafarroako kirol antolamenduko diziplina organoen artean sor daitezkeen gatazkak, positibo zein negatiboak, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak ebatziko ditu.
21. artikulua . Federazioen diziplina xedapenen baldintzak.
1. Nafarroako kirol federazioen estatutu edo erregelamenduek, kirol diziplinari dagokionez, honako hauek bildu beharko dituzte:
a) Arau-hausteen sistema tipifikatua, larritasunaren arabera graduatua, eta preskripzio epeak.
Kirol federazioek Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean edo Foru Dekretu honetan bildutako kirol jokabidearen arau orokorren kontrako arau-hausteak zehazten ahal dituzte. Horretarako, eta antolamendu bakoitzaren ezaugarriak kontuan harturik, arau-hausteak zehaztuko dituzte eta hobeki identifikatzen lagunduko dute, arau-hauste berririk tipifikatu gabe.
Kirol federazioek Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean edo Foru Dekretu honetan bildutako joko arauen kontrako arau-hausteak zehazten ahal dituzte. Horretarako, eta kirol modalitate bakoitzaren ezaugarriak kontuan harturik, arau-hausteak hobeki identifikatzen lagunduko dute eta joku arauak hausten dituzten bestelako jokabideak ere tipifikatuko dituzte.
b) Zehapen sistema tipifikatu bat, honako printzipioetan oinarritua: proportzionaltasuna, gertaera beragatik birritako zehapenik eza, eta arau-hauslearen mesedetako arauen atzera-indarra. Sistema horrek zehaztuko ere du zein arrazoik edo inguruabarrek egiten duten erantzunbeharra ezeztatu, arindu eta larriagotu, eta zein diren preskripzio epeak.
c) Diziplina prozedurak eta baliabide aplikagarriak, Foru Dekretu honetan ezarritakoarekin bat.
d) Kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzen ahal duten organoa edo organoak eta haien funtzionamendu arauak, Foru Dekretu honetan ezarritakoarekin bat.
2. Kirol federazioen estatutu edo erregelamenduen legezkotasun kalifikazioa ematerakoan, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak diziplina arloan egin beharreko aldaketak proposatzen ahal ditu baldin eta ikasten badu kirol diziplinaren menpeko subjektuen eskubide eta bermean ez direla behar den adina ziurtatzen, legezko jokabideak arau-haustetzat tipifikatzen direla, neurriz kanpoko zehapenak proposatzen direla, edo, oro har, ez direla errespetatzen Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan edo, hura garatu edo gauzatzeko, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak emanen dituen xedapenetan ezarritako diziplina printzipioak.
22. artikulua . Kirolaren arloko diziplina erantzukizuna itzaltzeko arrazoiak.
Hauek hartuko dira betiere kirolaren arloko diziplina erantzukizuna itzaltzeko arrazoitzat:
a) Pertsona salatua edo zehatua hiltzea.
b) Salatu edo zehatutako kirol erakundea itzaltzea.
c) Federaziokidearen izaera galtzea.
Federaziokide izateari borondatez uzten bazaio, itzaltze kasu honek eten besterik ez du egingo erantzukizuna, baldin eta diziplina prozedura tramitatzen ari zaion edo zehapena hartu duen pertsona hiru urteren barrenean, edozein kirol motatan dela, atzera eskuratzen badu kirol arloko diziplina ezarri ziotenean zuen kondizioa. Hasu horretan, kirol arloko diziplina erantzukizunaren etenaldia ez da kontatuko arau-hausteek edo zehapenek preskribitzeari begira.
d) Zehapena betetzea.
e) Arau-hausteek edo ezarritako zehapenek preskribitzea.
f) Zehapena kentzea.
23. artikulua . Beste arlo batzuekiko lehia.
1. Kirolaren arloko diziplina araubidea erantzunbehar zibil edo penaletik bereiz ari da, eta bai barrengo lan edo sozietate harremanen ondoriozko araubidetik ere bereiz, harremanok kasu bakoitzean dagokion sektoreko legeek arautuko baitituzte.
2. Diziplina organo eskudunek ofizioz eman beharko diote aditzera Ministerio Fiskalari arlo honetan egindako arau-hausteetatik zeintzuk izan litezkeen delitu edo hutsegite penal, eta geldirik utziko dute beren diziplina prozedura harik eta epaileek, hala bide bada, horren gaineko iritzia eman arte.
3. Gertaera batek berak Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen edo beste arau sektorial baten arabera erantzunbehar administratiboa eta aldi berean kirolaren arloko diziplina erantzunbeharra sortzen baditu, kiroleko diziplina organoek kasuko administrazio agintariei emanen diete aditzera zer aurrekari jakin dituzten, nahiz eta hala bide bada haiek ere kirolaren arloko diziplina prozedura tramitatzen segitu.
