(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

45/2002 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 25EKOA. ONESTEN DU NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UHOLDE ARRISKURAKO LARRIALDI PLAN BEREZIA

BON N.º 53 - 01/05/2002



  NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UHOLDE ARRISKURAKO LARRIALDI PLAN BEREZIA


Atariko

Urtarrilaren 21eko 2/1985 Legeak, Herritarren Babesa delako kontzeptua definitzen ari dela, dio zerbitzu publikoa dela, zeina antolatzen, jardunarazten eta gauzarazten Administrazio Publiko guztiek esku hartzen duten eta bai herritarrek berek ere, dituzten betebeharrak betez eta borondatezko laguntza emanaz arrisku handi, katastrofe edo hondamen egoeretan, pertsonak eta ondasunak babestu eta sorosteko.

Lege horren garabidean apirilaren 24ko 407/1992 Errege Dekretuak Herritarren Babeserako Oinarrizko Araua onetsi zuen, zeinaren III. Kapituluan, 8.2 atalean, komunitate autonomo bakoitzari esleitzen zaion bere lurraldearen barrengo lurralde planak eta plan bereziak itxuratzeko ardura. Arau horretako 6. artikuluak uholdeak ere aipatzen ditu Plan Berezien ardurapeko arriskutzat.

Nafarroako Herritarren Babeserako Batzordeak adostasun txostena eman zion 2002ko otsailaren 5ean Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Bereziaren proiektuari, eta ondoren Espainiako Herritarren Babeserako Batzordeak homologatu zuen plana, 2002ko otsailaren 21eko bilkuran, Uholde Arriskurako Herritarren Babesari buruzko Oinarrizko Artezpideko 3.4 atalak Plan Berezietarako eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen baititu (1994ko abenduaren 9ko Ministro Kontseiluak onetsitako artezpidea).

Hori horrela delarik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak hala proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko otsailaren hogeita bosteko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra

Onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Berezia. Haren testua Foru Dekretu honetako eranskinean ageri da.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Indurain.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UHOLDE ARRISKURAKO LARRIALDI PLAN BEREZIA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UHOLDE ARRISKURAKO LARRIALDI PLAN BEREZIA

Sarrera

Uholdeak dira Nafarroako Foru Komunitatea mehatxatzen duten arriskuetako bat eta Urtarrilaren 21eko Herritarren Babesari buruzko 2/1985 Legeak aipatzen dituen arrisku handi, katastrofe edo hondamen egoerak sor ditzakete. Uholde arrisku hori mehatxu garbi bihurtzen da batzuetan zenbait eremutan, lurraldea gaizki erabili eta uholde arriskupeko eremuetan jendeguneak ezartzen direlarik.

Uholdeek lurraldean egiten dituzten suntsidurak ikusirik, juzgatu da beharrezkoa dela arrisku horren aurrean, pertsonak eta ondasunak babesteko, Administrazio Publiko guztietako baliabide eta bitartekoak koordinaturik erabiltzea eta bai askotan herritar partikularrenak ere.

Horiek guztiak gogoan, bada, ikusi da uholde arriskua herritarren babesaren ikuspuntutik oso gogoan edukitzekoa dela. Horrela juzgatu zen Herritarren Babeserako Arau Oinarrizkoan (apirilaren 24ko 407/1992 Errege Dekretuak onetsia), zeinak bere 6. atalean finkatzen duen uholde arriskuetarako Plan Bereziak eginen direla hala behar duten lurraldeetan.

Honako plan honen helburua da, metodologia tekniko-zientifikoa eta funtzionala aplikatuz, alde batetik Nafarroako lurraldea nolakoa den eta zenbateko uholde arriskua duen jakitea, eta bestetik modu zauli eta koordinatuan aurre egitea gero batean sor litezkeen larrialdiei.

Uholdeen kontrako plan lokalak, uharkei eta ibai arroei buruzkoak sartzea, itxuratuz joaten diren heinean, eta arriskua aztertzearen ondoriozko datuak, Plan hau onetsi eta homologatu ondorengoak, gaurkotu edo eranstea, berehala gauzatuko dira, baldintza bakarra delarik aurrez Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Babeserako Batzordearen adostasun txostena izatea.

1.1. Helburua.

Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Berezi honek uholdeek sortzen dituzten larrialdi egoera guztiak hartzen ditu; euriagatik izan, ibaien uhamil ohiz gainekoengatik izan, edo uharkak urratzeagatik izan.

Plan honen helburua da ezartzea nola antolatu eta nola erabili behar diren baliabide eta zerbitzu publiko nahiz pribatuak, haien jardunbidean ahalik eta koherentzia handiena segurtatzeko eta ondorengo jokabidea azkarra, koordinatua eta efikaza izan dadin.

1.2. Oinarrizko eginkizunak.

Hona zer eginkizun nagusi dituen Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Bereziak:

* Biltzea eta aztertzea, Nafarroako geomorfologia, hidrologia, konformazioa, egitura, baso azalera, demografia eta hirigintza ikusirik, zein faktorek sortzen duten uholde arriskua.

* Nafarroako eskualdekatzea uholde arriskuaren arabera definitzea, eta aurreikusten diren ondorioen arabera.

* Behar den lotura egitea informazio metereologiko eta hidrologikoen eta aurreikuspen eta alarma neurrien artean, hartarako goiz-goizeko alarma sistema bat ezarriz, bide ematen duena ondorio kaltegarriak izan baino lehen esku hartzeko.

* Uharkak urratu edo gaizki jardutearen ondoriozko uholdeetarako alerta prozedurak aurreikustea, eta bai ere zer ekintza behar diren udal agintariak eta populazioa jakinaren gainean jarri eta pertsona zein ondasunak babesteko.

* Populazioa jakinaren gainean jartzeko zer prozedura erabiliko diren zehaztea.

* Finkatzea zer jarraibide izanen diren udaletan edo toki entitateetan arrisku horretarako eremu lokaleko ekintza planak itxuratzeko, eta zer sistemaren bidez artikulatuko diren.

* Aurreikustea zer antolamendu egitura eta zer prozedura erabiliko diren uholdeetako larrialdietan Foru Komunitatearen lurraldean.

* Herritarren Babeserako Plan Nazionalarekin koordinatzea uholde arriskuaren aurrean, eta plan horretan egoki integra dadin begiratzea.

* Larrialdietarako aurreikusten diren ekintzen baliabideak eta bitarteko berariazkoak katalogatzea.

1.3. Lege barrutia eta eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Bereziaren lege-barruti nagusia Uholde Arriskurako Herritarren Babesari buruzko Oinarrizko Artezpidea da (1995eko otsailaren 14ko "EAO", 1995eko urtarrilaren 31ko Ebazpena). Bertan, ezartzen da zein irizpide gutxieneko begiratu behar dituzten Administrazio Publikoek zein bere lurralde eta eskumenen esparruan uholde arriskuen kontra Herritarrak Babesteko Plan Bereziak itxuratzeko.

I. eranskinean ("Legeak"), larrialdiak kudeatzeari eta uholdeei buruzko lege testu indardun nagusiak zerrendatzen dira.

1.4. Aplikazio eremua.

Plan hau Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean uholdeengatik sortzen den edozein larrialdiko edo larrialdi-aurreko egoerari aplikatuko zaio.

1.5. Terminoen glosarioa eta uholdeen tipologia.

Dokumentu hau ulertzeko, maizenik erabiltzen diren kontzeptuak definituko dira. Hartarako, II. eranskinean termino zerrenda bat ematen da: "Terminoen glosarioa" izenpean.

Uholde arriskuaren aurrean herritarren babesa planifikatzeko osagai oinarrizkoak

Nafarroako Foru Komunitatean zer uholde arrisku dauden aztertzeko, aurrena deskribatuko dira arrisku potentzialak ezagutzeko bide ematen duten Nafarroako alderdiak (IV. eranskina) eta historikoki uholde errepikatuak izan dituzten puntuak eta eremuak (V. eranskina).

Uholde arriskuaren aurreko plangintzaren ikuspuntutik, aztertzen da zer sistema egoten diren uholde arriskuari igartzeko eta nola definitzen diren larrialdiak kudeatzeko aldi eta egoerak.

2.1. Uholde arriskuari igartzeko sistemak.

Uholde arriskuari igarri eta alerta emateko sistemen helburua izanen da behar den informazioa ematea populazioak bere burua babesteko neurriak har ditzan.

Sistema horiek ofizialki euri eta ekaitzen aurreko alertak hartzen dituzte aintzat, atalase jakin batzuetatik jartzen direnak Kantauri alderako eta Mediterranio alderako, Eguratseko Fenomeno Kaltegarriei Igarri Eta Begiratzeko Eskualde planean, Nafarroako lurralderako (INM Metereologiako Institutu Nazionalak egina).

Bestalde, Uholdeen kontrako Plana Informazio Hidrologikoaren Sistema Automatikoaz elikatzen da eta uharka eta urtegien egoeraren gainean ematen den informazioaz ere, berariazko planetan ezartzen denaren arabera.

V. eranskinean, "Uholdeen azterketa" sistema horien edukiak garatzen dira.

2.2. Larrialdiak kudeatzeko aldien eta egoeren definizioa eta egoerak.

Baloratzeko zer baliabide behar diren uholde larrialdiak kudeatzeko eta planaren zuzendaritza eta operazio egitura ezartzeko, arriskuak izanen duen larritasunaren aurreikuspenak oinarri, honako aldiak eta egoerak bereizten dira Uholde Arriskurako Plan Bereziaren barrenean:

2.2.1. Larrialdi aurreko aldia.

Aldi honetako egoeran, gauzek txarrera egiten badute larrialdi egoera sor daiteke. Aldi honetako helburua agintariak eta kasuko zerbitzuak alertan jartzea eta kalte har lezakeen populazioa jakinaren gainean jartzea da.

Nafarroako Foru Komunitatean uholdeak sor ditzakeen arrazoi nagusia euri aldi gogorrak dira, eta beraz atal honetan alderdi hori baizik ez da aintzat hartuko. 5. kapituluan garatzen da uholdeak sor ditzakeen beste arrazoietako bat, uharkak matxuratu, urratu edo hustea alegia.

Larrialdi aurreko egoera bi egoeratan egituratzen da, egoeraren kudeaketan eta kontrolean izan ohi den bilakaeraren araberakoak:

1. Abisu metereologiko baten ondoriozko alerta.

2. Begiramendu euri-hidrologikoa.

2.2.2. Larrialdiko aldia.

Aldi honetan, parametro metereologiko eta hidrologikoak ikusita, estimatzen da uholdea berehala hasteko dela edo dagoeneko hasita dela. Larrialdiko egoerak uholdeak garatzen diren guztian irauten du, uholdea sortu duten euri gogorrek edo alerta metereologikoak irauten duten guztian, harik eta pertsona eta ondasunak babesteko behar diren neurri guztiak hartu eta funtsezko zerbitzu oinarrizkoak berrabiatu diren arte.

Uholde planeko larrialdiko aldia hasiko ere da edozein uharkatan neurri zuzentzaileak aplikatu beharreko 1. kasua definitzen denean.

Larrialdi egoerak larritasun mailaren, lurralde zabalkundearen eta larrialdia kontrolatzeko behar diren baliabideen arabera definitzen dira.

Uholde Arriskurako Herritarren Babesari buruzko Oinarrizko Artezpideak agintzen duenaren arabera, 4 larrialdi egoera ezartzen dira:

2.2.2.1. 0 egoera

larrialdia 0 egoerakotzat hartuko da datu metereologiko eta hidrologikoek aditzera ematen dutenean uholde arriskua eta pertsona eta ondasunentzako kalte arriskua hur-hurrekoa dela.

Egoera honek Alerta Hidrologikoa dakar berekin. Alerta hori gauzatzen da begiramendu euri- hidrologikoak salatzen duenean euri gogorrak edo uharrak heldu direla eta ondoriozko uhamiletan ibilguak uholde arriskuari igartzeko moduko atalase balioetara hurbiltzen direla, pertsona eta ondasunentzako arriskua ekarriz.

Halaber, larrialdiko 0 egoera, bat-bateko eta garabide laburreko uholde edo haiekin lotutako fenomeno geologikoen ondoriozko gorabeherei dagokie (erreka-amilak, in situ izandako euriek sortutako idoiak, lubiziak eta abar), bertan emandako erantzuna aski izaten bada.

Begiramendu euri-hidrologikoa egiteko erabilgai dagoen azpiegituraren arabera, bi mota bereizten dira alerta hidrologikoetan:

* Ibai handietako alerta.

* Erreka, azekia eta euri lokalek urperatzeko moduko eremuetako alerta.

2.2.2.2. 1 egoera

Egoera honetan eremu zehaztu batzuetan uholdeak izan dira baina egoki ematen ahal zaio laguntza uholdeak hartutako eremuetan eskuragai dauden baliabide eta bitartekoekin, nahiz eta beharrezkoa den Plan honek ere larrialdiari jarraipen udalez gaindikoa egitea.

2.2.2.3. 2 egoera

Egoera honetan izan diren uholdeak baliabide eta bitarteko lokalen gaitasuna gainditzen dute, edo hala ez bada ere, datu euri-hidrologiko eta hidrologikoek eta aurreikuspen metereologikoek uholdea zabaldu edo larriagotuko dela adierazten dute.

2 egoerako larrialditzat hartuko dira, halaber, kontrolatzeko CECOParen eratzea behar dutenak, eta 2 eta 3 kasutzat definitutako uharketan izandako larrialdiak (5.4 atalean).

2.2.2.4. 3 Egoera

Interes nazionala deklaratu zaien uholdeak.

2.2.3. Normalizazio aldia

Larrialdiaren ondoko aldia da. Uholdeak hartu dituen eremuetan normaltasunera itzultzeko behar diren baldintza gutxienekoak berrezarri arte luzatzen da.

Aldi honetan eremu horietan lehenbiziko eraberritze lanak eginen dira: funtsean eraikinen egoera ikuskatu, etxebizitzak eta bide urbanoak garbitu, kalterik handienak berdindu eta funtsezko zerbitzu oinarrizkoak berrezartzea.

PLANAREN EGITURA ETA ANTOLAMENDUA

Organigramaren jarioaren diagrama

3.1. Operazioak Koordinatzeko Zentroak

3.1.1. Operazioak Koordinatzeko Zentroa (CECOP)

Operazioak Koordinatzeko Zentroa (CECOP) delako organoak Uholde Arriskurako Plan Bereziaren operazioak hots eman eta koordinatzeko ardura izanen du.

Operazioak Koordinatzeko Zentroaren azpiegitura behar den bezalakoa izanen da bertan honako funtzio hauek egiteko:

* Informazio zentro etengabearen lana egin: hartarako, CECOPek datu hidrometereologikoak jasotzeko terminalak izanen ditu, eta bai errepideen eta portuen egoerari buruzkoak eta uholde arriskua eta larrialdia zenbatekoa den etengabeko ebaluatzeko balio duten besteak ere, alerta mekanismoak hala behar denean abiarazteko.

* Alarmak eta alertak jaso eta igortzeko zentroaren lana egin eta bai behar diren informazio sistema guztiak eta datu base guztiak kudeatzeko lana ere.

* Planaren zuzendariarentzako lagungarrizko tresna izatea erabakiak hartzeko prozesuan eta aginduak helarazi eta gauzatzeko, hartarako larrialdiaren gainean jasotako informazioa prozesatuz.

CECOP orain Nafarroako Foru Komunitateko Larrialdiak koordinatzeko zentroan kokatuko da, Herritarren Babeserako Zerbitzuaren menpe, Barne Zuzendaritza Nagusian.

3.1.2. Operazioak Koordinatzeko Zentro Integratua (CECOPI)

Operazioak Koordinatzeko Zentro Integratua (CECOPI), CECOP oinarri hartuta eratuko da, Nafarroako Foru Komunitateak hala eskatu edo larrialdia interes nazionalekotzat deklaratzen denean.

Haren bidez, Planaren zuzendaritza Zuzendaritza-Batzorde batean osakidetu delarik, larrialdiak kudeatzeko eginkizunak eta zuzendaritza eta koordinazio eginkizunak burutuko dira.

CECOPI izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

3.2. Plan Bereziaren Zuzendaritza. Zuzendaritza Batzordea

3.2.1. Planaren zuzendaria. Zuzendaritza Batzordea.

Larrialdietarako Plan Berezia abiaraztea eta zuzentzeko ardura Nafarroako Foru Komunitatean uholde arriskua sortzen denean, Nafarroako Foru Komunitateak herritarren babesaren gaietan dituen eskumenak organikoki esleitu zaizkion Departamentuko kontseilariari dagokio.

Hori horrela delarik ere, Alarma, Salbuespen edo Setio Egoerak Arautzeko 4/1981 Lege Organikoak alarma egoeretako agintaritza eskudunari buruz agintzen duena ezertan galarazi gabe, larrialdia interes nazionalekotzat deklaratu edo, hala bada, Nafarroako Foru Komunitateak eskatzen badu, Zuzendaritza Batzorde batek eginen ditu koordinazio eta zuzendaritza lanak, Estatuaren Administrazio Orokorreko ordezkari bat eta Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Bereziaren zuzendaria osakide izanen dituena. Zuzendari horri dagokio, betiere, Foru Komunitateko Planak berak larrialdi egoerari buru egiteko esleitu dion zuzendaritza lana.

Bai Planaren zuzendariak -hari baitagokio plana aplikatzean eta planaren babespean egin beharreko operazio guztiak zuzendu eta koordinatzea-, eta bai Zuzendaritza Batzordeak, halakorik eratu bada, Aholku Batzorde bat eta Informazio Kabinete bat izanen dute laguntzaile beren lanerako.

Betiere, Planaren zuzendaritzak arta hartuko du Estatuaren Administrazio Orokorraren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Toki Administrazioaren artean arrisku aurreikuspenei dagokienez behar den komunikazioa egon dadin edo Plana, edo Plana aplikatzearen ondoriozko operazioak, abiaraz ditzaketen gertaerei dagokien guztian.

3.2.2. Planaren Zuzendariaren eta Zuzendaritza Batzordearen Eginkizunak

* Aholku Batzordearen kideak izendatzea, Ekintza Taldeetako arduradunak eta Aginte Postu Aurreratuen arduradunak.

* Larrialdi Plana, aldiak eta egoerak abiarazitzat deklaratzea.

* Momentuan momentuan abiarazi beharreko antolamendu egitura erabakitzea.

* Aholku Batzordea, partez edo osorik, kasuko garrantziaren arabera, deitzea, eta Informazio Kabinetea.

* Momentuan momentuan eta Aholku Batzordearen kontseilua adituta, erabakitzea zein ekintza komeni den larrialdiari buru egiteko eta zein neurri hartu behar den populazioa, ingurumena, eta planaren peko pertsona eta ondasunak babesteko.

* Alerta hidrologikoa erabakitzea ibai handietan.

* Planaren operatibitatea gal ez dadin segurtatzea, hartarako larrialdian esku hartzen duten baliabide publiko zein pribatu guztiak hots emanez eta koordinatuz.

* Jendehuste agindua ematea, agindu hori beharrezkoa dela juzgatzen bada.

* Planari esleitu estatuaren gabeko baliabide eta bitartekoak eransteko eskatzea.

* Populazioari eman beharreko informazioa hartu, zehaztu eta koordinatzea Planeko baliabideen (Informazio Kabinetearen) bidez eta, hala tokatzen bada, komunikabideak lagun direla.

* Herritarrak Uholde Arriskutik babesteko Plan Estatalarekin informazioa, lotura eta koordinazioa segurtatzea.

* Larrialdiaren bukaera deklaratzea.

* Nafarroako Uholdeetarako Plan hau ezarri, iraun eta gaurkotu dadin segurtatzea.

3.3. Aholku Batzordea

Aholku Batzordeak laguntza eta aholkua ematen dio Planaren zuzendariari edo Zuzendaritza Batzordeari larrialdiei buruzko alderdi guztietan.

Halabeharrez Aholku Batzordeko kide izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan herritarren babeseko eskumenak esleiturik dituen unitate organikoko zuzendaria edo arduraduna; gaur egun unitate hori Herritarren Babeserako Zerbitzua da, Barne Zuzendaritza Nagusian. Hari dagokio Plan Berezia koordinatzea, eta Planaren zuzendariari lagun egitea Aholku Batzordearekiko harremanetan eta batzorde horretako idazkari lanetan.

Horrez gain, Aholku Batzordeak honako kide hauetako batzuk izanen ditu:

* Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiak (Herrilanak, Telekomunikazioak, Osasuna, Lurraldearen Antolamendua eta abar).

* Ebroko Ur Konfederazioaren ordezkariak edo eta Iparraldeko Ur Konfederaziokoak.

* Aragoi, Errioxa eta Nafarroako Lurralde Zentro Metereologikoaren ordezkaria.

* Nekazaritza Egituren Zerbitzuko zuzendaria.

* Uharka-plana onetsia duten Foru Komunitateko uharken titularrak.

* Nafarroako Suhiltzaileen Partzuergoko kudeatzailea.

* Nafarroako Foruzaingo burua.

* Segurtasun indar eta gorputzen agintariak.

* Gobernu Delegazioko ordezkariak.

* Ostatu eta Laguntza Taldeko burua.

* Erasandako Udalen alkateak edo ordezkariak

* Herritarren Babeserako Zerbitzuaren teknikariak.

* Plan Bereziaren Zuzendaritza Batzordeak beharrezko juzgatzen dituen beste teknikari edo fakultatiboak.

3.3.1. Aholku Batzordearen eginkizunak:

* Momentuan momentuko egoera baloratu eta Planaren zuzendariari behar diren ekintzak proposatzea.

* Plan Bereziaren zuzendariari laguntza ematea larrialdian esku hartzen duten zerbitzuen ekintzak zuzentzen eta koordinatzen.

* Arrisku egoera ebaluatu eta jarraipena egiteko behar diren datu plubiometrikoak eta hidrologikoak eskatzea.

* Larrialdi egoera ezagutzea alderdi hauei dagokionez:

.Eguraldiaren bilakaera, Plubiometria denbora errealean eta denbora metatuan.

* Ur emarien bilakaera eta ibai handietako urtegien egoera.

* Jakitea zer gorabehera izan diren lurraldean oinarrizko zerbitzuetan eta errepideetan izandako hutsuneengatik.

* Planaren zuzendariari aholku ematea hartu behar diren neurrien gainean.

* Eraginpeko eremuetako udalei lagun egitea erreka edo ibaiek gainez eginda edo euri lokalengatik kalte hartu dutenean, arro horietarako dituzten galarazte eta kontrol mekanismo propioen osagarri. Informazio puntuala ematea arrisku egoeraren gainean erasandako herrietako alkateei edo haiek izendatzen dituzten pertsonei.

* Ur Konfederazioen ordezkariek, Uharka Larrialdirako Plan bat abiarazten bada, eginkizun zehatzak dituzte, plan horiek eransten diren neurrian garatuko direnak.

* Erabakitzea uharka batean ura atxiki edo askatu behar den, uhamilak laminatzeko.

3.3.2. Talde Buruen Eginkizunak

* Talde buruek koordinatuko dute larrialdia gertatu den tokian esku hartzen duten zerbitzuen ekintzak, publikoak zein pribatuak, bai eta Nafarroako Foru Komunitateaz landarako beste baliabide eta zerbitzuak direnean ere, baliabideak berretu edo osagarrizko ekintzak egiteko haien laguntza behar izan delako.

3.4. Informazio kabinetea

Informazio kabinetea da Zuzendaritza Batzordearen edo Plan Bereziaren zuzendariaren tresna eskudun bakarra larrialdi egoeretan informazioa zabaltzeko.

Informazio kabineteak hartarako izendatzen diren prentsa kabineteetako pertsonala izanen du osagai eta SOS Navarrarekin etengabeko kontaktuan egonen da. Osakide bat baino gehiago baldin badu, zilegi izanen da haietako bat Aginte Postu Aurreratuan (APA) egotea.

Informazioan koherentzia lortu beharrez, hauxe hartuko da informazio ofizial, fidagarri eta konprobatutzat: Informazio Kabineteak emandakoa, bera baita informazioa zabaltzeko organo eskudun bakarra.

Hona hemen haren eginkizunak:

* gertaeraren eta haren bilakaeraren gaineko informazio guztia jasotzea.

* Planaren zuzendariak emandako agindu, kontsigna eta gomendioak zabaltzea Plan Berezi honetan aurreikusten diren komunikabide sozialen bitartez.

* Larrialdiaren gaineko informazio orokorra zentralizatu, koordinatu eta prestatzea eta komunikabideei ematea, Planaren zuzendariarekin bat.

* Larrialdiaren gaineko informazioa ematea hala eskatzen duten pertsona edo erakunde guztiei.

* Larrialdiak erasan diezaiekeenen gaineko informazioa lortu, zentralizatu eta ematea, familiakoen arteko harremanak eta pertsonak kokatzea erraztuz.

* Hedabideak koordinatzea.

3.5. Esku hartzen duen operazio multzoa.

Aginte postu aurreratu bat (APA) edo bat baino gehiago izanen ditu osagai, eta bost Ekintza Talde: Esku-hartze taldea, Trafikoa ordenatu eta kontrolatzeko taldea, Osasun taldea, Logistikako laguntza taldea eta Laguntza Teknikoko taldea.

3.5.1. Aginte Postu Aurreratua (APA)

Aginte postu tekniko hau istripua izan den tokitik hurbil eratuko da eta handik zuzendu eta koordinatuko dira Ekintza Taldeen ekintzak, Planaren zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera.

APAk zuzendaria eta Ekintza Taldeetako koordinatzaileak izanen ditu osakide, eta bai erasandako udalen ordezkariak eta helburuak iristeko ezinbesteko laguntza eman behar duten erakundeak ere.

1, 2 eta 3 egoeretan, larrialdiko APA non jarri finkatzeko, kontuan hartuko da planaren eremuan uholdeek zer ezaugarri izan dituzten, eta planaren zuzendariak berak erabakiko du. Ezaugarri horien arabera, zilegi izanen da APA bat baino gehiago eratzea.

Aparen Zuzendaria

APAren zuzendaria, planaren zuzendaritzak izendatua, larrialdiaren arduradun nagusia izanen da gertaeraren tokian bertan, eta bai ondoriozko ekintza guztien arduraduna ere, hala nola larrialdia kontrolatu eta gutxitzea, izandako biktimen salbamendua, ondasunak babestea, esku- hartze eta alerta eremuak ezartzea, lehentasunak ezartzea eta abar.

APAren zuzendariak beti planaren zuzendariaren agindupean jardungo du. APAren zuzendariak aginduak helarazi behar dizkienean Ekintza Taldeei, beti koordinatzaileen bidez eginen du.

APAren zuzendariaren eginkizunak hauek dira:

* APA osatzea.

* Uholdeen kontrako larrialdi Planaren zuzendaritza jakinaren gainean edukitzea.

* istripuaren tipologia baloratzea eta erabakitzea zein eremutan esku hartu eta alerta eman behar den, planaren zuzendaritzaren bat.

* Larrialdiaren kontrako ekintza planaren zuzendaritzari proposatzea.

* Definitzea zer estrategia segitu behar den larrialdia gutxitzeko.

* "In situ" zuzendu eta koordinatzea Ekintza Taldeen ekintzak, larrialdiari buru egiteko, erabilgai dauden jende eta material baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

* Larrialdi tokiaren eta CECOP-en arteko informazioa kanalizatzea.

* planaren zuzendaritzari adieraztea zer larrialdi neurri hartu behar diren, hala nola ebakuazioak, errepideak moztea eta abar.

* Bilgune batzuk aurreikustea ebakuazioetarako, eta bai baliabide eta bitartekoak biltzeko puntuak ere.

* Planaren zuzendaritzari aholku ematea larrialdi egoeraren bukaera noiz komeni den deklaratzea, eta beraz plana geraraztea.

APAren zuzendariak Laguntza Teknikoko Taldea izanen du lagun erabakiak hartu, helburuak eta lehentasunak ezarri eta larrialdiaren garabidea ebaluatzeko.

3.5.2. Ekintza Taldeen barne koordinazioa

3.5.2.1. Esku-hartze Taldea

Esku-hartze Taldeak jende eta material baliabideak izanen ditu, Nafarroako Suhiltzaile Partzuergokoak, Herrilan Zuzendaritza Nagusikoak nahiz beregainak. Zilegi izanen ere da talde honi bestelako baliabideak ere eranstea, Udalenak, beste Administrazio batenak, osasun taldearenak, segurtasun taldearenak eta abar. Denak Esku-hartze Taldeko koordinatzailearen esanetara arituko dira.

Esku-hartze Taldeko koordinatzailea, planaren zuzendariak koordinatzaile izendatu duen pertsona istripua izan den tokira iritsi arte, bertan dagoen eta maila handiena duen Suhiltzaile kidegoko agintaria izanen da. Eta edozein momentutan APAren zuzendariaren agindupean egonen da. Kasuan kasuan zilegi izanen da biak pertsona bera izatea.

Esku-hartze Taldeko koordinatzailearen eginkizunak hauek dira:

* Gorabeheraren jakinarazpena jaso eta helaraztea.

* Esku-hartzeko APAko zuzendariari aholku teknikoa ematea izandako istripuaren, kaltearen eta egin beharreko operazioen bideragarritasunaren gainean.

* Istripua ebaluatu eta buru egitea: biktima bilatu, salbamendua egin eta laguntzea eta beharreneko babes neurriak aplikatzea larrialdiaren lehen momentuetatik.

* Erasandako eremuak aztertu eta ebaluatzea eta uholdearen ondoriozko arriskuak atzematea (lubiziak, egiturak lurreratzea eta abar).

* Larrialdiari buru egiteko behar diren baliabideak eskatzea.

* Jarraibideak ezartzea larrialdia bukatu ondoren pixkanaka baliabideak kenduz joateko.

Esku-hartze Taldeko eginkizunak hauek dira:

* Zuzenki eragitea arrisku iturriari. Istripuari buru eginik bizitzak eta ondasunak salbatu, ahal den neurriak ingurunearen gaineko eragin txarrik sortu gabe.

* Osasun taldea iritsi arte, zaurituei kontu egiteko behar diren neurriak hartuko ditu.

* Laster-beharreko konponketa eginen die kalte hartutako komunikabideei.

3.5.2.2. Trafikoa Ordenatu eta Kontrolatzeko Taldea

Ezarritako operatiboan esku hartzen duten foruzain, polizia lokal edo polizia nazionaleko kideek osatuko dute. Halaber, talde honetan kidetuko ere dira behartzen direnean mobilizatzen diren segurtasun enpresa eta langile pribatuak.

Talde honen koordinatzailea graduazio handieneko agintaria izanen da. Gradu bereko agintari bat baino gehiago badaude, haietatik foruzain dena izanen da koordinatzaile, harik eta planaren zuzendariak, hala bide bada, beste norbait izendatu arte.

Trafikoa Ordenatu eta Kontrolatzeko Taldearen eginkizunak hauek izanen dira:

* Trafikoa kontrolatzea: eremua seinaleztatu eta lokarriztatzea, trafikoa moztu eta desbideratzea hala behartzen bada, eta sarbideak kontrolatzea.

* Ordena publikoa eta herritarren segurtasuna manten dadin begiratzea uholdeak hartutako eremuetan, bereziki eremu jendehustuetan, halakorik izaten bada.

* Bizitzak eta ondasunak babestea.

* Osasun taldea iritsi arte, zaurituei kontu egin eta biktimak identifikatzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

* Segurtatzea Ekintza Taldeek beren eginkizunak egiteko gauza izan daitezen inor traban hasi gabe eta talde horiek uholdeak hartutako eremuetaraino eramatea.

* Populazioarentzako abisuak zabaltzen lagun egitea eta lehenbiziko momentuan erantzunbeharra bere gain hartzea.

* Eremua jendehustu beharra sortzen bada hura koordinatzea jendea uholdeak hartutako eremuetatik berehala urruntzeko.

* Uholdeak hartutako eremua lehengoratzen laguntzea.

* Ekintza Taldeetako kideak uholdeak hartutako eremuetara eramatea.

3.5.2.3. Osasun Taldea

Talde honek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jende eta material baliabideak izanen ditu osagai eta bai ere beste instituzio batzuek, partikularrek eta abarrek ematen dituzten beste jende eta material baliabideak.

Egoera ikusirik hala komeni denean edo beharrezkoa denean eratuko da, eta beti larrialdiko 1, 2 eta 3 egoeretan.

Planaren zuzendariak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun laguntzako zuzendariak izendatuko du osasun taldeko koordinatzailea, eta hura APAn kidetuko da, edo APA horretako zuzendariak agintzen dion tokian, beti ere zuzendari horrekin eta CECOPekin etengabeko harremana segurtaturik.

Osasun taldeko eginkizunak hauek dira:

* Biktimak sailkatzea, osasun laguntza ematea eta osasun zentroetara ebaluatzea.

* Laster-beharreko osasun laguntza ematea istripuak erasandakoei eta zaurituei.

* Osasun laguntzako postua eta hala behartzen bada ebakuazio zentroa eratzea.

* Laguntzarako azpiegitura eratzea.

* Auzitegietako eta poliziako agintari eskudunekin elkarlanean aritzea gorpuak identifikatzen eta bai bestelako biktima eta zaurituak.

* Osasun baldintzak ebaluatu eta kontrolatzea uholdeak hartutako eremuetan (epidemia agerraldiak kontrolatzea, txertatze masiboak egitea eta abar) eta normalizazio aldian osasun publikoaren kontra sortzen diren mehatxu ezkutuei begia edukitzea.

* Erasandako populazioari sendagaiak ematea.

3.5.2.4. Logistika eta laguntza taldea

Laguntza taldea Nafarroako Gobernuaren herritarren babeseko ekipo integratuak izanen ditu osagai, eta laguntza sozialeko udal zerbitzuak ere bai. Horrez gain zilegi izanen da talde honi beste ekipo batzuk eranstea, Nafarroako Gobernuko beste Departamentuetakoak eta Lurralde Planeko ekintza programetan aurreikusten diren beste halako instituzioetakoak: osasuna, laguntza, garraioa, transmisioak, hornidura eta abar.

Planaren zuzendariak, Herritarren Babeserako Zerbitzuko zuzendaria aholkulari duela, logistika eta Laguntza taldeko koordinatzailea izendatuko du.

Talde honen eginkizunak Logistika eta laguntzaren arloko eginkizun guztiak izanen dira, besteak beste:

* Aholku teknikoa ematea planaren zuzendariari uholdeen edo haien fenomeno geologikoen ondorioz izan diren edo izateko arriskua duten hondamenei buru egiteko behar diren konpontze eta lehengoratze neurrien gainean.

* Larrialdia kontrolatzeko lanei euskarri ematea, bai behar diren ekipo eta hornigaiak emanaz eta bai horniduren eta garraioaren ikuspuntutik.

* Hornidura baliabideak kudeatu eta hornitzea (hornidura eta zuzkidura oro har).

* Larrialdiko aterpea kudeatzea, eta bai populazioari bizibideak eta garraioa ematea, bilguneak definituz eremua jendehustu behar bada.

* Komunitateko oinarrizko zerbitzuak lehengoratzea kalterik hartu badute.

* Uholdeek bakartu dituzten eremuei kasu egitea dauden transmisio sistemak unitate mugikorren edo bestelako sisteman bidez osatuz.

* Erregaien, behineneko produktuen eta garraiobideen hornidura kudeatzea bai esku hartzen duten taldeentzat eta bai uholdeak hartutako eremuko populazioarentzat, behar diren banaketa guneak ezarriz.

* APAri behar duen azpiegitura ematea.

* Uholdeak hartutako eremuaren informazio kartografikoa ematea.

* Datu metereologikoen eta eremu horretan izanen duen bilakaeraren gaineko informazioa.

* Esku-hartze Taldeak behar dituen makina bereziak lortzea, hala nola garabi bereziak, produktuak aldatzeko dangak eta abar.

* APAren zuzendariak esleitzen dizkien beste guztiak.

3.5.2.5. Laguntza Teknikoko Taldea

Talde honen eginkizuna, besteak beste, planaren zuzendariari in situ aholku ematea izanen da hainbat alderdi teknikoren gainean: gorabeheraren egoera, uholdeen edo haien fenomeno geologikoen ondorioz izan diren edo izateko arriskua duten hondamenei buru egiteko behar diren konpontze eta lehengoratze neurriak.

