30/2013 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 5EKOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, DISEINUKO GOI MAILAKO IKASKETEN PLANA ETA ANTOLAMENDUA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, EUROPAKO GOI MAILAKO HEZKUNTZAREN ESPARRUAN 
BON N.º 91 - 15/05/2013
I. KAPITULUA. ANTOLAMENDUA ETA IKASKETA PLANA
II. KAPITULUA. IKASKETETAN SARTU, MATRIKULATU ETA JARRAITZEA
.
.III. KAPITULUA. EBALUAZIOA ETA TITULAZIOA
.I. ERANSKINA. GAITASUNAK ETA LANBIDE PROFILAK
II. ERANSKINA. Ikasketa plana
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 3.5 artikuluan, ezartzen du goi mailako ikasketa artistikoek goi mailako irakaskuntzaren lerruna dutela. Irakaskuntza horien barruan, legearen 57. artikuluan, diseinuko goi mailako ikasketak daude.
Beste aldetik, aipatu lege organikoak, 58. artikuluan, xedatzen du Gobernuari dagokiola irakaskuntza horien egitura eta oinarrizko edukia finkatzea.
Eskumen hori dela eta, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua onetsi zen, goi mailako ikasketa artistikoak antolatzen dituena, baita maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretua ere, diseinuko goi mailako graduko ikasketa artistikoen oinarrizko edukia arautzen duena.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak eskumen osoa ematen dio Nafarroari irakaskuntza bere hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan arautu eta administratzeko, baina deusetan galarazi gabe Konstituzioak arlo horretan ezarritako manuak, horiek garatzen dituzten lege organikoak eta Estatuaren eskumenak,titulu akademiko eta profesionalak lortu, eman eta homologatzeko baldintzak arautzeari dagokionez, eta Estatuaren goi ikuskapena, ezarri dena betetzeari eta bermatzeari dagokionez.
Premisa horren pean, eta 633/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, arau hau egin da, Diseinu grafikoa, Barne-diseinua, Produktuen diseinua eta Moda-diseinua espezialitateen ikasketa plana eta antolamendua ezartzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.
Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak foru agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Foru aginduaren xedea da diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g artikuluak ematen didan erregelamendu-ahalmena erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea da diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean.
2. Foru agindu hau aplikagarria izanen da irakaskuntza horiek ematen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitatean aritzen diren ikastetxe publiko eta pribatuetan, behar bezalako baimena badute.
I. KAPITULUA. ANTOLAMENDUA ETA IKASKETA PLANA
2. artikulua. Diseinuko goi mailako ikasketen antolamendua.
1. Diseinuko goi mailako ikasketek honako espezialitate hauek dituzte:
- Diseinu grafikoa.
- Barne-diseinua.
- Moda-diseinua
- Produktuen diseinua.
2. Diseinuko goi mailako ikasketek 240 ECTS kreditu dituzte eta 60 ECTS kredituko lau kurtsotan egituratzen dira. Kreditu bat eskuratzeko 30 irakastordu behar dira, horietatik %40 zuzeneko irakaskuntzakoak izanik.
3. Diseinuko goi mailako ikasketen araubidea eskolaldi osokoa edo eskolaldi partzialekoa izaten ahalko da.
4. Kurtso bakoitzaren iraupena 36 astekoa izanen da, eskolaldiak eta presentziako bestelako jarduerak barne. Ikastetxe publikoetako koordinazio didaktikoko departamentuek edo ikastetxe pribatuetan eginkizun hori betetzen duen organoak definituko dituzte jarduera horiek. Ikasketak antolatzeko denbora-unitateak seihilekoa eta ikasturtea izanen dira, eta haien barnean presentziako irakastaldiak eta ebaluazio probaldiak sartuko dira.
3. artikulua. Ikasketa plana.
1. Ikasketa planean zeharkako gaitasunak, gaitasun orokorrak eta berariazkoak sartzen dira, baita espezialitate bakoitzerako definitzen diren lanbide profilak ere (foru agindu honen I. eranskinean bilduak).
2. Halaber, II. eranskinean diseinuko goi mailako ikasketak osatzen dituzten lau kurtsoen ikasketa plana ezartzen da, espezialitateen arabera, ikasgaiak zehaztuta. Irakasgai bakoitzean datu hauek zehazten dira: mota, esleitutako ECTS kredituak, gaitasunak eta deskriptoreak. Beste aldetik, 240 ECTS kredituak honela banatzen dira:
a) Oinarrizko prestakuntzako ikasgai eta irakasgaiak: 70 ECTS kreditu, gutxienez.
b) Espezialitateko nahitaezko prestakuntzako ikasgai eta irakasgaiak: 108 ECTS kreditu, gutxienez.
c) Aukerako irakasgaiak: 24 ECTS kreditu.
d) Kanpoko praktikak: 12 ECTS kreditu.
e) Ikasketen bukaerako lana: 20 ECTS kreditu.
3. Foru agindu honen aplikazio eremuan sartzen diren ikastetxeek aukerako irakasgaien berezko eskaintza eginen dute, Hezkuntza Departamentuak horretarako ematen dituen jarraibideei jarraikiz eta foru agindu honetan xedatutakoarekin bat.
4. Ikastetxeek kanpoko praktiken programa bat egin eta garatuko dute. Aldez aurretik, Hezkuntza Departamentuak programa hori arautzeko prozedura ezarriko du.
5. Diseinuko Goi mailako Titulua lortzeko, ikasleak ikasketen bukaerako lan bat egin beharko du. Hezkuntza Departamentuak arautuko ditu lan horren edukia eta prozedura.
II. KAPITULUA. IKASKETETAN SARTU, MATRIKULATU ETA JARRAITZEA
4. artikulua. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzea
.
1. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:
a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.
b) Hezkuntza Departamentuak araututako berariazko sarrera proba bat gainditzea, izangaiak irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko. Berariazko proba horrek deialdia egin den ikasturte berean matrikulatzeko balioko du bakarrik.
2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua dutenak zuzenean sartzen ahal dira diseinuko goi mailako ikasketetan, berariazko sarrera proba egin gabe.
3. Foru agindu honen 4.1.a) artikuluan ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 18 urtetik gorako pertsonak eta, orobat, proba egiten den urtean adin hori betetzen dutenak Hezkuntza Departamentuak antolatutako heldutasun proba bat gaindituz sartzen ahalko dira. Proba hori gaindituz gero, egiaztatua geldituko da izangaiak Batxilergoko helburuetarako heldutasuna baduela, baita irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak ere. Proba horrek betiko balioko du Estatu osoan goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko.
4. Hezkuntza Departamentuak, gutxienez, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen du urtean. Proba gaindituz gero, irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetan sartzen ahalko da, ikastetxe bakoitzean dauden ikaspostuen arabera betiere.
Proba gainditzen dutenak deialdiaren xedeko ikasturtean bakarrik matrikulatzen ahalko dira.
4. bis artikulua. Ikaspostuak eskaintzea eta ikasleak onartzea ikastetxe publikoetan
.
1. Ikaspostuen eskaintza.
Hezkuntza Departamentuak ahalmena du bere eskumeneko ikastetxe publikoetan espezialitate eta kurtso bakoitzerako eskuragarri dauden ikaspostuen kopurua ezartzeko.
2. Ikasleak onartzea.
2.1. Ikastetxe bakoitzean ikasketa hauek hasteko eskuragarri dauden ikaspostuen eskaintzan, erreserben ehuneko hauek ezarriko dira, sarbidearen arabera:
a) Ikaspostuen %75, proba espezifikoen bidez sartzen diren ikasleentzat.
Proba espezifikoen bidez sartzearen kasuan, lehentasuna emanen zaio kalifikazio hoberena lortu duenari Nafarroako Foru Komunitatean deitutako proba espezifikoan. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna emanen zaio nota hoberena lortu duenari, ordena honetan: sarbide probako lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak.
b) Ikaspostuen %25, zuzenean eta proba espezifikorik gabe sartzen diren ikasleentzat.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulu bidez sartzen denean, lehentasuna izanen du bukaerako kalifikaziorik hoberena duenak, ikasketa horiek Nafarroako Foru Komunitatean eginik. Baliokide deklaratutako tituluen bidez sartzen denean, lehentasuna izanen du espediente akademiko onena frogatzen duenak.
2.2. Aurreko bi irizpideak aplikaturik ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa bidez ebatziko da.
2.3. Erreserba kupo batean bete gabeko ikaspostuak beste kupora erantsiko dira, baldin horretan gehiegizko eskaerak badaude.
2.4. Aurreko atalak aplikatu ondoren ikasposturik gelditzen bada, sarbiderako proba espezifikoa beste autonomia erkidego batzuetan, deialdiko ikasturtean, egin dutenei esleituko zaizkie, edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren titulua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo lortu dutenei, eta aurretik azaldutako onarpen irizpideak aplikatuko dira.
2.5. Aurrekoa gorabehera, talde bakoitzeko plaza bat erreserbatuko da goi mailako edo errendimendu handiko kirolari diren ikasleentzat. Ikaspostu horren hornidura sarbidearen araberakoa izanen da; alegia, kirolaria den ikaslea proba espezifiko bidez onartua bada, sarbide horretarako erreserbatutako ikaspostuetako bat esleituko zaio, eta kirolaria den ikaslea zuzenean onartua bada, gainerako ikaspostuetako bat emanen zaio.
Goi mailako edo errendimendu handiko kirolari bat baino gehiago izanez gero, ikaspostua erreserbatuko zaio kirol maila handiena duenari, Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatuari jarraituz. Kirol maila berdina izanez gero, notarik onena duenari gordeko zaio ikaspostua, ikasketa espedienteko nota izan nahiz sarrera probakoa izan. Berdinketarik izanez gero, zozketa bidez erabakiko da.
1. Diseinuko goi mailako ikasketak ikastetxe publiko batean hasten direnek kurtso osorako egin behar dute matrikula.
2. Hurrengo ikasturteetan gutxienez 30 ECTS krediturako matrikula egin behar dute ikasleek.
3. Azkeneko mailan, salbuespenez, 30 ECTS kreditu baino gutxiagotarako matrikula daitezke, baldin eta hori ikasketak bukatzeko falta dituen kreditu guztietan matrikulatzea bada.
4. Aukerako irakasgairen bat gainditzen ez badu, ikasleari aukera emanen zaio hurrengo ikasturtean ikastetxeak eskaintzen duen beste irakasgai batean matrikulatzeko, deusetan galarazi gabe aukerako irakasgai hartako deialdiak erabilitzat kontabilizatzea.
6. artikulua. Beste ikastetxe batetik datozen ikasleen matrikulazioa.
Beste ikastetxe batetik datozen ikasleen kasuan, zuzendaritzak baimena eman dezake, salbuespen gisa, matrikula foru agindu honen 5. artikuluan ezarritako moduaz bestela egiteko.
7. artikulua. Matrikula deuseztatzea.
1. Diseinuko goi mailako ikasketen irakasgaietarako matrikula deuseztatzen ahalko da. Horretarako, ikastetxe publikoen kasuan, ikasleek idatzizko eskaera aurkeztu beharko dute ikastetxeko zuzendaritzan hilabeteko epean, kasuan kasuko irakasgaien eskolak hasten direnetik hasita.
2. Epe hori igarota, matrikula deuseztatuko da soilik ikastetxeko zuzendaritzak jotzen duenean ondoko inguruabarretariko bat gertatu dela eta agiri bidez behar bezala frogatu bada:
- Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.