4. Kirolaren arloko diziplina organoak administrazio erantzunbehar hutsa sor dezakeen gertaerarik jakiten badu, tramitatzetik gelditu eta besterik gabe kasurako esku duen agintaritzari pasatuko dizkio jakin dituenak.
II. KAPITULUA. DIZIPLINA ANTOLAMENDUA
24. artikulua . Federazioen diziplina antolamendua
1. Nafarroako kirol federazioek kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiliko dute, Kirolari buruzko Foru Legearekin, titulu honekin, beren estatutuetako eta erregelamenduetako arauekin eta kirolaren arloko gainerako ordenamendu juridikoarekin bat, eta kirolaren arloko diziplina espedienteak ireki eta ebatziko dituzte bai ofizioz, bai Foru Komunitateko Kirol Administrazioak eskaturik, bai eta aurkeztutako salaketaren ondorioz ere.
Salaketa aurkezte hutsak ez du derrigorrez ekarriko diziplina espedientea irekitzea.
2. Federazioen diziplinako egitura organikoan diziplina ahalmena erabiliko duen ogano batek nahitaez beharko du egon. Organo horrek diziplina aferak lehen instantzian ebatziko ditu.
Federazioen estatutu edo erregelamenduetan ezarriko da diziplina ahalmena Batzorde batek edo Epaile Bakar batek erabiliko duen.
3. Federazioen estatutu edo erregelamenduek ezartzen ahalko dute diziplinako bigarren instantzia egotea apelazioko Batzorde edo Epaile Bakar baten aurrean. Betiere, Batzordeko kide batek edo, hala bada, Epaile Bakarrak zuzenbideko lizentziatua beharko du izan.
Foru Komunitateko Kirol Administrazioak xedatzen ahalko du apelazioko Batzordeak edo Epaile Bakarrak nahitaez egon beharra, kirol federazioek egiten dituzten jardueren ezaugarriak eta bolumena, antolaketarako gaitasuna eta egitura edo zirkunstantzia sozialak kontuan hartuta.
4. Lehen instantziako Batzordearen edo Epaile Bakarraren erabakiak inpugna daitezke apelazioko Batzordearen edo Epailearen aurrean, halakorik badago. Hori ezean, bertan bukatzen da federazioen bidea eta erabakien kontra Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean paratzen ahalko da errekurtsoa.
Apelazioko Batzordeak edo Epaileak, izanez gero, hartutako erabakiak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean inpugnatzen ahalko dira.
5. Federazioen kirolaren arloko diziplina organoetako kideak federazioaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz izendatuko dira. Estatutuetan horretarako biderik izan ezean, zuzendaritza batzordeko kideen gehiengo absolutuaz hartutako aldeko erabakiaren bitartez izendatuko dira, eta organo hori ere ez badago, federazioko presidenteak izendatuko ditu.
6. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak, kirolaren arloko diziplinaren menpean dauden subjektuen eskubide eta bermeak nahikoak izanen direla ziurtatzeko, aholkulari edo begiraleak izendatzen ahalko ditu federazioen diziplina organoetan, edo langileak eta baliabide materialak ematea federazio sortu berriek diziplina ahalmena erabil dezaten, kirol federazioen jardueren ezaugarriei, antolaketarako gaitasunari eta egiturei, edo zirkunstantzia sozialei buruz.
25. artikulua . Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzen du Kirolari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan, hura garatzen duten xedapenetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak aztertuko ditu:
a) Administrazio bidearen azken instantzian, errekurtso bidean, federazioen diziplina organoek kirolaren arloko diziplina gaietan hartutako erabakiak.
b) Administrazio bidearen azken instantzian, errekurtso bidean, eskola-adineko lehiaketa ofizialen, unibertsitate mailako lehiaketa ofizialen edo profesionalen lehiaketa ofizialen kasuan eta, halakorik balego, Nafarroako kirol federaziorik ez duten kirol jardueren lehiaketa ofizialen kasuan, diziplina ahalmena erabiltzen duten organoek kirolaren arloko diziplina gaietan hartutako erabakiak.
Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak esparru bakoitzeko organo eskudunek kirol arloko diziplina ahalmena erabili ondoko erabakiari paratutako errekurtsoa aztertzen duenean, konpondu eta zuzentzen ahalko ditu lehiaketa arautzen duten kirol arauak aplikatzean sortu diren kirolaren arloko auzi guztiak.
Kirolaren arloko diziplina gaien gaineko prozedura aztertzaileen tramitazioari dagokionez, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) xedatutakoari lotuko zaio beti.
3. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak kirolaren arloko diziplina espedienteak ireki eta ebazten ahal ditu ofizioz, berak erabakita edo Foru Komunitateko Kirol Administrazioak hala eskatuta.
Diziplina espedienteak tramitatu eta ebaztean, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea Titulu honen III. Kapituluan ezarritako prozedura arruntaren araubideari lotuko zaio, ondoko lerroaldean xedatzen dena deusetan ukitu gabe.
Diziplina prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi eta jakinaraziko du Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak. Epe hori iragandakoan, prozeduraren indarra amaituko da eta jarduketak artxibatzea aginduko da.
4. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, ofizioz, Nafarroako kirol antolamenduko kideek diziplina arloan egin beharreko aldaketak proposatzen ahal ditu baldin eta ikusten badu kirol diziplinaren menpeko subjektuen eskubide eta bermean ez direla behar den adina ziurtatzen, legezko jokabideak arau-haustetzat tipifikatzen direla, neurriz kanpoko zehapenak proposatzen direla, edo, oro har, ez direla errespetatzen Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan edo, hura garatu edo gauzatzeko, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak emanen dituen xedapenetan ezarritako diziplina printzipioak.
26. artikulua . Kirol kluben eta kirola sustatzeko erakundeen barrengo diziplina araubidea.
1. Nafarroako kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek zehaztu behar dute beren estatutu eta erregelamenduetan zein diziplina araubide aplikatuko zaien beren kideei, kirolariei eta oro har beren egitura organikoko pertsonei.
2. Barrengo diziplina araubideak arau-hausteak eta zehapenak hartzen ditu, eta bai diziplina esparru orokorra ere, kasuko kirol erakundeetako kideen arteko eta bai kide horien eta erakundearen arteko harreman, eskubide eta betebeharren ondorioz sortua.
3. Nafarroako kirol federazio batean kidetutako kirol klubek edo kirola sustatzeko erakundeek zilegi izanen dute estatutuetan aukera ematea beren barrengo diziplina araubidea aplikatuz ezarritako zehapenen kontra federazioko diziplina organoetan helegitea egiteko, baldin kasuko kirol federazioaren estatutuek aukera hori aintzat hartzen badute.
4. Ez da zilegi izanen Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean administrazio bideko errekurtsoa jartzea barrengo diziplina araubidea aplikatuz ezarritako zehepenen kontra.
I. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK ETA KOMUNAK
27. artikulua . Diziplina espedientearen beharra.
Kirolaren arloko diziplina zehapenak horretarako irekitako espediente baten ondorioz bakarrik ezartzen ahal dira, Kapitulu honetan arautzen diren prozedurei atxikiz.
28. artikulua . Erregistroa.
Nafarroako kirol federazioen estatutu eta erregelamenduek hasitako prozedurak erregistratzeko sistema egokia ezarri beharko dute, eta hartan espedienteak hasteko erabakiak eta paratutako zehapenak idatziko dira, erantzukizuna alda litezkeen arrazoiak agertzearen ondorioetarako eta zehapenak preskribitzeko epeak kontatzearen ondorioetarako, besteak beste.
29. artikulua . Arbitroen aktak eta adierazpenak.
1. Partida, proba edo lehiaketako arbitroek sinatutako aktak beharrezko agiria izanen dira joko arauak hautsi direla frogatzeko, lehiaketaren arauetan aktarik ez duten modalitateen kasuan izan ezik.
Hala eta guztiz ere, prozedurarako eta ebazpenerako egintza garrantzitsuak edozein frogaren bidez egiaztatzen ahal dira, eta interesatuek beste edozein froga egiteko proposatzen ahal dute edo, prozesuaren une egokian, espedientea zuzenki ebazteko nahi hainbat froga zuzenean eraman.
2. Partidak, probak edo lehiaketak iraun bitartean epaileek eta arbitroek egindako adierazpenak, edo haiek zabaltzeko edo argitzeko egindakoak ere, egiatzat hartuko dira, begibistako oker materiala, Zuzenbideak onartutako edozein baliabideren bidez egiaztatzen ahal dena, gertatu denean izan ezik.
30. artikulua . Behinbehineko neurriak.
1. Prozedura hasi ondoren nahiz hasi aurretik, eta proportzionaltasun printzipioari atxikiz, espedientea eratzeko eskudun den organoak zilegi izanen du bidezko iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak erabakitzea, zertarako eta gero batean eman litekeen ebazpena efikaza izatea, prozedurak fin ona egitea, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta, hala bide denean, jokoan diren interes kolektiboek eskatzen dutena segurtatzeko.
2. Presako arrazoi atzeraezinak suertatzen direnean, kide instruktoreak, salbuespen gisa, beharrezko diren behin-behineko neurriak hartzen ahal ditu.
3. Behin-behineko neurriak hartzeko erabakiak arrazoitua beharko du izan.
4. Behin-behineko neurri horiek, ez baitira inoiz zehapenezkoak izanen, honakoetako bat izan daitezke:
a) Fiantza bat eskatzea.
b) Jarduera aldi baterako etetea.
c) Lizentzia aldi baterako etetea.
d) Nafarroako kirol federazioetako zuzendaritza karguak aldi baterako etetea.
e) Prozedura sortzen duten egitateekin lotura zuzena duten objektuak bahitzea.
f) Beharrezko direla juzgatzen den beste neurri guztiak.