Planaren zuzendaria, Herritarren Babeserako Zerbitzuko zuzendaria aholkulari, Laguntza Teknikoko Taldeko ko0ordinatzailea izendatuko du.

Taldeak honako kideak izan ahalko ditu:

* Barne Zuzendaritza Nagusiko teknikariak.

* Herrilan Zuzendaritza Nagusiko teknikariak.

* Ingeniaritza Zibileko arloan arrisku hidrologikoak eta terrenoen inestabilitate problemak kontrolatzen espezializatutako teknikariak.

* Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko teknikariak.

* Osasun Publikoko teknikariak.

* Bestelako teknikari kualifikatuak.

Talde honen eginkizunak gutxienekoan hauek izanen dira:

* Neurri zuzentzaileak proposatzea uholdeak hartutako eremuetan eta urtegietan (ingeniaritza zibilekoak izan nahiz bestelakoak), uholdeen ondorioak kontrolatu edo gutxitzeko, eta bai funtsezko zerbitzuak lehengoratzeko.

* Erabakitzea zer lan ekipo berezi eta zer hornidura behar diren neurri horiek aplikatzeko.

* Gertaeraren eta haren bilakaeraren eta aplikatu diren ekintzen jarraipen teknikoa egitea.

* Planaren zuzendariari informazioa ematea emaitzen eta premien gainean.

3.6. Beste Larrialdi Plan batzuekiko harremana.

Uharkak urratu edo matxura larriak izateko arriskua galarazteko larrialdi planetan eta Irispide lokaleko ekintza planetan, behar diren neurriak ezarriko dira istripua gertatuz gero gauza hauek egin ahal izateko:

* Plan horietako zerbitzuak eta baliabideak koordinatzea.

* Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Berezian aurreikusten diren Esku-hartze Taldeen ekintzei lagun egitea.

* Planaren zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera populazioa babesteko neurriak aplikatzea (urruntzea, konfinatzea, jendehustea eta populazioarentzako abisuak).

Operatibitatea

Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdi Plan Bereziaren operatibitateak bere baitan biltzen ditu Planaren helburuak iristeko denboraz eta tokiz egoki aplikatu behar diren ekintzak, prozedurak eta neurriak.

Operatibitate horretarako, ekintza eta estrategia horiek denak elkarrekin malguki artikulatu beharko dira, uholdeen eta haien ondoriozko fenomenoak zenbateraino diren larriak kontuan hartuta. Artikulazio horrek atal honetan aipatzen diren operazio eta antolamendu egitura desberdinak abiaraziko ditu.

4.1. Ekintza operatiboak

Planaren operatibitaterako, mobilizatu behar dira haren antolamendu eta egiturako baliabide eta kide publiko zein pribatuak, abiarazten direnetik larrialdia bukatu eta normalizazioa etortzen den arte.

Larrialdiak kontrolatu eta gutxitzeko lanak egiten ari diren bitartean, ohiko segurtasun neurriez gain, kasu horietan ohi direnak ere aplikatu beharko dira, ahal den guztian kalte hartutako pertsonen segurtasuna bermatu beharrezkoak, eta esku hartu duten pertsonena eta erabiltzen diren material baliabideena ere.

4.1.1. Uholdeen aurreko aurreikuspen, alerta eta alarma sistemak

Aurreikuspena, alerta eta alarma aurreikuspen metereologikoaren eta arro bakoitzeko neurketa plubiometriko eta hidrologikoaren arabera eginen da 7. ataleko fitxek agintzen dutenarekin bat.

4.1.2. LARRIELDIETAN PERTSONAK ETA ONDASUNAK BABESTEKO NEURRIAK

7. atalean arro bakoitzeko fitxetan jasoko dira erasandako populazioa eta ondasunak, uholde- emari desberdinen arabera.

Planak honako neurriak aurreikusten ditu populazioa babesteko:

* Norbere burua babesteko neurriak: populazioak berak har ditzaken neurri errazak dira. VI. eranskinean ageri dira eta Ekintzarako Udal Plana ezartzeko aldian zabaldu beharko dira.

* Konfinatzea: Populazioak bere etxean edo hurbileko hesipe edo bizitegietan gerizatu beharko da neurria hartu dela iragartzen denean.

* Urruntzea eta aterpetzea: populazioa arriskupeko tokietatik toki seguruetara aldatuko da, jeneralean aski hurbil, norbere baliabideak erabiliz.

Neurri horiek larrialdia agudo desagertzen ari denean dira aplikatzekoak.

* Ebakuazioa: arrisku handieneko populazioa aldatuko da handik urrutira. Behin betiko neurria da, eta hura hartzeko beharrezkoa izanen da populazioari mehatxu egiten dion arriskua handia izatea. Ebakuazio bat egin beharra suertatzen bada, hura egiteko agindua planaren zuzendariak emanen du.

Hur-hurreko arriskurik ez badago, udaleko alkateak herria jendehustea proposatuko dio CECOP-i. hartara, jende huste agindua emateko erabakia Plan Berezi honen zuzendariari dagokio. Edozein kasutan ere, alkateak koordinatu eta zuzenduko du bere herriaren jendehustea.

Hur-hurreko arriskua badago, zilegi izanen da jende husteko agindua udaleko alkateak zuzenean ematea.

Populazioa babesteko neurri gehientsuak Ekintza Taldeek eginen dituzte: segurtasun taldeak sarbideak kontrolatzea, eta osasun taldeak janariak eta ura eta osasun laguntza kontrolatzea.

4.1.3. Populazioarentzako abisuak eta informazioa

Populazioarentzako abisuen xedea da populazioa alertatzea eta jakinaren gainean edukitzea kasuan kasuan zer komeni den egitea eta lehen aipatu babes neurriak nola aplikatu behar diren: norbere buruaren babesa, konfinatzea, urruntzea eta jendehustea.

Populazioari ematen zaion informazioa, betiere, planaren zuzendaritzatik etorriko da, zeinak Aholku Batzordeak lagundurik Aurreikuspen eta Alerta metereologikoko Sistemaren informazioa, uharken egoerari buruzko komunikatuena eta oro har larrialdiarena aztertu eta eralki ondoren, informazio kabineteak zabaldu behar dituen mezuak jaulkiko baititu.

Hona hemen populazioarentzako abisuak egiteko sistemak:

a) Ekintza Lokaleko planean aurreikusten diren zuzeneko abisuak.

Populazioarentzako abisuak egiteko megafonia sistemak erabiliko dira, zeinekin jakinaren gainean jarriko den populazioa berehala aplikatu beharreko babes neurriez.

Megafonia sistema horiek aurreikusita egonen dira Ekintzarako Udal Planean eta ordena taldeak izanen ditu bere eskuko.

b) Komunikabide sozialen bidezko abisuak.

Bigarren maila batean, populazioari egoera nola bilakatzen den adierazteko bidetzat komunikabide sozialak erabiliko dira (irratia, telebista), zehazkiago, RNE-1, emisio lokaleko irratiak, TVE-1, TVE-2, CANAL-4. Informazio kabineteak emanen ditu zabaldu beharreko mezuak.

Irrati postu horiek eta haien maiztasunak IX. eranskinean ageri dira: "Baliabide eta bitartekoen katalogoa" eta haien berri emanen zaio populazioari ezarpenean aurreikusten diren informazio zabaltze kanpainen bidez.

c) Beste erakunde eta instituzio batzuen bidezko informazioa.

Erakunde eta instituzioek ere beren informazio bideetan barna igorriko dute planaren zuzendaritzak jaulki duen informazioa bere informazio kabinetearen bidez.

4.1.4. Uholdea edo Uhamila nola kontrolatu eta neutralizatu

Uholdeengatiko larrialdietan, erasandako eremuetan kalteak gutxitzeko, Ekintza Taldeek hainbat neurri eta ekintza burutuko dituzte, planaren zuzendaritzaren bidez, ur ibilguak hustu eta inguruko eremua urak hartzea galarazteko. Hona hemen batzuk:

a) Behin-behineko dikeak altxatzea eta urei pasabidea galarazi edo zailtzeko moduko beste traba modu batzuk.

b) Dike eta babes obretan izandako kalteak laster-beharrez konpontzea eta bai uhamilak kontrolatzeko moduko osagai naturaletan.

c) Uhamilak ibilguetako puntu kritikoetan sortutako oztopo eta trabak kentzea.

d) Hustubide eta deribazio kanal alternatiboak irekitzea.

e) Lubiziek hartutako komunikazio bideak eta sarbideak garbitzea.

f) Erasandako eremua garbitu eta saneatzea.

g) Uraz goitiko uharketan laminazioa.

4.2. Transmisio plana

Transmisio zentroa CECOPen komunikazio aretoan egonen da kokatua. Haren lana da Plan Berezia abiarazten denean hauekiko komunikazio etengabea zentralizatzea:

* Eraginpeko erakunde guztiak.

* In situ dauden Ekintza Taldeak eta hala behartzen bada APA.

* Udalak / polizia lokalak

* Komunikabide sozialak.

IX eranskinean: "Planeko baliabide eta bitartekoen katalogoa", zehazten da zer komunikabide dauden alertatu beharreko erakunde eta zerbitzu guztiak lotzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, zeinean sartzen diren arestian aipatu organismo guztiak.

Uholde arriskuko egoeren aurreikuspenak jakinarazteko, fax edo telefono bidez emanen dira edo behin gertatu ondoren.

CECOPek jakinarazpenak bidaliko dizkie erakunde guztiei, Plan Berezi honek agintzen duenaren arabera, eta handik aurrera kasuko erakunde guztiak CECOPekin lotuta egonen dira aipatu komunikabideen bitartez.

Irrati bidezko transmisioak egiteko VI. eranskinean aipatzen diren jarraibideak hartuko dira aintzat.

Transmisio Planeko operatibitatea mantentzeko, hiru hiletan behin konprobatuko dira Plan Berezi honetan esku hartzen duten erakunde guztien arteko komunikazioak.

Proba horiek zinta magnetofoniko batean erregistratuko dira, eta zinta hiru hilabetez gordeko. Anomaliarik atzematen bada, hala emanen zaio aditzera planaren zuzendariari, zuzendu daitezen.

4.3. Uholdeengatiko larrialdietako aldiak eta egoerak.

Gorabeheraren bat gertatu dela Nafarroako Gobernuaren Herritarren Babeserako Zerbitzuari jakinaraziko zaio, eta gorabehera definitzeko ardurako diren datu guztiak aurkeztuko.

Operatibitatea garatzerakoan, finkatu behar da uholdeengatiko larrialdietako aldi eta egoera bakoitzean zer operazio, noiz eta nola egin behar diren. Hala ere nolabaiteko malgutasunarekin interpretatuko dira eta ihes eginen zaio zurruntasunari, operazioak gehiegi zehaztea ekarriko bailuke, eta bai ekintza jarraibide lausoegiak emateari ere.

Hartarako, Planaren zuzendaritzak, aldi eta egoera bakoitzari egozten zaion larritasun potentzialaren arabera egin beharreko ekintzen planteamenduan, uholdeen eta haien ondoriozko fenomenoen gertalekua eta ondorioak aztertuko ditu, bere estrategia operatiboan errealitatera ahal den gehiena hurbiltzeko.

Edozein kasutan ere, operazio plangintzak honakoak hartuko ditu:

a) Ondorioen ebaluazioa.

b) Eraginpeko edo eraginpean gerta daitezkeen eremuak aztertzea.

c) Zein Aginte Postu Aurreratu ezarri behar diren.

dokumentu) Operazio eremua mugatzea, Esku- hartze, Soroste eta oinarri eremuak ezarriz.

e) Zein Esku-hartze, babes, informazio, soroste eta konpontze neurri hartu behar diren.

4.3.1. Larrialdi-Aurrea

Orokorki, Larrialdi-aurrea Herritarren Babeserako Zerbitzuak euri latzen arriskuaren abisu metereologiko bat jasotzen duenetik abiarazten da. Hortaz, abisu metereologiko hori jasotzen denetik. Plan Berezia formalki abiarazten ez bada ere, kasuko erakunde eta zerbitzuei alerta helarazteko katea bai abiarazten da.

Inoizka, eta planaren zuzendaritzak hala erabakitzen badu, larrialdi-aurreko aldian zilegi izanen da alerta populazioari helaraztea informazio kabinetearen bidez.

