(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2003 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 13KOA, OSASUN ZENTRO ETA ESTABLEZIMENDUETAN DATUEN OINARRIZKO MULTZO GUTXIENEKOA ARAUTU ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ATENDITUTAKO GAIXOTASUNEN TASEN ERREGISTROA SORTZEN DUENA.

BON N.º 35 - 21/03/2003



  1. ERANSKINA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ATENDITUTAKO GAIXOTASUNEN TASEN ERREGISTROKO DATU PERTSONALEN FITXATEGI AUTOMATIZATUA


Atariko

1951 geroztik, zenbait arauren bidez, ospitaleko asistentzia jarduerari buruzko informazio iturriak ezarri dira. Urte hartan, ospitaleetan ematen den laguntzaren arrazoiei buruzko informazio iturri gisa, "Ospitaleko Gaixotze Tasaren Inkesta" ezarri zen. Estatistika hura 1977an hobetu egin zen eta, horregatik, gaur egungo inkestaren oinarri dira diagnostiko nagusiaren analisia eta eriaren inguruko egoera demografiko-sanitarioa. 1973an, Gobernuko Presidentziako Ministerio Aginduak Internamendu Erregimeneko Osasun Establezimenduen Estatistika ezarri zuen, eta urtero eman du informazioa ospitaleratze jarduerako zentro guztiei buruz, titulartasuna bat ala beste izan, bai eta establezimenduen helburuari eta haietan egiten den jarduerari buruz ere. 1360/1976 Errege Dekretuak ospitale publiko eta pribatuak behartu zituen ingresuen Erregistro Liburua izatera, eta 1984ko irailaren 6ko Ministerio Aginduak ezarri zuen ospitaleko altaren txostena nahitaezkoa izanen zela eta Erregistro Liburuarekin lotura izanez artxibatu behar zela. Informazio oinarri horiek kontuan izanik, Administrazioak estatistikak egitea bultzatu du, ospitaleetako dotazio eta baliabideei eta haietan egiten den asistentzia jarduerari buruzko informazioa izateko.

1986an Osasunari buruzko Lege Orokorra onetsi ondotik, Lurraldearteko Kontseiluak, 1987ko abenduaren 14ko osoko bilkuran, ospitaleko altaren Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa (DOMG) onetsi zuen, eta hori funtsezkoa da asistentzia espezializatuari buruzko egungo informazio sisteman. Erabakia hartzeko kontuan izandako egoerek erakutsi dute beharrezkoa dela datu base bat izatea ospitaleko prozesuen kudeaketa egin ahal izateko, kostuen azterketarako sistema berriak ezartzeko, ospitaleetako errendimendu eta erabileraren adierazleak izateko, asistentziaren kalitatea kontrolatzeko eta ikerketa kliniko eta epidemiologikorako datu base bat prestatzeko.

Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari loturik dago; lege horren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, erakundeek beren zentroetara jotzen duten edo haietan tratatu behar dituzten pertsonen osasunari buruzko datu pertsonalen tratamendua egin ahalko dute, osasunari buruz estatuan edo autonomian ezarritako legeriari jarraikiz.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak 23. artikuluan onartzen du, osasunaren inguruko esku-hartze publikoaren esparruan, erregistroak eta informazio azterketarako metodoak ezartzeko ahalmena, horrela esku-hartze ekintzak ekar ditzaketen egoerak ezagutu ahal izateko. Banakako asistentziaren arloko eginkizunei dagokienez, aipatu den Osasunari buruzko Foru Legearen 25. artikuluak ezartzen du osasun agintariek ebaluazioa, jarraipena eta esku-hartzea eginen dutela, indarra duen legeriak herritar guztiei onartutako eskubideei buruzko gogobetetze maila zein den jakiteko.

Aipatu den Osasunari buruzko Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoa garatuz, osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimenak arautzen dituen irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretuak ezartzen du, Foru Komunitateko osasun zerbitzuen kalitate maila egokia bermatzearren, zein diren Nafarroako osasun zentro, zerbitzu eta establezimendu publiko nahiz pribatuek bete behar dituzten baldintzak, haien baimen eta funtzionamenduari dagokionez. Betebehar horien artean, 3. artikuluak ezartzen du Osasun arloko Administrazioak eskatutako informazioa ematea, norbanakoaren intimitate eskubideari kalterik egin gabe, bai eta haien jarduerak, antolaketa eta funtzionamenduaren ikuskapena, kontrola eta ebaluazioa egiteko laguntza ematea ere.