Ez dira hartzen ahal kalte konponezikak sor ditzaketen behin-behineko neurriak, eta kasu bakoitzean bermatu nahi den helburuen intentsitate eta beharretara egokituko dira.
31. artikulua . Espedienteak bateratzea.
Kirolaren arloko diziplina organoek, ofizioz zein interesatuak eskaturik, espedienteak bateratzeko erabakia hartzen ahal dute baldin eta elkarrekin tramitatu eta ebaztea komenigarria dela gomendatzen duten berdintasun edo zentzuzko antzekotasuneko zirkunstantzia objektibo nahiz subjektibo nahikoak gertatzen badira.
Bateratzeko erabakia interesatuei jakinaraziko zaie prozeduran zehar.
32. artikulua . Diziplina organoetako kideen bateraezintasuna eta abstentzioa.
1. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen araubide espezifikoa deusetan ukitu gabe, ezin dira izan kirolaren diziplina organo bateko kide:
a) Gai berberak aztertzen dituen beste diziplina organo bateko kideak.
b) Gai berberak aztertzen dituen beste diziplina organo bateko kideen odolkidetasuneko laugarren gradurainoko ahaideak edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradurainoko ahaideak.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen araubide espezifikoa deusetan ukitu gabe, kasu bakoitzeko diziplina organoko kideek ere ez dute zilegi izanen kirol arloko diziplina gaiak aztertzen aritzerik, eta ez dute prozeduran parte hartu beharko, baldin eta hizpidean den gaian interes pertsonala badute. Hartarako, honako kasuan juzgatuko da interes pertsonala badela gai hartan: Administrazio Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28.2 artikuluak jasotzen dituen abstentzio arrazoietako bat gertatzen baldin bada.
Kirolaren arloko diziplina organoetako kideen errefusatzea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera proposatzen ahal da. Horrela egiteko, goragoko organoa izanen da errefusatzea ematen den organoaren erabakiak, errekurtsoaren ondotik, aztertzen dituen kirolaren arloko diziplina organoa.
Diziplina organoetako kideengan abstentzio kausaren bat aurkitzeak ez du nahitaez ekarriko haiek esku hartu duten egintzak baliogabetzea.
3. Prozedura arruntean, instruktore eta, halakorik egonez gero, hari lagunduko dion idazkari izateko izendapena ebazteko eskumena duen organoko kideei egokitzen bazaie, berek instruitutako espedienteari buruzko deliberamenduetan eta ebazpenean ez dute parte hartuko.
33. artikulua . Jakinarazteko modua, epea, bitartekoa eta tokia.
1. Orohar, eta artikulu honen bigarren puntuan prozedura berezirako ezarritako jakinarazpen araubide espezifikoa deusetan ukitu gabe, Foru Dekretu honetan araututako kirolaren arloko diziplina prozeduretako interesatuak ukitzen dituzten probidentzia eta ebazpen guztiak haiei jakinaraziko zaizkie ahalik eta epe laburrenean, eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean.
Lehiaketan integratu edo parte hartzeko interesatuak bere kirol entitatearen bitartez egin behar baldin badu, jakinarazpena kirol entitate horren helbidean egin daiteke, interesatuak, jakinarazpenetarako, espresuki beste helbide bat eman izan ezik.
Jakinarazpenek ondokoak bildu beharko dute: ebazpenaren testu osoa, tramitazioan erabilitako prozedura mota, egin daitezkeen errekurtsoen zehaztapena, errekurtsoak non aurkeztu behar diren eta paratzeko epea.
2. Diziplina prozedura bereziaren barrenean emandako ebazpen zehatzaileen kasuan, partida, proba edo lehiaketetan egindako arau-hausteetatik heldu baldin badira eta haiek iraun bitartean arbitroak edo epaileak teknikoki zuzendu baldin baditu, kirol arlo bakoitzeko lehiaketak arautzen dituzten federazio estatutuetan edo eskola-adineko lehiaketa ofizialak, unibertsitate mailako lehiaketa ofizialak edo profesionalen lehiaketa ofizialak eta, halakorik balego, Nafarroako kirol federaziorik ez duten kirol jardueren lehiaketa ofizialak arautzen dituzten erregelamenduetan jakinarazpen publikoaren prozedura ezartzen ahal da.
Jakinarazpen publiko hori ebazpena argitaratuz eginen da, edo bestela, zirkular bat argitaratuz honakoak adierazteko: kasuko epaia, eta bertan, hala behartzen bada, subjektu erantzulea, egindako arau-haustea edo arau-hausteak eta ezarritako zehapena edo zehapenak, egin daitezkeen errekurtsoak zein diren, errekurtsook jartzeko organoak zein diren eta zein epe dauden jartzeko.
