(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/1999 FORU LEGEA, martxoaren 2koa, Ingurugiroa kudeatzeko neurri administratiboei buruzkoa

BON N.º 31 - 12/03/1999



  I. KAPITULUA. Hondakin bereziak


  II. KAPITULUA. Jarduera sailkatuak


  III. KAPITULUA. Kautelazko neurriak zehapen espedienteetan


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Batzordeak, 1998ko otsailaren 20 eta 23ko bilkuran, Nafarroako Hondakin Bereziak Kudeatzeko Plana onetsi zuen eta bertan, besteak beste, testuari "Legeriaren egokitzapena" izenburuko epigrafea atxiki zitzaion, zeinetan Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzitzaion lau hilabeteko epearen barnean lege berri bat erredaktatzeko edo gaur egun indarrean dagoena aldatzeko, edo gauza bat eta bestea egiteko, horren bidez hondakin berezien kudeaketaren funtzionamendua hirugarrengo pribatuen eskuetan jartzeko baldintzak ezarri ahal izateko.

Hondakin Bereziak Kudeatzeari buruzko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legea indarrean izan den bitartean, aldaketa batzuk gertatu dira hondakinen produkzioan; esate baterako, enpresek gero eta teknologia garbiagoak eta hondakinak kudeatzeko sistema gero eta osoagoak erabiltzen dituzte eta, aldi berean, eremu nazionalean eta europarrean arau berriak eman dira.

Bilakaera hori horrela, Foru Legeari hainbat zehaztapen erantsi zaizkio, Kudeatze Planaren helburu, lehentasun eta irizpideak betetzea hobeki kudeatzeko asmoz, eta baimen administratiboetan zaindu beharreko alderdi berriak adierazi dira, hala baimendutako tratamendu motei dagokienez nola erabili beharreko teknologiez eta sustatu beharreko I+G lerroez.

Gainera, Foru Komunitateaz kanpotik heldu diren hondakinen garraiorako izanen diren inguruabar mugatzaileak zehazten dira.

Azkenik, Kudeatze Plana, eta orobat, horren aurreikuspenen garapen eta exekuzio planak martxan jartzea eta aplikatzea aski bermatua gelditzen denez, hondakin bereziak hirugarrengo pribatuek kudeatzeko baimen administratiboak Nafarroako Gobernuak eman ezineko epea ezabatu egin da.

Bestalde, Ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legearen aplikazioan antzeman da ezen, jarduera anitz, munta txikikoak eta ingurugiroko eragina erabat esparru lokalera mugatzen dutenak, eta betiere muga hori gainditzen ez dutenak, baimen sistema baten menpe jartzen direla, zeinak eskatzen baitu bere faseetako batean Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena.

Txosten horren beharra ez da ekarpen sobera adierazgarria ingurugiro orokorraren babeserako eta, horrezaz gain, enpresa jardueren kopuru garrantzitsu bat funtzionamenduan jartzea nabarmen atzeratzen du.

Horregatik erabaki da, ezen eranskin bateko zerrendan agertzen diren jarduera batzuetarako, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egin behar zukeen txostena egin beharrik ez izatea.

Azkenik, III. kapituluan administrazio-zuzenbide zehatzailearen arloko aurreikuspen bat ezarri da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eskumeneko espedienteetarako; horrela, hainbat arau-hausleren baitan zigorgabetasun ustea sortarazten duen egitezko egoerari lege bidezko erantzun bat ematearren; izan ere, arau-hausle horiek uste baitute bizilekua lurralde nazionalean ez izatea aski dela dagozkien zehapenak exekutaezinak izateko, eta horrek jarrera antisozialak sustatzen ditu, sinisten baitute ingurugiroaren arloko Administrazioak ez duela baliabide nahikorik zehapenak jartzeko.