1994an, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako Ebazpenaren bidez, nahitaezkotzat jo zen aipatu erakunde autonomoari atxikitako zentro publikoetan DOMGa biltzea, barne kudeaketari begira bakarrik, baina orain arte tresna baliagarri hori ez da zabaldu plangintzara, kanpoko ebaluaziora eta ikerketara, ez eta gainerako ospitaleetara ere; horregatik, osasun administrazioak ez du behar besteko informaziorik herritar guztiei ematen zaien asistentziaren berri izateko.

Bestalde, ospitaleetan azken urteotan aldaketak izan dira, hots, zentroetan ematen diren asistentzia modalitateak zabaldu egin dira eta, alde horretatik, erien internamendua, ohiko praktika gisa; hori horrela, bidea eman zaie hain erasotzaileak ez diren eta anbulatorio mailan izaten diren aukera asistentzialei. Horrenbestez, zerbitzu berriak garatu dira, hala nola Kirurgia Handi Anbulatorioa edo Eguneko Ospitalea, besteak beste. Era berean, zerbitzu kualifikatuak ez zaizkio nahitatez lotu behar ospitale erregimeneko zentro bati; internamendu gabeko establezimenduek ere -osasun jarduketa garrantzitsuak egiten dituztenek-ikusten dute egungo informazio sistemak egokitu eta osatu egin behar direla beren xedea betetzeko, eta planteatu den jakinarazpen sistemari lotu beharko zaizkiola.

Horiek horrela, ospitaleratzearen eta Kirurgia Handi Anbulatorioaren aldi bakoitzean Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa bildu beharra zentro eta zerbitzu publiko nahiz pribatu guztietara zabaltzeari esker, Nafarroako Foru Komunitateko atenditutako gaixotasunen tasen eta asistentzia jardueraren analisia ezagutuko dira. Informazio hori oinarrizkoa da Administrazioarentzat, Nafarroako asistentzia zentroetan hartzen diren eriei ahalik eta laguntzarik onena emateko eta asistentzia prozesuaren kalitatea ezagutzeko. Sortzen den informazioa erabilgarria izanen da zentroen funtzionamendua hobetzeko eta, horretarako bezala, osasun arloko plangintza, ikerketa eta ebaluaziorako oro har, horrek ondorio sinergikoa izanen baitu, baldin eta informazioa Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistro batean txertatzen bada osasun administrazioan.

Foru Dekretu honen testua Nafarroako Kontseiluak azterturik, hark abenduaren 10eko 71/2002 irizpenean egindako oharren arabera moldatu da.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko urtarrilaren hamahiruko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Helburua eta aplikazio eremua.

Foru Dekretu honen helburua da, Nafarroako Osasun Sistemaren barruan, Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa arautzea, zein Nafarroako osasun zentro eta establezimenduetan ospitaleratze aldia edo Kirurgia Handi Anbulatorioaren prozedura bat izan duten erien asistentzia espezializatuko altari baitagokio.

2. artikulua . Zentroen betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko osasun zentro eta establezimendu publiko nahiz pribatu guztiak behartuta daude Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa sistematikoki bildu, prestatu eta ondoren Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusira igortzera; datuen multzo hori ospitaleratze aldia edo Kirurgia Handi Anbulatorioaren prozedura bat izan duten erien altari dagokio eta Foru Dekretu honetan ezarritakoaren araberakoa izan behar du.

3. artikulua . Definizioak.

1. Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa betetzeari begira definizio hauek ezarri dira:

a) Ospitaleko alta: osasun zentro edo establezimendu batean ingresatutako eriak ospitaleko ohe bat libre uztea, sendatu, hobetu, beste zentro edo zerbitzu batera aldatu, alta bere borondatez hartu edo hil delako.

b) Ospitalizazioko oheak: eri ingresatuen laguntza jarraiturako erabiltzen direnak; horien artean daude inkubagailu finkoak eta zainketa berezietarako oheak. Horretatik kanpo gelditzen dira larrialdietako behaketa oheak, jaioberrienak, hemodialisi anbulatoriokoak, eguneko ospitalekoak eta azterketa bereziak egitekoak; halaber, laguntzaileenak eta zentroko langileek erabiltzen dituztenak.

c) Kirurgia Handi Anbulatorioa honako hau da: programatutako kirurgiako prozesu subsidiarioak anestesia orokorrarekin, lokalarekin, erregionalarekin edo sedazioarekin, operazio ondoko zainketak denbora gutxian behar dituztenak, ospitalean ingresatu beharrik gabe eta prozeduraren ondoren ordu gutxi batzuren buruan alta jaso dezaketenak.

