(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2003 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 20KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEI ALDI BATERAKO EZGAITASUN EGOERAN DAGOZKIEN PRESTAZIO EKONOMIKOAK FINKATZEKO AINTZAT HARTUKO DIREN LANSARI KONTZEPTUAK ZEHAZTEN DITUENA

BON N.º 20 - 14/02/2003



Atariko

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 37.1 artikuluak ezartzen du eritasun edo istripu baten ondorioz zerbitzua eman ezin duten funtzionarioek erregelamenduz ezartzen diren lansariak jasoko dituztela.

Nafarroako Foru Diputazioko langileen Erretiro eta Pentsioen Kutxaren esparruan, aldi baterako ezgaitasunei buruz indarra duten arauek, hau da, lan istripuen edo laneko eritasunen kasuei dagokienez, Nafarroako Foru Diputazioaren 1974ko abuztuaren 16ko Erabakiak, eta eritasun arrunten edo lanetik kanpoko istripuen kasuei dagokienez, azaroaren 10eko 259/1988 Foru Dekretuak, ez dituzte zehazten egoera horri dagokion prestazio ekonomikoa finkatzeko aintzat hartu behar diren lansari kontzeptuak. Gauza bera gertatzen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrari eta Estatuko Klase Pasiboen Araubideari afiliaturik dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langileen kasuan.

2002ko apirilaren 15ean Administrazioak eta CC.OO., U.G.T. eta CEMSATSE sindikatuek (azken horrek lan-kontratudunei dagokienez besterik ez) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz 2002. eta 2003. urteetarako sinatutako Akordioan (2002ko 68. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, ekainaren 5ekoan), 2.B) idatz-zatian, lansariei buruzko neurri orokorren gainean ari delarik, zehazten dira lan istripuen edo laneko eritasunen ondoriozko aldi baterako ezgaitasun egoeran langileei dagokien prestazio ekonomikoa finkatzeko aintzat hartu beharreko lansari kontzeptuak.

Hortaz, lan baldintzei buruzko Hitzarmenaren idatz-zati horretan finkatutakoa arau bihurtu beharra dago, behar bezala onetsi eta indarra har dezan. Egoki ikusi da, halaber, eritasun arrunten edo lanetik kanpoko istripuen kasuetarako aipatu hutsunea betetzea. Dena dela, horri dagokionez, aipatu behar da araubide honek ez dituela ukituko, aldi baterako ezgaitasunen inguruko beste alderdi batzuen gainean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen aurreikuspen sozialerako sistemetako arauak.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko urriaren 10eko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko txostena eman du, edukia ordenamendu juridikoari lotzen zaiola uste baitu.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako langileei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei izan ezik, beren araudia izanen baitute.

2. artikulua

Aldi baterako ezgaitasun egoeran dauden langileei, egoera horretako hileko prestazioa zehazteari begira, bidezko lansari kontzeptuak konputatuko zaizkie, arau hauen arabera:

1. Langilearen aldi baterako ezgaitasuna eritasun arrunt edo lanetik kanpoko istripu baten ondorio baldin bada, ezgaitasun egoera hasi zen momentuan esleiturik zituen hileroko lansari kontzeptuak konputatuko dira, eta, orobat, txandakako lanari dagozkionak, horrelakorik baldin bada. Kontzeptu horiei dagozkien kopuruak batuko dira.

2. Aldi baterako ezgaitasuna lan istripu edo laneko eritasun baten ondorioz etorri baldin bada, aurreko arauan ezarritakoaren arabera kalkulaturiko kopuruari beste hauek erantsiko zaizkio: aldi baterako ezgaitasun egoerara zein lanpostutatik iristen den, hartantxe dituen lansari ez-finkoak, alegia, gaueko txandan edo jaiegunetan lan egiteagatik edo guardiak egiteagatik dagozkionak. Horretarako, gaineratu beharreko kopurua aldi baterako ezgaitu aurreko hamabi hilabeteetan izanen zituzketen lansari kontzeptu guztien batezbestekoa izanen da.

Edozein gorabehera dela eta, aldi baterako ezgaitu zenean langileak zuen lanpostu horretantxe aurreko hamabi hilabeteetan egiazki jardun ez badu, batezbestekoa ateratzeko, lanpostu horretan egiazki lanean jardun duen hilabeteei dagozkien lansari ez-finkoak kontuan hartuko dira, aurreko lerroaldean aipatzen direnak, hain zuzen".

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0300919

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web