Alerta deribatua fax bidez helaraziko da Herritarren Babeserako Zerbitzutik eta horren osagarri ekintza taldeen arduradunei eta prentsa arduradunei ere telefonoz emanen zaie alerta. Arduradun horiek arrisku egoerak irauten duen guztian baraleku jakinean egon beharko dute eta bilakaeraren berri zehatza jakin.

Larrialdi aurreko aldiak bi egoeratan egituratzen da, biak egoeraren kudeaketa eta kontrolean izaten den ohiko bilakaeraren araberakoak: abisu metereologiko baten ondoriozko alerta eta jarraipen euri-hidrologikoa. Bi alderdiok arro bakoitzerako 7. atalean deskribatzen dira.

4.3.1.1. Abisu metereologikoaren ondoriozko alerta

Alerta hori Metereologiako Institutu nazionala Aragoi, Errioxa eta Nafarroako Lurralde zentro metereologikoak fenomeno metereologiko arriskutsuen boletin bat emititzen duenean emanen da, Eguratseko Fenomeno Kaltegarriei Igarri eta Begiratzeko Plan Nazionalean ezartzen diren atalaseak gainditzeko arriskuaz informatzeko.

Komunikazio boletin horien eredu desberdinak, alerta eta larrialdi egoera desberdinen araberakoak, eta bai erakunde metereologiko eta jasotzaileen artean informazioa helarazteko jarraibideak ere Eguratseko Fenomeno Kaltegarriei Igarri eta Begiratzeko Plan Nazionalean aurkitzen dira.

4.3.1.2. Jarraipen euri-hidrologikoa

Euriei eta ibilguetako emari mailari jarraipen kuantitatibo edo kualitatiboa egitea da.

Haren helburua da euri aurreikuspena konfirmatu ala gezurtatzea, eta bai haren kokaera geografikoak eta haren bilakaera ere, aurreikusteko zein arro egon daitezkeen haren eraginpean.

Zilegi izanen da aldi hori abiaraztea abisu metereologikoaren ondoriozko alerta eman ez bada ere, aurrezko abisurik gabeko euri latzak hasten badira.

Ikus 7. Ataleko fitxak.

Jarraipena egiteko, Nafarroako Gobernuaren plubiometro sarea erabiliko da, SAIH delakoa (Informazio Hidrologikorako Sistema Automatikoa), eta Ekintza Taldeek zuzenean gainbegiratuko dute edo udaletako langileek. Gainbegiratze lan hori ateetan eta arro fitxetan bildutako beste elementuetan eginen da.

4.3.1.3. Uharken egoeraren jarraipena

Larrialdi-aurrea ezartzen da, halaber, Planean sartuta dauden eta VII. eranskinean, "Uharka Handien Segurtasun Azterlana", zehazten diren uharketako edozeinek 0 eszenarioa deklaratzen duenean, zeinarengatik, kasuko baldintzak eta haien bilakaeraren aurreikuspenak ikusirik, uharkaren larrialdi planak begiraletza handitzea gomendatzen duen, Esku-hartze berezirik egin beharrik gabe.

Egoera nola bilakatzen den, normaltasunera itzuli edo, txarrerako bilakaera gertatzen bada, 0 larrialdi egoerara pasatuko da: alerta hidrologikoa.

4.3.1.4. Funtzionograma

Nafarroako Gobernuko Herritarren Babeserako Zerbitzuan behin larrialdi-aurrea deklaratu delarik, uholdeengatiko larrialdietarako plana ez da formalki abiarazten, nahiz eta alertaren aurreikuspena eta jakinarazpenak segurtaturik dauden honako funtzionograma honen arabera tokatzen den taktika operatiboa abiaraztearekin:

4.3.2. Larrialdia

Aldi hau, parametro metereologiko eta hidrologikoak aztertuta uholdea hur-hurrekoa dela deduzitzen denean hasten da, edo uholdea hasia dagoenean.

4.3.2.1. Nafarroako Gobernuaren Herritarren Babeserako Zerbitzuaren ekintzarako sistematika orokorra

Herritarren Babeserako Zerbitzuaren antolamendu funtzionala aldian halakoa izanen da, egoerak zenbateko larritasuna duen, zenbateko lurraldea hartzen duen eta zenbat baliabide abiarazi behar diren. Mobilizazio maila hori eta egoera beraren barrenean aldian halakoa izanen da, eta beraz aukera uzten da larrialdiari kasu egiteko pertsona kopurua handitzeko, larrialdia bakoitzak dituen ezaugarrien arabera.

Nafarroako Gobernuaren Herritarren Babeserako Zerbitzuak, Esku-hartze zerbitzuak eta hala behartzen bada, planaren zuzendaritza ere lagun, jarraipena eginen dio egoerari, udalak identifikatuz, kasuko arroa zein den kokatuz, inguruko udaletako egoera ere ezagutzeko eta egoeraren irispideari igartzeko (eraginpeko arroak, kalteen maila eta aurreikuspena); Informazio hori gorabeheraren egoera eta bilakaerarekin erkatuko du, jarraipen euri- hidrologikoaren, aurreikuspen metereologikoaren eta uharken egoeraren bidez.

4.3.2.2. 0 Larrialdi egoera

Normalean ez da halakoetan abiarazten Nafarroako Uholdeetarako Plan Berezia, baina haren baliabideen parte bat mobilizatzen da laguntza eta jarraipen lanak egiteko, eta alertak helarazteko Ekintza Taldeei edo babes neurriak prestatzeko.

0 egoera bat, gainera, udalerri bakar bateko uholdeengatiko edo haien ondoriozko fenomenoengatiko larrialdi batek sortua izan daiteke, udal horren erantzunarekin kontrolatzeko modukoak. Hartara, arestian aipatu taktika operatiboa aplikatzeaz gain, normalean Udalaren edo toki entitatearen Ekintza plana abiatuko da.

0 larrialdi egoerak Nafarroako Gobernuaren herritarren babeseko zuzendariak kalifikatzen ditu.

4.3.2.2. 1 Alerta hidrologikoa

Alertak larrialdi aurreetan bezalatsu emanen dira.

Alerta hidrologikoa ematen bada, Udalek CECOPAL delakoa osatuko dute behar adina kiderekin, eta zein bere udalerrian ardura hartuko populazioa eta ondasunak babesteko aurreneurri zehatzak hartzeko, CECOPetik mobilizatu kanpo baliabideak lagun hala behartzen bada.

Udalek CECOP-i bideratuko dizkiote beti beren eskaerak, dela alkatearen bidez dela hartarako izendatu den pertsonaren bidez.

Egoera baretzen bada, eta behin kalterik ez dela izan konprobatu ondoren, CECOPek normaltasuna itzuli dela deklaratuko du. Bilakaerak txarrera egiten badu, ordea, tokatzen den larrialdi egoerara pasatuko da.

4.3.2.3. 1 larrialdi egoera

Zirkunstantzia hauek Nafarroako Uholde Arriskurako Plan Berezia abiaraztea eskatzen dute. 1 larrialdi egoerak koordinatu eta zuzentzea Plan Bereziaren zuzendariari dagokio.

CECOPAL delakoaren zuzendariaren bidez bideratuko dira CECOPekiko komunikazioak eta koordinatuko dira bitarteko lokalen ekintzak eta bai eskatutako baliabide eta bitartekoak jasotzea.

CECOPALek Ekintzarako Udal Planean aurreikusten diren ekintza zehatzak segituko ditu, pertsona eta ondasunak babestu beharrezkoak.

CECOPetik laguntza lanak eginen dira. Gutxienez honakoak:

* CECOP-i eskatzea hauei buruzko informazioa:

.Kontrol hidrometereologiko eta uharkena.

.Alerta eta aurreikuspen metereologikoaren jarraipena.

* Bere baliabide propioekin esku hartzea (ekintza taldeak) larrialdipeko eremuetan.

* Eraginpeko udalek eskatutako mobilizazioak.

* Populazioa babestu eta informatzeko hartutako neurriak.

* Funtsezko zerbitzu publikoetako lehengoratze neurriak.

4.3.2.4. 2 larrialdi egoera

Hartarako Uholdeetarako Plana erabat abiaraztea behar da, norbere baliabideak erabiliz edo beste administrazioren batek esleitutakoak. Halaber, beheragoko planak Plan Berezian sartuta geratuko lirateke: lokalak eta uharkenak, eta egoerak txarrera egiten badu, CECOPI delako osatuko litzateke.

2 larrialdi egoera kalifikatu eta zuzentzea planaren zuzendariari dagokio. Herritarren Babeserako Zerbitzuko zuzendariak zuzenduko du planaren zuzendariak edo haren ordezkariek agintea hartu arte lehen aipatu aurreikuspenen arabera.

4.3.2.5. 3 larrialdi egoera

CECOPI eratu arte, CECOParen jardunbidea aurreko larrialdi mailetan bezalakoa izanen da.

4.3.2.5.1. CECOPI nola eratu. Jardunbidea

CECOPek CECOPIko kideak deituko ditu. Gobernuaren Nafarroako delegazioak Estatuko administrazioaren erakundeak deituko ditu.

4.3.3. Normalizazio aldia.

Plan Berezi hau oraindik abian dago aldi honetan ere, uholdeak hartutako eremuetako funtsezko zerbitzuetan eskasia nabarmenak dauden arteko guztian, bizitza normalera itzultzea galarazten dutenak. Egoera horietan planaren zuzendaritzari dagokio populazioak ezinbesteko dituen zerbitzu minimoak lehengoratzeko lanak koordinatzea.

Larrialdia bukatu delarik CECOPek hala emamen die aditzera esku hartu duten taldeetako arduradunei.

Uholdeengatiko eta haien ondoriozko fenomenoengatiko larrialdi egoerak bukatu direlarik, ondorengo problema da nola lehengoratu behar diren uholdeak hartutako eremuetan normaltasunera itzultzeko baldintza minimoak. Problema hori askotan are larriagoa da larrialdian esku hartu duten baliabideak eta bertan eskuragai daudenak agortuz joan direlako, eta udalerrian askotan falta direlako eginkizun horietarako material eta makina bereziak.

Uholdeak eragindako populazioari ahalik eta informaziorik handiena emateko, udalak, zein bere alkatearen bidez, jakitun edukiko dira konpainia hornitzaileek egiten dituzten jarduerez. Aldi berean, eskatuko zaie eragindako udalei adieraz dezatela zertan diren zerbitzu desberdinen hornidurak, informazio hori zerbitzu horiek ber- hasteko ardura dutenei bideratzeko.

Uholdeak hartutako eremuen normalizazio aldi honetan, Plan Bereziak honako ekintzak hartzen ditu aintzat:

1. Oinarrizko eta funtsezko zerbitzuak lehengoratu beharrezkoak.

2. Normaltasunera itzuli beharrezkoak.

4.3.4. Esku-hartze eta alerta eremuak ezartzea.

Uholdeak inguruneari kalte egiten badio, honako segurtasun eremu hau ezarriko da:

* Esku-hartze eremua: istripuen ondorioek sortzen duten arrisku edo kalte mailak justifikatzen du berehala babes neurriak hartu beharra. Eremuan ekipo espezializatuak baizik ez dira sartzen ahalko.

* Alerta eremua: honetan istripuek sortzen dituzten ondorioak populazioarentzat nabarmenak badira ere, ez dute justifikatzen populazioaren gainean esku hartzea, non ez den talde kritikoetan.

Esku-hartze eta alerta eremuak zein diren APAren zuzendariak zehaztuko du, Osasun taldeko eta laguntza teknikoko arduradunak lagun dituela.

4.4. Baliabide eta Bitartekoen katalogoa.

Komeni da bereiztea jarraipen euri-hidrologikoa egiteko dauden baliabide eta bitartekoak eta larrialdi kasuetan mobiliza daitezkeen baliabide eta bitartekoak.

a) Jarraipen euri-hidrologikoa egiteko baliabide eta bitartekoak.

Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan barreiaturik dauden euri eta emariak kontrolatzeko puntuak, zein ere titular duten. IX. eranskinean ageri dira.

b) Larrialdi kasuetan mobiliza daitezkeen baliabide eta bitartekoak.

