10/2002 FORU LEGEA, maiatzaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa
BON N.º 58 - 13/05/2002
I. TITULUA. Xedapen orokorrak
II. TITULUA. Irratikomunikazioko instalazioek sorturiko eremu elektromagnetikoen esposizioari buruzko arau teknikoak
III. TITULUA. Azpiegiturei buruzko lurralde plana
IV. TITULUA. Legezkotasuna babesteko eta zehapenak ezartzeko araubidea
ARRAZOIEN AZALPENA
I
Azken urte hauetan, asko garatu da telefonia mugikorra eta haren komunikazio-azpiegiturak, bai eskainitako zerbitzuei, bai haiei eusteko behar diren azpiegiturei dagokienez. Azpiegitura horiek Nafarroako Foru Komunitate osoan hedatu dira eta hedatzen ari dira gaur egun ere, bai hiri inguruneetan, bai herri inguruneetan: honezkero bizi garen giroaren zati bat dira.
Foru lege honek uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak arautu nahi ditu, haien ezarpena Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan antolatzeko eta haiei buruzko plangintza bat egiteko, bai eta herritarren osasuna dela-eta aurre neurriak hartzeko eta osasuna bera zaintzeko ere; halaber, azpiegitura horiek ingurumenean, hirigintzan eta begirako ere duten eragina gutxitu nahi da.
II
Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluak osasuna babesteko eskubidea eta botere publikoek osasun publikoa aurre neurrien bitartez antolatu eta zaintzeko betebeharra ezarri zituen. Hori da, beraz, legegintza politikaren oinarrian egon behar duen eta botere publiko guztien jarduketa gidatu behar duen printzipioa.
III
Aurrekoarekin bat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1997ko ekainaren 30eko 97/33/CE zuzentarauren arabera, irrati-komunikazioko instalazioak batera erabiltzea onuragarria izan daiteke ingurumenaren gaineko eragina dela-eta. Horregatik, foru lege honen helburuen artean instalazioak batera erabiltzea dago, irrati-komunikazioetarako azpiegituren eragina minimizatzeko eta foru lege honetan ezarritako printzipioak garatzeko ezarritako edo aurrerantzean ezarriko diren prozedurekin bat.
Lekuak batera erabiltzea neurri lagungarria da azpiegitura horiek eta ingurunea bateragarriak izateko, eta ordena gabe ezar daitezen galarazten du. Hori dela eta, lege hau ordenamendurako tresna gisa planteatzen da, betiere eremu elektromagnetikoetarako esposizioari buruzko oinarrizko arauak errespetatuz eta eraginen metatzeak sorturiko egoerak ebaluatuz. Baterako erabilera helburu laudagarria da, baina horrek ezin du eragotzi operadoreek euren jarduera garatu ahal izatea, ezta euren azpiegitura eta sareak lehia-araubidean eta aukera berdintasun eta lehiakortasun libreko printzipioekiko errespetuz (Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 2 eta 3. artikuluak) hedatzearren jabari publikoa edo ondare pribatua okupatzeko eskubidea ere.
Halaber, herritarren osasuna babesteko xedez, arretazko erabilerako lekuetan uhin elektromagnetikoetako esposizioa dela-eta irailaren 28ko Errege Dekretuak ezarritako erreferentzia mailak baino maila zorrotzagoak ezartzen ditu foru lege honek, halako lekuetan ohikoa baita gizakiak sarritan egotea. Ezarritako erreferentzia mailek bateragarri egin nahi dute irrati-komunikazioko instalazioen funtzionamendua eta herritarrak behar bezala babestea eremu elektromagnetikoen esposiziotik, azpimarra berezia eginez instalazio horiek bete beharreko kontserbazio eta kontrol baldintzetan.
Gaur egungo egoeran, intentsitate baxuko eremu elektromagnetikoen esposizioak epe ertain eta luzean dauzkan ondorioei buruzko ikerketa epidemiologiko ugari egiten ari da. Hori dela eta, foru lege honetan zuhurtziaren printzipioa hartu behar da oinarri, hau da, segurtasun maila jakin batzuk ezarri beharko dira. Segurtasun maila horiek konpromiso bat izanen dira zientifikoki demostratu daitekeenaren eta hemen arauturiko instalazioetatik ondorioztatzen diren eremu elektromagnetikoen ustezko kaltegarritasuna demostra dezaketen balizko aurrerapen zientifikoek eskatzen duten zuhurtasun tartearen artean. Hori guztia dela eta, foru lege honek jasotako erreferentzia mailen abiapuntua Europako Batasunako Ministroen Kontseiluak 1999ko uztailaren 12an emaniko gomendiotik hartu dugu; gomendioa, jendea eremu elektromagnetikoen esposizioan egoteari buruzkoa, lehengoa baino murriztaileagoa da, gehieneko mugak erdiraino jaisten baititu.
Ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspuntutik, Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluak ezarri zuen herritar guztiek eskubidea dutela pertsonen garapenerako egokia den ingurumenaz gozatzeko, eta botere publikoek natur baliabide guztien erabilera arrazoizkoa zainduko dutela, bizi-kalitatea babestu eta hobetzeko. Halaber, Espainiako Konstituzioaren 149.1.23gn. artikuluak ezarri zuen Estatuak duela ingurumena babestearen arloko oinarrizko legeak emateko eskumena, baina autonomia erkidegoek babes neurri gehigarriak ezarri ahal izanen dituztela. Aukera horri gehitu behar zaio 148.1.9gn. artikuluak autonomia erkidegoei ematen dizkien eskumenak, hain zuzen ere ingurumena babesteko kudeaketari doazkionak, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. artikuluak ezarritakoa -hain zuzen ere, Nafarroak, Estatuko oinarrizko legediaren barruan, eskumena izanen duela ingurumenaren eta ekologiaren arloko lege garapena egiteko eta garapen hori betearazteko.
Aurrekoari jarraituz, foru lege honen xedea ingurumena babestea da, eta paisaiaren gaineko eraginari buruzko mugak ezartzen ditu, instalazio horiek mimetizatzera behartzen baitu, begi-eragina ahal den guztian gutxitzeko. Horrekin guztiarekin, Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorrean (16.3 artikulua) eta Jabari Publiko Erradioelektrikoaren Erabilerari buruzko Erregelamenduan (8. artikulua) horri buruz bildutako xedapenak osatu nahi dira; horien arabera, antena eta oinarrizko estazioak kokatzeko ingurumen arloan aplikatzekoak diren xedapenak bete behar dira.
Azkenik, foru lege hau lurralde antolamenduaren, hirigintzaren, osasun sustapenaren, prebentzio eta lehengoratzearen arloan eta ingurumena babestearen arloan Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 44, 53 eta 57. artikuluetan Foru Komunitateari esleitzen zaizkion eskumenen barruan ematen da.
I. TITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateak osasun, ingurumen eta lurraldearen antolamendu arloan dituen eskumenak baliatuta, foru lege honek xede du uhin elektromagnetiko ezgidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak eta telekomunikazioetarako azpiegiturak arautzea, herritarren osasuna delaeta aurre neurriak hartzeko eta hura zaintzeko eta, halaber, azpiegitura horien hedapen neurrigabeak ingurumenean, hirigintzan eta begirako ere izan dezakeen eragina gutxitzeko; lege honek orobat bilatzen du telekomunikazio zerbitzuentzako oinarri egokiak ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztien aukera berdintasunean eta lurraldearen garapenean laguntzeko beharrezkoa baita hori egitea.
2. artikulua. Aplikazio eremua
1. Foru lege hau Nafarroan instalatzen diren 0 Hertzio eta 300 Gigahertzio bitarteko frekuentziako uhin erradioelektrikoak sor ditzaketen uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazio guztiei aplikatu behar zaie.
2. Ondokoak daude foru lege honen aplikazio eremutik kanpo: babes zibilerako, Nazioaren defentsarako, aireko nabigaziorako, segurtasun publikorako eta, oro har, gisa horretako edozein zerbitzutarako telekomunikazioko ekipo eta estazioak.
Foru lege honek honako helburuak ditu:
a) Herritarren osasuna babestea uhin elektromagnetiko ez-ionizatzaileek jendearengan eragin ditzakeen kalteetatik.
b) Telefonia mugikorreko oinarrizko estazioak eta irrati-komunikazioko gainerako estazioak hirigintzari, lurraldeari eta ingurumenari egokitzea.
c) Irrati-komunikazioko sare eta azpiegituren hedapena ingurumenaren babesarekin eta osasun publikoarekin bateragarri egitea.
d) Foru lege honen xede diren oinarrizko estazioen parametro teknikoei buruzko informazioaren gardentasuna sustatzea, eta uhin elektromagnetiko ez-ionizatzaileek gizakien gorputzean izan dezakeen eraginaren ezagutza zehatza zabaltzeko ikerkuntza zientifikoa.
II. TITULUA. Irrati-komunikazioko instalazioek sorturiko eremu elektromagnetikoen esposizioari buruzko arau teknikoak
4. artikulua. Instalazioen baldintza orokorrak eta jardueren funtzionamendua
1. Foru lege honen xede diren jarduerak eta haiei loturiko instalazioak proiektatu, instalatu, erabili, mantendu eta kontrolatzeko, osasunaren eta segurtasunaren babesari buruzko zehaztapenei, ingurumenaren babeserako helburuei eta indarreko legeek eta bereziki foru lege honek hirigintza planeamendurako ezarritako irizpideei egokitu beharko zaizkie.
2. Jardueren titularrek ondoko printzipioei jarraitu beharko diete:
a) Herritarren osasunaren babesa bermatzen ez duen edozein instalazio saihestea.
b) Ingurumenaren gaineko eraginei aurrea hartzea.
c) Nafarroako biztanle ahalik eta gehienei irrati-komunikazioko zerbitzuen estaldura ahalik eta handiena ematen saiatzea.
d) Azpiegiturak batera erabiltzea, teknikoki bideragarria bada, eta horrekin ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eragina murrizten bada eta foru lege honek osasunaren babeserako ezarritako baldintzak betetzen badira.
5. artikulua. Pertsonen osasuna babestea eremu elektromagnetikoen esposizioa jasan behar dutenean.