- Lanpostu batean hasi izana.
- Familiako betebeharrak, ikaslea eskoletara normaltasunez joatea eragozten badute.
3. Ikastetxeko zuzendaritzak diseinuko goi mailako ikasketen irakasgaietarako matrikula deuseztatzeko eskaeren gainean emanen dituen ebazpenak arrazoiak azaldurik eginen dira, eta idatziz igorriko zaio eskatzaileari.
4. Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agerraraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da deuseztapen horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela. Halakoetan, ikasleari ez zaizkio zenbatuko deuseztatutako irakasgaiei dagozkien deialdiak.
5. Irakasgai bakoitzaren matrikula behin bakarrik deuseztatzen ahalko da. Hurrengo ikasturtean, ikasle ofizial gisa jarraitu ahal izateko, aurrekoan deuseztatutako irakasgai guztietarako matrikula egin beharko dituzte ikasleek.
6. Ikasturte bateko irakasgai guztien deuseztapena behin bakarrik egiten ahalko da. Matrikula osoa deuseztatu duten ikasleek beren ikasketak egiten jarrai dezakete ikastetxe berean ikasleak onartzeko beste prozedura batean parte hartu gabe, baina soilik hurrengo ikasturtean.
7. Ikastetxe publiko batean matrikula deuseztatu izanak ez du emanen prezio publiko gisa ordaindutako diru-kopurua itzultzeko eskubidea.
1. Ikastetxe publikoen kasuan, diseinuko goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko, ikasleak 18 kreditu gainditu beharko ditu ikasturtearen bukaeran.
2. Ikasleek zazpi ikasturte izanen dituzte diseinuko graduko ikasketak bukatzeko, irakasgai bakoitzean ezarritako gehieneko deialdi kopurua deusetan galarazi gabe.
Beste autonomia erkidego batzuetatik ekarritako espedienteen kasuan, ikasketa hauek egiteko gehieneko denbora kalkulatzearen ondorioetarako, aurretik egindako ikasturteak ere aintzat hartuko dira.
III. KAPITULUA. EBALUAZIOA ETA TITULAZIOA
9. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ikaslearen ikasketa prozesua baloratzeko helburua du ebaluazioak, eta diseinuko goi mailako ikasketentzat zehaztutako gaitasun zeharkako, orokor eta berariazkoak zer gradu eta mailatan eskuratzen diren hartuko du kontuan.
2. Diseinuko goi mailako ikasketa artistikoetan, ebaluazioak Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzen diren ikasketa planaren elementuak hartuko ditu kontuan.
3. Ebaluazioa irakasgai bakoitzeko eginen da, eta integratzailea izanen da haietako bakoitzerako ikasketa planetan zehaztuta dauden gaitasunei begira. 4. Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak izanen dira gaitasunak zenbateraino eskuratzen diren baloratzeko funtsezko erreferentzia; horretarako, gaitasunak objektiboak izanen dira eta neurtuak izateko moduan ezarriko dira.
5. Irakasgaien programazio didaktikoan irakasgai bakoitza ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak eta prozedurak ageriko dira.
6. Ezinen da ikasle bat ebaluatu irakasgai batean baldin eta irakasgai horrekin hurrenkera duen beste bat gainditu ez badu. Hurrenkerak III. eranskinean ageri dira.
7. Ikasketen bukaerako lanaren ebaluazioa eta kalifikazioa gainditzeko, ikasketa plana osatzen duten irakasgai guztiak gainditu beharko dira aldez aurretik.
8. Ikastetxeak ebaluazio saioak antolatzen ahalko ditu, irakasgaien kalifikazioak jaso, ikasketaren prozesua baloratu eta ikasketen emaitzak elkarren artean aztertzeko. Saioen egutegia ikasturte hasieran argitaratu beharko da.
10. artikulua. Ebaluazio prozesua.
1. Irakasleek ikaslearen ikasketa etengabe ebaluatzeko prozesua aplikatuko dute irakasgai bakoitzean, behaketa sistematikoa, informazioko erregistroak, berariazko probak edo beste mekanismo batzuk aplikatuta, zein diren irakasgai bakoitzaren ezaugarriak, horren arabera.
2. Oro har, irakasgai bakoitzeko irakasleak erabakiko du zein kalifikazio eman, ikasketen bukaerako lanean izan ezik, horretarako izendatutako epaimahaiak baloratuko baitu. Dena dela, ebaluazio probak epaimahai baten bidez egin beharra ezartzen ahal du ikastetxeak, hark zehazten dituen irakasgai eta kurtsoetan.
3. Ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko epaimahaiak kide kopuru bakoitia izanen du, hiru gutxienez ere, eta irakasleek, ahal dela, baloratzen duten espezialitatearekin kidetasuna izanen dute.
4. Seihileko bat bukatuta, azken ebaluazio arrunta antolatuko da.
5. Ikasturtea bukatuta, azken ebaluazio berezia antolatuko da irakasgai bakoitzerako.
11. artikulua. Ebaluazioaren emaitzak. Kalifikazioen sistema.
1. Irakasgai bakoitzerako ebaluazioaren emaitzak 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalaren arabera kalifikatuko dira, zifra hamartar bat adierazita, eta kalifikazio kualitatiboa eransten ahalko zaio:
0-4,9: gutxiegi (GU)
5,0-6,9: nahikoa (NA)
7,0-8,9: oso ongi (OO)
9,0-10/ha bikain (BI).
Kalifikazio horiek ikaslearen ebaluazioaren dokumentuetan agertuko dira.