Horrela, Antolamenduari eransten zaizkion kautelazko neurriekin batera, eta arauzko beste sektoreetan finkatutako praktikari jarraikiz, Agintaritzaren Agenteak, kautelazko neurri gisa, isunaren zenbatekoa kontsignatzera behartu ahalko du arau-hauslea, eta arau-hausleak ez badu zenbatekoa kontsignatzen, ibilgailua ibilgetu edo araua hausterakoan erabilitako tresnak dekomisatuko zaizkio. Horrela, bermatu nahi dena da, manuzko zehapen espedientea bukatzen denean, zehatuak benetan ordain dezala. Bestalde, zehapenaren zenbatekoa behin-behinekoz kalkulatuko denez eta inolako kenketarik egin gabe, seguraski salatuaren aldeko saldo ekonomikoa gertatuko da; hori horrela izanen da salatu horrek espedientea tramitatu eta ebazten lagun dezan. Esan beharrik ere ez dago, edozein modutan ere, behin-behineko neurriak direla, eta Agintaritzako Agente den funtzionarioak kasuz kasu aplikatu dituela; horrek, ordea, ez du Administrazioa salbuesten manuzko zehapen espedientea -non salatuaren kontrako partehartzea ere izanen den- instruitzetik eta tramitatzetik.

Foru Lege hau hiru kapitulutan egituratzen da; horrela, zioen azalpen honetan adierazitako hiru gai-multzoak bereizten dira.

I. KAPITULUA. Hondakin bereziak

1. artikulua. Hondakin Bereziak Kudeatzeko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legearen 3. artikuluaren 1. idazatia beste erredakzio bat emanez, honela geldituko da:

"1.-Foru Lege honetan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, hondakin bereziak sortzen edo inportatzen dituzten industriak instalatzeko, handitzeko, aldatzeko edo beste toki batera eramateko, baimen administratiboa beharko da, jarduteko eta irekitzeko manuzko lizentzien aurretik, ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuei buruzko otsailaren 15eko 16/1989 Foru Legearen arabera tramiteak eginda."

2. artikulua. Ondoko idazatiak, hondakin berezien sortzaileen betebeharrei dagozkienak, erantsiko zaizkio 4. artikuluari:

"d) Hondakin arriskutsuak behar bezala bereiztea eta elkarrekin ez nahastea, arriskua gehitzen edo kudeatzea zailtzen duten nahasketak bereziki saihestuz.

e) Sortu edo inportatutako hondakin bereziak eta haien destinoa erregistratzea.

f) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari urteko txosten bat aurkeztea, bertan, gutxienez, sortu edo inportatzen diren hondakin berezien kopurua, horien izaera eta azken destinoa zehaztuko dira.

g) Hondakin arriskutsuak desagertu, galdu edo isuriz gero, berehalaxe jakinaraztea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari."

3. artikulua. Beste lerroalde bat erantsiko zaio 7. artikuluari: honela dio hitzez hitz:

"Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu hondakin inportatuak ez daitezen onar Nafarroako Foru Komunitateko tratamendu zentroetan, honako inguruabarrak gertatzen badira:

a) Zentroetan instalazio egokirik ez izatea edo nabarmen agerian egotea horiek hondakinak bildu eta/edo baloratu edukiera askirik ez dutela.

b) Susmo garbia dagoenean, horien garraioari datxekion dokumentazioan adierazitako moduan ez direla kudeatuko.

c) Nafarroako Hondakin Bereziak Kudeatzeko Planean aurreikusitako helburuak ezin betetzea ekartzen badute."

4. artikulua.

1. Beste lerroalde bat erantsiko zaio 8. artikuluko b) letrari; honela geldituko da:

"Alde horretatik, ahal den neurrian aplikatuko da hurbiltasunaren printzipioa Nafarroako Foru Komunitatean sorturiko hondakinak tratatzearakoan".

2. Beste lerroalde bat erantsiko zaio 8. artikuluko d) letrari; honela geldituko da:

"Metodoa Foru Lege honetako I. eranskinean ezarritakoetarik edozein izan daiteke. Aplikatu beharreko metodoa hautatzean, ahal den neurrian, lehentasun hauen hurrenkera errespetatuko da: lehenengo, berriro erabiltzea; bigarren, baloratzea; eta azkenik, deuseztea. Baloratzeko eta deusezteko metodoak Foru Lege honetako I. eranskinean adierazitakoak izanen dira.

Edonola ere, metodo bakoitzerako une horretan eskura dauden teknologia hoberenak aplikatuko dira, Foru Lege honen II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Debekatuta dago olioak erretzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, non-eta hondakin toxiko arriskugarri sailkapena kendu ez zaien erre baino lehen, tratamendu fisikorako plantan."