Estatutuetan jaso eginen da zein tokitan (irispide libreko tokiak izanen dira) eta zein egunetan jarriko diren jendaurrean ebazpenok edo, hala tokatzen bada, zirkularrok. Nolanahi ere, prozedura hori ezartzen bada, finkatu eginen da ebazpen edo zirkular hori beti ere kasuko kirol federazioko iragarki oholean argitaratuko dela.
Aipatu prozedura ezartzearen gaineko erabakiak eta izan daitezkeen aldaketak Federazioko Batzar Orokorrak onetsiko ditu eta banan-banan aditzera emanen federazioko kide guztiei. Halaber, lehiaketa antolatu duen kirol federazioaren iragarki oholean argitaratuko dira.
Jakinarazpena egintzat hartuko da ondorio guztietarako, ebazpen edo zirkular hori aipatu prozedurari jarraikiz argitaratu den momentutik.
Jakinarazpen publikoak begiratu egin beharko du pertsonen ohorea eta intimitatea babesteko eskubidea indarrean diren legeen arabera.
34. artikulua . Jakinarazpen publikoa.
Con independencia de la correspondiente notificación personal o notificación pública, podrá acordarse la comunicación pública de las resoluciones, cuando lo aconsejen razones de interés público apreciadas por el órgano que dictó la resolución. Jakinarazpen publikoak begiratu egin beharko du pertsonen ohorea eta intimitatea babesteko eskubidea indarrean diren legeen arabera.
35. artikulua . Errekurtsoak, epeak eta zein organoren aurrean jarri behar diren.
1. Lehenbiziko instantzian eta prozedura bereziaren barrenean eman diren kirol arloko diziplina ebazpenen kontra errekurtsoa jar daiteke, hiru egun balioduneko epean, apelazioko Batzordearen edo Epailearen aurrean, hura izanen dela aurreikusia egonez gero, Foru Dekretu honen 24.3 artikuluak aipatzen dituen eskumen arauen arabera.
Federazioen estatutuek edo lehiaketa ofizialen xedapen arautzaileek, kasuan kasuko kirol modalitatearen ezaugarriak kontuan harturik, errekurtsoa aurkezteko ezarritako epea oro har handitu edo txikitzen ahal dute.
2. Lehenbiziko instantzian eta prozedura arruntaren barrenean eman diren kirol arloko diziplina ebazpenen kontra errekurtsoa jar daiteke, gehienez ere hamabost eguneko epean, apelazioko Batzordearen edo Epailearen aurrean, hura izanen dela aurreikusia egonez gero, Foru Dekretu honen 24.3 artikuluak aipatzen dituen eskumen arauen arabera.
3. Prozedura berezian apelazio organoek, halakorik egonez gero, edo, bestela, instantzia bakarreko diziplina organoek emandako kirol arloko diziplina ebazpenen kontra errekurtsoa jar daiteke, gehienez ere hamabost eguneko epean, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean, egintza berariazkoa baldin bada.
Errekurritutako egintza berariazkoa ez baldin bada, epea hilabetekoa izanen da eta izangaiari eta litezkeen gainerako interesatuei epea hasiko zaie ebazpen berariazkoa jakinarazteko kirol arautegi bakoitzaren arabera ezarritako gehieneko epea bukatu eta biharamunean.
4. Prozedura arruntean apelazio organoek, halakorik egonez gero, edo, bestela, instantzia bakarreko diziplina organoek emandako kirol arloko diziplina ebazpenen kontra errekurtsoa jar daiteke, hilabeteko epean, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean.
Errekurritutako egintza berariazkoa ez baldin bada, epea hiru hilabetekoa izanen da eta izangaiari eta litezkeen gainerako interesatuei epea hasiko zaie ebazpen berariazkoa jakinarazteko kirol arautegi bakoitzaren arabera ezarritako gehieneko epea bukatu eta biharamunean.
5. Errekurtsoak jartzeko epea kontatzeko, kasuko ebazpen espresua jakinarazi eta biharamuna hartuko da lehenbiziko eguntzat edo aurkeztu diren helegiteak gaitzetsitzat hartu behar diren egunaren biharamuna, aginduzko epean ebazpen espresurik eman ez baldin bada. Hartarako, Foru Dekretu honen 33.2 artikuluan jasotzen den jakinarazpen publikoa aplikatu beharko da, eta jakinarazpena egintzat emanen da kasuko ebazpen edo zirkularra argitaratu den egunetik.
6. Errekurtsoak jartzeko epeak ondorio guztietarako iraungitzaileak dira.
36. artikulua . Ebatzi beharra.
1. Federazioen diziplina organoen aurrean jarritako denuntzia edo eskaera eta errekurtsoen ebazpenak espresuki eman eta jakinarazi beharko dira luzenez hilabete batean, aurkeztu ziren egunetik kontatzen hasita.