2. Osasun Departamentuari dagokio Kirurgia Handi Anbulatoriotzat har daitezkeen prozesu kirurgiko anbulatorioak zein diren zehaztea, Foru Dekretu honen ondorioetarako.

4. artikulua . Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoaren edukia.

1. Gertakari bakoitzeko Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoan osagai hauek azaldu behar dira nahitaez:

a) Zentroari dagozkionak:

1. Osasun establezimenduaren identifikazioa.

2. Alta ematen duen Zerbitzuaren identifikazioa.

b) Eriari dagozkion datuak:

3. Nafarroako identifikazio pertsonalaren kodea, bizilekua Nafarroan dutenentzat.

4. Historia klinikoaren zenbakia.

5. Jaioteguna.

6. Sexua.

7. Ohiko bizilekuaren posta kodea.

c) Asistentzia aldiari dagozkion datuak:

8. Asistentzia mota (ospitaleratzea, kirurgia handi anbulatorioa).

9. Asistentzia aldiaren identifikazio zenbakia.

10. Emandako asistentziaren finantziazio erregimena.

11. Ingresu ordua.

12. Ingresu eguna.

13. Ingresuko egoera.

14. Alta eguna.

15. Altako egoera.

16. Lekualdatze zentroaren identifikazioa, halakorik bada.

17. Altako diagnostiko nagusia.

18. Bigarren mailako diagnostikoak, 20 bitarte.

19. Prozedura kirurgiko edo obstetrikoa, halakorik bada.

20. Bigarren mailako prozedurak, 15 bitarte.

21. Interbentzioaren eguna.

2. Zentro publikoek nahitaez eta gainerakoek aukeran, Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoetan aldagai hauek sartuko dituzte:

22. Ospitaleko altaren ardura duen mediku taldearen identifikazio zenbakia.

23. Laguntza ematen duen (ingresua) lehenengo mediku taldearen identifikazio zenbakia.

24. Alta eguna lehen unitatean.

25. Laguntza ematen duen bigarren mediku taldearen identifikazio zenbakia.

26. Ingresu eguna bigarren unitatean.

27. Alta eguna bigarren unitatean.

28. Laguntza ematen duen hirugarren mediku taldearen identifikazio zenbakia.

29. Ingresu eguna hirugarren unitatean.

30. Alta eguna hirugarren unitatean.

31. Laguntza ematen duen laugarren mediku taldearen identifikazio zenbakia.

32. Ingresu eguna laugarren unitatean.

33. Alta eguna laugarren unitatean.

5. artikulua . Jarraibideen eskuliburua.

Aldagaien definizioak, sailkapenak eta kodetze sistema, bai eta formatua, aldizkakotasuna, zirkuitua eta Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoari dagozkion datuak igortzeko baldintzak ere, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak prestatzen duen Jarraibideen Eskuliburuan ezarritakoari jarraikiz izanen dira, Osasun eta Kontsumo Ministerioko Kodifikazioaren Unitate Teknikoak ezarritako kodetze irizpideen arabera, egiten diren aldaketa eta egokitzapenak kontuan hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Atenditutako Gaixotasunen Tasei buruzko Osasun Informazioaren Sistema aplikatu eta garatzeak sortzen dituen beharren arabera.

6. artikulua . Organo arduraduna.

Osasun zentro edo establezimenduko zuzendaria arduratuko da Foru Dekretu honetan ezarritakoa bere zentroko asistentzia aldi guztietan betetzen dela bermatzeaz, bai eta Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoaren informazioa Osasun Departamentuko Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroari emateaz ere.

7. artikulua . Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroa.

1. Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroa sortu da, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari atxikia, eriei ematen zaien asistentziaren kalitatea zaintzeko eginen diren jarduketa hauek garatzeko: herritarrek osasun laguntzarako dituzten beharrak aztertu eta ebaluatzea, asistentziaren prozesuan kalitatea zaintzea, ikerketa klinikoa eta epidemiologikoa eta behar den estatistika egitea; halakoetan bildutako informazioa Osasun Departamentuko eta prozesuan esku hartu duten zerbitzu eta zentroetako unitate teknikoen eskura jarriko da.

2. Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroan bilduko dira Foru Dekretu honen aplikazio eremuan sartzen diren osasun zentro eta establezimenduek emandako datuak; horrela, zentro bakoitzak asistentzia aldi bakoitzerako duen Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoaren integrazioa egiten da.

3. Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroaren ardura duen administrazio unitateak Erregistroan sartutako informazioa jaso, bildu, aztertu eta zabalduko du; halaber, datuen segurtasuneko eta eraldaketako prozedurak ezarriko ditu prozesu osoan.

4. Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroko datu pertsonalen fitxategi informatizatua sortu da, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari atxikita; Foru Dekretu honen 1. eranskinean ageri diren ezaugarri teknikoak izanen ditu.

8. artikulua . Datuen komunikazio eta tratamendua.

1. Asistentzia zentroek Foru Dekretu honen 4. artikuluan aipatutako datuen berri emanen diote Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroari, honela eraldatu ondoren: bizilekua Nafarroan dutenentzat, CIPNA aldagaia bereiziz, eta bizilekua Nafarroan ez dutenentzat, Historia Klinikoaren zenbakiari dagokion aldagaia bereiziz.

2. Erregistroa urtebeteko gertakariekin finkatutakoan, eriari dagozkion aldagaiak eraldatu eginen dira.

3. Erregistroaren mantentze-lanak zuzen egiten direla bermatzeko, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak beharrezkoa iruditzen zaion informazioa eskatu ahalko du eta, horretarako, osasun zentroetako datuen iturrietan eta artxiboetan behar diren egiaztapenak eginen. Osasun zentro edo establezimenduko Zuzendaritzak bermatu beharko du Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak behar bezala kreditatutako funtzionarioek informazio horretarako sarrera izanen dutela.

4. Zentro bakoitzean Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa prestatu eta, gero, Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistrora informazioa igortzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

9. artikulua . Nafarroako Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroko datuak lagatzea.

1. Datu basea, pertsonen edo zentroaren aldagairik gabe, publikoa izanen da eta ikertzaileen eskura egonen da.

2. Beharrezkoak diren kalitate kontrolak eginda, Nafarroan urtero sortzen den datu basea Osasun eta Kontsumo Ministerioko datu baseari erantsiko zaio.

3. Datu pertsonalak erabili behar izanez gero fitxategi horren inguruko ikerketaren baterako, datu bereizi edo eraldatuekin eginen da, eta bereizita joaterik ez badute, herritarraren baimena eskuratu beharko da erabili ahal izateko.

4. Fitxategiaren ardura duen administrazio organoko titularrak behar diren neurriak hartuko ditu ziurtatu ahal izateko datu pertsonal automatizatuak bildu zirenean ezarritako xederako erabiliko direla, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan onartutako berme, betebehar eta eskubideak beteko direla.

10. artikulua . Jarraipen batzordea.

1. Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroaren jarraipen batzordea sortu da, eta Erregistroaren ardura duen administrazio unitateari aholku emateko organoa izanen da.

2. Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

Osasun zentroetan DOMGa ezartzeko prozesua baloratu eta proposamenak egitea.

Erregistroaren jarraibideen eskuliburua prestatzen laguntzea.

Erregistroan ezarri beharreko segurtasun prozedurei adostasuna ematea: datu transferentzia, maskaratze irizpideak eta biltegiratzea.

Protokoloari buruzko txostena egitea eta ikertzaileek Erregistroko datuak erabiltzeko egiten dituzten eskarien gaineko ebazpena ematea.

Administrazioari aholku ematea Erregistroarekin zerikusia duten jarduketetan.

3. Jarraipen Batzordea honela osatuko da:

Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat, batzordeburu, dagokion zuzendari nagusiak izendatua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkari bat, dagokion zuzendari kudeatzaileak izendatua.

Ospitale publikoen ordezkari bat, haiek proposaturik.