3. Beste lerroalde bat erantsiko zaio 8. artikuluari; honela geldituko da:

"2.-Hondakin bereziak deuseztearen bidezko kudeaketarako baimena ukatzen ahal die Nafarroako Gobernuak kudeatzaile pribatuei, baldin eta eskatzaileak, eskaera egiten den egunean Foru Komunitatean hondakin berezien produkzio bolumena kontuan hartuta, ez badu justifikatzen instalazioak beharrezkoak direla."

5. artikulua. Hirugarren Xedapen Iragankorra kendu da.

6. artikulua.

1. Lehen zegoen xedapen gehigarriak, hemendik aurrera, Lehenengo Xedapen Gehigarria izena izenen du.

2. Beste xedapen gehigarri bat erantsiko zaio; testu hau izanen du:

"Bigarrena.-Hondakinen tratamenduan eta kudeaketan I+G lerroak sustatzeko laguntza sistemak ezarriko dira erregelamendu bidez, unean-unean eskura dagoen teknologia onena erabiltzeko xedearekin".

II. KAPITULUA. Jarduera sailkatuak

7. artikulua. Ingurugiroa babesteko Jarduera Sailkatuak Kontrolatzeari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legearen 3. artikuluko 5. idazatiko lehen lerroaldeari beste erredakzio bat emanen zaio; honela geldituko da:

"5. Foru Lege honen eranskinean bildutako jarduera sailkatuentzat izan ezik, alkateak jarduera lizentzia eman aitzin, eskatu den jarduera instalatu edo handitzeko proiektuaren gaineko txostena emanen du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak. Txosten hori, baldin eta txosten horrek jarduera lizentzia ukatzea edo neurri zuzentzaile osagarriak paratu beharra agintzen badu, loteslea izanen da udal agintariarendako.

Erregelamendu bidez finkatuko da zeintzuk diren Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenik ez, baina bai Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren edo Osasun Departamentuaren txostena (kasu bakoitzean, bidezkoa dena) beharko duten jarduerak, istripurik izanez gero pertsonen edo ondasunen integritaterako arriskutsuak izan daitezkeelako, edo ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arlokoak direlako."

Ondorio horietarako, Foru Lege honen III. eranskina izanen da erreferentzia.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emanen die laguntza teknikoa bai berak zuzenean bai besteren bitartez hala eskatzen duten udalei, jarduera lizentziarako espedienteetan ezarri beharreko neurri zuzentzaileak baloratzeko asmoz.

III. KAPITULUA. Kautelazko neurriak zehapen espedienteetan

8. artikulua. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eskumeneko arauhausteen arloan, eta arauhausleak ez duenean frogatzen ohiko bizilekua espainiar lurraldean daukala, agente salatzaileak isunaren zenbatekoa ezarri ahalko du behinbehinekoz eta, isunaren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo Zuzenbidez onartutako bideren batez ordainduko dela bermatzen ez bada, ibilgailua ibilgetuko du edo jarduera gauzatzeko behar diren tresnak dekomisatuko ditu.

Behin-behineko neurri horiek zein egoeratan gauzatu eta zeinetan iraungi behar diren erregelamendu bidez finkatuko da.

Arau-hausleak isuna ordaindu edo ordainduko duela bermatu beharko du, legokiokeen beherapena erdiestea deusetan galarazi gabe, behin zehapen espedientea bukatu eta gero.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

I. ERANSKINA

Hondakin berezien tratamenduan aplika daitezkeen metodoak

BALORATZE LANAK

-Disolbatzaileak berreskuratzea edo leheneratzea.

-Disolbatzaile gisa erabiltzen ez diren gai organikoak birziklatzea edo berreskuratzea (ongarria eratzeko lanak eta beste eraldaketa biologiko batzuk barne direla).

-Metalak eta konposatu metalikoak birziklatzea edo berreskuratzea.

-Beste gai ez-organiko batzuk birziklatzea edo berreskuratzea.

-Azidoak edo baseak leheneratzea.

-Kutsadura murrizteko erabilitako osagaiak berreskuratzea.

-Katalizatzaileen osagaiak berreskuratzea.