2. 9,0 puntuko kalifikazioa edo gehiago ateratzen duten ikasleei ematen ahalko zaie “Ohorezko matrikularen (OM)” aipamena. Ez dira ikasturte batean irakasgai batean matrikulatuta diren ikasleen %5 baino gehiago izanen, non ez diren 20 baino gutxiago matrikulatuta dauden ikasleak; kasu horretan, “ohorezko matrikula” bakar bat ematen ahalko da. Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan irakasgai batean “ohorezko matrikula” lortzen duen ikasleak, zenbat kreditu ditu irakasgai horrek, hainbat kreditu ez ditu pagatuko ikasleak hurrengo ikasturteko matrikulan.
3. Irakasgai baten kalifikazioa beste ikasgai bat gainditzearen menpe badago, irakasgaiaren ebaluazioan “Gainditu gabe progresiboa delako” (GGP) agertuko da eta ez da kontabilizatuko deialdien erabileraren ondorioetarako.
4. Kanpoko praktikei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie eta, horregatik, ez da kontabilizatuko batez besteko kalkuluaren ondorioetarako.
5. Ikasle batek prestakuntza jardueretan parte hartzen ez badu edo irakasgairen bateko ebaluazio probetara aurkezten ez bada, ebaluazioaren dokumentuetan “Aurkeztu Gabea” (AG) adieraziko da, eta kalifikazio negatibotzat joko da ondorio guztietarako.
6. Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien ebaluazioaren emaitzak ebaluazioren dokumentuetan agertuko dira.
12. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazioaren dokumentuetan jasoko da.
2. Honako hauek, gutxienez, dira diseinuko goi mailako ikasketetako ebaluazioaren dokumentuak:
- Ikasketa espedientea.
- Ebaluazio aktak.
3. Ebaluazioaren dokumentuek ikasketak erregulatzen dituen araua adierazi beharko dute. Orobat, kasu bakoitzeko pertsonen sinadura fede-emaileak izanen dituzte, sinatzailearen izen-deiturak eta betetzen duen lanpostua adierazita.
4. Ebaluazioaren dokumentuen edukia foru agindu honen IV. eranskinean ezarritakoa da.
13. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak bete eta zaintzea.
Ikastetxeko idazkariak izanen du erantzukizuna ebaluazioaren dokumentuak eta ikasleen ikasketa espedientea zaintzeko. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.
14. artikulua. Kredituak onartu eta transferitzea.
1. Diseinuko Goi mailako Titulua lortzearen ondorioetarako, eta ikasleen mugigarritasuna gauzatzeko, kredituak onartzen eta transferitzen ahalko dira, honako arau hauei jarraikiz: goi mailako arte ikasketak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arautuak) antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren 6. artikulua eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako graduko ikasketa artistikoen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 10. artikulua.
2. Hezkuntza Departamentuak arautuko du kredituak onartu eta transferitzeko eskaera egiteko prozedura.
3. Ikasleak goi mailako ikasketa artistiko ofizialetan, edozein autonomia erkidegotan, gainditutako kreditu guztiak, hau da, kasuan kasuko titulua lortzeko transferitu, onartu eta gainditutako kreditu guztiak, Tituluaren Europako Gehigarrian agertuko dira.
1. Ikastetxe publikoen kasuan, oinarrizko prestakuntzako irakasgaiak, espezialitateko nahitaezkoak eta aukerakoak gainditzeko lau deialdi daude, gehienez ere, arruntak eta bereziak kontatuz.
2. Kanpoko praktikak eta ikasketen bukaerako lana gainditzeko bi deialdi daude, gehienez ere, arruntak eta bereziak kontatuz.
3. Ikastetxeko zuzendaritzak beste deialdi bat edo mesedeko deialdia ematen ahalko du, ikasleak eskaera arrazoitua egin eta kasuan kasuko ikasgaien irakaskuntzaren ardura duen koordinazio didaktikoko departamentuak txosten bat eman ondoren eta ikasketa burutzak oniritzia emanik.
4. Deialdiak bata bestearen ondoren kontatuko dira, nahiz eta ikaslea ebaluazio probetara aurkeztu ez. Dena dela, ikastetxeko zuzendaritzak, aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak izanik, deialdi batetik salbuesten ahalko du, eta hura ez da kontatuko, gaixotasuna dagoenean, goi mailako irakaskuntzako nazioarteko programetan parte hartzen denean edo libreki onartutako inguruabar bereziak daudenean. Ez da inoiz deialditik salbuetsiko ikasketen errendimendu eskasagatik.
5. Espedientea lekualdatzen den kasuetan, jatorrizko ikastetxean agortutako deialdiak destinokoan ere kontatuko dira.
16. artikulua. Espedientea lekualdatzea.
1. Ikasleek diseinuko goi mailako ikasketak ikastetxe batean hasi eta beste batean jarraitzeko eskaera egiten ahalko dute.
2. Oro har, ikasturtea hasi aurretik eginen da espedientearen lekualdatzea.
3. Destinoko ikastetxeak eskatuta, jatorrizkoak ikasketen ziurtagiri osoa igorriko dio ikastetxean duten informazioarekin, eta kalifikazioak bertan dituzten ebaluazio aktekin bat heldu direla adieraziko dute. Halaber, berariazko eginbide bat adieraziko du ikasketa espediente horretan, non destinoko ikastetxera lekualdatzeko eguna aipatuko baita.
4. Ikastetxe hartzaileak ikasketa espedientea ireki eta jatorrizko ikastetxetik hartutako ikasketen ziurtagiri osoaren datuak gehituko dizkio.
17. artikulua. Ikasketa espedientearen batez besteko nota.
Ikasle bakoitzaren ikasketa espedientearen batez besteko nota ateratzeko, formula hau aplikatuko da: ikasleak lortutako kredituak zein bere kalifikazioaren zenbakizko balioaz biderkatu eta haien emaitzak batu eta ikasleak guztira lortutako kreditu kopuru artean zatitu.
