(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/1999 FORU LEGEA, martxoaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa lanean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzkoa.

BON N.º 37 - 26/03/1999



Texto

Nafarroako Parlamentuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Batzordeak, 1998ko abenduaren 2an egindako bilkuran, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Plana onetsi zuen, horren inguruko ebazpen proposamenarekin batera.

Ebazpen proposamen horren barruan, Garatu beharreko Jarduketa Programen artean, "Lege mailako Garapena" izeneko Programa sartu da. Bertan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio hiru hilabeteko epearen barruan, Foru Lege Proiektu bat bidal diezaion Nafarroako Parlamentuari, hain zuzen Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrak zerrendatzeko eta, orobat, lur horien onura publikoa edo interes soziala deklaratu eta ureztaketako lurrak lurzoru urbanizaezin gisa babesteko behar diren zehaztapenak biltzeko, interes publikoa dela kausa izan litezkeen salbuespenak onartzeko aukera galarazi gabe.

Foru Lege Proiektu horren bidez, ahalmena emanen zaio Nafarroako Gobernuari aipatu jarduketa eta obren zerrendan aldaketa puntualak egiteko, foru dekretu bidez, arrazoituak beti ere, inguruabar bereziak direla-eta, lur gehiago sartzea edo daudenak oso-osorik edo neurri batean aldatzea beharrezkoa edo komenigarria dela ikusten bada. Foru Lege Proiektu horrek, bestalde, bidea eman beharko luke Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planaren jarduketa eta obrak finantzatzeko aurreikuspenak Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legean eta Nekazaritzaren Finantzazioari buruzko lege mailako xedapen guztien Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko Legegintzako 54/1998 Foru Dekretuan adierazitakoari moldatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planari atxikitako ebazpen proposamen horretan adierazitakoa betearazteko, bidezko da dagokion Foru Legea artikulatzea, batetik, Planean aurreikusitako ureztaketetako jarduketa eta obrak zerrendatzeko, eta bestetik, ebazpenean bildutako zehaztapenak emateko, hori guztia Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren indarrez, Nafarroako Foru Komunitateak ureztaketen, nekazaritzaren, herrilanen, ingurugiroaren eta lurraldearen antolamenduaren arloetan dituen eskumenak baliatuz.

1. artikulua. Foru Lege honen Eranskinean azaltzen diren ureztaketetako obra eta jarduketak Nafarroako Parlamentuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Batzordeak 1998ko abenduaren 2an egindako bilkuran onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sartuko dira.

2. artikulua. Nafarroako Gobernuak ahalmena du Foru Lege honen Eranskinean eta Ureztaketa Planean agertzen diren jarduketa, obra, esparru eta diruzenbatekoetan aldaketa justifikatuak egiteko, Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legeari jarraikiz, kasuankasuan gertatzen diren inguruabarren arabera.

3. artikulua. 1. Foru Lege honen Eranskinean zerrendatzen diren jarduketa eta obren onura publikoa eta interes orokorra deklaratzen da, bai halaber, 2. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, indarra duen legerian ezarritako bidezko helburu eta ondorioetarako, Nafarroako Gobernuak zerrenda horretan gero sartzen dituen guztiena.

2. Zehazki, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenez den bezainbatean, ondorengo lan hauen onura publikoa eta interes orokorra deklaratzen da, ondorio guztietarako: Nafarroako Ubidearen obra eta jarduketak, eta haren eraginpeko eskualde ureztagarrien ureztaketak ezarri eta hobetzekoak.

4. artikulua. Foru Lege honen babesean sustatzen diren ureztaketetako obra eta jarduketak Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan aurreikusitakoari jarraikiz burutuko dira.

5. artikulua. Foru Lege hau eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Plana garatu eta aplikatzeko behar diren obra eta jarduketen finantzazioari dagokionez, Nafarroako Gobernua Nafarroako Foru Komunitatean dauden finantzabideak hobetzeko izan litezkeen Estatuko edo Europako Batasuneko xedapen, programa eta planetan ezarritakoaren menean egonen da, eta, zehazki, honakoetan adierazitakoarenera: Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea eta Nekazaritzaren Finantzazioari buruzko lege mailako xedapen guztien Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko Legegintzako 54/1998 Foru Dekretuaren III. Titulua. Hori horrela, jarduketa eta obra horiek finantzatzeko egokien juzkatzen dituen baliabide ekonomiko eta administratiboak lortzeko behar diren Hitzarmenak sinatu ahalko ditu.

6. artikulua. Lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako baliabideetan, orohar, behar diren zehaztapen eta aurreikuspenak sartu beharko dira Ureztaketa Planean eta Foru Lege honen Eranskinean ureztagarri gisa deklaraturiko eskualdeak hiri garapenaren prozesuaz babesteko. Hori helburu, lur horiek lurzoru urbanizaezinen sailean segituko dute eta babesteko behar duten kasuan kasuko hirigintza kategoria emanen zaie, salbu eta interes publiko edo sozialeko arrazoi justifikatuak tarteko, hiri lurzoru edo lurzoru urbanizagarri bihurtzea komenigarria baldin bada.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Gobernuari esleitu zaizkion ahalmenak galarazi gabe, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio, dela zuzenean, dela “Riegos de Navarra, SA” kapital publikoko enpresaren bitartez, Nafarroako Ureztaketa Plana sustatu, garatu eta burutzea, Foru Komunitateko eskumenen esparruan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio Foru Lege hau eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Plana garatu eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarrik gabe uzten dira Foru Lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Hirugarrena.-Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

E R A N S K I N A

Nafarroako Foru Komunitateko ureztaketa plana osatzen duten jarduketa eta obrak

I.-Egun dauden ureztaketak gaurkotu eta hobetzea

Aurreikusi den azalera, guztira: 18.908 hektarea

Onuradunak: 6.000.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 18.630 milioi pezeta.