* Oroharko baliabideak (anbulantziak, garabiak, ibilgailu bereziak, aterpe baliabideak.). Nafarroako Foru Komunitateko Larrialdietarako Eskualde Planeko baliabide eta bitartekoen katalogoan sartuta daude.

* Udal baliabideak, publiko zein pribatuak, Ekintzarako Udal Planetan sartuko dira.

CECOPek sektore pribatuko makinaria enpresen zerrenda bat edukiko du eskura, haietara jotzeko behar adina datuz hornitua, eta Plan Berezi honetan esku hartzen duten erakunde eta zerbitzu guztiekin harremanetan jartzeko bide guztien beste zerrenda bat ere bai.

Uharkak urratu edo matxura larria izateko arriskuaren aurrean larrialdiak nola planifikatu.

Atal honetan, onesten diren ahala, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea ukitzen duten Uharken Planak ere sartuko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdiko Plan Bereziak esparru-emaile izan nahi du, eta bere barrenean, onetsi diren uharka plan guztiak hartu.

Uharka planak sartzeko, ezinbestekoa izanen da Nafarroako Herritarren Babeserako Batzordearen adostasun txostena izatea, onetsi aurrekoa.

Uharka plan bakoitza eranskin gisa sartzen delarik, uharka horren titularrak pertsona bat eta haren ordezko bat izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdiko Plan Bereziaren Zuzendariaren Aholku Batzordeko kide aritzeko.

5.1. Kontzeptua

Oinarrizko artezpideak Uharketarako Larrialdi Planen figura ezartzen du, uharkak matxuratu edo urratzeagatik sortzen diren larrialdiei kontu egiteko.

Plan horiek uharken titularrek itxuratu eta ezarri behar dituzte, eta finkatuko dute nola antolatu behar diren kasuko uharkaren segurtasuna arriskutan jar dezaketen faktoreak kontrolatzeko behar diren jende eta material baliabideak. Uharkaren esplotazioa beste entitate edo pertsona fisiko edo juridiko bati lagatzen bazaio, lagapen hartzaileak edo errentariak bere gain hartuko ditu titularraren eginbeharrak, nahiz eta hura haien erantzule subsidiarioa izanen den.

Orobat, behar diren informazio, alerta eta alarma sistemak ezarriko dira uharka matxuratu edo urratzen bada populazioa babesteko esku hartuko duten zerbitzuak eta baliabideak segurtatzeko eta istripuaren eragina har dezakeen populazioak bere burua babesteko neurriak hartu ahal izan ditzan.

Uharkak hiru kategoriatan sailkatuko dira (A, B eta C), istripuetan sor ditzaketen kalteen larritasun mailaren arabera.

Uharketarako larrialdi Planak Obra Hidraulikoen Zuzendaritza Nagusiak onetsiko ditu, aurrez Herritarren babeserako Batzorde Nazionalak txostena jaulki duelarik; edo Ur jabari publikoaren gainean eskumenak dituzten Komunitate Autonomoetako organoek, komunitate baten barrengo arroetan dauden uharken kasuan. Hartara, Nafarroako Foru Komunitateko herritarren babeserako batzordeak eginen ditu aurrezko txosten horiek.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea ukitzen duten Uharketarako larrialdi planak honako Plan Berezi honen osagai sartuko dira, eta interes nazionaleko larrialdi kasuetan, Plan estatalean ere bai.

5.2. Eginkizunak eta gutxieneko edukia.

Aipatu Plan horien artezpideak honako eginkizun oinarrizkoak ezartzen ditu:

a) Segurtasuna aztertu ondoren, finkatzea zer esku-hartze estrategia behar diren uharka urratu edo larriki matxuratzeko arriskua dakarten egoerak kontrolatzeko, eta haiek garatzeko behar den egitura ezartzea.

b) Finkatzea uharka urratzen bada zer eremu dagoen urak hartzeko arriskuan, uhamil uhinaren hedatze denborak adieraziz, eta behar den arrisku azterketa egitea.

c) Behar diren antolamendu eta baliabideak ezartzea gorabeheren gaineko informazioa jaso eta komunikatu, alertak adierazi eta hala behartzen denean ezarri diren alarma sistemak abian jartzeko.

Eginkizun horiekin bat, Uharketarako Larrialdi Planek honako eduki gutxienekoa izanen dute:

a) Uharkaren segurtasun azterlana: larrialdi bat sor dezaketen fenomenoak aztertzea.

b) Lurralde zonifikazioa eta uharka urratzeak sortzendituen arriskuen azterketa.

c) Arriskua desagerrarazi edo gutxitzeko behar diren jokaera arauak.

d) Aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren jende eta material baliabideak antolatzea.

e) Planak zer baliabide eta bitarteko dituen eta zer baliabide tekniko behar diren.

5.3. Uharken sailkapena arrisku potentzialaren arabera. Larrialdi plana behar duten uharkak.

5.3.1. Uharken sailkapena arrisku potentzialaren arabera

Bai Oinarrizko artezpideak eta bai Uharka eta Urtegien Segurtasunari buruzko Erregelamendu Teknikoak (1996ko martxoa), hiru uharka kategoria ezartzen dituzte urratu edo matxuratuz gero izan daitezkeen kalteen larritasunaren arabera:

* A kategoria: Uharka horiek urratu edo matxuratzen badira jendegune urbanoek edo funtsezko zerbitzu8eginkizun kalte larria hartu lezakete, edo kalte material edo ingurumenaren gaineko oso handiak sortu.

* B kategoria: Kalte material edo ingurumenekoak handiak izan litezke, edo etxebizitza kopuru txiki bati eragin.

* C kategoria: Kalte material ez oso handiak sortu litezke eta giza bizitza galerarik ez, istripuz ez bada. Edozein kasutan, kategoria honetan sartuko dira A edo B kategorietan sartu gabeko uharka guztiak.

Sailkapena Obra Hidraulikoen Zuzendaritza Nagusiko ebazpen batek eginen du, edo ur jabari publikoaren gaineko eskumenak dituzten Komunitate Autonomoetako organo eskudunek. Organo horiek hala emanen diote aditzera Herritarren Babeserako Batzorde nazionalari.

5.3.2. Larrialdi Plana izan behar duten uharkak

Uharka eta Urtegien Segurtasunari buruzko Erregelamendu Teknikoa aplikatu behar zaie "uharka handi" delako kalifikazioa izan duten azpiegiturei aplikatuko zaie. Haietan sartzen ira 15 metro baino gehiagoko garaiera dutenak eta 10 metrotik 15era bitarteko garaiera dutenak, eta kabiera hm3 1 baino gehiagokoa. Bertan sartzen ere dira beren arrisku potentzialaren arabera A eta B bezala sailkatzen direnak, "uharka "handi"aren definizioan sartzen ez badira ere.

Plan horiek Plan Bereziari erantsiko zaizkio, VII. eranskinean ("Uharka handietarako segurtasun azterlana"), aurrez Nafarroako Foru Komunitateko herritarren babeserako batzordearen txostena jasota.

5.4. Segurtasun eta uharka urradurako arrisku eszenarioak.

Oinarrizko artezpideak 4 egoera ezartzenditu, Segurtasun eta uharka urradurako arrisku eszenariotzat definituak, larrialdia kudeatzen esku hartzen duten erakunde publikoekiko informazio eta komunikazio arauak ezartzeko.

* 0 eszenarioa: Segurtasuna kontrolatzeko eszenarioa.

Dauden baldintzak eta aurreikuspenak ikusirik, presa begiratu eta kontrolatzeko lana handitzea komeni da, baina ez da hartu behar arriskua gutxitzeko Esku-hartze neurririk.

* 1 eszenarioa: Neurri zuzentzaileak aplikatzeko eszenarioa. Gertatu direnak ikusita, neurri zuzentzailerik aplikatzen ez bada (teknikoak, esplotaziokoak, hustuketa eta abar), arrisku da uharka larriki matxuratu edo urra dadin, baina hala ere egoera segurki konpontzeko aski da aurreikusitako neurriak eta erabilgai dauden baliabideak aplikatzea.

* 2 eszenarioa: Salbuespeneko eszenarioa. Uharka urratu edo larriki matxuratzeko arriskua dago eta ez dago segurtasunik arrisku hori kontrolatu ahal izanen dela erabilgai dauden neurri eta baliabideak aplikatuz.

* 3 eszenarioa: Muga-mugako eszenarioa. Uharka urratzeko probabilitatea handia da edo urratzen hasi da, eta ia galarazi ezina da urradura horrek uhamil uhina sortzea.

2 edo 3 eszenariotzat definitu diren egoeretako bat gertatzen denean, planaren zuzendariak 2 larrialdi egoera deklaratu eta kasuko probintziako edo probintzietako CECOPI delakoa eratuko du.

5.5. Uharketarako Larrialdi Planen zuzendaritza.

5.5.1. Uharketarako Larrialdi Planaren zuzendaria

Uharka esplotatzearen ardura duen pertsona bera izanen da.

5.5.2. Eginkizunak

Planaren zuzendariaren eginkizun nagusiak honako hauek izanen dira, oinarrizko artezpideak ezartzen duen bezala:

* Ohiz gaineko zerbait gertatzen denean uharkaren begiraletza handitzea.

* Arriskua gutxitzeko behar diren esplotazio neurriak edo neurri teknikoak gauza daitezela agintzea.

* Etengabe jakinaren gainean edukitzea larrialdia kudeatzen esku hartzen duten erakunde publikoak.

* Alarma deia egitea Uharka urratzeko arrisku hur-hurrekoa dagoenean edo, hala gertatzen bada, urratu denean, hartarako larrialdia kudeatzen esku hartzen duten erakunde publikoei komunikazio bat eginaz.

5.5.3. Uharkarako Larrialdi Planaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdiko Plan Bereziaren arteko bitartealdia.

Aireratzen den eszenarioa zein den, Uharkarako Larrialdi Planak oinarrizko artezpideak ezartzen dituen ekintzak eta Plan Bereziarekiko komunikazioak ezarriko ditu.

Uharkako gorabeheren ondorioz arrisku bada Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdiko Plan Bereziari eragiteko moduko uholdeak sor daitezen kasuko Uharketarako Larrialdi Planetan uholde arriskupeko eskualdeei egiten zaien sailkapenaren arabera, behar bezain lehenagotik abisatuko zaio CECOP-SOS Navarra delakoari. Hori gertatuz gero bere zerbitzuak ere alertatzeko prozedurak aurreikusi beharko dira, eta bai ere zer ekintza beharko diren udal agintariei eta populazioari abisu emateko eta pertsona eta ondasunak babesteko.

Atal honetan eranskin gisa sartuko dira Uharka Plan Desberdinak onetsiz eta homologatuz joaten diren ahala.

Uholde arriskurako Irispide lokaleko ekintza planak

Plan Berezi honek ontzat ematen du udal eta toki entitateetako organo eskudunek Ekintzarako Udal Planak itxuratu eta onestea uholde arriskuetarako. Plan horiek ezarriko dute udal horien baliabide eta zerbitzuak nola antolatu eta erabili uholdeengatiko larrialdiei buru egiteko, zein bere lurraldearen barrenean.

Plan horiek Udalaren Gobernu organoak egin eta onetsi behar ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Babeserako Zerbitzuak homologatuko.

V. eranskinean ("Uholdeen azterketa"), zerrenda batean azaltzen da Nafarroako Foru Komunitateko zein herri diren, ustez, uholde arriskupean; arrisku handia eta ertaina duten herrietan egin beharko da kasuko Ekintzarako Udal Plana. Hori ez da eragozpen izanen ondorengo azterlanengatik edo uholdeen kontrako defentsaren aldaketengatik gauzak kanbiatzeko, eta ez du galarazten beste udal batzuek ere hartarako plana itxuratzea.

Uharketarako Larrialdi Planeta ezarriko da, arriskuak aztertzerakoan, zein herri dauden uharkak urratzeko arriskupean. Herri horiek ere egin beharko dute hartarako Ekintzarako Udal Plana.

Uholdeetarako Plan Bereziak definitzen du zer ezaugarri behar dituzten uholde arriskuko kokalekuetan egoteagatik arrisku hori galarazteko ekintza plana egin nahi duten udalek eta toki entitateek.

VIII. eranskinean ("Larrialdi Plan lokalak") aditzera ematen da zer jarraibide gutxieneko hartu behar dituzten aintzat plan horiek.

