38/2013 FORU AGINDUA, APIRILAREN 26KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO ZERBITZUEN GUTUNAK EGUNERATZEN DITUENA
BON N.º 99 - 27/05/2013
Zerbitzuen Gutunak administrazio publikoak etengabe hobetu eta modernizatzeko tresna izateko sortu dira.
Zerbitzuen gutunen sorrera, edukiak eta eginkizunak Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen 18. artikulutik 21.era bitartekoetan arautzen dira.
Maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuen gutunak arautu zituen. Gero, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak urriaren 11n emandako 119/2005 Foru Aginduaren bidez, Zerbitzuen Gutunen diseinua eta egitura ezarri ziren.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak unibertsitateko zein unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren eta hizkuntza politikaren arloetan bereganatutako eskumenak Hezkuntza Departamentuak baliatuko ditu, bai eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.
Departamentuaren eskumen eremu horren barnean sartzen da hezkuntza sistemaren eta Administrazioaren esku-hartzearen kalitate mailak hobetzea.
Hortaz, zerbitzu publikoen kalitate eredu berriei jarraikiz eta aipatutako araudia aplikatuz, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuko zerbitzuen gutunak onestea, herritarrek, zerbitzu publikoen erabiltzaile diren aldetik, ezagutu ahal izan ditzaten zein diren eskatzen ahal dituzten zerbitzu motak eta zein Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzen dituen kalitate konpromisoak eskatutako zerbitzuari buruz.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautzen dituen maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren 5.1 artikuluaren bidez esleituak ditudan eskudantziez baliatuz,
AGINDU DUT:
1. Hezkuntza Departamentuko zerbitzuen gutun batzuen aldaketa onestea, horiek aztertu, konpromisoen betetze maila kontrolatu eta adierazleen jarraipena egin eta gero; gutunok Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 25eko 87/2010 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren.
2. Hezkuntza Departamentuko zerbitzuen gutun batzuen sorrera eta bat-egitea onestea, departamentuaren egitura organiko berrira egokitzeko.
3. Aditzera ematea Hezkuntza Departamentuko zerbitzuen gutunetako testu eguneratuak Argibide eta Agiri Bulegoan egonen direla eskura eta Interneteko helbide honetan kontsultatzen ahalko direla: http://www.educacion.navarra.es/.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Foru agindu honen bidez onetsi eta aldatutako zerbitzuen gutunak Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Erregistrora igortzea, jasota geratzeko.
6. Foru agindu hau igortzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Ebaluazio eta Kalitate Atalari eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoari.