(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/1997 FORU LEGEA, otsailaren 27koa, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa.

BON N.º 29 - 07/03/1997



ZIOEN ADIERAZPENA

Nafarroako Parlamentuak Industri Politikarako eta Inbertsioa eta Enplegua Sustatzeko Koiuntura Neurriei buruzko Araua eman zuenetik, 1982ko ekainean hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateak lan eskerga egin du industrietarako lurrak sustatzen Nafarroako zenbait alderditan, eta horren barrenean ere sartzen da Udal eta Kontzejuei emandako laguntza tokian tokiko udalerrietan industrietarako lurrak sor ditzaten, horretarako korriturik gabeko aurrerakinak emanez.

Nafarroako Gobernuak zuzenean sustatutako industrialdeak orain arte izan dira eskualdeko izaerakoak, eta horregatik udalerri izaerako poligonoak sustatu ziren osagarri gisa, arestiko Arauko 14. artikuluan Udal eta Kontzejuen ekimenak bultzatzeko laguntzak hasiera batez ezarrita. Laguntza horien zenbatekoak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aldizka aldatu izan dira.

Azkenik, ikusirik gero eta eskari haundiago bati oraingo baliabide publikoekin behar bezala ezin erantzun zaiola eta proiektu zenbaiten bideragarritasun ekonomikoa ezin bermatu zela, 1993ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legearen bidez ezarri zen, 35.5 artikuluan hain zuzen ere, gastuetarako konpromezu gehiago ezin hartuko zirela "industrietarako udal lurzorua sustatzeko laguntzen planeko industrietarako lurzorua sustatzeko" Proiektuaren kargura, industri politikarako Inbertsioa eta Enplegua sustatzeko koiuntura-neurriei buruzko Arauko 14. artikuluan ezarri eta arautzen baitira. Halaber, Foru Lege horrek agindua eman zuen deialdi bat egiteko, alegia, toki entitate interesatuek eskabideak aurkez zitzaten beste "udal ekimeneko industri lurzorua sustatzeko Jarduketa Plan" baterako, eta horiek ikusita, Nafarroako Gobernuak jarduketen Plan urteanitza gauzatu eta Parlamentuan aurkez dezan.

1993ko uztailaren 26ko Erabakiaren bidez deialdia egin zen eta haren ondorioz bidezko da beste arautegi bat ezartzea toki entitateek industrietarako lurzorua lortzeko jaso ditzaketen laguntza publikoak arautzeko, gaur egungo inguruabar eta beharrei egokitzeko helburuz.

Orain onesten den berrikuspenak, alde batetik, hobeki zehaztuko du udaletako zein ekintza lagundu behar diren, eta bestetik finkatu egiten du zein diren "herri mailako jarduera ekonomikoak jartzeko poligonoak", hau da, berrikuspen honek gainditu egiten du orain arteko irizpide murriztailea zeinetan industri erabileretarako bakarrik onartzen baitzen. Horrela bada, poligono horiek mesedegarri dirateke hiriguneetako karga arintzeko, izan ere zenbait jarduera desegokiro kokatuak izateagatik nahiz instalazioak haunditu nahi dituztelako, eraman eginen dira poligonoetara. Halaber, poligono horietan kokatu daitezke herri mailako beharrei ongi egokitzen zaizkien jarduerak (tailerrak, biltegiak, industria xeheak, zerbitzuak, etab.).

Poligonoa egin behar bada lur batean, lur horrek behar du nahitaez industri edo zerbitzuetarako lurzoru urbanizagarriaren kalifikaziokoa izan, edo izaera hori behar du lortu, eta gainera bermatu behar da lur horiek udalarenak direla, eta horretarako desjabetzapen sistema erabiliko da, beharrezkoa bada.

Bestetik ere, lortu nahi da proiektu horiek gutxieneko baldintza eta ezaugarri batzuk betetzea, haien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatzeko, eta horregatik hain zuzen ere ezartzen da lurzatien eskariak gutxienez behar duela izan lurzati guztien 100eko 30ekoa, beti ere proiektua egokitu beharko delarik egiazko eskarietara, eta behar diren ekarpen ekonomikoak jarriko dira enpresa eskatzaileak eta udal sustatzaileak elkartzeko asmoz, horrela bermatuko baita, Nafarroako Gobernuaren laguntzekin batera, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa.

Aurreikusten diren laguntzak, egokienak direla uste baita, funtsean hitzartzeko kreditu edo maileguen korrituak berdintzeko adinako dirulaguntzak dira, haren puska nagusia obren kostuaren 100eko 50 izanen baita, edo 100eko 60 poligonoa alditan egiten baldin bada, eta horrela, finantzaketaren gainerakoa enpresa eskatzaileen eta proiektua sustatu duen udalaren artean paratuko da.

Halaber, Foru Lege honetan ezarritako laguntzen arautegian sartzeko hasierako erabakiak bere baitan biltzen du sustapen proiektuaren osotasuna proiektu teknikoak eta urbanizazio eta azpiegitura lanak), eta gero batean eginen da, egiazko kostuak zein diren jakinik, onuren zehaztapen zehatza.

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege honen xedea da Nafarroako toki entitateendako laguntzen irispidea, modua eta baldintzak arautzea, laguntza horiek herri mailako jarduera ekonomikoak paratzeko poligonoen urbanizazio proiektuak egin eta aurrera eramateko.

2. artikulua. Herri mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak: nolakotasunak eta xedea.

Foru Lege honen ondorioetarako, herri mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak dira hiriguneak arintzeko asmoz egiten direnak, egungo jardueren lekualdaketa sustatuz, kokagune desegokian daudelako edo haien instalazioak haunditu nahi dituztelako. Halaber, aurreikusten da proiektuak onartzea, herri mailako bizimodu eta beharrekin lotura handiak dituztenak, alegia, tailerrak, biltegiak, industria xeheak eta horrelatsukoak, edo agian, kanpoko enpresen proiektuak bertan hartzeko.

3. artikulua. Baldintzak.

Nafarroako toki entitateak dira laguntza hauen helburu eta, beraz, onuradun izan daitezke, baldin eta jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatu nahi badituzte, eta ondoko baldintzen barrenean badira:

a) Poligonoa jarri nahi den lurzorua hirilurzorua edota lurzoru urbanizagarria izatea, indarra duen udal planeamenduan industria nahiz zerbitzuetarako.

b) Lurzoruren bat ukitua suertatzen bada, indarrean dagoen planeamenduak ezartzen duen jarduketa sistema desjabetzapenarena izatea, dagokion exekuzio unitaterako, menpekotzak eta kanpo zerbitzuak barne, hori toki entitatearena ez bada.

c) Hasiera batez antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskakizunekin bat etortzea, lurzatietatik heldu den azalera garbia 20.000 m2 izatea gutxi gorabehera.

Salbuespen gisa, azalera handiagoak ere onar daitezke enpresa baten lekualdaketa edota handipena beharrezkoa denean eta jabeen aldetik lekualdaketa nahiz handipena egiteko konpromezu formala dagoenean.

d) Lurzati eskaria arrazoizkoa izatea, hain zuzen ere aurreikusitako urbanizazioaren lehenbiziko fasean, poligonoko lurzati garbien azaleraren 100eko 30 gutxienez hasiera batez okupatzeko adinakoa.

e) Toki entitateak konpromezua hartzea jarduketaren ondorioz aterako diren lurzatiak ez dituela salduko, inolaz ere, kostua baino merkeago, dirulaguntzak eta aurreikusten diren hobari fiskalak kontutan hartu gabe.

f) Toki Administrazioko Departamentuak oniritzia ematea, poligonoa sustatzearen ondorioz heldu diren gastuei aurre egiteko, toki entitateak ahalmen ekonomikoa nahikoa baduela azalduz.

4. artikulua. Onura aplikagarriak.

Nafarroako Gobernuaren laguntzak, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren bidez, herri mailako jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateei emanen dizkienak, honakoak dira:

a) 100eko 70ko dirulaguntza, exekuzio unitatea erabat garatzeko behar diren proiektuen kosturako, beti ere Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 89, 98 eta 99. artikuluetan arautua dagoenaren arabera.

b) Kredituak sor ditzakeen korrituak estaltzeko dirulaguntza, baldin eta haren puska nagusia Poligonoaren urbanizazio lanen kostuaren 100eko 50 baldin bada eta, hala balitz, lurrak erosteko kostua. Korritu-tasa izanen da Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuarekin lankidetza hitzarmena espreski sinatua duten entitate finantzarioekin hitzartutakoa bera, hamar urteko epean, eta horietako lehenbiziko biak gabealdikoak izanik eta puska nagusia hurrengo zortzietan amortizatuko delarik seihileko berdinetan ordainketak eginez.

Lanak zenbait alditan egiten direnean, dirulaguntza kalkulatuko da lehenbiziko aldiaren kostuaren 100eko 60aren gainean eta, hala balitz, lurrak erosteko kostuaren gainean.

Poligonoa urbanizatzeko lehenbiziko aldi hori egin beharko da beti ere haren azalera osoaren 100eko 60 gainditu gabe.

c) Poligonoak sortzeko helburuz egindako lurzoru aldaketaren ondorioz toki entitateari aplikatzen zaion Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren 100eko 95eko hobaria, baita toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenen gainekoak.

5. artikulua. Gaurko udal poligonoetako azpiegituren eskasiak eta mentsak.

Arestiko artikuluko a) eta b) letretan aipatutako laguntzak aplikatzen ahal dira egun kontsolidaturik dauden udal poligonoetako azpiegitura eta urbanizazio mailako eskasiak eta mentsak estaltzeko, eta horrela balitz, erreferentziako maileguaren puska nagusia hobekuntzarako azpiegituren kostuaren 100eko 40ra irits daiteke.

Poligono kontsolidatuak izanen dira lurzatien azalera osoaren 100eko 70 gutxienez industriek edota jarduera ekonomikoek hartua baldin bada.

6. artikulua. Deialdiak.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak urtero eginen du deialdia Foru Lege honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta horretarako eskatzen den dokumentazioa aurkezteko egunak eta epeak finkatuko ditu.

7. artikulua. Eskabideak eta dokumentazioa.

Toki entitate interesatuek, deialdian zehaztutako epearen barrenean, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, gutxienez:

a) Ukitu behar diren lurren kalifikazioa egiaztatzen duen ziurtagiria eta toki entitatearen planeamenduan aurreikusita dagoen jarduketa sistema, eta bertan zehaztu beharko da lur horiek herrilurrak diren ala ez.

b) Dagoen lurzati-eskariari buruzko datuak eta eskatzaileen konpromezuaren zenbaterainokoa, konpromezu horiek biltzen dituzten agiriak erantsiko direlarik, baita proposa litekeen balizko kudeaketa modua edo nork bere gain hartzen dituen diru-ekarpenak ere.

c) Toki entitatearen erabakia, izan daitezkeen lurzatiak saltzeko konpromezua hartuko duela egiaztatzen duena, beti ere kostuaren zenbatekotik, jasotako dirulaguntzak kenduta, inolaz ere jaitsi gabe.

d) Balorazio txosten teknikoa eta bideragarritasun aurreazterketa, eta bertan era arrazoitu eta zehaztuan ondoko inguruabarrei buruz aurreikusten diren epeak bildu behar dira: proiektuak esleitzea eta idaztea, hirigintzako tramiteak, behar diren lurrak erostea eta lanen esleipena eta exekuzioa, baita aurreikusten diren kostuak eta dirusarreren eta ordainketen behin-behineko plana ere, finantzaketa iturriak zehaztuz.

e) Hala balitz, urbanizazio lanen proiektua, behar bezala onetsita.