18. artikulua. Titulazioa
.
1. Diseinuko goi mailako ikasketen plana osatzen duten irakasgai guztiak, kanpoko praktikak eta gradu bukaerako lana gainditzeak berekin ekarriko du Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzea, non dagokion espezialitatea zehaztuko baita.
2. Hezkuntza Departamentuak, Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun tituluarekin batera, tituluaren gehigarri europarra emanen du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademiko eta profesionalak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuan ezarritako ezaugarriekin bat.
3. Ikasleak Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzeko ikasketen zati bat baino ez badu egin, ez da tituluaren gehigarri europarra emanen, baizik eta egindako ikasketen ziurtagiria, besterik ez.
Lehen xedapen gehigarria. Desgaitasunen bat duten ikasleak.
Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu ikasketa plana desgaitasunen bat duten ikasleen beharrei egokitzeko, betiere diseinuko goi mailako ikasketen bidez eskuratu behar diren gaitasunak errespetatuz.
Bigarren xedapen gehigarria. Ikasketa planaren ikuskapena.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ikasketa planaren garapena gainbegiratzea eta ikastetxeak hobekuntza neurri egokiak har ditzala bultzatzea.
Hirugarren xedapen gehigarria. Ebaluazio datuen tratamendu elektronikoa.
Diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeek formatu elektronikoan artxibatuko dituzte foru agindu honetan adierazitako ebaluazio dokumentuetako datuak, haiek bildu eta gordetzen direla bermatzeko eta, gero ere, tratamendua izan ahal dezaten.
Laugarren xedapen gehigarria. Ikasleen datu pertsonalak.
Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Bosgarren xedapen gehigarria. Ikerketa.
Diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeek jakintza arlo horren berariazko ikerketa zientifiko eta teknikoen programak bultzatuko dituzte, esparru horretan ezagutza sor eta heda dadin eta berrikuntzak ager daitezen. Hezkuntza Departamentuak behar diren mekanismoak ezarriko ditu ikastetxe horiek ikerketa zientifiko eta teknikoa egin dezaten edo ikerketa horri sostengua eman diezaioten.
Seigarren xedapen gehigarria. Hezkuntza eskaintza.
Diseinuko goi mailako ikasketa artistikoak, behar bezalako baimena izanik, ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuek Diseinuko Goi mailako Titulua eta masterra lortzeko ikasketak eskaintzen ahalko dituzte, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Ikasketen onarpena.
Hezkuntza Departamentuak behar diren mekanismoak ezarriko ditu aurreko antolamenduari jarraikiz ikasketak hasi zituzten ikasleak irakaskuntza hauetan sar daitezen.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Kalitatea eta ebaluazioa.
Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza hauen kalitatea aldizka ebaluatzeko sistema eta prozedurak bultzatuko ditu. Erreferentziako oinarrizko irizpideak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan definitu eta araututakoak izanen dira. Irakaskuntza hauen kalitatea ebaluatzearen helburua da ikastetxeetako irakaslana, ikerlana eta kudeaketa hobetzea, bai eta ikasle eta irakasleen bikaintasuna eta mugigarritasuna bultzatzea ere.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. GAITASUNAK ETA LANBIDE PROFILAK
1. Diseinuko goi mailako tituluaren zeharkako gaitasunak.
Ikasketak bukatzean, diseinuko goi mailako ikasketetako tituludunek zeharkako gaitasun hauek izan beharko dituzte:
ZG-1. Lana modu eraginkor eta motibatzailean antolatu eta planifikatzea.
ZG-2. Informazio adierazgarria behar bezala bildu, aztertu, sintetizatu eta kudeatzea.
ZG-3. Lanaren helburuei erantzuten dieten arazoak konpondu eta erabakiak hartzea.
ZG-4. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu eraginkorrean erabiltzea.
ZG-5. Gutxienez ere, atzerriko hizkuntza bat ulertu eta erabiltzea garapen profesionalaren eremuan.
ZG-6. Autokritika egitea norberaren jardun profesionalari eta pertsona artekoari buruz.
ZG-7. Komunikazio trebetasunak eta kritika eraikitzailea erabiltzea talde lanean.
ZG-8. Ideia eta argudioak arrazoien gainean eta kritika eginez erabiltzea.
ZG-9. Diziplina anitzeko taldeetan eta kultur ingurune desberdinetan behar bezala integratzea.
ZG-10. Lan taldeak gidatu eta kudeatzea.
ZG-11. Lanean, estetika, ingurumena eta dibertsitatea kontuan hartzen dituen etika profesionala garatzea.
ZG-12. Lehiakortasun baldintzetan, aldaketa kultural, sozial eta artistikoetara eta arlo profesionalean gertatzen diren aurrerapenetara egokitzea, eta etengabeko prestakuntzarako bide egokiak hautatzea.
ZG-13. Bikaintasuna eta kalitatea bilatzea bere jarduera profesionalean.
ZG-14. Ikerketaren metodologia menderatzea proiektu, ideia eta irtenbide bideragarriak sortzean.
ZG-15. Modu autonomoan lan egitea, eta ekimenaren eta espiritu ekintzailearen garrantzia baloratzea lanbidean.
ZG-16. Eskura dituen bitarteko eta baliabideak erabiltzea, kultur eta ingurumen ondarearekin erantzukizunez jokatuta.
ZG-17. Bere lanbide jarduerarekin gizartea sentsibilizatzen laguntzea kultur ondarearen garrantziaz, hainbat arlotan duen eraginaz eta balio adierazgarriak sortzeko gaitasunaz.
2. Diseinuko goi mailako tituluaren gaitasun orokorrak.
Ikasketak bukatzean, diseinuko goi mailako ikasketetako tituludunek gaitasun orokor hauek izan beharko dituzte:
GO-1. Diseinuko proiektuak asmatu, planifikatu eta garatzea, baldintza tekniko, funtzional, estetiko eta komunikatiboen arabera.