1. Foru lege honen xede diren instalazioek 1, 2, 3 eta 4. eranskinetan esposizioa eta segurtasun distantzia direla-eta ezarritako gehienezko mailen barruan egon beharko dute.
2. Ondokoak izanen dira arretazko erabilerako lekuak: Ikastetxeak, osasun-etxeak, ospitaleak, zahar-etxeak eta parke publikoak.
3. Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak ikerketa epidemiologiko bat hasiko du Nafarroako Foru Komunitatean datu egiaztatuak izateko eta horien bidez zehaztasun handiagoarekin ezarri ahal izateko, ebidentzia zientifikoaren argitan, zein diren epe ertain eta luzera foru lege honek xedatutako esposizio muga handiago edo txikiagoak.
Artikulu honetan azaltzen diren helburuak lortzeko, lankidetza hitzarmenak ezarri ahalko dira auzi honekin zerikusia duten arlo zientifiko eta teknikoak ikertzen dituzten erakunde publikoekin, eta lankidetzan aritu ahalko da Zientzia eta Teknologi Ministerioarekin nahiz Osasun Ministerioarekin, lortutako datuak osatu eta egiaztatzeko. Telefonia mugikor automatikoko zerbitzuak hartzen dituzten enpresak ikerketa horietan laguntza ematera behartuta egonen dira.
6. artikulua. Ingurumenaren babeserako arauak. Instalazioetarako mugak.
Bai multzo historiko artistikoetan, eremu arkeologikoetan eta kultur intereseko ondare deklaraturiko lorategietan, bai Nafarroako Naturguneei buruzko Foru Legean babestutzat ematen diren gainerako naturguneetan instalazioak mugatu eginen dira, eta begi-eragina ahal den guztian gutxituko diren neurri berariazkoak hartuko dira.
Nafarroako Gobernuko edo udaletako organo eskudunak, kasua bada, ingurumen, paisaia edo hirigintza arrazoiak direla medio, interesdunei entzuteko izapidea eta ondoren, berariazko konponbideak jarriko ditu azpiegituren eragina ahal den guztian gutxitzeko eta ingurunearekin harmonizatzeko.
7. artikulua. Kontserbazioa eta berrikusketa
Operadoreek behar diren segurtasun, egonkortasun eta kontserbazio egoeran mantendu beharko dituzte instalazioak.
Nafarroako Foru Komunitatean osasun, ingurumen eta lurraldearen antolamendu arloko helburuak eta xede berekiak betetzen direla bermatzearren, operadoreek mantendu eta aldian-aldian berrikusi beharko dituzte instalazioak, gai horretako administrazio eskudunak ezarritako prozedura eta protokolo teknikoekin bat.
Urtean behin gutxienez, betebehar horren kreditazioa jakinarazi beharko diote dagokion Nafarroako Gobernuko departamentuari. Horretarako, administrazio eskudunean aurkeztutako dokumentazioaren kopia eta tramitazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dituzte.
Instalazioen titularrek nahitaez konpondu beharko dituzte kontserbazio arazoak, irregulartasunaren jakinarazpena jaso eta gehienez ere hilabeteko epean. Pertsona nahiz ondasunetarako arrisku egoerarik egonez gero, berehala hartu beharko dira neurriak.
Jarduera behin betiko utzi edo instalazioan erabiltzen ez den elementurik egonez gero, operadoreak, edo kasua bada instalazioen jabeak, behar direnak eginen ditu irrati-komunikazioko ekipoak edo haien elementuak kendu eta erretiratzeko, eta instalazio hori kokatuta dagoen zorua edo eraikina instalazioak jarri aurretik zegoen bezala utzi beharko du.
8. artikulua. Instalazioen kokapenak antolatzea
Irrati-komunikazioko instalazioen kokapenak foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoak eta lurralde-, ingurumen- eta hirigintza-antolamendurako tresnetatik ondorioztatzen direnak beteko ditu.
III. TITULUA. Azpiegiturei buruzko lurralde plana
9. artikulua. Azpiegiturei buruzko lurralde plana aurkezteko beharra.
Irrati-komunikazioko operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu beharko dute, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren.
Plan horrek behar den informazio guztia emanen du instalazio horiek lurraldearen antolamenduan integratzeko eta foru lege honetan ezarritako mugak beteko direla bermatzeko.
Foru Komunitatean hedatu nahi diren operadoreek, gainera, Foru Komunitatean irrati-komunikazioko lehen instalazioa ezarri baino lehen, Nafarroako Foru Komunitaterako azpiegiturei buruzko lurralde plana aurkeztu beharko dute.
10. artikulua. Azpiegiturei buruzko lurralde planaren osagaiak.
Irrati-komunikazioko operadoreek Foru Administrazioari behar adina informazio emanen diote dagoen sareari buruz eta urtebeterako, gutxienez ere, lurralde sarea garatzeko ezarri nahi diren instalazio berriei buruz. Honakoak jaso beharko ditu informazio horrek:
1. Oro har
-Garatu nahi den azpiegitura sarea garatzeko lizentzia edo titulu gaitasun-emailea, administrazio eskudunak emana.
-Instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia.
-Enpresa garapenaren nahiz lehiatzeko gaitasunaren gaineko eragina, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde nahiz gizarte kohesioaren hobekuntzaren gainekoa ere.
-Erantzukizun zibileko aseguru bat, aurreikusitako jarduerak hirugarrenenei eragindako kalte-galerak ordaintzeko beharra jasotzen duena.
Eta, informatzeko baino ez bada ere, ondokoak ere bai:
-Emandako zerbitzuei eta erabilitako teknologiei buruzko azalpena.
-Informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.
2. Kokapen bakoitzari buruzko fitxa bat ere eginen da, ondoko datuekin gutxienez ere:
-Lekuaren kokapena, sarbideak eta hornidurak.
-Zoruaren hirigintza-kalifikazioa, ingurumen-afekzioak eta ondare historiko eta artistikorako afekzioak.
-Batera erabiltzeko aukera.
-Proposaturiko konponbide teknikoaren justifikazioa. Hartan ondokoak zehaztuko dira: antenei eusteko osagaiak edo mastak zer arkitektura elementuren gainean jar daitezkeen, atzera eramateko, seinaleztatzeko nahiz hesiz ixteko neurriak, bide publikotik begi- inpaktua gutxitzeko neurriak eta ingurunean mimetizatzeko neurriak.
-Kokalekutik gertuen dagoen lurraldearen erabilerei nahiz jarduerei eta lurraldeari berari buruzko azalpena.
-Kota altimetrikoa planoetan berariaz adierazita.
Instalazio bakoitza funtzionatzen hasi aurretik emanen da informazio hori, eta orduan bertan justifikatuko da nola lotzen diren instalazioaren kokapena eta hedapenari buruzko lurralde-plana. Instalazioaren kokapena planari egokitzen ez bazaio, gaurkotu egin beharko da plana lehendabizi.
3. Informatzeko baino ez bada ere, irrati-komunikazio zerbitzu bakoitzerako fitxa bat ere eginen da, ondoko datuekin gutxienez ere:
-Kasuko irrati-komunikazioko zerbitzua emateko lizentzia edo titulu gaitasun-emailearen kopia, administrazio eskudunak emana.
-Instalazioak funtzionatzeko baimena, arloko organo eskudunak emana.
-Irrati-sistemaren antenen altuera.
-Estaldurak hartzen dituen eremuak.
-Frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia.
-Instalazioaren emisio elektromagnetikoari buruzko informazioak:
a) Emisioa handiena den iristeko moduko lekuan.
b) Arretazko erabilerako emisio handieneko hiru lekuetan.
Zerbitzu bakoitza funtzionatzen hasi aurretik emanen da informazio hori, eta orduan bertan justifikatuko da nola lotzen diren zerbitzua eta instalazioei buruzko lurralde-plana. Zerbitzua planari egokitzen ez bazaio, gaurkotu egin beharko da plana lehendabizi.
4. Informazio grafikoak kokapenak adierazi beharko ditu, UTM koordenadak erabiliz eta ondoko kartografiaren bitartez:
a) 1:25.000 eskala, hiri eremua ez den batean dauden instalazioetarako.
b) 1:2.000 eskala, hiri eremuan dauden instalazioetarako.
c) 1:200 eskalako planoa, inguruko eraikinen kokapena adierazita.
Nafarroako Gobernuko organo eskudunak beste eskala batzuk onartu ahalko ditu, baldin eta argi eta garbi zehazten bada instalazioaren kokapena eta ingurunearekin duen erlazioa.
5. Operadoreek espresuki adieraziko dute eman duten informaziotik legeria indardunaren babesean isilik gordetzekoa zein den.
Artikulu honetako 1, 2 eta 3. idatz-zatietan ezarritakoari jarraikiz emandako informazioak euskarri grafikoan ez ezik euskarri informatikoan ere emanen da -euskarri estandarrean edo, hala ezarriz gero, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak ezartzen duen euskarrian-.
Betiere, artikulu honetan eskatzen diren datuak gaurkotu ahal izanen ditu Nafarroako Gobernuak, legea erregelamendu bidez garatzean.
Foru lege honek ezartzen dituen eskumenak baliatzean Foru Administrazioko departamentuen esku-hartzea foru dekretu bidez xedatuko du Nafarroako Gobernuak.
12. artikulua. Azpiegiturei buruzko lurralde plana onestea.
1. Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak onetsiko ditu Nafarroako Foru Komunitateko azpiegiturei buruzko lurralde planak.
Lurzoru ez urbanizagarrian kokatzen diren instalazioak ere Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak onetsiko ditu.
Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatzen diren instalazioen kasuan udalek emanen dituzte kasuan kasuko lizentziak.
Tramiteak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearekin bat eginen dira.
Foru Administrazioak azpiegiturei buruzko lurralde plana onestea ezinbesteko baldintza izanen da udalek hirietan kokatutako instalazioak ezartzeko behar diren lizentziak eman ditzaten.
Udalen batek lizentziarik ematen badu planaren aldez aurretiko administrazio-onespena eduki gabe, lizentzia hori zuzenbidez deuseza izanen da.
Plana onesteko egintza Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, baina operadore interesdunari ere jakinaraziko zaio.
2. Instalazioak onartzeko irizpide orokorra arretazko erabilerako eremuetako esposizioa gutxitzeko planteatzen den justifikazio teknikoa izanen da; horretarako, kontuan hartu beharko da ordurako hedatuta dagoen sarea eta hedatzeko dagoena, eta, betiere, emisioak 1, 2, 3 eta 4. eranskinetan ezarritako mugak errespetatu beharko dituzte.
13. artikulua. Azpiegiturei buruzko lurralde plana gaurkotu eta aldatzea.
Operadoreek, kasua bada, aurkezturiko planaren edukiaren gaineko aldaketa guztiak jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari, planaren gaurkotzearen bidez.
14. artikulua. Azpiegituren baterako erabilera
Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorra garatzearren, telekomunikazioetako azpiegituren baterako erabilera dela-eta, erregelamendu bidez arautuko da irrati-komunikazioko estazioen azpiegiturak lurzoru ez urbanizagarrian batera erabiltzeko prozedura, horiek ingurumenean duten eragina gutxitzeko.
Garatzen den prozeduran bermatuko da enpresa operadoreek baldintza berberak izanen dituztela instalazioen kokapen berri guztietan, epe bat ezarriko baita azpiegiturak batera erabiltzeko interesa dutela adierazteko, eta orobat bermatuko da lehiatzeko gaitasuna zeharo garatuko dela eta operadoreek sareak hedatzea objektibotasunez eta diskriminaziorik gabe eginen dela.
Betiere, lurzoru ez-urbanizagarria zein hiri lurzoru edo/eta lurzoru urbanizagarria batera erabiltzea bideragarria izanen da baldin eta instalazio guztien eraginen baturak lege honek agindutako atalaseak gainditzen ez baditu.
IV. TITULUA. Legezkotasuna babesteko eta zehapenak ezartzeko araubidea
15. artikulua. Instalazioen kontrola eta aldizkako ikuskapena.
Kokapeneko baldintzak -foru lege honek arautzen dituen obrak eta instalazioen funtzionamendua barne- horretarako eskumena eskuordetuta duten udalen edo zerbitzuen mankomunitateen kontrol eta ikuskapenaren menpe egonen dira. Aurrekoa ezertan kendu gabe, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunak instalazioen aldizkako kontrol eta ikuskapenak eginen ditu, foru lege honetan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko. Instalazioen muga-balioak, 1, 2, 3 eta 4. eranskinetan ezarritakoak ez direla gainditzen egiaztatzeko, kasuan kasuko agintariak behar diren neurketa edo kalkuluak eginen ditu; bestela, hirugarrenek eginikoetan oinarrituko da. Erregelamendu bidez gomendatuko dira neurketa eta kalkulu metodo egokiak, arlo horretan gaitasuna aitortua duten entitateek homologatutako metodoekin bat etorriz. Zientzia eta Teknologia Ministerioaren urtarrilaren 11ko CTE/23/2002 Aginduan jasotzen diren euskarriekin bat etorriz aurkeztu beharko dira emaitzak -agindu horren bidez, irrati-komunikazioko zerbitzu operadoreek ziurtagiri eta azterlan jakin batzuk aurkezteko baldintzak ezarri ziren-.
16. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak
Foru lege honetan irrati-komunikazioko ekipoen kokapenari, instalazioari eta funtzionamenduari buruz xedatutakoa urratzen duten ekintzak edo ez betetzeak ondoko artikuluetan ezarritakoari jarraituz zehatuko diren arau-hausteak dira.
17. artikulua. Arauhausteen sailkapena
Foru lege honen xede diren arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira.
18. artikulua. Arauhauste arinak
Arau-hauste arintzat joko dira bai foru lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako xedapenen ez betetzeak -baldin eta arau-hauste larri edo oso larriak ez badira-, eta bai, zehazki, ondokoak ere:
1. Azpiegiturei buruzko lurralde plana osorik ez aurkeztea.
2. Azpiegiturei buruzko lurralde planak epez kanpo aurkeztea, betiere atzerapena hilabetekoa baino laburragoa bada.
19. artikulua. Arauhauste larriak
Ondokoak joko dira arau-hauste larritzat:
1. Instalazioak behar den egoeran mantentzeko betebeharra ez betetzea.
2. Instalazioak kontserbatu eta errebisatzeari buruz 7. artikuluan ezarritako betebeharra ez betetzea.
3. Kontserbazio akatsak jakinarazi eta hilabete batean zuzentzeko betebeharra ez betetzea.
4. Irrati-komunikazioko ekipoak edo haien elementuak kendu eta erretiratzeko betebeharra ez betetzea, jarduerari behin betiko uzten zaionean edo elementuak jada erabiltzen ez direnean; halaber, instalazio hori kokatuta dagoen zorua edo eraikina instalazioak jarri aurretik zegoen bezala uzteko betebeharra ez betetzea.
5. Foru Administrazioaren organo eskudunak ezarritako mimetizazio ekintzak gauzatzea.
6. Foru lege honetako 6. artikuluan instalazioen ingurumen-babesari buruz jasotako arauak ez betetzea.
7. Dauden instalazioak egokitzeko lehen eta bigarren xedapen iragankorretan ezarritako epeak ez betetzea.
8. Azpiegiturei buruzko lurralde planak epez kanpo aurkeztea, atzerapena hilabetekoa baino luzeagoa denean.
9. Administrazioak luzaturiko informazio-errekerimenduak behin eta berriz ez betetzea.
20. artikulua. Arauhauste oso larriak
Ondokoak hartuko dira arau-hauste oso larritzat:
1. Azpiegiturei buruz onetsitako lurralde planetan jaso gabeko instalazioak eraikitzea.
2. Jardueraren funtzionamenduak gainditzea erradiazio ez- ionizatzaileen gehieneko emisioak eta indarreko legeez ezarritako segurtasun distantziak.
21. artikulua. Zehapen administratiboak.
Ondoko zehapenak ezarriko dira arau-hauste administratiboengatik:
1. Arau-hauste arinak:
a) Ohartarazpena.
b) 30.000 euro bitarteko isuna.
c) Isun zehapen txikiena 3.000 euro bitartekoa izanen da; isun ertaina 3.001 eta 18.000 euro bitartekoa izanen da, eta isun handiena 18.001 eta 30.000 euro bitartekoa izanen da.
2. Arau-hauste larriak:
a) 30.001 eta 120.000 euro bitarteko isuna.
b) Isun zehapen txikiena 72.000 euro bitartekoa izanen da; isun ertaina 72.001 eta 96.000 euro bitartekoa izanen da, eta isun handiena 96.001 eta 120.000 euro bitartekoa izanen da.
c) Hiru hilabete bitarte jarduera etetea; epe hori luzatu ahal izanen da zehapena ekarri zuen arau-haustea zuzentzeko beharrezkoa bada.
3. Arau-hauste oso larriak.
a) 120.001 eta 240.000 euro bitarteko isuna.
b) Isun zehapen txikiena 168.000 euro bitartekoa izanen da; isun ertaina 168.001 eta 204.000 euro bitartekoa izanen da, eta isun handiena 204.001 eta 240.000 euro bitartekoa izanen da.
c) Sei hilabete bitarte jarduera etetea; epe hori luzatu ahal izanen da zehapena ekarri zuen arau-haustea zuzentzeko beharrezkoa bada.
Isun zehapena eta gabetzea bateragarriak izanen dira.
Zehapenak ezartzeko organo eskudunek zehapenaren kopuruaren gainetiko ehuneko hamarreko hertsapen isunak ezarri ahal izanen dituzte jarduera eteteko ebazpena bete gabe iragandako egun bakoitzeko.
22. artikulua. Instalazioaren funtzionamendua etetea.
Segurtasun arrazoiengatik, administrazioak, prozeduraren tramitazioan zehar nahiz hura hasi aurretik, behin-behineko neurri gisa, instalazioaren funtzionamendua eten ahal izanen du.
23. artikulua. Zehapenak ezartzeko eskumena.
Ondokoak dira zehapenak ezartzeko organo eskudunak:
-Arau-hauste arinen kasuan, gai horretan eskuduna den zuzendari nagusia.
-Arau-hauste larrietarako, gai horretan eskuduna den kontseilaria.
-Arau-hauste oso larrietarako, Nafarroako Gobernua.
24. artikulua. Erantzuleak.
Foru lege honek ezarritako arau-hausteen administrazio erantzukizuna ondokoena izanen da:
a) Titulu gaitasun-emailearen titularrarena.
b) Titulu gaitasun-emailea izan gabe telekomunikazio sareak paratu eta ustiatzean nahiz zerbitzuak ematean egindako arau- hausteetan, jarduera burutzen duen pertsona fisiko edo juridikoarena edo, subsidiarioki, zuzenbidean balioduna den edozein titulu juridikoren bidez -nahiz halakorik izan gabe- instalazioak eta ekipoak erabiltzeko modua duenarena.
c) Telekomunikazioei buruzko legerian araututako jarduerak burutzen dituzten pertsona eta erabiltzaileek -honen aurreko letretan sartzen ez direnak- egindako arau-hausteetan, hautsiriko aginduan tipifikatutako jarduera burutu duen pertsona fisiko edo juridikoarena edo kasuan kasuko arauek espresuki erantzukizuna eratxikitzen diotenarena.
25. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.
Aplikatu beharreko zehapenak mailakatzeko, ondoko irizpideei jarraituko zaie:
a) Intetentzionalitaterik ba ote dagoen.
b) Zehapen espedienteari hasiera eman aurretik sortutako kalteak zuzentzea.
c) Zehapen espedientearen tramitazioan zehar arau-haustea ekarri duten akatsak zuzentzea.
d) Egindako kaltearen nolakotasuna.
e) Berrerortzea: halakotzat hartuko da gisa bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea lehenbizikoaren ebazpena irmoa izan eta urtebeteko epean.
26. artikulua. Betetze subsidiarioa.