8. artikulua. Tramitazioa eta laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Deialdiaren epea bukatuta, espediente bakoitzean aurkeztutako dokumentazioa Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Zerbitzu Teknikoek begiratuko dute, eskatutako baldintzak eta proiektuaren bideragarritasuna betetzen direla bermatzeko.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak laguntzak emateari buruzko erabakia eman baino lehen, Toki Administrazioko Departamentuari aginduzko txostena eskatu beharko zaio poligonoak sortuko dituen obligazioei aurre egiteko eskatzaileak duen gaitasun ekonomikoari buruz. Delako txostena loteslea izanen da negatiboa baldin bada.

Ondorio horietarako, gaitasun ekonomikoa finkatu ahal izateko ondoko zera hauek hartuko dira kontutan:

a) Eskabideak egin aurreko urteko kontuen itxieran toki entitateak izandako aurrezki garbia, hau da, ohiko dirusarreren (1.tik 5. kapitulura) eta ohiko gastuen (1, 2, 3, 4 eta 9. kapituluak) arteko aldea.

b) Lurzatiak saltzeagatik izandako dirusarrerak, eta horiek zehaztuko dira hasierakoei urte bakoitzeko aurreikusitako salmenten 100eko 10 gehituta.

c) Poligonoa finantzatzeko entitate finantzarioekin sinatu beharreko kredituetatik heldu diren ordainketak.

d) Toki entitateak egindako bestelako inbertsioetatik heldu diren konpromezuak.

2. Ekitaldi bakoitzeko gastuen aurrekontuan horretarako kontsignaturiko zenbatekoen arabera, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak laguntzen ematea ebatziko du, ondoko hautapen irizpideei jarraikiz:

a) Egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, baita jarduera berriak kokatzeko dauden eskariak ere.

b) Lurzatiak eskatu dituztenen konpromezuaren zenbaterainokoa.

c) Lurzatien egiazko eskariak duen eragina lanpostuak mantendu edota berriak sortzeko.

d) Proiektua Foru Lege honetan ezarritako irizpideekin bat datorren ala ez, ondoko alor hauetan: proiektua, neurrietan edo haren aldi desberdinetan, dauden egiazko eskakizunei, eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak jaisteari hobeto egokitzea.

e) Proiektuaren garapenerako aurreikusitako epe laburragoak, hura lehenago exekutatzeko eta laguntza hauen helburu diren fondoak arinago erabiltzeko.

f) Eskualdeko poligonoetako lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea alde horretan.

9. artikulua. Laguntzak ematea eta ordaintzea.

1. Arestiko artikuluan aipatu diren txostenak ikusita, eta bertan zehazten diren irizpideekin bat etorriz, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak erabakia hartuko du honako laguntzen araubidean deialdiaren bidez toki entitateek aurkeztutako proiektuak sartuko diren ala ez.

Sartzen badira behin-behinekoz sartuko dira eta 4. artikuluko a) eta b) letretan azaltzen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da.

Aipatu dirulaguntzen zenbatekoa ondoko eran finkatuko da:

a) Hirigintzako dokumentuen eta proiektuen kostuaren 100eko 70eko dirulaguntzari dagokionez, 7. artikuluan aipatu den dokumentaziorako aurreikusten den kostua hartuko da erreferentziatzat, beti ere Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak egiaztatuta.

b) Urbanizazio obrendako dirulaguntza hasiera batez emateko kontutan hartuko da 7. artikuluan aipatu den balorazio txosten teknikoaren aurrekontua eta horri gehituko zaio, hala balitz, erositako lurren gutxi gorabeherako kostua, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aurretik ateratako balorazioaren arabera, eskualdeko industrialdeetan antzeko egoeretan izandako salneurriak ikusita.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da erreferentziako kredituaren puska nagusiari, eta haren iraunaldian zehar, korritu-tasa aplikatuz, hain zuzen ere finantza entitateekin sinatutako lankidetza hitzarmenean kalkulua egiteko unean indarra duen korritu-tasa aplikatuz.

