9/1999 FORU LEGEA, APIRILAREN 6KOA, ESKUBIDE SOZIALEN GUTUN BATERAKOA
BON N.º 43 - 09/04/1999
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. TITULUA. LANALDIAREN BANAKETARAKO POLITIKA
III. TITULUA. OINARRIZKO ERRENTA
IV. TITULUA. FINANTZAKETA
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Foru lege honen xedea .
Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko eremuan Eskubide Sozialen Gutuna aldarrikatzea, Nafarroan egoitza duten eta Nafarroan erroldatuta dauden herritar guztiei lan bat eta, Gizarte zerbitzuei buruzko Foru Legean eta bera garatzeko araudian ezarritako baldintzak betetzen badira, oinarrizko errenta eskuratzea segurtatuko diena, herritartasunak ematen dituen eskubideez bere osotasunean baliatzeko aukera izan dezaten.
2. artikulua. Foru lege hau iradoki duten printzipioek:
Herritartasun eskubide unibertsalak sendotzea lan merkaturako sarbidea itxirik duten pertsona guztientzat, behar den dirusarrerarik ez baitute besteek dituzten eskubide berekin bizitza duin bat izateko, kulturara iristeko, eta etxebizitza, zerbitzuak, hezkuntza, osasuna eta gizartean integrazio osoa izateko ere.
Gizartearen produktutik hiritar bakoitzari dagokion zatia izateko eskubidea benetan aitortzea, bila ibili arren lanik aurkitzen ez dutenentzat oinarrizko errenta bat emanez.
Lanaldia banatzea lan bila dabiltzanen artean, pertsona eta talde sozialen arteko elkartasun eta berdintasun printzipio unibertsalen izenean, eta hiritartasun eskubideak inplikatzen duelako nork bere lanarekin laguntzea gizarte osoak ongizatea izan dezan.
II. TITULUA. LANALDIAREN BANAKETARAKO POLITIKA
3. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoko langileak.
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen 2000. urterako eta hurrengo urteetarako lan baldintzak sindikatuetako ordezkariekin negoziatzerakoan, Nafarroako Gobernuak lanaldia berrantolatu eta murrizteko behar diren neurriak aurkeztuko ditu Negoziazio Mahai Orokorrean, hartan azter daitezen; neurri horiek 35 orduko lan astea ezartzea bideratuko dute, lanaldi orokorra egiten dutenentzat, eta hein bereko lanaldi-murrizketa txandaka edo txanda berezitan lan egiten dutenentzat.
Asteko 35 orduko lanaldiaren urteko zenbaketak 1.592 ordu egiten du, guztira.
Neurri horiek aplikatzeak lanpostu berrien beharra ekarriko du, behar horiek betetzea ezinbestekoa bada zerbitzuaren maila mantentzeko. Horren berri eman beharko da kasuan kasuko enplegu eskaintza publikoan sartzeko.
Bai lanaldiaren murriztea zehazteko formulak, bai zerbitzua bermatzeko behar den enplegu egonkorraren sorrera zehazteko formulak, langileen legezko ordezkariekin negoziatu beharko dira.
Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten bi sindikatuekin 1999ko otsailaren 26an sinaturiko "Lanaldia berrantolatu eta murriztearen bidez kontratazioa sustatzeko akordioa" izenekoan esaten denaren arabera, Nafarroako Gobernuak lanaldiaren berrantolamendua eta murrizketa sustatuko ditu enpresetan, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioak, toki entitateek edo haien menpeko organismo autonomoek partehartze maioritarioa badute aipatu enpresen kapitalean, zuzenean edo zeharka.
Era berean, aparteko orduak mugatzearena ere bereganatuko dute, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten bi sindikatuekin 1999ko otsailaren 26an sinaturiko "Aparteko orduak deuseztu eta murrizteari buruzko Akordioa" izenekoan esaten denari jarraituz.
III. TITULUA. OINARRIZKO ERRENTA
4. artikulua. Zenbatekoak, epeak eta esleipenak .