GO-2. Irudikapenaren eta komunikazioaren lengoaiak eta adierazpen-baliabideak menperatzea.
GO-3. Loturak ezartzea lengoaia formala, lengoaia sinboliko eta berariazko funtzionaltasunaren artean.
GO-4. Ikuspegi zientifikoa izatea forma, materia, espazio, mugimendu eta kolorearen pertzepzio eta portaerari buruz.
GO-5. Bitartekari gisa jardutea teknologia eta artearen artean, ideia eta helburuen artean eta kultura eta merkataritzaren artean.
GO-6. Ezagutza sustatzea diseinuaren alderdi historiko, etiko, sozial eta kulturalen gainean.
GO-7. Lan taldeak antolatu, zuzendu eta/edo koordinatzea eta diziplina anitzeko taldeei egokitzen jakitea.
GO-8. Ikerketa eta berrikuntzarako estrategiak planteatzea funtzioetan, premietan eta materialetan oinarritutako espektatibei erantzuteko.
GO-9. Kalitatean eragina duten alderdi ukiezin eta sinbolikoak ikertzea.
GO-10. Industria teknologian dauden aldaketa eta bilakaerari egokitzeko gauza izatea.
GO-11. Ideia eta proiektuen berri ematea bezeroei, arrazoitutako argudioak ematea, proposamenak ebaluatzen jakitea eta eztabaida bideratzea.
GO-12. Arte eta diseinuaren historia eta tradizioan sakontzea.
GO-13. Diseinuaren testuinguru ekonomiko, sozial eta kulturala ezagutzea.
GO-14. Diseinua baloratzea berdintasun eta gizarteratzeko faktore gisa eta balio kulturalen transmisore gisa.
GO-15. Prozesu eta materialak ezagutzea eta norberaren esku-hartzea beste profesional batzuekin koordinatzea, bateragarritasun sekuentzia eta graduen arabera.
GO-16. Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren irtenbideak aurkitzea.
GO-17. Helburu pertsonal eta profesionalak lortzeko egokiak diren ikasteko estrategiak planteatu, ebaluatu eta garatzea.
GO-18. Aurreikusitako helburuak lortzeko behar diren baliabideen erabilera optimizatzea.
GO-19. Gaitasun kritikoa erakustea eta ikertzeko estrategiak planteatzen jakitea.
GO-20. Komunikazio prozesuan parte hartzen duten elementuen portaera ulertzea, komunikazioaren baliabide teknologikoak menperatzea eta baliabide horiek diseinuaren prozesu eta produktuetan duten eragina baloratzea.
GO-21. Ikertzeko metodologia menperatzea.
GO-22. Proiektuen produkzio-bideragarritasuna aztertu, ebaluatu eta egiaztatzea, berrikuntza formala, enpresa kudeaketa eta merkatuko eskariak irizpidetzat hartuta.
3. Diseinuko goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, diseinu grafikoaren espezialitatean.
Ikasketak bukatzean, diseinuko goi mailako ikasketetako diseinu grafikoaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:
BGDG-1. Ideia, kontzeptu eta irudiak sortu, garatu eta gauzatzea komunikazio programa konplexuetarako.
BGDG-2. Ikus-adierazpen eta ikus-komunikazioaren baliabide formalak menperatzea.
BGDG-3. Lengoaia grafikoak adierazteko duen ahalmena ulertu eta erabiltzea.
BGDG-4. Komunikazio kodeak sortzeko prozedurak menperatzea.
BGDG-5. Informazioa antolatzeko egiturak ezartzea.
BGDG-6. Lengoaia formal eta sinbolikoa eta berariazko funtzionaltasuna elkarrekin erlazionatzea.
BGDG-7. Proiektuaren helburuetarako egokiak diren irtenbide tipografikoak zehaztu eta, hala bada, sortzea.
BGDG-8. Ikus-komunikazioaren euskarri diren kanalak ulertzea eta kanal horiek proiektuaren komunikazio-helburuen arabera erabiltzea.
BGDG-9. Komunikazio-prozesuaren hartzaileen portaera aztertzea proiektuaren helburuen arabera.
BGDG-10. Komunikazio-eraginkortasuna egiaztatzeko metodoak aplikatzea.
BGDG-11. Ikus-komunikazioaren baliabide teknologikoak menperatzea.
BGDG-12. Irudiak, testuak eta soinuak tratatzeko teknologia digitala menperatzea.
BGDG-13. Diseinu grafikoaren testuinguru ekonomiko, sozial, kultural eta historikoa ezagutzea.
BGDG-14. Lanbide jarduera, laneko segurtasun eta osasuna eta jabetza intelektual eta industriala arautzen dituen legezko eta arauzko esparrua ulertzea.
BGDG-15. Diseinuak gizartean duen eragina positiboaz hausnartzea eta bizitza-kalitate eta ingurumena hobetzeko haren eragina baloratzea, baita produkzioan identitate, berrikuntza eta kalitatea sortzeko ahalmena ere.
4. Diseinuko goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, barne-diseinuaren espezialitatean.
Ikasketak bukatzean, diseinuko goi mailako ikasketetako barne-diseinuaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:
BGBD-1. Irtenbide funtzional, formal eta teknikoak sortu eta gauzatzea, barne-espazioak aprobetxatu eta egokiro erabiltzeko.
BGBD-2. Barne-diseinuko proiektuak sortu eta garatzea, produkzioaren kalitatea, erabilera eta kontsumoa hobetzen dituzten irizpideak erabilita.
BGBD-3. Barne-proiektuen gauzatzea zuzendu eta egiaztatzea.
BGBD-4. Informazioa aztertu, interpretatu, egokitu eta produzitzea proiektuak nola gauzatzen diren inguruan.
BGBD-5. Proiektua garatu eta gauzatzean planteatzen diren arazo estetiko, funtzional, tekniko eta konstruktiboak konpontzea.
BGBD-6. Lengoaia formal eta sinbolikoa eta berariazko funtzionaltasuna elkarrekin erlazionatzea.
BGBD-7. Barne-diseinuan erabilitako materialen ezaugarri, propietate fisiko eta kimiko eta portaera ezagutzea.
BGBD-8. Fabrikatu, produzitu eta manufakturatzeko ohiko prozesuak ezagutzea barne-diseinuari lotutako sektoreetan.
BGBD-9. Metodologia eta proposamenak sektoreko bilakaera teknologiko eta industrialera egokitzea.
BGBD-10. Komunikazioaren baliabide teknologikoak eta baliabide horiek barne-diseinuan dituzten aplikazioak ezagutzea.
BGBD-11. Barne-diseinuko proiektuen garapen eta gauzatzeari lotutako teknologia digital berariazkoa menperatzea.
BGBD-12. Barne-diseinuaren testuinguru ekonomiko, sozial, kultural eta historikoa ezagutzea.
BGBD-13. Barne-diseinuko enpresa jardueraren esparru ekonomiko eta antolamenduzkoa ezagutzea.
BGBD-14. Lanbide jarduera, laneko segurtasun eta osasuna eta jabetza intelektual eta industriala arautzen dituen legezko eta arauzko esparrua ulertzea.
BGBD-15. Diseinuak gizartean duen eragina positiboaz hausnartzea eta bizitza-kalitate eta ingurumena hobetzeko haren eragina baloratzea, baita produkzioan identitate, berrikuntza eta kalitatea sortzeko ahalmena ere.
5. Diseinuko goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, produktuen diseinuaren espezialitatean.
Ikasketak bukatzean, diseinuko goi mailako ikasketetako produktuen diseinuaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:
BGPD-1. Produktu, zerbitzu eta sistemen azkeneko ezaugarriak zehaztea, proiektuan definitzen diren egiturazko, antolamenduzko, funtziozko, adierazpeneko eta ekonomia baldintza eta harremanekin koherenteak izanik.
BGPD-2. Proiektuko arazoak konpontzea behar diren metodologia, trebetasun eta prozedurak erabiliz.
BGPD-3. Irtenbide alternatiboak proposatu, ebaluatu eta zehaztea produktu eta sistemen diseinuan agertzen diren arazo konplexuen aurrean.
BGPD-4. Alderdi estetikoa baloratu eta integratzea produktuaren erabilera eta funtzionaltasunaren arabera.
BGPD-5. Eredu eta sistema naturalak aztertzea, baita haiek produktu eta sistemen diseinuan dituzten aplikazioak ere.
BGPD-6. Kasu bakoitzean egokiak diren eraikuntzako irtenbideak, materialak eta produkzio-printzipioak zehaztea.
BGPD-7. Produktu, zerbitzu eta sistemen diseinuan erabilitako materialen ezaugarri, propietate fisiko eta kimiko eta portaera ezagutzea.
BGPD-8. Produktu, zerbitzu eta sistemak produzitu eta garatzeko prozesuak ezagutzea.
BGPD-9. Bi eta hiru dimentsioko irudikapenaren baliabide grafiko-plastikoak menperatzea.
BGPD-10. Produkzioari buruzko informazio egokia produzitu eta komunikatzea.
BGPD-11. Komunikazioaren baliabide teknologikoak eta baliabide horiek produktuen diseinuan dituzten aplikazioak ezagutzea.
BGPD-12. Produktuen diseinuko proiektuen garapen eta gauzatzeari lotutako teknologia digital berariazkoa menperatzea.
BGPD-13. Produktuen diseinuaren testuinguru ekonomiko, sozial, kultural eta historikoa ezagutzea.
BGPD-14. Lanbide jarduera, laneko segurtasun eta osasuna eta jabetza intelektual eta industriala arautzen dituen legezko eta arauzko esparrua ulertzea.
BGPD-15. Diseinuak gizartean duen eragina positiboaz, bizitza-kalitate eta ingurumena hobetzeko haren eraginaz eta produkzioan identitate, berrikuntza eta kalitatea sortzeko ahalmenaz hausnartzea.
6. Diseinuko goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, moda-diseinuaren espezialitatean.
Ikasketak bukatzean, diseinuko goi mailako ikasketetako moda-diseinuaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:
BGMD-1. Moda eta janzkera diseinurako sormen proposamenak sortzea, baldintza material, funtzional, estetiko eta komunikatiboen arabera.
BGMD-2. Moda eta janzkera diseinuko proiektuak sortu eta gauzatzea, alderdi formal, material, tekniko, funtzional, komunikatibo eta gauzatzekoak integratuz.
BGMD-3. Moda eta janzkera diseinuan erabilitako materialen ezaugarri, propietate eta portaera ezagutzea.
BGMD-4. Makineria eta fabrikatu, produzitu eta manufakturatzeko prozesuak ezagutzea moda eta janzkera diseinuari lotutako sektoreetan.
BGMD-5. Metodologia eta diseinu-proposamenak sektoreko bilakaera teknologiko eta industrialera egokitzea.
BGMD-6. Sormen prozesua estrategia metodologiko, estetiko eta ikertzekoetan oinarritzea.
BGMD-7. Lengoaia formal eta sinbolikoa eta berariazko funtzionaltasuna elkarrekin erlazionatzea.
BGMD-8. Proiektua garatu eta gauzatzean planteatzen diren arazo estetiko, funtzional, tekniko eta gauzatzekoak konpontzea.
BGMD-9. Merkatuaren azterlanak eta haren eragina produktu eta bilduma berrien garapenean analizatzea.