7. Arroen azterlana

Atal honetan sartuz joanen dira, onesten diren ahala, Nafarroako Foru Komunitateko ur arro guztien azterlanak.

Arro azterlan bakoitza eranskin gisa sartzeko, Nafarroako Herritarren Babes batzordearen adostasun txostena beharko da aurrez.

Arro azterlanak erantzun fitxa ere edukiko du, zeina arro bakoitzean uholdeengatiko larrialdiak kudeatzeko euskarria izanen baita.

Erantzun fitxa horretan gutxienez hauek jasoko dira:

* Arroko datu orokorrak.

* Kontrol hidrologikoko azpiegiturak.

* Erreferentziako datu hidrologikoak.

* Uholdeen kudeaketa (eraginpeko osagaiak).

* Indikadoreak eta atalaseak

* Ekintzak.

Halaber: Arro azterlanek honakoak jasoko dituzte:

1. Azterlan plubiometrikoa

2. Azterlan hidrologikoa

3. Azterlan hidrologikoa

4. Uholde arriskupeko eremua nola sailkaturik daukan Uholde Arriskurako Herritarren Babesari buruzko Oinarrizko Artezpideak.

7.1. Azterlan plubiometrikoa

Azterlan plubiometrikoak gutxienez honako atalak hartuko ditu:

* 24 orduko euri eroria.

24 orduko euri erorien datuak dituzten plubiometroetatik, hutsunerik gabeko 20 urteko datu minimoak dituztenak hartuko dira.

Plubiometro horiek Nafarroan, Araban eta Errioxan daude, denak Ebroko arroan.

Plubiometro horietatik datuen kalitatea aztertuko da masa bikoitzen prozedura erabiliz, eta huts edo arazoak ageri dituztenak arbuiatuko. Hautatu diren plubiometroekin probabilitatezko doiketa bat eginen da kasurako hobekien datorren estatistika lega erabiliz, eta serie laburretarako aldatutako Gumbel-era soilik mugatu gabe, honako urte kopuruaren araberako birgertatze aldiei dagokien euri eroria finkatzeko moduan: 1, 2.33, 5, 10, 25, 50, 100, 500, eta 1000 urte.

Datu horiekin 24 orduko euri eroriaren kurba isomaximoak marraztuko dira Ega arroko lurralde osorako, kontuan harturik plubiometro bakoitzaren garaiera, kokalekua eta bertako orografia.

-IDF kurbak

Dauden estazio automatikoen saretik dagoen informazio guztia bilduko da, dela banda idatzietan dela banda digitaletan. Informazio guztia fitxategi mota bakar batera pasatuko da euri eroriari buruzko informazio guztirako.

Datu horiek oinarri, lehenbiziko lan bat eginen da: plubiometroen euriaren koefiziente zuzentzailea zein den jakitea jeneralean goizeko 8etatik 8etara neurturik 24 orduko gehieneko euriari dagokionez. Koefiziente hori, 1.13 ingurukoa izaten baita, berrikusi eta zuzendu beharra da Nafarroako errealitatera moldatzeko.

Koefiziente berri hori oinarri, P24 euri erori gehienekoa aterako da birgertatze aldi bati lotutako lurraldeko edozein puntutan isomaximen kurbak lagun.

Plubiometroetako eta estazio automatikoetako datu digitalizatuak oinarri, plubiometro edo estazio automatiko bakoitzerako kalkulatuko da zein diren honako iraupenei lotutako euri eroriak: 10, 20, 30 eta 60 minutu, eta 2, 4, 6 eta 12 ordu; eta honako birgertatze aldiei lotutakoak: 1, 2.33, 5, 10, 25, 50, 100, 500 eta 1000 urte, aintzat hartzen den denbora tarte bakoitzeko doitze estatistikoetan oinarrituta.

Datu horiek oinarri eta plubiometro bakoitzean, kalkulatu eginen da birgertatze aldi bakoitzari lotutako IDF kurba eta kurba hori P24aren arabera dimentsionatuko, Nafarroako beste plubiometro edo eremu batzuetan erabili ahal izateko.

Azkenik, eta datuen, orografiaren, plubiometriaren eta abarren arabera, eremuz eremu lotuko da plubiografo bakoitza IDFarekin. IDF hori delako plubiografoak eskualde jakin bateko IDF kurba adimentsionalki irudikatzeko moduan kalkulatua izanen da.

Azkenik, banda plubiometrikoak digitalizatzearen ondoriozko datuekin eta balantzineko plubiometroen fitxategietako datuekin, probabilitate azterlan bat eginen da birgertatze handieneko hietogramaren itxura definitzeko. Horrela, hietograma itxurak definituko dira ekaitzen iraupenetarako: 10, 20, 30 eta minutu, eta 2, 4, 6, 12 eta 24 ordu birgertatze aldi desberdinetarako.

7.2. Azterlan hidrologikoa

Azterlan hidrologikoaren helburua da finkatzea zein diseinuko uhamil dagozkien probabilitate handiko (1, 5, 10, 25 eta 50 urte) eta txikiko (10, 500 eta 1.000 urte) gorabehera metereologikoei.

Horrez gain simulatu eginen da erregimen naturalean 2.33 birgertatze aldia duen uhamilaren balioa, gutxi gorabehera erregimen naturaleko uhamil arruntaren balioaren paretsukotzat jotzen baita.

Hartarako, eredu matematiko bat ezarriko da plubiometriatik ateratako hidrograma gordina intereseko puntuetan lortutako emariekin lotzeko, aztertu behar diren birgertatze aldietarako.

Eredu hori uhamil errealak aintzat harturik kalibratuko da, aforo estazioak daudelako plubiograma eta hidrogrametako datuak lor daitezkeen tokietan. Kalibrazio horretatik humektazio baldintza egokiena aterako da, kalkulu galera hasierakoak eta ereduan erabili behar den hidrograma unitarioaren mota. Sentsibilitate azterlan bat eginen da.

Eredua kalibratu delarik, aplikatu eginen zaie aztertu beharreko arro guztiei eta arroaren ereduan aintzat hartzen diren puntuetako emari gehienezkoak eta hidrogramak aterako dira.

7.3. Azterlan Hidraulikoa.

Behin eredu hidraulikoa egoki ari dela konprobatu delarik, gaurko egoerako ibilguaren simulazioak eginen dira kalkuluko uhamil diferenteetarako (2.33tik 1.000 urtera bitarte). Emaitzak plantan irudikatuko dira, eskalako plano batean, uholdeen mantxen itxuran, eta horren osagarri, tokatzen diren lamina eta energia lineak ere ezarriko dira luzerako profiletan.

Kalkulu hidraulikoa eginik, finkatuko da zein diren oztopo nagusiak ur lamina goratzeari edo puntu batean energia galtzeari dagokionez. Halaber, finkatuko da ibilguan zein kontrol sekzio aurki daitezkeen modu naturalean.

Arestian esandakoz gain, ezaugarrizko balio batzuk ere aterako dira, kalteak sortzeko dauden espektatibei lotuak, emari estatistikoekin erreferentzia eta konparaburu izateko. Balio horiek, halaber, Urtegien Esplotazio Arauak ere baldintzatuko dituzte uharketako hustubide organoen egoera ohiz kanpokoetan.

Aztertu beharreko ibaiak 20 km baino gutxiagoko tarteetan zatituko dira eta honako emari ezaugarrizkoak hartuko dira aintzat:

* Q1 emaria: ibilgu naturalak onartzen duen emaria. Hasi ibilguari punturen batean gainez eragiten dion gutxieneko emaritik eta ibilguari luzera osoan gainez eragiten dion emarirako.

* Q2 emaria: Etxebizitza bakartuak, nekazaritza eremu handixkoak eta bigarren mailako azpiegiturak ukitzen dituen emaria. Hasi tarte horretako osagairen bat ukitzen hasten den emaritik eta tarteko osagai franko edo garrantziko osagaiak ukitzen dituen emariraino.

* Q3 emaria: jendegune urbanoak (5 etxebizitza baino gehiago) eta garrantziko azpiegiturak ukitzen dituen emaria. Jendegune urbanoren bat edo garrantziko azpiegiturak ukitzen hasten den emariari dagokio.

7.4. Uholde arriskupeko eremuaren sailkapena Uholde Arriskurako Herritarren Babesari buruzko Oinarrizko Artezpidearen arabera.

Uholde mantxak lortu ondoren, azterketapeko tartea A-1, A-2 A-3, B eta C eremuetan sailkatuko da, Uholde Arriskurako Herritarren Babesari buruzko Oinarrizko Artezpideak agintzen duen bezala. Eremu bakoitzetik fitxa bat eginen da honakoak jasotzeko: erasandako ondasunak nolakoak diren, non diren, azpiegiturak, komunikazioak, datu hidrologiko eta hidraulikoak, uholdeak zer arrazoik sor dezaketen, ur-goratzeari igartzeko zer erreferentzia erabil litezkeen (zubietako ostikoak, pilak, aforo estazioak.), eta uholdeak izaten badira Herritarren Babesak koordinatuta egin beharreko ekintzen proposamen bat.

8. Planaren efikazia nola ezarri eta mantendu.

8.1. Sarrera

Plana ezarri eta mantentzeko lanetan plana behar bezala aplikatu eta baliabide eta bitartekoen bilakaeraren arabera etengabe gaurkotuz joan dadin segurtatzeko ekintza saila ere sartzen da, eta bai Administrazioa bera ere. Behin Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdiko Plan Berezia onetsi ondoren eta Herritarren Babes Batzorde Nazionalak homologatu ondoren, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak behar diren ekintzak bultzatuko ditu plana ezarri eta haren operatibitatea mantentzeko. Konpromiso horrek kasuan esku duten erakunde arduradunak ere hartzen ditu barne; Plan Sektorial bakoitzak bere ezarpena egin beharko du.

Plan Bereziaren kopia bat izan beharko du planaren zuzendariak. Aholku Batzordeko kide guztiek, Ekintza Taldeen arduradun guztiek, CECOP SOS-Navarrak eta Planaren zuzendariak erabakitzen dituen pertsona eta instituzio guztiek.

8.2. EZARPENA

Uholde arriskurako Plan Bereziaren ezarpenak honela laburbiltzen ditu plana behar bezala ezartzeko behar diren ekintzak:

* Aholku Batzordeko kidak izendatzea, Informazio Kabinetekoak, eta larrialdiak koordinatzeko zentroetakoak, eta bai haiek denak lokalizatzeko bideak finkatzea ere.

* Agintariak (eta haien ordezkoak), osakideak eta baliabideak izendatzeko Ekintza Taldeak eta mobilizazio sistemak eratzeko.

* Behar diren protokolo, hitzarmen eta akordioak ezartzea parte hartzen duten erakunde eta entitateekin, bai ekintzak argitzeko eta bai baliabideak esleitu edo eta laguntza teknikoa emateko.

* Planari esleitu zaizkion baliabide eta bitartekoak erabilgai direla segurtatzea.

* Esku hartzen duten guztiek planaren berri dakitela segurtatzea, nork bere zeregina behar bezala egin ahal izateko adina behintzat.

* Ezarritako eredua efikaza ote den eta baliabideak erabilgai ote diren konprobatzea, hartarako osotarako simulazioa eginaz, edo bestela planaren zuzendariak ezinbestekotzat juzgatzen dituen partzialak.

8.2.1. Plan Bereziaren azpiegitura egiaztatzea.

Egiaztatuko da Planak jarduteko behar duen azpiegitura oinarrizkoak ba ote dauden eta funtzionamendu egokia duten; hauek bereziki:

* Transmisio sarea: zerbitzuen arteko komunikazio zerbitzuak.

* Estazio hidrometereologikoen sarea eta datuak eskuratzeko dituzten sistemak.

* CECOP, Informazio Kabinete eta Ekintza Taldeak hornitzea behar adina baliabidez.

* Populazioarentzako abisuen sistemak, ordenako indarren hornidurenak, bereziki Polizia Lokalarenak. Populazioarentzako abisuen sistemak Udalaren Ekintza Plana itxuratuz joaten den heinean berrikusiko dira.

8.2.2. Planean esku duten zerbitzuetako langileen prestakuntza.

Planak indar hartu eta ondorengo hiru hiletan, plana kasuko langileen artean ezartzeko lanak hasiko dira:

* CECOPeko langileak (Zuzendaritza Batzordea, Aholku Batzordea, Informazio Kabinetea).