-Olioak leheneratzea.

-Lurzoruen tratamendua, nekazaritzaren onerako ekoizpen bat, edo horien hobekuntza ekologikoa.

-Aipatutako lanetako edozeinetatik sortutako hondakinak erabiltzea.

-Hondakinak elkartrukatzea, aipatutako lanetako edozeinetan tratatzeko.

-Hondakinak metatzea, aipatutako lanetako edozeinetan tratatzeko (ekoizten diren tokian bildu aurreko aldi bateko biltegiratzea salbuetsiz).

DEUSEZTEKO LANAK

-Zoru gainean biltzea.

-Lur ingurunean tratatzea.

-Sakonean injektatzea.

-Azalean biltzea.

-Berariaz diseinatutako tokietan isurtzea.

-Eranskin honen beste idazati batean zehaztu gabeko tratamendu biologikoa, baldin eta ondoriotzat azaldutako prozeduretako baten bidez deusezta daitezkeen konposatu edo nahasteak ematen baditu.

-Taula honen beste idazati batean zehaztu gabeko tratamendu fisikokimikoa, ondoriotzat arestian aipatutako prozeduretako baten bidez deusezta daitezkeen konposatu edo nahasteak emanen dituena.

-Biltegiratze iraunkorra.

-Aipatutako lanetako edozein baino lehenagoko nahaste edo konbinazioa.

-Aipatutako lanetako edozein baino lehenagoko berrontziratzea.

-Aipatutako lanetako edozeinen aurretiko biltegiratzea (ekoizten den tokian bildu aurreko aldi bateko biltegiratzea izan ezik).

II. ERANSKINA

Hondakin berezien tratamenduan eskura dauden teknologiarik onenak zehazteko kontuan hartu beharrekoak

1. Tratamendu sistemak sortutako jaulkipen eta hondakin motak, ondorioak eta bolumena.

2. Prozesuan sortutako gai eta hondakinak berreskuratu eta birziklatzeko dauden teknikak.

3. Industriaren alorrean emaitza onak eman dituen antzeko instalaziorik ba ote dagoen.

4. Aurrerapen teknikoak eta ezagupen zientifikoen bilakaera.

5. Prozesuko lehengaien -ura barne- kontsumoa eta izaera.

6. Istripu arriskuak eta ondorioak ingurugiroan.

7. Prozesuko jaulkipenen eragin orokorra eta horien eragina ingurugiroan.

8. Gaur egun biltegian gordetzen edo deuseztera bidaltzen diren hondakinak berriro erabiltzeko aurrerapen teknikoak izateko aukera.

III. ERANSKINA

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenaren menpeko ez diren jarduera sailkatuen zerrenda

1. Nekazaritzako biltegiak, azaleraren aldetik mugarik gabe.

2. Gauzak edo gaiak gordetzeko biltegiak, azaleraren aldetik mugarik gabe.

3. Abeltzaintzako ustiategi txikiak; hain zuzen ere, erregelamendu bidez ezarriko den animalia kopuru mugatua dutenak.

4. Merkataritzako eta zerbitzuetako jarduerak, orokorrean.

5. Elikadura arloko merkataritza jarduerak, lantegidun eta gabeak.

6. Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak (tabernak, kafetegiak, jatetxeak, antzokiak, zine aretoak, dantzalekuak, diskotekak, josteta jokoetarako aretoak,...).

7. Ostalaritza jarduerak (hotelak, ostatuak, aterpetxeak).

8. Garajeak.

9. Norberaren hornidurarako biltontziak eta gasolindegiak; hain zuzen ere, erregelamendu bidez zehaztuko diren azalera- eta instalaturiko potentzia-muga dutenak.

10. Ibilgailuak konpontzeko tailerrak; erregelamendu bidez zehaztuko diren azalera- eta instalaturiko potentzia-mugekin.

11. Industriak, oro har, erregelamendu bidez zehazten diren kasuetan. Inoiz ere ez dira txostena emateko salbuetsirik egonen 1.000 m2-tik gorako azalera edo 500 kw baino gehiagoko indarra dutenak.

12. Hilerriak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregeren izenean aldarritzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadin agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko martxoaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma

Iragarkiaren kodea: A9902045

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web