BGMD-10. Komunikazioaren baliabide teknologikoak eta baliabide horiek moda eta janzkera diseinuan dituzten aplikazioak ezagutzea.
BGMD-11. Moda eta janzkera diseinuko proiektuen garapen eta gauzatzeari lotutako teknologia digital berariazkoa menperatzea.
BGMD-12. Enpresa jardueraren esparru ekonomiko eta antolamenduzkoa ezagutzea.
BGMD-13. Moda eta janzkera diseinuaren testuinguru ekonomiko, sozial, kultural eta historikoa ezagutzea.
BGMD-14. Lanbide jarduera, laneko segurtasun eta osasuna eta jabetza intelektual eta industriala arautzen dituen legezko eta arauzko esparrua ulertzea.
BGMD-15. Diseinuak gizartean duen eragina positiboaz, bizitza-kalitate eta ingurumena hobetzeko haren eraginaz eta produkzioan identitate, berrikuntza eta kalitatea sortzeko ahalmenaz hausnartzea.
7. Diseinu grafikoaren espezialitaterako lanbide profila.
Diseinatzaile grafikoa sortzaile bat da. Haren jardueraren helburua da lengoaia grafikoa erabiltzea mezuak sortzeko eta izaera askotariko edukiak komunikatzeko, hainbat bitarteko erabilita, zenbait komunikazio-kanaletarako.
Haren jarduera garatzen den eremu nagusiak honako hauek dira:
Identitate korporatiboa eta ikus-identitatea.
Argitalpen-diseinua.
Produkzio grafikoa.
Ontzi eta enbalajeen diseinua.
Arte-zuzendaritza publizitatean.
Ikus-entzunezko diseinua.
Grafismoa telebistan.
Diseinu multimedia.
Interakzio diseinua, web diseinua.
Giro diseinatzailea: espazioari aplikatutako grafikoa eta komunikazioak.
Material didaktikoaren diseinua.
Ikerketa eta irakaskuntza.
8. Barne-diseinuaren espezialitaterako lanbide profila.
Barne-diseinatzailea profesional bat da eta honako hauek egiteko gauza da: aztertu, ikertu eta proiektatzeko; proiektuko taldeak zuzentzeko; barne-diseinuko obrak gauzatzeko taldeak zuzentzeko; eta solaskide zuzena izateko administrazio publikoekin bere lanbide eremuan.
Haren jarduera garatzen den eremu nagusiak honako hauek dira:
Etxebizitza eta habitaterako barne-espazioen diseinua.
Merkataritzako eta aisialdirako espazioen diseinua.
Administrazio espazioen diseinua.
Kultura, hezkuntza eta jolas espazioen diseinua.
Espazio iragankorren diseinua. Etxebizitzen zaharberritzea.
Paisajismoa eta espazio publikoen diseinua.
Sormen jardueren enpresa-kudeaketa.
Garraio sistemen barne-espazioen diseinua.
Obren kudeaketa, neurketa, aurrekontuak eta arriskuen prebentzioa barne-diseinuaren eremuan.
Obraren zuzendaritza barne-diseinuaren eremuan. Ikerketa eta irakaskuntza.
9. Produktuen diseinuaren espezialitaterako lanbide profila.
Produktuen diseinatzailea profesional bat da eta gauza da haren produkzioak ezaugarritu behar dituzten propietate eta ezaugarri fisikoak eta balore sinboliko eta komunikatiboak proiektatu, aztertu, ikertu eta zehazteko, produkzio horien forma, konfigurazio, kalitate, funtzionamendu, balio eta esanahi estetiko, sozial eta ingurumenekoa definituz.
Haren jarduera garatzen den eremu nagusiak honako hauek dira:
Ontzi eta enbalajeen diseinua.
Oinetakoen diseinua.
Jostailuen diseinua.
Etxetresna elektrikoen diseinua.
Habitaterako altzarien diseinua.
Bulegoko altzarien diseinua.
Hiri elementuen diseinua.
Argien eta luminarien diseinua.
Automozioaren arloko diseinua.
Tresna eta osagarrien diseinua.
Zeramika produktuen diseinua.
Bainugelako ontzien eta txorroten diseinua.
Eskulangintzarako diseinuak.
Baldintza berezietarako diseinua.
Ehun-diseinua.
Tresneria.
Sistemen diseinua.
Diseinuaren kudeaketa.
Produktuaren garapena.
Kontzeptu, material, aplikazio eta produktu berrien diseinu, ikerketa eta garapena.
Ikerketa eta irakaskuntza.
10. Moda-diseinuaren espezialitaterako lanbide profila.
Moda-diseinatzailea profesional bat da eta ehun-diseinuko eta janzkerako produktuak taxutzeko gauza da, materialki nahiz formalki, hainbat eremutan, merkatuaren behar eta joerei erantzuna emanez, sormen eta berrikuntzaren aldetik, bai eta haien bideragarritasun tekniko-produktibo, ekonomiko, ingurumeneko eta soziokulturala ere.
Haren jarduera garatzen den eremu nagusiak honako hauek dira:
Moda eta janzkera diseinua.
“Coolhunter”-Joeren ikerketa.
Estilismoa.
Arte zuzendaritza.
Antzerkigintza eta zinemagintzako jantziak.
Osagarrien diseinua.
Ehun-diseinua.
Irudi korporatiboaren diseinu eta kudeaketa.
Sormen jardueren enpresa-kudeaketa.
Diseinu pertsonalizatu edo korporatiboak.
Moda eta janzkera diseinua berariazko jardueretarako.
Figurinak.
Jostungintza eta neurrirako jantzigintza.
Kontzeptu, material, aplikazio eta produktu berrien diseinu, ikerketa eta garapena.
Ikerketa eta irakaskuntza.
II. ERANSKINA. Ikasketa plana