(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

29/2005 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 21EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAK ARAUTUKO DITUEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

BON N.º 25 - 28/02/2005



  NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

  I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

  II. KAPITULUA. ESKUMENAK


Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen arabera, departamentuen egiturak finkatzerakoan eskumenak banatzeko irizpidea hartu behar zen. Horren ondorioz, departamentuen arteko koordinazioa bermatzeko organo bat izan beharra sortu zen.

Nafarroako Gobernuko Barne Araubideari buruzko Erregelamendua, maiatzaren 7ko 35/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia, horretarako lehenbiziko urratsa izan zen. Haren 28.2 artikuluan eta lehen xedapen iragankorrean departamentu bakoitzeko idazkari teknikoaren figura aurreikusi zen. Erregelamenduaren garapenean maiatzaren 16ko 50/1984 Foru Dekretua onetsi zen, departamentuetako Idazkaritza Teknikoak arautzekoa.

Bi hamarkada baino gehiago igaro dira arautegi hori onetsi zenetik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egoera aldatu da. Horregatik, beharrezkoa da haren egitura berria ezartzea. Ildo horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legea indargabetu da, ondokoek ordeztu baitute: Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea.

Azken foru lege horren bidez, Idazkaritza Tekniko Nagusiak ezarri dira aurreko Idazkaritza Teknikoen ordez. Departamentu bakoitzean benetako organo horizontal gisa eratu dira. Arlo tekniko eta juridikoan, giza baliabideen arloan eta aurrekontuen kudeaketaren arloan, komunak diren gaiez arduratuko dira, erregelamenduz ezartzen denaren arabera. Halaber, beste zeregin garrantzitsu bat izanen dute, hots, departamentuan izapidatzen diren errekurtso administratiboen ebazpena eman aurreko txosten juridikoa prestatuko dute.

Erregelamendu honen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dira, bai eta haiei esleitutako eskumenak berdindu ere.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko otsailaren hogeita bateko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra. Erregelamendua onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onesten da eta foru dekretu honen ondoren erantsi.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Idazkari teknikoak.

1. Foru dekretu honek indarra hartu ondoren, egun idazkari teknikoak direnen izendapenak idazkari tekniko nagusien izandapenen baliokide izanen dira eta izen hori hartuko dute.

2. Indarra duten arauetan idazkari teknikoak edo Idazkaritza Teknikoak aipatuz gero, idazkari tekniko nagusiez edo Idazkaritza Tekniko Nagusiez, hurrenez hurren, ari direla ulertuko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki departamentuen Idazkaritza Teknikoak arautzen dituen maiatzaren 16ko 50/1984 Foru Dekretua.

Azken Xedapen Bakarra. Indar hartzea.

Foru dekretu honek 2005eko martxoaren 1ean hartuko du indarra.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Erregelamendu honek xede du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako Idazkaritza Tekniko Nagusiak eta departamentu bakoitzean haiei esleitutako eskumenak arautzea, erakunde autonomoei beren estatutuen bidez esleitutako eskumenak deusetan galarazi gabe.

2. artikulua . Idazkaritza Tekniko Nagusiaren kontzeptua.

Departamentu bakoitzean Idazkaritza Tekniko Nagusi bat izan beharko da. Organo bakarra izanen da. Zuzenean departamentuko kontseilariaren menpe, arlo tekniko eta juridikoan, giza baliabideen arloan eta aurrekontuen kudeaketaren arloan, gai komunei buruz erregelamendu honek esleitzen dizkion eskumenak baliatuko ditu.

3. artikulua . Egitura.

Idazkaritza tekniko nagusiek ondoko unitate organikoak izan ditzakete azpian:

a) Atalak.

b) Bulegoak eta ataletatik beherako beste unitate batzuk.

4. artikulua . Idazkari tekniko nagusiak.

1. Idazkaritza Tekniko Nagusiek idazkari tekniko nagusi bana izanen dute buru, erregelamendu honetan esleitutako ahalmenez arduratuko dena.

2. Idazkari tekniko nagusiek zerbitzuko zuzendarien maila bera izanen dute eta Nafarroako Gobernuaren foru dekretuaren bidez izendatu eta kargutik kenduko dira, departamentuko kontseilari titularrak proposaturik. Izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario publikoak izanen dira.

3. Idazkari tekniko nagusien kargua hutsik dagoenean, idazkari horiek kanpoan edo eri daudenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin dutenean, departamentu bakoitzeko titularrak foru agindu bidez izendatuko ditu haien aldi baterako ordezkoak.

II. KAPITULUA. ESKUMENAK

5. artikulua . Eskumen juridikoak.

Arlo juridikoari dagokionez, Idazkaritza Tekniko Nagusiek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Departamentuak eta haren erakunde autonomoek prestatzen dituzten foru legeen aurreproiektuei eta xedapen orokorren gaineko proiektuei buruzko informazioa ematea, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko Foru Legean agindu bezala.

b) Departamentuko kontseilariari, zuzendari nagusiei eta Zerbitzuetako buruei aholkularitza juridikoa ematea, haiek eskatzen dituzten gaien gainean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuaren eginkizunak galarazi gabe.

c) Departamentuan tramitatzen diren errekurtso administratiboei dagokienez, ebazpena eman aurreko txosten juridikoa prestatzea.

d) Lan arloko auzibidera eta auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioen gainean, langileriaren arlokoenetan izan ezik, txostena prestatzea, bere departamentuko kontseilariak ebatzi behar dituen kasuetan.

e) Espedientea izapidatzen duen Zuzendaritza Nagusiak edo Zerbitzuak eskatuta, kontuan hartzea espedienteko agiri batzuek, pertsonen intimitatea ukitzen baitute, ezagutze eta zabaltze murriztua behar dutela izan, prozedura bakoitzaren beharrei jarraikiz.

f) Administrazioari dagokionez, departamentuan izapidatzen diren espedienteetan ondorioak sortu behar dituzten botereak askiestea. Idazkari tekniko nagusiak horretarako titulazio nahikorik ez badu, Idazkaritza Tekniko Nagusi horretan titulua duenari egokituko zaio betebehar hori.

g) Departamentuak berezko dituen alorren gaineko arauak bildu eta begiratzea.

h) Departamentuaren berezko alorrei buruzko jurisprudentziaren, doktrinaren eta interes juridikoko informazioen segimendua, bilketa eta zabalkuntza.