2. Proiektuen idazketaren eta gainerako hirigintzako dokumentuen kostua zein den behin jakinez gero, hasiera batez emandako laguntzak behin betikoak izanen dira eta une horretantxe eginen dira behar diren doikuntzak, idazketaren kostuak hasieran aurreikusitakoak baino txikiagoak izan baldin badira.

Dirulaguntza horren ordainketa eginen da baldin eta idatzitako proiektu edota dokumentu bakoitza oso-osorik badago, eta aurretik Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aldeko txostena eman badu.

3. Urbanizazio obren dirulaguntza behin betikoa izanen da horiek esleitu ondoren, beti ere toki entitateak egiaztatzen baldin badu ondoko baldintzak bete dituela:

a) Ukitutako lur eta zerbitzuen eskuragarritasuna, obren bideragarritasuna bermatzeko.

b) Lurzatiak eskatu dituztenen kompromezu formala, poligonoan sortzen diren lurzatien 100eko 30 gutxienez eskuratuko dituztela, hitzartutako salneurria, egutegia eta ordaintzeko modua zehaztuz.

Nolanahi ere den, obren esleipenaren salneurria hasieran aurreikusitako kostua baino txikiagoa baldin bada, behar diren doikuntzak eginen dira dirulaguntza esleipenaren salneurriari egokitzeko.

Dirulaguntza honen ordainketa eginen da urbanizazio lanak hasi eta gero.

10. artikulua. Emandako laguntzak galdu edo murriztea, ezbetetze kasuan.

Onuradun ateratzen diren toki entitateek Industri, Merkatariza, Turismo eta Lan Departamentuan aurkeztu beharko dute, lanak bukatu ondoren, haien burutzea eta kostua egiaztatzen dituen dokumentazioa.

Aipatu Departamentuak edozein unetan eska dezake egoki juzkatzen dituen argibideak, obren burutzeari buruz nahiz poligonoko lurzatien salmentei buruz.

Laguntzak emateko ebazpenetan finkatutako baldintzak erabat nahiz hein batean ez betetzeak, edo Foru Lege honetan eskatutako baldintzen bat ez betetzeak, berekin ekar dezake emandako laguntzak galtzea edo murriztea eta, hala bada, itzultzea.

Horrelako ebazpenik bada, arrazoiak eman beharko dira eta dagokion entitateari behar bezala jakinarazi.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Lege honetan aurreikusiriko laguntzen onuradun diren Toki Entitateek, laguntzen ondorioetarako, jarduera ekonomikoetako poligonoen sustapena Toki Entitateen beraien edo Nafarroako Foru Komunitatearen Kapital Publikoko Sozietateekin hitzartzen ahalko dute. Haiek osaturik egonen dira poligono horiek kudeatzen eta burutzen eraginkortasunez laguntzeko, horretarako ematen zaizkien onurak haietara bidaliko direlarik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Toki entitateak Foru Lege honetan ezarritako onuradun izan daitezke, hain zuzen ere 1993ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legeak indarra hartu ondotik hasiak baldin bazituzten industrietarako udal lurzorua sustatzeko ekintzak eta Foru Lege honek indarra hartu aurretik proiektu eta obretan inbertsioak eginak baldin bazituzten.

Aipatu ekintzek bete beharko dituzte Foru Lege honetan ezarritako beharkizun eta baldintzak eta horretarako egiten diren deialdietara agertu beharko dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egin dira Industri Politikarako eta Inbertsioa eta Enplegua Sustatzeko Koiuntura Neurriei buruzko Arauko 14. artikulua eta Foru Lege honi aurka egiten dion xedapen oro.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Foru Lege hau aplikatzetik sortzen ahal diren gastuak "jarduera ekonomikoetako udal poligonoendako laguntzak" izeneko 81130-7600-5351 kontusailaren kontura eginen dira (98023-5 lerroa).

Bigarrena.-Dagokion ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretan kontsignatuko dira ordainketa-konpromezuak, hain zuzen ere Lege honen neurriak aplikatzetik heldu daitezkeenak.

Hirugarrrena.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau betetzeko eta aurrera eramateko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Laugarrena.-Foru Lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egunean berean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko otsailaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9701888

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web