1. Oinarrizko errentaren zenbatekoa zehazteko, erlazionatuko dira lanbide arteko gutxieneko soldataren ehunekoa -urtero ezarriko da-, dirusarrera propioak eta familia-unitatea osatzen duten kideen kopurua; zehaztapen hori hurrengo eskalen arabera eginen da, aipatzen den urte bakoitzerako.
2008. URTEA
1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 85, gehienez.
2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 105.
3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 115.
4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 125.
5 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 135.
6 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 145.
Esleitutakoa ez da inoiz ere lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 10 baino gutxiago izanen.
2009. URTEA
1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 90, gehienez.
2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 110.
3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 120.
4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 130.
5 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 140.
6 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 150.
Esleitutakoa ez da inoiz ere lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 10 baino gutxiago izanen.
2010. URTETIK AURRERA
1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 100, gehienez.
2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 120.
3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 130.
4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 140.
5 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 150.
Esleitutakoa ez da inoiz ere lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 10 baino gutxiago izanen.
Inongo familiak ez du kobratuko oinarrizko errenta moduan lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 150 baino gehiago.
2. Gizarte gaietako departamentu eskudunari dagokio oinarrizko errenta esleitzea, eta sei hilabeterako esleituko da; sei hilabeteko epe hori beste horrenbesteko epe batzuekin luza daiteke modu jarraituan, gehienez ere bi urte egin arte.
3. Salbuespen gisa, gizarte gaietako departamentu eskudunaren titularraren foru aginduaren bidez, gainditu egin ahalko da aurreko idatz-zatian ezarritako laguntzaren gehieneko epea, baldin eta horretarako arrazoi bereziak badaude. Salbuespenezko egoera horietan ezarri ahalko da, halaber, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritakoa baino ezberdina den zenbateko bat.
Arrazoi berezi horiek eta zenbatekoak erregelamendu bidez ezarriko dira.
4. Oinarrizko errenta esleitzeko gehieneko epea izanen da gizarte zerbitzu orokorren zorroan ezartzen dena, eta laguntza hau prestazio ziurtatutzat hartuko da.
5. Minusbaliotasunagatik oinarrizko errenta baino prestazio txikiagoa jaso eta modu jarraituan lanposturen bat eskuratzerik ez duten pertsonei ere ziurtatuko zaie prestazio ekonomiko osagarri bat; prestazio horren zenbatekoa, gutxienez, bien arteko aldeari dagokion kopurua izanen da, lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 100era iritsi arte, oinarrizko errenta jasotzen duten gainontzeko pertsonen baldintza berberekin.
5. artikulua. Prestazioa jasotzeko betebeharrak .
Oinarrizko errenta jasotzeko betebeharrak erregelamendu bidez ezarriko dira, eta gutxienez hauek eskatu beharko dira:
a) Hogeita bost urte baino gehiago eta hirurogeita bost baino gutxiago izatea.
Salbuespen gisa, eta espedientean objektiboki justifikatutako arrazoiengatik, familia unitate bat osatzen duten pertsonak prestazioaren onuradun izan ahalko dira, nahiz eta baldintza guztiak ez bete, baldin eta erregelamenduz zehaztuko diren behar larriko egoeretan badaude.Kasuotan, prestazioa ematen duen ebazpenak aski arrazoitua beharko du.
b) Gizarteratzeko eta laneratzeko akordio bat sinatu beharko da, sei hilabete baino gutxiagoko denboraldi batean.
c) Frogatu beharko da Nafarroan jarraian bizi izana eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan, salbu eta eskatzailea gizarte-bazterketa egoeran dagoen familia-unitate bat bada eta adingabeak baditu bere kargu, kasu horretan salbuetsi egin baitaiteke baldintza hori eskatzetik.
IV. TITULUA. FINANTZAKETA
Foru lege honetan hartutako neurriak Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorren bidez finantzatuko dira.
Bederatzi hilabeteren buruan, erregelamenduzko xedapenak eta xedapen osagarriak emanen dira, foru lege honetan ezarritakoa hobeki bete eta gara dadin.
Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.