6. artikulua . Eskumen tekniko administratiboak.

Arlo tekniko administratiboari dagokionez, Idazkaritza Tekniko Nagusiek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Kontseiluaren irizpena behar duten departamentuaren aferen kasuan, haien gaineko espedienteak gainbegiratu eta igortzea.

b) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskumeneko arloetan eman beharreko foru aginduen proposamenak igortzea kontseilariari.

c) Kontseilariak Nafarroako Gobernuari igortzen dizkion espedienteak, departamentuaren eta haren erakunde autonomoen aferei buruzkoak, koordinatu eta gainbegiratzea.

d) Kontseilariak, zuzendari nagusiek eta, kasua bada, zerbitzu zuzendariek ebatzi beharreko espedienteak, departamentuaren aferen gainekoak, koordinatu eta gainbegiratzea, onespenaren ondorioetarako, bai eta ebazpenen jakinarazpenaren ondorioetarako ere.

e) Departamentuko organoek onetsitako foru aginduak eta ebazpenak erregistratu, artxibatu eta gordetzea.

f) Ondokoen kasuan kasuko fede emateak eta egiaztagiriak luzatzea: kontseilarien foru aginduena, departamentu bakoitzeko unitate organikoen ebazpenena, hala nola departamentuko agiri eta datuena.

g) Departamentuko unitate organikoen lan metodoak zuzendu eta hobetzeko berrikuntzak proposatu eta sustatzea, lanak ahalik eta azkarren eta eraginkorren burutzeko, unitate organiko eskudunek administrazioaren modernizazioari eta prozeduren sinplifikazioari dagokienez ezarritako zuzentarauekin bat eta haiei jarraikiz.

h) Departamentuko antolakuntza irizpideak finkatu eta administrazio erregistro eta artxibategiak koordinatzea, arlo horretako gainerako unitate organiko eskudunekin lankidetzan.

i) Foru parlamentarien galderen eta eskaeren izapidaketa instituzionala egiteko ardura duen unitateak bidalitakoan, departamentu bakoitzeko administrazio bideak segitzea foru haiei erantzuna emateko.

j) Herritarrendako informazioa, departamentuaren jardueren gainekoa, ikuspegi korporatibo batetik, koordinatu eta sustatzea. Horretarako, egun eskura ditugun bideak erabiliko dira, baina geroari begira, arlo horretako unitate organiko eskudunak ezartzen dituen ildoei jarraituz eta harekin lankidetzan sor litezkeenak.

7. artikulua . Giza baliabideen gaineko eskumenak.

Departamentu bakoitzean, kontseilariaren zuzendaritzapean, Idazkaritza Tekniko Nagusien ardura izanen da giza baliabideen arloko eskumenak baliatzea, baldin eta foru dekretu berariazko batek langileen arloko eskurantzak egozten badizkie.

8. artikulua . Aurrekontuen kudeaketaren gaineko eskumenak.

Idazkaritza Tekniko Nagusiek, aurrekontuen kudeaketa dela eta, eginkizun hauek betetzen ahalko dituzte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak agintzen dienarekin eta Nafarroako Gobernuak gai horren inguruan onesten dituen xedapenekin bat:

a) Aholkularitza ematea kontseilariari zein zuzendari nagusiei, departamentuko aurrekontuen aurreproiektuaren eta epe ertaineko plan ekonomikoaren prestakuntzan.

b) Departamentuko aurrekontuen aurreproiektua koordinatu eta izapidatzea.

c) Aurrekontuak kudeatu eta betearaztea departamentuko organo eskudunekin batera.

d) Departamentuko aurrekontuen kudeaketari buruzko informazioa etengabe gaurkotzea.

e) Egiaztatu beharreko ordain-aginduen kudeaketa, segimendua eta egiaztapena eta kutxako aurrerakinen kontuen kudeaketa eta kontrola.

f) Departamentuari dagozkion dirusarreren eta gastuen espedienteak kontabilizatzea.

g) Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuarekin eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren gastua kontrolatzeko organoekin koordinazio lana egitea.

h) Azterketa ekonomikoak egitea.

9. artikulua . Beste eginkizun batzuk.

Aurreko artikuluetan agindutakoez gain, idazkari tekniko nagusiek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Kasua bada, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskumeneko arloetan eman beharreko ebazpenak ematea.

b) Departamentuko estatistiken eraketa koordinatzea, gai horretan eskurantzak dituzten gainerako unitate organoekin lankidetzan.

c) Harremanetarako organo arrunt gisa aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako departamentuekin eta beste entitate batzuekin, maila bereko zerbitzuengatik esleitutako eskurantzak deusetan galarazi gabe.

d) Koordinazio Batzordeko bileretara joatea, baldin eta batzordekideak badira.

e) Legezko edo erregelamenduzko xedapenen bidez eskuordetzen zaizkion gainerako eskumenak erabiltzea.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web