Federazioen estatutuek edo lehiaketa ofizialen zedapen arautzaileek, kasuan kasuko kirol modalitatearen ezaugarriak kontuan harturik, denuntziak, eskaerak eta errekurtsoa aurkezteko ezarritako epea oro har murrizten ahal dute.
Epe hori pasatuta, ebazpen berariazkoa emateko eginkizuna desagertu gabe, gaitzetsitzat hartuko dira errekurtsoak eta libre geratuko da tokatzen den bidea.
2. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak eman beharreko ebazpenetarako, legeria orokorrek guztiendako prozedura administratiboari buruz xedatuta dutenari men eginen zaio.
37. artikulua . Errekurtsoen gaineko ebazpenen edukia.
Errekurtso baten ebazpenak konfirmatu, baliogabetu edo aldatu egingo du errekurritu egin zaion erabakia, edo ez du onartuko, eta inpugnatzaile bakarra egonez gero, inoiz ez du zilegi izanen lehendik jarritako zehapenak larritzea.
Ebazteko eskumena duen organoak formazko akatsa dagoela finkatzen badu, zilegi izanen du prozedura atzera ekartzeko agintzea irregularitate hori egin zen uneraino, hura nola zuzendu espresuki adieraziz.
38. artikulua . Epeak luzatzea.
Kirol arloko diziplina espediente batean salbuespenezko zirkunstantziak biltzen badira, organo eskudunek zilegi izanen dute arrazoien gainean zabaltzea aurreikusitako epeak, arau orokorretan ezartzen dutenarekin bat.
II. ATALA. PROZEDURA BEREZIA
39. artikulua . Prozedura berezia.
1. Prozedura berezia aplikatuko da diziplina organoek presaka parte har dezaten eskatzen duten jokuen arau-hausteak zehatzeko. Partida, proba edo lehiaketa normaltasunean joan dadin saiatu behar da eta segurtasunik handiena izan behar da kirol lehiaketaren emaitzak finkatzean.
Diziplina organoei dagokie, errekurtso bidean berraztertzea galarazi gabe, diziplina espediente bat prozedura bereziaren bidez tramitatzea erabakitzeko eskumena.
Betiere, prozedura bereziaren bidez tramitatuko dira ondoko diziplina espedienteak:
a) Partida, proba edo lehiaketan kirolariek, teknikariek edo epaileek egindako joko arauen kontrako arau-hausteak.
b) Partida, proba edo lehiaketako arbitroek edo epaileek zuzenketa teknikoak aplikatu ondotik, kirolariek, teknikariek edo epaileek egindako joko arauen kontrako arau-hausteak.
2. Federazioen estatutuek eta lehiaketa ofizialen xedapen arautzaileek prozedura bereziaren araubidea ezarri eta arautuko dute, eta gutxienez bermatuko dute:
a) Gertakariak eta izan ditzaketen kalifikazioa eta zehapena ezagutzeko eskubidea.
b) Interesatuari entzuteko tramitea.
c) Alegazioak egiteko eta frogak proposatzeko eskubidea.
d) Errekurtsoa paratzeko eskubidea, Foru Dekretu honetan ezarritakoaren arabera.
Joko arauak haustea arbitroen aktetan agertu edo arbitroek edo epaileek egindako zuzenketa teknikoetatik heldu baldin badira, partida, proba edo lehiaketan arbitroak izandako jarrera eta komunikazio publikoak entzunaldi tramitea irekitzea ekarriko du. Horretarako ez da beharrezkoa izanen diziplina organoak aurretik errekerimendua egitea. Tramite hartan interesatuek beren eskubiderako komenigarri jotzen dituzten alegazioak azaltzen ahalko dituzte bai eta egoki juzgatzen dituzten probak proposatu edo eraman ere.
Hartarako ezartzen diren epeek laburtasun eta efikaziaren printzipioak izan behar dituzte gidari.
3. Prozedura bereziak oinarri izanen ditu arbitroaren akta edo hura argitzeko edo handitzeko izan ditzakeen eranskinak, lehiaketaren arauak direla eta, aktarik ez duten modalitateen kasuan izan ezik.
Diziplina organoek ofizioz eskatzen ahal dute arbitroen aktak handitu edo argitzeko.
4. Prozedura berezia, gehienez ere, hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da. Epe hori iragandakoan, prozeduraren indarra amaituko da eta jarduketak artxibatzea aginduko da. Federazioen estatutuek edo lehiaketa ofizialen xedapen arautzaileek, oro har, kasuan kasuko kirol modalitatearen ezaugarriak kontuan harturik, ezarritako epea murrizten ahal dute.
III. ATALA. PROZEDURA ARRUNTA
40. artikulua . Prozedura arrunta.
Prozedura arrunta ondoko arau-hausteak zehatzeko aplikatuko da:
a) Joko arauen kontrako arau-hausteak, baldin eta ez badute eskatzen diziplina organoek berehala esku hartzerik delako partida, proba edo lehiaketaren aurrerabide normala segurtatzeko.
b) Kirol jokabideko arau orokorren kontrako arau-hausteak.
41. artikulua . Funtsezko printzipioak.
Prozedura arrunta Foru Komunitateko kirol arauek agintzen dutenaren araberakoa izanen da eta, oro har, administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko arauetan ezartzen diren zehapen ahalmen eta zehapen prozeduraren araberakoa.
42. artikulua . Prozeduraren hasiera.
1. Prozedurari hasiera emanen zaio ofizioz, diziplina organo eskudunak hala erabaki ondotik, Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren errekerimendu edo eskaeraren ondorioz, edo, halakorik egonez gero, arrazoitutako salaketa dela medio.
2. Denuntzia izan dela adituko da pertsona batek diziplina organoari aditzera ematen dionean arau-haustea izan daitekeen gertaera jakin bat izan dela.
Salaketan jarri behar da aurkezten dituzten pertsonen nortasuna, arau-hausteak izan daitezkeen gertaeren azalpena eta, ahal dela, ustezko erantzuleen identifikazioa. Salaketa sartze hutsarekin ulertuko da zehapen prozedura hasteko eskatzen dela eta aditzera eman beharko zaio salatzaileari ea prozedura hori hasi den ala ez.
3. Espedientea hasteko eskumena duen organoak zilegi izanen du aldez aurreko informazioaldia irekitzea, espedientea hasteko erabakia eman edo, hala tokatzen bada, egintzak artxibatzea erabaki baino lehen.
43. artikulua . Idazkaria.
Kirol diziplina organoa integratua dagoen entitatearen organo eskudunak idazkari bat izendatzen ahal du, iraunkor, espedienteak tramitatzen instruktoreari lagunduko diona.
Idazkari iraunkor bat izendatu ezean, egoki juzgatzen den kasuetan eta federazioen estatutuek eta lehiaketa ofizialen arauek espresuki ezarritako kasuetan instruktoreari espediente zehatz batean lagunduko dion idazkari bat izendatzen ahal da. Diziplina espedientea irekitzen duen erabakian agertuko da idazkari arituko den pertsonaren izena.
44. artikulua . Hasiera emateko erabakia.
1. Zehapen prozedura hasteko erabakia honako edukiaren arabera itxuratuko da:
a) Ustezko erantzulearen pertsona edo pertsonak edo entitatea nor den.
b) Laburzki aditzera ematea zein gertaerak ematen duten oinarri prozedura hasteko, zer kalifikazio izan dezaketen eta zer zehapen izan lezaketen hala tokatzen bada.
c) Prozeduraren instruktorea eta, halakorik badago, instruktoreari lagunduko dion idazkaria.
d) Hartu diren behin-behineko neurriak, halakorik hartu bada, instruktoreak prozeduran hartu ditzakeen besteak ezertan galarazi gabe.
e) Zein organok duen prozedura ebazteko eskumena eta zein arauk ematen dion eskumen hori.
2. Espedientea hasteko erabakia instruktoreari emanen zaio aditzera, eta bai horren gainean dauden egintza guztiak ere, eta interesatuei ere jakinaraziko zaie, inkulpatua beti ere halakotzat joaz.
3. Espedientea hasteko erabakiaren jakinarazpenean, aditzera emanen da:
a) Hurrengo hamabost egun baliodunetan egoki jotzen diren alegazio, agiri edo informazio guztiak aurkezteko aukera eta, halakorik badago, frogak proposatzeko aukera ere.
b) Espedientea hasteko erabakiak berak ebazpen proposamena osatzen duela inputatutako erantzukizunaren gaineko iritzi zehatza baldin badauka eta alegaziorik, dokumenturik edo txostenik aurkeztu ez eta inongo frogarik proposatzen ez bada.
45. artikulua . Ofizioz bultzatzea.
Instruktoreak agindu egingo ditu zenbat ere dilijentzia beharrezko baitira gertaerak finkatu eta egiaztatzeko, eta zehapen-gai diren arau-hausteak finkatzeko.
1. Prozedura erabakitzeko gertakari nabarmenak Zuzenbidean baliagarri den edozein bide erabiliz egiaztatzen ahal dira.
2. Behin alegazioak jaso edo froga bat proposatu delarik, 44.3.a) artikuluak hartarako aipatzen duen epean, instruktoreak zilegi izanen du:
a) Hala tokatzen bada, froga aldi bat hastea erabakitzea, luzenez ere hamabost egun baliodunekoa eta laburrenez bost egun baliodunekoa, eta interesatuei aditzera ematea behar bezain lehenagotik frogak non eta noiz eginen diren.
b) Hala tokatzen bada, proposatutako frogak arrazoien bidez ukatzea, iruditzen bazaio alferrekoak direla azken buruko emaitza ezin aldatu dutelako ustezko erantzukizundunaren alde, gertaerekin duten harremana dutela.