Foru lege honetan araututako instalazioak erretiratzeko agindua ematen bada, erantzukizuna duen operadoreak ez baldin baditu legean ezarritako epean erretiratzen, Foru Administrazioak bere arioz bete ahal izanen du agindu hori.
27. artikulua. Preskripzioa.
Arau-hausteek preskribitzeko epeak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoak izanen dira.
28. artikulua. Definizioak.
1. Operadorea. Zerbitzu emailea. Kontzeptu horren barruan ondokoak sartu behar dira:
a) Irrati-komunikazioko azken zerbitzuen operadorea: halakorik eskatzen bada, beharrezko titulu gaitasun-emailea izaki azken erabiltzaileari zerbitzu ematen dioten pertsona fisiko nahiz juridikoak.
b) Irrati-komunikazioko sareen eta azpiegituren operadorea: erabiltzaileentzako azken zerbitzua emateko gaitasunik izan gabe, honen aurreko letran definitutako operadoreei azken zerbitzu horiek emateko beharrezkoak diren sare, ekipo edo/eta azpiegiturak ematen dizkietenak. (Irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuko 12. artikulua).
Foru lege proposamen honetan "operadore" terminoa erabiltzen den guztietan, bi kategoria horiek sartzen direla ulertu behar da.
2. Telekomunikazioa: Hari, irrati-elektrizitate, bitarteko optiko edo beste sistema elektromagnetikoren bidezko edozein motatako informazio, soinu, irudi, idatzi, seinale edo zeinuren transmisio, emisio edo jasotze oro, Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko definizioari jarraikiz.
3. Irrati-komunikazioa: Uhin erradioelektriko bidez transmititutako telekomunikazio oro, Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko definizioari jarraikiz.
4. Azpiegitura: etxola eta mastaz, edo kasuan-kasuan dorre eta elektrizitate, klimatizazio eta hesi sistema erantsiz osatutako obra zibila, telekomunikazio ekipoak instalatzeko euskarri izateko balio duena.
5. Ekipoak: Telekomunikazio azpiegituretan instalatzen diren eta seinale erradioelektrikoak jaulki edo jasotzen dituzten parabolak, sektoreak eta bestelako elementu erradiatzaileak eta horien ekipamendu elektronikoak.
6. Telekomunikazio sareak: transmisio sistemak, eta bidezko denetan, konmutazio ekipoak eta bestelako bitartekoak, kable, bitarteko optiko nahiz bestelakoen bidez amaiera puntu definituen artean seinaleak transmititzen uzten dutenak, Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko definizioari jarraikiz.
Lehena.-Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Foru Komunitatean ezarrita dauden operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu beharko dute.
Bigarrena.-Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Foru Administrazioaren organo eskudunak Erregistro Berezi bat sortuko du; hartan jasoko dira Foru Komunitateko irrati-komunikazioko zerbitzuak emititzea xede duten azpiegiturak.
Hirugarrena.-Erregistroko inskripzioa Administrazioaren arioz ala interesdunak eskatuta eginen da, eta gutxienez ere lizentziaren titularrari eta instalazioa baimentzeko ezarritako baldintzei buruzko datuak jasoko ditu, arauz ezartzen direnez gainera.
Laugarrena.-Betiere, udal batek foru lege honek araututako instalazio bat ezartzeko lizentzia ematen duen bakoitzean, aurreko idatz-zatian jasotako datu guztiak Erregistro Berezira igorri beharko dizkio.
Foru lege honek indarra hartu aurretik zeuden instalazioek foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean egokitu beharko dira ezarritakoak betetzeko.
Lehena.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau berariaz gara dezan eta operadoreei eman beharreko informazioa, azpiegiturei buruzko lurralde planaren zati dena, aldatzeko.
Bigarrena.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari eranskinetako erreferentziako mailak pertsonen osasunaren babes eta segurtasun handiagoak bermatzeko ematen diren aurrerapen zientifiko eta teknologikoen arabera egokitzeko.
1. ERANSKINA
Arretazko erabilerako leku ez direnetan eremu elektromagnetiko ez-ionizatzaileen esposiziorako baimenduta dauden gehieneko mailak
Ondoko taulan frekuentzia ezberdinetako erreferentzia mailak irudikatu dira, eremu elektrikoen intentsitatea (V/m), eremu magnetikoaren intentsitatea (A/m) eta potentzia dentsitatea (W/m2, wattetan metro koadroko):
1. taula
EREMU EREMU POTENTZIA
FREKUENTZIA ELEKTRIKOAREN MAGNITIKOAREN POTENTZIA
TARTEAK INTENTSITATEA INTENTSITATEA DENTSITATEA
(E) (V/M) (H) (A/m) (W/m2)
9-150 KHz 58 3,3 -
0,15-1 MHz -
1-10 MHz 58 0,5/f -
400-2000 MHz 58/f 1/2 0,5/f -
2-300 GHz -
19 0,05 0,9
0,9f 1/2 0,0025 f 1/2 f/450
41 0,1 4,5
Ondoko taulan, mugikorretarako frekuentzia ezberdinen (GSM-900, DCS-1800 eta UMTS-2000) mugak adierazi ditugu:
FREKUENTZIAK ERREFERENTZIAKO MAILA (W/m2)
900 MHz 2 (equivalente a 0,2 mw/cm2)
1800 MHz 4 (equivalente a 0,4 mw/cm2)
2000 MHz 4,5 (equivalente a 0,45 mw/cm2)
Definizioak:
a) Erreferentziako maila jende ororentzat eremu elektromagnetiko ez-ionizatzaileen esposiziorako baimendutako gehieneko maila izanen da.
b) Eremu elektrikoaren intentsitatea (E): kargaturiko partikula baten gainean eragindako indarrari dagokion kopuru bektoriala, espazioan duen mugimendua alde batera utzita. Metroko voltetan (V/m) adierazten da.
c) Eremu magnetikoaren intentsitatea: espazioko edozein puntutan eremu magnetiko batek zehazturiko kopuru bektoriala (H) da. Metroko anperetan adierazten da.
d) Potentzia dentsitatea (S): azalera batean perpendikularki eragiten duen erradiazio-potentzia zati azaleraren area da. Metro koadroko wattetan (W/m2) nahiz zentimetro koadroko mikrowattetan (microW/cm2) adierazten da.
e) E.p.i.b.: irrati sistema bakar baten erradiaturiko potentzia isotropiko baliokidea da.
f) Frekuentzia: denbora unitate batean espazio gune batetik iragaten diren uhinen kopurua da; segundoko edo hertzeko ziklotan neurtzen da (Hz). Frekuentzia altuan MHz-tan (hertzak milioitan) edo GHz-tan (mila MHz) adierazten da.
Eremu librean eta eremu urruneko lekuan, eremu magnetikoaren, eremu elektrikoaren eta potentzia dentsitatearen korrelazio bat dago. Ondoko formulen bitartez adierazten da:
E = H x 377
S = E2/377 = 377 x H2
2. ERANSKINA
Arretazko erabilerako lekuetarako erreferentziako maila
Telekomunikazio azpiegituren 100 metroko erradioan arretazko erabilerako lekutzat jotako espazioak egonez gero, azpiegituraren jabeak emisio erradioelektrikoko mailak zehazten dituen azterlan berariazkoa aurkeztuko du -kalkulua espazio horien gainean eginez-, kontuan hartuko dituena, gainera, espazio horietan lehendik zeuden emisio mailak. Azterlan horretan justifikatuko dira arretazko erabilerako leku edo espazio horietan esposizio mailak minimizatzeko hartu diren neurriak (altuera, orientazioa eta abar).
Debekatuta dago ikastetxeetan telefonia mugikorreko instalazioak jartzea.
3. ERANSKINA
Babes eremuak edo eremu irekietako eta esposizioko edo erabilera jarraituko gutxieneko distantziak
Eranskin honetan, eremu irekietan, eraikinen babesik ez dagoenetan, erabilera eta jendearentzako esposizio jarraitua gertatzen bada, efektu termiko izenekotik babesteko bete beharreko murrizpen gehigarriak jarri ditugu.
Murrizpen gehigarri hauek berekin dakarte paralelepipedo irudiko babes eremu bat zehaztea; eremu horietan, irrati sistemen arteko gutxieneko distantzia batzuk (10m x 6m x 4m) gorde beharko dira, pertsonen bizitzeko espazioa gordeko dela hobeki bermatzeko.
Babeserako paralelepipedoa: antenaren muturretik erradiazio gehienekoaren norabidean marrazturiko paralelepipedo bat da (1. irudia).
Paralelepipedo horren barruan ezin izanen da jendearentzako erabilera edo esposizio jarraituko iragateko edo/eta egoteko lekurik egon. Babeseko bolumen horretan iragateko edo/eta egoteko eremuren bat suertatzen bada, nahitaez aldatu beharko da irrati sistemaren kokapena.
Distantziak irrati sistematik hartu beharko dira, betiere erradiazio gehieneko norabidean.
1. irudia: Babeserako paralelepipedoa.
4. ERANSKINA
Frekuentzia anitzeko iturrien esposizioa
Aldi berean frekuentzia ezberdineko eremuen esposizioa gertatzen den egoeretan, kontuan hartu beharko da esposizio horien eraginak elkarrekin metatzeko aukera bat dagoela.
Hori dela eta, ondoko irizpidea aplikatu beharko da eremuko intentsitateei dagokienez:
U (i> 1 MHz, 300 GHz) (Ei/EL,i)2 - 1
Ei eremu elektrikoak i frekuentzian duen intentsitatea da.
EL,i eremu elektrikoak i frekuentziarako duen muga da, 1. eranskineko 1. taulan ezarritakoari jarraituz.
U (j> 150 KHz, 300 GHz) (Hj/HL.j)2 - 1
Hj eremu magnetikoak j frekuentzian duen dentsitatea da.
HL,j eremu magnetikoak j frekuentziarako duen dentsitatea da, 1. eranskineko 1. taulan agertzen den bezala.
Aurreko formula gehigarrietarako aurretik suposatzen da iturri anitzetatik datozen fase-baldintza okerrenak gertatzen direla.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: a0204949