* Ekintza Taldeetako langileak.

* Esku hartzen duten beste erakundeak.

Plan Berezia langile horien artean ezartzeko honako aldiak izanen dira:

1. Planaren kopia bat bidaltzea CECOPeko langileei eta informazio bilerak egitea daitezkeen dudak argitzeko.

2. Ekintza Taldeetako buruek Planaren ezaguera zabaltzea Ekintza Taldeko kideen artean. Hori baino lehen, Operazio Zerbitzuen arduradunek zerbitzu horietako barne jardunbideko protokoloak itxuratuko dituzte, Plan honetan ezartzen den moduan.

3. Prestatze eta trebatze ikastaroak antolatzea esku hartzen duten zerbitzuentzat. Ikastaro horiek antolatzea arduradunen esku egonen da, organo eskudunarekin koordinaturik.

Suhiltzaileen eta Polizia Lokalen Zerbitzuentzako prestakuntza ikastaroak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren bidez koordinatuko dira.

4. Ariketak eta simulazioak (partzialak eta osotarakoak), Plana sendotu eta ezarritako ereduaren efikazia konprobatzeko, eta bai langileen prestakuntza eta baliabideen erabilgaitasuna ere.

8.2.3. Populazioarentzako informazioa

Ezarpen aldiaren barrenean informazio politika bat ere izanen da plana populazioaren artean jakinarazteko.

Populazioarentzako komunikazio kanpainak Herritarren Babeserako Zerbitzuak eginen ditu, uholde arriskupeko eremuetako udalekin elkarlanean, eta honakoen gaineko informazioa ematea izanen du helburu:

a) Uholde arriskuaren gainean.

b) Larrialdiaren gainean, gertatu eta ondoren.

VI. eranskinean ematen dira "uholde arriskuaren aurrean populazioarentzako informazioa eta aholkuak".

8.3. Operatibitatea nola mantendu

Plana ezarri ondoren eta indarrean irauten duen guztian, Herritarren Babeserako Zerbitzua bitarteko, planaren zuzendariak planaren efikaziari eutsiko dio, ekintza prozedurek operatibitate osoa izan dezaten behar diren ekintza bilduz, eta plana gaurkotuz eta geroko aldaketen arabera moldatuz.

Plan Berezia mantentzeko behar diren ekintzak koordinatuki eginen dira Herritarren Babeserako Zerbitzuak egin eta ondoren planaren zuzendariak onetsiko duen mantentze programa batean.

8.3.1. Gaurkotzea-berrikustea

Hiru hilen buruan.

Babeserako Zerbitzua.

Garatu beharreko jarduerak urtero aurreikustea: azpiegiturak hornitzea, dibulgazioa, simulazioak, plana epez epe errebisatu eta gaurkotzea

Esku-hartze bakoitzaren ondotik.

Herritaren Planaren Zuzendaria.

Ekintza Taldeekin bilerak egitea elkarrekin egin daitezkeen ekintzak koordinatzeko eta ekintza prozedura eta protokoloak berrikusteko.

Eurialdi bakoitzaren ondotik.

Batzorde teknikoa.

Gertatuen gaineko txostenak eginen ditu, gero errebisatu eta gaurkotzekoak, zertan hobetu daitekeen ikusteko.

Urtero.

Planaren Zuzendaria AB lagun.

Operatibitatea egiaztatuko du.

Bi urtetik.

Planaren Zuzendaria AB lagun.

Operatibitatea egiaztatuko du.

Ohiz gainekoa.

Planaren Zuzendaria.

Planari eragiten dion edozein aldaketa, araudi edo antolamendu aldatzeren aurrean, uholde arriskuaren tratamenduan ikasitako ezagupen berriak eta esperientziak mantentzea.

Errebisio hori Nafarroako Herritarren Babeserako Eskualde Planaren urteroko errebisioan sartuko da. Lurraldearen gaineko informazio oinarrizkoaren aldaketak eta gaurkotzekoak sartuko dira, arrisku azterketarenak, esku hartzen duten baliabide eta langileenak, eta mantentze programan beharrezko irizten zaien hobekuntza eta berrikuntzak.

Halaber, konpromiso horrek Planean esku duten erakunde arduradunak ere hartzen ditu, Direktorioa epez epe errebisatu beharrari dagokionez, Transmisio plana beti gaurkoturik egon dadin.

8.3.2. Ariketak eta simulazioak

8.3.2.1. Ariketak

Bi urtetik

Planaren zuzendaria

Planaren Zuzendaritza Aholku Batzordeko kideak eta Operazioak Koordinatzeko Zentroa operatibitatean zauliak izatea.

"Ariketa" esatean zera ulertzen dugu: Planaren barrenean epez epe inplikatuek egin behar dituzten ekintza horiek, plana operatibo bihurtzen dituzten trebetasun eta gaitasunei eusteko. Bitariko ariketak eginen dira:

1. Talde bakar batek esku hartzen duen ariketak:

Honakoak konprobatzeko:

* Baliabide materialen jardunbidea.

* Agintariak nola lokalizatu.

* Ibilgailuak nola mobilizatu:

* Aplikatu behar diren teknika operatiboak.

* Transmisioak.

Ekintza Taldeetako arduradunek bi aste lehenago jakinaraziko diote Planaren Zuzendaritzari delako ariketa egitekotan daudela, eta bai ere, ariketa bukatu denean, ebaluazioaren emaitza zein izan den.

2. Planaren zuzendariak, Aholku Batzordeko kideek eta Operazioak Koordinatzeko Zentroak soilik esku hartzen duten ariketak.

Honakoak konprobatzeko:

* Agintariak nola lokalizatu.

* Transmisioak.

* Gertalekura etorri behar duten langile eta baliabideak.

* Ustezko larrialdia gertatu den tokira zenbat denboran iristen diren mobilizatutako unitateak.

Ekintza Talde bakoitza, seinalatu zaizkion tokietan agertuko da, uneoro istripurako aurreikusten den ekintza simulatuz. Halaber, denbora errealean txosten bat itxuratuko du operazio edo etapa bakoitzeko haste eta bukatze denborak erregistratzeko, bai abiapuntuetatik ateratzeko tenorearena ere, eta bai gerta daitezkeen gorabeherak ere, arduradun bakoitzak sinatuta eta sinatzearen ordua jasota.

Simulazioarekin lotutako ekintza esanguratsu bat egin behar den puntu bakoitzean Aholku Batzordeak izendatutako behatzaile bat egonen da. Ardura izanen du izendatutako unitateen eta behar diren baliabideen iriste denborak kontrolatzeko. Behatzaileak ondoren txosten bat eginen du unitate bakoitza iritsi den tenorea eta dituzten baliabideak jasotzeko.

Planaren zuzendaritza, Aholku Batzordea, Operazioak Kontrolatzeko Zentroa eta Ekintza Talde desberdinen arteko koordinazioa konprobatzea simulazioaren oso parte garrantzitsua da. Horregatik haien guztien arteko komunikazio kateari arreta berezia emanen zaio simulazioen ebaluazioan.

Simulazioa egin ondoren, planaren zuzendaritzak parte guztiei dei eginen die bilera egiteko, eta hartarako behar diren txosten guztiak eskatuko. Ebaluazio horren emaitza, aldatu eginen da plana hala behar dela juzgatzen bada.

Simulazioan esku hartzen dutenen efikazia ebaluatzeko, simulazioaren gidoian eskatzen diren gutxieneko prestazioak hartuko dira aintzat.

Planaren zuzendaritzak erabakiko du simulazioa noiz egin. Aurretiaz haren helburuak definituko ditu eta ondoren emaitzak ebaluatuko.

8.3.2.2. Simulazioak

Lau urtetik aldaketa handien aurrean

Planaren zuzendaria

Larrialdi aurrea edo/eta larrialdia simulatzea

Nafarroako Foru Komunitateko Uholde Arriskurako Larrialdiko Plan Bereziak hauxe aditzen du "simulazio"tzat: Planean esku hartzen dutenek epez epe eta denek batera egin behar dituzten ekintzak behar diren ekintzen koordinazioa segurtatzeko.

Simulazioa baino lehen Aholku Batzordeko kideek bilera egionen dute finkatzeko zer simulazio mota egin behar den, zer lehentasun izanen diren haren garabidean, zein egun eta ordutan eginen den eta simulazioa ongi gauzatzeko behar diren beste puntu guztiak.

Zer simulazio mota egin behar den definiturik, planaren zuzendaritzak Konprobazio zerrenda bat ezarriko du simulazioaren efikazia ebaluatzeko. Zerrenda horretan Ekintza Talde bakoitzetik nortzuek, nora, zein unetan eta zein baliabide dakartzatela etorri behar duten jasoko da.

Konprobazio zerrendak honako puntuak ebaluatu ahal izateko behar den gutxieneko informazioa izanen du:

* Zein pertsonari eman zaien alerta.

* Zer denbora behar izan den Aholku Batzordea, Ekintza Taldeak eta Aginte Postu Aurreratua eratzeko.

* Zer denbora behar izan den Ekintza Taldeak iritsi eta eraginpeko eremuak eta behar diren baliabideak finkatzeko.

* Ekintza Taldeek Larritasun egoera finkatzeko zenbateko erantzuna izan duten.

Helburu horietako edozein etapatan egiten diren hutsak aztertu eginen dira eta horren ondoriozko esperientzia kasuko Ekintza Taldearen operazio arauei erantsiko zaie, hurrengo simulazioan arreta berezia emateko. Ariketak egiten direnean ere huts horiek zuzentzeko eginahalak eginen dira.

Simulazioak egin ondoren planeko alderdiren bat Efikazia gutxikoa dela juzgatzen bada, aldatu eginen da eta aldaketa hori testuari berari erantsiko zaio, eta bai larrialdiaren aurreko ekintzatik sortzen diren irakaspenak ere.

Simulazioen arduradunak antolatuko dituen simulazioetan, Ekintza Taldeetako kide bakoitzak kasu errealetan behar izaten diren baliabide eta bitarteko guztiak edo haien parte bat erabili beharko ditu. Simulazioa egin ondoren ebaluatuko dira ekintzen efikazia eta esperientziak, inpresioak eta sujerentziak trukatuko Ekintza Taldeetako kide guztien artean, planaren operatibitatea hobetzea helburu.

Halaber, euri latzen, haren ondoriozko fenomeno geologikoen, uharka urratze edo matxuratze kasuen eta oro har larrialdi-aurre edo larrialdien ondoriozko alerta kasu guztietan, Plan Berezia osorik nahiz partez abiarazi badute, txostenak eginen dira haien arrazoien, ondorioen eta efikaziaren gainean, aukera emateko sare Hidrometereologikoko informazioak eta eguratseko fenomeno kaltegarrien gaineko aurreikuspenak konfirmatzeko.

8.3.3. Etengabeko prestakuntza, trebatze ariketak

Urtero

Planaren zuzendaria

"Euri kalteak galarazteko kanpaina" Udalen artean zabalduko da operatibitateari eusteko behar den oinarrizko informazio gutxienekoa. Honakoen gaineko dokumentazioa: Eremu lokaleko ekintza oinarrizkoak populazioarentza ko aholkuak zabaltzeko informazio orriak, erregistratu diren eurien eta emarien gaineko datuak hartzea errazteko fitxak

Kasuan esku hartu behar duten langileak etengabe prestatuz joan behar dira, atergabe berritu eta errebisatu beharreko dokumentu bizia baita. Prestakuntza horren ardura Plan Sektorialen zuzendarien esku egonen da, organo eskuduna lagun dutela.

Trebatze ariketak abiaraztea etengabeko lan horren osagai izanen da.

Halaber, arro bat bereko udalen arteko harremana errazagotzeko, dosier bat bidaliko zaie jarraipen eta alerta fitxekin, ibai arroen arabera sailkatuak. Dosier horretan udalek berek beren arroan jarraipena egiteko behar diren datu guztiak egonen dira. Fitxa horietan udalak arro bakoitzean ibai bidean gorenetik beheitikoenera sailkaturik daude, harremaneko telefono zenbakiekin, eta bai adierazten ere zein diren euri eta emariak kontrolatzeko puntuak. -- -- a0202418 --

Iragarkiaren kodea:

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web