Zentro pribatuen ordezkari bat, haiek proposaturik.

Erregistroko datuen tratamenduaren arduraduna, idazkari.

11. artikulua . Zehapenen araubidea.

Foru Dekretu honetan ageri dena betetzen ez bada, zehapen administratiboak ezarri ahalko dira, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, beharrezkoa den administrazio espedientea tramitatu ondotik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Osasun Departamentuak beste osasun jarduera batzuetara zabal dezake, pixkanaka, Foru Dekretu honetan aipatzen den Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa bildu beharra.

Bigarrena

Foru Dekretu honek ukitzen dituen osasun zentro eta establezimenduek Osasun Departamentuari laguntza eta aholku teknikoa eska diezaiokete, Datuen Oinarrizko Multzoa Gutxienekoa ezarri behar dutenean.

Hirugarrena

Ospitaleko informazio sistemek gaur egun duten ezarpen desberdina kontuan harturik, osasun zentro eta establezimendu publikoek beren DOMGak Atenditutako Gaixotasunen Tasen Erregistroari erantsi beharko dizkiote 2003ko urriaren 1etik aurrera, eta zentro pribatuek 2004ko urtarrilaren 1a izanen dute horretarako azken eguna.

Egun horiek baino lehen, osasun zentro edo establezimendu bakoitzak bere barne kudeaketa egokitu egin beharko du Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa ezartzeko, eta Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian datu basearen baliozkotzea lortu.

Laugarrena

Zentro bakoitzean Datuen Oinarrizko Multzo Gutxienekoa finkatutakoan, ospitaleko ingresu eta alten Erregistro Liburuaren ordez erabili ahalko da Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleetan eta laguntza espezializatuko zentroetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru Dekretu honen kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak indargabetu egin dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari, Dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren arauak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ATENDITUTAKO GAIXOTASUNEN TASEN ERREGISTROKO DATU PERTSONALEN FITXATEGI AUTOMATIZATUA

1. ERANSKINA

1. Fitxategiaren ardura duen organoa: Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzua.

2. Datuetan sartu, zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak zein organotan erabili, bidezkoa denean: Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzua.

3. Fitxategiaren izena eta deskribapena: Nafarroako Foru Komunitateko atenditutako gaixotasunen tasen erregistroko datu pertsonalen fitxategi automatizatua.

4. Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egituratua, pertsonei buruzko irizpide berariazkoen araberakoa, kasu bakoitzeko datu pertsonaletara erraz iristeko: informatizatua.

5. Zein Informazio Sistemari dagokion: Nafarroako Foru Komunitateko Atenditutako Gaixotasunen Tasei buruzko Informazio Sistema.

6. Datu pertsonalak deuseztatzeko epea: Datuak deuseztatzea bidezkoa izanen da beren xederako beharrezkoak izateari uzten diotenean.

7. Sartuko diren datu pertsonalak: osasunari buruzko datuak, eriaren identifikazio pertsonaleko kodea, jaioteguna, sexua, historia klinikoaren zenbakia eta posta kodea.

8. Xedearen eta erabileren deskribapen zehatza: Xedea: eriari emandako asistentziaren kalitatea zaintzea. Erabilera: beharrak eta zerbitzuak planifikatu eta ebaluatzea, asistenzia prozesuaren kalitatea zaintzea, osasun ikerketa, osasun zerbitzuen estatistikak eta zainketa epidemiologikoa.

9. Datu pertsonalak zein pertsona edo talderi buruz lortu nahi diren edo zein diren datu horiek ematera behartuta daudenak: asistentzia ospitaleetan eta/edo prozedura anbulatorioen unitateetan hartu duten eriak. Halaber, osasun zentroen kudeatzailetzak edo zuzendaritzak.

10. Eriaren datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ematea: nahitaezkoa.

11. Datuen jatorria eta biltzeko prozedura: osasun zentroek emandako datuak, altako txostenetik eta historia klinikotik abiatuta, euskarri magnetikoan.

12. Aurreikusitako lagapenen hartzaile diren organoak edo entitateak, zehazki adierazita datuen nazioarteko transferentziak direnak: Osasun eta Kontsumo Ministerioa. Lagapena zer arauren babespean egiten den: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 11.2 e) artikulua.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web