Interesatuek proposatutako froga espresuki edo isiltasunaren bitartez ukatzearen kontra, erreklamazioa egin daiteke hiru egun balioduneko epean ukazioa jakinarazi edo hura egiteko epea bukatu eta biharamunetik kontaturik. Erreklamazioa espediente ebatzi behar duen organo eskudunean eginen da eta honek hiru eguneko epea izanen du erantzuteko. Erreklamazioa paratzeak ez du inolaz ere geldiaraziko espedientearen tramitazioa.
47. artikulua . Ebazpen proposamena eta entzunaldia.
1. Izandako egintzak ikusirik, instruktoreak artxibatzea proposatu edo ebazpen proposamen bat, arrazoitua, eginen du, honakoak zehaztuz: zer gertaera inputatu diren, kasuko zirkunstantziak zein diren, zein den arau-haustea eta erantzuleak zein diren; zein zehapen izan daitekeen aplikatzekoa, ea behin-behineko neurririk hartu den eta baiezkoan zein (eta hartarako proposatu eginen du neurrioi eustea edo uztea), edo, bestela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoela adieraziko duen deklarazioa proposatuko du.
2. Ebazpen proposamena, salbu eta 44.3.b) artikuluak xedatzen duena aplikatu behar bada, aditzera emanen zaie interesatuei eta 15 egun balioduneko epea emanen aurkezteko zer ere alegazio eta zer ere dokumentu egoki iruditzen baitzaizkie.
Entzunaldi tramitea saihesten ahal da prozeduran ageri ez eta kontuan hartzen ere ez direnean interesatuak aipatutako egitateak, alegazioak eta frogak baizik.
3. Seinalatutako epea pasatu delarik, instruktoreak aurreragoko tramiterik gabe espedientea helaraziko die ebazteko eskumena duen diziplina organoaren kideei, eta espedientearekin batera, hala tokatzen bada, aurkeztu diren alegazio eta dokumentuak.
Organo eskudunaren ebazpenak akabera ematen dio kirol arloko diziplina espedienteari eta hamar egun balioduneko epean eman beharko da, instruktoreak ebazpen proposamena eta espedientea helarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Prozedura arrunta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da. Epe hori iragandakoan, prozeduraren indarra amaituko da eta jarduketak artxibatzea aginduko da.
Xedapen Iragankorrak Lehenbizikoa
Non eta Nafaroako Kirol Justiziako Batzordeak jarduteko barne araubidea onesten ez den, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak abenduaren 11n emandako 78/1998 Foru Agindua aplikatuko zaio. Foru Aginduak Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordeak jardun eta funtzionatzeko barne araudia arautzen du.
Xedapen Iragankorrak Bigarrena
Non eta Nafarroako Kirol Kontseilua gauzatzen ez den, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideetan Kontseilu hark izendatu beharrekoa Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zuzenean izendatuko du.
Kide horren karguaren indarraldia izendatutako Batzordearena bera izanen da.
Xedapen Iragankorrak Hirugarrena
Non eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideen izendapena egiten ez den, organo horri dagozkion kirol diziplinaren arloko eskumenak Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordeko kideek beren gain hartuko dituzte.
Laugarrena._Non eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.1 artikuluak aipatzen duen erakunde autonomoa arautzen ez den, hala gertatzen bada, Foru Dekretu honek Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleitzen dizkion eskumenak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hartuko ditu bere gain.
Xedapen Iragankorrak Bosgarrena
Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean tramitazioaldian dauden kirolaren arloko diziplina espedienteak indarrean egon den aurreko arauei atxikiz tramitatuko dira.
Xedapen Iragankorrak Seigarrena
Nafarroako kirol federazioek Foru Dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz aldatuko dituzte euren estatutuak. Horretarako sei hilabeteko epea izanen dute, gehienez ere, indarra hartzen duenetik hasita.
Non eta estatutuen egokitzapena gertatzen ez den, federazioen egungo estatutu eta erregelamenduek indarrean segituko dute, Foru Dekretu honi eta garatuko duten xedapenei kontra egiten ezbadiete.
Xedapen Iragankorrak Zazpigarrena
Eskola adineko lehiaketa ofizialen diziplina araubidea berariaz arautzen ez baldin bada, modalitate bakoitzeko kirol federazioen diziplina araubidea aplikatuko da.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren xedapenetan Foru Dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo baxuagoko guztiak indargabetu egiten dira, eta zehatz-mehatz, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean Kirol Diziplina arautzen duen urriaren 13ko 305/1998 Foru Dekretua.
Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamarrean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.
Iragarkiaren kodea: A0302942