Finantzazioa: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua.

Burutzeko kalkulatu den epea: 1998-2018.

Jarduketa berariazkoak:

1. 1. Viana I, Caparroso (Bayunga) eta Ega Ibarra.

Azalera: 2.104 hektarea.

Burutzeko epea: 1998 eta 1999.

1. 2. Santacara, Mélida eta Azkoien-Marcilla.

Azalera: 713 hektarea.

Burutzeko epea: 1998 eta 1999.

1. 3. Traibuenas (Bayunga), Zarrakaztelu II (La Esperanza), Gares, Arguedas (Tuterako ibaibidea), Murillo el Fruto (Ubide Inperiala), Abartzuza eta Cabanillas (Tausteko Ubidea).

Azalera: 4.639 hektarea.

Burutzeko epea: 1999-2001.

1. 4. Beste eskualde batzuk, sinadura bilketa fasean edo sustapen fasean daudenak.

Azalera: 11.452 hektarea.

Burutzeko epea: 2001-2008.

II.-Burutze fasean dauden eskualde ureztagarrien finantzazioa.

Aurreikusi den azalera, guztira: 1.303 hektarea.

Onuradunak: 706.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 1.309 milioi pezeta.

Finantzazioa: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua.

Burutzeko kalkulatu den epea: 1998-2001.

Berariazko jarduketak:

2. 1. Caparroso eta Balsilla Marín.

Azalera: 116 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 188 milioi pezeta.

Burutzeko kalkulatu den epea: 1998-2001.

2. 2. Mendaviako El Rubio Alto.

Azalera: 835 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 848 milioi pezeta.

Burutzeko kalkulatu den epea: 2000-2001.

2. 3. Viana II.

Azalera: 352 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 273 milioi pezeta.

Burutzeko kalkulatu den epea: 2000-2001.

III.-Ureztaketa berriak jartzea.

Aurreikusi den azalera, guztira: 60.433 hektarea.

Onuradunak: 13.717.

Aurreikusitako jarduketak:

3. 1. Nafarroako Ubidearen eraginpeko eskualde ureztagarriak.

Azalera: 57.683 hektarea.

Onuradunak: 13.000.

Finantzazioa: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren kargura izateko aurreikusi den diru kopurua 68.502 milioikoa da, honela xehekatua:

-Lurzatien berrantolamenduari buruzko azterlan teknikoak: 1.705 milioi.

-Lurzati berrantolamenduko bideak eta saneamendu obrak: 6.622 milioi.

-Ura eramateko oinarrizko sarea: 14.312 milioi.

-Ureztatze-ahorainoko banaketa sarea: 33.602 milioi.

-Lurzatietan instalatzeko obrak: 12.802 milioi.

Burutzeko epea: 2001. urtetik 2018.era arte.

3. 2. Ureztaketa sozial berriak.

Azalera osoa: 2.750 hektarea.

Onuradunak: 717.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 2.621 milioi pezeta.

Burutzeko kalkulatu den epea: 2008. urtea baino lehen.

Honako jarduketa berariazko hauek biltzen ditu:

A) Funes

Azalera: 500 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 435 milioi pezeta

B) Irunberri

Azalera: 100 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 148 milioi pezeta

C) Urraulbeiti-Irunberri

Azalera: 250 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 238 milioi pezeta

D) Deierri

Azalera: 200 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 200 milioi pezeta

E) Andosilla

Azalera: 800 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 700 milioi pezeta

F) Beste eskualde apalago batzuk

Azalera osoa: 900 hektarea.

Inbertsiorako kalkulatu den gehieneko kostua: 900 milioi pezeta.

IV.-Beste jarduketa batzuk.

Atal honetan sartzen dira ureztaketako lur bihurtu eta ureztaketak hobetu aurreko ikerlan eta azterlanak egiteko jarduketak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak finantzatuak, gai hauen ingurukoak:

a) Lur ureztagarriak hautatzea.

b) Urezta litezkeen eskualdeen gainean egin gabe dauden ikerlanen metodologia eta inbentarioa ezartzea.

c) Ureztalur bihurturiko eskualdeen diagnostikoa eta segimendua, metodologia eta etorkizuneko proiektuen kostuak hobetzeko.

d) Ureztatzaileen prestakuntza, ureztaketa tekniketan eta ingurugiroko gaietan.

e) Ureztaketako nekazaritzak nekazaritzako elikagaien eta nekazaritzako energiaren industriekin behar lukeen oinarrizko lotura lortzera bideraturiko azterlanak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko lege Organikoaren 22. artikuluak xedatutakoa bete dadin, Foru lege hau aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadin agintzen dut eta hiritar eta agintari guztiei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko martxoaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuaren Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9902712

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web